55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

167/2008 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, Larraungo ur horniduraren proiekturako (5. fasea) Larraungo eta Lekunberriko udal mugapeetan. Proiektua Lekunberriko Udalak sustatu du.

2007ko abenduaren 28an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezartzen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proposamenaren aldeko txostena eman du lurzoru urbanizaezinari dagokionez, baina determinazio hauek finkatu ditu: batetik, sustatzaileak beharrezkoak diren baimenak eskuratu beharko dituela obrek ukitzen ahal dituzten azpiegitura eta zortasunetan esku hartzeko, eta bestetik, indarreko udal planeamenduan ezarritakoa bete behar dela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Larraungo ur horniduraren proiekturako (5. fasea) Larraungo eta Lekunberriko udal mugapeetan. Proiektua Lekunberriko Udalak sustatu du.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Lur mugimenduen hasieran, landare-lurreko belar-sastrakak garbituko dira (lurzoruaren azaleko geruza emankorra) eta hornidurak uki ditzakeen arbolen aireko zatiak moztu edo kimatuko dira, mugetako zuhaitzetan edo Txipuetako erreka aldeko landareetan, Lekunberrin.

Neurri horiek arreta bereziarekin bete beharko dira El Cabezueloko erretenean eta 0+300 k.p.an iparraldetik datorren hodia gurutzatzen duen erretenean, landaredia berezia dutelako.

-Larraun ibaiaren ibilguaren ondoan eta egin beharreko EUTEren obra eremuan bereziki, obra materialak pilatu edo abandonatzeagatik edo makineria alubioi-lurzoruetan edo karstaren gainean uzteagatik ur freatikoak edo lur azaleko urak kutsatzeko arriskua saihestuko da.

Obretatik sortutako soberakinak, zoladura hondakinak eta eraispenetako hondakinak hondakindegietara eramanen dira, bakoitza bere tokira. Bereziki begiratuko da soberako lurrak ez direla abandonatuko EUTEren obra eremuko ibarbide txikietan edo sakonuneetan, idoi eremuak edo hango landareak ez ukitzeko.

-Proiektugileak adierazitakoarekin bat, UETEren obra eremuko sarrera,"Aralar mendilerroa" izeneko ES2200020 BILaren barrenean, egun dauden bideak erabiliz eginen da bakar-bakarrik, eta ez da bide-tarte berririk irekiko edo arbolarik botako bidearen sekzioa handitzeko.

-Hodiak Txipuetako erreka gurutzatzen duen tokian, okupazioa ahalik eta txikiena izanen da, erribera aldeko altzadiak izeneko 91E0* lehentasunezko intereseko habitateko landareen gaineko ukipena gutxiagotzeko, eta horretarako, zangan eskora-oholtza jarriko da edo beste neurri batzuk hartuko dira zabalera mugatzeko.

Era berean, erreka gurutzateko tokian, obren zortasun eremuaren zabalera murriztuko da, 20 metrokoa izan beharrean zanga okupatzeko behar-beharrezkoa den zabalera izanen baitu, eta hornidurarentzat proiektatutako hustubidearen ahoa ukitutako ubidearen tartean integratuko da.

-Proiektuan adierazitakoarekin bat, 0+124 p.k.tik 0+221 k.p.ra, trazaduraren ondoan dagoen auzoberriko eraikuntza tartean, hodia hiri lurzorutik eramatea aurreikusiko da, auzoberriaren ondoan dagoen zuhaiztiaren gaineko eragina gutxiagotzeko.

-Proiektuan aurreikusitako neurriekin bat, Lekunberrirako eta EUTEren obra eremurako aurreikusitako hodiak lurzoru urbanizaezinetik eramateko tartean, zanga bete ondoren, lurraren azalera landare-lurra erantsiz lehengoratuko da eta adierazi diren ereintzak eginen dira oihan lurretan.

-Obrak hasi aurretik, Lekunberriko hornidurarako aurreikusitako lanetan ondare arkeologikoa babesteari buruz "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura Departamentuak egin beharreko txostena aurkeztu beharko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Erabaki hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari eta Lekunberriko eta Larraungo udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 2an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0805102