59. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CASTEJON

Castejongo Udalaren ordenantza ura aurrezteko. Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2008ko otsailaren 8an egin bilkuran, hasiera batean onestea erabaki zuen ura aurrrezteko Castejongo Udalaren ordenantza.

Hasiera batean onesten duen erabakia 2008ko 18. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 8an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Castejonen, 2008ko apirilaren 8an.-Alkatea, Francisco Javier Sanz Carramiñana.

CASTEJONGO UDALAREN ORDENANTZA, URA AURREZTEKO

I. TITULUA

Aurkezpena

1. artikulua. Xedea.

Ura aurrezten duten sistemak eskuratu eta erabiltzeko arauak ematea du xede titulu honek, baita uraren kalitatea egokitzea ere etxeetan eta bestelako eraikin eta jardueretan erabiltzeko, eta zehaztea zein kasu eta inguruabarretan den nahitaezkoa.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Titulu hau nahitaez bete behar da kasu hauetan:

a) Udala titular duen edozein eraikin publikotan, ura kontsumitzeko instalazioak baditu.

b) Jendea hartzeko edozein lokal berritan, hein batean edo erabat zaharberritzen direnak barne.

c) Edozein eraikin berritan, hein batean edo erabat zaharberritzen direnak edo eraikin osoaren nahiz zati baten erabilera aldatzen dutenak barne (titulartasuna publikoa izan nahiz pribatua). Instalaziogune baten parte diren eraikin solteak ere sartzen dira.

d) Edozein eremu publiko irekitan (plazak, lorategiak etab.), uraren beharra badute haiek erabiltzeko (iturriak...) edo mantentze lanetarako (ureztatzea, garbitzea...).

.Familia anitzeko etxebizitzak.

Zortzi etxebizitzatik azpiko familia anitzeko eraikinek, 100 m²-tik gorako berdegunea edo igerilekua badute, gailu hauetako bat ezarriko dute edozein erabileratarako, giza kontsumorako izan ezik:

-Ur grisak erabiltzen dituen sistema, edo

-Euri ura aprobetxatzen duen sistema, edo

-Igerilekuen soberako ura erabiltzen duen sistema.

Zortzi etxebizitzako edo gehiagoko familia anitzeko eraikinek ur grisak erabiltzen dituen sistema izanen dute. Gainera, 300 m²-tik gorako berdegunea edo igerilekua badute, gailu hauetako bat ezarriko dute:

-Euri ura aprobetxatzen duen sistema, edo

-Igerilekuen soberako ura erabiltzen duen sistema.

Berreskuratutako urari edozein erabilera emanen zaio, giza kontsumoarena izan ezik; betiere, ura berriz erabiltzeko araudiari jarraituz.

.Familia bakarreko etxebizitzak.

Familia bakarreko etxebizitzek, 100 m²-tik beherako berdegunea badute, gailu hauetako bat ezarriko dute:

-Ur grisak erabiltzen dituen sistema, edo

-Euri ura aprobetxatzen duen sistema.

Gainera, igerilekua duten etxebitzek soberan duten ura erabiltzeko sistema ezarriko dute.

Familia bakarreko etxebizitzek, 100 m²-tik gorako berdegunea badute, ur grisak erabiltzen dituen sistema eta euri ura aprobetxaten duena ezarriko dituzte beste edozein erabileratarako, giza kontsumorako izan ezik. Gainera, igerilekua duten etxebitzek soberan duten ura erabiltzeko sistema ezarriko dute.

.Askotariko erabilera duten eraikinak.

Aurrekoez bestelako erabilera duten eraikinek (bulegoek, esate baterako), 100 m²-tik gorako berdegunea badute, euri ura ureztatzeko aprobetxatzen duen sistema ezarriko dute.

3. artikulua. Tokiko baliabideen erabilera.

Teknika aldetik bideragarria bada eta osasun publikoaren irizpideekin bat eginez gero, tokiko baliabideen erabilerari emanen zaio lehentasuna, ingurumenaren kalteak saihestearren eta ur horniduraren kostu ekonomikoa gutxitzearren.

II. TITULUA

Ura aurrezteko sistema eta neurriak

4. artikulua. Aurrezteko sistema eta neurriak.

Ezer mugatzea bilatu gabe, ura aurrezteko sistema eta neurri hauek ezarriko dira:

-Banakako kontagailuak.

-Sarrerako ur presioaren erregulatzaileak.

