93. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

93/2008 FORU AGINDUA, ekainaren 13koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak atarikoan dioenez, aniztasunari erantzutea oinarrizko irakaskuntza osoa gidatu behar duen printzipioa da, ikasle guztiak beren ezaugarri eta beharren arabera hezi daitezen.

Haur Hezkuntzako etapan, haren izaera hezitzailearen arabera, arreta berezia jarriko da premiak atzematen eta horiei erantzun goiztiarra ematen, haur guztien garapen fisikoa, afektiboa, soziala eta intelektuala lortzen lagunduko duen prebentzio eta konpentsazio neurri gisa.

Lehen Hezkuntzako etapan ahalegin berezia eginen da ikasleen aniztasunari erantzuten eta ikasteko zailtasunei aurrea hartzen; azaldu bezain laster ekinen zaie eta behar diren indartze mekanismoak erabiliko dira.

Bigarren Hezkuntzako etapan, berriz, printzipio hori eta ikasle guztientzako hezkuntza komunarena uztartu beharko dira. Gainera, antolaketa eta curriculum neurriak ezarri beharko dira, laguntza egokia jaso dezaten ikasteko zailtasunak dituzten ikasleek, ezgaitasun iraunkorra dutenek, gaitasun handiak dituztenek eta hezkuntza sisteman berandu sartzen direnek.

II. tituluak ("Ekitatea hezkuntzan") bere I. kapituluan ezartzen ditu berariazko laguntza premia duten ikasleei laguntzeko erabili beharreko printzipioak eta baliabideak, eta hiru ataletan banatzen ditu, hezkuntza premiak zergatik sortzen diren kontuan izanik. Lehen atalean hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak biltzen dira; bigarrenean, adimen gaitasun handiko ikasleak; eta hirugarrenean, Espainiako hezkuntza sisteman berandu sartutakoak.

Xedatzen du, halaber, hezkuntza administrazioek behar diren bitartekoak eta baliabideak jar ditzatela berariazko laguntzaren premia duten ikasleentzat, hauek bete-betean egokitu eta sartu daitezen hezkuntzako etapa guztietan.

Ildo horretan, ikasleen berariazko hezkuntza premiak goiz identifikatzeko prozedurak eta baliabideak ezarriko dira, kontuan izanik familiek ere parte hartu behar dutela halako ikasleen eskolatzeari eta hezkuntza prozesuei eragiten dieten erabakietan.

Ikasle horientzako laguntza-baliabide egokiak emanen dizkiete administrazioek funts publikoekin ordaindutako ikastetxeei. Baliabideak ahalik gehien hobetzearren, lankidetza ezarri ahal izanen da beste administrazio edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko zein pribatu (erakunde, elkarte) batzuekin.

II. kapitulua hezkuntzako desberdintasunen konpentsazioaz ari da. Hezkuntzarako eskubidea erabiltzeko orduan berdintasun printzipioak eraginkortasuna izan dezan, hauxe ezartzen du: hezkuntza administrazioek konpentsazio ekintzak garatuko dituzte egoera ahulean dauden pertsona, talde eta lurraldeei dagokienez, eta horretarako behar diren baliabide ekonomikoak eta laguntzak emanen dituzte. Osabidezko hezkuntzako politikek hezkuntza sistemaren ekintza indartuko dute. Horrela saihestu eginen dira faktore sozial, ekonomiko, kultural, geografiko, etniko edo bestelakoek eragin ohi dituzten desberdintasunak. Estatuak eta autonomia erkidegoek ezarriko dituzte, zeinek bere eskumeneko eremuan, osabidezko hezkuntzaren lehentasunezko helburuak.

Abenduaren 7ko 1513/2006 Errege Dekretuak, Lehen Hezkuntzako gutxieneko ikasketak ezartzen dituenak, aniztasunari erantzutearen gaia jorratzen du 13. artikuluan, eta erantzun hori detekzio eta indartze mekanismoen bidez berma dadila proposatzen du, curriculuma ikasleen beharrei egokitzeko, etapako helburuen, edukien eta oinarrizko gaitasunen garapen ahalik eta handiena lortzen saiatuz.

Abenduaren 29ko 1631/2006 Errege Dekretuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko ikasketak ezartzen dituenak, 12. artikuluan dio hezkuntza administrazioek aniztasunari erantzuteko neurriak arautu behar dituztela, eta neurri horien artean honako hauek aipatzen ditu: taldekatze malguak, talde arrunten barneko laguntza, taldeen banaketa, aukerako irakasgaien eskaintza, indartze neurriak, curriculum egokitzapenak, irakasgaiak esparrutan biltzea, curriculum aniztasuneko programak, eta hezkuntza-laguntzaren premia berariazkoa duten ikasleei banakako tratamendua emateko beste programa batzuk.

Martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duenak, 14. artikuluan dioenez, ikasle guztien hezkuntza-garapenari eta bakoitzaren premiei eman behar zaie arreta aldi berean, batez ere premia berariazkoak dituztenei, behar diren neurriak ezarriz curriculumean eta antolamenduan.

Martxoaren 19ko 25/2007 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duenak, 2. artikuluko 4. puntuan adierazten du, printzipio orokor moduan, etapa hori antolatzeko printzipioak hauek izanen direla: ikasle guztientzako arreta orokorra, eta ikasleen aniztasunari erantzuteko arreta.

Bestalde, 13. artikuluko 2. puntuak dioenez, Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu curriculumean eta antolamenduan, ikasle guztien premiei eta bereziki hezkuntza premia berariazkoak dituztenei erantzuteko modukoak. Etapa horretan, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulurik lortu ez duten ikasleak gizartean, hezkuntzan eta lan munduan errazago integratu daitezen, berariazko programak antolatuko dira hasierako lanbide kualifikaziorako edo lanbide kualifikazio berezirako. Halaber, curriculum egokitzapen garrantzitsuak egiteko prozedurak ezarriko dira, bai eta haiek ebaluatzeko irizpideak zehaztu ere.

Hezkuntza sisteman berandu sartu eta irakas-hizkuntza ez dakiten edo curriculumean atzeratuta dabiltzan ikasleentzat berariazko programak garatuko dira ikasteko eta hezkuntza sisteman sartzeko.

Adimen gaitasun handiak dituzten ikasleei ahalik eta lasterren antzemanen zaie, eta haien hezkuntza premiak asetzeko neurri arruntak eta bereziak ezarri ahalko dira.

Beraz, ikastetxeetan aniztasuna egon badago eta irakasle guztiek egin behar diote aurre, normalizazioa, banakako laguntza eta inklusioa direla medio.

Ikasle bakoitzak bere gaitasunak, beharrak, interesak eta heltze erritmoak ditu, eta hezkuntza sistemak, malgutasunez, haien arteko desberdintasunei egokitzeko neurriak ezarri behar ditu. Horrela ikasleen garapena bermatuko da, ekitatea sustatuko da eta gizarte batasuna areagotzen lagunduko da. Aniztasunari erantzun beharra hezkuntzako etapa guztietara eta ikasle guztiengana iristen da.

Hezkuntza premietarako erantzuna, oro har, arreta neurri arruntetatik hasiko da, eta neurri bereziak hartu ahalko dira horien beharra baloratu eta justifikatuz gero.

Foru agindu honek Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako etapetan aniztasunari erantzute aldera ikastetxeetan hartu beharreko neurriak ezartzen eta arautzen ditu, bai eta irizpideak eta eskolatze modalitateak ere. Neurri horien bitartez irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua ikasle guztiei egokituko zaie, garapen pertsonal, hezkuntza-garapen sozial ahalik eta handienak lortzeko.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da ikasleen aniztasunari erantzuteko neurriak arautzea, arreta berezia emanez ezgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezkoa edo portaera arazo larriak dituztenei, adimen gaitasun handiak dituztenei, hezkuntza sisteman berandu sartzen direnei eta egoera pertsonal eta sozial ahulean daudenei.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan aplikatuko da, Haur Hezkuntzako etapako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan.

3. artikulua. Aniztasunari erantzuteko printzipio orokorrak.

Aniztasunari erantzuteko printzipio hauek beteko dira:

1. Ikasteko prozesuetan ikasle guztiak desberdinak dira, jarrera, interes, motibazio, gaitasun, ikasteko estilo eta aurreko esperientzia desberdinak dituztelako.

2. Hezkuntza sistemak ikasleen aniztasunari erantzun behar dio, normalizazioa, konpentsazioa, berdintasuna, ekitatea, integrazioa eta inklusioa abiaburutzat harturik.

3. Hezkuntza Departamentuak ikasle guztien eskolatzea bermatuko du eta guraso edo legezko ordezkariei parte hartzeko bidea emanen die ikasleen eskolatzeari eta hezkuntza prozesuei eragiten dieten erabakietan.

4. Hezkuntza-laguntzaren premia berariazkoak ahalik lasterren atzemanen dira, ikasteko arazoei aurrea hartzeko eta hezkuntza neurri egokiak hartzeko.

5. Ikasleak ikastetxe arruntetan eskolatuko dira edo hezkuntza bereziko ikastetxeetan, betiere ingurune normalizatuan haien premiei erantzuterik ez badago.

6. Ikasleen premiei erantzuteko hezkuntza-neurriak arruntak nahiz bereziak izan ahalko dira.

7. Hezkuntza prozesuaren koherentziak bermatuko du ikasleei buruzko informazioa behar bezala eskualdatuko dela ikasleak ziklo edo etapa batetik bestera igarotzen direnean.

8. Hezkuntzako etapa bakoitzerako ezarritako oinarrizko gaitasun orokorrak lortzea, horixe izanen da aniztasunari erantzuteko neurrien helburua.

4. artikulua. Eskolatzea.

1. Funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan eskolaturik egon eta hezkuntza premiak dituzten ikasleei, foru agindu honetan ezarritako salbuespenak salbuespen, hezkuntza etapa bakoitzeko prozedura arau arruntak, baldintzak eta egutegia aplikatuko zaizkie.

2. Hezkuntza-laguntzaren premia berariazkoak dituzten ikasleei erantzun egokia eman behar zaie eta haiek eskolatzeko beharko diren langileak eta baliabideak aurreikusi. Horretarako, ebaluazio psikopedagogikoa eginen zaie eta, behar izanez gero, eskolatze modalitatea proposatzeko edo/eta baliabideak eskatzeko txostena eginen da.

3. Etapa batean iraun edo etapa errepikatzeari dagokionez, etapa bakoitzean ezarritako arau orokorrak beteko dira, baina malgutasunez aplikatu ahal izanen dira, foru agindu honetan ezarritako salbuespenak salbu.

4. Eskolatzealdian zehar hartzen diren erabakiak ikaslearen bilakaeraren arabera berrikusi eta aldatu ahal izanen dira, irakasleen ebaluazioak eta txosten psikopedagogikoak kontuan izanik.

5. Erabakiren bat hartu edo aldatu beharra dagoenean, ikaslea eta haren guraso edo legezko ordezkariak jakitun jarriko dira eta entzun eginen zaie.

5. artikulua. Onartzeko prozesua.

1. Ikastetxeek, hala publikoek nola itunduek, laguntza premia berariazkoa duten ikasleen aurreinskripzio eskaerak onartu beharko dituzte, baina horrek ez du ekarriko, ezinbestean, eskaturiko ikastetxe horretan behin betiko matrikulatzea.

2. Guraso edo legezko ordezkari batek ikaspostua eskatzen duenean, onarpen prozesuan frogatu egin beharko du bere haurraren hezkuntza premia, dituen txosten guztiak aurkeztuz, haurraren hezkuntza beharrei ongi erantzuteko jarri beharko diren langileak eta baliabideak aurreikusi ahal izan daitezen. Ezaugarri horiek azaltzen ez badira, Eskolatze Batzordeak hura aldatu ahal izanen du, balorazio teknikoa egin eta gero.

3. Ezgaitasunaren edo portaera arazo larrien ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen matrikula egin aurretik ebaluazio psikopedagogikoa eginen zaie, zein eskolatze modalitate behar duten proposatuko da eta Eskolatze Batzordeak adostasuna agertuko du.

6. artikulua. Etapen arteko koordinazioa.

Hezkuntza-laguntzaren premia berariazkoa duten ikasleen hezkuntza prozesua koherentea eta etengabea izan dadin, etapa guztietako orientatzaileak behar bezala koordinatuko dira, hurrengo ikasturterako garrantzia duen informazioa eskualdatzeko.

7. artikulua. Hezkuntza-arretako neurriak.

1. Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, eta kontuan izanik antolamenduari eta funtzionamenduari buruz indarra duen araudia, ikasle guztiei hezkuntza-arreta bermatzeko neurri arruntak edo bereziak hartu ahalko dituzte. Neurri horiek etengabeko multzoa osatuko dute, etapa bakoitzeko curriculum araudian aurreikusitako neurri arruntetatik hasi eta laguntza premia berariazkoa duten ikasleentzako neurri berezietaraino.

Curriculumari buruzko erabakiak hartzen direnean aintzat hartuko da gaitasun, ezagupen, interes eta motibazioen aniztasuna, eta etapa bakoitzeko curriculumean zehaztutako oinarrizko gaitasunak lortzea ahalbidetuko duten helburuak eta edukiak lehenetsiko dira.

