56. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

593/2008 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Corellako saihesbidea egiteko Informazio azterlanari buruz. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

Proiektua, bere ezaugarriengatik, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskineko C multzoko a) atalean sailkatuta dago. Beraz, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaio.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan 2006ko irailaren 18an sartu zen idazkiari erantsita, Corellako saihesbidea egiteko proiektuaren laburpen-memoria bidali zuen, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedura hasteko.

Prozedura abiarazteko, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariaren idazki baten bidez, 2006ko irailaren 28an aurretiazko kontsulten tramitea egin zen, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoa betez. Kontsulta egin zitzaien 16 entitateri eta horietatik 3k erantzun zuten.

2006ko azaroaren 20an, aurretiazko kontsulten erantzunak sustatzaileari bidali zitzaizkion, Ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan kontuan har zitezen. Gainera, Ingurumen eraginaren azterlanaren derrigorrezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zitzaizkion. Jasotako erantzunak labur azaltzen dira Ingurumen eraginaren adierazpen honen I. eranskinean.

Bigarren eranskinean labur azaltzen dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta 3. eranskinean Ingurumen eraginaren azterlanaren ildo nagusiak jaso dira.

2007ko martxoaren 26an Herri Lan Departamentuak Corellako saihesbidea egiteko Informazio azterlana bidali zuen, bere Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak Ingurumen eraginaren azterlana nahikoa zela egiaztatu eta gero, 2007ko ekainaren 18an zerbitzu horretako zuzendariaren idazkia bidali zitzaion Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariari.

Nafarroako Gobernuak, 2007ko urriaren 15eko Erabakiaren bidez, Corellako saihesbidearen gaineko Informazio azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen eta Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera jendaurrean jarri zuen hilabeterako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete zitezen. Erabaki hori 2007ko 137. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 2an.

Jendaurreko aldian 3 alegazio jaso dira. Horien laburpena ematen da 4. eranskinean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erantzunarekin batera. Edukiak ez ditu aldarazten proiektuaren ingurumen-eraginak.

93/2006 Foru Dekretuaren 51. artikuluari jarraituz, 2008ko otsailaren 7an Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak txosten bat bidali du, "Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena Corellako saihesbidea egiteko Informazio azterlanaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialeko ingurumen eta hirigintza arloetako determinazioei buruz" izenburukoa, Ingurumen eraginaren adierazpena egiteko eta proposaturiko alternatiba (1. alternatiba aldatua) Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa onesteko.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aditzera eman du proiektua gauzatzen ahal dela ingurumenean eragin nabarmenik izan gabe, eta behar diren zuzenketa neurriak ezarri ditu.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedura osorik bete dela eta alegazioak aztertu direla, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ingurumen arloko eskumenak delegatzeko urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1.d artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Corellako saihesbidea egiteko Informazio azterlanari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da. Proiektua bideragarria da ingurumenaren aldetik; betiere, Ingurumen eraginaren azterlanean eta proiektuan jaso diren zuzenketa neurri guztiak hartu behar dira, eta honako baldintza hauek bete:

Hondakindegien eta instalazio osagarrien kokapena.

-Azterlanean ageri denez, hondakindegia Corellako 5. poligonoko 15., 249. eta 251. lurzatietan egonen da, interes kulturaleko ondasuna den "La Torrecilla" mausoleoaren ondoan. Ondasun horri kalterik ez egiteko, behar bezala balizatuko da hondakindegia, mausoleoaren eta hondakindegiaren artean babes zerrenda utziz, eta Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak ematen dituen arau guztiak beteko dira. Eraikuntza proiektuan ingurua lehengoratzeko proposamena sartu behar da, amaierako egoeraren luzetarako eta zeharkako profilak dituzten planoekin, eta, horren osagarri, ingurua egokiro landareztatu eta paisaiari egokituko zaio.

Obrak hasitakoan, soberakinak uste baino gehiago izan eta lurra botatzeko hondakindegi gehiagoren beharra edo proposaturikoa handitu beharra badago, ingurumen ukipenetarako baimena tramitatuko da, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituz, arau horren 2C eranskineko O atalean sailkatutako jarduketa baita. Gainera, maileguei dagokienez, inguruan ustiategi legeztaturen bat izanez gero, ez da onartuko obrari lotutako maileguen eskaerarik.

