114. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1721/2009 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan behar diren ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangai zerrenda bat egiteko deialdia onesten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hamabigarren xedapen gehigarriko 4. puntuan eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntzako kidegoetan sartu, bertara igo eta espezialitate berriak lortzeko Erregelamendua onesten duen otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuan Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko sistema eta baldintzak ezartzen dira.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretuak, hirugarren xedapen gehigarrian, ikuskatzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko araubidea ezartzen du, eta honako hau adierazten:

1. Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko plantillako lanpostu hutsak irakaskuntzako funtzionarioek beteko dituzte aldi batez, zerbitzu eginkizunetan, berdintasun, meritu, gaitasun eta publizitate printzipioak kontuan izanik.

2. Irakaskuntzako funtzionario horiek Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoan sartzeko ezarri betekizunak bete behar dituzte.

3. Lanpostu huts horien adjudikazioan, lehentasuna emanen zaie betiere azken hautapen prozesuko oposizio fasea gainditu duten eta plazarik eskuratu ez duten hautagaiei, zerbitzuan behar diren lanbide eta hizkuntz profilekin bat etorriz.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan ikuskatzaile lanpostuak bete beharra sortzen ahal baita, lanpostu horiek zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko zerrenda egitea komeni da, eta hori 80/2008 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera eginen da, lanpostuak betetzeko metodoari eta izangaien betebeharrei dagokienez eta beharrezkoak diren lanbide eta hizkuntz profilak kontuan harturik.

Horrenbestez, Giza Baliabideen Zerbitzuak, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19ko 155/2007 Ebazpenaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan behar diren ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangai zerrenda bat egiteko deialdia iragartzea.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketarako Atalari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan behar diren ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangai zerrenda bat egiteko deialdiaren oinarriak.

Lehena.-Arau orokorrak.

1.-Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan behar diren ikuskatzaile lanpostuak zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeko izangai zerrenda egiteko deialdia onesten da.

2.-Lanpostuak hizkuntza profilen arabera banatuko dira, zerbitzuaren beharren arabera, eta bi zerrenda eginen dira beraz: hezkuntzako ikuskatzailea (gaztelania) eta hezkuntzako ikuskatzailea (euskara).

3.-Hautapen prozedura honi ondoko hauek aplikatuko zaizkio:

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa (106. Estatuko Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 4koa); otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntzako kidegoetan sartu, bertara igo eta espezialitate berriak lortzeko Erregelamendua onesten duena (53. Estatuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 2koa); ekainaren 30eko 80/2008 Foru Dekretua, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapenaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena, eta ebazpen honetan ezarritakoa.

Bigarrena.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartzen duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

1.-Baldintza orokorrak:

a) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari organikoki atxikitako irakasle funtzionarioa izatea.

b) Jardunean edo zerbitzu berezietan egotea.

2.-Berariazko baldintzak:

a) Doktore, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulua edo dagokion gradu titulua izatea, edo titulu baliokidea.

b) Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetako batean, karrerako funtzionario gisa, gutxienez ere sei urteko antzinatasuna duela frogatzea, eta denbora bereko esperientzia irakaskuntzan.

3.-Hezkuntzako ikuskatzaile (euskara) lanpostuak lortzeko berariazko betebeharrak.

1. eta 2. ataletan ezarritako betebehar orokor eta berariazkoez gainera, izangaiek ondoko titulu hauetakoren bat izan beharko dute: Euskal Filologiako lizentziadun titulua, EGA titulua (Euskararen Gaitasun Agiria), Euskaltzaindiarena, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Euskararen Gaitasun Agiria edo baliokidetzat jotzen den titulu bat.

Oinarri honetan azaltzen diren baldintza eta betebehar guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira, eta Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostua zerbitzu eginkizunetan betetzeko hautapen prozeduran eta izendapena egin arte betetzen jarraitu.

Hirugarrena.-Eskaerak eta agiriak.

1.-Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute. Eskabidea interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan. Halaber, Hezkuntza Departamentuaren web orrian egonen da eskabidea: www.pnte.cfnavarra.es

Zein hizkuntza hautatu den adieraziko da eskabidean, deialdiaren lehenbiziko oinarrian ezarritakoarekin bat.

2.-Izangaiek parte hartzeko eskabide bakar bat aurkeztuko dute, ondoko agiri hauekin batera:

1) Doktore, lizentziadun, ingeniari edo arkitekto tituluaren, dagokion gradu tituluaren edo titulu baliokidearen fotokopia konpultsatua, edo eskuratzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen ordezkagiriarena.