2. Neurri arruntak dira curriculumeko nahitaezko elementuak aldarazten ez dituztenak.

Honako hauek neurri arruntak dira:

a) Tutoretza ekintza, ikasleen jarraipen sistematikoa bermatzea ahalbidetzen duena, eskolan, eremu pertsonalean nahiz eremu sozialean zailtasunei aurrea hartzeko eta daudenak atzemateko, banakako premiei erantzuna emate aldera.

b) Aukeratu ahal izatea, curriculuma ikaslearen gaitasun, interes eta motibazioen arabera egokitzeko.

c) Maila edo ziklo berean beste ikasturte bat ematea, hezkuntzako etapa bakoitzerako ezarritakoari jarraituz.

d) Hezkuntza-laguntza eta indartze programak: taldekatze desberdinak, taldeen banaketak, talde malguak, arlo edo irakasgaien indartzea, eta ezagutzak handitu edo sakontzeko neurriak.

e) Curriculum arrunta garatzeko programak. Horrelako programetan etapako helburuak betetzeko oinarrizko baldintzak ezartzen dira, berariazko metodologien bitartez edo/eta edukien antolaketa desberdinaren bitartez.

Neurri bereziak curriculumeko sarrera elementuak edo/eta nahitaezko elementuak aldarazten dituzten curriculum egokitzapenak dira. Ikasle hauek dira halako neurrien hartzaileak: ezgaitasunaren edo portaera arazo larrien ondoriozko hezkuntza premiak dituztenak, ikasteko zailtasun berariazkoak dituztenak, adimen gaitasun handikoak, hezkuntza sisteman berandu sartzen direnak eta egoera pertsonal eta sozial ahulean daudenak.

Curriculum egokitzapena dela medio, curriculum arrunta taldeko ikasle bati egokitu eta moldatu ahal zaio, curriculumeko alderdi jakin batzuk lehenetsiz, ordeztuz, aldatuz edo kenduz, oinarrizko gaitasunen garapena errazteko.

Honako hauek dira neurri bereziak:

a) Sarrerako curriculum egokitzapena, curriculum arrunta nahiz curriculum bereziren bat garatzea erraztuko duten baliabideak, materialak edo komunikaziorako bitartekoak jartzeko.

b) Curriculum egokitzapen garrantzitsua. Horrelako egokitzapenak proposatzen dira ikasleak ziklo batetik edo bi kurtsotik gorako atzerapena duenean arlo edo irakasgai gehienetan.

c) Kurtso edo etapen iraupena malgutzea.

II. KAPITULUA

Aniztasunari erantzuteko plana

8. artikulua. Definizioa.

Ikastetxeak ikasle guztien hezkuntza premia orokorrei eta ikasle bakoitzaren premiei ahalik eta ongien erantzuteko diseinatzen, aukeratzen eta gauzatzen dituen neurriak (curriculum egokitzapenak, antolaketa neurriak, laguntzak eta indartze neurriak) Aniztasunari Erantzuteko Plana izeneko agirian biltzen dira.

Bertan zehaztu behar dira ikastetxearen analisia eta unean uneko egoera, lortu beharreko helburuak, jarriko diren neurriak, aldi baterako edo behin betiko beharko diren langileak, materialak eta baliabide didaktikoak, eta planaren jarraipen, ebaluazio eta berrikuspenerako prozedura.

Ikastetxe guztiek eduki behar dute aniztasunari erantzuteko plana eta hortik abiaturik antolatu behar dute ikasle guztien beharrei egokitutako erantzuna.

Aniztasunari erantzuteko plana Urteko Programazio Orokorraren eta Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren atal izanen da, eta horrek berdintasunaren, ekitatearen eta hezkuntza sisteman sartzearen printzipioei jarraituko die, funtsezko balioak diren aldetik.

9. artikulua. Elementuak.

Aniztasunari erantzuteko planean elementu hauek bildu behar dira:

1. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan jasotako printzipioen zehaztasunak.

2. Hezkuntza-laguntzaren premia berariazkoak atzeman eta baloratzeko irizpideak eta prozedura.

3. Helburu zehatzak, eta erabakiak hartzeko irizpideak.

4. Hezkuntza-laguntzaren premia berariazkoak identifikatu eta baloratzea. Hauek izan daitezke premia horien iturriak: ikasteko arazoak, ezgaitasuna edo portaera arazo larriak, gaitasun handiak, hezkuntza sisteman berandu sartzea, edo programa berariazkoaren beharra izatea ikastetxeko hizkuntza ikasteko edo oinarrizko gaitasunen gabezia gainditzeko.

5. Ikastetxe osorako ezarri diren curriculum neurrien eta antolamendu neurrien azalpena.

6. Berandu sartzen diren ikasleei harrera egiteko plana.

7. Aniztasunari erantzuteko plana garatzeko behar diren langileak eta baliabideak.

8. Profesional bakoitzaren eginkizun eta ardurak.

9. Familiekiko eta kanpoko erakundeekiko lankidetza.

10. Aniztasunari erantzuteko planaren ebaluazioa eta jarraipena.

10. artikulua. Egiteko prozesua.

Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritza taldeak sustatuko du plan hau egiteko prozesua, irakasle guztien hausnarketaren bitartez. Ikastetxeko orientatzaileak horretan parte hartuko du eta aholku emanen du.

Urtero ikasturtearen hasieran ikastetxeek aniztasunari erantzuteko plan bana egin behar dute, fase hauek betez:

1. Hasierako egoera aztertu eta ustez izanen diren beharrak baloratzea, ikastetxeko ikasle motak eta hezkuntza eskaintza kontuan izanik. Horretarako kontuan hartuko dira aurreko ikasturteko memoria, ebaluazio bilkuretako aktak, aurreko hezkuntza-etapako informazioa eta eskola orientatzaileen argibideak.

2. Ikasleen aniztasunari erantzuteko neurriak proposatzea. Horretarako, ikastetxeak dituen baliabideak erabiliko dira edo behar direnak eskatuko dira. Proposamen hori klaustroari aurkeztuko zaio onesteko.

3. Hartutako neurrien aplikazioa, jarraipena eta ebaluazioa. Lan horietarako uneak, bitartekoak, prozedurak, organoak eta esku hartuko duten pertsonak zehaztuko dira. Ebaluazioa ikastetxeko urteko memoriaren atal izanen da eta klaustroak haren berri jasoko du.

11. artikulua. Baliabideak.

Foru agindu honen xede diren hezkuntza premiei erantzuteko baliabideak Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari eskatuko zaizkio.

III. KAPITULUA

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak

12. artikulua. Definizioa.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek, eskolatzealdi osoan edo zati batean, hezkuntzarako laguntza eta arreta berariazkoak behar dituzte, ezgaitasun fisikoa, psikikoa nahiz zentzumenezkoa (entzumena edo ikusmena) edo portaeraren arazo larriak izateagatik.

13. artikulua. Eskolatzea.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko, aurreinskripzioaren ondoren ikastetxeko orientatzaileak ebaluazio psikopedagogikoa eginen die, eskolatze modalitatearen proposamena eginen da eta ikaslea proposamen horren arabera eskolatuko da, Eskolatze Batzordea ados egonez gero.

1. Hauek dira eskolatze modalitateak:

a) Ikastetxe arruntean.

b) Hezkuntza bereziko ikastetxean.

Ikasleak beren ezaugarrien arabera eskolatuko dira ikastetxe arruntetako talde arrunt edo programa berariazkoetan, edo hezkuntza bereziko ikastetxeetan.

Haur Hezkuntzako etapan ahalik lasterren antzemanen zaie premia berezia, behar bezala eskolatu ahal izateko beharko dituzten baliabideak eta egokitzapenak aurreikusteko.

Etapa horretako bigarren zikloaren hasieran eginen da eskolatze modalitateari buruzko proposamena. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta ematen dieten erakundeen informazio garrantzitsua bildu eta eskuratzea 0-3 urteko zikloko Arreta Taldearen ardura izanen da. Talde horrek halako ikasleen aurreinskripzioa egin duten ikastetxeei bidaliko die informazio hori.

Aurreinskripzioa egin duen ikastetxeko orientatzaileak prestatuko du eskolatze txostena. Txosten hori egiteko kontuan hartuko dira 0-3 urteko zikloko Arreta Taldeak emandako orientabideak. Behar izanez gero, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) talde berariazkoek txosten hori osatu eginen dute.

2. Prozedura.

a) Aurreinskripzioa egin ahalko da funts publikoekin ordaindutako ikastetxe arruntetan edo hezkuntza berezikoetan. Matrikula Eskolatze Batzordearen erabakiaren mende egonen da.

b) Ikastetxeko zuzendaritzak eskabidea orientatzaileari igorriko dio, eta orientatzaileak ebaluazio psikopedagogikoa eta eskolatze modalitatea proposatzeko txostena eginen ditu.

c) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko talde berariazkoei aholku eta laguntza eskatu ahal izanen zaie ebaluazio psikopedagogikoa edo/eta eskolatze txostena egiteko.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko berariazko moduluek esku hartu beharko dute baldin eta ebaluazio psikopedagogikoaren ondorioz laguntza eta tratamendurako baliabide bereziak (fisioterapia eta zaintzaileak) eskatzen badira, edo eskolatze modalitate hauek proposatzen badira: Hezkuntza Bereziko curriculuma, Egokitzapeneko eta Garapenaren nahaste orokorreko unitateak, edo/eta Hezkuntza Bereziko ikastetxea.

3. Eskolatze txostena.

Eskolatze txostenak helburu hauek ditu: ikasle baten hezkuntza premia bereziak zehaztea; eman beharreko hezkuntza erantzunari buruzko orientabideak ematea; behar dituen laguntza eta baliabide berariazkoak zehaztea, eta eskolatze modalitaterik egokiena proposatzea.

Eskolatze txostenak atal hauek izanen ditu:

A.-Ebaluazio psikopedagogikoa, ikasleari eta haren familia eta eskola inguruneari buruz bildutako informazioan oinarritua:

a) Ikasleari buruzko informazioa: historia pertsonala eta eskolakoa (biologikoak, kognitiboak, emozionalak eta gizarte harremanetakoak).

b) Eskola ingurunea: garapen edo curriculum maila arlo edo irakasgai desberdinetan, eta eskola ibilbidea.

c) Familia ingurunea: familia inguruneari dagozkion alderdiak (ezaugarriak, itxaropenak etab.).

d) Gizarte ingurunea: ikaslearen edo haren familiaren gizarte inguruneari dagozkion alderdiak.

e) Azterketa psikopedagogikoaren laburpena, egun duen garapen ebolutiboaren maila, ikasteko estiloa eta oinarrizko gaitasunak zehazteko.

B.-Atzemandako premiei eman beharreko hezkuntza-erantzuna. Curriculum gaitasunaren maila orokorra adieraziko da, bai eta curriculum egokitzapena ere, sarrera-elementu, arlo edo irakasgaiei eta horien egokitzapen graduari dagokienez.

C.-Behar diren langileak eta baliabideak.

D.-Eskolatze modalitatearen eta ikaslearen premietarako antolamendu neurririk egokienaren proposamen arrazoitua.

Eskolatze txostena ezinbestekoa izanen da hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko, hau da, curriculuma osatzeko egokitzapenak eta curriculumean egokitzapen garrantzitsuak behar dituzten ikasleentzako, ondoko egoeraren batean baldin badaude:

-Hezkuntza Bereziko ikastetxe batean edo ikastetxe arrunt batean lehenbiziko aldiz sartzea eskatzen duten ikasleak.

-Eskolaturik egon arren, eskolatze modalitatea berraztertu behar zaien ikasleak.

-Eskolatzealdian zehar curriculum egokitzapen garrantzitsuen beharra antzematen zaien ikasleak.

Onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu aurretik eginen da txostena. Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari igorriko zaio, eta berak modalitatearen proposamena Eskolatze Batzordeari helaraziko dio.

Aitak, amak edo legezko ordezkariak proposamenari buruzko informazioa jaso izana sinatuko du, eta matrikula egin ahalko du eskolatze txostenean adierazitakoarekin bat datorren ikastetxean.

Eskolatze txostenak Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ebaluazioari buruzko araudietan finkatu diren ikasleen ikasketa espedienteei erantsiko zaizkie.

Eskolatze Batzordearen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Hezkuntza kontseilariari zuzendua.

4. Eskolatze modalitatea berrikustea.

Eskolatze modalitatea berrikusi eginen da etapa bakoitzaren amaieran eta ikastetxeak, guraso batek edo legezko ordezkariak horretarako eskaera arrazoitua egiten duen bakoitzean.

Hartzen diren erabakiak aldian behin berraztertu beharko dira, ikaslearen ebaluazio pertsonaletik, hezkuntza eskaintzatik eta dauden zerbitzuetatik datozen aldaketak sartzeko.

Etapa bakoitza bukatutakoan, edo modalitatea berraztertzen denean, ikastetxeko orientatzaileak laburpen txostena eginen du eskolatze modalitatearen jarraipena edo berrazterketa proposatzeko. Modalitatea aldatzea proposatuz gero, NHBBZko Psikikoen Moduluaren laguntza eskatuko da eta hark helaraziko dio txostena kasuan kasuko ikastetxeari. Ikastetxe horretako orientatzaileak eskolatze txostena eginen du eta Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari igorriko dio.

Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako etapa aldaketan, Lehen Hezkuntzako orientatzaileak laburpen txostena igorriko dio Bigarren Hezkuntzakoari eta azken horrek hezkuntza proposamena eginen du, arrazoiak azalduz. Eskolatze proposamena "curriculum bereziko unitatea ikastetxe arrunt batean" baldin bada, NHBBZko Psikikoen Moduluarekin batera eginen da.

14. artikulua. Antolamendu neurriak hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat.

1. Eskolatze modalitatea: ikastetxe arrunta.

a) Entzuteko nahiz mugitzeko ezgaitasuna duten ikasleentzako Lehentasunezko Integrazio Zentroak.

-Xedea:

Ezgaitasun mota horrek sortzen dituen premietarako hezkuntza-eran- tzun egokiena ematea.