-Mekanismo aurreztaileak.

-Ur-emariaren murriztaileak.

-Kanilak.

-Pixatoki eta komunontzien tangetarako mekanismoak.

-Euri ura biltzeko gailuak.

-Igerilekuen soberako uraren berrerabiltzaileak.

-Ur grisen berrerabiltzaileak.

-Lorategietan aurrezteko sistemak.

-Erregulazioko biltontzietako sistema aurreztaileak.

-Hoztean aurrezteko sistemak.

5. artikulua. Banakako kontagailuak.

2 a) artikuluan aipatu instalazioek hiru urteko epea izanen dute, ordenantza hau onesten denetik aitzina, uraren banakako kontagailuak ezartzeko eraikin edo lokal eta erabilera bakoitzean (igerilekuen eta lorategien kasuan). Ur bero zentralizatuko instalazioen kasuetan, eraikin bakoitzak bere kontagailua izanen du, ordenantza hau onetsi eta sei urtean.

2 b) eta 2 c) artikuluko instalazio guztiek nahitaez izanen dute bakoitzak bere ur kontagailua: etxebizitza edo lokal eta erabilera bakoitzak (igerilekuak eta lorategiak) berea. Ur bero zentralizatuko instalazioen kasuan, instalazioak bere kontagailua izanen du etxebizitza edo lokal bakoitzeko.

Eremu publiko guztiek, 2 d) artikuluaren arabera, zeinek bere kontagailua izanen dute, ordenantza hau onetsi eta hiru urteren buruan, ur kontsumoaren erregistroa izan dadin.

6. artikulua. Presioaren erregulatzaileak.

Gainpresioa galarazteko, etxebizitza bakoitzeko ur sarreraren altuera edo maila topografiko bakoitzean presio erregulatzaile bat ezarriko da.

Udalaren instalazioek (2 a) artikulua) presio erregulatzailea ezarri beharko dute, ordenantza hau onetsi eta hiru hilabeteren buruan.

Bestetik, 2 b) eta 2 c) artikuluan aipatu instalazioetan, eraikina altxatu edo zaharberritu eta berehala ezarriko da.

7. artikulua. Mekanismo aurreztaileak.

2 a) artikuluan definitutako instalazio guztietan ordenantza hau onetsi eta 3 urteren buruan, beranduenez, ezarriko dira artikulu honetan zehaztutako mekanismo aurreztaileak.

Bestetik, 2 b) artikuluan aipatu instalazioetan, haiek zaharberritu edo eraikitzearekin batean ezarriko dira.

A.-Kanila eta dutxetako mekanismoak.

Ur emaria erregulatzen duten mekanismoak -aireztatzaileak, aurrezkailuak edo antzekoak- ezarriko dira, edo ur-emaria murrizten duten mekanismoak.

B.-Kanilak.

Erabilera publikoko kanilek tenporizadoreak izanen dituzte, edo antzeko beste edozein mekanismo, itxiera automatikoduna, uraren kontsumoa mugatzeko.

C.-Pixatoki eta komunontzien tangetako mekanismoak.

Pixatoki eta komunontzien tangek mekanismo bat izan beharko dute, uraren kontsumoa dosifikatuko duena hustuketak mugatuz.

Horrelako mekanismoak ezarrita dituzten erabilera publikoko eraikinetako komunontzien tangetan errotulu bat jarri beharko da, tangek hustuketa gelditzen duen mekanismoa edo bi hustuketa motako sistema dutela dioena.

8. artikulua. Euri uraren aprobetxamendua.

Ordenantza honen mendeko eraikin eta instalazio guztiek estalkietan eroritako euri ura depositu batean bildu beharko dute ureztatze sarea hornitzeko, baldin bada, baita komunontzien tangak ere, ur grisen sarea osatzeko. Bereziki, eraikineko teilatu eta terrazetan eroritako euria bilduko da, baita beste gainazal irazgaitzetakoa ere, haietan ibilgailu eta jenderik ibiltzen ez bada.

a) Ura zertan erabili.

Euri ura parke eta lorategiak ureztatzeko erabiltzen ahal da, kanpoko zein barreneko aldeak garbitzeko, komunontzien tangak betetzeko eta ur horren ezaugarriekin bat heldu den beste erabileraren bat emateko.

b) Instalazioen diseinua eta neurriak II. eranskinean zehaztu dira.

9. artikulua. Igerilekuen soberako ura erabiltzea.

