114. ALDIZKARIA - 2009ko irailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

139 /2009 FORU AGINDUA, uztailaren 31koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Kontabilitate Atalean bulegoetako egitura ezartzen duena.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak urriaren 7an emandako 302/2003 Foru Aginduaren bitartez ezarri zen Kontabilitate Atalaren bulegoetako egitura. Azken bost urteotan kontabilitate sistema finkatu da eta garapen informatiko osagarriak ere gauzatu dira, haren funtzionaltasuna areagotu eta atalaren eginkizunen edukia praktikan handitu dutenak.

Ezarritako funtzionaltasun berriek sistemaren prestazioetan eta horrek ematen duen informazioaren kalitatean ezin eztabaidatuzko hobekuntza ekarri dute. Aldi berean, kontabilitate zentroen eta sistemaren administrazioaren jardueren artean koordinatzeko beharrak handitu dituzte. Bi osagaiek-modu zentralizatuan kontabilizatu beharreko eragiketa aniztasun handiagoa eta sistema koordinatzeko eta administratzeko behar handiagoak-atalaren jardunean eragina dute eta behartzen dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Atalean bulegoetako egitura berria ezartzera.

Horrenbestez, Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuaren txostena ikusita,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuari atxikiriko Kontabilitate Atala bulego hauetan egituratzen da:

Kontuei buruzko Informazioa Sortzeko Bulegoa.

Kontuei buruzko Informazioa Zabaltzeko Bulegoa.

Kontabilitate Zentroaren Bulegoa.

Kontabilizazio Prozedura Berezien Bulegoa.

2. artikulua. Kontuei buruzko Informazioa sortzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

-Kontabilitate sistemaren parametroak finkatu eta administratzea (kontu planaren definizioa, kontuak aurrekontuetako kontu-sailei esleitzea, kontabilitateko informazioaren kategoriak sortu eta mantentzea).

-Departamentuko unitateek, bai aurrekontu arloan bai aurrekontutik kanpokoan, egiten duten jarduna koordinatu eta kontrolatzea.

-Erabiltzaileen ezaugarriak eta sartzeko eta erabiltzeko baimenak kudeatzea.

-Kontabilitate plan, arau eta jarraibideen prestaketan elkarlanean aritzea.

-Kontabilitateko informazio sistemetako datuen osotasuna, koherentzia eta konfidentzialtasuna bermatu eta babesteko egokiak diren mekanismo eta jarduketen diseinuan parte hartzea.

3. artikulua. Kontuei buruzko Informazioa sortzeko Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

-Maila politikoan zein kudeaketa mailan erabakiak hartzeko behar den informazio ekonomiko eta finantzarioa ematea.

-Azterketa kritikoa behar duten kontuak, egoera orriak eta gainerako agiriak aurkezteko eskatzea.

-Foru Komunitateko Administrazioaren eta erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sozietate eta fundazio publikoen kontabilitatetik ateratzen den informazioa zentralizatzea.

-Kontabilitate publikoaren erregimenaren menpeko entitateetan egiten diren kontabilitate eta ekonomiaren arloetako txosten eta irizpen guztiak biltzea.

-Nafarroako Kontu Orokorrak eta egin beharreko gainerako kontu eta agiriak prestatu eta emateko beharrezko informazioa ematea.

-Aurrekontuetako emaitzak azaldu eta jotako xedeei jarraitzeko informazioa ematea.

-Nafarroako Kontu Orokorrak eta ekonomiari nahiz ondareari buruzko gainerako agiri guztiak prestatzea.

-Nafarroako Parlamentuari eman behar zaizkion kontuak aztertu, ohartarazpenak egin, eta prestatzea.

-Nafarroako Sektore Publikoko kontu ekonomikoak prestatzeko behar diren datu eta gainerako aurrekariak aisa eman ahal izateko behar den informazioa bildu eta zentralizatzea.

-Nafarroako Sektore Publikoko entitateei dagokienez, urteko kontu kontsolidatuak ematea ezartzea.

-Europako Nazioetako eta Erregioetako Kontuen Sistemaren araberako informazioa ematea.

-Aurrekontuen Egonkortasunari buruzko Lege Orokorrean ezarritakoaren araberako aurrekontuen egonkortasunaren helburua zenbateraino betetzen den adierazten duen txostena egitea.

-Aurrekontu Orokorren betearazteari eta Nafarroako Ogasuneko ondareari eta ekonomiari buruzko egoera orriak aldian-aldian azaltzea.

-Beste hartzaile batzuendako informazio erabilgarria prestatzea.

4. artikulua. Kontabilitate Zentroaren Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

-Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Zentroaren kudeaketa, Departamentuan beste kontabilitate zentrorik izatea galarazi gabe.

-Aurrekontuen kudeaketari buruzko operazioen barne kontabilitatea.

-Kontabilitateko dokumentuak tramitatzea eta diru-sarrera nahiz gastuen kontabilizazioarekin zerikusia duten eragiketak egitea.

-Ekonomi eta Ogasun Departamentuan justifikatu beharreko fondo libratuak kontrolatu eta gainbegiratzea.

5. artikulua. Kontabilizazio Prozedura Berezien Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

-Kontabilizazio zentralizatuaren lan guztiak egitea: nominak, tributuz besteko diru-sarrerak.

-Banaketa kontuen kudeaketa.

-Kontabilizazio automatiko edo programatuen eragiketetan sistemak ongi funtzionatzen duela kontrolatzea.

6. artikulua. Foru Agindu hau jakinaraztea Lehendakaritza Departamentuko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen eta Kontu-hartzearen zuzendari nagusiari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko uztailaren 31n.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0921940