5. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2387/2007 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, "Lekunberriko industrialdeko sarbidea" izeneko proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

Proiektua, bere ezaugarriengatik, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) atalean sailkatuta dago. Beraz, lege horretan xedatutakoaren arabera, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaio.

Ebaluazio prozedurari hasiera ematearren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2007ko urtarrilaren 17an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari "Lekunberriko industrialdeko sarbidea" izeneko proiektua aurkeztu zion; horren 12. eranskina Ingurumen eraginaren azterlana da.

2007ko otsailaren 6an Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari jakinarazi zitzaion Ingurumen eraginaren adierazpena egin aurretik zenbait alderdi osatu behar zirela; besteak beste, ukitutako linea elektriko baten ordezpenaren balorazioa, soberakinetarako zabortegiaren beharra, eragina eta kokapena, ukitutako landarediaren azterketa, faunarentzako iragazkortasuna eta Azin erreka eten beharra.

2007ko otsailaren 28an Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak txostena igorri zion Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari. Bertan adierazi zuen Lekunberriko Udal Planeko aldaketa tramitatu behar zela, proposaturiko bideak etxebizitzetarako AR-1 banaketa-eremu urbanizagarria ukitzen zuelako.

Agiri osagarriak jaso ondoren, 2007ko maiatzaren 8an, Ingurumen zuzendari nagusiak Ingurumen eraginaren azterlana onartzeko txostena eman zuen, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 39.3 artikuluari jarraituz.

Txosten horretan eskatu zen proiektu honetarako Ingurumen eraginaren adierazpena egin aurretik informazioa eman zedila proiektuak ukitzen zuen linea elektrikoaren ordezpenari buruz.

Proiektua eta Ingurumen eraginaren azterlana labur azaltzen dira I. eranskinean.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak ekainaren 5ean emandako 81/2007 Foru Aginduaren bidez (2007ko 77. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, ekainaren 22an), proiektua behin-behinekoz onetsi eta Ingurumen eraginaren azterlana jendaurrean jarri zen.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2007ko azaroaren 6an, espedientea bidali dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, tramitatzen jarraitzeko. Espedientean agiri hauek daude: agiri teknikoa, Ingurumen eraginaren azterlana, eta bide berriak ukitzen duen linea elektrikoaren ordezpenari buruz eskatutako agiriak.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du saihesbide berria, oro har, proiektuaren eremuko natur ingurune eta paisaiaren balioen babesarekin bateragarria dela eta proiektuaren ingurumen alderdiak neurtu eta ingurumen eraginaren kontrolerako neurri zuzentzaileak proposatu direla. Zerbitzu horrek beste neurri osagarri batzuk ere ezarri ditu ingurumen integrazio hobea lortzeko eta saihesbide berriaren eraginak gutxitzeko, eta aireko linea ordezteko proposamenari baldintzak ezarri dizkio.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedura osorik bete dela eta alegazioak aztertu direla, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak ingurumen arloko eskumenak delegatzeko urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1.d artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBATZI DUT:

1. "Lekunberriko industrialdeko sarbidea" izeneko proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da. Proiektua bideragarria da ingurumenaren aldetik.

2. Proiektu horretako obretan, Ingurumen eraginaren azterlanean jaso diren zuzenketa neurri guztiak hartu behar dira, eta honako baldintza hauek bete:

.Bide berriak lurrazaleko hidrologian izanen duen eraginari dagokionez:

-Bide berriko lubeten oinetan, batez ere eskuinaldean, sekzio triangeluarreko areka irekiak eginen dira isurketa ura Telleria errekara bideratzeko. Teknikoki ahal den guztietan arekak hormigoirik erabili gabe eginen dira, lurrean.

-Zeharkako drainatze obrek isurketa ur gehiegi jasotzen badute, horien irteerak edo beherago dauden lurrak higatu eginen dira. Hori ekiditeko, 0+275 KPan dauden erretena eta zeharkako drainatze obra kenduko dira eta inguruko bidezidorretik behera datorren ura zeharkako hurrengo drainatze obraraino bideratuko da.

-Horrenbestez, 0+345 KPan dagoen zeharkako drainatze obraren neurriak aldatu eginen dira; hodiaren ordez 2 x 2 m-ko markoa jarriko da pertsonak, ura eta animaliak pasatzeko, lubeta nahiko garaia den tokian. Marko horrek behean espaloi lehorra izanen du hodiak bezala.

-Aurreko puntuan azaldutako arrazoi berberengatik, trazaren eskuinaldean lubetaren behealdeko areka berariaz diseinatuko da marko horretan zehar datorren ura jaso eta Telleria errekara isurtzeko 0+445 KPan dagoen azpiko pasabidea baino beheraxeago.

-0+445 KPan, azpiko pasabidearen parean, erreka gurutzatzen duen landa bidea (Agerre bidea) berriz egiten denean ez da eragotzi behar Telleria errekaren ur emari egokia ezta agorraldian ere.

