55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

VILLAFRANCA

Kultur etxeko instalazio eta ekipamenduak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Villafrancako Udalak, 2007ko abenduaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kultur etxeko instalazio eta ekipamenduak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza (2008ko 18. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 8ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Villafrancan, 2008ko apirilaren 10ean.-Alkatea, María Carmen Segura Moreno.

VILLAFRANCAKO KULTUR ETXEKO INSTALAZIO ETA EKIPAMENDUAK ERABILTZEKO TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua.

Ordenantza honetako tasa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluari eta ondokoei jarraituz ezarri da, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak tasa eta prezio publikoen gaietan aldatu baitzuen, aipatu legearen 100.5 artikuluari jarraikiz.

Zergapeko egintza

2. artikulua.

Ordaindu beharra sortzen da kultur etxeko instalazio, lokal eta ekipamenduak erabiltzen hasten denean eta zehazki ondoko hauetan:

Irabazi asmoa duten entitateek eta pertsonek halako une eta kasu zehatzetan kultur etxeko instalazio, lokal eta ekipamenduak erabiltzeagatik, salbu eta halako ondasun higigarri batzuk, hala nola ikus-entzunezkoak, megafonia eta abar, baliabide deituko ditugunak.

Kultur etxeko instalazio, lokal eta ekipamenduen erabilera horiek mugak badituzte, hots, kontzesio zehatzak izanen dira, zentroko egutegiaren eta ordutegiaren menean egonen dira eta astebete lehenagotik aurreikusitakoaren arabera erabilgarri diren toki eta baliabideek mugatuko dituzte, halako moldez non irabazi asmorik gabeko talde, kolektibo, elkarte eta entitateek erabiltzeko lehentasuna izanen baitute, kultur etxearen erabilera arautzen duen ordenantzan jasotzen dena.

-Kultur etxeak eta Udalak antolaturiko ekitaldi soziokulturaletara joateagatik.

-Udalak edo Kultura Batzordeak programatutako ikastaro, tailer edo mintegietan parte hartzeagatik.

-Kultur etxeko eremu eta baliabideak lagatzeko araubidearen onuradunak diren irabazi asmorik gabeko entitateek, legearen arabera antolaturikoek, erabilera mugatuko eremuak okupatzeagatik, kultur etxearen erabilera arautzen duen ordenantzan jasotzen baita.

3. artikulua.

Ekipamendu soziokulturala zerbitzu publikoko ondasuna da, komunitatearen eta norbanakoen garapena bultzatzera eta elkarteen jarduna nahiz hiritarren parte hartzea sustatzera bideratua. Kultur etxea izeneko ondasun higiezinari dagokio, Villafrancako Cava kaleko 22an baitago.

Subjektu pasiboa

4. artikulua.

Honakoak dira subjektu pasiboak: ekipamenduak edo baliabideak erabili edo baliatzen dituztenak eta baita kultur etxean ekitaldi soziokultural, ikastaro, tailer edo mintegietara joan edo horietan parte hartzen dutenak.

Zerga-oinarria

5. artikulua. Honako hauek dira:

-Irabazi asmoa duten pertsonek edo entitateek kultur etxea erabiltzen dutenean, lagatu edo erabilitako ordu bakoitza, erabilera kontzesiorik gabe edo hura gaindituz egiten bada ere.

-Ekitaldi soziolkutural, ikastaro, tailer edo mintegietara joan edo horietan parte hartzen bada.

-Irabazi asmorik gabeko entitateek erabilera mugatuko eremuak okupatzen dituztenean, egun, aste edo aste puska bakoitza.

-Baliabideak erabiltzerakoan, erabilera ordu bakoitza.

Ordaindu beharra

6. artikulua. Ordaindu beharra honelakoetan sortuko da:

-Irabazi asmoa duten pertsona edo entitateek kultur etxea erabiltzeagatik, behar den baimena ematen denean. Onuradunek beren eskubideei uko egiten badiete Udalari gutxienez ere bi egun lehenagotik ohartarazi gabe, ezinezkoa izanen da tasak murriztea.

-Ekitaldi soziokultural, ikastaro, tailer edo mintegietara joan nahiz horietan parte hartzeagatik, ekitaldia non, hara sartzeko balio duen eskubidea, kontzesioa edo txartela erosterakoan, edo erakunde edo entitate publiko edo pribatuek, irabazi asmoa dutenak edo gabekoak izan, egin programetan izena ematerakoan, eta halaber kultur etxean burutzen diren programetan izena ematerakoan. Behin programak hasiz gero, ez dira izena emateko ordaindutako tasak itzuliko.

-Irabazi asmorik gabeko entitateek erabilera mugatuko eremuak okupatzeagatik, kontzesioarekin batera.

-Baliabideak erabiltzeagatik, kontzesioarekin batera.

Sorturiko tasez gain, subjektu pasiboek beren esku utzitako ondasun higiezin nahiz kultur etxeko higigarrian gertaturiko kalteen erantzule izanen dira. Erantzukizun hori dela eta, Udalak, beharrezkoa baderitzo, fidantza uzteko eska dezake.

