57. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

197/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 25ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena "Izaba-Frantziako NA-1370 errepidea (11+800 KPtik 26+000 KPra, Frantziarekiko mugan) egokitu eta hobetzeko" proiektuari buruz. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

Proiektuari, "Larra-Aztaparreta" (ES2200001) eta "Ezka eta Binies ibaiak" (ES2200027) Batasunaren intereseko lekuetan sortzen ahal dituen ondorioak direla-eta, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaio, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3 A eranskineko F azpiataleko 5 e puntuan sailkatuta dagoelako, honela: "79/409/EE eta 92/43/EE Zuzentarauak aplikatuz izendatutako babes bereziko eremuei ukitzea". Dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua. Halaber, administrazio prozedura berean, proiektuak BIL horietan izanen duen eragina behar bezala ebaluatu behar da, 92/43/EE Zuzentarauaren 6. artikuluari jarraituz.

Prozedurari ekiteko, 2006ko irailaren 28an Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak dokumentazio teknikoa aurkeztu zion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, eta 2007ko otsailaren 6an Ingurumen eraginaren azterlana aurkeztu zion. Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak 2007ko martxoaren 14an txostena eman zuen behar bezala azterturik ez zeuden alderdiei buruz eta proiektuak izan zitzakeen eragin nagusiei buruz. Txostenaren edukia kontuan izanik, Ingurumen eraginaren azterlaneko zenbait kapitulu sakonago aztertu ziren eta 2007ko maiatzeko proiektu tekniko berria egin zen, bi tartetan banatua. 2007ko uztailaren 12an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proiektu berriari egokitutako Ingurumen eraginaren azterlana aurkeztu zuen. 2007ko abuztuaren 3an Ingurumen zuzendari nagusiak txostena eman zuen Ingurumen eraginaren azterlana nahikoa zen ala ez adierazteko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Lehen eranskinean labur azaltzen dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta 2. eranskinean Ingurumen eraginaren azterlanaren ondorio nagusiak jaso dira.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak abuztuaren 31n emandako 112/2007 Foru Aginduaren bidez proiektua behin-behinean onetsi zen eta jendaurrean jarri zen Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko.

Foru agindu hori 2007ko 116. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 17an.

Jendaurreko epean bost alegazio jaso ziren: Juana María Ezquer Marco andreak bere izenean eta M. Teresa Ezquer Marco andrea ordezkatuz aurkeztutakoa, Erronkaribarko Batzar Nagusiarena, Diego Bueno de Miguel jaunarena, Nafarroako Ezker Batuarena eta Angel María Barace Garcés jaunarena. Jendaurreko informazioaren emaitza 3. eranskinean azaltzen da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osorik burutu dela, eta proiektuak Larra-Aztaparretako eta Ezka eta Binies ibaietako BILetan izanen duen eragina ebaluatu dela. Adierazi du, baita ere, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziopeko proiektuak aukera bakarra proposatzen duela, hots, errepide tarte osoa zabaldu eta hobetzea zabalera uniformea lortzeko, horixe omen delako proiekturako ezarritako segurtasun eta zerbitzu helburuak bermatzen ahal dituen aukera bakarra. Beraz, proposamen horretan oinarrituta egin da Ingurumen eraginaren azterlana. Espezie eta habitatei kalte egiteko arriskurik handiena duten proiektuko puntuak eta tarteak identifikatu dira, eta bereziki kontuan hartu da Natura Sareko eremuetarako ezarritakoa. Zuzenketa neurriak ezarri dira intereseko landare espezieen eta habitaten gaineko eragina gutxitzeko. Tokiak ezaugarri bereziak dituela eta babespeko guneak ere badirela kontuan izanik, ordea, obren fasean neurri horiek gehiago zehaztu behar dira, eta lanak hasi aurreko faseetan, berriz, lurrean zehaztu eta balizatu behar dira, ustekabeko eraginak saihesteko eta ondasun natural nagusien babesa bermatzeko.