-Ikasle hartzaileak:

Entzuteko nahiz mugitzeko ezgaitasun larria duten ikasleak, arreta espezializatuagoa eta langile, material eta baliabide tekniko bereziak behar dituztenak, ikastetxe guztietan nekez eskaintzen ahal direnak.

-Berariazko irakasleak:

Mugitzeko ezgaitasuna dutenei arreta emateko lehentasunezko ikastetxeek fisioterapian, Entzumen eta hizkuntzan eta Pedagogia Terapeutikoan espezializaturiko profesionalak izanen dituzte.

Entzuteko ezgaitasuna dutenei arreta emateko lehentasunezko ikastetxeek Entzumen eta hizkuntzan eta Pedagogia Terapeutikoan espezializatutako profesionalak izanen dituzte, zeinuen hizkuntza dakitenak, eta Zeinuen hizkuntzako interpreteak ere bai.

b) Egokitzapeneko eta Garapenaren nahaste orokorreko unitateak.

-Xedea:

Ingurune guztiz egituratua eta antolatua eskaintzea eta, aldi berean, ikasleei ingurune arruntaren integrazio eta normalizazio aukerez baliatzeko modua ematea.

-Ikasle hartzaileak:

Garapenaren nahaste orokorrei edo/eta komunikazioaren nahaste larriei eta adimen atzerapen moderatuei lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, haiek eskolatzeko proposaturiko modalitatea ikastetxe arrunta bada.

Hiru, lau edo bost ikaslek osatuko dute taldea, dituzten hezkuntza premien arabera.

-Programa:

Unitate hauetako curriculumak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako curriculumetan ezarritako gaitasunak izanen ditu erreferente. Arloka antolatuko da Haur Hezkuntzako etapako bigarren zikloan, eta esparruka Lehen Hezkuntzan.

-Berariazko irakasleak:

Pedagogia Terapeutikoko maisu/maistra bat, taldearen tutorea izanen dena; zaintzailea, horren beharra dagoela irizten zaion kasuetan. Ikastetxeari esleitutako baliabideak erabiliko dira Entzumen eta hizkuntza arloko arreta emateko.

c) Curriculum bereziko unitatea.

-Xedea:

Oinarrizko irakaskuntzan laguntza intentsiboa garatuko duten egiturak eskaintzea, zenbait arlo edo irakasgaitan erreferentziako talde batean sartzea, eta ikastetxeko jarduera orokorretan parte hartzea.

-Ikasle hartzaileak:

Ezgaitasun psikikoari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, adimen defizita txikia edo ertaina izan eta ikaslea Lehen Hezkuntzako etapan ikastetxe arruntetan eskolatua egon denean. Ikaslea unitatean sartu ala ez erabakitzeko, lortu dituen egokitze mailari eta gaitasunei erreparatuko zaie, ea Bigarren Hezkuntzako ikastetxe arrunt batean haren oinarrizko hezkuntzaren jarraipen egokia aurreikusten ahal den.

-Programa:

Curriculum proposamenak ondoko erreferenteak izanen ditu:

.Lehen Hezkuntzako etapako curriculumaren helburuak, edukiak eta oinarrizko gaitasunak, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren helburu orokorrak ere, behar bezala moldaturik ikaslearen gaitasun, interes eta motibazioei.

.Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako erreferentziako curriculuma.

-Berariazko irakasleak:

Pedagogia terapeutikoko maisu/maistra, gainera tutoretza lanak eginen dituena.

d) Hasierako Lanbide Kualifikazio Berezirako Programa (HLKBP).

-Xedea:

Programa honen helburu nagusia da ikasleei garapen pertsonala eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko 1. mailako kualifikazioari dagozkion lanbide gaitasunak lortzen laguntzea. Lanbide gaitasun horien bidez gizarteratze eta laneratze onak lor daitezke, bai lagunduriko lanean edo enpleguan, bai enplegu zentro berezietan eta zentro okupazionaletan.

-Ikasle hartzaileak:

Ezgaitasun psikikoaren ondorioz derrigorrezko hezkuntzaren ondoko etapan hezkuntza premia bereziak dituzten gazteentzako programak dira, ezgaitasun graduak programen buruan laneratzeko aukera nahikoak ematen dizkienean, Enplegu Zentro Berezietan bederen.

-Programaren garapena:

Programak hiru ikasturte iraunen du gutxienez, eta laugarren ikasturte baterako luzatu ahalko da.

-Curriculum egitura:

.Lehen mailako lanbide kualifikazioei dagozkien gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak. Lehenbiziko kurtsoan, programa balio anitzekoa izanen da. Enpresetako praktikak, borondatezkoak, azken bi ikasturteetan egin ahalko dira, eta 150-200 ordu bitarte iraunen dute.

.Oinarrizko moduluak, HLKPetarako ezarritako moduluez osatuak, ikasleen eta ingurunearen ezaugarrietara egokituak.

-Berariazko irakasleak:

.Lanbide Heziketako irakasle teknikoak.

.Pedagogia terapeutikoan espezializatutako maisu/maistra bat.

-Ikasle ratioa:

HLKBP modalitateko programek bost ikasle bilduko dituzte gutxienez eta hamar gehienez.

-Ziurtapena:

HLKPetarako arau orokor gisa ezarritakoa.

2. Eskolatze modalitatea: Hezkuntza Bereziko ikastetxea.

a) Hezkuntza Bereziko ikastetxearen ordezko gela, herri txikietan.

-Xedea:

Eskolatze modalitatea Hezkuntza Bereziko ikastetxea duten ikasleei hezkuntza-erantzun egokia ematea herri txikietan.

-Ikasle hartzaileak:

Ezgaitasun psikiko larri edo sakonagatik nahiz askotariko urritasunarengatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, haien eskolatze modalitatea Hezkuntza Bereziko ikastetxea bada.

Ondorio administratiboetarako, gela hori zein ikastetxe arruntetan dagoen, ikasleok hantxe egonen dira matrikulaturik.

Hiru, lau edo bost ikaslek osatuko dute taldea, dituzten hezkuntza premien arabera.

-Programa:

Curriculuma Hezkuntza Bereziko ikastetxeetakoaren parekoa izanen da Oinarrizko etapan, eta Lehen Hezkuntzako curriculumean ezarritako gaitasunak izanen ditu erreferente arlo guztietan. Beste etapa batzuetako gaitasunak ere landu ahal izanen dira, ikasleen ezaugarrien arabera.

-Berariazko irakasleak:

Pedagogia Terapeutikoko maisu/maistra, taldearen tutorea izanen dena; zaintzailea, horren beharra dagoela irizten zaion kasuetan. Ikastetxeari esleitutako baliabideak erabiliko dira Entzumen eta hizkuntza arloko arreta emateko.

b) Eskolatze konbinatuko programa.

-Xedea:

Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eskolatutako ikasleei beren eskola orduetako batzuk ikastetxe arrunt batean egiteko aukera ematea, elkarreragin eta gizarteratze handiagoak lortzeko.

-Ikasle hartzaileak:

Hezkuntza Bereziko ikastetxeetako ikasleak, ikastetxe arruntetan proposaturiko jardueratatik onura ateratzen ahal badute.

-Programa:

Bi ikastetxeek batera eginen dute proposamena, eta ikasle bakoitzaren premiei egokituko diote.

-Berariazko irakasleak:

Ikastetxe arruntean, bertako irakasle orokorrek gauzatuko dute programa.

c) Hasierako Lanbide Kualifikazio Berezia.

Xedeak, programak eta irakasleek ikastetxe arruntetakoen ezaugarri berak dituzte.

Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eskolatutako ikasleentzat da.

d) Helduarora igarotzea. Lanbide Heziketa Berezia.

-Xedea:

Ikasleek helduaroko bizitzaren ingurune guztietan parte har dezaten sustatzea eta osasunarekin, segurtasun pertsonalarekin eta oreka afektiboarekin lotutako ohiturak indartzea.

-Ikasle hartzaileak:

Adimen atzerapen larri eta sakonarengatik, askotariko urritasunengatik edo psikosiarekin eta autismoarekin lotutako nahasteengatik derrigorrezko hezkuntzaren ondoko etapan hezkuntza premia iraunkorrak dituzten ikasleak.

-Programa:

Esparru hauek abiapuntutzat harturik antolatzen da: autonomia pertsonala eguneroko bizitzan, integrazio sozial eta komunitarioa, eta lan orientabidea eta prestakuntza.

-Berariazko irakasleak:

Pedagogia terapeutikoko maisua edo maistra.

Irakasle taldeak zehaztuko du, ikasleen hezkuntza premien arabera, beharrezkoa ote den irakasle teknikoak ere hartzea gizarte eta lan trebetasunekin zerikusia duten esparruetarako.

3. Beste programa batzuk.

a) Ospitaleetako laguntza programa.

-Xedea:

Ospitaleetako hezkuntza-arreta antolatzea, ospitaleraturik dauden ikasleei behin-behinekoz sortzen zaizkien desberdintasunak desager daitezen. Hezkuntza-laguntza horrek ikaskuntza beharrak zein behar psikologiko, sozial eta afektiboak ase behar ditu.

-Ikasle hartzaileak:

Nafarroako Foru Komunitateko derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeetan eskolaturik egonda, eritasun edo traumatismo baten ondorioz ospitalean egon behar duten ikasleak.

-Berariazko irakasleak:

NHBBZri atxikitako Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistrek osatu eta koordinatuko dute ospitaleetako laguntza taldea.

c) Etxez etxeko laguntza programa.

-Xedea:

Etxez etxeko hezkuntza-arreta antolatzea, eriondoan dauden ikasleei behin-behinekoz sortzen zaizkien desberdintasunak desager daitezen. Hezkuntza-laguntza horrek irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena bermatu behar du ikastetxearekiko koordinazioaren bitartez.

-Ikasle hartzaileak:

Medikuak hala aginduta etxean luzaroan egon behar duten ikasleak.

-Berariazko irakasleak:

NHBBZri atxikitako Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistrek koordinatuko dute etxez etxeko laguntza taldea.

15. artikulua.-Ezgaitasunarengatik edo/eta portaeraren nahaste larriengatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen ebaluazioa eta sustapena.

Eskolatzealdian zehar curriculum egokitzapen garrantzitsuak behar dituzten ikasleen ebaluazioa eta sustapena, oro har, Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen ebaluazioa eta sustapena arautzen dituen legeria indardunari jarraituz eginen dira.

Salbuespenez Lehen Hezkuntzako etapan bigarren urte bat gehiago egoteko eskaera ikastetxeko zuzendariak eginen du, tutorearen eta orientatzailearen txostena, familiaren adostasuna eta ikastetxeko ikuskatzailearen txostena erantsita, Eskolatze Batzordeak oniritzia eman dezan.

Ezgaitasunarengatik edo/eta portaeraren nahaste larriengatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko proposaturiko antolamendu neurrietako baten bat proposatzen bada ikaslea eskolatzeko, halako programetan ezarritako irizpideak izanen dira ebaluazioaren eta promozioaren erreferente.

IV. KAPITULUA

Gaitasun handiko ikasleak

16. artikulua. Definizioa.

Ikasle hauentzat ez dira egokiak adinkideen kurtsoko helburuak eta edukiak eta hezkuntza premia bereziak dituzte beren adimen gaitasun handiagatik, edo zenbait ikasgai goiz ikasi dituztelako, edo trebetasun bereziak nahiz sormen handia dutelako zenbait arlotan (artea, musika, matematika, hizkuntza etab.), ikasteko motibazio handiarekin batera, batzuetan.

17. artikulua. Eskolatzeko irizpideak.

Ikasle hauek ikastetxe arrunt batean eskolatuko dira. Ikastetxe horrek aniztasunari erantzuteko planean aurreikusita eduki behar ditu gaitasun handiko ikasleen premia berariazkoak eskola ingurune normalizatuan asetzeko behar diren neurriak, derrigorrezko hezkuntzaren helburu orokorretan ezarritako gaitasunen garapen osoa eta orekatua sustatuko dutenak.

18. artikulua. Gaitasun handiko ikasleen premiak zehaztu eta ebaluatzea.

Irakasleek atzemanen dituzte adimen gaitasun handiko ikasleen premiak, ebaluazio eta jarraipen prozesuaren barnean, eta tutoreak guraso edo legezko ordezkariei, zuzendaritza taldeari eta ikastetxeko orientatzaileari jakinaraziko dizkie.

Detektaturiko ikasleei ebaluazio psikopedagogikoa eginen zaie, izan ditzaketen premia bereziak zehazteko.

Aitaren, amaren edo legezko ordezkariaren baimena beharko da ebaluazio psikopedagogikoa egiteko. Bertan datu hauek bilduko dira:

a) Ikasleari buruzko informazioa: ikaslearen egoera, curriculumean garatzen diren gaitasunei dagokienez; horrela, adimen gaitasunen eta garapen afektibo eta sozialaren artean izan daitezkeen desorekak atzemanen dira.

b) Eskola ingurunea: ikasleak ikaskide eta irakasleekin dituen harremanak.

c) Familia ingurunea: familiaren baliabideak eta laguntza.

d) Gizarte ingurunea: ikaslearen garapenerako erantzun osagarria ematen laguntzen ahal duten baliabide sozial eta kulturalak.

e) Azterketa psikopedagogikoaren laburpena, garapen maila, ikasteko estiloa eta oinarrizko gaitasunak zehazteko.

Ikastetxeko orientatzaileak eginen du ebaluazio psikopedagogikoa. Horretarako NHBBZko Gaitasun Handien Moduluaren aholkua eskatu ahalko du.

Ebaluazio psikopedagogikoaren datu guztiak txosten batean bilduko dira. Txostenak atal hauek izanen ditu:

A.-Ebaluazio psikopedagogikoaren laburpena: bertan ikaslearen gaitasun handiak definituko dira eta horien ondorioz ikasleak dituen hezkuntza premiak zehaztuko.

