51. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 7an emandako 33/2008 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko arkitekto tekniko izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 7an emandako 33/2008 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko arkitekto tekniko izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Hautapen prozesua ondoko hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta burutzeko sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako arauak.

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea arkitekto tekniko baten lanpostua oposizio bidez betetzea da. Lanpostua funtzionario araubidekoa da, B mailakoa. Plantilla organikoan 67712 zenbakia du, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikita dago eta destinoa Oinarrizko Osasun Laguntzan.

1.2. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Halaber, deialdi honen bidez hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatuko da, deialdi honetako 9. arauan xedaturikoarekin bat.

2.-Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez gainditzea.

c) Arkitekto teknikoaren titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetuta ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa".

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten hautagaiekin zerrenda batzuk osatuko dira, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko. Horretarako, parte hartzaileek deialdiko eskabidean berean adierazi beharko dute zein kontratazio zerrendatan sartu nahi duten.

Xede horrekin, parte hartzaileek eskabidean agertzen diren kudeaketa esparruetako bakar bat hautatu beharko dute, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zerrendetan, Nafarroako Mendekotasun Agentziakoetan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren gainerako departamentu (Administrazio erroa) eta erakunde autonomokoetan sartzeko. Kudeaketa esparru bat baino gehiago hautatuz gero, edo parte hartzeko eskabidean atal hori betetzen ez bada, Administrazio erroko zerrendetan besterik ez dutela parte hartu nahi ulertuko da.

3.4. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat.-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 18 euro ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar bezala betetako ordainketa gutunaren bitartez. Sistema horrek Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko balio du. Arestian aipatutako webgunean, deialdiaren iragarkian, ordainketa gutunaren eredua dago.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 0030 8124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutenek, baldin eta egoera hori organo eskudunak luzaturiko agiriaren fotokopia konpultsatu egokiaren bidez frogatzen badute.

b) Deialdia argitaratu aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonek. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den dirusarrerarik ez izatea hilean.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilean lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako dirusarrerarik ez duela interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Internet bidez, arestian emandako helbidean.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.6. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: José Luis Moreno Ochoa jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Antolaketa zuzendaria.

-Ordezkoa: José María Ayerra Lazcano jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikidea: Edurne Iriarte Amigot andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Obra eta Azpiegitura Zerbitzuko burua.

-Ordezkoa: Javier Hermoso de Mendoza García jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Obra eta Azpiegitura Zerbitzuko arkitekto teknikoa.

-Mahaikidea: Jesús M.ª Sos Arbizu jauna, Nafarroako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoko Gobernu Batzordeko buruordea.

-Ordezkoa: César García-Fresca Frías jauna, Nafarroako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoko Gobernu Batzordeko kidea.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langile Batzordeak proposatua.

-Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langile Batzordeak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Jesús Barace Egaña jauna, Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko burua.

-Ordezkoa: Javier Ibáñez López-Bailo jauna, Oinarrizko Osasun Laguntzako Langileriaren Kudeaketarako Ataleko burua.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2008ko irailean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

-Lehen ariketa: teoriko-praktikoa, bi zatitan banatua:

Lehenbizikoa: gai zerrendaren bigarren zatiko gaiei buruzko berrogeita hamar galderako sorta bati erantzutea. Galdera bakoitzean hiru aukera emanen dira, eta bat bakarra izanen da egokia. Hogeita hamar minutu emanen dira proba hau egiteko. Erantzun okerrak zehatu eginen dira.

Bigarrena: gai zerrendaren bigarren zatiko gaiei buruz epaimahaiak proposatzen dituen kasuak ebatzi eta galderei erantzutea, gehienez ere 2 ordu eta 30 minutuz.

-Bigarren ariketa: teorikoa, zozketa bidez aukeratuko diren bi gai idatziz azaltzea, gehienez ere 3 orduz: bat gai zerrendaren bigarren zatikoa eta bestea laugarren zatikoa.

-Hirugarren ariketa: teoriko-praktikoa, gai zerrendaren bigarren, hirugarren eta laugarren zatietatik aterata epaimahaiak proposatzen dituen kasuak ebaztea edo galderei erantzutea, gehienez ere 5 orduz.