Sustatzaileak aurkeztu duen Ingurumen eraginaren azterlanean, elurtegi eta elur-jausien kontrako hesiek fauna mehatxatuan eragina izateko arriskuak aipatzen dira, bai eta jarraipen eta analisirako azterlanak proposatu ere. Hala ere, sustatzailearen iritziz errepideko segurtasuna bermatzeko ezinbestekoak diren zenbait jarduketa jaso dira proiektuan. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi duenez, bestalde, ez da elurtegi eta elur-jausien kontrako hesirik jarri behar harik eta azterlan zehatzago bat egin arte, landa-lan eta guzti, fauna mehatxatuari kalte egiteko arriskuak ziurrago baloratu ahal izateko. Horregatik, jarduketa horiek egiteko baldintza gisa, behar bezalako azterlanak egin daitezela eskatzea proposatzen du. Gainera, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak zehatz-mehatz aztertu ditu hondakindegietarako hautatu diren guneak eta iritzi dio ez dela ezer bota behar Larrako erreserba naturalean eta baldintzapean erabili behar direla proiektuan aurreikusi eta Ingurumen eraginaren azterlanean aztertutako gainerako hondakindegiak.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedura osorik bete dela eta alegazioak aztertu direla, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ingurumen arloko eskumenak delegatzeko urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1.d artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea "Izaba-Frantziako NA-1370 errepidea (11+800 KPtik 26+000 KPra, Frantziarekiko mugan) egokitu eta hobetzeko" proiektuari buruz, ingurumenaren aldetik proiektua bideragarria dela esanez. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

2. "Izaba-Frantziako NA-1370 errepidea (11+800 KPtik 26+000 KPra, Frantziarekiko mugan) egokitu eta hobetzeko" proiektua gauzatzen denean, Ingurumen eraginaren azterlanean eta 2007ko maiatzeko proiektuan azaltzen diren zuzenketa neurri guztiak jarriko dira eta gainera ondoko baldintza hauek beteko dira:

A) Elurtegi eta elur-jausien kontrako egiturak:

-Oraingoz ezin da elurtegi eta elur-jausien kontrako egitura berririk ezarri, espezie mehatxatuei ez dietela eraginen behar adina bermatzen duten azterlanak egin arte.

-Ebazpen honen IV. eranskinean ezarritako baldintzen arabera eginen da azterlana. Faunari eta elurraren dinamikari buruzko azterlanen emaitzen arabera erabakiko da, kasua bada, instalaturiko egiturak aldatu edo kendu behar ote diren eta etorkizunean zer nolako jarduketak egin behar diren elurtegi eta elur-jausien arazoak direla-eta.

-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 2007-2008ko negutik aurrera elurraren dinamikari buruzko azterlanak eginen ditu. Datu bilketa zabala eginen da prezipitazioei buruz eta elurtegi eta elur-jausien kontra jada eginda dauden egituren portaerari buruz, horien eraginkortasuna neurtzeko edo/eta toki egokietan ote dauden eta neurri egokiak dituzten aztertzeko.

-Aldi berean Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak beste azterlan batzuk egin beharko ditu, espezie mehatxatuek habitata nola erabiltzen duten jakiteko. Urteko sasoi guztietan eginen da azterlana (migrazioa, ugaltze garaia eta negutea), eta bukatu ondoren, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak txostena emanen du, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak errepideko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak direlakoan proposatzen dituen elurtegi eta elur-jausien kontrako instalazioei buruz.

-Azterlanetan espezie mehatxatuen populazioen xehetasunak eta zenbatekoak azaldu behar dira, batez ere eper grisarenak, eta ea arrisku egoerarik dagoen elurtegi eta elur-jausien kontrako hesien ondorioz.

-Gainera, hesiekin istripuak izateko arriskurik handiena duten espezieak hegazti harrapariak direnez, batez ere sarraskijaleak (sai arrea, sai zuria eta ugatza) edo miru gorria eta aztorea, lanen helburu nagusia izanen da espezie horien presentzia, habitataren erabilera, jarduera handieneko garaiak, joan-etorrietako norabideak eta hegaldien altuera zehaztea.

-Elurtegi eta elur-jausien kontrako hesiak ez dira pintatuko eta inguruan ez da ezer landatuko harik eta hesi horiek eraginkorrak direla eta fauna mehatxatuari kalterik egiten ez diotela egiaztatu arte.

B) Faunaren, floraren eta landarediaren gaineko eragina:

-Ingurumeneko teknikari bat kontratatuko da, proiektuak animalia eta landare espezie mehatxatuei eta erreserban edo inguruko babes zerrendan dauden intereseko habitatei nola eragiten dien azter ditzan, garai egokian. Horrela proiektuaren azken eragina gutxituko da.