2) Hezkuntzako ikuskatzaileen euskarazko lanpostuetarako parte hartuz gero, titulu hauetakoren baten fotokopia konpultsatua: Euskal Filologiako lizentziadun titulua, EGA titulua (Euskararen Gaitasun Agiria), Euskaltzaindiarena, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Euskararen Gaitasun Agiria edo baliokidetzat jotzen den titulu bat.

3) Parte-hartzaileek lehiaketaldian baloratzeko aurkezten dituzten merezimenduen jatorrizko agiriak edo horien fotokopia konpultsatua; deialdiaren laugarren oinarrian eskabideak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denerako burutu diren merezimenduak soilik baloratuko dira, baldin eta agiri bidez frogatzen badira, I. eranskinean ageri den moduan.

4) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko proposamen bat jasoko duen memoria, etengabeko hobekuntzaren printzipio eta metodologietan oinarritua (prozesuen arabera kudeatzeko sistema). Memoriak 15 orrialde izanen ditu gehienez (eranskinak barne, halakorik bada), DINA4 tamaina eta Arial 11 letra mota.

Giza Baliabideen Zerbitzuak deialdian onartu diren izangaien zerbitzu orria ofizioz aurkeztuko du, betebehar gisa eskatzen diren zerbitzuak frogatzeko, bai eta merezimenduen baremoko I. eta II. atalei eta III. ataleko 3.1 eta 3.2.1 azpiatalei dagozkien merezimenduak baloratzeko ere, betiere parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuei jarraikiz.

Aurkezten diren agiriak jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izanen dira. Horretarako, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetako zuzendariek ahalmena dute agiriak konpultsatzeko, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak maiatzaren 18an emandako 182/2001 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz (79. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 29koa).

3.-Aipatu epearen barrenean agiriak aurkezten ez badituzte, deialditik kanpo geldituko dira; orobat, onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen Ebazpena onetsi ondotik egiaztatzen bada ez dituztela baldintzak betetzen, beren jarduketak deuseztatu eginen dira, hasierako eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

4.-Hizkuntza batean izena eman eta onartzeak ez dio izangaiari bermatuko gaztelaniazko eta euskarazko lanpostuetarako aurkeztu ahal izatea, ezartzen den hautapen prozesuaren antolaketatik ondorio hori ateratzen bada.

5.-Eskabide orria nori bidali behar zaion eta non aurkeztu behar den.

Eskabideak Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eta ondoko toki hauetakoren batean aurkeztu beharko dira: Hezkuntza Departamentuko Erregistroa (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorra, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Laugarrena.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.-Izangaiak onartzea.

1.-Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideen Zerbitzuak jendaurrean paratuko du hizkuntza bakoitzean onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onetsiko dituen ebazpena, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña) eta Hezkuntza Departamentuaren www.pnte.cfnavarra.es web orrian. Zerrenda horietan parte-hartzaileen izen-deiturak azalduko dira, bai eta, baztertuz gero, horretarako arrazoiak.

Behin-behineko zerrendak onesteko ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan agertzen diren ondorioetarako.

2.-Izangaiek hamar egun naturaleko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua izateko akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ezartzean akatsak izan direla ohartu diren izangaiek epe horretan jakitera ematen ahalko dute. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari bidaliko zaizkio eta hirugarren oinarriko 5. puntuan aipatzen diren tokietako edozeinetan aurkeztuko dira.

Izapide horretan ezin izanen dira inolaz ere zuzendu merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.

3.-Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak.

Aurreko atalean aipatutako erreklamazioak ebatzi ondoren, onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen da.

Ebazpen hori jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g, Iruña) eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian, www.pnte.cfnavarra.es.

Behin betiko zerrendak onesteko ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dokumentazioa aztertu eta ikusten bada baldintzaren bat ez dela betetzen, prozedura honetan parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak galduko dira.

Seigarrena.-Hautapen organoa.

1.-Kide hauek izanen dituzten epaimahaiek hautatuko dituzte izangaiak:

Hezkuntzako ikuskatzaileen (gaztelania) zerrendak egiteko epaimahaiak:

Mahaiburua: Juan Ramón Elorz Domezain, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: Alberto Beriáin Tanco, Hezkuntzako ikuskatzailea.