Laugarren ariketa: teorikoa, zozketa bidez aterako diren bi gai idatziz azaldu beharko dira, gehienez ere 3 orduz: bat gai zerrendaren lehen zatikoa eta bestea hirugarren zatikoa.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

-Lehenbizikoa: gehienez 20 puntu. Ariketaren zati bakoitzari 10 puntu ematen ahal zaizkio gehienez.

-Bigarrena: gehienez 20 puntu. Gai bakoitzari 10 puntu ematen ahal zaizkio gehienez.

-Hirugarrena: gehienez 20 puntu.

-Laugarrena: gehienez 20 puntu. Gai bakoitzari 10 puntu ematen ahal zaizkio gehienez.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzeko gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak. Halaber, bazterturik geratuko dira lehen, bigarren eta laugarren ariketetan proposatutako gaietan edo zatietan zero puntuko kalifikazioa lortzen dutenak.

6.5. Oposizioko ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.6. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda Internet bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietakoren baten bidez beren nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.8. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta proba egin den tokian argitaratuko du hura gainditu dutenen zerrenda, lortutako kalifikazioak adierazita, eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dizkio oposizioa gainditzen dutenen zerrenda eta puntuazio handieneko izangaia izendatzeko proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketarik gertatuz gero, hirugarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen, bigarren eta laugarren ariketan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu, zerbitzu horretan berariazko inprimakiak jaso eta gero:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiria aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Baldin eta proposatutako izangaia deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa bada, goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarri buruzkoa.

7.2.2. Izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa bada:

a) Deialdiaren 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra esateagatik egotzi ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio eta horrek deialdi honetako 7.2 arauan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.-Izendapena, lanpostuaren esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko arauetan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, arkitekto teknikoaren lanetarako, eta dagokion lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dute izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioentzat indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, izendatua Nafarroako administrazio publikoen edozein mutualitatetako eskubide pasiboen araubidekoa bada, bi aukera izanen ditu: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko mutualitatean segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Izendatutako izangaiak destinoko herrian bizi beharko du, eta horretarako, udalerri horretan eduki beharko du bizileku finkoa. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.5. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia lanpostuaz jabetzen ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.6. Izangaiari, funtzionario bilakatu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data hartan beste administrazio publiko batean ari delako, dagokion lanpostu hutsa deialdiko 7.4 atalak agintzen duen bezala beteko da.

9.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan eta arau honexetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira:

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.

b) Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, parte hartzeko eskabidean aukeratutako esparruaren arabera.

9.2. Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiekin Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honetako 10. arauan ezarritako prozedurari jarraikiz. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan xedatutako arauen arabera kudeatuko du.

Halaber, zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Mendekotasun Agentziako organo eskudunei igorriko die, esparru bakoitzeko arauei jarraikiz kudea dezaten.

9.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Deialdiko hamargarren arauan ezarritako prozedurarekin bat, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat osatuko du, deialdiko azken-aurreko ariketa gainditu eta Administrazio Erroko zerrenda hautatu duten izangaiekin.

Era berean, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Mendekotasun Agentziako organo eskudunei igorriko die hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez eta esparru horietako kontratazio zerrendak aukeratu dituztenen zerrenda, aldi baterako kontratazioetarako, deialdi honetako 11. eta 12. arauetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

10.-Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

10.1. Epaimahaiaren espedientea jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, probak gainditu arren lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azken-aurreko ariketa gainditu eta Administrazio Erroko kontratazio zerrenda aukeratu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

Deialdiaren 2.1.c) arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta langileen zerrendak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

10.2. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

10.3. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren azken-aurreko ariketa gainditu bai baina probak gainditu arren lanposturik gabe gelditu direnen artean ez daudenen eta Administrazio Erroko kontratazio zerrendak hautatu dituztenen zerrenda.

10.4. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

11.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak probak gainditu bai baino lanposturik lortu ez dutenen zerrendak eta hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez eta esparru horretako kontratazio zerrendak aukeratu dituztenenak igorri ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunek beren kudeaketa esparruko aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak onetsiko dituzte, 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioan erakunde autonomo horretako osasun zentro eta establezimenduetan aldi baterako langileak hautatzeko ezarritakoarekin bat. Akordio hori 2001eko 101. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 20an.

Horretarako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hamar egun balioduneko epea emanen die interedunei, zentroa hautatu, iraunaldi laburreko zerrendetan egon nahi dutela adierazi eta aipatu erakunde autonomoak zehazten dituen gainerako inguruabarrak betetzeko.

