114. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

401/2009 EBAZPENA, abuztuaren 21ekoa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako A eta G ereduetan programa eleaniztunak emateko oinarriak ezartzen dituena, 2009-10 ikasturterako.

Atzerriko lehen hizkuntzak, gehienbat ingelesak, toki garrantzitsua du Nafarroako hezkuntza sisteman. Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentuari eskatu zion bi ordu gehitzeko atzerriko hizkuntzaren ordutegiari, haur eta lehen hezkuntzan. Eskaera hari erantzunez, Hezkuntza Departamentuak proposamen didaktiko bat diseinatu zuen, abian jartzeko, eta ikastetxe publikoetan atzerriko hizkuntzak izan beharreko irakaskuntza bateratu zuen uztailaren 5eko 366/2002 Foru Aginduaren bidez. Hala, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan atzerriko hizkuntza emateko 4 eskola saio izanen dira astean, eta 5 saio Lehen Hezkuntzan. Agindu hori maiatzaren 23ko 51/2007 Foru Aginduak ordeztu zuen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa ezarri ondoren.

Gizarteak hizkuntzen eta kulturen aniztasunari buruz duen geroz eta sentsibilitate handiagoa eta adierazpenerako eta jokatzeko modu desberdinekiko errespetua funtsezko osagai bihurtu dira hizkuntzen irakaskuntzan, eta, horregatik, Hezkuntza Departamentuak, beste autonomia erkidego batzuetan eta Europako herrialdeetan bezala, programa eleaniztunak bultzatzen ditu, bigarren hizkuntzetan murgiltzearen eta hizkuntzen arteko transferentziaren printzipioetan oinarrituta, halako programetan ingelesaren irakaskuntza indartzen baita eta ikasleen komunikazio gaitasuna garatzeari lehentasuna ematen baitzaio. Programa horien garapena bi foru dekretutan aurreikusita dago: Haur Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duen martxoaren 19ko 23/2007 Foru Dekretua eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duen martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretua.

Eleaniztuna hitzak adierazten du pertsona baten komunikaziorako gaitasunean bi hizkuntza edo gehiago biltzen direla aldi berean, eta hizkuntzak ikasten edo erabiltzen dituenak horien artean ezartzen duen elkarreragina eta transferentzia azpimarratzen du. Zenbait hizkuntza erabiltzeko gaitasunak hizkuntza bakoitzaren hizkuntza-errepertorioa garatzea bilatzen du; alderdi komunak; eta horien arteko transferentzia bideratzen duten prozesuak.

Programa eleaniztunak ezarri eta garatu ahal izateko eta programa horiek ematen dituzten ikastetxeen funtzionamendua bideratzeko, beharrezkoa da Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako A eta G ereduetan programa eleaniztunak emateko oinarriak ezartzea, 2009-10 ikasturterako. Ikastetxe horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira, eta bakoitzaren autonomia errespetatuko da.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako A eta G ereduetan programa eleaniztunak emateko oinarriak ezartzea, 2009-10 ikasturterako. Ikastetxe horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari, Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Atzerriko Hizkuntzen Atalari, Euskara Atalari, Ikasketak Antolatzeko Atalari eta ikastetxe interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2009ko abuztuaren 21ean.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

ERANSKINA

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako A eta G ereduetan programa eleaniztunak emateko oinarriak

Lehena. Ezaugarriak.

Hezkuntza Departamentuaren programa eleaniztunek indarra duen curriculuma garatzen dute, bi hizkuntzaren edo gehiagoren irakaskuntza koordinatuz eta kasuan kasuko ataletan ageri diren printzipio metodologikoei jarraikiz.

Irakaslanak eskatzen du hezkuntza programak metodologia berrietara egokitzea eta horretan ari diren irakasle guztien koordinazioa.

Bigarrena. Curriculuma

1. Programa eleaniztunak dituzten ikastetxe publikoek Nafarroako curriculum ofizialetan ezarritakoa beteko dute: martxoaren 19ko 23/2007 Foru Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duena, eta martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretua, Lehen Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duena.