-Obrako instalazioak ingurumenaren aldetik sentikorrak diren guneetatik urrun kokatuko dira (Alhama ibaiaren bazterretatik, lehen mailako erretenetatik eta La Estancatik urrun). Arau hori bide lagungarriei ere aplikatuko zaie. Obrak bukatu ondoren, jarduketa lagungarriek ukitutako guneak lehengoratu eginen dira. Erabiltzen jarraitu behar diren bideak paisaian integratzeko lanak eginen dira: hurbileko inguruarekiko egokitze fisiografikoak, landare lurra botatzea, substratua prestatzea, ereiteak, ereite hidraulikoak, eta ukitutako zuhaitz edo zuhaixka espezieen landaketak.

Ibai-erreken babesa.

-Obrak Alhama ibaian izanen du eraginik handiena. Baliteke erreten batzuk ere ukitzea. Ibaian arau hauek bete beharko dira:

-Zubiaren pilareak eta estribuak ibai ibilgutik ahalik eta urrunen egonen dira. Eragina gutxitzeko ahaleginak eginen dira, ur ertzak zapaldu gabe lan eginez. Makinek ez dute ibaia gurutzatuko. Egitura horiek eraikitzeko arekak, ur-agorrak edo bestelako obra lagungarriak egin beharra badago, departamentu honetan deskribapen memoria aurkeztuko da, jarduketen planoekin, aldez aurretik baimena emateko. Ibai ibilguan erabiltzen diren materialek inoiz ez dute ura uhertu edo kutsatuko, eta obratik bertatik ekartzen ez badira, Departamentu honek aparte baimendu beharko ditu.

-Ibai ibilguaren zeharkako ebakidura eta luzetarako profila ahalik eta gutxien aldatuko dira.

-Ibaian dikeren bat egin beharra badago, aldez aurretik Ingurumenzaintzari deituko zaio eta obrak gainbegiratuko ditu, ibaiko arrain eta bibalboei kalterik eginen ez zaiela bermatzeko.

-Ibaian egin beharreko obrak egokiro planifikatuko dira ibaiaren ertz bakoitzean, eta abuztutik otsailera bitartean eginen dira, bi hilabete horiek barne.

-Saihesbideak ureztapen erretenak gurutzatzen dituen tokietan, 0+700 eta 0+900 KPetan, erretenak ez eteteko behar diren obrak eginen dira.

Faunaren eta landarediaren babesa.

-Landarediaren eta faunaren gaineko eragina oso txikia izanen da, jarduketak gehienbat soroak ukituko dituelako, Alhama ibaia gurutzatzen duen tartean izan ezik. Landaredi natural baliotsuaren gaineko eragina gutxitzeko neurri egokiak hartuko dira, obretan lur okupazioa murriztuko dutenak, bereziki Alhama ibaiaren bazterretan. Horretarako, belar-sastrakak garbitzen hasi aurretik, desjabetutako zerrenda zuinkatu eginen da eta huraxe izanen da gehieneko okupazio eremua bai obretan bai behin-behineko bideetako makinen zirkulazioan. Nolanahi ere, bide berriaren zabalguneko mugak ez gainditzeko ahaleginak eginen dira. Zuhaitz handiak edo bereziak teknikari espezialista batek markatuko ditu eta banakako babesa emanen zaie.

-Eraikuntza lanak egokiro programatuko dira lehengoratze lanekin batera, azken horiek urratsez urrats egin daitezen obra zibila bukatu ahala.

-Mozketak eta belar-sastraken garbiketak landareen geldialdi begetatiboan programatuko dira, errepidearen inguruko landareei kalte gutxiago egiteko eta ertz efektua arintzeko.

-Obraren inguruko ibai-erreketako ura uhertu eta lurra urez bete ez dadin, eraikuntza lanetan trazatik isurtzen diren urak bideratu eginen dira. Behar izanez gero dekantazio putzuak eginen dira, isurketa urak drainatze sistema naturaletara isuri aurretik lohiak dekantatzeko.