-Errepideko 21. kilometroaren inguruan (20+800 KP - 21+200 KP) ez dira ukituko espezie babestuak, Ingurumen eraginaren azterlanean aipatutako espezieez gain: Nigritella gabasiana, Cirsium glabrum (ezker aldean) eta Gentiana occidentalis, Saxifraga umbrosa eta Hypericum richeri subsp. burseri (eskuin aldean); inguruan Sanguisorba officinalis ere detektatu da, azterlanean aipatua baina kokatu gabea. Errepidearen bi aldeetako intereseko landareak kontserbatzerik ez badago eta ezkerrekoak edo eskuinekoak hautatu behar badira, Nigritella gabasiana eta Cirsium glabrum lehenetsiko dira. Nigritella gabasiana eta Cirsium glabrum landareak birlandatzeko proposamena ez da egokia, ez dagoelako behar adinako sostengu tekniko-zientifikorik neurri hori hartzeko. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak izendatutako teknikariekin batera egin beharreko zuinketaren mende egonen da azken erabakia.

-Ingurumen eraginaren azterlanean adierazten den moduan, intereseko habitaten gaineko eragina gutxitzeko, 13+100 KPan ezkerreko haitzak ez dira ukituko eta errepidea eskuin aldera zabalduko da.

-Fauna mehatxatuaren gaineko eragina murriztuko dela bermatzeko, 22 KPko tunelaren hegoaldeko ahotik 23+500 KPra bitartean, uztailaren erdialdetik azarora arte soilik eginen dira lanak. Hala ere, tarte horretatik pasatu ahal izanen da hurrengo tarteko obrak egiteko.

C) Hondakindegiak:

-Landarediaren eta paisaiaren gaineko eraginagatik, ez da onartzen 5. hondakindegiaren kokapena, errepidearen ezker aldean, 25+100 KP eta 25+300 KP bitartean, Larrako erreserba naturalaren barnean.

-Bestalde, 2. hondakindegia Angel Olorón aterpearen ondoan dago eta obrak amaitutakoan tokia lehengoratuko dela bermatu behar da, azpiegitura artifizialak ez gehitzeko. Horretarako landare lurra kenduko da eta obraren amaieran tokia lehengoratzeko teknikarik egokienak erabiliko dira.

-Lur soberakinak eramateko proposatu diren 3. hondakindegian (Ferialeko aparkalekua) eta 4. hondakindegian (Contiendako aparkalekua), lehendik metaturik dagoena ere kontuan hartuta, ez dira inola ere gainditu behar Erronkaribarko Ipar Eskiko Zentroa egokitzeko proiektuan (2005eko trazadura) baimendutako azalera eta bolumena. Proiektu hori Erronkaribarko Batzar Nagusiak sustatu zuen eta Ingurumen eraginaren adierazpena egin zitzaion Ingurumen zuzendari nagusiak maiatzaren 26an emandako 1315/2006 Ebazpenaren bidez.

D) Landareztatzeko eta paisaian integratzeko neurriak:

-Eraikuntza lanak egokiro programatuko dira lehengoratze lanekin batera, azken horiek urratsez urrats egin daitezen obra zibila bukatu ahala.

-Landareztatzea zohien bidez eginen da ahal den heinean. Horretarako, zuinketa egindakoan eta makinak sartu baino lehen, obraren zuzendaritzak, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuarekin batera, zohiak non jarri behar diren adieraziko du.

-Eraginaren azterlanean adierazitako baldintzak zehatz-mehatz beteko dira zohiak berritzerakoan. Betiere lanak ahalik arinen eginen dira eta zohiak erauzketa lekuaren ondo-ondoan pilatuko dira, zapaldu gabe, behar bezala aireztatuta eta hezetasun maila egokiarekin.

-Landare lurra eta obrako bestelako materialak ez dira pilatuko ingurumen aldetik sentikorrak diren guneetatik hurbil. Errepidea hobetzeko moztu behar izan ez diren zuhaitzen oinaldeak ez dira inola ere lurpean geratuko.

E) Ingurumena zaintzeko programa:

-Osorik garatuko da ingurumena zaintzeko programa, tramitatu den Ingurumen eraginaren azterlanean ezarrita dagoena.

-Obrak hasi aurretik jarduketa hauek eginen dira:

.Lanak hasi baino lehen, obraren zuzendaritzako ingurumen arduradunak eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko teknikariak lan planning-a berrikusiko dute, gune sentikorretan mugak errespetatzen ote diren begiratzeko.

.Obraren okupazioaren mugak kontrolatuko dira, eta egiaztatuko da proiektuan aurreikusitakoa eta zuinketa fasean mugatutakoa okupatzen dela, ez gehiago. Kontrolak astero eginen dira.

.Lan bakoitza hasi aurretik, behin-behineko instalazioen kokapena Ingurumen eraginaren azterlaneko babes neurrietan definitutakoarekin edo zuinketan adierazitakoarekin bat datorrela egiaztatuko da. Obrak egiten diren bitartean, hilero kontrolak eginen dira hori egiaztatzeko.

