58. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

111/2008 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, udalen musika eskolei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena. Diru-laguntza horiek musikako ikasketa arautuak egiteko sarrera probetarako prestakuntza programak ezartzeko dira.

Martxoaren 27ko 7/2002 Foru Legeak, LOGSEk ezarritako goi mailako musika ikasketak ezartzeko modua arautu eta "Pablo Sarasate" Goi Mailako Musika Kontserbatorioa sortu zuenak, hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen du "Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bitartez, musika eskoletan musika ikasketa arautuak egiteko probak prestatzeko programak ezartzen laguntzeko sistema berariazkoa ezarriko duela, eta ezarpen maila baxuko orkestra espezialitateei laguntzeko politikak sustatuko dituela".

Lehen helburua lortzeko, Arte Ikasketen Ataleko buruak txosten bat aurkeztu du, non proposatu baitu aurreko ikasturteetan erabili den sistema manten dadila. Sistema horren aplikazioa erraza da eta eraginkortasunez laguntzen du helburu hori lortzen, musika eskolei diru-laguntza bat emanez. Diru-laguntza horren bidez, diru kopuru jakin bat emanen zaie eskolei, sarrera probak gainditu ondoren musikako erdi edo goi mailako ikasketa arautuetarako Espainiako ikastetxe batean matrikulatzen den ikasle bakoitzeko; matrikula horrek musika eskola horretan egin dituen ikasketen hurrengo ikasturterako izan behar du.

Diru-laguntza programa honekin laguntza eman nahi da musikako ikasketa arautuak egiteko sarrera probak prestatzeko programen ezarpenerako, bai eta ikasketa horiek etengabe eguneratu eta hobetzeko ere, ikastetxe bakoitzak pedagogia eta antolakuntzaren aldetik duen autonomia kendu gabe.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Udalen musika eskolei diru-laguntzak emateko 2007-2008 ikasturteko deialdia onestea. Diru-laguntza horiek musikako ikasketa arautuak egiteko sarrera probetarako prestakuntza programak ezartzeko izanen dira. Deialdia foru agindu honen I. eta II. eranskinetan ageri diren oinarriei jarraikiz arautuko da.

2. 120.000 euroko gastua baimentzea, 2008rako gastuen aurrekontuko "Ikasketa arautuak egiteko prestakuntza programetarako laguntza" izeneko 430001 43010 4609 322500 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen honen eta bere eranskinen kontra administrazio publiko interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Arte Ikasketen Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegoari, Hezkuntza Departamentuan erregistratutako musika eskolen titularrak diren udalei eta Nafarroako Foru Komunitateko kontserbatorioei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2008ko apirilaren 1ean.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

I. ERANSKINA

Udalen musika eskolei diru-laguntzak emateko 2007-2008 ikasturteko deialdia. Diru-laguntza horiek musikako ikasketa arautuak egiteko sarrera probetarako prestakuntza programak ezartzeko izanen dira

OINARRIAK

1.-Xedea.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzek ondoko xede hau dute: toki administrazioen edo haiei loturiko edo menpeko entitateen titulartasuna duten Nafarroako Foru Komunitateko musika eskolei laguntza ematea, musikako ikasketa arautuak egiteko sarrera probak prestatzeko programak ezar ditzaten.

2.-Onuradunak eta betebeharrak.

Deialdi honetan arauturiko diru-laguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroan kokaturik dauden musika eskolen titularrak diren toki administrazioek edo haiei loturiko edo menpeko entitateek, betiere Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan inskribaturik badaude.

Tuterako "Fernando Remacha" musika eskola ez da deialdi honetan sartuko. Izan ere, haren kokalekua eta musika irakaskuntzen arloan Erriberan tradizioz izan duen zeregin berezia direla eta, eskola horrek itun berariazkoa du Hezkuntza Departamentuarekin, eta itun horren helburuak orain Nafarroako gainerako udalen musika eskolei eskaintzen zaien deialdiarenak bezalatsukoak dira.

3.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Musikako ikasketa arautuak egiteko sarrera probetarako prestakuntza programak 2007-2008 ikasturtean ezarri ahal izateko udalen musika eskolei emanen zaizkien diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa 123.000 eurokoa izanen da.

Eskaera egiten duten musika eskolek 1.200 euro jasoko dituzte 2006-2007 ikasturtean matrikulatu eta 2007-2008 ikasturtean erdi edo goi mailako musikako ikasketa arautuen Espainiako ikastetxe batean sartzen den ikasle bakoitzeko.

Zenbateko osoa dagokion kontu-saileko diru kopurua baino handiagoa bada, dagoen dirua hainbanatu eginen da, musika eskola bakoitzari ikasleko eman beharreko diru-laguntza murriztuz, aurrekontuko mugetara egokitu arte.

4.-Eskaera egiteko modua eta epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Onuradungaiek Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren tokietan aurkeztu beharko dute eskabidea, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira igorririk, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Eskabidearen eredua II. eranskinean ageri da.

4.2. Eskabidea legezko ordezkariak aurkeztu beharko du, musika eskolaren titularra den entitateko organo eskudunaren erabaki batek hartarako ahaldundurik. Udala ez denean, entitatearen estatutuak erantsiko dira.