Ordenantza honetan aipatu igerilekuetan, titulartasuna publikoa zein pribatua izan, instalazio batek soberako ura jasoko du, biltegi batean sartu eta, gero, ahalik eta baldintza fitosanitario onenetan erabiliko du, tratamendu kimikorik gabe.

Igerilekuen soberako urak, irazi ondotik, edozein erabilera izan dezake, giza kontsumoa izan ezik. Ahal dela, komunontzien tangak betetzeko erabiliko da; hortaz, ez zaio kloroa kendu behar.

Instalazioen diseina eta neurriak III. eranskinean adierazita daude; kalitatearen balio eta parametroak, aldiz, ur araztuak berrerabiltzeko oinarrizko baldintzak ezartzen dituen Errege Dekretuan.

10. artikulua. Ur grisak erabiltzailea.

Titulu honen aplikazio eremuaren barreneko eraikinek ur grisak erabiltzeko sistema bat izan beharko dute. Gainerako eraikinek, lehendik badute edo ezarri nahi badute, artikulu honetako araudia bete beharko dute instalazioen segurtasunari dagokionez.

Komunontzien tangak betetzeko dutxa eta bainuontzien ura bakarrik berriz erabiltzen duen sistema da. Galarazita dago artikulu honetan zehaztutakoez bestelako tokietatik ura hartzea sistema honetarako; batez ere, prozesu industrial, sukalde, bidet, arropa-garbigailu eta ontzi-garbigailuetatik; orobat, koipea, olioa, detergentea, produktu kimiko kutsagarriak, edo agente infekzioso nahiz hondar fekal ugari izan dezakeen edozein ur.

Ur grisen zorrotenak araztegi fisikokimiko eta biologiko batera eramanen du ura, ur araztua berriz erabiltzeko oinarrizko baldintzak ematen dituen eta apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuak onetsitako DPHren erregelamendua partzialki aldatzen duen Errege Dekretuan ezarritako balioen araberako arazketa berma dadin.

Ur grisak zenbait agente izan ditzakeelako, tratamendu berariazkoa behar badu, galarazita dago zentro horietako (ospitaleak, osasun zentroak, zahar-etxea etab.) ur grisak erabiltzea, haien ezaugarriak direla eta.

Instalazioen diseinua eta neurriak IV. eranskinean zehaztu dira.

11. artikulua. Berdeguneetan aurreztea.

a) Berdeguneen oinarrizko diseinua.

Berdeguneen oinarrizko diseinuak xerolorezaintzako edo ur kontsumo apaleko lorezaintzako irizpideak beteko ditu:

-Lurraren egitura naturala errespetatzea.

-Ur kontsumo handiko guneen azalera gutxitzea, hala nola soropilena, eta gutxiago behar dutenak handitzea. Eskuarki, soropilaren azalera gutxitu beharko da eta zuhaitz, zuhaixka edo landare tapizatzaileen kopurua handitu.

-Ur premia txikiko espezieak aukeratzea edo, ureztatze beharrik ez dutenak ongi errotu ondotik.

-Lurrunduta galtzen den ura murriztu eta, aldi berean, ondorio estetiko atsegina duten estaldurak jartzea lurrean. Lorategiko tarte batzuetan harria, legarra, zuhaitzen azal puskak etab. botatzea, alegia.

-Itzalguneak sortzea, eguzkiaren indar lehortzailea murrizteko.

-Ureztatze sistema eraginkorrak erabiltzea eta antzeko ur premia duten landareak elkarrekin jartzea.

Berdegune eta zuhaitzei buruzko ordenantza batean zehaztutako espezieak erabiliko dira.

b) 1.000 m²-tik gorako berdeguneetan, soropilak azaleraren %25 hartuko du, gehienez ere.

c) Ureztatzeko sistema.

Ureztatze sistema landarediari egokitu beharko zaio. Uraren kon- tsumoa gutxitzen dutenak erabiliko dira, hala nola mikroirrigazioa, tantaka ureztatzea, orduka programatutako aspertsore sarea edo hezetasunaren detektagailuak, ureztatzeko maiztasuna kontrolatzeko, euri egunetan batez ere. Ahal dela, euri uraren kaptadoreetatik edo igerilekuen isurbideetatik datorren ura erabili behar da, kloroa behar bezala kenduta.

