58. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

156/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 22koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol klubek eta klub filialen titularrak diren entitateek kirol instalazioetan inbertsioak egiteko diru-laguntzen 2008ko deialdiaren arauak onesten dituena.

Kirolak irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol klubei eta klub filialen titularrak diren entiteei sortzen dizkien lehentasunetako bat kirol instalazioak eraikitzea, handitzea eta hobetzea da, kirola modu egokian egin ahal izateko. Horretarako, beharrezkoa da deialdi bat sortzea, diru-laguntzak emateko irizpideak ezarriko dituena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak gobernatzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipioak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta diru-laguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko prozedura.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 15eko 15/2001 Foru Legeak, 6.2.o) artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren esku uzten du kirola sustatzeko eskumena, laguntzak eta diru-laguntzak ematearen bidez. 79. artikuluaren 5. idatz-zatian xedatzen denez, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatearen interes orokorrerako presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituen kirol instalazioak eraikitzea eta haiei lotutako jarduketak egitea susta dezake.

Horregatik, eta irabazi asmorik gabeko Nafarroako kirol klubei eta klub filialen titularrak diren entitateei kirol instalazioetan inbertsioak egiteko ezinbestekoak diren laguntzak eskaintzeko asmoz, Nafarroako Kirolaren Institutuak entitate horiei diru-laguntzak emateko deialdiaren arauak ezartzen dituen foru agindu bat onestea proposatu du. Lehentasuna izanen dute oinarrizko kirola bultzatzen duten entitateek eta haien instalazioek, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez, kirol jarduerak edo lehiaketak garatzeko instalazio propiorik ez duten klubei publikoki eskaintzen bazaizkie.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol klubek eta klub filialen titularrak diren entitateek kirol instalazioetan inbertsioak egiteko diru-laguntzen 2008ko deialdiaren arauak onestea, kirol instalazioak, oro har, eraikitzeko, handitzeko, berritzeko eta egokitzeko, foru agindu honetako eranskineko arauekin bat.

2. 700.000 euroko gastua baimentzea, 2008ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirol entitateen instalazioak" izeneko 940001-95400- 7819-336100 kontusailaren kontura.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinaraztea.

Iruñean, 2008ko apirilaren 22an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Arauak

1. Helburua.

Foru agindu honen xedea da irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol klubei eta klub filialen titularrak diren entitateei 2008. urtean diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea kirol instalazio berriak eraiki, handitu eta hobetu ditzaten.

Deialdi honetako arauetan aipatzen diren kirol instalazioek arauzkoak izan beharko dute eta, Nafarroako Kirolaren Institutuaren iritziz, Nafarroako Foru Komunitateko kirol instalazioen oinarrizko eskuliburuari eta/edo kirol instalazioen araudiari (NIDE) eta eraikuntzari buruzko arautegi orokorrari lotu beharko zaizkie.

2. Helburua.

Aurreko arauan aipaturiko diru-laguntzak helburu hauetarako erabiliko dira:

a) Lehenengo aldiz ezartzeko diren kirol instalazioak eraikitzea.

b) Kirol praktika sustatzen duten kirol instalazioak eraikitzea eta hobetzea.

3. Onuradunak.

Diru-laguntza eska dezakete Nafarroako kirol entitateen Erregistroan inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko kirol klubek eta klub filialen titularrak diren entitateek, 2008ko ekitaldiaren barrenean bukatzen diren kirol instalazioak eraiki, handitu edo hobetzen badituzte edo 2008ko ekitaldian egiten duten obra zatia diru-laguntzaren xedeko inbertsioa adinakoa edo handiagoa izan baldin bada, eranskin honetan agertzen diren arauei jarraikiz.