2. Kurtsoetako arloak banatu eta ordutegia antolatzerakoan, maiatzaren 23ko 51/2007 Foru Aginduan ezarritakoa beteko da, eta curriculumaren zati bat ingelesez garatuko.

3. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan ingelesez emanen dira martxoaren 19ko 23/2007 Foru Dekretuan ezartzen dituen arloetako zenbait eduki, eranskin honen hirugarren oinarrian ezarritako moduan.

4. Lehen Hezkuntzan ingelesez emanen dira, atzerriko hizkuntzaz gainera, hizkuntzetakoak ez diren arloetako zenbait eduki, eranskin honen hirugarren oinarrian ezarritako moduan, batik bat natur, gizarte eta kultur ingurunearen ezagutza, matematika eta arte hezkuntza arloetakoak.

5. Ikastetxe bakoitzak zehaztu beharko du zer eduki eta hezkuntza arlo landuko diren hizkuntza bakoitzean, plantillan horretarako prestatuta zenbat irakasle dauden eta zer gaitasun duten kontuan hartuta, 3. puntuan ezarritakoarekin bat. Erabaki horren barnean sartzen da curriculumeko arlo osoak edo partzialak emateko aukera.

6. Euskara ematean, A ereduko ikasleentzako programen kasuan, eta ordu esleipena kontuan hartuta, beste hizkuntzekin integratu eta koordinatutako planteamendu didaktikoari jarraituko zaio (tailer osagarrriak, proiektuetan txertatzea, etab.).

7. Ikastetxeek berariazko hizkuntza proiektu bat prestatu beharko dute, ikastetxeak hizkuntzen irakaskuntzari buruz hartzen dituen erabakien erreferentziarako eta jarraipenerako dokumentu gisa, eta honako alderdi hauek bildu beharko ditu, besteak beste:

-Hizkuntzak, zenbat eskola ordu izanen dituzten eta eskolaz kanpo zenbat denbora, bai eta hizkuntza bakoitzean emanen diren curriculumeko arloak eta edukiak.

-Haur Hezkuntzan hizkuntzak sartzearen inguruko alderdiak.

-Hizkuntza bakoitzerako ezarritako helburuak.

-Hizkuntza bakoitzaren garapenari buruzko alderdi zehatzak. Lehentasunezko ekintzak eta proiektuak.

-Hizkuntzen lau trebetasunak modu koordinatu eta bateratuan tratatzeko alderdi metodologikoak, arreta irakurketa eta idatzizko adierazpena hobetzeko planetan jarriz bereziki.

-Hizkuntzak indartzeko jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

-Ikastetxearen eta ikasleen hizkuntza aniztasunari erantzuteko erabakiak.

-Programa ezarri eta garatzearekin zerikusia duten gogoetak eta hobetzeko proposamenak.

Hirugarrena. Hizkuntzen agerpena.

1. Gaztelania (H1): asteko eskola orduen %50 gutxienez A ereduko ikasleentzat eta %65ekoa G eredukoentzat.

2. Ingelesa (H2): oro har 50 minutuko 10 saio astean (asteko eskola orduen %35 gutxi gorabehera).

3. Euskara (H3): euskara ikasten duten ikasleek 4 eskola saio izanen dituzte astean, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketen ezarpena arautzen duen maiatzaren 23ko 51/2007 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena. Metodologia.

Programa honen bidez ikasleen hizkuntza gaitasuna indartu nahi da, Europako Kontseiluak eta indarra duen araudiak norbanakoaren oinarrizko gaitasuntzat jotzen baitute gaitasun hori.

Programa honen funtsezko printzipio metodologikoak honako hauek dira:

-Hizkuntzen tratamendu integratuak (HTI) ikaskuntza eraginkorragoa ahalbidetzen du, hizkuntzen bat-egitearen eta transferentziaren eraginez. Hizkuntzak ez dira ikasten hizkuntza kode isolatu gisa; aitzitik, hizkuntzen tratamendua koordinatu egiten da ikasleen ikaskuntza indartzeko.