Mahaikidea: Jesús Doncel Pagola, Hezkuntzako ikuskatzailea.

Ordezko epaimahaia:

Mahaiburua: José Ángel Larumbe Aragón, Hezkuntzako ikuskatzailea.

Mahaikidea: M.ª José García Armendáriz, Hezkuntzako ikuskatzailea.

Mahaikidea: Rosario Herrera González, Hezkuntzako ikuskatzailea.

Hezkuntzako ikuskatzaileen (euskara) zerrendak egiteko epaimahaiak:

Mahaiburua: Blanca Esther Indart Sarratea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko Zuzendaritzari atxikia.

Mahaikidea: Andoni Albéniz Bratos, Hezkuntzako ikuskatzailea.

Mahaikidea: Jose Joaquín Arribillaga Sagastibeltza, Hezkuntzako ikuskatzailea.

Ordezko epaimahaia:

Mahaiburua: Luis Iza Dorronsoro, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: Mikel Fernández de Quincoces, Hezkuntzako ikuskatzailea.

Mahaikidea: Félix Otano Zaratiegui, Hezkuntzako ikuskatzailea.

Epaimahaiko idazkari lana kidegoan antzinatasunik txikiena duenak eginen du, epaimahaiak bestelakorik erabakitzen ez badu behintzat.

2.-Maiatzaren 16ko 202/1991 Foru Dekretuaren 1. artikuluak eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 8. artikuluko 3. puntuak diotenaren arabera, hautapen organoetan parte hartzea nahitaezkoa da, eta epaimahaietako kideei aipatu foru dekretuan zehazten diren ordainak dagozkie.

3.-Hautapen organoetako kideek ezin izanen dute bertan parte hartu eta Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 28. artikuluan jasotako egoeretako batean badaude, edo deialdia argitaratu aurreko bost urteetan izangaiak Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegorako prestatzen aritu badira modu sistematikoan. Halako egoeraren bat izanez gero, izendapenaren ebazpena jakinarazi eta bost egun balioduneko epean eman beharko da horren berri.

Halaber, izangaiek mahaikideak errekusatzen ahalko dituzte, atal honetako lehen lerroaldean ageri diren egoerak izaten direnean.

4.-Deialdi honetan aipatzen den hautaproba hasi aurretik, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, beharrezkoa bada, aurreko atalean aurreikusitako arrazoiren batengatik edo ezinbesteko arrazoi batengatik mahaikide izateari utzi diotenen ordez arituko diren kide berriak izendatzeko ebazpena emanen du.

5.-Mahaiburuek dei egin ondoren, epaimahaiak eratuko dira, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan direla.

6.-Epaimahaiak eratu ondoren, beren jarduketek balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan egotea.

Zazpigarrena.-Hautapen prozesua.

1.-Hautapen prozesuak bi zati ditu: merezimenduen balorazioa eta memoriaren balorazioa.

Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoaren arabera baloratuko dira. Fase honetako azken puntuazioa merezimenduen baremoko ataletan lortutako puntuak batuz aterako da, eta gehienez 10 puntu izanen dira.

Hirugarren oinarriko 2.4) puntuan aipatutako memoriari 10 puntu emanen zaizkio gehienez. Fase hau gainditzeko beharrezkoa izanen da gutxienez 5 puntu ateratzea, eta puntuazio hori erdiesten ez dutenak bazterturik geldituko dira. Lortzen den puntuazioa epaimahaiko kideek emandakoen batez besteko aritmetikoa izanen da. Epaimahaiko kideek ematen dituzten puntuazioen artean hiru puntuko aldea edo handiagoa dagoenean, gehieneko eta gutxieneko puntuazioa baztertuko dira eta behin betiko puntuazioa gainerako puntuazioen batez besteko aritmetikoa izanen da.

2.-Memoria baloratzeko, epaimahaiak irizpide hauek izanen ditu kontuan gutxienez: aurkeztutako jarduketa proposamenaren funtzionaltasuna, bai eta eguneratua izatea eta indarra duen araudiari egokitua egotea ere, eta jarduketa hori Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren antolamenduan eta funtzionamenduan txertatua egotea.

Memoria ahoz azaldu eta defendatuko dute izangaiek epaimahaiaren aurrean eta, horren ondoren, epaimahaikoek egiten dizkieten galderei ahoz erantzun beharko diete, gehienez ere 30 minutukoa izanen den agerraldi batean. Agerraldiaren data eta tokia Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan argitaratuko dira, bai eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian ere, www.pnte.cfnavarra.es.