4. Agiriak.

Eskaerak egiteko, eskabide orokorra beteko da, Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzendua, eta horrekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Oinarrizko obra proiektuaren ale bat, Azpiegituren Zerbitzuak aztertu eta baloratu ondoren oniritzia eman diezaion edo, bestela, behar diren aldaketak egiteko egoki diren oharrak egin diezazkion. Oinarrizko proiektuak azalpen memoria bat, plano orokorrak eta kapituluz kapitulu emandako aurrekontua bildu beharko ditu, hala nola ingurumena hobetzeko eta energia aurrezteko neurriak.

Diru-laguntzaren xede diren obrak hasiak dituzten irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol klubek eta klub filialen titularrak diren entitateek oinarrizko proiektu ikus-onetsia aurkeztu beharko dute. Proiektua Nafarroako Foru Komunitateko kirol instalazioen oinarrizko eskuliburuari eta/edo kirol instalazioen araudiari (NIDE) eta eraikuntzari buruzko arautegi orokorrari lotu beharko zaie, Nafarroako Kirol Institutuaren iritziz.

b) Obra egin nahi den lurren edo ondasun higiezinen jabetzaren ziurtagiria, indarreko hirigintza arautegiarekin bateragarria dela adierazten duena. Horren ordez, lurren erabilera 20 urtetik gora lagatzeko ziurtagiria aurkez daiteke.

c) Instalazio hori eraikitzeak edo handitzeak Nafarroako Foru Komunitatean oro har izanen duen eragina justifikatzeko memoria, instalazioko kirol zerbitzuak kudeatzeko zer jende eta diru baliabide beharko diren zehazten duena. Instalazioa maila autonomikotik gorako lehiaketa ofizialetan Nafarroa ordezkatzen duten entitateek eta/edo halako kirol modalitateetan erabiltzeko behar baldin bada, berariaz justifikatu beharko da.

d) Aurreikusitako finantzaketa kirol klubaren organo eskudunak onesteko erabakia; bertan adieraziko da egin beharreko lanaren kostua, zer funts diren beren aurrekontuetatik edo banku kredituetatik heldu direnak eta zein, halakorik bada, obrak kofinantzatzen dituzten instituzioetatik, entitate bakoitzak ordaindu behar dituen diru kopuruak eta diru kopuru horien kontzeptua adierazita.

e) Kirol klubaren idazkariaren ziurtagiria, lehendakariak oniritzia emanda, entitatearen bazkide kopurua, oinarrizko eta lehiaketako kirol taldeen kopurua, eta kirol modalitate ezberdinetan entitatea ordezkatuz parte hartzen duten kirolarien kopurua adierazten dituena.

f) Klubaren organo eskudunaren erabakia, diruz laguntzen den instalazioa Nafarroako Kirolaren Institutuak interesekotzat jotzen dituen jarduera eta erakundeentzat lagatzeko konpromisoa jasotzen duena (urtean 10 aldiz gehienez).

g) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, entitatea diru-laguntzak jasotzeko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera bakar batean ez dagoela azaltzen duena.

h) Eskatzaileak bere eskaeraren indargarri aurkeztu nahi dituen bestelako agiriak, foru agindu honetan aipatzen diren irizpide eta adierazleen gainekoak.

5. Aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Postetxeetatik igortzen diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, ziurtatu baino lehen data eta zigilua jar diezazkieten.

Hala ere, 4. arauan adierazitako agirien aurkezpenean akatsik atzemanez gero, 10 egun baliodun arteko epea irekiko da akats horiek zuzentzeko. Zuzendu ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluari jarraikiz.

6. Eskaerak nola baloratu, hautatu eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatu.

1. Laguntzak emateko prozedura Azpiegituren Zerbitzuak instruituko du. Aurkeztutako agiriak foru agindu honen I. eranskineko 2. arauan ezarritakoaren arabera tramitatu, baloratu eta aztertu ondoren, diru-laguntzak emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, diru-laguntzen deialdia ebatz dezan.

Azpiegituren Zerbitzuak arlo juridikoko administrazio publikoko teknikari baten laguntza izanen du. Teknikariak eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituztela egiaztatuko du batetik, eta bestetik, unitate organiko eskudunak antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberakoak izan diren ala ez, dagokion txostenaren bidez.

Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegituren Zerbitzuak irabazi-asmorik gabeko kirol klubei eta klub filialen titularrak diren entitate titularrei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaldu edo hobetu dezaten.

2. Irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol kluben eta klub filialen titularrak diren entitate titularren eskaerak aurrekontuetan dagoen diruaren arabera hautatuko dira.

3. Deialdi honetan diru-laguntzak hartzeko hautatzen diren Nafarroako kirol klubek eta klub filialen titularrak diren entitateek aurkeztutako proiektuko kirol obraren aurrekontuaren %33 bitarteko diru-laguntza jasotzen ahalko dute, 120.000 euro gehienez.

Eskatzaileei diru-laguntzak emateko leheneste-ordena finkatzeko, ondoko balorazio-irizpideak erabiliko dira:

A.-Instalazioan garatu beharreko urteko jardueren plana. 10 puntu bitarte.

B.-Diru-laguntzen beharraren justifikazioa. 10 puntu bitarte.

C.-Proiektua espazioari eta kokaguneari nola egokitzen zaien. 5 puntu bitarte.

D.-Entitatearen diru-ekarpena. 5 puntu bitarte.

E.-Egin daitezken kirol motak. 5 puntu bitarte.

F.-Kirol atalen kopurua handitzea. 5 puntu bitarte.

G.-Kirol talde edo ekipoen kopurua (txapelketetakoak, aisialdikoak, jolasetakoak, osasun jardueretakoak eta abar). 10 puntu arte.

H.-3. adinekoendako bakarrik diren taldeen kopurua. 10 puntu bitarte.

I.-Emakumeendako bakarrik diren taldeak. 10 puntu bitarte.

J.-Instalazioa erabiltzeko eskubidea duten biztanleen kopurua. 10 puntu bitarte.

K.-Instalazioak kirola Nafarroako Foru Komunitatean sustatzeko duen eragina. 20 puntu bitarte.

7. Ebazpena.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskaerak ematearen gaineko ebazpena gehienez lau hilabeteko epean emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuak ematen dituen diru-laguntzak jendaurrean paratuko ditu Nafarroako Gobernuko (Karlos III.aren etorbidea, 2), Nafarroako Kirolaren Institutuko (Arrieta kalea, 25) eta Kirolaren Etxeko iragarki oholetan.

2. Diru-laguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta bertan diru-laguntzaren xedeak, diru-laguntzaren xedeko inbertsioaren araberako diru-zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, diru-laguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaien ezetz, halakorik baldin bada.

Diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko da, betiere, zenbateko kreditua dagoen hartarako Nafarroako Kirolaren Institutuaren aurrekontuetan.

Diru-laguntzak ekitaldi ekonomiko batean emateak ez du inolako eskubiderik ematen ondorengo ekitaldietan ere diru-laguntzak hartzeko.

3. Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, betiere Nafarroako Kirolaren Institutuak horretarako baimenik eman gabe, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

4. Ematen den diru-laguntza hau bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Hori horrela, lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute onuradunek. Nolanahi ere, haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

5. Diru-laguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, frogagiriak aurkeztu ondoren.

8. Betebeharrak.

1. Diru-laguntza hartzen duten Nafarroako kirol klubek eta klub filialen titularrak diren entitateek laguntzaren gaineko ebazpena argitaratzen denetik hilabeteko epea izanen dute exekuzio proiektu ikus-onetsia aurkezteko, hasierako oinarrizko proiektuaren gainean egindako zuzenketak barne, horrelakorik baldin badago.

2. Kirol instalazioetan inbertsioak egiteko diru-laguntzak jasotzen dituzten Nafarroako kirol klubek eta klub filialen titularrak diren entitateek, diru-laguntza jaso ahal izateko, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2008ko abenduaren 20a baino lehen:

a) Obraren onarpen-akta, zuzendari fakultatiboak, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua.

b) Obra bukatu izanaren ziurtagiria, zuzendaritza fakultatiboak, kirol klubaren ordezkari batek eta enpresa esleipen-hartzailearen ordezkari batek sinatua, eta harekin batera sortu den gastuaren jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak.