400 m²-ko edo gehiagoko azalera duten berdegune publiko edo pribatu berrien diseinuan kontuan hartuko da edateko ura baino gehiago euri ura eta berreskuratutakoa erabiltzeko aukera; mantentze lanetako urteko programa prestatuko da, non ura aurrezteko sistema hauek sartuko baitira:

-Ur kontagailua ureztatze eremurako propio.

-Ureztatzeko programagailuak, sail landatuaren ur beharrei egokituak.

-Eurirako, lurraren hezetasunerako eta haizerako sentsoreak, faktore horiek ureztatze beharrak aldatzen ahal badituzte.

-Ur ihesaren detektagailuak.

-Irispide laburreko aspertsoreak soropilean.

-Tantakako ureztatzea zuhaixka eta zuhaitz aldeetan.

-Jariatzea saihesteko sistemak.

d) Ur araztua erabiltzeko oinarrizko baldintzen gaineko Errege Dekretuan ezarritako balioak betetzen direla bermatuko du berreskuratutako uraren kalitateak.

e) Kontsumo handiko instalazioetako hodietan kontrol sistemak eta ur ihesen alarmak ezarriko dira (behe horniduraren konpainiak erreferentzia gisa ezartzen duen ur kontsumoaren balioa -ur bolumena/denbora- hartuko da kontuan; orobat, 1.000 m²-tik gorako lorategietan edo berreskuratutako ura erabiltzen dutenetan ureztatzeko.

12. artikulua. Erregulazioko biltontziak.

Erregulatu eta ponpatzeko biltontziak dituzten eraikinen kasuan, biltontzi horiek ongi funtzionatzeko behar diren gutxieneko neurriak izanen dituzte. Betiere, biltontziek ur kontagailua izanen dute sarreran, bost urtean behin berrikusiko dira eta estankotasunaren gaineko ziurtagiria izanen dute.

13. artikulua. Hozte sistema.

2 a) eta 2 b) artikuluan aipatu eraikinek ur zirkuitu itxiko hozte sistema izan beharko dute.

Horretarako, beste hornidura iturri batzuk erabiltzeko aukera aztertuko da.

14. artikulua. Bistarako eragina.

Uraz hornitzeko ordenantza honetan arautzen diren sistemetan, hirigintzako arauak aplikatuko dira paisaiaren ikuspegia itxuratxartu ez dadin edo paisaiaren edo arkitekturaren harmoniak kalterik izan ez dezan eta ondarea babesteko katalogo edo hirigintza planetan sartutako eraikin, gune, ingurune eta paisaiak zaindu eta babes daitezen.

Instalazioak hirigintza arauei egokitzen ote zaizkien egiaztatuko du Udalak, eta arkitekturaren integrazioa neurtuko du, baita ingurumenak izan ditzakeen onura eta kalteak ere.

Eraikin berrietan eta lehendik daudenei egindako eranskinetan ura aurrezteko sistemak, titulu honen xedekoak, aplikatuko dira, baita instalazioetako elementu teknikoen gaineko planeamendu arauetan bildutako determinazioak ere, eta eraikinak behar duen altueratik gainetik zer ezarpen duen.

Arrazoi teknikoengatik, biltontzia lurpean ez badago, zerbitzuetako instalaziotzat hartuko da eta bistarako eta estetikarako eragina galarazten duten sistemak hartu beharko dira.

Determinazio horiekin batean, eraikinean ura aurrezten duen sistema ezarriz gero, behar bezala integratzeko eta kaptadoreak zein beste ekipo osagarri batzuk ezkutatzeko neurriak hartu beharko dira, bistarako eragin gogaikarria saihestearren.

15. artikulua. Seinalizazioa.

Euri ura aprobetxatzen duten instalazioak eta soberako ur grisak erabiltzekoak diseinatzean, edateko uraren instalazioekin nahas ez daitezen bermatuko da, eta hornidura kutsa ez dadin ziurtatu. Horregatik, edateko uraz hornitzen duen saretik aparte egon beharko dute instalazio horiek, bai hornidura puntuetan bai bildu edo tratatzeko biltegietan, laneko segurtasun eta osasunaren arloko gutxieneko xedapenen gaineko apirilaren 14ko 485/1997 Errege Dekretuarekin bat. (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 97. alea, apirilaren 23koa).

Seinalizazioa piktograma bat da, non kanila beltz bat agertzen baita atzealde zuriaren gainean; ertzak eta zerrenda bat, ezkerretik eskuinera egiten duena goitik behera piktograma 45&deg.-tan zeharkatuz, gorriz (gorria izanen da seinalearen azaleraren %35 bederen). Betiere, aise ikusteko moduko tokietan egonen da errotulu hori.

