92. ALDIZKARIA - 2008ko uztailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 30ean emandako 108/2008 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile kabo izateko 20 lanpostu mailaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzekoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 30ean emandako 108/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile kabo izateko 20 lanpostu mailaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onetsi da.

OINARRIAK

1. Xedea. Deialdi honen xedea da suhiltzaile kabo izateko 20 lanpostu mailaz igotzeko lehiaketaren bidez betetzea. Lanpostuak funtzionario araubidekoak dira eta C mailakoak, eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuari atxikiak.

1.1. Honako hauek dira deitutako lanpostuak, bere plantilla zenbakiarekin eta destinoko herriekin:

5737 lanpostua, Altsasuko parkean aritzeko, Altsasun.

6508 eta 6512 lanpostuak, Auritzeko parkean aritzeko, Auritzen.

5745 eta 6055 lanpostuak, Lodosako parkean aritzeko, Lodosan.

6509, 6894, 6895, 7916, 6056 eta 6058 lanpostuak, Nabaskozeko parkean aritzeko, Nabaskozen.

5748 eta 5750 lanpostuak, Oronoz-Mugairiko parkean aritzeko, Oronoz-Mugairin.

6063 eta 6065 lanpostuak, Azkoiengo parkean aritzeko, Azkoienen.

6054 lanpostua, Zangozako parkean aritzeko, Zangozan.

5731 eta 5734 lanpostuak, Tuterako parkean aritzeko, Tuteran.

6513 eta 6514 lanpostuak, Prestakuntza Unitatean aritzeko, Iruñean.

1.2. Ordainsariak.

Lanpostuek dagokien ordainsariak izanen dituzte, indarra duten xedapenen arabera.

2. Aplikatzekoak diren arauak.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; Lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamenduaren 10. artikulua eta gainerako arau aplikagarriak (Erregelamendu hori azaroaren 6ko 215/285 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emandako abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3. Izangaien betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko ondoko betebeharrak bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotan suhiltzaile izateko lanpostu baterako izendatua izatea eta jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

b) C maila edo taldekoa izatea.

c) Suhiltzaile lanpostuan egiazki 3 urteko antzinatasuna izatea gutxienez.

d) Bigarren jarduerako lanpostu batean (zerbitzu osagarrietan, alegia) ez aritzea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak diren lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiatzaileek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

Halaber, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuko 15. artikuluko 4. idatz-zatiko azken lerroaldean eta testu bereko bederatzigarren xedapen gehigarriko 1. eta 3. puntuetan xedaturikoaren arabera, lehiatzaileak Nafarroako beste administrazio publiko bateko funtzionarioak direnean, gora egitearekin batera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartuko dira ondorio guztietarako. Ukituriko lehiatzaileak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko dira eta horrexek babestuko ditu, salbu eta jatorrizko administrazioko bahituretxeko eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubidean afilaturik bazeuden. Kasu horretan, aukera izanen dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko bahituretxean egoteko, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arautiriko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzeko.

4. Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña) edo erregistro horretako beste edozein bulegotan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa".

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Deialdiaren II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak, administrazio publikoetan egindako zerbitzuen frogagiriak barne.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia konpultsatua.

c) Nafarroako Foru Komunitatea ez beste administrazio publiko bateko suhiltzaileek, lanpostu horretarako izendapena, maila, egoera administratiboa eta egiazki emandako zerbitzuak frogatzen dituen agiria.

Jatorrizko agirien bitartez edo behar bezala konpultsatutako kopien bitartez frogatu beharko ditu izangaiak prozedura honetan parte hartzeko betebeharrak betetzen dituela eta alegatutako merituak.

5. Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela deialdia egin duen organoaren aurrean eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Lehiatzaile bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

Halaber, onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrenda interesdunen esku egonen da Nafarroako Gobernuko web orrialdean (www.navarra.es, "Zerbitzuen katalogoa" "Enplegu Publikoa").

6. Epaimahaia.

6.1. Osaera.

Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: José Javier Boulandier Herrera jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Aurreneurri, Su-itzaltze eta Salbamendurako Zuzendaritzako zuzendaria.

Ordezkoa: José Javier Vitrián Arigita jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Kudeaketa Zuzendaritzako zuzendaria.

-Mahaikidea: Begoña Martínez Barrado andrea, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Gai Ekonomiko-administratiboen eta Langileriaren Kudeaketaren Arloko burua.

Ordezkoa: Iñaki Goñi Urrizola jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

-Mahaikidea: Pedro Zaro Loperena jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zuzendaritzako suhiltzaile ofizialordea.

