60. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2008ko apirilaren 21ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, "NA-7010 (Asterain-Irurtzun) errepidearen Arakilgo tartea: Irurtzun-Izurdiagako saihesbidea" egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duena. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

2007ko martxoaren 19an egindako bileran, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen "NA-7010 (Asterain-Irurtzun) errepidearen Arakilgo tartea: Irurtzun-Izurdiaga saihesbidea" egiteko proiektuari buruzko informazio azterlana udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzea eta hogeita hamar eguneko epean jendaurrean jartzea. Halaber, ukitutako eremuko udalei entzunaldia ematea erabaki zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko. Proiektuaren sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

Erabaki horretan xedatu zen, "ondare historikoa babesteari dagokionez, Ondare Historikoaren Zerbitzuak bere txostenetan eskatzen dituen jarduketak eta neurriak beteko direla".

Erabaki hori 2007ko maiatzaren 2ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara (55 zenbakia) eta jendaurrean egon den epean 51 alegazio-idazki aurkeztu dira. Ondotik azaltzen dira bakoitzaren edukia eta eman zaien erantzuna.

I.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostenak.

2008ko urtarrilaren 25ean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak hurrengo txostenak aurkeztu ditu, espedientea jendaurrean jartzeko aldia amaitu eta egindako alegazioak eta erreferentziazko erabakian bildutako oharrak aztertu, baloratu eta erantzun ondoren.

-Udalez gaindiko proiektu sektorialaren ingurumen eta hirigintza determinazioei buruzko txostena.

-Espedientea jendaurrean jartzeko aldian egin diren alegazioei buruzko txostena, alegazioen edukia agertuta eta bidezko erantzuna proposatuta.

Txosten horiekin batera, "behin betiko onesteko proposatzen den saihesbidearen alternatibari buruzko ortofoto bidezko muntatzea" aurkeztu da.

Lehenengo txostenak, ingurumen oharrei buruzko atalaz gain, honako hauek ditu:

A.-Lurralde eta hirigintza oharrak.

Oro har ondoen baloratu diren bi alternatibak N1-N3 eta ekialdeko 3.a izan direla gogorarazi ondoren, atal horretan esaten da, lurraldearen ikuspegitik ukitutako herrietako biztanleei gehien gustatzen zaien alternatiba ekialdeko 3.a bada ere, nabarmendu behar dela aurkeztutako alegazioetan Arakilgo Udalak adierazi duela guneko lehentasunezko jarduera Izurdiagan trenbideko pasagunea kentzea dela eta, Oskiateteko harrobiak itxiko direnez, ekialdeko 3. alternatiba burutzea beharrezkotzat jotzen ez duela.

B.-Erabilgarritasun oharrak.

Erabilgarritasunaren ikuspuntutik, N1-N3 alternatiba ekialdeko 3. alternatiba baino hobea da Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proiektu honi buruz dituen helburuak betetzeko, arrazoi hauek tarteko:

-"Irurtzun eta Izurdiagako saihesbidea"ren helburua da Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan aurreikusten diren bi jarduketa gauzatzea:

a) Zaragoza-Altsasu trenbideko pasagunea kentzea Izurdiagan, Nafarroako Gobernuak eta Sustapen Ministerioak Nafarroan Zaragoza-Altsasu trenbideko pasaguneak kentzeko tratamendu integralari buruz egin duten lankidetza akordioan ezarrita dagoen moduan.

b) Irurtzungo saihesbidea egitea, Nafarroako Errepideen 2002-2009ko II. Plan Zuzentzailean ezarrita dagoen moduan (126. jarduketa).

-N1 alternatiban Zaragoza-Altsasu trenbideko Izurdiagako pasagunea kentzen da, trenbidearen azpiko pasabidea eginez egungo pasagunearen parean.

-N3 alternatiban Irurtzungo saihesbidea egiten da, Nafarroako Errepideen 2002-2009ko II. Plan Zuzentzailean aurreikusita dagoen moduan.

Beraz, bi jarduketa horiek biltzen dituen N1-N3 alternatiba, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren helburuei begira, E3 alternatiba baino hobea da.

C.-Aurkeztutako alegazioei buruzko oharrak.