-Landare lurra eta obrako bestelako materialak ez dira pilatuko ingurumen aldetik sentikorrak diren guneetatik hurbil (Alhama ibaiaren bazterrak eta La Estanca alderdia).

-Errepide inguruko fauna babesteko eta haren iraupena eta mugikortasuna bermatzeko Ingurumen eraginaren azterlanean bildutako neurriak hartuko dira. Bereziki, arekak egokituko dira eta sifoiei tapa jarriko zaie, anfibioek, narrastiek eta ugaztun txikiek haietan harrapatuta geratzeko arriskua baitute. Gainera, ingurumen eraginaren azterlanak dioen bezala, zeharkako drainatze bideak animalientzako pasabideak izateko egokituko dira eta alboetan espaloiak jarriko zaizkie animaliak haietatik igarotzeko.

-Eraikuntza lanak egokiro programatuko dira lehengoratze lanekin batera, azken horiek urratsez urrats egin daitezen obra zibila bukatu ahala.

-Higaduraren aurkako babesa, ingurumena lehengoratzea eta paisaiarekiko integrazioa.

-Obrak hasi aurretik, obrek ukituko dituzten guneak eta ordainak aplikatu behar diren guneak landareztatzeko proiektua aurkeztuko zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Proiektu horrek memoria, baldintzen agiria, neurketak eta aurrekontua bilduko ditu.

-Lur-erauzketetako eta lubetetako ezpondak ahalik eta etzanenak izanen dira, salbu eta ezponda etzanen onurak lur okupazio handia konpentsatzen ez duen tokietan. Betiere ezpondaren ertza biribildu eginen da, lur naturalarekin bat egin dezan.

-Obrak hasi aurretik landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko geruza edo, lurzoruaren profila ustez sakonagoa den aldeetan, 50 cm-koa. Horrela lortutako lur emankorra pilatuta edukiko da eraikuntza fasean. Lur pilek gehienez 1,5 metroko altuera izanen dute, lurra aireztaturik eta trinkotu gabe egon dadin. Geroko kolonizazio prozesuak errazteko, lurraren ezaugarriak mantentzea bermatuko duen sistema ezarriko da: aldian-aldian erein, ureztatu eta ongarritu eginen da. Oro har, substratu hori erabiliko da landareztatu beharreko eremuetan.

-Proiektuan kontusail bat sortu behar da, zurezko landaretzaren hazkundearen hasieran (landatu ondoko 2-3 urteko epean) mantentze lanak eginen direla bermatzeko. Horrela ziurtatuko da zurezko landareak sustraitu eta hazi eginen direla. Euri gutxi egiten duen sasoian ureztapenak eginen dira, landare hilak ordeztuko dira, zurkaitzak eta landare oinetako babesak berrituko dira eta ongarritze, inausketa eta abarreko lanak eginen dira.

-Ezponda berri guztietan ereite hidraulikoak eginen dira, malda edozein dela ere. Lubetetako ezpondetan ereite hidraulikoa behin eginen da, eta lur-erauzketetan bi aldiz.

Historia eta kultura ondarearen babesa

-Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2007ko otsailaren 26an txostena eman zuen, "1. alternatiba aldatua" izeneko proiektu berriari buruz, Corellako saihesbidearen gaineko Informazio azterlana zela eta. Txosten horretan ezarritakoa bete behar da, alegia:

-Ustez badaude zista erako ehorzlekuak, erromatar garaikoak (Antzinate Berantiarra), Corellako La Torrecila mausoleoari lotuta eta haren nekropoliaren barnean. Legar-hobi zaharreko lanetan ebaki zituztelako ezagut daitezke. Ziurrenik Alhama ibaiaren terrazaren zati bat ere hartzen dute, eta 1. alternatiba aldatuaren trazadura terraza horren gainetik doa. Nolanahi ere, hileta egituraren bat agertzen bada, nahitaez induskatu beharko da metodologia arkeologikoa erabiliz.

-Corellako La Torrecilla mausoleorako proiektatu den sarbideari dagokionez, komenigarria litzateke hura egiteko ahalik eta lur gutxien kentzea. Hobe litzateke, ahal dela, behar diren materialak (legarra, zagorra etab.) lurraren gainean zabaltzea, besterik gabe.