3.-Merezimenduen balorazioa eta memoriaren balorazioa batuta aterako da puntuazio osoa.

Puntuazio osoa ematean berdinketarik bada, irizpide hauei hurrenez hurren jarraikiz hautsiko da:

a) Memoriaren balorazioan puntuazio handiena.

b) Ataletan puntuazio handiena, baremoko hurrenkeraren arabera.

4.-Hezkuntza Departamentuak deialdiaren behin-behineko ebazpena jendaurrean jarriko du, eta hautapen prozesuaren emaitzak Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian azalduko dira, www.pnte.cfnavarra.es. Izangaien zerrenda izenduna argitaratuko da, puntuazio osoaren hurrenkeran emana, baremoko zati eta atal guztien puntuazio partzialak ere zehaztuta.

5.-Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute, argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko. Epe horretan ezin izanen da merezimenduak justifikatzeko agirietan inolako zuzenketarik egin, nahiz eta Hezkuntza Departamentuak ofizioz aurkeztutako merezimenduak berrikusteko eskatzen ahalko den.

6.-Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta horiek ebatzitakoan, Hezkuntza Departamentuak deialdi honi buruzko behin betiko ebazpena onetsiko du, eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratuko da, www.pnte.cfnavarra.es.

Zortzigarrena.-Lanpostu hutsak betetzea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren beharrak eta deialdi honetan aipatzen diren ezaugarriak dituzten lanpostu huts berriak deialdi hau gainditzen duten izangaiek beteko dituzte, lortutako puntuazio osoaren araberako hurrenkerari jarraikiz. Ikasturte bateko zerbitzu eginkizunetan arituko dira, eta zerbitzualdi hori luzagarria izanen da.

Bederatzigarrena.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 27an.-Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

I. ERANSKINA

HEZKUNTZAKO IKUSKATZAILE LANPOSTUAK ALDI BATERAKO BETETZEKO DEIALDIAN MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

Izangaiek gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dituzte beren merezimenduengatik.

I.-Ibilbide profesionala (3 puntu gehienez ere)

1.1. Egindako lana:

1.1.1. Irakaskuntzako esperientzia. Parte hartzeko baldintza gisa eskatutako sei urteetatik aparteko urte bakoitzeko, irakaskuntzaren funtzio publikoa osatzen duten kidegoetan karrerako funtzionario gisa arituta: 0,500 puntu.

Atal honetan hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0416 puntu.

1.1.2. Hezkuntza administrazioko 26. mailako lanpostuetan edo goragokoetan egindako urte bakoitzeko edo Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Administrazioan unitate tekniko, bulego edo ataleko burua, zerbitzuko zuzendaria edo horien baliokideak izanik egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,500 puntu.

Atal honetan hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko: 0,0416 puntu.

Frogagiriak: izendapena edo jabetza hartzea eta uztea azaltzen duen ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua, edo bestela, ikasturte honetan karguan jarraitzen duela adierazten duenarena.

1.2. Katedradunen Kidegoetakoak izateagatik: 2,000 puntu.

Frogagiriak: hezkuntza administrazio eskudunak ziurtatutako zerbitzu orria, izendapenen eta dagozkien kargu-uzteen fotokopia konpultsatua, edo langileriaren arloan eskuduna den organoak emandako ziurtagiria, non agertuko baitira langileen erregistro zenbakia, kidegoa eta zerbitzuen benetako iraupena.

I. atalerako oharrak: deialdian eskatzen diren lan profesionaleko sei urteen ondoren bost urte baloratuko dira gehienez atal honetan.

II.-Jarduneko ikuskatzaile gisa aritu izana (3 puntu gehienez).

Jarduneko ikuskatzaile lanpostuetan egindako urte bakoitzeko: 0,750 puntu.

Frogagiriak: izendapena eta jabetza hartzearen eta uztearen datak azaltzen dituen ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua, edo bestela, karguan jarraitzen duela adierazten duenarena.

II. atalerako oharrak:

Lehena.-Atal honetan ez dira baloratuko kasuan kasuko funtzio publikoko kidegoan sartzeko edo bertara igotzeko baloratu diren zerbitzu urteak.

III.-Zuzendaritza karguetan eta koordinazio didaktikoaren karguetan aritu izana (3 puntu gehienez).

