55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

696/2008 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena esnetarako behiak ustiatzeko jarduerarako, Arakilgo udal mugapean. Titularra Ganadería Etxeberri eraldaketarako nekazaritza sozietatea da.

Instalazio hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2B eranskineko 9.1 f) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo behien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 250 esnetarako behi baino gehiago dituztenak" izenekoan, eta beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Espedientea Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean adierazitakoari jarraikiz tramitatu da, bertan agindutako txostenak prestaturik.

Ebazpen honen IV. eranskinean, orain arte egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da. V. eranskinak, berriz, jendaurrean egoteko aldian aurkeztutako alegazioak eta bakoitzari eman zaion erantzuna biltzen ditu.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendariari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea esnetarako behiak ustiatzeko jarduerarako, Arakilgo udal mugapean. Titularra Ganadería Etxeberri eraldaketarako nekazaritza sozietatea da.

2. Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea aipatu instalaziorako, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

3. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1107/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea, betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

4. Ingurumen arloko baimenak zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 11. artikuluan xedaturikoarekin bat.

6. Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Ekoizle Txikien erregistroan ematen zaio izena, urriaren 13ko 312/2006 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. PP/1143/NA/2007 zenbakia izanen du. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A102 (3) da, txerri ustiategia, hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Ekoizten ahal diren hondakin arriskugarriak ingurumen arloko baimen osatu honen III. eranskinean ageri dira.

7. Nekazaritzako instalazio horretan simaurrak sortu eta kudeatzeko plana onetsi da.

8. 2008ko maiatzaren 31a baino lehen, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentuak araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpenik badago.

10. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

11. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Ebazpen hau jakinaraztea Ganadería Etxeberri eraldaketarako nekazaritza sozietateari, Arakilgo Udalari, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iruñean, 2008ko apirilaren 7an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0805397