Ordezkoa: Francisco Javier Zalba Barberena jauna, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zuzendaritzako suhiltzaile ofizialordea.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Langileen Batzordean ordezkatuta dauden sindikatuek proposatu eta izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Langileen Batzordean ordezkatuta dauden sindikatuek proposatu eta izendatu beharrekoa.

-Mahaikide idazkaria: José María Canales Arana jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Ataleko burua.

Ordezkoa: Yolanda Núñez Rosón andrea, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Langileriaren Kudeaketarako Unitateko burua.

6.2. Eraketa eta jarduketa.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikorako aholkulari espezialistak biltzen ahalko ditu epaimahaiak. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. Mailaz igotzeko lehiaketaren osagaiak.

7.1. Epaimahaiak, elkarren segidan eta bere hurrenkeran, mailaz igotzeko lehiaketako hurrengo osagaiak baloratuko ditu:

a) Merezimenduak:

-Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak. gehienez 35 puntu.

-Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: gehienez ere 25 puntu.

-Hizkuntzak: gehienez ere 20,50 puntu.

b) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere 25 puntu.

c) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere 15 puntu.

7.2. Merezimenduak:

Alegatu eta egiaztatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Merezimendu horiek lehiaketan parte-hartzeko eskabidearekin batera alegatu beharko dira eta agirien bidez frogatu, jatorrizko agirien edo fotokopia konpultsatuen bidez. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

Bakarrik lanpostuko eginkizunei eta edukiei buruzko proba teknikoa gainditzen duten lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduak baizik ez ditu baloratuko epaimahaiak.

7.3. Lanpostuko eginkizunei eta edukiei buruzko proba teknikoa.

2008ko irailean izanen da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan zehaztuko dira proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Idatziz egin beharko da. Epaimahaiak suhiltzaile kaboren lanaren edukiari eta eginkizunei buruz proposatzen dituen kasu praktiko operatiboak ebatzi beharko dira. Plika sistemaren bidez eginen da.

Epaimahaiak hala erabakitzen badu, test motako galde-sorta bat gehitzen ahalko du. Galdera bakoitzean hainbat erantzun egonen dira aukeran, bakarra izanen da zuzena eta hutsengatik puntuak kenduko dira.

Proba hau baztertzailea izanen da, eta, gainditzeko, gutxienez ere 12,50 puntu lortu beharko dira.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako gainerako ataletako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa ateratzeko.

7.4. Txosten psikoteknikoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Atalak, lanpostuaren edukiei eta eginkizunei buruzko proba praktikoa egin ondoren, gainditzen duen izangai bakoitzari buruzko txosten psikotekniko bat eginen du. Horretan, izangai bakoitza deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen den baloratuko da.

Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Egin baino lehen, Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileak lanpostuaren ezaugarri profesiografikoak onets ditzala proposatuko dio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Onespen hori epaimahaiari jakinaraziko zaio.

Proba hau ez da baztergarria izanen eta 0tik 15 puntura baloratuko da.

7.5. Behin-behineko kalifikazioak eta erreklamazioak.

Lehiaketako elementuen balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak parte hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklama dezaten balorazio horri buruz.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hori eginda ere, berdinketak oraindik jarraitzen badu, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

8. Izangaien zerrenda, erdietsitako guztizko puntuazioaren araberakoa, eta izendapen proposamena.

Erreklamazioak aurkezteko epea iraganda eta horiek ebatzita, epaimahaiak lehiaketaren osagaietako behin betiko puntuazioak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean argitaratuko ditu eta lanpostuko eginkizunei eta edukiei buruzko proba teknikoa gainditzen duten izangaien zerrenda igorriko du deialdia eman duen organora, haietariko bakoitzak lehiaketaren osagai guztietan osotara lortutako puntuazioa eta bete beharreko lanpostuetan sartzen diren lehiatzaileak izendatzeko proposamena adieraziz.

Lehiatzaileek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Horrekin ere berdinketa baldin badirau, lehiatzaile zaharrenaren alde joko da.

9. Prestakuntza ikastaroak.

Bete beharreko lanpostuetan sartzeko proposatutako izangaiek prestakuntza ikastaro bat eginen dute Nafarroako Segurtasun Eskolan. "Gai" edo "ez gai" kalifikazioak lortzen ahalko dira bertan.

Ikastaroa irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko da. Horren bidez Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onetsi da.

Prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, Nafarroako Segurtasun Eskolako zuzendariak ikastaroa gainditzen duten izangaien zerrenda igorriko dio Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari, izendatu ditzan eta lanpostu hutsak banatu diezazkien.