Gainera, instalazio horietako hodi guztiak aise bereizi beharko dira gainerakoetatik; horregatik edateko txarra den uretarako izanen dira eta nabarmentzeko moduan seinalizatuko dira (Bada Espainiako arau bat (UNE 1063, 2000) eta gomendio bat (ISO / R 508), baina ez dituzte bereizten edateko ura eta edatekoa ez dena. Bada Frantziako seinalizazio arau bat ere (NF X 08-100).

III. TITULUA

Erabilera eta mantentze lana

16. artikulua. Erabilera eta mantentze lana

Ura aurrezten duen sistemaz hornitutako higiezin edo jardueraren erabiltzaileak behartuta daude haiek modu eraginkorrean erabiltzera, eta debekatuta dute haiek erabat edo hein batean hondatzea, baita kentzea ere.

Kontagailuek ura aurrezteko duten garrantzia kontuan hartuta, enpresa hornitzaileak behartuta daude haiek berrikusi eta aztertzera hamar urte iragan baino lehen, eta haiena da erantzukizuna.

Ura aurrezteko sistemaz hornitutako eraikin edo instalazioaren jabea edo errentaria behartuta dago mantentze lanak eta konponketak egitera, fabrikatzailearen oharrei jarraituz, instalazioak ezin hobe izan daitezen funtzionamendu, eraginkortasun eta eragimen aldetik.

Bereziki, ura berriz erabiltzeko sistemetan, aldian behin garbiketa egin beharko da, hau da, iragazkiak urtean bitan bederen garbitu eta, balio-bizitza bukatzean, aldatu. Gainera, urtean behin bederen garbituko dira ura biltzen duten deposituak. Dena dela, ekipoen fabrikatzaileak edo mantentze lanen arduradunak emandako oharrak beteko dira, baldin muga horiek lehen aipatu gutxienekoak baino luzeagoak badira.

Familia bakarreko etxebizitzei dagozkien instalazioetan izan ezik, ur grisen instalazio guztiek mantentze lanetarako kontratua izanen dute, non arazteko sistema urtean bitan bederen aztertzea sartuko baita.

Eraikin berrietan, bizilagunen elkartea eratu arte, sustatzailea dago behartua mantentze lanen kontratu hori izenpetzera; gutxienez bi urtekoa izanen da. Betebehar horri huts eginez gero, eskatzen diren lizentziak ukatuko dira; batez ere, lehen okupazioko lizentzia.

17. artikulua. Titularraren betebeharrak.

Eraikina saldu edo alokatuz gero, higiezinaren jabeak eguneratuta izan beharko du euri ura aprobetxatzeko sistemaren instalazioen berrikuspena; alegia, industriari baimenduak emandako dokumentuaren jabe izan beharko du. Gainera, eraikinean ura aurrezteko dauden sistemak deskribatzen dituen dokumentuaren kopia emanen dio erosleari edo errentariari.

Eraikin berria egin edo zaharra berritzeko obren lizentzia aurkezteko unean, higiezinaren titularrak oinarrizko proiektu bat erantsi beharko du, lotua edo aparte, ordenantza hau betetzen dela frogatzen duen instalazio eta kalkuluekin.

Obrak egindakoan, instalazioei lizentzia eta baimena emateko, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek emana, egindako instalazioak proiektuaren araberakoak direla eta funtzionatzen dutela diotena.

IV. TITULUA

Ikuskapena eta kontrola

18. artikulua. Ikuskapena.

Agintea onartzen zaie ikuskatzeko eginkizuna duten Udal honen zerbitzuko langileei.

Jarduera horretan, beharrezkotzat jotako ikuskapen guztiak egiten ahal dituzte Udaleko langileek eraikin edo jardueraren instalazioetan, ordenantza honetan aurreikusitakoa betetzen dela egiaztatzearren; frogatutzat emanen dira egiaztatzen dituen egintzak, administrazio prozedura erkidearen legediak ezarritakoaren arabera.

Instalazioetan edo haien mantentze lanetan akatsak daudela egiaztaturik, dagokion udal organoak zeregin egokiak eginen ditu eta ordenantza hau bete dadin behar diren aginduak emanen ditu; aldi berean, beste neurri batzuk hartzen ahal dira, hirigintzako legedia bete dadin.

