123. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko irailaren 14an hartua, adierazten duena lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela proiektu honetan: "Alfaro-Tutera-Zaragoza N-232 errepideko 83+450 k.p.an erdiko lerro bat egitea".

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak apirilaren 21ean emandako 40/2009 Foru Aginduaren bidez, "Alfaro-Tutera-Zaragoza N-232 errepideko 83+450 k.p.an erdiko lerro bat egitea" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedura ireki eta jendaurrean jarri zen.

Lanen helburua hauxe izanen da: biribilgune ireki bat erdiko lerro batekin ordeztea. Erdiko lerro horrek ezkerretarako biraketak egiteko aukera emanen du, N-232 errepidearen eskuinaldeko industrialdera sartzeko.

Ikusita hobetu nahi den errepideak zirkulazio handia duela eta bide tarte horiek lehenbailehen aldatu behar direla, istripuak saihestu eta zirkulazioa hobetuko bada, komenigarria da lanak ahalik eta lasterren egitea; beraz, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak arindu ahal izateko, beharrezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakotzat jotzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57. b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Adieraztea lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela proiektu honetan: "Alfaro-Tutera-Zaragoza N-232 errepideko 83+450 k.p.an erdiko lerro bat egitea".

2. 40.000 euroko gastua kalkulatu da ukitutako ondasun eta eskubideak eskuratzeko, eta 2009ko aurrekontuko "Azpiegituretarako lurren desjabetzea" izeneko 610000-61340-6001-453200 kontu-sailaren kargura ordainduko da.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Salan inpugnatzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau jakinaraztea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Zainketa Zerbitzuari, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetze Atalari, Idazkaritza Nagusi Teknikoko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu horretan duen Kontu-Hartzailetza Delegatuari.

Iruñean, 2009ko irailaren 14an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0922716