55. ALDIZKARIA - 2008ko maiatzaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

122/2008 FORU AGINDUA, apirilaren 2koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatu eta sustatzeko Nafarroako toki garapeneko partzuergoei eta beste elkarte batzuei 2008an diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Abenduaren 18ko 90/2006 Foru Dekretuaren arabera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea du xede, Nafarroako bizitza politikoko, ekonomikoko, kulturaleko eta sozialeko esparru guztietan. Horretarako, sexuen arteko berdintasuna ahalbidetzen duten baldintzak bultzatuko ditu, izatezko eta zuzenbidezko osotasuna eragozten duten oztopoak gainditzeko eta Nafarroako emakumeen eta gizonen gaineko bereizkeria mota guztiak deuseztatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planak (2006-2010), zeharkako 1. arloan (Aukera berdintasunaren printzipioa administrazio publikoetan txertatzea), 1.8 helburu gisa proposatzen du Nafarroako toki entitateen konpromisoa bultzatzea emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren arloan. Eta, zehazki, 1.8.2. ekintzak adierazten du beharrezkoa dela "Udalek foru planaren proposamenak zehaztuko dituzten berdintasun planak egin eta onets ditzaten bultzatzea, laguntza eta lankidetza bideak ezarriz; gainera, 1.8.3. ekintzan ageri da "Toki garapena lehentasuntzat hartu behar dela eta, beraz, planaren ekintza guztiek hari erantzun behar diotela."

Nafarroako Gobernuko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ustez, modu egituratuan lan egiteak, administrazio eta lurralde esparru ezberdinetatik errealitateari elkarrekin erantzunez, aukera berdintasunerako ekintza eta politika eragingarriagoak eta eraginkorragoak ekarriko ditu, eta, ondorioz, helburuak modu produktiboagoan lortzen ahalko dira.

Horregatik uste da beharrezkoa dela toki entitateekin finkatu diren lan ildoak Nafarroako toki garapeneko partzuergoei eta beste elkarte batzuei zabaltzea, herrietako udal gehienak biltzen dituzten erakundeak baitira, eta beren eremuetan garapen estrategiak prestatu, onetsi eta garatzen dituztenean genero ikuspegia txertatzeko gaitasuna baitute.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatu eta sustatzeko Nafarroako toki garapeneko partzuergoei eta beste elkarte batzuei 2008an diru-laguntzak emateko deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean ageri diren arauei jarraikiz.

2. 24.500,00 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateentzako transferentziak, berdintasun politikak sustatzeko" izeneko 930001 94000 4609 232200 kontusailaren kontura.

3. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko apirilaren 2an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Arauak

1. araua. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bultzatu eta sustatzeko Nafarroako toki garapeneko partzuergoei eta beste elkarte batzuei 2008an diru-laguntzak emateko arauak ezartzea. Hauek dira helburuak:

1.-Toki esparruan emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna eta benetako berdintasuna sustatzea.

2.-Toki esparruan genero mainstreaminga apliatzeko baldintzak sortzea.

3.-Emakumeek boterea hartzea sustatzea toki esparrutik.

2. araua. Entitate onuradunak eta baldintzak.

Deialdi honetara entitate hauek aurkez daitezke:

1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 212. eta 213. artikuluetan ezarritakoaren arabera eratu diren partzuergoak, helburu nagusia beren lanaren eraginpeko lurraldearen garapena bultzatzea baldin bada.

2. Irabazi asmorik gabeko elkarteak, indarra duen legeriaren arabera eratuak eta nortasun juridikoa dutenak, Nafarroako toki entitateez osatuta badaude gehienbat eta helburu nagusia beren lanaren eraginpeko lurraldearen garapena bultzatzea baldin bada.

3. araua. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak eta horiek gauzatzeko epea.

1. 2008ko urtarrilaren 1etik abenduaren 12ra bitarte gauzatu diren aukera berdintasunerako ekintza eta proiektuei emanen zaie diru-laguntza.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak:

2.1. Prestakuntza proiektuak: ikastaroak, lantegiak, gogoetarako eta eztabaidarako taldeak, betiere generoaren ikuspegitik.

2.2. Sentsibilizazio eta zabalkunde proiektuak: kanpainak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, sentsibilizazio materialak egitea, generoaren ikuspegitik.

2.3. Ikerketa, plangintza eta ebaluazio proiektuak, generoaren ikuspegitik.

Aurkezten diren proiektuek 1. arauan adierazitako helburuekin lotuta egon beharko dute, aukera berdintasuna eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatu beharko dute, generoaren zeharkakotasuna aplikatzeko baldintzak sortu beharko dituzte eta emakumeek indarra hartzea bultzatu beharko dute.

Horretaz gainera, toki garapeneko partzuergoak edo elkarteak aukera berdintasunerako plana onetsia badu, aurkezten diren proiektuak hari lotuko zaizkio.

Aurkezten diren proiektu guztiek eragina izan beharko dute, bereziki, biztanle gutxien eta landa-indizerik handiena duten herrietan, garapeneko partzuergoaren edo elkartearen eraginpekoetan betiere.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuen kopurua.

Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du, eta 6.5 arauko irizpideen arabera baloratuko da.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntzak gastu hauek finantzatzeko erabiliko dira soilik:

a) Laguntza teknikorako gastuak.

Diru-laguntza emanen da, soilik, proiektuaz arduratzen diren taldeko kideek berdintasunerako politiketan prestakuntza eta esperientzia dutela frogatzen duten enpresak kontratatzeko. Pertsona horiek izanen dira, gainera, politika horiek aurrera eramateko zuzeneko arduradunak.

b) Diruz laguntzen diren jardueren edizio, komunikazio eta publizitate gastuak.

c) Diruz laguntzen diren jarduerak edo bilerak iraun bitartean egiten diren zaintza lanetako gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, zaharren zaintza).

5. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren proiektuak eta jarduerak.

Proiektu edo gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo utziko dira:

a) Entitate eskatzaileek kontratatutako langileen nominak.

b) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen jarduerak.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren berariazko programak eta jarduerak.

d) Edozein arlotako lege egoerari buruzko hitzaldiak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dohainik eskatzen ahal badira.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumenekotzat jotzen diren jarduketak.

4. araua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Aurrekontuko dirua agortu arte emanen dira diru-laguntzak. Entitateei dagozkien diru-kopuruak balorazioan lortutako puntuazioaren arabera banatuko dira:

Diru-laguntzak irizpide ekonomiko hauei jarraikiz emanen dira:

1. Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak.

1.1. 15.000 euro bitarte:

-6.5 arauko 1. atalean (balorazio irizpideak) baloratzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten toki garapeneko partzuergo eta elkarteen proiektuak.

1.2. 5.000 euro bitarte:

-6.5 arauko 1. atalean (balorazio irizpideak) baloratzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituzten entitateen proiektuak.

2. Baremoan lortutako puntuazioa. Diruz lagunduko da:

-Proiektuetako gastuen %80, baldin eta balorazio irizpideen arabera 81etik 100era arteko puntuazioa lortzen badute proiektuek.

-Proiektuetako gastuen %70, baldin eta balorazio irizpideen arabera 61etik 80ra arteko puntuazioa lortzen badute proiektuek.

-Proiektuetako gastuen %60, baldin eta balorazio irizpideen arabera 41etik 60era arteko puntuazioa lortzen badute proiektuek.

Aurkeztutako eskaerak ikusita, deialdirako aurrekontuko kreditua ez bada aski aipatutako irizpideen araberako zenbatekoak emateko, dagoen dirua diru-laguntzaren xede diren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, lehen aipatutako lehentasun irizpideen arabera. Horretarako, hasiera batean aurreikusitako zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den portzentajean murriztuko dira.

5. araua. Agiriak, eta eskaerak non eta noiz aurkeztu.

1. Diru-laguntza eskatzen duten toki entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskaera. Diru-laguntza jasotzeko eskabideak espresuki diseinatutako 3. ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dago eskuragai edo, bestela, Interneten, helbide honetan: www.cfnavarra.es.

Diru-laguntzaren aurrerakin bat eskatu nahi duten entitateek funtsak aurretiaz behar dituztela frogatuko dute, aipatutako ereduko dagokion atalean.

b) Toki garapeneko partzuergoaren edo elkartearen indarreko estatutuen eta IFZaren kopia, entitateko idazkaritzak ziurtatua.

c) Entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela adierazten duen agiria.

c) Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, entitatea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak diru-laguntzak jasotzeko ezartzen dituen debeku egoeretakoren batean ez dagoela azaltzen duena.

d) Hala denean, partzuergoaren edo elkartearen eta berdintasunaren eragile lanetan aritzeko kontratatutako pertsonaren arteko 2008rako kontratuaren fotokopia konpultsatua.

Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da beharrezkoa izanen agiri horiek frogatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedatu bezala.

2. Diru-laguntza eskaerak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko erregistroan, zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako erredakzioan, ezarritako prozeduretako edozeinen bidez. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, egiaztatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera.

6. araua. Balorazioa.

1. Diru-laguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Ebaluazio eta Azterlan Atalari dagokio. Diru-laguntzak emateko prozedura lehia bidez tramitatuko da.

2. Eskaerak baloratzean, organo instruktoreak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska diezaieke parte hartzea, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

Ebaluazio eta Azterlan Atalak administrazio publikoaren arlo juridikoko teknikari baten laguntza izanen du. Teknikariak eskatzaileek deialdian eskatutako agiriak aurkeztu dituztela egiaztatuko du batetik eta, bestetik, unitate organiko eskudunak antolamendurako eta instrukziorako egindako prozedura eta balorazioa deialdiaren araberakoa den ala ez, dagokion txostena tarteko.

3. Eskaerak 6.5 arauan ezarritako baldintzei jarraikiz baloratuko dira, eta eskabidearekin bat aurkeztutako agiriak baizik ez dira kontuan hartuko.