Irurtzun eta Izurdiagako saihesbidea egiteko informazio azterlanari aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, ondorioztatu da, pertsona askori ekialdeko 3. alternatiba gustatzen bazaie ere, Arakilgo Udalaren lehentasuna trenbideko pasagunea kentzea dela. Udalak ez du lehentasunezkotzat jotzen NA-7010 errepidean saihesbidea egitea eta haren beharra zalantzan jartzen du, Oskiateko harrobiak itxiko direla iragarri eta gero.

D.-Ondorioa: Adierazitakoa dela eta, N1-N3 irtenbidea Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa onesteko proposatzen da, ingurumen eraginaren adierazpena egiteko ondorioetarako.

II.-Atariko oharrak.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak aurkeztu dituen txostenak aztertu ondoren, atariko ohar hauek egin behar dira:

1.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "N1-N3 irtenbidea Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa onesteko" proposatu du. Dena den, N-1 alternatiba bada trenbideko Izurdiagako pasagunea kentzeko irtenbide teknikoa, Izurdiagako hiriguneko hainbat gunetara heltzea bermatzeko bide-elementu osagarri batzuk faltan dituela. Hori dela eta, alegazioei emandako erantzunetan "N1 alternatiba aldatuaz (N-1/m)" hitz egiten da.

2.-Erabilgarritasun oharren atalean adierazten den bezala, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak aurreikusitako bi jarduketak, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak konpondu nahi dituenak, hain zuzen ere, honako hauek dira:

-Zaragoza-Altsasu trenbideko pasagunea kentzea Izurdiagan, Nafarroako Gobernuak eta Sustapen Ministerioak Nafarroan Zaragoza-Altsasu trenbideko pasaguneak kentzeko tratamendu integralari buruz egin duten lankidetza akordioan ezarrita dagoen moduan.

-Irurtzungo saihesbidea egitea, Nafarroako Errepideen 2002-2009ko II. Plan Zuzentzailean ezarrita dagoen moduan (126. jarduketa).

N1/m alternatibak trenbideko Izurdiagako pasagunea kentzen du, trenbidearen azpiko pasabidea eginez egungo pasagunearen parean. N3 alternatiban Irurtzungo saihesbidea egiten da, Nafarroako Errepideen 2002-2009ko II. Plan Zuzentzailean aurreikusita dagoen moduan. Beraz, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostenak ondorioztatzen du bi jarduketa horiek biltzen dituen N-1/m - N-3 alternatiba, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren helburuei begira, E3 alternatiba baino hobea dela.

3.-Departamentu horrek egindako txostenean proposatzen den alegazioetarako erantzuna, funtsean hurrengo atalean bildu dena, N-1/m eta N-3 alternatibek dakartzaten irtenbide teknikoak hartzeari buruzkoa da; izan ere, Nafarroako Gobernuak irtenbide horiek onestea proposatu da.

4.-Ekialdeko 3. alternatiba edo "Gulia" alternatiba, ingurumenaren gaineko eragin handia daukala alde batera utzita, irtenbide logikoa izango litzateke, NA-7010 errepideko eguneko batez besteko zirkulazioa handia izango balitz eta Oskiateko harrobien jarduerak eragindako ibilgailu astunen zirkulazioari eutsiko balitzaio; dena den, alegazioetako batzuetan adierazi den bezala, harrobi horiek berehala itxiko dira. Bestalde, alternatiba hori, mendebaldetik egindako alternatibek baino abantaila gehiago dituena, ez omen da egokia (alegatzaileren batek dioen bezala), Izurdiagako biztanleek Irurtzunekin -zerbitzuen gune hornitzailea den aldetik- egunero izan behar dituzten erlazioen ikuspuntutik.

5.-Oskiateko harrobien itxituraren eraginez, egoera hain nabarmen aldatuta eta zirkulazioak eguneko batez besteko intentsitate neurrizkoa izanda, argi dagoenez, hain asmo handikoak diren irtenbideak -hala nola, ekialdekoa edota mendebaldekoa-, gauzatu beharreko benetako funtzioarekin neurrigabeak direnak, hartu beharra indargabetzen da. Alde horretatik, uste da Herri Lan Departamentuak agertutako irtenbideak, eskuratutako konpromisoei lotuta daudenak, behar bezain zuzenak direla epe labur edo ertainera eta zentzu praktiko onargarria eskaintzen dutela. Hala ere, hori ez da oztopoa izango etorkizunean bestelako bide irtenbide egituratzaileei heltzeko, egiten ari den "Nafarroa Atlantiko"ko Lurralde Antolamendurako Planean une horretan aztertzen ari diren eskala handiko lurralde mailako balizko planteamenduak aztertu ondoren. Nolanahi ere, interesgarria izango zatekeen gunean sortzen den zirkulazioa A-15 autobidera gehitzeko adarra egiteko aukeraren alde egin izana, baina badirudi, edukiera handiko bideei aplikatzen zaien araudiaren arabera, aukera hori gaindiezina dela, arrazoi teknikoak direla-eta.