Kontzesioak eta baimenak besterenezinak dira; hortaz, onuradunek ezin dizkiete beren eskubideak hirugarrenei lagatu.

7. artikulua.

Eskatutako kontzesioak lortzen dituztenek horien izaera eta xedea kontuan hartuz erabili beharko dituzte, inolako kalterik ez sortzeko, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela eta gerta daitekeen higadura izan badaiteke ere.

8. artikulua.

Kultur etxeko eraikina edo lokala erabiltzeko giltza behar denean, erabilera eskatu duenak izanen du giltza kultur etxeko etxezainari bueltatzeko ardura. Ez du horren kopiarik eginen, horretarako alkatearen baimena jaso ezean; kopiak ateraz gero, eraikin eta lokalen erabilaldia bukatutakoan itzuliko zaizkio Udalari.

9. artikulua.

Kultur etxeko eraikina, lokalak, instalazioak edo zerbitzuak erabili nahi dituzten pertsonek edo entitateek idatziz eskatu beharko diote Villafrancako Udalari, beren identifikazio datuak, beharrak, erabileraren denbora, okupatzaileen nortasun zenbakiak eta erabileraren helburua adieraziz.

Villafrancako Udalak, eskatutakoaz ebazteko egoki irizten dion dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatu ahalko du.

Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabileraren ondoriozko harremanak izateko, horrexetarako izendatzen den lagunarekin edo, inor aipatzen ez bada, eskatzaileetan lehenbizikoarekin arituko da Udala.

Tarifak

10. artikulua.

Aplikatuko diren tarifak honekin batera doan eranskinean agertzen dira, eta indarra izanen dute Udalbatzak aldatzen edo indargabetzen ez dituen bitartean.

11. artikulua.

Aurreko artikuluetan zehaztu bezala, Udalak, edo Alkatetzak, kasua denean, eskatzen ahalko du fidantza era dadin, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Fidantza horrek bermatuko du kultur etxeko lokal eta ondasunak ongi erabiltzeko eta, halaber, haietan kalte-galerarik gertatzen bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalteordainen berme izanen da.

Fidantzaren zenbatekoa izanen da lokal, instalazio edo ondasunak erabilitako denbora guztiarengatik likidatutako prezioaren erditik osora bitartekoa.

12. artikulua.

Kultur etxeko lokalen erabilera amaituta, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari eta horrek egoki ikusten dituen ikuskapenak egiten ahalko ditu.

Erabiltzaileek betebeharrak bete dituztela eta kalterik ez dagoela ikusi ondoren, Udalak eta, kasua bada, Alkatetzak, fidantza itzuliko du, baldin eta lehendik hura eratzeko eskatu bazen.

Kontrakoa gertatuz gero, bidezkoak diren erantzukizunak eskatuko ditu eta eragindako kalte-galeretatik eta bidezko diren zehapenetatik etor daitezkeen diru erantzukizunak ordaintzeko izanen da fidantza.

13. artikulua.

Kultur etxeko lokal, instalazio eta zerbitzuen eabiltzaileek erantzun beharko dute, maltzurkeria edo utzikeria direla medio bertan eragindako kalte eta galerengatik.

14. artikulua.

Okupatzaile edo erabiltzaileak bat baino gehiago badira, denek elkarrekin eta solidarioki ordainduko dute bai tasa, bai higiezinean, instalazioetan edo ondasunetan egiten diren kalte-galeren ordaina.

15. artikulua. Azken xedapena.

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behin betiko onetsi ondoren.

ERANSKINA

Kultur etxea

A) Aretoak (bikura aretoa ezik).

-1. kategoria: Udalak eta beste administrazio publiko batzuek eta haien erakunde autonomoek, beraien baliabideak erabilita, sustatu, antolatu edo koordinatzen dituzten jarduerak: 0,00 euro/ordua.

-2. kategoria: administrazio publikoek sustatu edo koordinatutako jarduerak, kontratazio, lagapen edo hitzarmen bidez, irabazi asmoa duten edo asmorik gabeko entitateekin. Administrazio publikokoak ez diren eta irabazi asmorik ez duten gizarteko elkarte eta entiteak, instituzionalki homologatuak: 0,00 euro/ordua.

-3. kategoria: sindikatu, kooperatiba, auzo elkarte, gremioetako elkarte, eta antzeko beste entitateak, betiere irabazi asmorik gabekoak eta ez gizarte arlokoak, beraien taldeko interesak sustatu eta defendatzeko jarduerak egiteagatik: 6,00 euro/ordua.

-4. kategoria: irabazi asmoa duten entitate edo pertsona pribatuek antolatu edo garatutako jarduerak: 12,00 euro/ordua.

B) Bilkura aretoa:

-1. kategoria eta 2. kategoria: 0,00 euro/ordua.

-3. kategoria: 10,00 euro/ordua.

-4. kategoria: 20,00 euro/ordua.

C) Aretoak, ikastaro etengabearen kasuan.

Astero erabiltzen den egun bakoitzeko, hilabetean 30 euroko tasa ezartzen da.

Iragarkiaren kodea: L0805565