139. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CASTEJON

Castejongo Udalaren kiroldegiko eta El Romeral kirol instalazioetako barne araudiaren erregelamendua. Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2008ko ekainaren 2an egin bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Castejongo Udalaren kiroldegiko eta El Romeral kirol instalazioetako barne araudiaren erregelamendua.

Onesteko erabakia 2008ko 111. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 10ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

BARNE ARAUDIAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da arautzea "El Romeral" kirol instalazioen eta udal kiroldegiaren erabilera, Castejongo Udalarenak baitira (hemendik aitzina, Udala).

"El Romeral" kirol instalazioak dira igerileku klimatizatua eta hidroterapiako igeri-ontzia, muskulazio gela, multzokako jardueren gelak, biltokia, aldagelak, kanpoko igerilekuak, lorategi moduko kanpoko solarium eremua, pilotalekua eta kanpoko kirol pistak.

Halaber, horien barnean sartuko dira aipatu berri diren lekuei loturik eta aitzineko paragrafoan erran diren instalazioetan kokaturik dauden ondasun higigarriak, instalazioak, jarduerak eta zerbitzuak.

2. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatzen diren Udalaren kirol instalazioak, zerbitzu publikoari atxikitako jabari publikoko ondasuntzat hartuko dira eta Foru Erkidegoan indarra duten arauak bete beharko dituzte, kirolaren, ikuskizun publikoen eta aisialdiko jardueren edo ingurumena babesteko jarduera sailkatuen arloan.

3. artikulua. Udalaren kirol instalazioak jende guztiarentzat zabalik egonen dira, baina haietara sartu eta haiek erabiltzeko, kasuan kasuko udal tasa ordaindu beharko da edo, bertzenaz, instalazio horien kudeaketa ez badu Udalak zuzenean egiten, ezartzen diren tarifak ordaindu beharko dira.

3.1. Udalaren kirol instalazioen erabiltzailetzat hartuko dira erregelamendu honetako 1. artikuluan aipatzen diren instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjetuak.

3.2. Kirol eremu horietako edozeinen erabiltzaile izaten ahalko dira banakoak (bakarkako erabilera) eta talde antolatuak (erabilera kolektiboa), kirol klubak, elkarteak, ikastetxeak, entitate edo pertsonak, erabilera erreserbatzen dutenak, betiere aurretik ezarritako programazio eta ordutegi baten barrenean. Ikastetxeen barreneko kirol pabilioietan, dagokion ikastetxeak lehentasuna izanen du, haren ikasleei zuzendutako gorputz heziketako irakaskuntza edo kirol jarduerak eman ahal izateko.

4. artikulua. Instalazioak zabalik egonen dira Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik Udalak finkatzen duen ordutegiaren barrenean, berak kontuan hartuko dituen beharren eta eskarien arabera. Ordutegi horiek agerian jarriko dira instalazio bakoitzean.

4.1. Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik, Udalak eskubidea du ordutegi batzuk, salbuespen gisa, aldatu ahal izateko, betiere horretarako arrazoirik aski baldin badago, bai eta instalazioa edo bertako zerbitzuren bat erabiltzeko ere, oso garrantzitsua edo interes publikokoa den gertakariren baterako behar izanez gero.

4.2. Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik, Udalak instalazioa denbora baterako ixteko agintzen ahalko du, hori justifikatzen duen arrazoi larriren bat izanez gero, erabiltzaileei eragindako kalteengatik erantzun beharrik izan gabe. Halakoetan, erabaki hori aitzinetik ahalik eta lehenen jakinarazi beharko luke.

5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan kartela paratuko da, Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak onetsia, erabiltzaileak ongi ikusteko moduko tokian, ondokoak azaltzeko:

-Instalazioko zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezioa.

-Jardueraren ordutegia.

-Erabiltzaile kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.

-Egiten diren zerbitzuak edo programak.

-Instalazioaren arduradunaren izena.

-Kirol arduradun teknikoen izenak.

Kontsultatu ahal izateko eskura dagoen tokiren batean utziko da Erregelamendu honen ale bat.

6. artikulua. Instalazio bakoitzean praktikatu beharko da, ahal dela, aurretik berarentzat berariaz bereizitako kirol mota. Bertze batzuk ere praktikatzen ahalko dira, edo baimena ematen ahalko da kirol arlokoak ez diren jardueretarako, baldin eta teknikoki egiten ahal badira eta idatziz emandako udal baimena izanda. Baimen hori Alkatetzaren ebazpenaren bidez emanen da.

7. artikulua. Udalak erantzukizun zibileko asegurua izanen du zuzenean kudeatzen dituen kirol instalazio guztietarako, instalazioaren erabileraren ondorioz datozkeen kalte eta galera guztiak babesteko. Udalak, orobat, aseguru bera eskatuko dio bere kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresari.

8. artikulua. Udalak eta kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak ez dute erantzukizunik izanen Udalaren kirol instalazio guztietan kirolean aritzean gertatzen ahal diren istripuen gainean, horiek arauak ez betetzeagatik, seinale edo gaztiguei kasurik ez egiteagatik edo instalazio eta zerbitzuak oker erabiltzegatik gertatzen badira. Alde horretatik, lerraldiek eragindako istripuak erabiltzailearen ardura izanen dira.

9. artikulua. Kirolarien eta jendearen segurtasuna eta babesa bermatzeko xedez, ez zaie ikuskizunetarako eta kirol saioetarako Udalaren kirol instalazioen barrenera pasatzen utziko honako hauek sartu nahi dituzten pertsonei:

9.1. Edukiz edo erranahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankarta, sinbolo, ikur edo idazkiak.

9.2. Armak edo arma gisa erabil daitezkeen zerak.

9.3. Bengalak edo su artifizialak.

9.4. Erregelamenduz ezartzen diren bertze objektu edo tresna guztiak.

Nolanahi ere, debeku izanen da Udalaren kirol instalazioetan aitzineko lerroaldean aipatu diren objektuak erakutsi edo erabiltzea, eta instalazioaren titularrak edo kudeatzaileak beharturik daude haiek berehala kentzera.

10. artikulua. Kirol instalazioetako bakoitzean, nahitaezkoa izanen da agerian kartel bat paratzea, bertan honako argibide hauek emanda:

10.1. Zer kirol zerbitzu eskaintzen diren eta, hala bide denean, zer tarifa edo tasa ordaindu behar diren.

10.2. Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko erregelamendua.