.Obrari ekin baino lehen egiaztatu eginen da moztu beharreko zuhaitzak eta iraun behar dutenak behar bezala markatu eta bereizi direla, eta babes sistemak ongi daudela egiaztatuko da, beharrezkoak badira.

.Obrek ukituko dituzten flora, landaredi eta habitat gunerik sentikorrenetan, eraginak arindu edo saihesteko prebentzio neurriak edo hautabideak proposatzen diren horietan, seinaleztapena hilero ikuskatuko da.

-Obretan:

.Zohiak pilatu eta zaintzeko baldintzak astero kontrolatuko dira.

.Lurzoruaren azaleko geruzak kentzeko lanetan kontrolak eginen dira eta zenbat sakondu behar den zehaztuko da. Horrela bermatuko da landare lurra bakarrik kentzen dela, lehengoratze lanetan erabiltzeko egokia.

.Obrak egiten diren bitartean, hamabost egunean behin ikuskapena egin eta, behar izanez gero, jarduketa osagarriak egiteko eskatuko da.

.Hondakindegiak erabiltzen diren bitartean astero ikuskapena eginen da, materialak nola metatzen diren kontrolatzeko. Hondakindegien ustiapena amaitutakoan, akabera eta lehengoratze eta landareztatze lanak ikuskatuko dira.

.Obren amaierako lanak kontrolatuko dira: obrako hondakin guztiak kentzea, materialak metatzeko erabilitako guneak berdintzea, makinak kentzea, bide lagungarriak ixtea, etab.

-Ustiapen fasean:

.Erabilitako lehengoratze neurrien jarraipena eginen da haien eraginkortasuna egiaztatzeko, Ingurumen eraginaren azterlanean adierazitako maiztasunarekin. Emaitzak ikusirik, behar izanez gero, jarduketa osagarriak proposatuko dira.

.Natura Sarearen gaineko eraginari buruzko amaierako txostena eginen da. Ukitutako azalera zehaztuko da, aztertutako habitat mota eta taxon bakoitzeko.

.Fauna mehatxatuaren jarraipenerako azterlanak eginen dira errepidearen inguruan, elurtegi eta elur-jausien kontrako hesiak direla-eta. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak ezarriko ditu jarraipen horren protokoloa eta iraupena, lehenbiziko urteko azterlanetan lortutako emaitzak kontuan izanik.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, alegatzaileei eta Izabako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 25ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

1. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Proiektuaren xedea da neguko trafikoaren segurtasuna bermatzea Izaba-Frantziako NA-1370 errepidean, Belaguako mendateko tartean. Zehazki, errepidea egokitu eta hobetu eginen da 11+800 KPan hasita, Belagua ibaiko zubia baino lehentxeago, eta Frantziako mugan dagoen 26+280 KPraino, guztira 14,480 km-ko tartean, eta zenbait jarduketa eginen dira elurtegi eta elur-jausien ondorioak saihestu edo gutxitzeko.

Errepideari dagokionez, hauxe da egokitu beharrekoa: zeharkako sekzioa 6 m bitarte zabaltzea eta trazaduraren zuzenketa txiki bat egitea, jarraipen geometrikoa emanez. Lur-erauzketak oso txikiak izanen dira. Errepidea lubeta aldera zabaltzen den tokietan harri-lubetak eraikiko dira. Drainatzea eta balizajea hobetuko dira. Belagua ibaiko zubia zabalduko da eta Larrako tunela konponduko da.

Elur-jausien eta elurtegien arazoa konpontzeko jarduketa hauek eginen dira: elur-bisutsaren kontrako sei hesi jarriko dira, eta elur-jausien kontrako 396 metroko hesi bat paratuko da Yeguaceros alderdian, errepideko 16+150 KPtik 16+300 KPra bitartean, 2005ean jarri zirenak baino gorago. Halaber, 100 m-ko bi tartek zabalera erantsia izanen dute, 20 eta 21 KPen artean.

Obrako hondeaketetan 51.200 m³ material aterako dira. Guztira 42.320 m³ beharko dira lubetak, harri-lubetetako betelanak, oinarriak etab. egiteko. Hondeaketako material gehienak ez dira egokiak betelanerako.

Hondeaketako soberakinak eramateko bost hondakindegi aurreikusten dira: 12+500 KPan, errepidearen ezker aldeko sakonunean, Indianoaren Borda dagoen tokian; Belaguako aterpeko aparkalekuaren ondoko sakonunean, errepideko 18 KPan; Ferialeko eski pistetako aparkalekuan, 21+500 KPan; Contiendako eski pistetako aparkalekuan, kiribilgunean, 24+660 KP eta 24+900 KP bitartean; eta errepidearen ezker aldeko sakonunean, 25+100 KP eta 25+300 KP bitartean.