6.-Amaitzeko, trenbideko pasagunea kentzeko aurreikusitako irtenbidea burutzeko proiektua egiterakoan beste irtenbide mota bat hartzearen komenigarritasuna adierazten duten oztopoak sortuko balira, uste da hori egin ahal izango litzatekeela Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatu gabe, LAHLen 44.4 artikuluari helduta.

III.-Aurkeztutako alegazioak.

1.-Juana María Martínez Jaunsaras andrea, Irurtzungo Udala ordezkatuz.

Edukia:

Irurtzungo Udala Guliako E3 alternatibaren alde dago, eta, N1-N3 alternatiba aukeratzen bada, eskatzen du AP-15ekin lotura egin dadila Iruñeko norabidean.

Erantzuna:

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Irurtzun-Izurdiaga saihesbiderako proposaturiko irtenbidea Departamentu horrek aurreikusitako bi jarduketa independenteen konbinazioaren emaitza da: trenbideko Izurdiagako pasagunea kentzea -N-1 alternatibak agertu duena eta hemendik aurrera "N1 aldatua" (N-1/m) deituko duguna- eta N-3 alternatibaren araberako Irurtzungo saihesbidea, Nafarroako Errepideen 2002-2009ko II. Plan Zuzentzailean aurreikusita dagoen moduan. Trenbideko Izurdiagako pasagunea kentzen da, trenbidearen azpiko pasabidea eginez; Irurtzunerako noranzkora sartzeko arrapala trenbidearekiko paraleloa izango da, trenbidearen eta errepidearen artean dagoen eraikinik gabeko leku batean.

Beste aldetik, Guliako lotunea eta Irurtzungo lotura hurbil daudenez, teknikaren aldetik ez omen da bideragarria bi loturen artean zirkulazioa Irurtzundik Iruñera gehitzeko adar berria egitea.

2.-Luis Miguel Beraza Ameztegui jauna, "agiriaren sinatzaileak" ordezkatuz.

Luis Miguel Beraza Ameztegui jaunak Francisco Javier Iraizoz García Izurdiagako Kontzejuko alkateak eta Guillermo Larumbe Erro idazkariak egindako alegazioei buruzko idazkia aurkeztu du. Agiriari babesa ematen dioten 443 herritarren sinadurak erantsi ditu.

Edukia:

a) Iparraldeko korridoreko alternatibek ez dituzte konpontzen Izurdiaga eta Errotz herriak zeharkatzen dituen trafikoaren arazoak. Eta, gainera, Izurdiagan arazoak larriagotu egiten dituzte, trafikoaren eragin kaltegarriak metro batzuk harantzago aldatuz.

b) Trenbideko pasagunea kentzeari dagokionez, herri barnean ibilgailuentzako pasabidea egingo balitz trenbidearen gainetik, herria are gehiago zatituko litzateke, eta oinezkoentzako gaineko pasabideak ikuspegian eragin latza izango luke. Horregatik, trenbideko egungo pasagunearen inguruetan ibilgailu eta oinezkoentzako azpiko pasabidea egitearen alde daude.

c) Herriko gizarte instalazioetan (udaletxea, gizarte etxea, futbol zelaia, plaza) eragin larria izango luke N1 alternatibako trazadurak.

d) Azterlanean ez da kontuan hartu Abiadura Handiko Trena.

Aurrekoarengatik, herriaren egiturari kalterik egingo ez dion trazadura eskatzen dute saihesbiderako, ez dezala herriaren barneko batasuna hautsi eta benetako saihesbidea izan dadila, hirigunean ibilgailuen zirkulazioaren arazoak konpontzeko balio duena.