10.3. Instalazioaren titularra nor den eta, hala bide denean, bertan egiten den kirol jardueraren antolatzailea nor den, instalazioaren titularra ez bertze norbait denean.

10.4. Debeku dela instalazioan egiten diren jendaurreko kirol ikuskizun eta jardueretara inor aitzineko artikuluan aipatu tresna eta objektuak aldean dituela sartzea.

10.5. Instalazioak dituen zerbitzuen zerrenda.

10.6. Instalazioko kirol ekipamendua, mugigarria nahiz finkoa, desegoki erabiltzeak zer arrisku sor dezakeen.

11. artikulua. Udalak baimendutako jardueretan sarreretatik ateratako dirua jarduera hori antolatzen duen entitatearen esku geldituko da, betiere dagokion erabilera tasa eta indarra duten udal zergak ordaindu beharko dituela.

12. artikulua. Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik, Udalak baimena ematen ahalko du publizitatea jartzeko, mugigarria nahiz estatikoa, iraunkorra edo ez, edozein elementu tekniko edo euskarritan, baldin eta legezko arauak betetzen baditu, kirol entitateren batek eskatzen badu eta dagokion baimenean Udalak zehazten dituen arauak beteta.

13. artikulua. Instalazioko seinale guztiek, barnekoek nahiz kanpoaldekoek, dagokien araudia bete beharko dute, hala udalekoa nola foru administraziokoa, eta orokorra ere bai. Betiere, seinale horietan agertu beharko du instalazioaren titulartasuna Udalari dagokiola.

14. artikulua. Kirolean aritzeko, edozein espezialitatetan, material eta janzkera egokiak erabili beharko dira. Hori kontuan hartuz, oinetakoak zaindu beharko dira bereziki, kirolgune bakoitzaren parketean edo zoru berezian markarik utziko ez duten zolak erabilita.

14.1. Ez dago baimenduta jostetan aritzea edo beroketa ariketak egitea, baloiak, pilotak edo bertzelako objektuak erabilita, aldageletan, pistetara edo harmailetara joateko pasabideetan eta kirolgunetzat hartzen ez diren eremu guztietan.

15. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeak berarekin dakar erregelamendu honetako arauak onartu behar izatea.

II. KAPITULUA

Abonatuak

16. artikulua. Abonatua izateko, pertsona batek inskripzioa eskatu behar du, hura onartu behar diote, eduki behar du "Kirola egiteko Udalaren abonatu karneta", eta Udalak finkatzen dituen kuoten ordainketa eguneratua izan behar du.

16.1. Alta egiteko, instalazioan bilduko diren inprimakiak bete beharko dira, eskatzen den dokumentazioarekin batera.

16.2. Kirolerako karneta duten abonatuak instalazioetan doan sartzen ahalko dira, denboraldiaren arabera: (Castejongo Udalak urtero erabakiko ditu instalazioen egutegia eta ordutegiak, erabiltzaileek jakin dezaten. 'El Romeral" kirol instalazioak erabat itxirik egonen dira aldi batzuetan, mantentze lanak egiteko).

-Neguko denboraldia:

.Igerileku klimatizatua.

.Hidroterapiako igeri-ontzia.

.Udal kiroldegia.

.Aldagelak.

-Udako denboraldia:

.Neguko denboraldiko leku beretara sartzen ahalko da, baita hauetara ere:

.Udako igerilekuak.

.Pilotalekua eta kirol pistak.

.Kanpoko solarium eremua.

.Ostatua.

17. artikulua. Urteko abonatu motak:

17.1. Abonatuen artean sailkapen hau egin da:

A mota: 4 urtetik beheitiko haurrak.

B mota: 4tik 15 urtera bitarteko haurrak.

C mota: 16tik 65 urtera bitarteko helduak.

D mota: 65 urtetik goitikoak edo %65eko ezgaitasun baloratua edo handiagoa dutenak.

17.2. Udalak finkatutako kuotak ordainduko dituzte abonatuek, eta kuota horiek aldatzen ahalko dira, Kudeaketa eta Jarraipen Batzordearen proposamenari jarraikiz.

Aitzinekoa deusetan ukatu gabe, kuotei urtero gehituko zaie aurreko urteari dagokion KPIa, urtarrilean aplikatuko baita.

17.3. A motako abonatuak salbuetsirik daude inolako kuota ordaintzetik eta, bistan denez, beren aita-amekin edo legezko tutoreekin sartuko dira instalazioan, baldin eta horiek abonaturik badaude.

17.4. D motako abonamenduan sartuko dira %65eko ezgaitasun baloratua edo handiagoa duten pertsonak, haien adina edozein dela ere, beren egoera egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala (administrazio publiko batek egina) aurkezten baldin badute.

17.5. "El Romeral" kirol instalazioetako abonatu izan nahi duten lagunek sarrerako diru kopuru bat ordaindu beharko dute abonatu bilakatazeko.

Sarrerako diru kopurua ordaindutakoan hasiko zaie ordainagiriak bidaltzen, kirol instalazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa noiz aurkezten duten kontuan hartu gabe.

Baja egiten duen abonatuak ezin izanen du sarrerako diru kopuru hori itzultzeko eskatu. Berriz ere abonatua izan nahi badu, bertze behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

17.6. Familia larriek %30eko beherapena izanen dute Castejongo Udalek ezartze dituen kuotetan.

18. artikulua. Hilaren 20a baino lehen edo 20an berean alta egiten duten abonatuek hilabeteko kuota osoa ordainduko dute. Hilaren 20tik aitzina alta egiten dutenak hurrengo hilean hasiko dira kuota ordaintzen.

Ezarrita dauden ordainketa moduak (hilabeteko, hiruhileko, seihileko edo urteko kuota) banku igorpenaren bidez eginen dira, abonatuak ematen duen kontu zenbakira; beraz, baitezpadakoa da kontu zenbaki bat ematea, hartara egiteko banku igorpenak.

19. artikulua. Kuotak ordaintzen ez badira, bi aldiz eginen da ordaintzeko errekerimendua, eta haietako bakoitzari dagokion hilabeteko epean abonatuaren erantzunik ez badago, baja emanen zaio eta abonatuen eskubideak galduko ditu.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondotik, berriz ere alta hartu nahi badu kuoten ordainketa eguneratu beharko du eta bertze behin ordaindu beharko du sarrerako diru-kopurua.

