52. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2008ko apirilaren 7koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Corellako saihesbidea egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duena. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

Nafarroako Gobernuak 2007ko urriaren 15eko bilkuran erabaki zuen Corellako saihesbidearen informazio azterlana, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta jendaurrean jartzea eta Corellako Udalari entzunaldia ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agintzen duena betetzeko eta Ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko.

UPSaren xedea da Corellako saihesbidea definitzea -Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailean errepide hori egitea aurreikusten baita eskualde sareko 81. jarduketa gisa-, hartara, NA-161 errepidea (Rincón de Soto-Corella) eta N-113 errepidea (Iruña-Madril) loturik, ibilgailuak Corellako hirigunetik igaro ez daitezen.

Erabaki hori 2007ko azaroaren 2ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara (137 zenbakia) eta jendaurrean egon den epean hiru alegazio-idazki aurkeztu dira. Ondotik azaltzen dira bakoitzaren edukia eta eman zaien erantzuna.

I.-Aurkeztutako alegazioak.

1.-Cristina Arellano García andrea, Corellako Udala ordezkatuz.

Edukia:

1. Saihesbideak Corellako 3. poligonoko 645., 646. eta 648. lurzatiak zeharkatzen ditu, SIC Lazaro, S.L. enpresarenak, baina lurzati horiek hartzeko asmoa dago enpresa handitzeko. Horregatik, lurzati horien inguruan trazadura aldatzeko eskatzen du.

2. Trazadura aldatzeko eskatzen du, errepidea 3. poligonoko 649. lurzatian barrena joan dadin, poligono bereko 1072. lurzatian dagoen beste enpresa bat ukitu gabe.

3. Alegatzen du 5. poligonoko 1022. lurzatiaren parean egitekoa den pasaguneak ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa eteten duela La Estanca aintzirara joateko erabili ohi diren bi bidetan (Fuente de Olave eta La Estanca), eta horregatik eskatzen du maila bereko pasagunearen ordez errepide gaineko pasagunea egin dadila.

4. Alegatzen du Alhama ibaiko zubiak ibai ertzeko bidea etenen duela eta erabiltzaileek zubia inguratu beharko dutela. Horregatik eskatzen du bidea manten dadila zubipean.

Erantzuna:

1.a eta 2.a. Bidezkoa da alegatutakoa onartzea. Onesteko proposatzen den hautabidean trazadura aldatu egin da aipatu enpresen etorkizuneko garapenaren gaineko eraginak ahalik gehien arintzeko.

3.a. Bidezkoa da alegatutakoa onartzea. Fuente de Olave eta La Estanca bideak berregiteko, saihesbidearen gaineko pasagunea eginen da. Bi bideek saihesbidetik iparraldera eginen dute bat.

4.a. Bidezkoa da alegatutakoa onartzea. Zubiaren egituraren azpiko bidea mantenduko da, baina bide hori ezin izanen da erabili ibaia hazten denean. Egun horietan zubitik gertu proiektaturiko azpiko pasagunea erabili beharko da, bidearekin lotu baita, paraleloak diren bi bide berriren bitartez, saihesbideko lubetaren behealdean.

2.-Javier Navarro jauna, Corellako alkatea.

Edukia:

Saihesbidearen hegoaldeko biribilgunetik hasi eta NA-6810 eta N-113 errepideen arteko lotuneraino (400 metroko tartea, gutxi gorabehera) bi norabideetan errei gehiago egin daitezela eskatzen du. Proposatzen du, halaber, NA-6919 eta N-113 errepideen arteko sarreretako bidegurutzeetan biraketa erradioa handitu dadila.

Erantzuna:

Errepide bateko erreien kopurua zehazteko eguneko batez besteko intentsitateari (IMD) begiratzen zaio. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren neurketa planeko datuen eta trafikoari buruzko azterlanaren arabera, jarduketa hori ez da beharrezkoa. Hala ere, bai errei gehiago egiteko kontua bai bidegurutzeetan biraketa erradioa handitzekoa eraikuntza proiektuan aztertuko dira.

3.-Fco. Javier Armendáriz Echarri jauna, SIC Lazaro, S.L. ordezkatuz.

Edukia:

Alegatzen duena 1. alegazio-idazkiko 1. alegazioa bera da.

Erantzuna:

Beraz, bidezkoa da alegatutakoa onartzea.

II.-Nafarroako Gobernuak 2007ko urriaren 15ean Corellako saihesbideari buruzko erabakian ezarritako determinazioen betetzea.

Nafarroako Gobernuak, 2007ko urriaren 15eko Erabakian, Corellako saihesbidearen informazio azterlana UPS deklaratu zuen horretan, determinazio hauek ezarri zituen 2. puntuan:

-Azkenik aukeratzen den hautabidea onetsi aurretik, har ditzala kontuan Erabaki honetako azalpen zatiko III. atala ("Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko zehaztapenak"), eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenean egindako zehaztapenak bete ditzala.