Erantzuna:

a) Orain proposatzen den N-1/m irtenbideak ez ditu aldatzen Izurdiagan zeharko trafikoaren egungo baldintzak, salbu eta trenbideko pasaguneari dagokionez, hura kendu egingo baita, oraingo pasagunearen parean azpiko pasabidea eginez.

b) Orain proposatu den irtenbidean ibilgailu eta oinezkoentzako azpiko pasabidea egingo da trenbideko egungo pasagunearen parean, alegazioetan eskatu bezala.

c) Hartzeko proposatu den irtenbideak alegazioetan adierazitakoa hartzen du kontuan, horrek ez baitie eragiten alegazioan aipatutako instalazioei.

d) Iruñetik Euskal Autonomia Erkidegoko mugarainoko Abiadura Handiko Trena (AHT) tramitatzen hasi gabe dago. Beraz, burutu beharreko jarduketa horiek AHTren aurrekoak direnez, bere trazaduraren proiektua egiten denean AHT dauden edo onetsi diren azpiegituretara egokitu beharko da.

3.-Urritzolako Kontzejuko burua.

Edukia:

Kontzejuak osoko bilkuran informazio azterlana aztertu du eta bi kasu gerta daitezkeela dio:

-Oskiateko harrobia, zirkulazioaren arazoa sortzen duena, urte gutxi barru ixtea. Hala gertatzen bada, Kontzejuak N1 alternatiba proposatzen du N3 edo N4 alternatibarekin batera, erabilgarriena, merkeena eta eragin txikiena sortzen duena delakoan. Izan ere, Izurdiagan trenbideko langadun pasagunea ibilgailuentzat itxiko dela ulertuta, bai Urritzolako bizilagunentzat eta bai Errozkoentzat eta Izurdiagako gehienentzat ere, eskola garraioa eta beste zerbitzu batzuk Guliatik edo Ekaitik joango lirateke epe mugagabean.

-Harrobia berehalakoan ez ixtea. Kasu honetan ere alternatiba berak proposatzen ditu, Errozko eta Izurdiagako bizilagunentzat trafiko astuna inoiz ez delako izan kexa iturri.

Hala ere beste alternatiba bat (Gulia edo Ekai) aukeratu behar izanez gero, Urritzolako osoko bilkurak uste du Guliakoa egokiagoa litzatekeela.

Erantzuna:

Uste da Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proposatu duen irtenbidea, N-1/m-N-3 alternatiba, hain zuzen ere, erabilgarriena dela eta ingurumenean eragin txikiena sortzen duela.

4.-Luis Miguel Beraza Ameztegui jauna, Grupo Joven kirol elkarteko burua den Fidel Fernández Heras jauna ordezkatuz.

Edukia:

Duela 20 urte Txopordi alderdian udalekua eta hango futbol zelaia antolatzeko ideia sortu zen. Dagoeneko 500 lagun baino gehiago joaten dira kanpamentu horretara udako hilabeteetan. Proiektatzen den saihesbideak futbol zelaia zeharkatzen du. Hori dela eta, ez dago ados proiektu horrekin.

Bere idazkia kontuan hartzeko eskatu du.

Erantzuna:

Izurdiagarako orain proposaturiko irtenbideak, N-1/m alternatibak, alegia, ez du eraginik Txopordi alderdian, ezta futbol zelaian ere.

5.-Raquel Olaechea Ibarrola andrea, Bordatxoko Arraun Taldeko burua den Francisco Javier Goldaraz Irisarri jauna ordezkatuz.

Edukia:

Alegatzen dute ados daudela Izurdiagako Kontzejuaren eta bizilagunen alegazioekin eta bere egiten dituztela. Izurdiagak kirolerako eta aisiarako duen eremu bakarrean zehar saihesbidea edo errepidea egitea astakeria iruditzen zaie. Agiri grafikoak erantsi dituzte.

Erantzuna:

Izurdiagako Kontzejuari emandako erantzuna bidali da. Saihesbideak kirolerako eta aisiarako eremuari eragiteari dagokionez, Izurdiagarako orain proposaturiko irtenbideak, N-1/m alternatibak, alegia, ez du eraginik gune horretan.

6.-Javier Lázcoz jauna, Arakilgo Udala ordezkatuz.

Edukia:

1. Arakilgo Udalarentzat ez da lehentasunezko obra NA-7010eko saihesbidea egitea. Udalarentzat trenbideko Izurdiagako pasagunea kentzeak du lehentasuna. Sinatutako konpromisoen arabera, jarduketa hori burutzeko epea ekitaldi honetan amaituko da.

b) Oskiateko harrobietako ibilgailu astunen trafikoa da saihesbidea egiteko arrazoia. Harrobi hori itxiko dela iragarri eta lehengoratze plana onetsi eta gero, alegatzaileak zalantzan jartzen du saihesbidearen beharra.

c) Harrobia berehala itxiko ez balitz, aukerarik onena Guliako E3 saihesbidea litzateke, betiere trenbideko Izurdiagako pasagunea kentzea lehenetsi eta bermatzen bada.