B.-Hezkuntza-erantzuna, hau da, zein motatako neurri berezia proposatzen den.

Proposamenak ikaslearen gaitasunen eta nortasunaren garapen osoa eta orekatua izanen du xede, eta familiaren adostasuna beharko du.

19. artikulua. Neurri arruntak eta bereziak.

1. Neurri arruntak.

Hauek izanen dira neurri arruntak: irakasteko estrategiak aldatzea, zailtasun maila handiagoko edukiak aukeratzea, ezagutzak handitzeko eta norberak aukeratzeko jarduerak, baliabide eta materialen egokitzapena eta dibertsifikazioa, antolamendu malgua gelaren barnean, eta ebaluazioaren aldaketak, egokitutako arlo edo irakasgaietan.

Neurri horiek Berariazko Areagotze Programa batean bilduko dira, sakonago edo gehiago ikasteko programan, hain zuzen ere, eta familiari jakinaraziko zaizkio.

2. Neurri bereziak.

Neurri berezia hauxe izanen da: hezkuntza sistemako kurtso edo etapen iraupena malgutzea.

Bestelako malgutasuna ere izan daiteke:

a) Ikaslea urtebete lehenago hastea oinarrizko hezkuntzan, betiere garapen pertsonal eta sozial egokia bermaturik.

b) Adinagatik dagokion kurtsoa baino goragoko batean sartzea, berariazko laguntzarako neurri eta programekin, behar izanez gero.

Neurri hori gehienez ere hiru aldiz hartu ahal izanen da oinarrizko hezkuntzako etapetan, eta behin bakarrik derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketetan. Aparteko kasuetan malgutasuna baimendu ahal izanen da halako mugarik jarri gabe.

20. artikulua. Neurriak aplikatzeko prozedura.

Irakasle taldeak, orientatzailearen aholkuei jarraituz, irakaskuntza-ikaskuntza prozesu ohikoaren barnean neurri arruntak aplikatuko ditu, eta ikasketa espedientean jasoko du ikaslea ikaskuntza areagotzeko berariazko programa batean parte hartzen ari dela.

Neurri arruntak ikaslearen hezkuntza premiei erantzuteko aski ez badira, neurri bereziak aplikatuko dira.

Ikasketak aurreratzeko edo malgutzeko neurri berezien aplikazioa prozedura honi jarraituz eskatuko da:

Ikastetxeko zuzendaritzak ikasketak malgutzeko eskaera bidaliko dio Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, ikastetxeetan hurrengo ikasturterako aurreinskripzioa egiteko ezarritako epe orokorraren barnean.

Eskaerari ondokoak erantsiko zaizkio:

a) Tutoreak koordinaturiko irakasle taldearen txostena, ikasleak malgutasuna onartuz gero murriztuko zaion maila, ziklo edo kurtsoko helburuak lortuta eta edukiak ikasita dituela adierazten duena.

b) Ikastetxeko orientatzaileak egindako txosten psikopedagogikoa, ikaskuntza areagotzeko berariazko programa bilduko duena, aurretik hartutako neurriekin batera.

c) Aitaren, amaren edo legezko ordezkariaren adostasun idatzia.

Hezkuntzako Ikuskatzailetzak txostena eginen du, proposamena egokia den eta ikaslearen eta haren familiaren eskubideak errespetatzen dituen ala ez adierazteko.

Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak, jasotako txostenak ikusirik, malgutasunerako eskaera ebatziko du eta ebazpena ikastetxeari eta familiari jakinaraziko die.

Hartutako erabakia irakasle taldearen ebaluazio eta jarraipen prozesuari lotuta egonen da. Zuzendaritza taldeak neurri hori kentzea proposatu ahal izanen du baldin eta ikasleak ez baditu lortzen ezarritako helburuak eta garapenaren beste eremu batzuetan desoreka antzematen bazaio.

21. artikulua. Neurri arrunten eta berezien erregistroa.

Neurri arruntak eta bereziak ikasketa espedientean jasoko dira "Nahitaezko eskolatzealdiaren malgutzea" esapidearen bitartez. "Aurrerapena" hitza gehituko da ikaslea urtebete lehenago sartu bada Lehen Hezkuntzako etapan, eta "murrizketa" hitza Lehen Hezkuntzan edo Bigarren Hezkuntzan; murriztu den maila edo kurtsoa eta neurri hori baimendu den eguna ere jarriko dira.

Hartzen diren neurri guztien jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da, haien egokitasuna baloratzeko.

22. artikulua. Baliabideak eta langileak.

Ikastetxeek, halako ikasleei arreta emateko, langile arruntak baliatuko dituzte, eta Hezkuntza Departamentuari ikaskuntza areagotzeko programa berezien garapenerako baliabideak eskatu ahal izanen dizkiote.

Hezkuntza Departamentua gaitasun handiko ikasleei hezkuntza-arreta emateko profesionalen etengabeko prestakuntzaz arduratuko da, eta arlo horretako prestakuntza jarduerak antolatuko ditu.

V. KAPITULUA

Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren edo/eta egoera soziokultural ahulean dauden ikasleak

23. artikulua. Definizioa.

Berandu sartzen diren ikasleak beste herrialde edo autonomia erkidegoetatik etorrita sartzen dira gure hezkuntza sisteman, eta zenbaitetan ez dakite curriculumeko hizkuntza edo/eta atzerapena dute curriculumeko oinarrizko gaitasunen garapenean.

Egoera soziokultural ahulari lotutako hezkuntza premiak dituzten ikasleak, bestalde, beren inguruabar pertsonalengatik edota eskola ibilbidearengatik egoera okerrean daude, eta hezkuntza ekintzen beharra dute desberdintasunak arindu edo ezabatzeko eta haien gaitasunak indartzeko.

24. artikulua. Eskolatzea.

Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak eta egoera sozial ahulean daudenak eskolatzeko, ikasle guztientzat ezarritako araudi orokorrari jarraituko zaio.

Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen arteko oreka handiagoa bermatzeko behar diren neurriak antolatuko ditu.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan, aurreinskripziorako epea amaitu arte, ikaspostu kopuru jakin bat gordeko da talde bakoitzeko, funts publikoekin ordaindutako ikastetxe guztietan. Halaber, Departamentuak baimena eman ahalko du gela bakoitzeko baimendutako ikasle kopurua %10 igo dadin, gehienez, berandu sartutako ikasleen eskolatze beharrei erantzun ahal izateko.

Berandu sartzen diren ikasleentzat eta egoera soziokultural ahulean daudenentzat gorde beharreko ikaspostuak Eskolatze Batzordearen bitartez esleituko dira.

25. artikulua. Berandu sartzen diren ikasleak eskolatzeko Harrera Programa.

Aniztasunari Erantzuteko Planean arreta berezia emanen zaio berandu sartzen diren ikasleentzako Harrera Programari.

Harrera Programan arautuko dira ikasle horiei egin beharreko harrera eta hezkuntzako esku-hartzea. Ikastetxeko zuzendaritza taldeak eginen du programa hori, eta irakasle taldearekin lankidetzan aplikatuko du.

Harrera Programak ondoko atal hauek izanen ditu gutxienez:

a) Familiari ikastetxean harrera egitea.

b) Ikaslearen hasierako ebaluazioa eta atxikipena (maila, taldea).

c) Gelan harrera egitea.

d) Hezkuntza-erantzunaren antolaketa (neurri edo programen aplikazioa, irakas-hizkuntzaren ikasketa, oinarrizko gaitasunak garatzeko laguntza, koordinazio neurriak, eskolaz kanpoko jarduerak, beste entitate batzuekiko lankidetza, eta abar).

e) Estrategia metodologikoak.

f) Harrera Programaren ebaluazioa.

Hasierako ebaluazio prozesuan curriculum gaitasunaren maila eta irakas-hizkuntzaren ezaguera neurtuko dira, bai eta izan litezkeen beste behar batzuk ere, curriculum arruntean modu egokian sar daitezen. Ikaslearen gizarte eta hezkuntza egokitzapenaren maila ere aztertuko da.

Curriculumaren egokitzapenak eta behar diren laguntzak hasierako ebaluazioaren arabera garatuko dira.

Hasierako ebaluazioaren ondoren ikasleak laguntza egokituen beharra badu, horiek tutoreak koordinatu, eman (kasua bada), gainbegiratu eta ebaluatuko ditu, hezkuntza-erantzunean parte hartzen duten irakasleekin batera.

26. artikulua. Hezkuntza-erantzunaren antolamendua Lehen Hezkuntzan.

Lehen Hezkuntzan berandu sartu eta ikasturte bateko atzerapen orokorra duten ikasleak, adinagatik dagokien mailan sartu ordez, urtebete gazteagoen mailan sartu ahal izanen dira. Ziklo batetik gorako curriculum atzerapena dutenek, beheragoko mailan sartzeaz gain, beren premien araberako laguntza jasoko dute.

Ahal dela, laguntza hori jasotzen duten ikasleak beren gelan egonen dira, eta gelako programazioa hartuko da erreferentzia.

Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetan, irakasle arruntek, lehentasunez, atzerritar ikasleen indartze lanak eginen dituzte, ikastetxeko hizkuntza irakasteko programak garatuz, bai eta laguntza lanak ere, curriculum atzerapena dutenentzat.

Programa horiek lehentasunez taldean garatuko dira, eta, behar izanez gero, banakako curriculum egokitzapenak eginen dira.

Salbuespen gisa, Pedagogia Terapeutikoko irakasleak irakasle arruntekin elkarlanean aritu ahal izanen dira curriculum atzerapena duten edo irakas-hizkuntza ez dakiten ikasleei laguntzen.

27. artikulua. Hezkuntza-erantzunaren antolamendua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berandu sartu eta ikasturte bateko atzerapen orokorra duten ikasleak, adinagatik dagokien kurtsoan sartu ordez, urtebete gazteagoen kurtsoan sartu ahal izanen dira.

Bi ikasturteko edo gehiagoko curriculum atzerapena dutenek, kurtso bat edo bi beherago sartzeaz gain, beren premien araberako laguntza jasoko dute.

DBHra egokitzeko zailtasunak dituzten ikasleak etapa horretan ezarritako berariazko programetan sartu ahal izanen dira, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko.

28. artikulua. Hezkuntza-arretako programa berariazkoak ikastetxe publikoetan, berandu sartzen diren edo/eta egoera soziokultural ahulean dauden ikasleentzat.

Ikasle horien beharrei erantzun nahian, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batzuetan berariazko programa hauek ezarri dira ikastetxeei laguntzeko:

1. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei laguntzeko programa.

-Xedea:

Arreta ematea berandu sartzen diren edo egoera soziokultural ahulean dauden ikasleei, hain zuzen ere oinarrizko ikasketetan hutsuneak dituztenei, irakas-hizkuntza ez dakitenei edo eskolara eta gizartera moldatzeko zailtasunak dituztenei, tutorearen ekintza osatuz, familiekin elkarlanean arituz seme-alaben hezkuntza prozesuan eta laguntza ematen dieten kanpoko gizarte erakundeekin loturak eginez.

-Ikasle hartzaileak:

Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetan premiak dituzten ikasleak.

-Irakasleak eta haien eginkizunak:

Programari esleitutako laguntza-irakasleek edo/eta irakasle generalistek gauzatuko dute programa, eginkizun hauek betez:

a) Tutorearen ekintza osatzea ikasle hauentzako programa berariazkoetan, esate baterako, irakas-hizkuntzaren irakaskuntzan, curriculum arruntean sartzeko laguntzan eta curriculum atzerapenak gainditzeko laguntzan.

b) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, eskolara ez joateko edo eskola uzteko arriskua duten ikasleen familiekin lan egiteko eta haiek gizartean eta hezkuntzan hobeki integratzeko.

c) Irakasle, ikasle eta familien arteko ekimenak sustatzea, kultura arteko heziketa eta hezkuntza-komunitate osoaren ezagutza sustatzea xede duen prestakuntza sustatzeko.

-Ikastetxeak hautatzeko irizpideak:

Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du non garatuko den programa hau, irizpide hauei jarraituz:

a) Berandu sartzearen ondorioz hezkuntza-laguntzaren beharra duten ikasleak, curriculum hizkuntza ez dakitenak edota curriculum atzerapen nabarmenak dituztenak.

b) Gizarte eta eskola integrazioa nabarmen zailtzen duten beste egoera batzuk.

2. Eskola Laguntzako Programa Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan.

-Xedea:

Lehen Hezkuntzako azken zikloan oinarrizko trebetasunak eskuratzea zailtzen dien gizarte eta hezkuntza egoera ahulean dauden ikasleen eskola igurikapenak hobetzea, eskolaz kanpoko lan edo laguntza antolatuaren bitartez.

-Ikasle hartzaileak:

Programaren hartzaileak, oro har, ikasteko zailtasun eta arazoak dituzten Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak dira, irakasle taldeak eta, bereziki, tutoreak proposaturikoak.

-Irakasleak eta haien eginkizunak:

Programa garatzen duten ikastetxeek astean zehar eskolaz kanpoko eskola orduak izanen dituzte hura garatzeko.

Irakasleek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Lagundutako ikasleen ikaskuntza eta eskola errendimendua indartzea, ikasteko antolamendu eta iraunkortasun ohiturak hartuz, lan egiteko modu eraginkorrak proposatuz eta irakurketari eta kalkulu matematikoari lotutako trebetasunak eta jarrerak hobetuz.

b) Ikasleen gizarte integrazioa hobetzea, taldean nahiz ikastetxean.

c) Ikastetxetik instituturako urratsa erraztea.