Baldintzak eta aginduak bete daitezen, Udalak isun hertsagarriak ezartzen ahal ditu behin eta berriro; alabaina, administrazio prozedura erkidearen arloan legediaren arabera ezartzen ahal diren zehapenetatik aparte dira eta bateragarriak haiekin. Zehapen horiek 2.000 euro artekoak izaten ahal dira.

19. artikulua. Kontrola.

Udalaren zerbitzu teknikoek edozein unetan kontrolatzen ahal dituzte ura aurrezteko sistema guztien behar bezalako instalazio aurrekoa, instalazioa eta funtzionamendua, beharrezkotzat jotzen dituzten neurketa eta kontroleko metodoak baliatuz.

Horretarako, ura behar adina aurrezten dela bermatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten dokumentuak eskatzen ahal dituzte instalazioak ikuskatzean.

Ikusiz gero instalazio bat edo haren funtzionamendua ordenantzaren araberakoa ez dela, Udalaren organo eskudunak behar diren errekerimenduak eginen ditu eta, behar bada, aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko aginduko du, ordenantza bete dadin.

Udalaren organo eskudunak isun hertsagarriak ezartzen ahal ditu, kontroleko beharkizunak eta emandako ebazpenak bete daitezen ziurtatzeko.

Ordenantza hau betetzeko ardura duen Udalaren kudeaketa sailak udalerrian instalatutako ur grisen sistemak erregistratuko ditu eta haien jarraipena eta kontrola eginen du. Instalazio bakoitzaren gainean, gutxienez ere, eskema teknikoa, instalatzailearen datuak eta titular, jabe edo arduradunaren datuak izanen ditu.

20. artikulua. Informazioa erabiltzaileei.

Eraikina erosteko edo alokatzeko unean emanen zaio informazioa erabiltzaileari, ura aurrezteko sistemaren instalazioen erabilgarritasunari, funtzionamenduari eta mantente lanei buruzko jarraibide protokolizatuak eskainita.

Gehiagotan salerosiz gero, sustatzaileak eta saltzaileak dute ardura ura aurrezten duten sistemen berri emateko erosleari. Era berean, jabearena da ardura erabiltzaileei informatzeko, eraikina alokairuan jartzen bada.

Ura aurrezteko sistemen instalatzaile baimenduek instalazioen erabilgarritasunari, funtzionamenduari eta mantentze-lanei buruzko informazioa eman beharko dute jarraibide protokolizatuak baliatuz.

21. artikulua. Babesteko eta lehengoratzeko neurriak.

Obra eta erabileretan ordenantza honen aginduak betetzen ez badira, alkateak behar diren neurriak hartuko ditu urratutako legea edo aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko, hirigintzako legerian zein etxebizitza eta ingurumen arlokoan legedia babesteko aurreikusitako prozedurei jarraituz.

Aurreko atalean azaldutakoa ukatu gabe, ordenantza honetako aurreikuspenak betetzen ez badira, eraikin edo jarduerarako Udalaren lizentzia edo baimena iraungi edo kendu ahalko da, baita obrak eta erabilerak bertan behera utzi ere.

I. ERANSKINA

Definizioak

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

Ura aurrezteko sistemak: uraren kontsumoa murrizteko helburua duten mekanismo edo instalazio guztiak.

Euri ura hartzeko sistemak: euritik datorren ura bildu eta gordetzeko helburua duten mekanismo edo instalazio guztiak.

Igerilekuen soberako uraren sistemak: igerilekuen ura berritzeko sistemetatik datorren ura hartu eta pilatzeko helburua duten mekanismo edo instalazio guztiak.

Aireztatzaileak: kanila eta dutxetako ekonomizatzaileak, uraren emaria gutxitzen dutenak airea urean sartuz.

Ur emariaren murriztaileak: ur-emariaren mugatzaileak, kanila edo dutxek ematen duten ur bolumena murrizten dutenak.

Ur grisen sistemak: erabilitako ura, koipea edo eduki fekalak dituena izan ezik, hartu eta egokitzeko helburua duten mekanismo edo instalazio guztiak, harekin komunontzien tangak betetzeko edo edateaz aparteko bestelako erabileretarako.

II. ERANSKINA

Euri ura aprobetxatzen duten instalazioen diseinua eta neurriak

Euri ura harrapatzen duen sistemak ura eramanen duen kanpoko kanalizazioa (kanalak), dekantazio sistema edo hondarren iragazkia eta uraska edo biltontzia izanen ditu.