Ordainagiria itzuliz gero, Udalari ordaindu beharko zaio Udalak berak zehaztuko duen diru kopuru jakin bat.

20. artikulua. Baja nahi duen abonatuak idatziz eman beharko die bere nahiaren berri instalazioetako administrariei.

20.1. Baja idatziz jakinarazi beharko da eta, horretarako, interesdunak instalazioko harreralekuan agiriaren ale bat bildu eta beteko du, bakoitzak berea, eta behar bezala sinatuko, hurrengo ordainagiria ordaindu behar den dataren aitzineko hilaren 20a baino lehen. Baja gertatzen bada tasa kobratzeko egunaren ondotik, ez da tasa itzultzeko eskubiderik izanen.

20.2. Abonatu karneta galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio segituan instalazioak kudeatzen dituen entitateari.

20.3. Karnet berria egiteko, diru kopuru bat, Udalak zehaztuko duena, ordaindu beharko da.

20.4. Abonatu orok eman beharko dio instalazioari aurkeztutako datuetan gertatzen den edozein aldaketaren berri: helbidea, kobratzeko kontu zenbakia, kontaktatzeko telefonoa, etab. Abonatuak hartuko ditu bere gain edozein daturen aldaketagatik sortzen diren ondorioak.

21. artikulua. Udalak, Kudeaketa eta Jarraipen Batzordearen iritzia entzun ondoan, abonatuen kopurua mugatzen ahalko du, instalazioen erabilera hobetzeko.

22. artikulua. Abonatu karneta pertsonala eta besterenduezina da. Bertze inork behar ez bezala erabiltzen badu, zehapena ezarriko da, Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak zehazten duena.

23. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:

23.1. Instalazioetan doan sartzea, abonatu karneta erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

23.2. Instalazioak erabili ahal izatea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraituz.

23.3. Kirol ikastaroetan inskribatzea, Udalak haientzat onetsitako araudiari segituz, eta lehentasuna izanik abonatu gabeen aitzinetik.

23.4. Beherapenak izatea Udalak kasu bakoitzean onesten dituen kirol ikastaroetan, abonaturik ez daudenen aldean.

23.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

24. artikulua. Abonatuak beharturik daude aurreraxeago erabiltzaileentzat, oro har, ezartzen diren obligazioak betetzera.

III. KAPITULUA

Abonatu gabeak

25. artikulua. "Urteko abonatuak" ez direnek ("abonatu gabeak" multzo berean sartzen dira "urteko abonamendua" egiten ez duten gainerakoekin batera, erran nahi baita "abonatu gabeak" direla udako abonamendua, hilabeteko abonamendua eta eguneko sarrera ordaintzen dutenak) sarbide hauek izanen dituzte kirol instalazioetan:

-Udako abonamendua.

-Hilabeteko abonamendua (negua).

-Hilabeteko abonamendua (uda).

-Eguneko sarrera.

-Kirol ikastaroetan izena ematea: (kasu honetan 3 kategoria baizik ez dira kontuan hartuko adinaren aldetik: 1) Haurrak -15 urte arte- 2) Heldua -16tik 65 urte arte- eta 3) 65 urtetik goitikoak eta %65eko ezgaitasun baloratua edo handiagoa dutenak-).

25.1. Ezarritako sarbide bakoitzean (kirol ikastaroetarako izan ezik), 4 kategoria izanen dira adinaren aldetik:

-Haurrak: < 4 urte.

-Haurrak: 4tik 15 urte arte.

-Helduak: 16tik 65 urte arte.

-65 urtetik goitikoak edo %65eko ezgaitasun baloratua edo handiagoa dutenak.

25.2. Sarbide horietan (kirol ikastaroetarako izen emateetan izan ezik) familia larrien kasua jasoko da; %30eko beherapena izanen dute Udalak ezartzen dituen kuoten gainean.

25.3. Ezartzen diren sarbide guztietan bete beharko dira instalazioan eskatzen den dokumentazioarekin batera bilduko diren inprimakiak; ordainketa eskudirutan eginen da, delako ordainketa eskatzean. Abonamendu mota hauetan ez da ordaintzeko bertzelako biderik izanen.

25.4. Sarbide bakoitzak halako eremu batzuk erabiltzeko eskubidea ematen du. Arau hori ez betetzeak ekarriko du kirol instalazioen erabiltzaileari karneta kentzea eta baja egitea, eta ez zaio itzuliko ordaindutako diru kopurua.

25.5. Abonatu gabeek ez dute kirol ikastaroetan beherapenik izateko eskubiderik; gainera, urteko abonatutzat jotzen diren erabiltzaileek lehentasuna dute, abonatu gabeen aitzinean, kirol ikastaroetan izena emateko.

25.6. Udako abonamendua: balioko du Castejongo Udalak urte bakoitzean ezartzen duen udako denboraldirako, eta horretarako ezartzen den ordutegiaren barrenean.

Abonamendu horrek honako hauek erabiltzeko eskubidea ematen du:

-Udako igerilekuak.

-Kanpoko kirol pistak.

-Lorategi moduko eremua.

-Aldagelak.

-Ostatua.

Gainerako kirol eremuak ez dira erabiltzen ahalko.

25.7. Hilabeteko abonamendua: hilabetez erabiltzea, hura eskuratzen den egunetik. Instalazioko kirol eremu guztiak erabiltzeko eskubidea du, urteko abonamenduak bezala.

25.8. Egun bateko sarrera: instalazioan egun batean sartzeko modua ematen du; sartu eta atera nahi denean behar den tiketa erakutsiko zaie, NANarekin batean, harreraguneko langileei.

Eguneko sarreraren gibelaldean erosi duenaren NAN zenbakia agertuko da; edozein unetan eskatu ahalko da NAN zenbakia jatorrizkoarekin egiaztatzeko.

Eguneko sarrerari zilegi ez den edozein erabilera ematea (faltsukeria, hirugarrenei ematea, etab.) zehapena izanen du instalazioko sarbidea galtzea egunaren gainerakoan; larria bada, Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak bertzelako zehapenak ezar ditzake, bidezko iruditzen bazaio.

Instalazioko kirol eremu guztiak erabiltzeko eskubidea ematen du, urteko abonamenduak bezala, fitnes aretoa izan ezik, ez baitute erabiltzen ahalko.