-Azpiko pasabideko markoak erreka-ohearen azpian lurperatuta izanen du oinarria. Proiektua gauzatu ondoren erreka-ohearen maila lehengoa bera izanen dela bermatu behar da. Gainera, markoaren barnean mugatuta egonen dira oinez pasatzeko oinarri zatia eta erreka pasatzeko oinarri zatia.

.Azin erreka eta inguruko flora, fauna eta habitatak babesteari dagokionez:

-Ebakia egiten denean erreka ertzeko harri-lubeta laburragoa egin behar da, eta higatuko liratekeen tarteetan bakarrik, zubi berria baino gorago eta eskuineko ertzean zubi berria baino beherago.

-Zubitik beherako ezker ertzean, zubiaren ekialdeko estribuaren lubetari eusten dion tartea babesteko bakarrik eginen da harri-lubeta.

-Ebakia egin ondoren bertan behera utziko den Azin errekako tarteak ingurumenerako garrantzi handia du, bazterretan landaredia naturala eta animalia basatien habitatak dituelako, eta hori ez ezik funtzio hidraulikoa ere badu, bertara isurtzen baita Lekunberriko saihesbidearen ekialdeko lurretatik drainatzen den ura. Horregatik tarte hori orain dagoen moduan zaindu eta babestu behar da. Gainera, Azin errekaren ubide berriarekin lotura naturala edo naturalizatua mantendu behar du.

-Ebakia funtzionamenduan jarri aurretik, Azin errekak galduko duen zatia betetzen hasten denean, Ingurumeneko landa langileei deituko zaie tarte horretako arrainak atera ditzaten arrantza elektrikoaren bidez.

.Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena aintzat hartuko da obraren jarraipen arkeologikoari dagokionez, eta bereziki kontuan hartuko da jarduketak kultura ondarearen gainean izanen duen eraginaren azterlana egin behar dela eta onesteko aurkeztu, eraikuntza proiektua egin baino lehen, eta lanen hasierako faseen jarraipen arkeologikoa egin behar dela.

.Ukitutako linea elektrikoa ordezteari dagokionez, proiektuaren okupazioa eta landarediaren gaineko eragina ahalik txikienak izan daitezen, ezpondadun lubetek okupatzen duten eremuaren barnean jarriko da lur azpiko linea. Lur azpiko linea lubetak eraikitzen hasi aurretik jarriko da.

-Lur azpiko linea elektrikoak modu seguruan gurutzatuko ditu drainatze hodiak eta bideak, ez du haietan etenunerik sortuko, eta bidea egiteko obren ondorioz inguruko zuhaitz eta zuhaixkek jasan behar duten eragina ez du inola ere areagotuko.

-Arrazoi berberengatik, linea berria airetik jarriko den tarteetan bigarren euskarria egungo linearen zerrendaren barnean kokatu behar da, bide berriaren ezkerraldean. Hirugarren euskarria bide berriaren beste aldean kokatuko da, basogintzarako ez diren lurretan, lurpeko tarteko bigarren kutxeta jarri behar den tokian gutxi gorabehera. Toki horretan eginen dute bat aireko lineak eta lur azpikoak.

-Hirugarren euskarri horretatik linea Azin errekako gurutzagunean dagoen euskarrira eramanen da. Hortik argindarra eramaten da hurbileko lantegi baten inguruetaraino. Beraz, ez da zuhaitz gehiago moztuko eta ez da erreka beste toki batean gurutzatuko linea elektriko berriaren aireko tartea egiteko.

.Berriz egin beharko da oinezkoentzako bidezidorra Ostio bidetik 0+350 KP ondoan dagoen 2 x 2 metroko markoraino eta hortik aipatutako bidezidorreraino trazaren ezkerraldean.

.Landarediaren babesari dagokionez:

-Trazako belar-sastrakak garbitu baino lehen, okupatutako eremua balizatuko da eta argi ezarriko dira benetako okupazio eremuaren mugak, bereziki zuhaiztietan zehar doazen tarteetan.

-Ezinbestez egin beharreko zuhaitz mozketak egin aurretik Ingurumeneko landa langileei deituko zaie, moztu behar diren zuhaitzak markatzeko.

.Makinak edukitzeko eta materialak metatzeko guneak basoetatik eta Telleria errekaren sakanetik kanpo kokatuko dira.

.Makinen mugimenduak eta obrarako sarbideak okupazio eremuaren barnean eginen dira. Okupazio eremu horretatik kanpo sarbide gehiagoren beharra izanez gero, ingurumen baimena eskatuko da sarbideak egin baino lehen.

.Paisaiaren integrazioari eta landareztatzeari dagokienez:

-Landare lurra botako da 3H:2V edo gutxiagoko malda duten ezpondetan eta 5 m baino garaiagoak ez diren ezpondetan.

-Landare lurra bota zaien ezpondak landatu beharreko eremuen multzoan sartuko dira.

-Landaketa hobeak egiteko, zuhaixkak landatuko dira, adibidez gorostia, elorri zuria, hurritza, beltxalea, zuhandorra, huntza eta ahuntz-sahatsa, bideak tarte bakoitzean zer nolako lurra zeharkatzen duen.

-Zehatz-mehatz beteko da Ingurumena zaintzeko programa, Ingurumen eraginaren azterlanean ezarrita dagoena, bai obrak hasi aurreko faseetan eta bai obrak egin bitartean eta hiru urteko bermealdian ere.