-Ondare historikoaren babesari dagokionez, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostenean azaltzen diren jarduerak egin beharko dira eta han zehazten diren neurriak hartu (txosten hori erabakiaren azalpen zatian aipatzen da).

-Soria-Castejon trenbideari dagokionez, Trenbide Azpiegituren Administratzaileak emandako txostenak ezarritakoa beteko da.

Determinazio horiek direla eta, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 2008ko otsailaren 5eko data duen txostena aurkeztu du, haiei erantzuna ematen diena eta hurrengo epigrafeetan azalduko diren proposamenak egiten dituena.

Halaber, txostenean proposatzen da 1. hautabidea onets dadila, alegazioen ondorioz egin beharreko aldaketak eginda.

II. 1.-Aipatu erabakiaren azalpen zatiko III. atalean ("Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko zehaztapenak") adierazitakoak.

Atal horretan esaten da, lehendabizi, irizpide askotan oinarrituriko azterketa egin ondoren 1. hautabidea baloratu dela hobekien, baita lurraldeari eta hirigintzari dagokienez ere, oro har. Bada, gorago esan denez, Herri Lan Departamentuak 1. hautabidea proposatzen du onesteko, azaldutako aldaketekin.

a) Lurraldeari buruzko zehaztapenak.

Puntu honetan esaten da Corellako saihesbideak, etorkizunean, ez oso urruti, garrantzi estrategiko zerbait izan dezakeela Nafarroako hego-mendebaldean eta Errioxan, eta kontuan hartzekoa dela ea komeni den etorkizunean NA-6810 (Corella-Tutera) errepidearen eta N-113 (Iruña-Madril) errepidearen arteko lotura hobetzea eta aldatzea, batez ere maila berean ezkerretara bira egitea saihesteko. Komenigarria da une honetan hartzea kontuan lotune hori aldatzeko beharra, zeren, horren arabera, besteak beste, toki desberdinean jarriko litzateke saihesbidea NA-6810 errepidearekin gurutzatzeko biribilgunea, eta, beraz, biribilgunearen hasierako trazadura desberdina izanen litzateke.

Hori dela eta, Herri Lan Departamentuaren txostenak dio lotune hori aldatzeko aukera kontuan hartu zela informazio azterlana egin zenean. Gaineratzen du ezkerretara biratu beharrik ez izateko lotune berria egin behar litzatekeela, adarren antolaerak egungo lotunea handitzea eragozten duelako. Hala ere -gehitzen du-, eraikuntza proiektuan aztertuko da ea NA-6810 errepidera sartzeko erreiak hobetu daitezkeen.

Saihesbidea NA-6810 errepidearekin gurutzatzeko biribilguneari dagokionez, Herri Lan Departamentuaren txostenak dio ez dela komeni hura tokiz aldatzea, "biribilgune horretatik izanen baitu sarbidea tramitatzen ari den poligono berri batek, errepidearen ezker aldean". Tramitatzen ari den poligonoa biribilgunea ez aldatzeko argudiotzat erabili bada ere, esan beharra dago Herri Lan Departamentuak aipatu duen poligono horren espedientea ebatzi gabe dagoela eta bideen antolaera hori onesteak ez duela esan nahi poligonoa onesten denik.

b) Hirigintzaren gaineko zehaztapenak.

Komenigarria da, epigrafe horrek dioenez, aukeratzen den saihesbidearen proiektuari heltzean kontuan har daitezela saihesbidetik hurbil dauden hirigintza garapenerako proposamen horiek, eragina izan baitezakete sarbideen diseinuan eta neurrian.

Herri Lan Departamentuak erantzun du kontuan hartu dela lehendik dagoen planeamendua, bai eta LOEEan aurreikusitako hazkunde berriak eta industria garatzeko proposamenak ere; egokitu egin dela aukeratzeko proposatzen den saihesbidearen trazadura, eta hori, behin onetsirik, Udalaren hirigintzako planeamenduan sartu beharko dela.

c) Bestelako xehetasunak.

Epigrafe horretan ondokoak biltzen dira:

-Corellarrek paseoan ibiltzeko erabiltzen dute La Estancarako bidea; horregatik, aztertu behar litzateke ea bidezkoa den maila desberdineko beste pasagune bat egitea hilerriko bidean.

-NILSAk jakinarazi du 1. hautabideak Corellako hondakin-uren araztegiaren kolektore-hustubideari eragiten diola. Hautabide hori aukeratzen bada ukipen hori modu egokian egin beharko da.