15 lagun edo gehiagoko talde antolatuak sartzeko, %30eko beherapena eginen da proposatutako prezioen gainean, betiere 48 ordu baino lehenagoko erreserba egiten bada.

25.9. Kirol ikastaroetan izena ematea: instalazioan sartzen ahalko dira abonatuak izan gabe ere, hala neguko nola udako denboraldian, antolatzen diren kirol ikastaroetako batean plaza lortzen dutenak. Zer kirol jardueratarako eman duten izena, kirol instalazioaren barnean horretarako dagoen eremua baizik ez dute erabiltzen ahalko eta betiere programaturiko ordutegiaren barnean.

Pertsona horiek, ikastaroaren kuota ordaintzen dutenean, karnet neurriko argazki bat eman beharko dute, dagokien karneta egiteko.

Pertsona horiek, instalazioan sartzeko, karneta erakutsi beharko dute.

Karnetak indarra izanen du dagokion jarduera hasi baino 15 minutu lehenagotik.

Jarduera bukatu eta 30 minutu iragandakoan atera behar da instalaziotik.

Inork kirol ikastaro batean parte hartzea modu desegokian erabiltzen badu, Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak bidezko iruditzen zaion zehapena ezarriko dio; hala izanez gero baja eginen du ikastaroan eta ez zaio inola ere itzuliko ordaindu duen kuota.

26. artikulua. Adin txikiko batek kirol jarduera batean parte hartu ahal izateko, heldu batek edo tutore batek lagunduta egon beharko du, jarduera hasi baino 15 minutu lehenagotik bukatu eta 30 minutu iragan arte. Horretarako NANa harreralekuan utzi beharko du eta ateratzen direnean bildu. Ezarritako denbora hori gaindituz gero, egunero sarreraren zenbatekoa kobratuko da.

IV. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

27. artikulua. Eskubideak.

27.1. Erabiltzaileak, dagokion tasa edo tarifa ordaintzen badu, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea du erregelamendu honetan ezartzen den gisan.

27.2. Erabiltzaileek Udalaren kirol instalazioetako zerbitzu guztiak erabiltzeko eskubidea izanen dute, haietako bakoitzaren arau partikularrak beteta.

27.3. Herritarrak eskubidea du informazioa jasotzeko, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baldintzez eta haietan eskaintzen diren kirol programez.

27.4. Erabiltzaileek eskubidea dute egokiak iruditzen zaizkien iradokizunak aurkezteko Udalaren kirol instalazioen kudeaketa hobetu beharrez, baita erreklamazioak aurkezteko ere haien funtzionamenduaz. Bi-biak tramitazen ahalko dira kirol instalazioetan dauden inprimakien bidez.

27.5. Eskubidea, orobat, eskatzeko Udalak bete ditzala bere zerbitzu eskaintzetan hartzen dituen konpromisoak.

28. artikulua. Betebeharrak.

28.1. Karneta aurkeztea Udalaren kirol instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Norbaitek kirol instalazioetara sartzean karneta aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.

28.2. Erabiltzaileak modu egokian jokatu beharko du instalazioen barrenean, hala hitzez nola ekintzez, gainerako erabiltzaileei traba egin gabe eta gizalegezko elkarbizitzak zehazten dituen mugen barnean.

28.3. Funtsezkotzat jotzen da, orobat, erabiltzaileen eta instalazioetako langileen artean, elkarri begirunea izatea, erabiltzaileek langile horien erranak, hasteko eta behin, onartu beharko dituztelarik.

28.4. Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta ordu erreserbak, aldez aurretik ematen direnak.

28.5. Erabiltzaileek modu egokian erabili behar dituzte instalazio eta eremu guztiak, baita horiek zaindu eta zainarazi ere; bertzenaz, erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan ematen duten denboran asmo txarrez edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.

28.6. Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute erabiltzen dituzten eremuak garbi edukitzen, horretarako paperontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz.

28.7. Debeku dute instalazioetara sartzea 12 urte bitarteko adingabeek, non ez diren 14 urte baino gehiagoko batekin joaten eta hark bere gain hartzen haien zaintza.

28.8. Haurrek gurasoen edo arduradunen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihestu eta gainerako erabiltzaileei traba ez egiteko.

28.9. Erabiltzaile adindunek erantzun beharko dute, baldin eta beren kargura dituzten adingabeek erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausterik egiten badute.

28.10. Erabiltzaileek onartu beharko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertu edo hondatzen badira.

28.11. Erabiltzaileek instalazioko ordutegiak errespetatu beharko dituzte, baita erregelamendu hau ere, enplegatuen erranei kasu eginez beti.

28.12. Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aitzinetik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.

28.13. Erabiltzaileak instalazioetatik egozten ahalko dituzte eta hortik erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galdu, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza arrunta nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.

28.14. Arau hauetan aipatzen ez diren gainerako kasuetan, eta haiei buruzko interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du dagokion erabakia, hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia Kudeaketa eta Jarraipen Batzordera igorriko da, eta azken buruan Gobernu Batzarraren esku utziko da, behin betiko ebazpena eman dezan. Erabiltzailea beharturik dago une bakoitzean instalazioan dagoen pertsona arduradunak hasteko eta behin hartzen duen erabakia onartzera.

28.15. Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

29. artikulua. Erabiltzaileen eskubideen bermetako, instalazio bakoitzean izanen dituzte erreklamazio orriak eskura. Edozein erabiltzaile baliatzen ahalko da erreklamazio orri horietaz, bertan jarrita izena, deiturak, helbidea, eta telefono eta NAN zenbakiak, baldin eta instalazioetako zerbitzuen funtzionamendua desegokia dela uste badu. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna hartuko du. Erantzuna nahitaez etorriko da nonbait jasoa izateko moduan, nahiz eta aldez aurretik telefono bidez jakinarazten ahal den.

Erabiltzaileek noiznahi eskatzen ahalko dute instalazioetako zerbitzuen enplegatu edo arduradunen identifikazioa, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin ahal izateko.

30. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan biltzen diren gauza galduak instalazio bakoitzeko argibide zerbitzuan (harreralekua) utziko dira, 15 egunean. Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira 30 egunean. Denbora hori ere iragandakoan, Udaltzaingoaren egoitzara eramanen dira, legez ezarritako bideak segi dezan.

V. KAPITULUA

Udalaren kirol instalazioetako leku batzuen erabilerari buruzko arau berariazkoak

31. artikulua. Aldageletan eta jantzitegian bete beharreko arauak.