-Horrez gain, Ingurumena zaintzeko programaren barnean, bitarte horretan, animalientzako pasabideen erabilera eta egoera eta errepide berrian ibilgailuek animalia basatiak zapalduta gertatzen diren istripuak aztertuko dira, anfibioen istripuak barne. Izan ere anfibioek errepidea zeharkatu behar dute inguruko hezeguneetara bidean edo itzuleran, arrautzak jarri aurretik eta ondoren (neguan eta udaberrian).

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Herri Lan Departamentuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari eta Lekunberriko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 26an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren eta Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Proiektuaren bidez 720 m-ko bide berria eginen da. Albiasuko errepidean egin beharreko biribilgune berrian hasiko da, Lekunberriko industrialdeko sarbidean, eta Lekunberriko zeharbideko iparraldeko mugako biribilgunean bukatuko da, A-15 autobiako sarbideak eta Leitzako eta Donostiako errepide zaharrek bat egiten duten tokian.

Bide berria 10 m zabal izanen da. Biribilgune berriak 12,5 m-ko erradioa izanen du eta zirkulaziorako eraztuna 7,5 m zabal izanen da.

Lekunberriko zeharbideko biribilgunearekin lotzeko, 11,5 m-ko argia izanen duen bidezubia egin behar da Azin errekaren gainetik eta errekaren ibilgua zuzendu egin behar da 45 m-ko tartean. Zuzendu beharreko tarte horretan sekzio trapezoidaleko ubidea eginen da; oinarri txikia 6 m-koa izanen du eta handia 9-koa, eta 1H:2Vko ezpondak izanen ditu, 3,5 m garai, harri-lubetaz babestuak.

Bide berriak bi erreten moztuko ditu, Ostio mendiko larreetara doazen bidezidorretakoak. Bi toki horietan zeharkako drainatze obra bana eginen da, 120 mm diametroko hodiak, hain zuzen ere. Ura Azin errekara isurtzen duen Telleria errekastoa ere moztuko du. Errekaren ezkerreko ertzetik landa bide bat doa eta inguruetan iturburu bat dago. Toki horretan azpiko pasabidea eginen da: hormigoi armatuzko markoa, bertan eraikia, 5 x 4 m-koa eta 47,50 m luze.

Trazaren eskuinaldean bilketa gune bat proiektatu da errepideko lubetan bertan, 0+360 eta 0+520 KPen artean, 3H:1Vko maldarekin, soberako 5.060 m³ lur pilatzeko.

Trazaren definizioaren ondorioz, 13,2 kV-eko linea elektrikoaren tarte bat ordeztu behar da, trazaren ondotik eta gainetik doana. Linea horrek Azin erreka gurutzatu eta Lekunberriko iparraldeko biribilgunetik hurbil dagoen industria nabe bat hornitzen du. Trazak okupatzen duen eremuaren ondoko linea berria lur azpitik joanen da, baina aireko linea labur bat jarri beharko da industria naberaino, ezinezkoa baita tarte hori lur azpian jartzea.

Ingurumen eraginaren azterlanean jaso da bide berriak ukitzen ahal duen inguruko natur ingurunearen deskribapen egokia, balio garran- tzitsuenak identifikatuta. Bereziki, airea, zarata, lurzorua, erliebea, geologia, geoteknia, hidrologia, landaretza, fauna, ingurune sozioekonomikoa eta ondare arkeologikoa.

Hauek dira eragin nagusiak:

-Azin errekaren ezkerraldean, Ostioko mazeletan eta batez ere Telleria errekaren bazterretan dauden zuhaiztien okupazioa.

-Azin errekaren ibilguaren zati baten gaineko eragina. Ondorio hidrologikoez gain, litekeena da errekako faunari kalte egitea, bereziki bisoi europarrari, gailurretako uhandreari eta karramarro arruntari.

-Litekeena da animalia basatien mugimenduak nolabait eragoztea, bereziki ugaztun handi eta ertainena, Ostioko basoetatik Azin errekaren ibarretara egiten dituzten joan-etorrietan.

-Lekunberritik Ostio mendira oinez joateko bidezidorren galera.

Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostenak ez du baztertzen ondare arkeologikoaren gaineko eraginaren arriskua, ingurua aldez aurretik aztertu gabe dagoelako.

Ingurumen eraginaren azterlanean zuzenketa neurriak jaso dira eraginak kontrolatu eta gutxitzeko; besteak beste, okupazio eremua mugatzea, obren fasean kutsadura kontrolatzea, landare lurra kendu eta obra amaitutakoan berriz jartzea, sistema hidraulikoa, fauna eta ondare historikoa babestea, zerbitzuak ordeztea eta landareztatze tratamendua egitea ereite hidrauliko eta landaketen bidez.

Azkenik, Ingurumen eraginaren azterlanean ingurumena zaintzeko programa jaso da bai obren faserako eta bai ustiapen faserako, jarraipena edo zaintza behar duten alderdi garrantzitsuenetarako.

Iragarkiaren kodea: F0718519