Hori dela-eta Herri Lan Departamentuaren txostenak dioenez, Corellako saihesbidea egiteko proiektuan -saihesbidearen 1. hautabidea aukeratzea proposatzen da- maila desberdineko pasabidea proiektatuko da hilerriko bidean, eta kontuan hartuko da ukitutako zerbitzu guztiak lehengoratu beharra.

II. 2.-Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenean dauden oharrak.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak 2007ko ekainaren 18ko txostenean eskatzen du espedientearen alderdi batzuk osa daitezela, azkenik aukeratutako hautabidea onetsi baino lehen:

-Espedientea Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorri behar zaio Ingurumen eraginaren adierazpena egin dezan, baina aldez aurretik zuzenketa neurriren bat proposatu beharko da La Estanca aintziraren inguruan zarata maila apaltzeko, toki horrek orain garrantzi handia duelako eta etorkizunean ere izan dezakeelako uretako hegaztientzat, bai negukoentzat eta bai habia egiteko garaian etortzen direnentzat ere.

-Gainera, proposaturiko hondakindegia bideragarria dela bermatzeko, Vianako Printzea Erakundearen txostena aurkeztu behar da, bai eta mailegu-materialak inguruko toki baimenduetatik ateratzeko proposamena ere.

Herri Lan Departamentuak xehetasun horiei buruzko agiriak aurkeztu ditu, Ingurumen eraginaren adierazpena (IEA) egiteko eskatu baitziren. Beraz, bidezkoa da IEAra jotzea, ingurumen arloko gai horiei dagokienez.

II. 3.-Ondare historikoaren babesa.

Atal honetan Gobernuak dio Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak emandako txostenean aipatzen diren jarduketak egin eta neurriak hartuko direla. Txosten hori 2007ko uztailaren 24ko Erabakiaren azalpen zatian aipatzen da. Nolanahi ere, kontu hori IEAren edukiaren zati da, eta beraz hartara jo behar da.

II. 4.-Soria-Castejon trenbidea.

Atal honetan Erabakiak dio Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (ADIF) 2007ko irailaren 4an emandako txostenean ezarritakoari jarraituko zaiola.

Determinazioa nolakoa den kontuan izanik, bidezkoa da honako erabaki honetan hura jasotzea.

III.-Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena.

Goian aipatutako Erabakiaren azalpen zatian, IV. atalean ("Emandako txostenak"), eman diren txostenak bildu eta deskribatzen dira. "Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko txostena eskatu da baina oraindik ez da jaso", ohartarazten da.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak txostena eman zuen 2007ko urriaren 8an. Bertan ondorio gisa esaten denez, UPSean jasotako hautabide guztiek "antzeko eragina dute egungo ureztaketa-lurretan, eta, gehienbat XV. eta XVI. sektoreetako eremu ureztagarriaren barnean badaude ere, saihesbidearen trazadurak ukitutako lurrak kanpora uztea bateragarria da azken helburuarekin, hau da, Nafarroako Ubidetik 53.125 hektarea ureztatzearekin".

IV.-Azpiegituraren Ingurumen eraginaren adierazpena.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak martxoaren 17an emandako 593/2008 Ebazpenaren bidez, Ingurumen eraginaren adierazpena egin da Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustaturiko Corellako saihesbidearen informazio azterlanari buruz -aukeratutako hautabidea 1. hautabide aldatua da, departamentu horrek egindako proposamenaren arabera-, eta proiektua bideragarritzat jo da ingurumenaren aldetik, betiere Ingurumen eraginaren azterlanean eta proiektuan jasotako zuzenketa neurri guztiak betetzen badira eta Ebazpenean bertan ezarritakoak gehitzen bazaizkie: hondakindegien eta instalazio lagungarrien kokapena, ibai-erreken babesa, faunaren eta landarediaren babesa, historia eta kultura ondarearen babesa, eta ingurumena zaintzeko plana.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2008ko apirilaren 2ko txostenarekin bat etorririk eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, hauxe

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioen gainean ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. Corellako saihesbidea egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onestea, 1. hautabidearen eta alegazioak ebatzi ondoko aldaketen arabera.

3. Saihesbidea egiteko proiektuan edo/eta obretan Ingurumen ondorioen adierazpenak dioenari jarraituko zaio.

4. Halaber, eraikuntza proiektuan eta saihesbideko obretan, Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (ADIF) 2007ko irailaren 4ko txostenean ezarritakoari jarraituko zaio.

5. Betiere, obrek ukitzen dituzten edo exekuzioa baldintzatzen ahal duten azpiegitura edo zortasunei dagokienez, departamentu sustatzaileak organo eskudunen baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko arloaren araberakoak.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Osasun Publikoaren Institutuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Erabaki hau Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), Corellako Udalari, NILSAri eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea erabaki honek administrazio bidea agortzen duela eta beraren aurka Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2008ko apirilaren 7an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0805381