Erantzuna:

Proposaturiko irtenbidearen (N-1/m-N-3) helburua da Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan aurreikusten diren hurrengo bi jarduketak gauzatzea:

-Zaragoza-Altsasu trenbideko pasagunea kentzea Izurdiagan, Nafarroako Gobernuak eta Sustapen Ministerioak Nafarroan Zaragoza-Altsasu trenbideko pasaguneak kentzeko tratamendu integralari buruz egin duten lankidetza akordioan ezarrita dagoen moduan.

-Irurtzungo saihesbidea egitea, Nafarroako Errepideen 2002-2009ko II. Plan Zuzentzailean ezarrita dagoen moduan (126. jarduketa).

Erabilgarritasunaren ikuspuntutik, hartutako irtenbidea ekialdeko 3. alternatiba baino hobea da Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proiektu honi buruz dituen helburuak betetzeko, arrazoi hauek tarteko:

a) N-1/m irtenbidean Zaragoza-Altsasu trenbideko Izurdiagako pasagunea kentzen da, trenbidearen azpiko pasabidea eginez egungo pasagunearen parean.

b) N-3 alternatiban Irurtzungo saihesbidea egiten da, Nafarroako Errepideen 2002-2009ko II. Plan Zuzentzailean aurreikusita dagoen moduan.

Beraz, bi jarduketa horiek biltzen dituen N-1/m-N-3 irtenbidea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren helburuei begira, E3 alternatiba baino hobea da, eta Izurdiagako pasagunea berehala kentzeko obra lehenesten du, Arakilgo Udalak nahi duen bezala.

7.-Juan José Iriarte Vitoria jauna, Irurtzungo Udaleko zortzi zinegotzi ordezkatuz.

Edukia:

Eskatzen du ez daitezela kontuan hartu ez N1-N3 alternatiba ez N1-N4 alternatiba, arrazoi hauek direla eta:

-N1-N3 alternatiba herriko hirialdetik doa, eta N1-N4 alternatiba, berriz, hirialdetik hurbil dagoen josteta eremu batetik.

-Irurtzungo bizilagunentzat kaltegarriak dira, urbanizazio, parke eta lorategien ondoan egoteagatik eta pasealekuak hartzeagatik.

-Ez dira eragindako herri guztien arazoetarako konponbide onenak eta orokorrak.

-Ez dute konpontzen NA-7010 errepideko Iruñeranzko trafikoaren arazoa.

Erantzuna:

Proposaturiko irtenbidearen (N-1/m-N-3) helburua da Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan aurreikusten diren bi jarduketa, aurretik aipatu direnak, gauzatzea.

Irtenbide horrek trenbideko pasagunea kentzen du Izurdiagan, Nafarroako Gobernuak eta Sustapen Ministerioak Nafarroan Zaragoza-Altsasu trenbideko pasaguneak kentzeko tratamendu integralari buruz egin duten lankidetza akordioan ezarrita dagoen moduan. Gainera, gaur egungo egoera aldatzen du, Izurdiagako herriguneko bide nagusia jaitsiz, azpiko pasabide bat eginez dagoen trenbideko pasabidea kentzeko asmoz. Horrez gain, Izurdiagako iparralderako bide berria egiten da, egungo trenbideko pasagunearen ondoan. Udalak bide berri hori onartu du departamentuko teknikariekin proiektua aztertzeko izan dituen bileretan. Bide hori bileretan onartu ez ezik, Udalak udal planeamenduan sartzeko asmoa ere badu. Oraindik egin eta onetsi gabe dago, aukeratzen den soluzioaren zain.

Bestalde, N-3 alternatiban Irurtzungo saihesbidea egiten da, Nafarroako Errepideen 2002-2009ko II. Plan Zuzentzailean ezarrita dagoen moduan (126. jarduketa).

Guliako saihesbidea ez dago jasorik Departamentuaren inongo jarduketa planetan. Aurreko jarduketak onetsi eta gero baliteke hura sartzea hurrengo jarduketa planetan, jarduketa independente gisa, Arakilgo Udalak hala eskatzen badu. Hala eta guztiz ere, hori lurralde esparru zabalago baten testuinguruan aztertu eta burutu beharko litzateke, lurralde antolamenduko proposamen garrantzitsuagoen arabera.