31.1. Erabiltzaileak aldageletan aldatuko dira arropaz beti, debekatuta baitago haietatik kanpoan arropak jantzi edo eranztea.

31.2. Jantzitegi zerbitzua takillen eremuan bakarrik izanen da. Eguna bukatzean, itxirik dauden takilla guztiak irekiko dira, egunean erabiltzeko baizik ez baitira.

31.3. Debeku da arras takilla erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako. Arau hori betetzen ez duenari isuna ezarriko zaio, eta takillan altxatu duen materiala handik atera eta jantzitegian edo bulegoetan utziko da, isuna harrelakuan ordaintzen den arte.

31.4. Giltza galduz gero, instalazioaren arduradunari emanen zaio horren berri, eta hark dagokionari emanen dio takillaren barrenean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen bada. Jabetza frogatzen ahal ez bada, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko. Gainera, hala izanez gero, inplikatutako erabiltzaileak sarrailaren aldaketaren kostu guztia ordaindu beharko du, takilla berriz ere erabiltzeko maneran uzteko, hura bortxatu eta, beraz, ezin erabilirik utzi bada.

31.5. Bortz urtetik goitiko haurrak ezin dira, inola ere, bertze sexukoen aldageletara sartu, ez bakarrik ezta helduaren eskutik ere. Halakoetan, familiendako aldagelak erabili beharko dira.

31.6. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileei kasu eginez, eta paperontziak erabiliz. Higiene arrazoiak direla eta, debeku da arras bizarra egitea, depilatzea eta pedikura, manikura eta gisako tratamenduak egitea.

31.7. Erabiltzaileek begiratu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, baita kasu egin ere horren inguruan langileek egiten dizkieten oharrei.

31.8. Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak begiratu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

31.9. Kabinak dituen aldagela, lehentasunez, erabiliko da zerbitzu egiteko igeriketa ikastaroei eta igerilekuei.

32. artikulua. Ur bazter eta igeri-ontzietan bete beharreko arauak.

32.1. Ur bazter eta igeri-ontziak erabiltzeari dagokionez, bete beharko da hala erregelamendu honetan nola lehendik dagoen arau berariazkoetan ezarritakoa (123/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 19koa, Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza sanitarioak ezartzen dituena).

32.2. Igerilekuak erabiliko dira erlaxazio bainuak hartzeko, igeri egiteko nahiz, kasua bada, lehiaketak egiteko, betiere igerilekuan ongi zehazturik bakoitzari dagokion aldea.

32.3. Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak hemen ematen dituen arau hauek, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta igerilari guztien segurtasuna zaintzeko bertze xederik gabe.

32.4. Sorosleek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasi, ekipamendua gaizki erabili eta erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat arriskutsuak baldin badira.

32.5. Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea.

32.6. Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute jokaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko (edo instalaziotik bidaltzeko), baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.

32.7. Ur bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aitzin nahitaez dutxatu behar da. Halaber gomendatzen da bainatu ondoan dutxatzea.

32.8. Ur bazterrera oinutsik edo txankletak jantzita joan behar da, instalazioko langileak izan ezik, horiek oinetako egokiak edo bereziak jantziko baitituzte, behar izanez gero. Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin.

32.9. Debeku da igerilekuetan edo inguruan egoteko tokietan erretzea, jatea edo hondarrak sortzen dituen bertze zernahi egitea.

32.10. Debeku da etzaulkiak edo oihalak sartzea, eguzkitan egoteko, ur bazterretan.

32.11. Debeku da igerilekuan bertze erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozer erabiltzea (hegatsak, urpeko betaurrekoak, koltxoi puzgarriak, baloiak, pilotak etab.), salbu eta horretarako izendatzen diren egun, ordu eta aldeetan. Kasu horretan ez dira sartzen igeri egiteko betaurrekoak, txanoa eta ur azalean irauteko bertze edozein material.

32.12. Ur bazterrean eta igeri-ontzian debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Beraz, ahal dela, ez da lasterka ibili behar, ez baloiekin jostetan, ez joko bortitzetan, ez da uretan modu zakarrean murgildu behar, hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei molestia egin edo uraren kalitateari eragin diezaiokeen deus.

32.13. Igeri-ontzi bakoitzak, arauek hala aginduta, bainulari kopuru bat har dezake gehienez. Kopuru horretara iritsiz gero, igerilekuan jende gehiagori sartzea galarazten ahalko zaio denbora batean.

32.14. Igeriketa ikastaroak egin bitartean, izena eman ez dutenek ezin izanen dituzte erabili horretarako bereizitako alde edo kaleak.

32.15. Soroslea edo monitorea, igeri-ontziaren barrenean edo ur bazterrean, instalazioetako bertze enplegatu bat gehiago da eta, beraz, arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileei kargu hartu eta zehapena jartzeko ahalmena du.

32.16. Igeri-ontzietara sartzeko nahitaezkoa izanen da guztiek bainurako txanoa eta bainujantzi egokia erabiltzea.

32.17. 5 urtetik goitiko haurrek, gazteek eta helduek debeku dute plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, haur txikiak zaintzen ari diren helduak izan ezik. Kasu horretan, pertsona heldu horiek igerilekuaren inguruan egon behar dute, eta uretara sartuko dira bakar-bakarrik beharrezkoa baldin bada.

32.18. Debeku da arras listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen edozein gauza.

32.19. Erabiltzaileak erabiliko ditu bertze xede batzuetarako mugaturik ez dauden parteak (ikastaroak, entrenamendua

32.20. Bakar-bakarrik erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala...), izena eman dutenek eta ikastaroetan soilik.

32.21. Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.

32.22. Bainu librean ari direnek ezin izanen diete kargu hartu, bulka edo traba egin, inola ere, ikastaroren bat edo instalazioen kudeatzaileek antolatutako jardueraren bat egiten ari diren ikastarogile, igerilari edo oro har erabiltzaileei.