1. Edateko urarekin, inolaz ere, ez nahasteko eta hura ez kutsatzeko moduan diseinatuko da instalazioa. Segurtasun bikoitzeko sistemak behar dira ur hori eta edatekoa ez nahasteko; bestela, jarioa eteteko sistemaren bat ezarriko da.

2. Nola kalkulatu euri uraren biltontziaren edukiera.

Familia bakarreko etxebizitzetan, m³ bateko edukiera izanen du 17 m²-ko estalki puska bakoitzeko; gutxienez ere, 20 m³-koa.

Orubearen tamaina estalkiena baino %10etik gorakoa bada, 4 m³ gehiago beharko dira 100 m²-ko orube zati bakoitzeko, urteko batez besteko prezipitazioa 600 mm-tik beherakoa den aldeetan.

Familia anitzeko etxebizitzetarako, polinomio baten bidez egiten da kalkulua, non prezipitazioa, kaptazioaren azalera, erabiltzaileen kopurua eta, lorategirik bada, haren azalera, sartzen baitira. Gutxienez, hogeita bost metro kubikoko edukiera (25 m³).

Izanik:

P = prezipitazioaren faktorea (1, urteko batez besteko prezipitazioa 600 mm-tik beherakoa bada).

C = euri ura harrapatzen ahal duen estalkien azalera m²-tan.

U = erabiltzaileen kopurua (eskuarki 5, etxebizitza bakoitzeko).

J = lorategi edo berdeguneen azalera m²-tan.

G = ur grisen faktorea (1, ur grisak erabiltzen ez badira; 0,5, ur grisak erabilita).

V = euri uraren biltontziaren bolumena.

Azken bolumena honela ateratzen da:

V = C/17 + U*G + J*P/25

3. Isurbidea euri ura husteko sare edo sistemari lotuko zaio, eta hornitzeko bide bat izanen du Udalaren saretik plubiometriak urte osoan ureztatzea bermatzen ez duenerako. Udalaren saretik datorren harguneak ez du inoiz biltontziaren gehieneko maila ukituko. Biltontzi horren osasun baldintzak zaindu beharko dira.

4. Orobat, hoteletarako, 2. ataleko formula bera erabiliko da biltontziaren bolumena kalkulatzeko; gutxienez ere, hogeita hamar metro kubikokoa (30 m³) izanen da. Kasu honetan, erabiltzaileen kopurua (U) hoteleko ohe kopurua izanen da.

Biltontziak bere bidea izanen du Udalaren saretik elikatzeko, eta ez dira inoiz bi jatorrietako urak elkartuko. Elikabide horrek ez du biltontziaren gehieneko maila ukituko, bildutako uraren osasun baldintzak zaindu beharko dira eta isurbideak euri ura husten duen sistemara eramanen du.

Hainbat erabileratarako eraikinetan (bulegoak, industrian edo biltegi gisa erabiltzeko nabeak etab.), estalkietako ura bildu beharko da, eta, gutxienez ere, hamar metro kubikoko (10 m³) biltontzia izanen da.

Bada aukera, aurreko kasuen moduan, Udalaren sarera lotzeko, eta ez dira jatorri bateko eta besteko ura elkartuko. Orobat, gordetako ur horren osasun baldintzak zainduko dira, eta isurbideak euri ura husten duen sistemara eramanen du.

5. Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko, instalazioko elementu guztiek onartuko dute 70&deg. C-ko gehieneko tenperatura eta 30 mg/l-ko klorazioa -kloro hondar librea- (legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezarri zituen uztailaren 4ko 865/203 Errege Dekretua -Estatuko Aldizkari Ofizialaren 171. alea, uztailaren 18koa- eta baldintza higieniko-sanitarioak ezarri zituen maiatzaren 28ko 152/2002 Dekretuaren 5. artikulua).

6. Ahalik eta gehien bermatzearren, edozein instalaziok bete beharko ditu "Ur horniduraren barreneko instalazioetarako oinarrizko arauak" eta, bereziki, 2. tiluluko (Banaketa sare publikoen babesa ur itzuleren aurka) 2.1.4. ataletik 2.7 atalera eta 5. tituluko 5.7 ataleko (Erreserbako biltontziak) 5.7.1tik 5.7.6 azpiatalera, biak barne. 1975eko abenduaren 9ko Aginguan onetsi ziren arau horiek.