-Obra egiten denean baliteke katalogatu gabeko ondasun arkeologikoren bat azaleratzea. Halakoei kalterik ez egiteko, Corellako iparraldeko saihesbidea egiteko behin betiko proiektuan prebentzio neurriak ezarri beharko dira, eta, behar izanez gero, zuzentze edo arintze neurriak ere bai. Neurri horiek goian aipatu txostenean azaltzen dira eta sustatzailearen kargura izanen dira.

-Arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek gauzatu behar ditu neurri horiek guztiak, legeak hala agintzen duelako, eta proiektuaren sustatzailearen kargura izanen dira. Beraz, obraren aurrekontuan kontusail bat egin behar da horretarako.

-Gainera, kontuan izanik aztertzen ari den proiektuak ez duela proposatzen ez agregakinak ateratzeko harrobirik ez materialak pilatu edo hondakinak botatzeko tokirik, ez Corellako udal mugapean ez ingurukoetan, eta proiektuari lotutako jarduera horiek ondare arkeologikoari kalte egiteko arriskua handia dela, halakoak proiektuan ezarri edo abian jarri aurretik egokitasunari buruzko txosten arkeologikoa eskatuko zaio Ondare Historikoaren Zerbitzuari. Txosten horrek Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dauden ondasunen berri emanen du eta behar diren prebentzio neurriak ezarriko ditu (neurri orokor gisa, jarraipen arkeologikoa, belar-sastrakak garbitzeko hasierako fasean).

Ingurumena zaintzeko plana.

Corellako saihesbidearen gaineko Informazio azterlanean jasotako alderdien jarraipenaz gain, arreta bereziz aztertuko da trafikoaren zarata La Estanca parean, eta nola eraginen dien zaratak inguru horretan elikatzen edo/eta ugaltzen diren animaliei eta neguan etortzen direnei. Landatutako landare hesiaren eraginkortasuna egiaztatuko da.

Gainera, ingurumena zaintzeko planaren ataletako batean kontrolatuko da lur azaleko drainatze sarea aldatu izanak nolako ondorioak dituen saihesbidearen inguruko soroetan eta La Estancan.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea betearazteko Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen honen berri jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumenzaintzari, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Corellako Udalari eta alegatzaileei, bidezko ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 17an.-Ingurumen zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

1. ERANSKINA

Aurretiazko kontsulten izapidearen emaitza

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman dituzten erantzunen laburpena:

-Corellako Udala

-Ondare Historikoaren Zerbitzua. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentua

-Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua

-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua

-Ebroko Ur Konfederazioa

-UGT

-LAB

-Nafarroako Unibertsitatea. Zientzia Fakultatea. Zoologia eta Ekologia Departamentua

-ELA

-Unión de Agricultores y Ganaderos

-NUPeko Landa Ingeniaritzaren eta Proiektuen Departamentua

-EHNE

-Gorosti N.Z.E.

-Gurelur

-CCOO

-LURRA

Hauek dira erantzun duten entitateak: Ebroko Ur Konfederazioa, Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkeologikoaren Bulegoa (Vianako Printzea Erakundea), eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

Ebroko Ur Konfederazioa / Ingurumen Ministerioa.

Hona erakunde horrek esandakoa:

-Esku-hartzeak ukituko dituen ibai, erreka edo erretenen gaineko eragin geomorfologikoa ahalik txikiena izanen da.

-Saihesbidearen proiektuaren trazaduran, eragin hidrogeologikoa saihestu edo ahalik gehien murriztu behar da, ura azaleratzen edo kargatzen den gune eta eremuei dagokienez.

-Azpisistema hidrikoari lotutako ekosistema biotikoaren gaineko eragina ahalik txikiena izanen da. Obrak ziklo biologikoetara egokituko dira eta, kasua bada, esku hartzeko irizpideak ezarriko dira.

-Obrak egiten diren bitartean ahalik eta txikienak izanen dira zeharkako eraginak: materialen pilaketa, makineria parkea, aurrefabrikatuen parkea, hormigoitze plantak, hondakindegiak, era guztietako instalazio osagarriak eta hondakinak sortzen dituztenak. Ez dira ukituko gune sentikorrak, bereziki ibai-erreken ibilguak, bazterrak eta ertzak.