32.23. Instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarra duen araudia.

32.24. Kirolerako igeri-ontzi klimatizatuan bete beharreko arauak:

a) Igerileku horiek prestatu dira batera izan daitezen jarduera antolatuak (ikastaroak, ikastetxeetako ikasleen igeriketa saioak, eta abar) eta abonatuen erabilera librea.

b) Igeri-ontzia kaletan banaturik egoteak bermatzen du bainulariek modu arrazoizko eta ordenatuan erabiltzea. Kalearen barnean bainulariek horrexegatik ibili beharko dute eskuin aldetik; horrek aukera emanen du kale bakoitza 8 bainularik batera erabiltzeko.

c) Jarduera antolatuetarako alde edo kaleetan ezin dira sartu haietan izena eman ez dutenak.

d) Halako une batzuetan edo zerbitzuak hala behar duenean, kaleak zertarako erabiliko diren, horrexen arabera katalogatuko dira. Hau da:

-Azkar igeri egiteko kalea.

-Mantso igeri egiteko kalea.

-Jostetan aritzeko kalea.

-Ikastarorako erreserbaturiko kalea.

e) 0tik 3 urte arteko nahitaez erabili beharko dute bainurako pixoihala.

f) Igeri egiteko elementuak, hala nola hegatsak eta palak erabiltzeko baldintza izanen da sorosleak baimena ematea eta kale berean bertze bainulari batzuk ez egotea, elementu horiek ez dituztenak.

g) Ez da erabiltzeko ahalko ur azalean irauteko elementu osagarririk, non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala. Sorosleak edo instalazioko langileek baimena eman ezik.

32.25. Hidroterapiako igeri-ontzian bete beharreko arauak.

a) 14 urtetik beheitikoek ezin izanen dute erabili hidroterapiako igeri-ontzia eta, zehatz-mehatz, "zorrotadak" izeneko ur zerak, heldu batekin badaude ere. Ikasteko eremua salbuetsirik dago.

b) Hidroterapiako igeri-ontzia diseinatua dago batera egin ahal izan daitezen ikasteko eremuan antolatzen diren jarduerak eta erabiltzaileen erabilera librea "zorrotadak" izeneko ur zerak dauden aldean.

c) Igeri-ontzira sartzeko nahitaez eskailerak erabili behar dira, debeku baita igerileku honetan salto eginez murgiltzea, gainerako erabiltzaileei traba ez egiteko.

d) Hidroterapiako igeri-ontzian gehienez ere 30 minutuz egoten ahal da, betiere jendea sartzeko esperoan baldin badago.

e) Hidroterapiako igerilekuaren barreneko instalazioetako bakoitzean (zorrotadak) gehienez ere 10 minutuz egoten ahal da, betiere jendea haiek erabiltzeko esperoan baldin badago.

f) Gisa honetako lekuen ezaugarriak direla-eta, bainulariek behar bezalako portaera izan beharko dute, egitez nahiz hitzez, gainerako erabiltzaileei ez nahasmendurik ekarri ezta trabarik egiten diena.

33. artikulua. Saunan bete beharreko arauak.

33.1. Sauna diseinaturik dago aldi berean gehienez ere 8 lagunek erabil dezaten. Haietakoren bat erabiltzera joatean, ikusten bada beterik dagoela, itxaron beharko da erabiltzaile bat atera arte.

33.2. Gisa honetako lekuen ezaugarriak direla-eta, bainulariek behar bezalako portaera izan beharko dute, egitez nahiz hitzez, gainerako erabiltzaileei ez nahasmendurik ekarri ezta trabarik egiten diena.

33.3. 16 urtetik goitikoek erabilzen ahal dute sauna.

33.4. Sauna bainujantziz erabili behar da, eta xukadera bat haren gainean jarri edo etzateko.

33.5. Erabiltzeko aholkuak eta debekuak jarrita daude, saunan berean, denek ikusteko tokian; sartu aitzin, horiek irakurtzeko gomendioa egiten da.

33.6. Debeku da arras bizarra kentzea sauna barnean, baita jatea edo hondarrak sortzen dituen bertze zernahi egitea.

33.7. Debeku da liburuak, aldizkariak edo paperak barrenera sartzea.

33.8. Saunan beti oinutsik sartu behar da.

33.9. Barnean gehienez ere 15 minutuz egon daiteke.

33.10. Debeku da edozein osagarri (zundak, erlojua, etab.) manipulatzea.

33.11. Toki horretan, informazio panelen bidez, ikusgari jarriko dira eremu hau erabiltzeko gomendio eta debekuak.

33.12. Instalazioko zuzendaritzak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, eremu hori erabiltzea komeni zaien ala ez jakin dezaten.

34. artikulua. Egonguneetan bete beharreko arauak (instalazioaren barrenean erabiltzaileak egoteko prestatu diren toki guztiak dira egongune: belardiak, jantokien aldeak, korridoreak, etab.).

34.1. Abonatu izatearekin edo eguneko sarreraren prezioa ordainduz bihurtzen baita norbera erabiltzaile, horretaz baliatuz instalaziora sartu eta hura erabil dezake hala denak, baina instalazioa erreserbatu edo mugatzeko ahalmenik izan gabe.

34.2. Udako denboraldian erabiltzaileek berenak diren aulkiak eta eguzkitakoak sartzen ahalko dituzte igerilekuen esparrura. Instalazioak prestatuko dituen oinarrietan finkatuko dituzte, belardian landatu gabe.

34.3. Belardietan ezin da gainerako erabiltzaileei traba edo belardiari eta gainerako landare apaingarriei kalte egin diezaiekeen deusetan aritu.

34.4. Egonguneen xedea lasaitasunerako eta atsedenerako toki izatea denez, ez da onartuko bertan transistorerik, irrati-kaseterik edo gisakorik erabiltzea, gainerako erabiltzaileei aztoramendua ekarri edo traba egiten ahal dien bolumenean.

34.5. Debeku da berdegunera sartzea botilekin edo kristalezko bertzelako ontziekin.

34.6. Otorduetarako ohiko orduetan jantokiko mahaiak erabiltzeko lehentasuna izanen dute bertan jan nahi dutenek, bertzelakoetan (mahai jokoak...) aritu nahi dutenen aldean. Mahai horietan bakarrik erabiltzen ahal dira plastikozko tresnak (edalontziak, platerak, sardexka-koilarak...).

34.7. Udako denboraldiaren aurreko edo ondoko hilabeteetan, eguraldi ona egiten badu, instalazio bakoitzean zabalik egonen dira eremu mugatu jakin batzuk, bertan eguzkitan egon ahal izateko.

34.8. Telefonoa publikoa izanen da, eta izanen du funtzionatzeko sistema bat, Udalari deien kostua eskuratzeko manera emanen diona.

34.9. Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barrenean).