3.1. Ikastetxe publikoetako edo irakasle eta baliabideen zentroetako zuzendari edo alboko zuzendari lanean egindako urte bakoitzeko, ebaluazio positiboa izan bada, ebaluazioa eginez gero: 0,750 puntu.

3.2. Zuzendaritzako edo koordinazio didaktikoko beste kargu batzuk:

3.2.1. Ikastetxe publikoetan zuzendariorde, idazkari edo ikasketaburu lanetan eta horiekin parekatutakoetan aritutako urte bakoitzeko: 0,500 puntu.

3.2.2. Departamentuko buru edo Lehen Hezkuntzako zikloko koordinatzaile lanetan, Etengabeko Prestakuntzako aholkulari lanetan edo antzeko karguetan egindako urte bakoitzeko, bai eta Espainiako Hizkuntza eta Kulturaren Taldeetako zuzendari aritutako urte bakoitzeko ere: 0,100 puntu.

Frogagiriak: izendapenaren fotokopia konpultsatua, karguaz jabetzeko nahiz uzteko eginbidea agerian duena edo, bestela, karguan jarraitzen duela adierazten duen ziurtagiria.

III. atalerako oharrak:

Lehena.-Atal honetan ez dira baloratuko kasuan kasuko funtzio publikoko kidegoan sartzeko edo bertara igotzeko baloratu diren zuzendaritza karguak.

Bigarrena.-Zuzendaritza karguen balorazioa.

1.-Merezimenduen baremoko 3.2.1 atalean ezarri diren ondorioetarako, zuzendaritza kargu parekatutzat honako hauek hartuko dira gutxienez:

-Atal honetan aipatutako karguak, Lanbide Heziketako Ataletan jardun denean.

-Idazkari albokoa.

-Ikasketaburu albokoa.

-Egoitzako burua.

-Batxilergoko Institutuko ikasketaburuaren delegatua edo autonomia erkidegoetan horren pareko direnak.

-Atal Delegatuko zuzendaria-ikasketaburua.

-Atal filialeko zuzendaria.

-Irakaskuntza Ertainaren Patronatuko ikastetxe ofizialeko zuzendaria.

-Lanbide Heziketako ikastetxeen administratzailea.

-Irakasle delegatua, Lanbide Heziketako Atalaren kasuan.

2.-Kargu batzuetan batera jardunez gero, ezin izanen da puntuazioa batu.

IV.-Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa eta beste merezimendu batzuk (2 puntu gehienez).

4.1. Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa (0,700 gehienez).

4.1.1. Titulazioak.

4.1.1.1. Graduondoak, doktoretza eta aparteko sariak:

a) Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko betebeharrak ez badira: 0,350 puntu.

b) Doktore titulua izateagatik: 0,500 puntu.

c) Doktoretzan aparteko saria lortzeagatik: 0,350 puntu.

Frogagiriak: tituluaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, ziurtagiri-diploma edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

4.1.1.2. Unibertsitateko beste titulazio batzuk:

Lizentziadun, ingeniari edo arkitekto titulu bakoitzagatik, deialdirako alegatu dena ez bada: 0,350 puntu.

4.1.1 atalerako oharrak:

Lehena.-Baloratzerakoan, Estatu Espainiarrean balio ofiziala duten tituluak bakarrik izanen dira kontuan. Titulazioak atzerrian lortu badira, behar den homologazioa aurkeztu beharko da.

4.1.2. Hezkuntza sistemarekin zerikusia duten eta alderdi hauetakoren bati buruzkoak diren argitalpenak: ebaluazioa eta gainbegiratzea, curriculum garapena, eskola antolaketa, aniztasunari erantzutea, balioetan oinarrituriko hezkuntza, hezkuntzako orientazioa, hezkuntzari aplikatutako legedia eta hezkuntzari aplikatutako kalitatearen kudeaketa (0,500 puntu gehienez).

Frogagiriak: argitalpenen (I.S.B.N. edo I.S.S.N. duten argitalpenak baizik ez dira baloratuko), programen eta abarren aleak, egindako kritikak eta, bidezkoa bada, sariak lortu izanaren frogagiria.

4.2. Ikuskapen lanerako berariazko prestakuntza (0,500 gehienez).

Ikuskapen lanarekin berariaz lotutako prestakuntza jarduera homologatuak kontuan hartuko dira, ondoko honen arabera:

20 ordura bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,100 puntu.

20 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,200 puntu.