-Proiektua gauzatzen parte hartuko duten giza baliabideei ingurumen arloko prestakuntzarik osoena emanen zaie.

-Beste ohar orokorrago batzuk.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

Zerbitzu horrek ondoko ohar eta iradokizunak egin ditu:

-Ez da euskarri edo pilarerik eraikiko ibaiaren ibilguan eta urak har dezakeen eremuan.

-Ibaiaren ibilguaren eta bazterren jarraitutasun ekologikoari eutsiko zaio.

-Ukitzen diren ibai bazterrak lehengoratu eta landareztatu eginen dira, euri urak lurrik eraman ez dezan ibaira, horrek ibaiko uraren kutsadura mekanikoa eraginen lukeelako, eta ondoren lohien sedimentazioa, eta arrabalekuak lohiz betetzea.

-Ibai ertzetan egin beharreko obrako babesek ahalik eta tarte txikienak ukituko dituzte. Tarte horiek berriz landareztatuko dira.

-Errepideak erretenen bat gurutzatzen duen toki guztietan animalientzako pasabideak eginen dira, lehorrak eta erabilgarriak, bisoi europarra (Mustela lutreola) eta igaraba (Lutra lutra) obraren alde batetik bestera igaro ahal izateko.

-Errepideak Alhama ibaia eta erretenak gurutzatzen dituen tokietan, obrako lan guztiak inguruan bizi diren espezie mehatxatuen garai kritikoetatik kanpo eginen dira.

Ondare Historikoaren Zerbitzua. Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atala

Atal horrek adierazi du 1. alternatibak zeharkatzen duen eremuan badagoela interes kulturaleko ondasun bat, La Torrecilla gune arkeologikoa, erromatar garaiko mausoleo bat, hain zuzen ere. Horregatik, legez esleitutako babes mailaren arabera, alternatiba hori ez da bideragarria, salbu eta trazadura aldatzen bada NA-6810 errepidearekiko gurutzagunetik aurrera, lehenbiziko 400 metroetan.

Bestalde, 2. alternatibaren trazaduratik ez urrun El Campillo aztarnategia dago. Beraz, hura aukeratzen bada kontuan hartu beharko da aztarnategiaren babesa. 3. alternatibak ez dio eragiten ondareari.

Aukeratzen den alternatiba edozein dela ere, atal horrek gehitzen du Corellako iparraldeko saihesbidea egiteko behin betiko proiektuan prebentzio eta zuzenketa neurriak ezarri beharko direla, hala nola, jarraipen arkeologikoa egitea, azaleratzen diren egitura edo aztarna arkeologikoak balizatzea eta aurrekontuan kontusail bat ezartzea neurri horiek gauzatzeko. Agregakinak ateratzeko tokietan, materialak metatzeko tokietan eta hondakindegietan ere jarraibide horiek guztiak aplikatuko dira.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin du Ingurumen eraginaren azterlanaren edukiari buruz. Ondokoak nabarmendu ditu:

-Obrak hasi aurretik, okupatuko diren lurrak garbi mugatu behar dira.

-Drainatzeko sistema egokia diseinatu behar da, drainatze bide osagarriak barne direla, obrek dirauten aldirako.

-Zeharkako drainatze egitura zabalagoak egin behar dira, animalien pasabide ere izan daitezen.

-Mailegu guneen eta hondakindegien kokapena zehaztu behar da.

-Ezpondak egokiro diseinatu behar dira.

-Zuzenketa neurriak eta ordainak definituko dira, jardueraren eragin kaltegarriak arindu edo ezabatzeko, eta, halaber, egoera zuzendu edo lehengoratzeko. Neurri horiek obra planari dagokion zehaztasun mailarekin definituko dira, eta planoetan eta aurrekontuan jasoko dira.

Ingurumena zaintzeko planaren ataletako batean kontrolatuko da lur azaleko drainatze sarea aldatu izanak nolako ondorioak dituen saihesbidearen inguruko soroetan eta La Estancan.

2. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzioa

Planteatu diren alternatiba guztiek Corellako hirigunea iparraldetik inguratzen dute, zeren horrela errepide berriaren edukiera handiagoa da hegoaldetik baino, aurkeztu den trafikoaren azterketaren arabera.

1. alternatiba: 4.200 bat metroko luzera du. N-161etik abiatzen da, 6,1 km-tik hurbil (Corellatik iparraldera), biribilgune itxi baten bidez. Handik aurrera trazadura lurraldeari egokitzen zaio; beste biribilgune itxi baten bidez gurutzatzen du Alfarora doan NA-6920 errepidea, eta La Estancako urtegiaren ertzetik igarotzen da, hegoaldetik, urtegiaren eta industrialde txiki baten artetik. Trazadura hilerriaren eta araztegiaren ertzetik pasatzen da, eta Alhama ibaia gurutzatzen du meandro batetik. Azkenik, Soriatik Castejonerako burdinbidea gurutzatu eta NA-6810 errepidearekin lotzen da, biribilgune itxi baten bidez, gaur egun NA-6810 eta NA-113 errepideak lotzen diren lekutik hurbil.

2. alternatiba: Aurrekoaren antzeko luzera du. N-161etik abiatzen da, 5,7 km-tik hurbil (Corellatik iparraldera), biribilgune itxi baten bidez. Handik aurrera trazadura lurraldeari egokitzen zaio; beste biribilgune itxi baten bidez gurutzatzen du Alfarora doan NA-6920, eta La Estancako urtegiaren ertzetik igarotzen da, hegoaldetik, urtegiaren eta industrialde txiki baten artetik. Iparralderantz pixka bat desbideratzen da, Alhama ibaia eta Soriatik Castejonerako burdinbidea gurutzatzen ditu, eta N-113 errepidean bukatzen da biribilgune itxi baten bidez.

3. alternatiba: Corellako hirigunetik urrutien igarotzen dena da. 4.900 bat metroko luzera du. N-161etik abiatzen da, 6,2 km-tik hurbil (Corellatik iparraldera), biribilgune itxi baten bidez. Handik aurrera trazadura lurraldeari egokitzen zaio; beste biribilgune itxi baten bidez gurutzatzen du Alfarora doan NA-6920, eta La Estancako urtegiaren ertzetik igarotzen da, iparraldetik, AP-68 autobidearekiko ia parez pare. Bukatzeko, eta aurrekoek bezala, Alhama ibaia gurutzatzen du, aurreko guneetatik beherago, baita Soriatik Castejonerako burdinbidea ere, eta N-113 errepidean bukatzen da biribilgune itxi baten bidez.

Irizpide askotan oinarrituriko azterketa egin ondoren, azterlanean 1. alternatiba garatzea proposatu da, kontuan harturik hobekien baloratu dela honako hauei dagokienez: ingurumen adierazleak (ingurumen eraginaren analisia eta lurrak mugitzea), trazadura eta kostu ekonomikoa.

3. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlana

Ingurumen eraginaren azterlanean ingurune fisikoaren osagaiak deskribatzen dira, eta zuzen detektatzen dira gako elementuak, eragin handiena jasan dezaketenak, alegia. Horien artean Alhama ibaiaren bazterretako laborantza lurrak nabarmentzen dira, han bizi baitira bisoi europarra eta igaraba arrunta, eta ibaiaren eta La Estancaren arteko korridore ekologiko gisa diharduten erretenen multzoa.

Alternatiben azterketan irizpide nagusi batzuk hautatu dira: natura inguruneari buruzko irizpideak, giza inguruneari buruzko irizpideak eta irizpide tekniko-ekonomikoak. Faktore guztiak batera harturik, azken emaitza hauxe da: lehen alternatiba egokitzen da ongien hautaturiko irizpide guztietara.

Eragin nagusiak identifikatzeko, eragina izan dezaketen proiektuko ekintzak eta aldaketa jasanen luketen inguruneko elementuak gurutzatzen dira. Proiektuko ekintzen fase guztiak hartzen dira kontuan (eraikuntza fasea eta ustiapen fasea).