4.3. Eskabideari honako hauek erantsiko zaizkio:

4.3.1. Eskolak emandako ziurtagiria, diru-laguntzarako eskubidea duten ikasleen zerrenda duena, haien izen osoa eta 2006/2007 ikasturtean matrikulaturik egon ziren programak azalduta.

4.3.2. Musikako erdi edo goi mailako ikasketa arautuetako Espainiako ikastetxeek emandako ziurtagiriak, ikasle horiek 2007-2008 ikasturtean gradu horietako kurtso osoak egiteko matrikulaturik daudela azaltzen dutenak.

4.3.3. Musika eskolaren titularra den entitateko organo eskudunaren erabakia, eskabidea aurkezten duen legezko ordezkariari ahalmena ematen diona.

4.3.4. Entitatearen estatutuak (udal bati lotutako edo haren menpeko entitateak direnean).

4.4. Diru-laguntza eskaera osorik betetzen ez bada edo eskaera baloratzeko garrantzitsuak diren atalak behar bezala frogatzen ez badira, akatsa zuzen dezala eskatuko zaio entitate titularrari. Horretarako hamar egun balioduneko epea emanen zaio gehienez ere, jakinarazpen egunaren ondokotik hasita. Musika eskolaren titularrak eskaturiko agiriak zuzendu ezik, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko da eta haren espedientea artxibatu eginen da.

5.-Diru-laguntza emateko prozedura.

Arte Ikasketen Atala da prozeduraren instrukziorako eskumena duen organoa, eta hark eskabideak ebaluatu eta ebazpen proposamena eginen du.

Diru-laguntzen gaineko ebazpena emateko organo eskuduna Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia da.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean deialdiaren gaineko ebazpena emanen du Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak, Arte Ikasketen Atalaren txostena ikusi eta gero. Deialdiaren behin betiko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

6.-Onuradunaren betebeharrak eta frogagiriak.

6.1. Diru-laguntza hauek jasotzen dituzten entitateek, musikako ikasketa arautuak egiteko probetarako prestakuntza programaren zabalkundea eta publizitatea egiten dutenean, laguntza nondik jaso duten adierazi beharko dute.

Zabalkunde idatzi edo grafikoa egiten bada, Nafarroako Gobernuak hezkuntza programa hau ezarri eta garatzeko laguntza eman duela adierazi beharko da.

6.2. Diru-laguntza hauek jasotzen dituzten entitateek oinarri hauetako 1. atalean aipaturiko xederako erabili beharko dituzte ematen zaizkien funtsak.

Horretarako, entitate titularraren organo eskuduneko idazkariak, alkatearen edo organo horretako buruaren oniritziarekin, ziurtagiria emanen du eta bertan adieraziko du jasotako funtsak musika eskolaren dirusarreren aurrekontuan sartu direla, musika eskolaren gastuak finantzatzeko helburua ez duten bestelako kontu-sailetara ez direla eraman eta deialdi honen xederako erabili direla. Ziurtagiri hori Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalean aurkeztuko da, 2008ko irailaren 30a baino lehen.

Ziurtagiri hori aurkeztu ezean, onuradunek, hartutako dirua diru-laguntzaren helbururako erabili ez badute, Foru Ogasunari itzuli beharko diote.

7.-Bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira onuradunek administrazio honetatik, beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularrengandik jasotzen dituzten diru-laguntzekin.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Udalen musika eskolei diru-laguntzak emateko deialdia, musikako ikasketa arautuak egiteko sarrera probetarako preskuntza programak ezar daitezen. 2007-2008 ikasturtea.

Diru-laguntzaren xede den musika eskola:

Musika eskolako titularraren datuak

Toki administrazioa edo hari loturik edo haren menpe dagoen entitatea:

Titularraren IFZ (kobratu ahal izateko):

Titularraren helbide osoa:

Telefonoa:

Aurkeztu beharreko agiriak (jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatua):

1. Musika eskolak emandako ziurtagiria, diru-laguntzarako eskubidea duten ikasleen zerrenda duena, haien izen osoa eta 2006/2007 ikasturtean matrikulaturik egon ziren programak azalduta.

2. Ikasle bakoitza, 2007-2008 ikasturtean, ikasturte osorako matrikulaturik dagoeneko musikako erdi edo goi mailako ikasketa arautuetarako ikastetxearen ziurtagiria.

3. Musika eskolaren titularra den entitateko organo eskudunaren erabakia, eskabidea aurkezten duen legezko ordezkariari ahalmena ematen diona.

4. Entitatearen estatutuak (udal bati lotutako edo haren menpeko entitateak direnean).

.....................(e)n, 2008ko ................aren ..............(e)an.

Sinadura: Eskatzailea

(Toki administrazioaren edo hari lotutako edo haren menpeko entitatearen legezko ordezkaria)

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA. LANBIDE HEZIKETAREN ETA UNIBERTSITATEEN ZUZENDARITZA NAGUSIA. (NAFARROAKO GOBERNUA).

Iragarkiaren kodea: F0805656