8.-8.etik 51.era arteko alegazio-idazkiak.

44 alegazio-idazki dira, eduki berdina daukatenak eta horiei emandako erantzunaren amaieran erantsi den zerrendako pertsonek sinatu dituztenak.

Edukia:

Ekialdeko 3. alternatibaren alde daude, horixe delako herrietatik trafikoa urrundu eta arazorik sortzen ez duen bakarra. Txosten batean alternatibak banan-banan baloratzen dituzte:

-N1-N3 alternatiba: Irurtzungo industrialdearen eta hirigunearen artetik doa. Saihesbide hau toki planeamenduan ere badago, baina bi enpresatako ibilgailu astunen trafikoa herritik ateratzeko zegoen pentsatua, eta ez NA-7010 errepidetik datozen ibilgailu astunen trafikorako.

-N1-N4 alternatiba: N4 alternatiba urak har dezakeen eremu batetik doa, eta N3 alternatibak bezalako trafiko arazoak ditu.

-E3 alternatiba: hura Erroztik urrunduta, konpondurik daude ingurumenaren eta ondare historikoaren gaineko eraginak, eta horrenbestez Irurtzun eta Arakilgo saihesbidea izateko baldintzak betetzen ditu.

Eskatzen dute ez daitezela aintzat hartu N1-N3 eta N1-N4 alternatibak, arrazoi hauek direla eta: Irurtzungo bizilagunentzat kaltegarriak dira, urbanizazio, parke eta lorategien ondoan egoteagatik; ez dira herri guztien arazoetarako konponbide onenak eta orokorrak; eta ez dute konpontzen NA-7010 errepideko Iruñeranzko trafikoaren arazoa.

Erantzuna:

Erantzuna 7. alegazioari emandakoaren antzekoa da. Azpimarratu behar da N-3 alternatiba udal planeamenduan jasotakoarekin bat datorrela, alegatzaileek dioten bezala.

8.etik 51.era arteko alegazio-idazkiak aurkeztu dituzten pertsonen zerrenda.

ZK. ALEGATZAILEA

8 Gaizka Uharte Balda jauna, Sakana-Larraungo LAB sindikatua ordezkatuz.

9 Josune Astiz Etxeberria andrea, Aizpea Euskara Tardea ordezkatuz.

10 Ana Balda Sanjuan andrea.

11 María Teresa Moreno Iribas andrea.

12 María Victoria Mariñelarena Oiz andrea.

13 Mikel Balda Sanjuán jauna.

14 Mikel Dorronsoro Guinea jauna.

15 Pedro María Iriarte Eguzquiza jauna.

16 Benita Oiz Aranzadi andrea.

17 Alicia Navarro Lizasoain andrea.

18 Maite Etxetxikia Signada andrea.

19 Txaro Urra Maricielarena andrea.

20 Socorro Alzueta Labiano andrea.

21 Castora Ciriza andrea.

22 Pedro García Contreras jauna.

23 Santos Iragui Hualde jauna.

24 María Teresa Ochoa Pastor andrea.

25 María Luisa García García andrea.

26 Begoña Calvo Cuadrado andrea.

27 Patxi Goikoetxea Arbizu jauna.

28 Antonio García García jauna.

29 Ana Santander Lizaso andrea.

30 Luis Miguel Arrasate Yeregui jauna.

31 Julian Moral Espoz jauna.

32 Saray Ongay García andrea.

33 Miguel Angel Ongay jauna.

34 Severa Galarza Garro andrea.

35 María Jesús Carrión Galarza andrea.

36 Arrate Zabalo Ochotorena andrea.

37 Juana Urra Mariñelarena andrea.

38 Mirian Ongay García andrea.

39 María Jose Urra Mariñelarena andrea.

40 Juan Carlos Razkin Garayalde jauna.

41 Itziar Etxetxikia Ziganda andrea, Musika Eskola ordezkatuz.

42 Pilar Fernández Ochoa andrea, Larraun 2ko jabeen erkidegoa ordezkatuz.

43 Ana Jesús Matxain Eugi andrea, txistulari taldea ordezkatuz.

44 Montse Balenciaga Seminara andrea, Junta Aryma Atakondoa ordezkatuz.

45 Fco. Javier Goñi Lazcano jauna, Irurtzungo Saihesbidearen aldeko Plataforma ordezkatuz.

46 Patxi Alegre García jauna, Irurtzungo gaiteroen taldea ordezkatuz.

47 Amalia García García andrea, Irurtzungo Erraldoien Konpartsa ordezkatuz.

48 Gregorio Fernández Gutiérrez jauna.

49 Amaia Albizu Gabari andrea.

50 Fernando Iriarte Larrea jauna.

51 Martín Legarra Aldave jauna.

IV.-Erabakiaren determinazioak betetzea.