Arau horren arabera osatzen diren zerrendak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak kudeatuko ditu, langileak hautatzeko 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioan ezarritakoari jarraikiz.

12.-Nafarroako Mendekotasun Agentzian aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak probak gainditu bai baino lanposturik lortu ez dutenen zerrendak eta hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez eta esparru horretako kontratazio zerrendak aukeratu dituztenenak igorri ondoren, Nafarroako Mendekotasun Agentziako organo eskudunek beren kudeaketa esparruko aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak onetsiko dituzte, erakunde autonomo horretan 2000ko urtarrilaren 17ko Akordioan aldi baterako kontratazioetarako langile zerrenden kudeaketari buruz ezarritakoarekin bat.

Horretarako, Nafarroako Mendekotasun Agentziak hamar egun balioduneko epea emanen die interesdunei, zentroa edo eskualdea hautatu eta aipatu erakunde autonomoak zehazten dituen gainerako inguruabarrak betetzeko.

Arau horren arabera osatzen diren zerrendak Nafarroako Mendekotasun Agentziak kudeatuko ditu, aldi baterako langileen zerrendak kudeatzeko 2000ko urtarrilaren 17ko Erabakian ezarritakoari jarraikiz.

13.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen eta bere arauen kontra eta arauak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2008ko apirilaren 7an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Izena: ..........................., adinez nagusia; NAN zenbakia (edo horren baliokidea den nortasun agiriarena): .....................

sorteguna: .................; sorlekua: ..............; nazionalitatea: ................; bizilekua: ................(...................), kalea: ................, posta kodea: ................, telefonoa: ..........., laneko telefonoa: ............

Honako hau azaltzen dut:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko .............. izateko ............lanpostu ....................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onartua izatea eskatzen dudala, aipatu txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .............egunean).

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Ezgaitasunen bat dutenendako txanda*

Hautaprobak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, honako esparruotako batean:

f Administrazio erroa*

f Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua*

f Nafarroako Mendekotasun Agentzia*

(Esparruetako bakar bat aukeratu daiteke).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik kanpo utzia izan eta ez nautela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe utzi.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak ordaindu ditudala deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi dudala, edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasun bat dudanez, orri bereizi batean adierazten ditudan denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ditudala.

f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala*

f Euskara maila jakiteko proba egitea eskatzen dudala*

f Frantseseko eta ingeleseko maila frogatzeko probak egitea eskatzen dudala*

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Iruñean, 200..ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezkoa bada.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: Estatuko aginteak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan.

2. gaia.-Zuzenbide Publikoaren iturburuak: legeak eta lege motak. Lege dekretuak. Legegintzako foru dekretuak. Nazioarteko itunak.

3. gaia.-Administrazio Zuzenbidearen iturburuak: erregelamendua eta erregelamendu-ahalmena. Erregelamendu motak. Erregelamendu-ahalmenaren mugak eta haren kontrola.

4. gaia.-Administrazio egintza: kontzeptua, motak eta osagaiak. Administrazio egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

5. gaia.-Administrazio prozedura erkidea: kontzeptua eta izaera. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Administrazioarekiko errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

6. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa. Nola egin zen. Oinarrizko printzipioak. Foru Eraentzaren erreforma. Nafarroaren eskumenak.

7. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolakuntza eta eginkizunak.

8. gaia.-Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko Foru Legea.

9. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legea.

10. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa. Comptos Ganbera. Nafarroako Kontseilua.

11. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I): langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea.

12. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II): karrera administratiboa. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

13. gaia.-Nafarroako Ogasun Publikoa: egitura eta eginkizunak. Ondarea, baliabideak, aurrekontuak eta kontrola. Araubide juridikoa.

14. gaia.-6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (I): aplikazio eremua. 6/2006 Foru Legearen mendeko kontratuen definizioa. Administrazio Publikoen kontratuen sailkapena. Araubide juridikoa. Kontratuak esleitu, hobetu, sinatu, bete, aldatu, amaitu eta baliogabetzeko arau orokorrak.

15. gaia.-6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, Kontratu Publikoei buruzkoa (II): Obra kontratua: Proiektua. Kontratuaren exekuzioa. Amaitzea. Lan publikoak emateko kontratua: aurretiko jarduketak, exekuzioa, aldeen eskubide eta betebeharrak. Kontzesioaren amaiera.