Behar den mailegu-materiala harrobietatik ekarriko da, edo obrako hondeaketako materialak hartuko dira, erabiltzen ahal diren kasuetan.

2. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Ingurumen eraginaren azterlanean aztertu eta ebaluatu egiten dira errepidea hobetzeko proiektuaren eraginak, 2007ko maiatzeko diseinuari erreparatuta, 2004ko abenduko hasierako proiektua aldatu egin baitzen orduko ingurumen eraginaren azterlanaren ondorioz. Ingurumen eraginaren azterlan hartan proiektuari aldaketa batzuk egitea proposatu zen, eraginak gutxitzeko, eta proiektu berrian aldaketa horiek jaso dira. Proiektu honetan, batez ere, ez da elur-jausien kontrako hesi gehiago jarriko Lakorako mazelan, Larrako erreserbaren barnean. Azterlan hau garatzean beste aldaketa bat gehitu da, alegia, Belagua ibaitik legarrik ez ateratzea. Behar diren materialak harrobitik ekartzeko aurrekontua egin da.

18+200 KPtik hasita, errepideko obrak Larra-Aztaparretako ES2200001 BILaren barnean eginen dira. 21+450 KPtik 24+400 KPra bitartean eta 25+100 KPtik 25+900 KPra bitartean, Larrako erreserba naturalaren barnean eginen dira obrak.

Proiektuaren eremuko ingurune fisiko eta biologikoaren ezaugarri nagusiak aztertzen dira. Inguruko geologiari, hidrogeologiari, landarediari eta faunari buruzko xehetasunak ematen dira.

Zehatz-mehatz aztertzen dira landaredia eta, bereziki, 92/42/EE Zuzentarauaren eranskinean sailkaturiko habitatak, proiektuak ukitzen ahal duen eremuan badirelako halako batzuk. Landare komunitateen 28 mota identifikatzen dira; haietako 21 intereseko habitatak dira (18 Batasunaren interesekoak, eta 3 lehentasunezko interesekoak).

Faunaren azterketarako, Ingurumen eraginaren azterlanean kontuan hartu dira bibliografiako datuak, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dituen datuak, Erronkaribarko Ipar Eskiko Zentroaren ingurumen eraginaren ebaluazioko eta obren jarraipeneko lanen emaitzak, eta Ingurumen eraginaren azterlanaren egileek 2006an eta 2007ko udaberrian egindako ikerketa.

Natura 2000 Sarearekiko interferentziei buruzko kapitulu bat egin da, proiektuak Larra-Aztaparreta BILeko ondasunen kontserbazioari nola eraginen dion aztertu eta neurtzen duena. Ingurumen eraginaren azterlanak dioenez, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikuluan ezarritakoari jarraituz egin da azterketa.

Ingurunearen osagai desberdinen gaineko eraginak identifikatu eta baloratzen dira, bai errepide ertzetako jarduketen eraginak eta bai elurtegi eta elur-jausien kontrako hesienak eta hondakindegienak ere. Bateragarri eta moderatu artekotzat jotzen da hidrologiaren, lurzoruen, landarediaren, erabileren, ondarearen eta paisaiaren gaineko eragina, eta behar diren prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen dira. Faunari dagokionez, eraginen balorazioa egiten da, toki batzuetan larria ere izan litekeela esaten da, eta zuzenketa neurri garrantzitsuagoak garatzen dira ingurunearen osagai honetarako.

Ingurumen eraginaren azterlanak dioenez, errepideko obrak faunarentzat kritikoak izanen dira tunelaren hegoaldeko ahotik (22 KP) hasi eta 23,5 KPra bitartean. Tarte horretan faunak babesik handiena beharko du, eta obrek dirauten bitartean ingurumen jarraipen berezia egin beharko da. Gainera, obrak egiteko aldi mugatuak jarri behar dira.

Elurtegi eta elur-jausien kontrako hesiek faunari sortzen dizkioten arriskuak baloratzen zailak direla ere esaten da, eta beharrezkotzat jotzen da berariazko azterlanak egitea, elurtegi eta elur-jausien kontrako hesien eragina zehatz-mehatz ezagutzeko.

3. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko izapidearen emaitza

-1. alegazioa: Juana María Ezquer Marco andrea, bere izenean eta M. Teresa Ezquer Marco andrea ordezkatuz.