Hona hemen eragin handienetako batzuk:

-Eraikuntza fasean, bisoi europarraren eta beste espezie mehatxatu batzuen habitataren gaineko eraginak, eta trazaren konfigurazioaren ondorioz lurraldearen eta paisaiaren morfologia aldatzea. Gainera, ureztapen ubideetako drainatze sarea desitxuratuko da. Bestalde, nabarmentzat jotzen dira La Estancako inguruaren gaineko eraginak eta Alhama ibaiaren gaineko zuzeneko ukipena.

-Funtzionamendu fasean, seguruenik hesi efektuak faunari eraginen dio, Alhama ibaitik La Estancara joan-etorrian ibiltzen diren animalien habitata zatitu eginen da eta paisaiak kalitatea galduko du.

Azterlanak prebentzio eta zuzenketa neurriei buruzko kapitulu bat dauka. Neurri gehienak landarediaren eta faunaren gaineko eragina zuzentzekoak dira: animalientzako pasabideak eta erabilera anitzeko pasabideak egitea eta sifoiei tapa jartzea, animaliak errepidearen azpitik igaro ahal izan daitezen eta ibilgailuek bisoi eta igarabak zapaldu ez ditzaten. Ezpondak landareztatuko dira, errepide berria paisaian egokitu eta integratzeko, eta zubiaren bidez aldatutako zonaren zati bat lehengoratuko da, bisoi europarraren habitata ez eteteko. Hegaztiei La Estancako urtegiaren erabilera ez eragozteko neurriak ere ezarri dira.

Ordain neurriak ere sartu dira, Alhama ibaiko ekosistemaren jarraitutasuna ahalbidetzeko eta hango legartegia lehengoratzeko.

Azkenik, ingurumena zaintzeko plana nahikoa da. Hona hemen beraren helburu nagusiak: proposaturiko prebentzio eta zuzentze neurriak betetzen direla eta eraginkorrak direla egiaztatzea, proiektua gauzatzerakoan agertzen ahal diren ezusteko eraginak kontrolatzea, eta sortutako eraginen bilakaera aztertzea.

4. ERANSKINA

Jendaurreko informazioaren emaitza

Hiru alegazio jaso dira Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan. Denak gizarte edo lurralde gaiei buruzkoak dira. Hona hemen haien laburpena:

1. alegazioa. Cristina Arellano García andrea, Corellako Udala ordezkatuz.

1. Alegatzen du Corellako 3. poligonoko 645., 646. eta 648. lurzatiak SIC Lázaro enpresarenak direla eta etorkizunean enpresaren handitze planetarako hartu nahi direla. Saihesbideak neurri batean ukitzen ditu, eta horregatik saihesbidearen trazadura aldatzeko eskatzen du.

2. Alegatzen du Corellako 3. poligonoko 1072. lurzatian beste enpresa bat dagoela eta komeni dela hark bertan irautea. Beraz, trazadura alda dadila eskatzen du, eta Corellako 3. poligonoko 649. lurzatitik igaro dadila.

3. Corellako 5. poligonoko 1022. lurzatiaren parean, lur mailako pasagunearen ordez gaineko pasagunea eskatzen du.

4. Zubi berriaren azpian ibai ertzeko bidea ez kentzeko eskatzen du.

Erantzuna: alegatutako guztia onartzen da.

2. alegazioa. Javier Navarro jauna, Corellako Udaleko alkatea.

Eskatzen du saihesbidearen hegoaldeko biribilgunetik NA-6810 eta N-113 errepideen arteko lotuneraino dagoen tartean (400 m) errepideak errei gehiago izan ditzala, eta sarbideetako bidegurutzeek biraketa erradio handiagoa izan dezatela NA-6910 eta N-113 bitartean.

Erantzuna: ez da onartzen alegazioa, errepideko trafikoaren eguneko batez besteko intentsitatea ez delako erreiak gehitzeko bezainbestekoa. Hala ere, eraikuntza proiektua garatzen den bitartean aukera horiek aztertuko dira.

3. alegazioa. Fco. Javier Fernández jauna, SIC Lázaro, S.L. ordezkatuz

1. alegazioaren 1. puntuan azaldutakoa alegatzen du.

Erantzuna: 1. alegazioaren 1. puntuari emandakoa.

Iragarkiaren kodea: F0805011