Orobat, aintzat hartuko dira uneoro ura berriz erabiltzeko oinarrizko baldintzak ezartzen dituen Errege Dekretuaren proiektuan erabilera bakoitzerako zehaztutako parametro eta mugak.

III. ERANSKINA

Igerilekuen soberako ura erabiltzen duten instalazioen diseinua eta neurriak

1. Igerilekuen soberako ura erabiltzeko sistemak ur horren lurrazpiko kanalizazioa erraztuko duen mekanismoa izan beharko du, biltontzi batera eramateko.

2. Biltontzi horren neurriak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira igerilekuan berritzen den ura, libre dagoen tokia eta ureztatuko den azalera edo zertan erabiliko den. Ez da metro kubiko bat (1 m³) baino gutxiago izanen igerilekuan libre den hiru metro koadroko (3 m²) azalera zati bakoitzeko. Ez da biltontzirik beharko komunontzien tangak betetzeko erabiltzen denean ur grisak ere hartzen dituen biltontzia partekatuz.

3. Biltontziaren ezaugarri teknikoei dagokienez, aurreko eranskinean xedatutakoari lotu beharko zaio.

4. Kostua gutxitu eta tokia ahalik eta gehien aprobetxatzearren, zilegi da euri ura eta igerilekuen soberakoa biltontzi berean pilatzea, baldin bermatzen bada uraren tratamendua irazkien bidez eta kloro hondarrak kentzen badira.

5. Uraren ingurumenarekiko kostua, eskalako ekonomiak eta guztien gozamenerako erraztasuna kontuan hartuta, urbanizazio berriek, ahal dela, igerileku komunitarioak izanen dituzte. Zenbat biztanle diren, horren araberako neurriak izanen ditu; gehienez ere, bi metro kubiko (2 m³) biztanle bakoitzeko. Gehieneko azalera metro koadro batekoa (1 m²) izanen da biztanle bakoitzeko. Arau hau betetzea ezinezkoa edo zaila denean, frogatu egin beharko da banakako igerilekuak baimentzeko beharra edo neurrien gaineko baldintzak ez betetzearena.

IV. ERANSKINA

Ur grisak erabiltzen dituzten instalazioen diseinua eta neurriak

1. Bereizita egon behar dute eduki fekalak daramatzaten hondakin uren zorrotenak eta dutxa eta bainuontzietatik hartutako uraren zorroten bakarra.

2. Araztegiak isurbide bat izan behar du eta hutsa egiten duten balbula batzuk, estolden sareari lotuak, baita hargune bat ere saretik, komunontzien tangak uneoro hornituta izan daitezen. Segurtasun bikoitzeko sistema izanen dute edo jarioaren etengailu bat, edateko uraren sarea edo ureztatzeko ekipokoa kutsa ez daitezen.

3. Urari koloragarri bat, ez toxikoa eta biodegradagarria, erantsiko zaio, ura edateko txarra dela adieraziko duena.

4. Eremu komunak aurreikusi beharko dira eraikinetan, arazketaren ekipoa kokatzeko. Aise sartzeko modukoa izanen da mantentze lana eta kontrola egiteko. Orobat, ura aurrezteko sistema honen diseinua gainerako hornidurekin batean aurreikusi beharko da; izan ere, hodi guztiek joan beharko dute eraikinen barrenetik, bistarako zirrara saihesteko.

5. Eraikinen erabilera kontuan hartuta eginen da ur grisen instalaziorako kalkulua.

Familia bakarreko etxebizitzak:

Gutxienez ere, pertsonak egunean 60 l-ko ur kontsumoa duela hartu da erreferentzia gisa, eta 100 l-koa gehienez ere.

Familia anitzeko etxebizitzak:

Erreferentziako kalkulua familia bakarreko etxebizitzetarakoa bera da, baina ur grisen sistema komuna izan behar da bizilagun guztientzat.

Hotelak:

Gutxienez ere, pertsonak egunean 90 l-ko ur kontsumoa duela hartu da erreferentzia gisa, eta 120 l-koa gehienez ere.

Kirolguneak:

Gehienez ere, erabiltzaieek batez beste egunean 60 l-ko ur kon- tsumoa dutela hartu da erreferentzia gisa. Igerilekuen erabiltzailearen kasuan, 30 l-koa baino ez, egunean.

Iragarkiaren kodea: L0805725