Behin betiko okupazioari buruz ondokoa alegatzen dute:

a) Egokitze lanak bukatutakoan, ukitutako finka zatia guztiz txukun utz dadila, bai itxitura, bai ibilgailuentzako sarbideko hesia, hondakin guztiak kenduta, etab.

Erantzuna:

Proiektuak dioenez, behar diren lanak eginen dira ukitutako finkak obren aurretik zeuden bezala uzteko.

b) Finkako sarrerako hesiaren ondoan dagoen gorostia kendu beharra badago, sustrai eta guzti atera dadila, lur nahikoarekin, eta berriz landatu dadila orain dagoen lekutik hurbil, hau da, finkako sarreran.

Erantzuna:

Proiektuak dioenez, obrak egiten diren bitartean horien ingurumen-jarraipena eginen da eta ingurumena lehengoratzeko neurriak hartuko dira errepideko obrek ukitutako inguru osoan. Beraz, zure eskaera aintzat hartuko da, obrek zuzenean ukitzen badute gorostia.

c) Behin betiko desjabetze honek dagokion ordain ekonomikoa izan dezala, desjabetutako lurren eta eragindako kalte eta galeren araberakoa.

Erantzuna:

Proiektuak dioenez, ukitutako andreari kalte-ordain ekonomikoa emanen zaio bere lurren behin betiko okupazioarengatik. Benetan eragiten zaizkion kalte eta galerak baloratuko dira horretarako.

"Hondakindegirako" lurren aldi baterako okupazioari buruz ondokoa alegatzen dute:

a) Finka abeltzaintzarako errentaturik dago eta okupazio aldian kobratuko ez den errentarengatik ordain ekonomikoa eskatzen dute.

b) Borda errentaturik dago eta okupazio aldian kobratuko ez den errentarengatik ordain ekonomikoa eskatzen dute.

Erantzuna:

Proiektuak dioenez, hondakindegirako hartuko diren lurren okupazioak benetan eragiten dituen kalte-galera guztien ordain ekonomikoak emanen dira.

c) Finka berriz hesitu dadila orain dagoen moduan, eta sarreran behar bezalako hesia jar dadila, material onenak erabiliz.

d) Ibilgailuentzako sarbidea berregin dadila bordetaraino.

Erantzuna:

Proiektuak dioenez, hondakindegirako hartutako lurren okupazioak ukitzen dituen elementuak ordeztuko dira, eta horretarako erabiliko diren materialak egungo materialen antzekoak izanen dira.

Bordarako sarbideari dagokionez, orain dagoen bezalaxe utziko da.

e) Finkak egun dituen metro karratuen kopurua ez dadila aldatu eta lurra ahalik gehien berdindu dadila.

Erantzuna:

Proiektuaren arabera, hondakindegirako lurrak aldi baterako soilik okupatuko dira. Hondakindegia egiten denean nabarmen hobetuko da ukitutako lurrak orain duen malda.

f) Finka osoa lurrez estali dadila ahalik ongien, soro eta bazkaleku gisa erabiltzen jarraitu ahal izateko.

Erantzuna:

Proiektuaren arabera, hondakindegiak ukitutako finka osoan landare lurreko geruza kenduko da eta gero berriro jarriko da, egungo soro eta bazkalekuen erabilera etorkizunean bermatzeko.

g) Oraingo borda harriz harri, habez habe eta teilaz teila berreraiki ordez, 2 borda berri eraiki daitezela, bat lurzati eta jabe bakoitzeko, beheko solairuarekin eta pertsonek erabiltzeko goiko solairuarekin, eta Izabako Udal Planak onartzen dituen bizigarritasun baldintzarik onenekin, garaierari, azalerari, leihoei, tximiniari, ateari eta materialei dagokienez. Bakoitzak alboan egurtegi edo estalpe bat izan dezala, egurra, lanabesak edo ibilgailua gordetzeko adinakoa.

h) Bigarren borda behinolako beste borda baten ordezkoa izanen litzateke.

Erantzuna:

Proiektuak benetan eragiten dituen kalteen ordaina bakarrik aurreikusten du, hau da, egungo bordaren ordez beste bat egitea, egin beharreko hondakindegiak bete-betean ukitzen baitu, oraingo eraikuntza-baldintza eta baldintza estetiko berberekin, materialei dagokienez.

i) Zuhaitzei dagokienez, ahalik zuhaitz gehien salba daitezela: ezkiak, intxaurrondoa, gorostia eta elorri handiak. Eta atera behar badira, berriz landa daitezela.