Nafarroako Gobernuaren erabaki horretan xedatu zen, "ondare historikoa babesteari dagokionez, Ondare Historikoaren Zerbitzuak bere txostenetan eskatzen dituen jarduketak eta neurriak beteko direla".

Determinazio horri erantzunez, Herri Lan Sailak Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren bi txosten (2006ko otsailaren 20koa eta 2006ko apirilaren 18koa) aurkeztu ditu. Txosten horietan arkeologi ondarea -eta bereziki, ekialdeko 1. eta ekialdeko 2. alternatibek eragiten duten "Ilunbeta" aztarnategia- babesteko jarraitu beharreko jarraibide metodologikoak ezartzen dira.

Hala ere, ondare historikoa babesteari buruzko alde horiek ingurumen eraginaren adierazpenaren edukiaren barnean daude. Horren ondorioz, egokia da horri lotzea.

V.-Azpiegituraren ingurumen eraginaren adierazpena.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak martxoaren 14an emandako 560/2008 ebazpenaren bidez, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da "NA-7010 (Asterain-Irurtzun) errepidearen Arakilgo tartea: Irurtzun-Izurdiaga saihesbidea" egiteko proiektuaren informazio azterlanari buruz. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da. Hautatu den alternatiba N-1 da, aldatuta eta N-3 alternatibarekin konbinatuta, departamentu horrek egindako proposamenarekin bat.

Ebazpenaren 2. puntuan adierazi da proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik, betiere Ingurumen eraginaren azterlanean eta proiektuan jasotako zuzenketa neurri guztiak betetzen badira eta Ebazpenean bertan ezarritakoak gehitzen bazaizkie: hondakindegien eta instalazio lagungarrien kokapena, faunaren eta landarediaren babesa, higaduraren kontrako babesa, ingurumena lehengoratzea eta paisaiarekiko integrazioa, zarata eta paisaia, historia eta kultur ondarearen babesa eta ingurumena zaintzeko plana.

Eraikuntza proiektua idatzi ondoren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako determinazioak betetzen direla justifikatzen duen agiria bidali beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat etorririk eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, hauxe

ERABAKI DU

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. "NA-7010 errepidea (Asterain-Irurtzun), Arakilgo tartean: Irurtzun-Izurdiagako saihesbidea" egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proposatutako irtenbideen arabera. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

a) Zaragoza-Altsasu trenbideko pasagunea kentzea Izurdiagan, 1. alegazio-idazkiari emandako erantzunean deskribatu den irtenbidearen eta bide-elementu osagarrien bidez, Nafarroako Gobernuak eta Sustapen Ministerioak egin duten lankidetza akordioan ezarrita dagoen moduan.

b) Irurtzungo saihesbidea egitea, N-3 alternatibarekin bat etorrita, Nafarroako Errepideen 2002-2009ko II. Plan Zuzentzailean ezarrita dagoen moduan (126. jarduketa).

3. Bide irtenbide horiek egiteko proiektuan eta, hala denean, obretan Ingurumen ondorioen adierazpenak dioenari jarraituko zaio.

Trenbideko pasagunea kentzeko aurreikusitako irtenbidea burutzeko proiektua egiterakoan jarduketa horren araberako beste irtenbide mota bat hartzearen komenigarritasuna adierazten duten oztopoak sortuko balira, prozedura arruntetara jo ahal izango litzateke, aurretik Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatu gabe.

4. Betiere, obrek ukitzen dituzten edo obren exekuzioa baldintzatu ahal duten azpiegitura edo zortasunei dagokienez, Departamentu sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Kultura Zuzendaritza Nagusiari igortzea.

6. Erabaki hau Irurtzungo eta Arakilgo Udalei eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraziko zaie erabaki honek administrazio bidea agortzen duela eta beraren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egin ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2008ko apirilaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0806314