34.10. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.

35. artikulua. Tenis pistak erabiltzean bete beharreko arauak.

35.1. Bakar-bakarrik tenisean aritzen ahalko da bertan.

35.2. Esparru hori erabili nahi dutenak gehienez ere ordubetez aritzen ahalko dira, betiere bi pertsona baino gehiago badaude, eta kirolean ari daitezke gehienez ere lau pertsona, binaka ariz gero.

35.3. Tenis zelaiak zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den gisan eta tenorez eskatu badituzte.

35.4. Debeku da arras jatea edo hondarrak sortzen dituen bertze zernahi egitea.

36. artikulua. Squash pistan erabiltzeko arauak.

36.1. Squash pistak, material eta neurri aldetik, squashean aritzeko berariaz diseinaturik daude.

36.2. Squash pista gehienez ere 60 minutuz erabiltzen ahal da.

36.3. Squash pistak zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den gisan eta tenorez eskatu badituzte.

36.4. Debeku da arras jatea edo hondarrak sortzen dituen bertze zernahi egitea.

37. artikulua. Pilotalekua erabiltzean bete beharreko arauak.

37.1. Pilotalekuak, material eta neurrien aldetik, pilotan aritzeko berariaz diseinaturik daude, erran nahi baita: eskupilota, palaz gomazko pilotarekin, palaz larruzko pilotarekin, frontenis... eta pilota federazioaren barrenean sartutako kirol modalitate guztiak. Bertzela ere erabiltzen ahalko dira, salbuespen kasuetan, aitzinetik udal baimena izanda.

37.2. Pilotalekua gehienez ere ordubetez erabiltzen ahal da.

37.3. Pilotalekuak zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den gisan eta tenorez eskatu badituzte.

37.4. Debeku da jatea edo hondarrak sortzen dituen bertze zernahi egitea.

38. artikulua. Kirol pista estaliak eta gimnasioak erabiltzean bete beharreko arauak.

38.1. Kirolgune horietan mota guztietako kirolak egiten ahalko dira, betiere, kantxaren neurriak eta sabaiaren altuera kontuan hartuz, kirol bakoitzaren araudi berariazkoak onartzen duenaren arabera. Horretarako, joko eremurako behar diren neurriak kirol anitzeko pistaren lurrean markatu eginen dira.

38.2. Kirolgune horiek erabiltzeko gehieneko denbora jarrita etorriko da horretarako prest egonen den eskabide inprimakian, baita kontzesio idazkian ere.

38.3. Kirolgune hauek zabalik daude erabiltzaile eta abonatu guztientzat, betiere behar den gisan eta tenorez eskatu badituzte.

38.4. d) Debeku da jatea edo hondarrak sortzen dituen bertze zernahi egitea.

39. artikulua. Multzokako jardueren gelak erabiltzean bete beharreko arauak.

39.1. Kirol instalazioak kudeatzen dituen entitateak antolatzen dituen ikastaroak egiteko baizik ez dira multzokako jardueren gelak. Beraz, ikastaroetako parte hartzaileak baizik ez dira hartara sartuko.

39.2. Ikastaroetatik kanpo, kirolgune hori itxita egonen da abonatuentzat.

39.3. Kirolgune horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

40. artikulua. Muskulazio gelan erabiltzeko arauak.

40.1. Urteko edo hilabeteko abonamendua duten erabiltzaileak baizik ez dira sartuko muskulazio gelan.

40.2. Gelan dauden aparatuek kalte larria egin diezaiekete manera desegokian erabiltzen dituztenei. Horregatik, gela erabili nahi dutenek aitzinetik ikastaro txiki bat egin beharko dute monitore espezialistarekin. Behin ikastaro hori eginez gero, nahi bezala erabiltzen ahalko dira makinak.

40.3. Orokorrean, 16 urtetik beheitikoek ez dute erabiltzen ahalko muskulazio gela. Arau hori ez betetzeak zehapena ekarriko du eta han egotearen ondorioak haien guraso edo legezko tutoreen gain izanen dira.

40.4. Salbuespenez eta monitoreak begiratutako kasuetan, muskulazio gela erabiltzen ahalko dute 18 urtetik beheitikoek, baina betiere monitorearen oniritzia izanda.

40.5. Muskulazio gelako monitoreak eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituzten pertsonei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, handik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.

40.6. Muskulazio gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, karrikatik ekartzen direnak erantzita.

40.7. Garbitasunagatik eta gainerako erabiltzaileenganako errespetuagatik, xukadera eraman beharko da aparatuak erabiltzen direnerako.

40.8. Muskulazio gelaren erabiltzaileek, pisuak altxatzen ari ondoan, pisuak beren lekuan utziko dituzte, gela txukun egon dadin.

40.9. Gomendioa egiten zaio erabiltzaileari aitzinetik osasun azterketa egiteko.

40.10. Udala eta instalazioa kudeatzen duen enpresa ez dira izanen muskulazio gelan dauden aparatu eta materialekin erabiltzaileek egiten duten erabilera okerraren erantzule.

41. artikulua. Kanpoko kirol pistak erabiltzean bete beharreko arauak.

41.1. Nornahi sar daiteke instalazio horietara, baita haiek erabili ere, ez baita horretarako inolako baldintzarik ezarri.

41.2. Ezin da norbanakoendako erreserbarik egin. Pistetara joan egin behar da, haiek erabili nahi izanez gero. Talderen baten kasua izanez gero, behar den erreserba egiten ahalko da, erregelamendu honetako 18. artikuluan zehazten den gisan.

41.3. Bertan egiten ahalko dira instalazioen azpiegiturak onartzen dituen kirol mota guztiak, baita bertzelako edozein kirol jarduera ere, betiere arriskurik ez badago instalazioko materialei edo zoruari edo bertan dagoen jendeari kaltea egiteko.

41.4. Debeku da pintadak egitea, jatea edo hondarrak sortzen dituen bertze zernahi egitea.

41.5. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek egiten dizkieten oharrei.

41.6. Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

VI. KAPITULUA

Eskaera eta kontzesio arauak

42. artikulua. Instalazioak bakarka erabiltzeko eskaera instalazioan bertan egin daiteke, edo telefonoz, edo internet bidez, bertzenaz, eta eskaera hartzen duen enplegatuak berehala emanen dio erantzuna, baina, betiere, erregelamendu honetako arauak betez gero. Eguna eta ordua erreserbatzeko eskaera gehienez ere egin gogo den kirol jarduera hasi baino 24 ordu lehenago egiten ahalko da.