2008ko abenduaren 20rako obra bukatzen ez bada eta toki entitateak justifikatzen ez badu 2008. urtean egindako obra zatian diru-laguntza emateko aurreikusitako inbertsioa adina edo gehiago gastatu duela, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, gertatutako murrizketaren proportzio berean.

c) Diruz lagundutako kirol instalazioaren ageriko lekuren batean plaka bat paratu izanaren ziurtagiria. Plaka horretan, diruz lagundutako lanen euskarrien diseinuari buruzko arauetan ezarritako testuarekin batera, Nafarroako Gobernuaren anagrama eta logotipoa agertuko dira, Nafarroako Foru Komunitatearen identitate korporatiboaren programaren arabera.

-Eraikuntza berriko obretan edo birmoldaketa obretan, Nafarroako Kirolaren Institutuak finkatuko ditu diruz lagundutako instalazioan toki entitatearen kargura jarri beharreko Nafarroako Gobernuaren publizitate-euskarriak.

d) CD bat, obren benetako gauzatzearen proiektu osoa gordetzen duena, Nafarroako Kirolaren Institutuak baimendutako aldaketak barne, baldin eta aldaketak egon badira obren jatorrizko proiektuarekin alderatuta.

e) Kirol klubeko idazkariaren ziurtagiria, klubeko lehendakariaren oniritzia duena, entitateak berak harturiko konpromisoa agertzeko. Konpromiso horren arabera, instalazioa diru-laguntzaren xederako erabiliko da 20 urtez gutxienez eta, erregistro publiko batean erregistratu beharreko ondasunak izanez gero, gorabehera hori eta harturiko diru-laguntzaren zenbatekoa eskrituran adieraziko dira, betiere egoki den erregistro publikoan, diru-laguntzaren zenbateko osoa ordaindu eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Atal honetan aipatzen diren baldintzak bete ondoren, diru-laguntzaren onuradun diren irabazi-asmorik gabeko Nafarroako kirol klubek eta klub filialen titularrak diren entitateek Nafarroako Kirolaren Institutuan frogatu beharko dituzte, gehienez ere hilabeteko epean.

3. Obrak Azpiegituren Zerbitzuan aurkeztutako proiektuarekin bat etorriz eginen dira. Aldaketak egitekotan, zerbitzu horrek baimendu beharko ditu. Dena dela, laguntzaren xede den inbertsioaren kostuaren gainetik sortzen den gastua onuradunaren kontura izanen da.

4. Azkenean obren kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa balitz, diru-laguntzaren zenbatekoa gertatutako merkatzearen arabera murriztuko litzateke.

5. Onuradunek onartu eta erraztu egin beharko dituzte Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen eta agiriak.

6. Nafarroako Kirolaren Institutuak, Azpiegituren Zerbitzua bitarteko, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Diru-laguntza hartzen duen erakundea beharturik dago obretan sartzen uztera eta obraren gaineko edozein agiri ematera.

9. Ez-betetzea.

1. Deialdi honetako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada, diru-laguntza emateko oinarritzat hartu ziren datuak faltsutzen edo xedeak aldatzen direla ikusten bada, horretarako baimenik izan gabe, diru-laguntza galdu eginen da, eta ordura arte jasotako kopuruak itzuli beharko dira, alde batera utzi gabe legeetan aurreikusi diren gainerako erantzukizunak. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

2. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez behin betikoz onarturiko diru-laguntzari uko egiteak edo hura bertan behera uzteak interesdunak hurrengo deialdietan aurkezten dituen eskaerak modu negatiboan baloratzea ekar dezake. Hori horrela, hurrengo bi deialdietan eskaera horiek bigarren mailako lehentasunen artean kokatuko dira.

10. Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.

Arau-hausteei, zehapenei eta erantzukizunei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da.

11. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta arauen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

12. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0806571