144. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ESTERIBAR

Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

2008ko 89. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 21ean, Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantzako aldaketaren hasierako onespena.

Jendaurreko epea igaro eta alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da aipatu ordenantzako aldaketa, eta argitara ematen dira I. eranskina, II. eranskina eta III. eranskina.

I. ERANSKINA

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen abenduaren 23ko 287/2002 Errege Dekretua (2002ko martxoaren 27ko Estatuko Aldizkari Ofiziala)

(2002ko maiatzaren 15eko udal bandoaren transkripzioa).

Errege Dekretu horretako zerrendari jarraikiz, ondoko arraza hauetako zakurrak egonen dira arriskugarri gerta daitezkeen zakur espezieko etxeko faunakoak diren animaliei buruzko araudiaren mende:

1. Pit Bulla.

2. Staffordshire bull terrierra.

3. American staffordshire terrierra.

4. Rotweilerra.

5. Dogo argentinarra.

6. Fila brasildarra.

7. Tosa inua.

8. Akita inua.

9. Arraza horien arteko gurutzatze guztiak.

Honako animaliak ere sartuko dira zerrendan: 20 kilotik gorakoak eta 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa dutenak; tamaina handiko burua, gihar sendoak, masailezur handia, aho sakona eta lepo motza dituztenak, eta erresistentzia eta aiurri handikoak; eta pertsonak nahiz bertze animaliak eraso dituztenak, agintari eskudunak erasoa ikusi badu eta irizpide objektiboak erabilita betiere.

Bestalde, Errege Dekretu horrek zehazten ditu zein diren animalia horiek edukitzeko gaitasun fisikoa eta psikologikoa eskuratzeko gutxieneko baldintzak eta zein den erantzukizun zibileko aseguruaren gutxieneko kopurua, animaliek hirugarrenei eragindako balizko kalteak estaltzeko. Hauexek dira aipatu baldintzak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Delituengatik kondenatua ez izana.

c) Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hauste larriengatik zehatua ez izana

d) Ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena.

Udalaren organo eskudunak interesdunak eskatuta emanen edo berrituko du lizentzia administratiboa, ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren betiere.

Arriskugarri gerta daitekeen animalia toki publikoetan ibiltzeko, beharrezkoa izanen da hura kontrolpean daraman pertsonak aldean izatea lizentzia administratiboa eta egiaztagiri bat, ziurtatzen duena animalia hori inskribatua dagoela arriskugarri gerta daitezkeen animalien udal erregistroan. Animali horiek, toki publikoetan, animalia bakoitzaren arraza ezaugarriei dagokien muturrekoa eraman beharko dute nahitaez.

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan daudenenean, loturik egon beharko dute -behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean daudenean izan ezik-, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

Animalia lapurtu edo galduz gero, gertatutakoaz jabetu eta beranduenez ere berrogeita zortzi orduko epean jakinaraziko da.

II. ERANSKINA

Mota guztietako zakurrak edukitzea. I.a, Animaliak Babesteari buruz indarra duen maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 5 eta 7. artikuluei jarraikiz

Animaliaren edukitzailea izanen da erantzulea, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan, animaliak jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

Animaliaren edukitzaileak neurriak hartu beharko ditu animaliek bide eta eremu publikoak zikin ez dezaten; hortaz, erantzukizuna berea du, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan.

Beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez badituzte, debeku da leku horietan animaliak edukitzea.

Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

III. ERANSKINA

Mota guztietako zakurrak edukitzea. II.a, zakurrak askatzeko prestatutako eremu berariazkoak dituzten herrietan aplikatzekoa

Debekua da animaliak uhalik gabe eramatea zakurrak askatzeko herrian prestatu diren eremu berariazkoetatik kanpo.

Arraza eta tamaina ezberdineko zakurrak aske ibiltzeko eremuetan elkartzen direnean, borrokan hasteko aukera handia dagoenez, edukitzailearen erantzukina izanen da, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan, norberaren zakurrak besteei ez erasotzeko neurriak hartzea. Bestela, zakur erasotzailaren jabea izanen da gertakariaren erantzule zibil bakarra eta, halakoa den heinean, berak emanen die gertatutakoaren berri agintari eskudunei.

Animaliaren edukitzaileak -nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan- behar bezalako neurriak hartu beharko ditu bere zakurrak gorozkiekin zikin ez dezan zakurrak askatzeko eremua. Hortaz, horretarako jarritako paperontzi berezietara bota beharko ditu, poltsen barnean bota ere.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Esteribarren, 2008ko urriaren 21ean.-Alkatea, Francisco Javier Borda Garde.

Iragarkiaren kodea: L0816480