10. Lanpostu hutsak hautatzea.

Izendapen proposamenean sartutako izangaiek, prestakuntza ikastaroa gainditu badute, lanpostu hutsak hautatzen ahalko dituzte Nafarroako Larrialdietako Agentziako Gai Ekonomiko-administratiboen eta Langileriaren Kudeaketaren Arloak antolatuko duen ekitaldian. Lanpostuak lehiaketan guztira lortutako puntuazioen hurrenkerari jarraituz hautatuko dira.

Euskaraz jakitea lanpostu hutsetariko bat betetzeko merezimendu gisa baloratu behar baldin bada, lanpostuak hautatzeko ekitaldia prestakuntza ikastaroa egiteko Segurtasun Eskolari atxiki aitzin eginen da, egiazki, zehazteko nor sartzen ahal diren bete beharreko lanpostuetan.

11. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, gora egiteko lehiaketa gainditzen duten izangaiak suhiltzaile kabo izendatuko ditu, ebazpen baten bidez, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.

Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

11.2. Karguaz jabetzea.

Izendatutako izangaiek izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturalean jabetu beharko dute dagozkien lanpostuez. Behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuez jabetzen ez direnek suhiltzaile kabo lanpostuan aritzeko eskubidea galduko dute.

Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, aplikatu beharreko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin.

12. Aurkeztutako agiriak.

Hautagaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahal izanen dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkez daiteke, lanpostuak esleitzeko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.

Aurreko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, agiri horiek gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiri horiek berreskuratzen ahal dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13. Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen, arauen eta arauak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko (1) epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2008ko ekainaren 30ean.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaera, ............................. izateko ....... lanpostu mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia ....... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .................ko ...............aren .............an.

1.-Norberaren datuak.

Izen-abizenak: .............................., adinez nagusia, NAN zenbakia (edo baliokidea): .................., jaioteguna: .................., jaioterria (herria): ..................., probintzia: ............., nazionalitatea: ........................., helbidea (herria): ..........................., probintzia: ..........................., kalea: ......................................, zenbakia: ......, solairua: ......, letra: ...., posta kodea: ........... telefonoa: ..................., lantokiko telefonoa: ................., sakelako telefonoa: ....................

2.-Datu administratiboak.

a) Zer lanpostutarako izendatu zuten.

f Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa.

f .........(e)ko Udaleko funtzionarioa

b) Egoera administratiboa (X batez adierazi behar dena).

f Jardunean.

f Zerbitzu berezietan.

f Eszedentzia berezian.

f Borondatezko eszedentzian.

f Nahitaezko eszedentzian.

c) Zein maila edo taldetakoa den: ...........

3.-Nik, izenpetzaileak, adierazten dut eskabideak aurkezteko azken egunean eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala.

4.-Eskabidearekin batera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren agiriak eta alegatu dituen merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu ditu, .......(e)tik ........... (e)ra numeratuak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

5.-f Adierazten dut euskararen gaitasuna frogatzeko proba egin nahi dudala (*).

6.-f Adierazten dut frantses eta ingeles maila frogatzeko proba egin nahi dudala*.

Horrenbestez,

Eskatzen dut deialdi honetan onar nazatela.

Iruñean, ........(e)ko ............................aren ....(e)(a)n.

(Sinadura)

(*) Bidezkoa bada.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARI KUDEATZAILEA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: Gehienez ere 35 puntu.

1) Deialdi honetako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak: Urte bakoitza: 1,50 puntu.

2) Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: Urte bakoitza: 0,37 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: Gehienez ere 25 puntu.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3) Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: Gehienez ere 4 puntu.

5) Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: Gehienez ere 2 puntu.

6) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak kontuan hartu beharrekoak: bertzeak bertze, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: Gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

1. Idatz-zati honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko trebakuntza ikastaroak.

2. Baremoaren b) ataleko puntuazioa 25 puntukoa da, gehienez.

c) Hizkuntzak jakitea: Gehienez ere 20,50 puntu.

Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

Euskaraz jakiteagatik: destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetarako 5,50 puntu gehienez, plantilla organikoan euskara jakitea beharrezkotzat hartu bada, eta destinoa eremu mistoan dutenetarako 5,25 puntu gehienez.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik aurreko atalean hizkuntza bakoitzerako adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gainditutako maila bakoitzagatik puntu bat emanen da eta, euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Lau hizkuntza horietatik bakoitzak zer dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketak egiten ahal ditu; bost zailtasun maila izanen dira, eta hizkuntza bakoitzari gehienez ere ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren 1/5 bat emanen zaio maila bakoitzari.

Iruñean, 2008ko ekainaren 30ean.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Iragarkiaren kodea: F0810477