Hezkuntza eleaniztuna munduan barrena geroz eta hedatuagoa dago eta erakusten du lehenbiziko hizkuntzetan garatutako trebetasunak eta lortutako ezagutzak (eleaniztasun gehigarria) direla hizkuntza berri bat ikastearen oinarri. Hori, hizkuntzetarako jarrera positibo batekin batera, hobetzen ahal da antzekotasunak, bat-etortzeak, prozesuak eta elementu komunak kontuan hartuko dituzten metodo didaktikoen bitartez, hizkuntzen irakaskuntzen artean eta horien eta hizkuntzetakoak ez direnen artean bateratasunak bilatuz.

Hori horrela, programa eleaniztunetan hizkuntzak ikastearen oinarria hizkuntzen elkarrekiko mendekotasuna da. Hizkuntzen arteko irakaskuntza partekatuaren eredua hartuz gero, hizkuntza batek bestea indartuz eta lagunduz, ikasleak hobeki ulertzen du eta gogoeta hobeki egiten, eta informazioa zenbait moduz eskuratu, baloratu, antolatu eta azaldu dezake hala.

Edukiak, hizkuntzetatik abiatuta, irakasleek landuko dituzte, koordinatuta lan eginez, zenbait irizpideri jarraikiz, hala nola egokitasuna, konplexutasuna, esleitutako denbora, arloaren izaera, etab. Irakasleek zehaztuko dituzte kasu bakoitzean egokienak diren teknikak eta jarduerak.

Hizkuntzen curriculum integratuari esker ezagutza arloen artean lotura ezartzen da eta, horretaz gainera, irakaskuntzari eta ikaskuntzari koherentzia metodologikoa ematen zaio, bikoizteak eta erredundantziak saihesten dira eta arloek elkar indartzen dute. Horrekin batera, beren hizkuntza-errepertorio gorabeheratsua bizitza osoan aberasteko gauza izanen diren pertsonak prestatzeko aukera ematen du.

-Hizkuntzen ikaskuntza integratua eta edukiak (AICLE/CLIL). Hau da, hizkuntzak, hizkuntza soil gisa ikasteaz gainera, hezkuntzako edukiak ikasteko tresna ere badira.

Murgiltze programak hizkuntzekiko sentsibilitate berri batekin abiatzen eta garatzen dira, hizkuntza bakarra dutenek baino estrategia metakognitibo eta komunikatibo aberatsagoak bultzatuz eskolan. Zenbait testuingurutako ikerketa enpirikoak erakusten du hizkuntza bat baino gehiago ikasten duenak hizkuntza bakarrekoak baino abantaila gehiago dituela. Adibidez, adimenaren hitzezko neurriak eta hitzezkoak ez direnak handitzea. Lehenengoek, orobat, buru eragiketetan zalutasun handiagoa eta baliabide gehiago dituzte, adimenaren egitura dibertsifikatuagoa eta erregistro gehiago zalutasun kognitiboan, sormenean eta arazoak konpontzeko estrategietan (Lambert, 1990).

CLIL/AICLE metodologia curriculum integratuetan garatzen da eta horiek edukiaren ikaskuntzaren eta hizkuntza ikastearen arteko oreka proposatzen dute, bigarren hizkuntzan gaitasuna eta jarrera hobetuz eta curriculumeko beste arloen ezagutza bultzatuz. Horren emaitza ikasteko motibazioa da, zeren eta ikasleak berehala eta modu jarraituan ikusten baitu erabilgarritasuna. Hizkuntza benetako egoeretan erabiltzen da, hau da, interes handiagoa duten egoeretan eta hain behartuak ez direnetan, eta horrela ikasleak gehiago parte hartzen du.

Bigarren hizkuntzan gaitasun maila ona lortzeko beharrezkoa da hizkuntzarekin modu naturalean eta maiz aritzea. AICLE/CLIL aplikazioak bigarren hizkuntzarekin gehiago aritzea bermatzen duenez, aukera ezin hobea da aurrera egiteko.

Bosgarrena. Ebaluazioa.

Ebaluazio prozedurak eta ikasleak hurrengo mailetara igotzeko irizpideak, ebaluazio prozesuaren ondoriozko baldintza formalak barne, Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko era arautzen duen abenduaren 18ko 216/2007 Foru Aginduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira.