16. gaia.-6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa. Administrazioarteko harremanak. Toki entitateen ondasunak.

17. gaia.-Datu pertsonalak babestea (I). Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak. Titulartasun publikoko fitxategiak. Administrazio publikoen arau-hausteak.

18. gaia.-Datu pertsonalak babestea (II). Datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun neurriei buruko erregelamendua. Xedapen orokorrak. Segurtasun neurrien mailak. Arau-hausteak eta zehapenak.

19. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea.

Bigarren zatia.

1. gaia.-Azaleren neurketa eraikuntzetan. Azalera erabilgarri itxia. Azalera irekiak, azalera erabilgarrian sartzea. Azalera eraiki pribatua, azalera erabilgarri itxiarekin duen zerikusia. Elementu komunen azalera. Elementu komenekin eraikitako azalera, azalera erabilgarri itxiarekin duen zerikusia. Elementu komunetan izaten den partaidetza koefizientea.

2. gaia.-Ondasun higiezinen balio, prezio eta kostuei buruzko ezagutza. Kontzeptua eta motak.

3. gaia.-Ondasun higiezinak merkatuko alderaketa metodoaren bidez baloratzea: kontzeptua eta metodoak.

4. gaia.-Ondasun higiezinak kostuaren metodoaren bidez baloratzea: kontzeptua eta metodoak.

5. gaia.-Ondasun higiezinak errenta metodoaren bidez baloratzea: kontzeptua eta metodoak.

6. gaia.-Lurzoruaren eragin-balioa. Kontzeptua. Lurzoruaren eragin-balioa lortzeko hondar-metodoa. Hondar-balioa zehaztean parte hartzen duten prozesuen kostu eta etekinen azterketa.

7. gaia.-Hardwarea. Informatika sistema baten osagai fisiko nagusiei buruzko oinarrizko ezagutza. Microprozesadoreak; memoriak; portuak; busak. Periferikoak.

8. gaia.-Windows XP. Mahaigaina. Atazen administratzailea. Windowseko arakatzailea. Kontrol panela. Inprimagailuak. "Hasi" botoia. Ataza barra. Erabiltzaile kontuak. Sarean lan egitea.

9. gaia.-Testu-prozesadoreak. Microsoft Word XP: lan eremua; idatzi eta editatzea; testuaren formatua; orriaren diseinua eta konposizioa; estiloak; plantillak; tresnak; taulak; artxiboen administrazioa; eremuekin lan egitea; inprimatzea; makroak (oinarrizko maila).

10. gaia.-Kalkulu orriak. Microsoft Excel XP: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelatxoak; gelatxoak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; inprimatzea; makroak (oinarrizko maila).

11. gaia.-Datu baseak. Microsoft Access XP: funtsak; taulak; kontsultak; formularioak; txostenak; inprimaketa; makroak (oinarrizko maila).

12. gaia.-Internet eta Intranet. Interneten oinarrituriko zerbitzuak. World Wide Web; posta; albiste multzoak; bilagailuak.

13. gaia.-Outlook XP: posta elektronikoa, denbora antolatu eta kudeatzeko tresna. Mezuak; helbide liburuak; agenda; harremanak; eginkizunen plangintza.

14. gaia.-Marrazketa teknikoko programak: Autocad. Oinarrizko kontzeptuak. Agindurik erabilienak. Programa horiek arkitekturan duten erabilgarritasuna.

15. gaia.-Obren aurrekontuetarako programak: Presto. Oinarrizko kontzeptuak. Agindurik erabilienak. Programa horiek arkitekturan duten erabilgarritasuna.

16. gaia.-Sare informatikoak. Sare-zerbitzariak. Lanpostuak. Barne erabilerako sareak (Intranet). Teknologia berriak: Internet. Oinarrizko kontzeptuak.

Hirugarren zatia.

1. gaia.-Urbanizazio kuotak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean. Urbanizazio kuotak. Lurraren gaineko kontribuzioa. Hirilurren balio igoeraren gaineko zerga.

2. gaia.-Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea. Izaera. Kontzeptua. Edukia. Kontserbazioa.

3. gaia.-Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea. Informazioa eskuratzea. Jabetza Erregistroarekin koordinatzea. Xedapen gehigarriak. Xedapen iragankorrak.