4. Ebaluazio eta Azterlan Atalak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena. Horri txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita entitate onuradunek diru-laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

5. Balorazio irizpideak.

5.1. 3.2 arauan aipatutako proiektuak, dirulaguntza jaso dezaketenak, baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat:

1.-Entitateak aukera berdintasunarekin duen konpromisoa (gehienez ere 60 puntu):

a) Plantillan aukera berdintasunaren eragilea izatea, entitateko teknikari gisa eta lanaldi osoz.

b) Genero Berdintasunaren Plana edo Ekintza Positiboaren Plana onetsia izatea, dagokien lurralde esparrukoak biak.

2.-Proiektuarekin berarekin lotutako irizpideak (gehienez ere 40 puntu).

a) Proposamenaren kalitate teknikoa: proiektua generoaren ikuspegitik begiratuta prestatu den baloratuko da.

b) Ekintza positiboko neurriak aplikatzea.

c) Proiektua garatzen laguntzeko denborak, zerbitzuak eta egiturak.

5.2. Proiektuek gutxienez ere 30 puntu lortu beharko dituzte, diru-laguntza jaso ahal izateko.

7. araua. Ebazpena.

1. Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena eskaera aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean emanen da. Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz.

2. Esleipenaren gaineko ebazpenean hauek adieraziko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, diruz laguntzen diren proiektuak eta proiektu bakoitzerako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.cfnavarra.es webgunean jarriko du diru-laguntzen onuradunen zerrenda, diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

8. araua. Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1. Diru-laguntza ordainduko da diru-laguntzaren xede diren jarduerak bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

Aurreko hori gorabehera, 3. ereduan diru-laguntzaren aurrerakina eskatzeko atala betetzen duten entitateen kasuan, diru-laguntza emateko ebazpenean erabakiko da emandako diru-laguntzaren %75 aurretik ordaintzea. Gainerako %25a diruz laguntzen den proiektua bukatutakoan ordainduko da, proiektua egin izanaren memoria, ondorioak eta frogagiriak aurkeztu eta gero.

2. Diru-laguntzaren xedeko jarduerak egin ondoren, entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2008ko abenduaren 12rako:

-Jardueren memoria, prestaturiko ereduaren araberakoa (3. eredua). Eredua Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eta/edo Internet bidez jaso daiteke (www.cfnavarra.es).

-Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztien justifikazioa, jatorrizko fakturak aurkeztuz.

-Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen gastuak, laguntza jasotzen ahal dutenak, 12.000 eurotik gorakoak badira, toki entitateak frogatu beharko du enpresa eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela.

-Diruz lagundutako proiektuen finantziazioan entitateak berak parte hartu badu, edo beste diru-laguntza bat jaso badu, justifikazioarekin batera, diruz lagundutako proiektuan erabilitako funts horien zenbatekoa, jatorria eta xedea adierazi beharko da.

3. Gastuak diruz lagundutako zenbatekotik beherakoak badira, horri dagokion partea itzuliko da edo, bestela, bidezko den diru kopurua kenduko da diru-laguntzaren bigarren pagamendutik.

4. Egiaztapenerako epea bete eta entitate onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, egiaztapen betebeharra bete gabe geldituko dela ulertuko da, eta 11. arauan ezarritakoa aplikatu ahal izanen zaio.

9. araua. Bateragarritasuna.

Deialdian araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100a gainditzen ez badute.

10. araua. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen bidez diru-laguntza jasotzen duten garapeneko partzuergo eta elkarteek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Deialdiaren xedea bete, eta diruz lagundutako proiektua gauzatzea.

b) 2008ko abenduaren 12a baino lehen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari erakustea betekizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea diruz lagundutako proiektua egin eta diru-laguntzaren xedea bete dela.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako diru-laguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol lanak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu dituen bestelako laguntzak, diru-laguntzak, dirusarrerak edo baliabideak.

e) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmena egoki erabil dadin, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion arauetan agindutako moduan.

f) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

g) Idatzizko eta ahozko publizitatea eta zabalkundea egiten bada, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da, honela:

-Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala.

-Testuan: Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntza.

Halaber, Nafarroako Berdintasunerako Institutura betebehar horren froga dokumentala bidaliko da.

11. araua. Ordaindutakoa itzuli beharra.

1. Diruz lagundutako jarduera burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, eta azaroaren 9ko diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

2. Proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, justifikazioa deialdian ezarritako epean egiten ez bada, entitate onuradunak kobratu gabe utzi edo itzuli beharreko zenbatekoa irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Emandako diru-laguntza %15 murriztuko da edo diru-kopuru hori itzuli beharko da, 8.2 atalean eskatutako dokumentazioa abenduaren 12aren ondotik aurkezten bada eta, betiere, 2009ko urtarrilaren 12a baino lehen egiten bada.

b) Emandako diru-laguntzaren %100 itzuliko da, 8.2 atalean eskatutako dokumentazioa igorri ez edo 2009ko urtarrilaren 12aren ondotik aurkezten bada.

12. araua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

13. araua. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta arauen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Halaber, aldez aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epean.

14. araua. Araudi osagarria.

Arauetan aurreikusi gabeko guztian, diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako arauetan xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F0805303