-Ikastetxeak hautatzeko irizpideak:

Programa garatuko duten ikastetxeak hautatzeko irizpideak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei laguntzeko programarako ezarritakoak berak izanen dira.

3. Eskola Laguntzako Programa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Bigarren Hezkuntzako institutuetan.

-Xedea:

Bigarren Hezkuntza hastean, lan egiteko ohitura faltagatik eta ikasteko behar adinako ekimen eta autonomiarik ez izateagatik, eskola atzerapena duten ikasleen eskola arrakasta hobetzea.

-Ikasle hartzaileak:

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, bereziki 1. eta 2. kurtsoetan, eskola jardueretarako denbora gehitzeko beharra duten ikasleak, oinarrizko arlo instrumentaletan ikasteko zailtasun eta arazoak dituztelako eta familia ingurunean behar adinako laguntza jasotzerik ez dutelako.

Ikasle horiek irakasle taldearen proposamenez parte hartuko dute programan.

-Irakasleak eta haien eginkizunak:

Programa hau garatzen duten ikastetxeek astean eskola ordu batzuk izanen dituzte eskolaz kanpoko ordutegian.

a) Lagundutako ikasleen ikaskuntza eta eskola errendimendua indartzea, ikasteko antolamendu eta iraunkortasun ohiturak hartuz, lan egiteko modu eraginkorrak proposatuz eta oinarrizko trebetasunak hobetuz.

b) Arlo instrumentaletako ezagutzak eta trebetasunak finkatzea.

c) Ikasleen gizarte integrazioa hobetzea, taldean nahiz ikastetxean.

-Ikastetxeak hautatzeko irizpideak:

Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du non garatuko den programa hau, irizpide hauei jarraituz:

a) Berandu sartzearen ondorioz hezkuntza-laguntzaren beharra duten ikasleak, curriculum hizkuntza ez dakitenak edota curriculum atzerapen nabarmenak dituztenak.

b) Gizarte eta eskola integrazioa nabarmen zailtzen duten beste egoera batzuk.

4. Indartze eta Laguntza Programa Bigarren Hezkuntzan.

-Xedea:

Ikasleen ikaskuntza hobetzeko neurrien garapena erraztea, ikasleen eta haien familien parte-hartzea eta ikastetxearekin dituzten harremanak sustatzea, eskola absentismoari eta eskola uzteari aurrea hartzeko eta horiek murrizteko.

-Ikasle hartzaileak:

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, lan egiteko ohitura faltagatik, ikasteko motibazio urriagatik, eskola atzerapen metatuagatik eta gizarte integrazio eskasagatik oinarrizko arlo instrumentaletan ikasteko zailtasun eta arazoak dituzten ikasleak.

-Irakasleak eta haien eginkizunak:

Programa hau garatzen duten ikastetxeek irakasle bat izanen dute eginkizun hauek betetzeko:

a) Programaren egituraketaren, antolaketaren eta funtzionamenduaren ardura hartzea, ikastetxeko zuzendari, orientatzaile eta tutoreen lankidetzarekin.

b) Zuzenean eskolak ematea programako talde berariazkoari.

c) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, eskolara ez joateko edo eskola uzteko arriskua duten ikasleen familiekin esku hartzeko eta haiek gizartean eta hezkuntzan hobeki integratzeko.

Komunitatearentzako zerbitzuetan edo esku-hartze sozialean espezializatutako irakasleak dituzten ikastetxeetan, irakasleok programaren ardura duen irakaslearekin koordinaturik lan eginen dute.

-Ikastetxeak hautatzeko irizpideak:

Programa garatuko duten ikastetxeak hautatzeko irizpideak Bigarren Hezkuntzako institutuetako Eskola Laguntzako Programarako ezarritakoak berak izanen dira.

5. Hizkuntzan Murgiltzeko Programa, hizkuntza ez dakiten ikasleentzat, Bigarren Hezkuntzan.

-Xedea:

Irakas-hizkuntzaren ikaskuntza trinkoa, harrerako kulturaren ezagutza, eta, horrenbestez, ikasle horien hezkuntza eta gizarte integrazioa.

-Ikasle hartzaileak:

Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eskolatutako ikasleak, irakas-hizkuntza ez badakite eta Nafarroako hezkuntza sisteman lehendabiziko aldiz sartzen badira.

-Irakasleak eta haien eginkizunak:

Ikastetxeko zuzendaritzak programa honetan aritzeko orduak esleituko dizkie departamentu didaktikoei, programa honen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko ebazpenean ezarriko diren irizpideei jarraituz.

Irakasle horiek ondoko eginkizunak izanen dituzte:

a) Irakas-hizkuntza irakastea bigarren hizkuntza moduan, komunikazioaren eta curriculumaren ikuspuntutik.

b) Arlo instrumentaletako edukiak garatzea, oinarrizko curriculum atzerapenei kasu egiteko.

c) Ikasteko prozesua, harrera-kulturaren ezagutza eta gizarte eta hezkuntza integrazioaren maila ebaluatzea.

-Ikastetxeak hautatzeko irizpideak:

Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du non garatuko den programa hau, irizpide hauei jarraituz:

.Hizkuntza ez dakiten ikasleen kopurua.

Programa honen jarraipena ikastetxe bakoitzeko ikasleen arreta premien araberakoa izanen da.

29. artikulua. Hezkuntza-arretarako programa berariazkoak ikastetxe itunduetan, ikasle atzerritarrentzat edo/eta egoera soziokultural ahulean dauden ikasleentzat.

Hezkuntza Departamentuak, ikasle atzerritarrei eta egoera soziokultural ahulean dauden ikasleei hezkuntza-arreta emateko, berariazko programa hauek ezarri ahalko ditu ikastetxe itunduetan:

1. Halako ikasleei laguntzeko programa Haur eta Lehen Hezkuntzan.

Xedea, irakasleen eginkizunak eta programa emanen duten ikastetxeak hautatzeko irizpideak ikastetxe publikoetarako ezarritakoak berak izanen dira.

2. Hizkuntzan Murgiltzeko Programa, hizkuntza ez dakiten ikasleentzat, ikastetxe itunduetan.

Hezkuntza Departamentuak, Bigarren Hezkuntzako etapan, Hizkuntzan Murgiltzeko Programak ezarri ahalko ditu, haien kokapen sektorizatua zehaztuz.

VI. KAPITULUA

Berariazko beste programa batzuk

30. artikulua. Curriculum Egokituko Programa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.

-Xedea:

Portaeraren nahasteek eta moldatzeko ezintasunak irakaskuntza- ikaskuntza prozesua eragozten dieten ikasleen beharrei erantzutea, etapako helburu nagusiak lortzea ahalbidetuko duten oinarrizko gaitasunen garapena sustatuz.

-Ikasle hartzaileak:

Gelako lanari ezin egokitzearen ondorioz eskola atzerapen larria duten ikasleak, eskola huts egiteko eta hezkuntza sistema uzteko arriskua dutenak.

Ikasle hauek sartu ahalko dira programan:

a) DBHko 1. kurtsoa bigarrenez egin arren 2.era igotzeko moduan ez dauden ikasleak.

b) DBHko 2. kurtsoa egin, etapan inoiz errepikatu gabe, eta hurrengo mailara igotzeko moduan ez daudenak. Kasu honetan, Curriculum Egokituko Programa 2. kurtsoaren errepikapentzat hartuko da.

Ikasleari ebaluazio psikopedagogikoa egin beharko zaio programa honetan sartu ahal izateko.

-Curriculuma:

Programaren edukia I. eranskinean ageri da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako curriculuma izanen du erreferente, behar bezala egokitua, eta esparrutan eta arlotan antolatuko da:

Esparru praktikoa, Teknologietako eta Plastika eta ikus-hezkuntzako helburu eta edukiak bilduko dituena.

Esparru zientifiko-matematikoa, Natur Zientzietako eta Matematikako helburu eta edukiak bilduko dituena.

Gizarte eta hizkuntza esparrua, Gizarte Zientzietako, Geografia eta Historiako, Atzerriko hizkuntzako, Musikako, Gaztelania eta literaturako eta, kasua bada, Euskal hizkuntza eta literaturako helburuak eta edukiak bilduko dituena.

Esparruez gain, ikasleek Gorputz hezkuntza, Erlijioen irakaskuntza edo Hezkuntza-arreta eta tutoretza eginen dituzte.

Programaren helburu berariazkoak zeharkakoak dira esparru eta irakasgaietan. Honako hauek dira:

-Gizarteratze eta bizikidetza maila egokiak lortzea.

-Etapa honek berezkoa duen giza heldutasuna sustatzea.

-Helduaroko bizitza aktiboan moldatzeko oinarrizko gaitasunak bermatzea.

Ikasleak programan sartzeko proposamena ikastetxeko zuzendaritzak eginen du, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari igorriko dio, eta honek Eskolatze Batzordeari helaraziko dio.

Berariazko programa honek ikasturte bat iraunen du.

-Ikastetxeak hautatzeko irizpideak:

Ikastetxeek programaren ezarpena eskatu ahal izanen dute, eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak emanen du ezarpenerako baimena.

-Ebaluazioa, sustapena eta erregistroa:

Programari atxikitako ikasleen ebaluazioa, sustapena eta erregistroa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ebaluazioari, sustapenari eta titulazioari buruzko araudian xedatutakoaren bidez arautuko dira.

31. artikulua. Prebentziorako eta gizarte eta hezkuntza integraziorako programak.

Hezkuntza Departamentuak beste programa batzuk ezarri ahalko ditu eskola absentismoari aurrea hartzeko, hura murrizteko edo ikasle guztien gizarte eta hezkuntza integrazioa sustatzeko.

32. artikulua. Entitate publiko edo pribatuekiko lankidetza.

Hezkuntza Departamentua beste administrazio batzuen edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatu, erakunde eta elkarteen lankidetzaz baliatu ahal izanen da berariazko programa horiek emateko.

Horretarako, entitate edo erakunde horiek Hezkuntza Departamentuaren baimena jasoko dute, eta ikasleen eskolatze partekatua ezarri ahalko da.

VII. KAPITULUA

Hezkuntza-laguntzaren premia berariazkoa duten ikasleei dagokien informazioaren kudeaketa

33. artikulua. Aurreikuspen/plangintza azterlana.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak egokitzat jotzen dituen azterlanak eginen ditu hezkuntza premien esparruan, ikasturte hasieran ikastetxeek beharko dituzten langile eta baliabideen aurreikuspena egiteko.

34. artikulua. Datuen konfidentzialtasuna.

Ikastetxeek ikasleen behar adina datu pertsonal eskatu ahalko dituzte hezkuntza-erantzuna egokitzeko, eta datu horien konfidentzialtasuna bermatuko dute. Horretarako, datu pertsonalen babesari buruz indarra duen legerian xedatutakoa aplikatzeko neurri teknikoak eta antolamendu neurriak hartuko dituzte.

VIII. KAPITULUA

Ekitaterako eta inklusiorako ekintzak

35. artikulua. Lankidetza eta parte-hartzea.

Hezkuntza Departamentuak departamentuen arteko eta ikastetxeetatik kanpoko erakunde eta entitateekiko lankidetza sustatuko du, gizarte eta hezkuntza inklusioko lanetan, ikasleek ahalik eta denbora gehien iraun dezaten hezkuntza sisteman.

Lankidetza hori ezarri ahal izanen da, halaber, hezkuntzarako baliabideak erabili eta eskuratzeko orduan desberdintasuna, desabantaila edo bereizkeria jasateko arrisku berezia dakarten egoerak ikertu eta identifikatzeko.

Irakasleen prestakuntza eta hezkuntza-laguntzaren beharra duten ikasleei arreta emateko praktika onen zabalkundea ere sustatuko dira.

Gainera, ikastetxeei aholkularitza eta material didaktikoak emanen zaizkie kasuan kasuko programa berariazkoak gauzatzeko.

36. artikulua. Bekak eta laguntzak.

Hezkuntza Departamentuak, berdintasuna eta aldeen konpentsazioa bermatze aldera, urtero bekak eta laguntzak banatzeko deialdiak eginen ditu, garraiorako, jantokirako, liburuetarako, eskola materialetarako, jarduera osagarrietarako eta prestakuntza jardueretarako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Hezkuntza kontseilariak abenduaren 18an emandako 216/2007 Foru Aginduaren 10. artikuluko 2. puntua aldatzea.

Hezkuntza kontseilariak Lehen Hezkuntzako ikasleen ebaluazioa eta sustapena arautzeko abenduaren 16an emandako 216/2007 Foru Aginduaren 10. artikuluko 2 puntua aldatuko da. Honelaxe geldituko da:

10. artikulua. Aniztasunari erantzutea.

2. Aniztasunari erantzuteko neurriak ezartzerakoan kontuan hartuko dira ikasketak errekuperatzeko behar den denborara egokitzeko irizpideak eta ohiko taldean ahalik gehien integratu eta normalizatu beharra, eta ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesua gehien baldintzatzen duten alderdiak izanen dira neurri horien ardatz.

Curriculum neurriekin egiten diren arloak 3. artikuluan dagoen eskalaren bidez kalifikatuko dira. Neurria hezkuntza-indargarria izanez gero, kalifikazioari HI siglak gehituko zaizkio. Curriculum egokitzapen garrantzitsuen kasuan, egokitzapen horietan finkatutako ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentetzat, eta CEG siglak eta egokitzapena dagokion zikloa erantsiko dira.

Bigarrena.-Hezkuntza kontseilariak abenduaren 18an emandako 217/2007 Foru Aginduaren 11. artikuluko 1. eta 2. puntuak eta 12. artikuluko 2. puntua aldatzea.