4. gaia.-Hirilurraren gaineko Kontribuzioa ordainarazteko Erregelamendua ezartzen duen urriaren 10eko 216/1984 Foru Dekretua: Hirilurreko ondasunen balorazio txostena; prozedura eta edukia.

5. gaia.-Nafarroako hirilurreko ondasunen katastro balioa zehazteko arau teknikoak. Lurzoruaren balioa zehazteko arauak. Eraikinen balioa zehazteko arauak. Hirilurreko ondasunen katastro balioa zehaztea.

6. gaia.-Maiatzaren 17ko 165/1999 Foru Dekretua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duena (I). Ondare eskualdaketak: Zergapeko egintza. Subjektu pasiboa. Zerga-oinarria.

7. gaia.-Maiatzaren 17ko 165/1999 Foru Dekretua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duena (II). Egintza juridiko dokumentatuak: Zergapeko egintza. Subjektu pasiboa. Zerga-oinarria.

8. gaia.-Maiatzaren 17ko 165/1999 Foru Dekretua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duena (III). Balioak egiaztatzea. Peritu tasazio kontrajarria.

9. gaia.-Abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretua, Oinordekotzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren xedapenen testu bateginari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Zergapeko egintza. Salbuespenak. Zergaren subjektu pasibo eta erantzuleak. Zerga-oinarria. Balioak egiaztatzea.

10. gaia.-Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legea. Etxebizitza babestua. Lortzeko betebehar orokorrak. Eraikuntzaren baldintzak. Babes-araubidearen iraupena. Eskualdaketak. Eroslehentasun eta atzera-eskuratze eskubideak.

11. gaia.-Prezioak berraztertzeari buruzko legedi berezia. Prezioen indizeak eta berraztertze moduluak. Formula polinomikoak.

12. gaia.-Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua, Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenei buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatzen duena (I): xedea eta aplikazio esparrua. Eskumenak. Ukitutako jarduketak eta baimenak. Baimenak lortzeko prozedura. Ikuskapena, eskumenak eta eginkizunak. Entitateen erregistroa.

13. gaia.-Maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua, Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenei buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatzen duena (II): gizarte zerbitzuen arloetako zerbitzu eta zentroen sailkapena. Baldintza orokorrak. Mota bakoitzaren, erabiltzaileen eta berariazko baldintzen definizioa.

14. gaia.-Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea. Xedapen orokorrak. Diru-laguntzak emateko prozedurak. Justifikazioa, egiaztapena, ordainketa, jarraipena eta kontrola.

15. gaia.-Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko 31/1995 Legea. Xedea eta esparrua. Langileen eta enpresen eskubide eta betebeharrak. Prebentzio zerbitzuak.

16. gaia.-Eraikuntza lanetako segurtasuna eta osasuna. 1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa. Segurtasunaren eta osasunaren gaineko azterlanak. Laneko segurtasun eta osasun plangintza. Norbanakoa eta taldea babesteko segurtasun ekipoak, zehaztapenak eta erabilera. Segurtasunaren eta osasunaren gaineko xedapenak laneko ekipoen erabileran. Enpresen jardueren koordinazioa.

17. gaia.-Kirol ekipamenduak: UNE (AENOR) arauak: Jokalekuetako ekipoak. Gimnastikarako ekipoak. Entrenamendurako ekipo finkoak. Alpinismo eta eskaladako ekipoak.

18. gaia.-15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa: Xedea eta printzipio orokorrak. antolaketa administratiboa eta eskumenak. Erabilera publikoko kirol instalazioak. Kirol jardueren plangintza.

19. gaia.-Araubide orokorreko ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko betebeharrak.

20. gaia.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea. Hirigintzako lizentziak: Kontzeptua. Lizentzia behar duten egintzak. Eskumena eta prozedura. Eraginkortasuna. Iraungipena.

21. gaia.-14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Ondasunen sailkapena. Ondasun higiezinen babesa.

Laugarren zatia.

1. gaia.-Eraikinetako suteen kontrako babesa: CPI-96. Xedea, esparrua eta araubidea. Konpartimentazioa, okupazioa eta hustea: baldintza orokorrak. Seinalizazioa. Eraikuntza elementuen ezaugarriak, egonkortasuna eta erresistentzia. Materialen ezaugarriak eta baldintzak. Babeserako instalazioak: baldintza orokorrak.

2. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko kirol ekipamenduak erabiltzerakoan hartu beharreko segurtasun neurriak: uztailaren 15eko 272/1996 Foru Dekretua.

3. gaia.-Kirol instalazioen araudia (NIDE) (I): baldintza orokorrak: arau eta xedapen orokorrak. Plangintzaren eta egoeraren baldintzak. Eraikuntza baldintzak; sarrera-irteeretarako eta segurtasunerako baldintzak.

4. gaia.-Kirol instalazioen araudia (NIDE) (II): harmailak. Kirolerako zoruak eta ingurumenari buruzko irizpideak. Neurriak eta joko eremuak. Zelai txikiak. Aldagelak. Zelai handiak. Kirol ekipamendua. Interesa duten beste arau batzuk.

5. gaia.-Oztopo fisikoak. Ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua, uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea garatu eta aplikatzeko erregelamendua onesten duena. Xedea. Aplikazio eremua. Ibilbide motak, eskakizun mailak. Sinbologia. Erreserbak.

6. gaia.-Obra baten antolaketa. Denboraren eta kostuen kontrola. Gantt-en diagramak. Pert-denboren sistemak. Aurreikuspenak betetzeko probabilitateak. Pertt-kostuen eta C.P.M. sistemak.

7. gaia.-Lur erauzketak eta indusketak zimentazioak egiteko. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Eremuko eta laborategiko saiakuntzak lurzoruen mekanikan. Neurketa eta balorazioa.

8. gaia.-Egiturak. Tipologiak. Hormigoi armatuzko egiturak: obra horien kontrola eta ikuskapena, araudia, neurketa eta balorazioa.

9. gaia.-Zur zerratuzko egiturak. Propietateak. Kalkuluko faktoreak. Erantzuna suaren aurrean. Prebentziozko babesa.

10. gaia.-Estalkiak. Motak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Araudia. Neurketa eta balorazioa.

11. gaia.-Fatxaden itxierak eta trenkada multzoak. Motak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Araudia. Neurketa eta balorazioa.

12. gaia.-Barne estaldurak. Motak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Araudia. Neurketa eta balorazioa.

13. gaia.-Isolamendu termiko eta akustikoa etxebizitza eraikinetan. Araudia. Bete beharreko baldintzak. Kontrola eta ikuskapena.

14. gaia.-Kanpoko eta barneko arotz lanak. Motak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Araudia. Neurketa eta balorazioa.

15. gaia.-Iturgintza eta saneamenduko instalazioak, berokuntzakoak eta ur beroarenak. Motak. Kontrola eta ikuskapena. Araudia. Neurketa eta balorazioa.

16. gaia.-Argindar eta igogailuko instalazioak. Araudia. Kontrola eta ikuskapena. Instalazioen segurtasuna.

17. gaia.-Aldamioak, eskora-oholtzak eta apeoak. Planteamendua, exekuzioaren kontrola eta segurtasun neurriak.

18. gaia.-Hezetasunak eraikinetan: motak, jatorria, ondorioak eta atzemateko modua. Jarduketa proposamenak.

19. gaia.-Eraikin historikoen zainketa eta mantentze-lanak. Kontzeptua. Parte hartzen duten eragileak. Kategoriak. Eginkizunen identifikazioa. Mantentze programak: osagaiak. Aplikatzekoak diren arauak.

20. gaia.-Zurezko egituren diagnostikoa. Helburuak. Aldez aurreko informazioa, egiturazko elementuen ikuskapena, prospekzioak, egituraren egiaztapena.

21. gaia.-Adreiluzko fabrikaren hondamena motak eta zergatikoak: materialak, ura, eragile biologikoak, atmosferaren kutsadura, tentsioen pilaketa, azaleko ur-biltegiak, gizakien eragina.

22. gaia.-Harrizko fabrikaren hondamena. Alterazio motak. Alterazio eragile eta mekanismoak: ura, atmosferaren kutsatzaileak, gatz disolbagarriak, organismo bizidunak, bestelakoak.

23. gaia.-Kare estaldurak. Materialak: karea, harea, ura, gehigarriak. Teknikak: dosifikazioa eta exekuzioa. Zarpiatuak, emokadurak eta iztukuak.

Arlo guztietako gaiek deialdia hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen egunean indarra zuen legediari jarraituko diote.

Iragarkiaren kodea: F0805434