Frogagiriak: ikastaroen ziurtagiria, kasuan kasuko erakunde edo zentroak luzatua, non ikastaroaren kreditu edo orduak espresuki adieraziko baitira. Etengabeko prestakuntzaren planeko jardueretan edo hezkuntza administrazioak onartu dituen horietan espresuki adierazi beharko da kasuan kasuko jarduera plan horretan sartuta dagoela edo hezkuntza administrazioak onartua dela.

4.2 atalerako oharrak:

Lehena.-Atal honetan ez dira inolaz ere baloratuko titulu akademiko baten (doktoretza barne), master edo graduondoko beste titulazio baten curriculuma osatzen duten ikastaro edo irakasgaiak. Ikastaro horiek amaituta eta dagozkien tituluak eskuratuta, titulu horiek, egoki bada, 4.1.1.1 azpiatalaren arabera baloratuko dira.

Bigarrena.-Ziurtagirietan orduen ordez kredituak adierazten direnean, ulertuko da kreditu bat ikastaroko 10 orduk osatzen dutela, ziurtagiriak berak beste baliokidetasun bat ezartzen ez badu behintzat.

Hirugarrena.-Ez dira baloratuko ordu edo kredituen iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak.

4.3. Hizkuntzak jakitea (0,300 gehienez).

4.3.1. Unibertsitateko hizkuntza titulu bakoitzagatik: 0,200 puntu.

Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako maila aurreratuko gaitasun agiri edo baliokide bakoitzeko: 0,100 puntu. EGA titulua edo haren baliokidea: 0,100 puntu.

Frogagiriak: merezimendu gisa alegatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, bai eta kidegoan sartzeko alegatu den titulua lortzeko beharrezkoak izan diren titulu guztien fotokopia konpultsatua ere.

4.3 atalerako oharrak:

Lehena.-Euskarazko ikuskatzaile lanpostuetarako lehiatuz gero, ez da euskarazko titulu bakar bat ere baloratuko. Gaztelaniazko ikuskatzaile lanpostuetarako lehiatuz gero eta euskarazko titulu baliokide bat baino gehiago aurkezten bada, titulu horietako bat bakarrik baloratuko da.

Bigarrena.-Baliokideak diren zenbait hizkuntza titulu aurkeztuz gero, horietako bat bakarrik baloratuko da.

Hirugarrena.-Atal honetan ez dira baloratuko 4.1.1 atalean baloratu diren unibertsitateko hizkuntza tituluak.

4.4. Irakaskuntzako lana balorazio positiboarekin ebaluatzea (0,500 puntu gehienez).

4.4.1. Irakaskuntzako lana balorazio positiboarekin ebaluatzea: gehienez ere 0,500 puntu.

Frogagiriak: balorazio positiboaren ziurtagiria, hezkuntza administrazio eskudunak emana.

4.4.2. Hautapen organoetan borondatez parte hartzeagatik: gehienez ere 0,100 puntu.

Frogagiriak: hautapen organoetan borondatez parte hartzearen ziurtagiria, hezkuntza administrazio eskudunak emana.

Merezimenduen baremo osoarendako oharrak:

Lehena.-Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik burutu eta ezarritako epean aurkeztu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Bigarrena.-Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik. Itzulpenak zinpeko itzultzaileek eginak izanen dira.

Hirugarrena.-Baremoko I. eta II. atalak eta III. ataleko 3.1 eta 3.2.1 azpiatalak baloratzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuak deialdian onartutako irakasle funtzionarioen zerbitzu orria aurkeztuko du, parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuei jarraikiz.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

HEZKUNTZAKO IKUSKATZAILE LANPOSTUAK ALDI BATERAKO BETETZEKO DEIALDIA

Datu pertsonalak:

Deiturak eta izena: ...........................................

NANa: ........................... Jaioteguna: ...

Helbidea: ............................................ Herria: ............. .

P.K.: ...................... Probintzia: ..........................

Tel.: ....................... Helbide elektronikoa: .......................

Lanbideari buruzko datuak:

Karrerako funtzionario gisa irakaskuntzako zein kidegotakoa den:

Lanpostu hauetarako parte hartzen du:

Hezkuntzako ikuskatzailea (gaztelania):

Hezkuntzako ikuskatzailea (euskara):

Behean sinatzen duenak eskatzen du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko ikuskatzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko deialdian onar dezatela.

2009ko .......aren ............ (e)an.

(Sinadura)

GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUA. NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA.

Iragarkiaren kodea: F0921575