Hezkuntza kontseilariak Lehen Hezkuntzako ikasleen ebaluazioa eta sustapena arautzeko abenduaren 18an emandako 217/2007 Foru Aginduaren 11. artikuluko 1. eta 2. puntuak eta 12. artikuluko 2. puntua aldatuko dira. Honelaxe geldituko dira:

11. artikulua. Aniztasunari erantzutea.

1. Irakasgairen batean ikasleek curriculum egokitzapena behar dutenean, egokitzapenak alde nabarmena badu irakasgaiaren curriculumaren edukiekin eta ebaluazio irizpideekin, curriculum egokitzapenean finkatutako ebaluazio irizpideei jarraituz ebaluatuko da ikaslea.

2. Ikasleak bere curriculum egokitzapenarekin nolako bilakaera duen ikusteko, hiru hilean behingo ebaluazioetan eta azken ebaluazioan, bai familiei bidaltzeko ebaluazio txostenean eta bai ikasketa espedientean ere, horrela egokitutako irakasgaietako kalifikazioa 3. artikuluko eskalaren arabera zehaztuko da.

Curriculum egokitzapena izateagatik, kalifikazio horri CEG siglak erantsiko zaizkio (curriculumaren egokitzapen garrantzitsua), bai eta curriculum egokitzapena dagokion kurtsoa ere.

12. artikulua. Curriculum aniztasuneko programak.

2. Curriculumaren egokitzapena garrantzitsua denean, esparru edo proiektua 11.2 artikuluan xedatutakoaren arabera kalifikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzen diren arauak.

1. Indarrik gabe geldituko da 39/2001 Foru Agindua, otsailaren 20koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, ezintasun psikiko, mugimenezko eta sentimenezkoen ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko prozedurari buruzkoa.

2. Indarrik gabe geldituko da 253/2004 Foru Agindua, irailaren 16koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikasle atzerritarren eta egoera sozial eta kultural behartuan dauden gutxiengoetako ikasleen hezkuntzarako arauak ematen dituena.

3. Indarrik gabe geldituko da 90/1998 Foru Araua, apirilaren 2koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan hezkuntza-promozio eta konpentsazioko neurriak behar dituzten ikasleentzako hezkuntza-erantzun berariazkoak ezartzeko jarraibide eta orientabideak ematen dituena.

4. Indarrik gabe geldituko da 118/2005 Foru Agindua, ekainaren 28koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emandako apirilaren 2ko 90/1998 Foru Agindua aldatzen duena, Hezkuntza kontseilariaren abenduaren 9ko 350/2004 Foru Aginduko jarraibideei egokitzeko. Azken agindu horren bidez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen da.

5. Halaber, indarrik gabe geldituko dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Bigarrena.-Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko ekainaren 13an.-Hezkuntza kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

1. ERANSKINA

Curriculum egokituko programa (CEP). Curriculuma.

Oinarrizko gaitasunak garatzeko egokitutako edukiak.

Agiri honetan azaltzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Curriculum Egokituko Programan garatu beharreko curriculumaren eduki orokor egokituak.

Edukiak hiru esparrutan banatu dira: esparru praktikoa, gizarte eta hizkuntza esparrua, eta esparru zientifiko-matematikoa. Ikuspuntu hori lagungarria da programaren xede diren eta curriculum arruntarekin ikasteko zailtasunak dituzten ikasleek oinarrizko gaitasunak lor ditzaten.

-Esparru kontzeptua.

Esparru kontzeptuan irakasgaiak lausoturik gelditzen dira, planteamendu globalago batean sarturik, jakintza arlo anitzeko ikuspuntutik. Jakintza arloen arteko ikuspuntu horren bidez curriculumaren tratamendu integratzaileagoa eta bizipenei lotuagoa eman daiteke eta, horrela, bizitza praktikorako funtzionaltasun eta aplikazioa handiagoa suma dezakete ikasleek.

Esparruek autonomia handia ematen diete irakasleei edukiak garatu eta praktikan jartzeko eta, horrekin batera, nolabaiteko bereizketa sortzen dute irakasgaien oinarrizko edukien eta benetan halakoak ez direnen artean. Bestalde, esparruka lan egitean irakasle gutxiagok esku hartzen dute taldean eta horrela ikasleak hobeki ezagutzea lortzen da.

-Esparru praktikoa:

Esparru honetan egin beharreko funtsezko lana hauxe izanen da: zeregin, eginkizun eta proiektuen araberako lan metodologia dela bide, aurkikuntzaren bidez ikastea, eta testuinguru egiazko eta praktiko batean jartzea beste bi esparruetan jorratutako edukiak (gizarte eta hizkuntza esparrua eta esparru zientifiko-matematikoa, zeinen curriculuma hemen aurkezten baita).

Azkenik, errorea kontuan hartu behar da ikasteko prozesua aberasten duen faktorea den aldetik, eta ez porrota balitz bezala hartu.

GIZARTE ETA HIZKUNTZA ESPARRUKO OINARRIZKO GAITASUNAK

Hizkuntza bidez komunikatzeko gaitasuna

Komunikatzeko gaitasuna pentsamenduak, sentimenduak eta egitateak, ahoz zein idatziz, adierazteko eta interpretatzeko trebetasuna da, testuinguru sozial eta kulturaletan -eskola, lana, etxea eta aisia-. Gizarte Zientzietako berariazko hiztegia erabiltzea, bai ahoz bai idatziz.

Gaitasunik beharrezkoena da, horren bidez gainerakoei arrakastaz heltzen ahal baitzaie.

-Ahozko eta idatzizko testu errazak ulertzea. Ideia nagusiak eta bigarren mailakoak identifikatzea; esplizitua eta inplizitua. Azpimarra eta laburpena erabiltzea.

-Ahoz zein idatziz komunikatzeko trebetasuna, eta besteei komunikazio egoera desberdinetan mezuak ulertarazteko trebetasuna, elkarrizketaren eta kortesiaren oinarrizko arauak errespetatuz.

-Testuinguruarekin lotura duten gai errazei buruzko eztabaidak eta azalpenak egitea.

-Testuak idazteko oinarrizko teknikak: gidoia, eskema, lehen idatzaldiak egitea eta horiek zuzentzea.

-Testu batzuen erabilera funtzionala: inprimakiak, eskabideak, curriculum vitae bat eta proiektu bat prestatzea.

-Administrazio testu funtzionalak egitea: erreklamazioak, eskaerak, aktak, jarraibideak, eta abar.

-Ortografia ongi erabiltzea, ortografia oinarrizkoenetik hasi eta zaileneraino iristeko.

-Komunikazioaren oinarrizko elementuak. Hitza, perpausa eta testua. Komunikazio asmoa.

-Esparru honetako berariazko hiztegia ezagutu, erabili eta aplikatzea eta ahoz zein idatziz zuzen erabiltzea.

-Idatzizko iturri desberdinetako informazioa ulertzea. eskema, grafikoa, laburpena, kontzeptu mapa, etab.

-Irakurketarekin gozatzea eta irakurtzeko ohitura bultzatzea.

-Ahozko testu bateko ideia nagusiak bereizi, nabarmendu, seinalatu egiten ditu.

-Ahozko azalpen errazak egiten ditu, baita testuinguruarekin lotura duten eztabaidak ere, elkarrizketaren oinarrizko arauak errespetatuz.

-Idatzizko testuak ulertzen ditu, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziz, eta komunikazio asmoa identifikatzen du.

-Behar funtzionalarekin lotuta dauden idatzizko testuak prestatzen ditu: inprimakiak, eskabideak, curriculum vitaea, etab.

-Aurretik planifikatu diren testu laburrak egiten ditu.

-Ideiak adierazten ditu, hiztegi egokia erabiliz.

-Taldekideekiko errespetua eta ulerkortasuna agertzen ditu.

-Taldeko lanean elkartasuna eta laguntzeko jarrera agertzen ditu.

Matematikako gaitasuna

Oinarrizko kontzeptu ekonomikoak bereiztea, testu geografiko eta ekonomikoak ulertzea, oinarrizko magnitudeak eta deribatuak neurtu eta kalkulatzea, eskalak kalkulatzea eta grafikoak irakurri eta interpretatzea, bai eta adierazpen matematikoek errolden, jaiotza-tasen, heriotza-tasen, populazioaren hazkundean eta abarretan duten aplikazioan oinarritutako problemak ebaztea ere.

-Populazioaren eboluzioarekin eta eskalekin zerikusia duten problemak ebaztea.

-Oinarrizko eragiketa matematikoak egitea, jarduera ekonomikoak ulertzeko.

-Jarduera erraz eta hurbilei buruzko testu geoekonomikoekin zerikusia duten oinarrizko problemak ebaztea.

-Une historikoei buruzko ardatz kronologikoak eta mapak egin eta interpretatzea.

-Informazioa lortzea grafikoen eta estatistiken bidez.

-Lanerako motibazioa eta interesa izatea eta egunero ahalegintzea, ikaslearen eta irakaslearen arteko harreman onen bidez.

-Oinarrizko eragiketa matematikoak egiten ditu eta populazioaren eboluzioari buruzko problemak ebazten ditu.

-Badaki ariketa estatistikoak ebazteko egokiak diren tresna, formula eta teknikak erabiltzen.

-Jarduera ekonomikoaren arloekin zerikusia duten oinarrizko problemak ebazten ditu.

-Arlo honi buruz jarrera ona agertzen du.

-Lankidetzaren, enpatiaren eta laguntzaren aldeko jarrerak eta balioak agertzen ditu.

Mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasuna.

Gaitasun hau lortzen da objektuak, prozesuak eta sistemak ezagutu eta ulertzearen bidez eta trebetasun teknikoen eta abilezien bitartez.

Ingurunearekiko elkarreragina errazten da beharrak identifikatu eta asetzeko aplikatzen delako, prozesuaren garapena eta lortutako emaitzak ebaluatuz. Bestalde, esparru geografiko eta historikoan arrazoiak eta ondorioak aztertuz, gertaera historikoak nola diseinatu diren eta nolakoa eboluzioa izan duten ezagutu daiteke.

-Laneko metodo koherentea erabiltzea, ikaskuntza prozesuan lortutako informazioa ongi ordenatuta artxibatu ahal izateko.

-Gai baten bereizgarri diren ezaugarri edo gertaerak azaltzea, faktore sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalak aipatuz.

-Pertsonaia historiko garrantzitsuak beren garaiarekin, burutu zituzten gertaerekin eta beren eremu geografikoarekin erlazionatzea.

-Jarrera kritikoa izatea pertsonen eskubide eta askatasunekiko errespetatu eza erakutsi eta bereizkeria egoerak sortu dituzten gertaera historikoen aurrean.

-Gertaera geografiko eta historikoekin lotutako ikerketa lanak egiten ditu.

-Oinarrizko kontzeptu historikoak ezagutzen ditu eta gaur egungo munduarekin zuzen erlazionatzen ditu.

-Zenbait iturritatik jasotako informazioa erabiltzen du, datuak eta iritziak bereiziz eta gertaera historikoei buruzko interpretazio ezberdinei erreparatuz.

-Kultur aniztasunarekiko errespetua eta ulerkortasuna agertzen ditu.

Informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala

Mailarik oinarrizkoenean, informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) trebetasunen artean dago multimedia teknologia erabiltzea informazioa berreskuratu, ebaluatu, bildu, ekoitzi, aurkeztu eta trukatzeko, Internet bidezko foroetan komunikatu eta parte hartzeko. Etorkizuneko gizartean garrantzi handikoa izanen denez IKTak erabiltzea, alfabetatze digitalaren kontzeptuak benetako edukia du, ondorio guztietarako.

-Ordenagailuaren aplikazio nagusiak ulertzea. Internet, posta elektronikoa, testu-prozesadorea eta diseinu grafikoa erabiltzen jakitea.

-Informazioa bilatu, hautatu eta prozesatzeko trebetasuna (sortzea, antolatzea, garrantzizkoa eta bigarren mailakoa, subjektiboa eta objektiboa, benetakoa eta birtuala bereiztea).

-Testu-prozesadorea lanak eta proiektuak egin eta aurkezteko erabiltzen jakitea.

-Internet arduraz eta segurtasunez erabiltzearen aldeko jarrera eta sentsibilitatea izatea, gai pribatuak eta desberdintasun kulturalak barne.

-Internet eta webguneak lanak eta proiektuak egin eta aurkezteko behar den informazioa lortzeko erabiltzen ditu.

-Posta elektronikoa erabiltzen du informazioa trukatzeko.

-Testu-prozesadore batekin egindako lanak eta proiektuak aurkezten ditu.

-Modu arduratsuan erabiltzen ditu komunikazio eta informazio bideak.

-Badaki taldean lan egiten.

Gaitasun soziala eta herritartasuna

Gaitasun hau estu lotuta dago gizartearen gaur egungo errealitatea eta errealitate historikoa ulertzearekin, bai eta gizarteen eboluzioa eta antolaketa, lorpenak eta arazoak zein diren jakitearekin ere.

Gaur egungo gizarteen ezaugarriak, haien aniztasuna, norbera bizi den gizartearen elementu eta interes komunak ulertzen laguntzen du eta, ildo horretatik, bizikidetasuna errazten duten sentimendu komunak sorrarazten ditu.

Halaber, gizarte trebetasunak lortzeko lagungarria da.

-Nafarroako Foru Komunitateko, Espainiako eta munduko aberastasun historikoa errespetatu eta baloratzea.

-Oraina iragana ezagutuz ulertzearen aldeko jarrera agertzea, batez ere Nafarroako eta Espainiako gertaera historiko garrantzizkoenak kontuan hartuta.

-Dokumentu aberastasuna baloratzea, ezagutza historikorako behar-beharrezko iturria den aldetik.