Ikastetxe bakoitzak, gainera, ikasleen aurrerapen linguistikoa aztertuko du berariaz.

Seigarrena. Irakasleak.

1. Oro har, Haur Hezkuntzako ingelesezko curriculuma irakasle bakar batek emanen du, zeina irakasle gisa arituko baita. Salbuespen gisa soilik aritzen ahalko dira irakasle gehiago, ingelesezko curriculumeko alderdi zehatz batzuk lantzeko (psikomotrizitatea, informatika, fonetika, etab.).

2. Lehen Hezkuntzan, atzerriko hizkuntzaren arloa irakasle espezialistek emanen dute.

3. Hizkuntzakoak ez diren edukiak ingelesez emateko, irakasleek, dagokien espezialitateaz gainera, abuztuaren 18ko 139/2009 Foru Aginduan programa hauetarako ezarri den hizkuntza betebeharra bete beharko dute.

Zazpigarrena. Koordinazioa.

Zenbait hizkuntza eta hizkuntza zein edukiak integratzen dituen metodologia zuzen aplikatzeko, irakasle taldeak bere jarduketa koordinatu behar du eta erabaki adostuak hartu edukiei eta prozedurei buruz.

Ikastetxe bakoitzak koordinazioko saio batzuk ezarri beharko ditu astean, ikastetxeko plantillan horretarako dauden irakasleen, ikasle kopuruaren eta programa eleaniztunen ezarpen mailaren arabera.

Zortzigarrena. Prestakuntza.

Programa emateko ezinbestekoa da ikasleek horretarako kualifikatuta dauden irakasleak izatea. Alde horretatik, Hezkuntza Departamentuak berariazko jarduerak antolatzen ditu irakasleen hizkuntza gaitasuna hobetu eta eguneratzeko, bai eta prestakuntza metodologiko osagarrirako ere, horrela helburu hauek lor daitezen:

a) Ematen duten hizkuntzan jakite mailak lortzea (C1 maila, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera). Irakasleek gai izan behar dute naturaltasunez eta zalutasunez hitz egiteko, eta ikasleei komunikaziorako ingurune eraginkorra eta hizkuntza eredu bat emateko.

b) Hizkuntzen tratamendu integratuaren printzipio metodologikoekin eta curriculumeko edukiak bigarren hizkuntzan ematekoekin ohitzea.

Bederatzigarrena. Ikastetxeak baimentzeko eta sarean sartzeko plana.

Irakaslana erraztu, praktika egokiak zabaldu eta ikastetxe eleaniztunen sarea ezartzearren, Hezkuntza Departamentuak baimena emateko plan bat prestatu du, eta programa elianiztuna duten ikastetxe guztiek parte hartzeko irekita badago ere, halako programa bat abian jartzen duten ikastetxeei laguntza emateko xedea du batik bat.

Hamargarrena. Jarduteko esparrua.

Ebazpen hau jarraian azaltzen diren ikastetxe eta mailetan aplikatuko da:

IKASTETXEA

ZEIN MAILATAN EZARRIA

HAUR HEZKUNTZAKO 2. ZIKLOA

LEHEN

HEZKUNTZA

Elvira España HLHIP, Tutera

Osoa

6.a

Cardenal Ilundain HLHIP

Osoa

5.a

Azpilagaña HLHIP

Osoa

3.a

Añorbe HLHIP

Osoa

2.a

José M.ª de Huarte HLHIP

3.a

Camino de Santiago HLHIP, Zizur Nagusia

3.a

Lorenzo Goicoa HLHIP

3.a

Doña Mayor HLHIP

3.a

Catalina Foix HLHIP, Zizur Nagusia

3.a

Otero de Navascués HLHIP, Cintruénigo

2.a

Beriain HLHIP, Beriain

2.a

San Miguel HLHIP, Noain

2.a

Hilarión Eslava HLHIP, Burlata

2.a

Remontival HLHIP, Lizarra

2.a

Ermitagaña HLHIP

1.a

Buztintxuri HLHIP

1.a

Sarriguren HLHIP

1.a

Huertas Mayores HLHIP, Tutera

1.a

Iragarkiaren kodea: F0921525