Erantzuna:

Proiektuak dio obren hurbileko ingurumena lehengoratu behar dela. Beraz, lehengoratze horretan kontuan hartuko da hondakindegiak benetan ukitzen dituen zuhaitzen ordezpena.

j) Egin behar izan diren kudeaketen gastuak ordain daitezela (joan-etorriak, laneko absentziak etab.).

Erantzuna:

Ukitutako finkan hondakindegia egiteak benetan eragindako kalte eta galerengatik bakarrik ematen da ordain ekonomikoa.

k) Lanak amaitutakoan obraren jarraipena egin dadila: lurrak izan ditzakeen akatsen zuzenketa, lurren drainatze egokia, uraren jaitsiera eta bilketa, lur-jausiak etab. Akatsak atzematen badira, zuzendu eginen dira dena ongi egon arte, lanen arduraduna den Herri Lan Departamentuak ontzat emanda.

Erantzuna:

Proiektuak dio jarraipen osoa eginen zaiela obrak burutzeko egin beharreko lan guztiei, obren atal guzti-guztiak behar bezala burutzen direla bermatzeko.

l) Akordio hau gauzatzen bada, idatziz jar dadila eta interesdun guztiek sina dezatela.

Erantzuna:

Alegazioak eta erantzunak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeak nahikoa bermatzen du Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bere gain hartutako konpromisoa.

-2. alegazioa: Agapito Boj Garate jauna, Erronkaribarko Batzar Nagusia ordezkatuz:

Proiektuaren arabera, bideko parrilla bat eginen da errepideko begiratokien ondoan, "General Garrido" kuartelaren parean. Haren kokapen zehatza obran erabakiko da.

Bera buru duen Batzarrak, ordea, Herri Lan Departamentuari "Cubeles" deritzon bihurgunearen ondoan bideko parrilla bat egiteko proposatzea erabaki zuen 2007ko urriaren 11ko bilkuran.

Erantzuna:

Proiektuak bideko parrilla bat egitea aurreikusten du eta Cubelesko bihurgunearen ondoan eginen da, eskatu den bezala.

-3. alegazioa: Diego Bueno de Miguel jauna, bere izenean.

Eskatzen du kontuan har dadila ingurumen fiskalari aurkeztutako salaketa, alegazio moduan, bisutsaren eta elur-jausien kontrako hesirik ez sartzeko Izaba-Frantzia errepidea hobetzeko proiektuan.

Lakora mendiko elur-jausien kontrako 617 metro hesi metalikoren instalazioa aipatzen da salaketan, hiru metro garai, Hibaia enpresak egindako Ingurumen ukipenen azterlanean oinarrituta.

Erantzuna:

Lehendabizi, esan behar da 2006. urtean Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak behar bezala tramitatu zuela Ingurumen ukipenen azterlan hori eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena eskuratu zela.

Espezieen gaineko eragina dela-eta planteatutako gaiei dagokienez, alegatzaileari adierazten zaio Ingurumen eraginaren adierazpen honetako baldintzetan neurri egokiak ezarri direla eragin horiek egokiro konpontzeko.

-4. alegazioa: Ana Figueras Castellano andrea, Nafarroako Ezker Batua ordezkatuz.

Errepidea egokitzeko proiektu honen arabera, zeharkako sekzioa 6 metrokoa izanen da. Momentu egokia da proiektuan bizikleta-erreia ere sartzeko, errepidea behar adina zabalduz. Horrela segurtasuna emanen zaie tarte honetan hain ugariak diren txirrindulariei.

Erantzuna:

Eskaera hori ezin da onartu, obren inguruko orografiak eta ingurumenak ezartzen dituzten mugen ondorioz.

Azaldutako guztiagatik, "Izaba-Frantziako NA-1370 errepidea (11+800 KPtik 26+000 KPra, Frantziarekiko mugan) egokitu eta hobetzeko" proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egin dadila proposatzen da.

-5. alegazioa: Angel María Barace Garcés jauna.

Proiektu honek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan BE-3 eta BE-4 finkak Erronkaribarko herrilurretako finkatzat ageri dira, baina bera da finka horien jabea eta jarauntsi bidezko titularra. Frogagiriak erantsi ditu.

Erantzuna:

Aurkeztutako agiriak ikusirik, Angel María Barace Garcés jaunaren alegazioa onartzen da.