-Gureak ez diren gizarte edo kulturetako pertsonen edo pertsona multzoen bizimoduak, sinesmenak eta iritziak errespetatzea eta horien balorazio kritikoa egitea.

-Modu aktibo eta arduratsuan parte hartzea soluzioak bilatzen, erabakiak hartzen eta ezarritako lanak egiten, errespetu, lankidetza, elkartasunezko jarrera hartuta.

-Kultur eta erlijio aniztasunaren eta bestelako aniztasunen aurrean tolerantzia eta errespetua agertzea, eta nagusikeria eta bereizkeria oro baztertzea.

-Lurraren baliabideak mugatuak direla eta arrazionalki erabili behar direla ohartzea.

-Talde lanaren eta bizikidetzaren aldeko jarrerak izaten ditu.

-Iraganeko eta oraingo gertaera sozialak zorrotz eta objektibotasunez interpretatu eta aztertzen ditu.

-Ekosistema baloratu eta errespetatzen du, aurrerapenari eta solidaritateari uko egin gabe.

-Inguruko pertsonenganako errespetua eta elkartasuna agertzen ditu.

Arte eta kultur gaitasuna

Gaitasun honek bidea ematen du kultur eta arte agerpenak ezagutu, ulertu, estimatu eta modu kritikoan baloratzeko, aberastu eta gozatzeko iturri gisa erabiltzen baitira, eta herrien ondarearen osagaitzat hartzeko.

Literatura eta literatur mugimenduak ezagutzea, hizkuntzak historian zehar izan duen eboluzioaren isla baitira.

Artearen Historiako estilo nagusiak eta artista garrantzizkoenak ezagutzea.

Espainiako eta Nafarroako artelan garrantzitsuak ezagutzea.

-Literaturaren mundu artistikoko errealitate desberdinak ulertu eta antzemateko trebetasuna.

-Hizkuntzaren oinarrizko teknikak eta adierazpen baliabideak ezagutzea, horrela hizkuntzaren agerpen artistikoak ulertu ahal izateko eta baliabide estilistiko horiek norberaren ekoizpenetan erabili ahal izateko.

-Ikasleen adinerako egokia den literatura lanen bat irakurtzea. Literaturaren aldetik balioa duten zati komentatuak irakurtzea. Erdi Arotik gaur egun arteko literatura mugimendu handien oinarrizko ezagutza.

-Historian zehar arteak eta artearen eginkizun sozialek izan duten eboluzioa ulertu eta baloratzea.

-Nafarroako eta Espainiako arte eta kultur ondarea ezagutu eta baloratzea.

-Gaur egungo joera artistikoen ikuspegi orokorra.

-Literatura lanez eta artelanez gozatzeko eta horiek estimatzeko trebetasuna, gizadiaren kultur agerpenak diren aldetik.

-Arte eta literatura aniztasunaren aurrean tolerantzia eta errespetua agertzea.

-Testuak bereizi eta justifikatzen ditu adierazpenerako baliabide desberdinekin.

-Testu laburrak sortzen ditu.

-Literaturako testu batean adierazpeneko baliabide ohikoenak antzematen ditu.

-Literatura mugimenduen funtsezko ezaugarriak identifikatzen ditu, egile aipagarrien testuen bitartez.

-Literaturako lanen bat irakurtzen du.

-Garai historiko eta kultura desberdinetan artearen historian eta eginkizunetan izan diren aldaketak aztertu eta konparatzen ditu.

-Artista aipagarrien lan garrantzitsuak identifikatu eta aztertzen ditu, Espainiako eta Nafarroako artisten lanei begiratuz bereziki, eta batzuen zein besteen ezaugarriak bereizten ditu.

-Museoetan eta erakusketetan arte monumentuak eta artelanak behatu eta aztertzen ditu.

Ikasten ikasteko gaitasuna

Ikasten ikasteko gaitasuna lortzen da zenbait egoera ebazteko estrategiak garatzearen bidez, fenomeno geografiko eta gertaera historiko bati ekiteko informazio baliagarria lortuz, aztertuz eta hautatuz.

Iturriak eta agiriak aztertu eta erabiltzeak trebetasun eta estrategia kognitiboak ematen ditu eta jarrerak eta baloreak bultzatzen ditu.

-Jarduera erraz eta hurbilei buruzko testu geografiko eta historikoak ulertzea.

-Informazio zehatz batetik abiatuta laburpenak, eskemak eta koadro sinoptikoak egitea.

-Gai baten inguruko zenbait testu eta iturriren azterketa konparatzaile eta kritikoa.

-Gertaera historiko baten sormenezko prozesuaren ebaluazioa.

-Gertaera edo prozesu historiko baten arrazoiak eta ondorioak bereiztea.

-Lan inguruneko baldintzen balorazioa.

-Garai eta zibilizazio historiko desberdinei dagozkien kontzeptu historikoak identifikatu, erlazionatu eta konparatzea.

-Komunikatzen jakitea, bai hitzezko harremanen bidez (intonazioa, keinuak, mimika...) bai multimedia mezuak ulertu eta adieraztearen bidez (hizkuntza idatzia, musika, etab.), izandako ikaskuntza prozesuaren emaitza den aldetik.

-Kultur agerpenen antolaketa sozial eta politikoko alderdiren baten eboluzioa ordenatu eta grafikoki irudikatzen du.

-Prozesu historikoak koadro kronologikoen bitartez deskribatu, aztertu eta interpretatzen ditu.

-Eskala grafikoak aplikatzea eskatzen duten gaikako mapak egin eta interpretatzen ditu.

-Bere ikaskuntza prozesurako motibazioa agertzen du.

-Taldeko lanerako gogoa du eta iradokizunak, ideiak eta desadostasunak onartzen ditu.

Autonomia eta ekimen pertsonala

Gaitasun honen eremua elkarri lotutako balio eta jarrera pertsonal batzuen kontzientzia-hartzea eta aplikazioa da. Era honetako balio eta jarrerak: erantzukizuna, jarraikitasuna, nork bere burua ezagutzea eta autoestimua, sormena, autokritika, emozioen kontrola, hautatu, arriskuak kalkulatu eta arazoei aurre egiteko gaitasuna, bai eta beharrak berehala asetzeko premia atzeratu, akatsetatik ikasi eta arriskuak hartzekoa ere.

Ikasketarako hasierako zailtasunei modu autonomo eta sortzailean aurre egiteko moduak bultzatzea, aukeren hausnarketa bidezko balorazioa eta ondorioen azterketa azpimarratuz.

-Elkarri lotutako balioak aztertzea: erantzukizuna, jarraikitasuna, nork bere burua ezagutzea eta autoestimua, sormena, autokritika, emozioen kontrola, hautatu, arriskuak kalkulatu eta arazoei aurre egiteko gaitasuna.

-Testu historikoak eta fikziozkoak bakarka irakurtzea eta balorazioa egitea.

-Ideiak ekintza bihurtzeko trebetasuna.

-Aldaketak, eta haiei positiboki egokitzeko malgutasuna.

-Harremanak izan eta taldean lan egiteko trebetasun sozialak.

-Zenbait iturritatik informazioa hautatu eta biltzea.

-Gizarte Zientzietarako interesa eta jakin-mina, eta ikerketa aztertu eta kritikoki baloratzea.

-Ezagutza pertsonala errazten duen jarrera kritiko eta positiboa izatea.

-Bakarkako edo taldeko lanak zein arrazoi eta irizpideren arabera egin diren azaltzen du.

-Testu historiko edo fikziozko bat irakurri eta horri buruzko iritzia ematen du.

-Talde lanak egiten ditu, oinarrizko arauak erabiliz, esate baterako jokabide kode bat eta zeregin, denbora eta rolen banaketa errespetatzea.

-Proposatzen diren soluzioen artean egokiena hautatu eta eratzea, haren inplementazioa gauzatzeko.

-Eratutako soluzioaren eraginkortasuna egiaztatzen du eta planteatutako problema konpontzen duen begiratzen du.

-Jarrera ireki eta malgua agertzen du bere buruarekiko eta inguruko pertsonekiko.

-Bere taldearen edo taldeen askatasuna eta esparrua errespetatzen ditu.

ESPARRU ZIENTIFIKO-MATEMATIKOKO OINARRIZKO GAITASUNAK

Hizkuntza bidez komunikatzeko gaitasuna

Hizkuntza matematikoa erabiltzea ideiak komunikatzeko, egoerak deskribatzeko.

Ahozko eta idatzizko adierazpena erabiltzea, problemak ebazterakoan gauzatutako prozesuak eta jarraitutako arrazonamenduak deskribatzeko.

Norberaren gorputzaren, izaki bizien, objektuen eta fenomeno naturalen inguruko berariazko terminologia ikastea eta egoki erabiltzea.

Informazioak eta ideiak egoki eta zuzen transmititzea.

-Esparru honetako ikaskuntzarako beharrezkoak diren hizkuntza trebetasunak lortzea: ahozko eta idatzizko testuak, berariazko hiztegia, zuzen ulertzea eta mintzamena zein idazmena zuzen erabiltzea.

-Kantitateei buruzko informazioa, sinbolikoa edo elementu nahiz erlazio espazialei buruzkoa duten mezuak interpretatzea.

-Informazio zientifikoa bilatu, hautatu eta interpretatzea.

-Gauza ezezagunekiko jarrera irekia izatea, aberastasun pertsonalaren iturri direla onartuz.

-Zenbaki osoak, hamartarrak eta zatikiak, oinarrizko lau eragiketak eta horien propietateak erabiltzen ditu informazioa bildu, eraldatu eta trukatzeko.

-Lortutako ezagutza geometrikoa mundu fisikoa interpretatu eta deskribatzeko aplikatzen du, terminologia egokia erabiliz horretarako.

-Testu eta mezu zientifikoak adierazi eta ulertzen ditu, ahoz eta idatziz, horretarako egokia den hiztegia erabiliz.

-Agintzen zaizkion lanetan ekimena agertzen du eta lan taldeetan parte hartzen du.

-Ongi lan egiteko ahalegina eta motibazioa agertzen ditu.

Matematikako gaitasuna

Zenbakiak, oinarrizko eragiketak, ikurrak eta adierazpide eta arrazoibide matematikoak erabiltzea, informazio mota desberdinak sortu eta interpretatzeko, eguneroko bizitzarekin eta lan munduarekin zerikusia duten problemak ebazteko, errealitatearen alderdi kuantitatiboei eta espazialei buruzko ezagutza handitzeko eta erabakiak hartzeko.

Problemen ebazpenari lotutako estrategiak erabiltzea.

Formulazioa eta ebazpen irekia.

Hizkuntza matematikoa erabiltzea fenomeno naturalak kuantifikatzeko, arrazoiak eta ondorioak aztertzeko eta naturari buruzko ideiak eta datuak adierazteko.

-Osoko zenbakiak, hamartarrak eta zatikiak.

-Oinarrizko eragiketak (+,-,x,:). Eragiketa errazen kontzeptua eta esanahia, buruz egindako kalkulua.

-Matematikako ikur erabilienak: eragiketak, berdina, berretura, erroa, x baino handiagoa, x baino txikiagoa.

-Proportzionaltasun zuzena eta alderantzizkoa. Portzentajeak. Interes bakuna.

-Eguneroko bizitzako problemak ebaztea.

-Formulen erabilera. Zenbakizko balioak lortzea.

-Sistema metriko hamartarra: luzera, azalera, bolumena, edukiera eta masa neurriak. Multiploak eta azpimultiploak.

-Denboraren eta angeluen neurriak. Eragiketak.

-Planoan irudi geometrikoak deskribatzeko oinarrizko elementuak eta sailkapena.

-Ohiko marrazketa tresnekin irudi geometrikoak marraztea.

-Ohikoenak diren irudien perimetroak eta azalerak kalkulatzea.

-Poliedroen sailkapena eta elementu bereizgarriak. Gainazalak eta bolumenak kalkulatzea.

-Problemak ebazteko estrategiak eta teknikak planifikatu eta erabiltzen ditu, lortutako soluzioa egiaztatzen du, eta ebazpenerako erabili duen prozedura ahoz eta idatziz azaltzen du, hizkuntza matematiko egokia erabiliz.

-Eguneroko bizitzarekin zerikusia duten problemak ebazten ditu lau eragiketen bidez, zenbaki arruntekin, osoekin, hamartarrekin eta zatikiekin. Kalkulu mota egokiak (buruzkoa, idatzizkoa edo kalkulagailu bidezkoa) erabiltzen ditu eta lortutako emaitzen koherentzia eta zehaztasuna baloratzen ditu.

-Zenbakizko proportzionaltasuneko erlazioak identifikatzen ditu eta eguneroko bizitzako egoeretan problemak ebazteko erabiltzen ditu.

-Portzentajeak eta tasak eguneroko bizitzako problemen ebazpenean aplikatzen ditu.

-Egiazko egoeretan zuzeneko eta zeharkako neurriak lortzeko tresna, formula eta teknika egokiak erabiltzen ditu.

-Irudi lauak ezagutu eta deskribatzen ditu eta beren propietateen arabera sailkatzen ditu.

-Irudi lauen perimetroak, azalerak eta angeluak zenbatetsi eta kalkulatzen ditu, planteatutako egoerari dagokion zehaztasunaz; neurketa prozesuak ulertzen ditu, eta zenbatespenaren edo kalkuluaren emaitza neurri unitate egokienean ematen du.

-Gorputz geometrikoen luzerak, azalerak eta bolumenak zenbatetsi eta kalkulatzen ditu formula egokiez baliaturik, eta emaitza neurri unitate egokienean ematen ditu.

-Arlo honetarako interesa agertzen du.

-Ikasten, galderak egiten eta bere bakarkako eta taldeko lanak egiten saiatzen da.

Mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasuna

Mundu fisikoa (naturala edo gizakiak sortutakoa) behatzeko, garrantzizko informazio lortzeko eta horren arabera jarduteko gaitasuna.

Inguruko espazioarekin elkarreragina izateko trebetasuna: gertaerak ulertzea, ondorioak iragartzea, norberaren, besteen eta gainerako izaki bizien bizitzako baldintzak zaindu eta hobetzea.

Giza jarduerak, jarduera zientifiko teknologikoak eta gizakien ohitura sozial batzuek ingurumenean dituzten ondorioez ohartzea.

Norberaren gorputza ezagutzea, bai eta ohitura eta bizimodu osasungarrien arteko lotura ere.

Pertsonen bizi kalitatearen funtsezko elementuak zein diren jakitea: baliabide naturalen erabilera arduratsua, ingurumena zaintzea, zentzuz eta arduraz kontsumitzea eta norberaren eta taldearen osasuna babestea.

Laborategiko materialak behar bezala erabiltzea. Segurtasun arauak betetzea.

Osasuna eta gaixotasuna:

-Gorputzaren antolaketa orokorra: zelulak, ehunak, organoak, aparatuak eta sistemak.

-Gaixotasun motak. Gaixotasun infekziosoak.

-Immunitate sistema. Txertoak.

-Organoak eta odola eman eta transplantatzea.

Giza sexualitatea eta ugalketa:

-Gizonen eta emakumeen ugalketa aparatuak. Bizi zikloa: nerabezaroko aldaketa fisiko eta psikikoak.

-Giza ugalketa. Hilekoa. Ernaltzea, haurdunaldia eta erditzea.

-Ernaltzearen kontrako metodoak. Sexu-transmisiozko gaixotasunak.

-Sexua eta sexualitatea. Sexu-osasuna eta -higienea.

Giza elikadura eta nutrizioa:

-Nutrizio funtzioa. Elikadura eta osasuna. Dietak eta jateko ohitura osasungarriak.

-Elikabidean esku hartzen duten aparatuen anatomia eta fisiologia: digestio, arnas, zirkulazio eta iraitz aparatuak.

-Eritasun arruntenak. Bizimodu osasungarriak.

Harreman funtzioak: pertzepzioa, koordinazioa eta mugimendua:

-Zentzumen organoak. Pertzepzioa. Zainketa eta higienea. Nerbio sistema: antolaketa eta funtzioak. Arazo nagusiak.

-Sistema endokrinoa: guruinak eta horien funtzionamendua. Arazo nagusiak.

-Lokomozio-aparatua. Gehien izaten diren lesioak eta prebentzioa.

-Osasun mentala. Mendekotasuna sortzen duten substantziak: tabakoa, alkohola eta beste droga batzuk. Gizarte inguruneak portaeran duen eragina.

Giza jarduera eta ingurumena:

-Ingurune naturala. Ekosistemak. Biodibertsitatea.

-Baliabide naturalak: ura eta energia.

-Energia iturri berriztagarriak eta ez-berriztagarriak. Baliabideak aurreztearen garrantzia.

-Hondakinak eta horien kudeaketa.

-Ingurumeneko arazo nagusiak.

Materiaren aniztasuna eta batasuna:

-Materiaren egoerak. Teoria atomiko-molekularra. Nahasteak eta substantzia nahasgabeak (elementuak eta konposatuak).

-Aldaketa fisiko eta kimikoak.

-Materiaren propietate elektrikoak.

-Maiz erabiltzen diren materialak: mineralak, plastikoak, zura, ehunak.

Energia motak:

-Energiak gure bizitzan duen zeregina baloratzea.

-Energia mota ezberdinak.

-Unitate eta kontzeptu erlazionatuak (potentzia, makinak, errendimendua).

Energiaren kontserbazioa eta eraldaketa:

-Energia mekanikoa, bero energia eta energia elektrikoa (kontzeptuak ulertzea eta egoera praktikoetan aplikatzea).

-Energiaren kontserbazioaren legea.

-Makinak.

-Funtzionamenduaren jarraibideak errespetatzen ditu eta laborategiko materialak erabiltzen ditu, eta segurtasun arauak betetzen.

-Alderdi fisiko, psikologiko eta sozialek osasunean eragina dutela ohartzen da.

-Bizimoduek gaixotasunen prebentziorako eta bizi kalitatea hobetzeko duten garrantzia baloratzen du.

-Gaixotasun mota nagusiak bereizten ditu (infekziosoak, jokabidekoak, genetikoak, intoxikaziozkoak), eta arrazoia ondorioarekin lotzen du.

-Babes naturaleko mekanismoak, txertoen eta antibiotikoen ekintza eta zientzia biomedikoen beste aurrerapen batzuk ulertzen ditu.

-Giza ugalketaren oinarriak ezagutzen ditu eta ernalketaren, haurdunaldiaren eta erditzearen funtsezko alderdiak deskribatzen ditu.

-Ugalketa kontrolatzeko metodoen funtzionamendua ulertzen du eta sexu-transmisiozko gaixotasunei aurrea hartzeko metodoen erabilera baloratzen du.

-Nutrizioan zehar elikagai batek jasaten dituen prozesu nagusiak azaltzen ditu, bai eta horretan aritzen diren aparatu eta organoak (digestio, arnas, zirkulazio eta iraitz aparatuak), bakoitzaren funtzioak eta haien arteko harremanak ere.

-Jarrera kritikoa izaten du osasungarriak ez diren kontsumo ohituren aurrean, eta badaki dieta orekatu bat prestatzen.

-Nerbio sistemaren eta sistema endokrinoaren zeregin integratzailea azaltzen du.

-Zentzumen organoak ezagutzen ditu.

-Lokomozio aparatuko hezur eta muskulu nagusiak non dauden badaki.

-Adimen osasun onerako ohiturak hartzen ditu eta jokabide batzuen ondorio kaltegarriak identifikatzen ditu, hala nola drogak hartzea, estresa edo pertsonen arteko harreman osasungarririk ez izatea.

-Ekosistemaren aniztasuna eta ekosistema zaintzearen garrantzia baloratzen ditu.

-Giza jarduerek ekosistemetan duten eraginari buruzko informazioa aztertzen du (kutsadura, klima aldaketa, baliabideak agortzea, espezieak desagertzea), eta baliabide naturalak modu arrazionalago batean kudeatzeko aukerak planteatzen ditu.

-Badaki naturan askotariko substantziak daudela eta denak elementu gutxi batzuek osatzen dituztela.

-Material bat substantzia sinplea edo konposatua ala nahastea den jakiteko prozedurak erabiltzen ditu. Nahaste bateko osagaiak bereizteko teknikak ezagutzen ditu.

-Materialen propietateak haiek erabiltzeko moduarekin lotzen ditu, eta horietako batzuek eguneroko bizitzan, batik bat osasunean eta elikaduran, duten garrantzia ezagutzen du.

-Energiaren kontserbazioaren printzipioa eguneroko bizitzako egoera errazak ulertzeko erabiltzen du.

-Badaki lana eta beroa energia transferitzeko moduak direla, eta erabiltzen diren energia iturriak lortu eta erabiltzeari lotutako arazoak aztertzen ditu.

Informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala

Informazioa bildu, tratatu eta aurkezteari lotutako trebetasunak hobetzea: oharrak, laburpenak, eskemak, memoriak.

Kalkulagailua eta informatika ikaskuntzarako eta problemak ebazteko baliabide didaktiko gisa erabiltzea.

Informazioaren teknologiak erabiltzea komunikatzeko, informazioa biltzeko, birlantzeko eta modu egoki batean aurkezteko.

Komunikabideek azaltzen duten errealitatea interpretatzea hizkuntza grafikoa eta estatistikoa erabiliz.

-Eguneroko bizitzari buruzko taula eta grafiko estatistikoak interpretatzea.

-Datuak eskuratzea, tauletan sailkatu eta antolatzea eta datu horiek grafikoki irudikatzea.

-Aldagai estatistiko errazak kalkulatzea: batez bestekoa, moda.

-Kalkulagailua erabiltzea zenbakizko kalkuluak errazago egiteko.

-Testu tratamendu bat erabiltzea txosten eta memoria idatziak aurkezteko.

-Kalkulu orria erabiltzea datuak antolatu, kalkuluak egin eta grafiko egokienak sortzeko.

-IKTen eta beste baliabide batzuen erabilera arrazionalagoaren beharraz jabetzea.

-Komunikabideetako taulak eta grafikoak eta zenbakizko informazioa interpretatu eta baloratzen ditu, bai eta lan munduarekin eta eguneroko bizitzarekin zerikusia dutenak ere.

-Ekosistemen gainean giza ekintzak duen eraginari eta osasunari buruzko informazioa biltzen du dokumentu iturri desberdinetatik.

-Informazioa taulak eta grafikoak erabiliz antolatzen du.

-Kalkulu orri bat erabiltzen du informazioa tauletan eta grafikoetan antolatu eta aurkezteko.

-Kalkulagailua erabiltzen du zenbakizko kalkuluak egiteko (lau eragiketak, portzentajeak).

-Testu tratamendu bat erabiltzen du memoriak eta txostenak egokiro aurkezteko.

-IKTak erabiltzeko interesa agertzen du eta eguneroko lanean erabiltzen ditu.

-Lan, eztabaida eta taldeetan elkarlanerako jarrera agertzen du.

Gaitasun soziala eta herritartasuna

Matematika erabiltzea gizarteko fenomenoak deskribatzeko.

Ikuspuntu desberdinak baloratzea arazo edo egoera bati heltzeko.

Etorkizuneko herritarrak gizartean aktiboki parte hartzeko eta erabakiak arrazoiturik hartzeko prestatzea.

Gaur egungo gizartea aztertzea, haren eboluzioa ulertzea eta garapen teknozientifikoaren arriskuen aurrean sentsibilizatzea.

-Planoen eta mapen interpretazioa. Distantziak kalkulatzea.

-Plano errazak marraztea eskala egokia erabiliz.

-Eguneroko bizitzari buruzko taula eta grafiko estatistikoak interpretatzea.

-Datuak eskuratzea, tauletan sailkatu eta antolatzea eta datu horiek grafikoki irudikatzea.

-Aldagai estatistiko errazak kalkulatzea: batez bestekoa, moda.

-Besteen iritzien aurrean tolerantziaz eta errespetuz jokatzea.

-Lan taldeetan aktiboki parte hartzea.

-Zenbakizko proportzionaltasuneko erlazioez baliatzen da, planoetatik abiatuta kalkuluak egiteko edo lekuak eta objektuak eskalan irudikatzeko.

-Ingurumeneko arazo nagusiak aztertzen ditu eta zenbait bizimoduk, teknologia batzuek eta energiaren gehiegizko kontsumoak duten eragina baloratzen du.

-Irakasleen eta ikaskideen iritziak baloratzen ditu.

-Benetako egoerei eta eguneroko zailtasunei buruzko iritzia azaltzen du.

Ikasten ikasteko gaitasuna

Ikasteko eta informazioaz baliatzeko trebetasunak hobetzea: irakurtzea, azpimarratzea eta eskemak eta laburpenak egitea.

Autonomia, jarraikitasuna, sistematizazioa, hausnarketa kritikoa eta norberaren lanaren emaitzak komunikatzeko gaitasuna.

Nork bere esperientziaren bidez lortutako ezagutza idatzizko edo ikus-entzunezko bitartekoek ematen duten informazioarekin lotzea.

-Idatziz ageri den informazio zientifiko edo matematikoa ulertzea eskemen, grafikoen, mapa kontzeptualen, laburpenen eta abarren bidez.

-Ikasteko teknika erraz bat erabiltzea, ikaskuntza prozesuan lagunduko duena.

-Norberaren prozesurako interesa eta ahalegina agertzea taldean.

-Osasunarekin eta giza jarduerak ingurunean duen eraginarekin zerikusia duten gaiei buruz lortutako informazioa laburtu eta modu egokian antolatzen du.

-Egindako lanen ondorioak eta emaitzak ahoz edo idatziz ongi adierazten ditu.

-Ikasteko eta egunero lan egiteko motibazioa agertzen du gelako saioetan.

-Egunero proposaturikoa ikasten du eta bere prozesua baloratzen du.

Autonomia eta ekimen pertsonala

Estrategiak planifikatzea, erronkei aurre egitea, ziurgabetasunarekin bizitzea eta erabakiak hartzeko prozesuak kontrolatzea.

Egoerak aztertzea, horietan eragina izan duten faktoreak eta izan daitezkeen ondorioak baloratzea.

Espiritu kritikoa garatzea.

-Problemei aurre egiteko, erlazio matematikoak ulertzeko eta erabakiak hartzeko norberaren gaitasunetan konfiantza izatea.

-Problemak ebazterakoan jarraikitasunez eta malgutasunez jokatzea.

-Problemak ebazteko estrategiak planifikatu eta erabiltzea: enuntziatuaren analisia, saiakuntza eta errorea, zenbaketa zehatza, problema zatitan banatzea, antzeko problemak bilatzea eta lortutako erantzuna egiaztatzea.

-Informazio zientifikoa erabiltzea naturarekin zerikusia duten arazoei buruz nork bere iritzia izateko eta zehaztasunez adierazteko.

-Problemak ebazteko estrategiak eta teknikak planifikatu eta erabiltzen ditu, lortutako soluzioa egiaztatzen du, eta ebazpenerako erabili duen prozedura ahoz eta idatziz azaltzen du, hizkuntza matematiko egokia erabiliz.

-Ekimena agertzen du bakarkako nahiz taldeko lanean.

-Ahalegina, ardura eta motibazioa gero eta handiagoak ditu.

Iragarkiaren kodea: F0809683