4. ERANSKINA

Larran kontserbazio egoera onean dauden intereseko espezieak daudela kontuan izanik, elurtegi eta elur-jausien kontrako hesien eragina behar bezala baloratzeko egin behar den azterlanaren gutxieneko edukiak

Azterlan horretan ondokoak hartu behar dira kontuan:

-Azterlanaren gaiari buruz eskura dagoen informazioa bilduko da, alegia, mendian antzeko azpiegiturak jarri izan direnean faunarentzat sortu diren ondorioei buruzkoa.

-Laginketa egiteko metodo, lan eta data egokiak erabiliz (transektuak, laginketa estazioak, apeuen erabilera, intereseko tokien prospekzioak...) udaberriko, eztei ondoko eta neguko zentsuak eginen dira, Lakoran eta Belaguako mendatean eper arre habiagileen populazioa, ugalketa ondoko populazioa eta negukoa kalkulatzeko, eta beste hainbeste eginen da azpiegiturek ukitzen ahal dituzten beste espezie batzuekin. Zentsuak egiteko, uxaldiak eginen dira lerroan edo txakurrekin, edo antzeko beste metodoren bat erabiliko da, ale asko topatzen diren horietakoa. Metodo gogor samarrak dira, animaliak ikaratu egiten direlako eta ihesean energia galtzen dutelako. Galzoriko espeziea denez, laginketaren metodologia, datak eta abar aldez aurretik zehaztuko dira Habitaten Ataleko teknikariekin.

-Halaber, aurrekoarekin koordinaturik, behatokiak diseinatuko dira eta haietatik aztertuko da nola erabiltzen duten espazioa intereseko hegaztiek. Jarduera handieneko eremuak eta aldiak, hegaldien norabideak eta abarrekoak zehaztuko dira. Ikusten diren hegaldi eta egoera arriskutsuen jarraipen berezia eginen da. Arreta bereziz aztertuko dira hegazti katalogatuak, bai habiagileak bai migratzaileak. Azterlanak gutxienez bi ugalketa aldi eta negualdi bat bildu behar ditu (urte eta erdi), eta gutxienez 156 egunetan egin behar dira laginketak (astean bi egunetan). Laginketa guneak toki egokietan kokatuko dira, behatzailearen presentziak ahalik gutxien eragin dezan aztertzen ari diren espezieek azpiegituren inguruan espazioa erabiltzeko dituzten ohituretan. Detektaturiko espezie bakoitzari kalte egiteko arriskua baloratu behar da azterlanean, arrisku erlatiboa behintzat.

-Kalteak jasan ditzaketen espezie horien portaera detektatu eta baloratuko da, eta hura eragin dezaketen aldagaiekin lotuko (ikuspena, haizea, harrapakarien presentzia etab.).

-Azterlanaren atal batean, lehendik dauden azpiegituren jarraipen zorrotza eginen da, animalien talkak detektatzeko. Oharrak hartzeko eta azterketak egiteko behar den protokoloa sortuko da berariaz.

-Eper arrearen habitataren kontserbazio egoera aztertuko da inguruan, bai eta kaltea jasan dezaketen beste espezie batzuenak ere. Habitatak espeziea hartzeko duen ahalmena baloratuko da, eta, ahal den neurrian, inguruan hegazti horien kontserbazio egoera egokitzat jo behar den populazio maila kalkulatuko da.

-Bildutako datu historikoak eta egindako behaketak kontuan harturik, espezie bakoitzak azken urteetan izandako eboluzioari buruzko hurbilketa eginen da.

-Bildutako informazioaren ondorioz, azpiegiturek izan dezaketen eraginaren behin betiko estimazioa eginen da. Tipologiak, puntuak, datak edo horrelako azpiegiturak paratzeak izan dezakeen eragina baloratzea ahalbidetzen duten beste aldagai guztiak aztertuko dira, bai eta eragina gutxitzeko neurriak ere.

-Ingurua zaintzeko plana zehaztu beharko da ustiapen faserako. Planaren barnean azterlanak eginen dira intereseko hegaztiek espazioa nola erabiltzen duten aztertzen jarraitzeko, arrisku egoeren detekzioari arreta berezia jarriz. Ildo horretan, jarraipen lanaren hobekuntza planteatuko da zainketa planerako, zehazten den azterketa aldian zehar arrisku egoera gehien detektatu diren egoera edo epeei arreta berezia jarriz (adibidez, hego haizea, migrazio garaiak etab.). Aurreikusitako zainketa planak balorazio eraginkorra egiteko adina iraunen du.

Espezie mehatxatuen katalogoan sailkatutako espezieetan halako egiturekiko talka hilgarrien aztarnarik detektatuz gero, berehala horren berri emanen zaie Habitaten Atalari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari.

Iragarkiaren kodea: F0805809