42.1. Erreserbak zuzen egiteko, beharrezkoa izanen da erreserbatutako kirolgunea erabili gogo duten pertsonen izenak aurkeztea, zehatz-mehatz finkatu ahal izateko gehienez ere zenbat denboraz erabiltzen ahal den.

42.2. Erreserbatutako ordua hasten denetik hamar minutura erreserba egin duen pertsona ez bada eskatutakoa erabiltzen ari, erreserba bertzerik gabe deuseztaturik geldituko da eta ordu hori bertze eskatzaileren bati ematen ahalko zaio.

42.3. Ezin da inola ere ordu bat baino gehiago erreserbatu egun bakoitzeko, eta erreserbatutako tokia emandako denbora amaitu ondotik erabiltzen jarraitzen ahalko da, soil-soilik, gerorako erreserbarik ez bada. Nolanahi dela ere, erreserbako denbora amaitu ondotik, nahiz eta geroagorako erreserbarik ez izan, instalazioko atezainak hala eskatuz gero, erabiltzaileek utzi beharko dute erabiltzen ari diren kirolgunea.

42.4. Udako igerilekuak irekita dauden denboran, kiroldegi berean dauden kirolguneak instalazioko harreralekuan erreserbatuko dira, 10:00etatik aitzina, ez baita erreserbatzeko bertzelako biderik onartuko. Bakar-bakarrik egunean egunerako erreserbatzen ahalko dira kirolguneak.

43. artikulua. Udalaren kirol instalazioak multzoka erabiltzeko eskaera ereduko inprimaki batean egin beharko da. Inprimakia kirol instalazioetan beretan hartzen ahal da, edo bertzenaz Herriko Etxean. Eskabide hori behar bezala beterik aurkeztu beharko da, eta bertan argi adierazi beharko da zer instalazio eskatzen den, zergatik, noiztik noiz arte eta zer ordutan, bai eta zer jarduera egin gogo den instalazioaren barrenean ere. Ahal izanez gero, eskatutako ordutegiaren ordezko bertzeren bat emanen da, bai eta taldeko kideen izenen zerrenda ere, bakoitzaren NANa eta helbidea adierazita.

43.1. Kirol denboraldirako eskariak egiten direnean, hala entrenamendu saioetarako nola lehietarako, abuztuaren 1etik 14ra bitarte egin beharko dira, eta aurkeztu beharko dira, behar bezala beterik, kirol instalazioetan beretan edo Herriko Etxean.

43.2. Udalak saiatu beharko du eskaera guztiei erantzuten, instalazioak noiz dauden erabilgarri kontuan harturik, eta horretarako eskaera guztiak batera aztertu eta eman diren ordezko egun eta orduak begiratuko dira, halakorik bada. Baldin eta instalazio jakin bat erabiltzeko eskatzaile bat baino gehiago bada egun eta ordu berean, eskaerak aurkezteko ordena hartuko da kontuan, betiere eskatzaile horiek beraien artean ados jartzen ez badira.

43.3. Udalak eskatzen ahalko du fidantza eratzeko, instalazioetan egiten diren kalteei erantzuteko; kontzesioa zuhurtziaren arabera erabakiko da.

43.4. Emandako kontzesioa baliozkoa dela ulertuko da, Udal honetan jasotzen denean lekualdaketaren ziurtagiria, ordezkariaren "hartu dut" daukana, bai eta (eskatzen bada) eratu beharreko fidantza ordaindu izanaren ziurtagiria ere.

44. artikulua. Beren entrenamendu saioak instalazio jakin batean egiten dituzten taldeek lehentasuna izanen dute beren partidak instalazio horretan berean jokatzeko. Kirol taldeak programatuta daukaten entrenamendua hasi baino 15 minutu lehenago eta partida hasi baino 30 minutu lehenago sartzen ahalko dira aldageletara.

45. artikulua. Entitate eskatzaileak kontzesioa osorik ordaintzeko konpromisoa hartzen du, nahiz eta ez erabili, ezarritako eta emandako denbora guztiaren truke.

46. artikulua. Aurreikusten ahal ez diren arrazoiak direla medio, entitateren batek erabakitzen badu uko egitea kontzesioari, idatziz jakinarazi beharko dio Udalari, gutienez ere bortz egun lehenago, eta ezin izanen dio bertze entitate bati laga bere erabilera eskubidea.

47. artikulua. Taldeen kirol kalitatea kontuan hartuz, honako ordu kopuru hauek finkatzen dira entrenamenduetarako:

-Kategoria nazional edo probintziartekoan ari diren taldeak: astean 5-6 ordu.

-Autonomi mailako kategorian ari diren taldeak: astean 3-4 ordu.

-Herri mailako kategorian ari diren taldeak: astean 2-3 ordu.

Erabilerari ahalik eta etekin handiena ateratzeko xedez, baldin eta eskaera bat baino gehiago badago ordu bererako, erabiltzeko ordu bera esleituko zaie areto-futboleko eta/edo eskubaloiko bi talderi; eta saskibaloia bada, pistaren herena emanen zaie kantxa zeharka hartuta.

48. artikulua. Erabileraren kontzesioa onartzeko beharrezkoa izanen da entitate eskatzaileak ordaindurik izatea Udalaren edozein kirol instalazio erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa.

48.1. Kirol jardueretan edo bertzelakoetan erabiltzeko, pertsona fisikoei, entitateei, klubei, eta abarri instalazio baten kontzesioa egitearekin, Udala bakarrik beharturik dago erantzukizun zibileko asegurua izatera, erregelamendu honetako 7. artikuluan aipatzen den bezala.

49. artikulua. Udalak zuzenean kudeatzen ez dituen bere kirol instalazioen kasuan, erabiltzeko kontzesioa kudeaketaren esleipen hartzaile suertatzen den entitatearen kontura izanen da; hark erregelamendu honetan ezarritako guztia bete beharko du, Udalaren ikuskapen, kontrol eta gainbegiratze ahalmenak batere ukatu gabe.

50. artikulua. Debeku espresuak.

50.1. Kirol instalazioetan ezin da erre, kanpoko aldeetan eta alde baimenduetan izan ezik.

50.2. Edari alkoholdunak eta bertzelako edozein droga edo sorgorkari mota saldu eta kontsumitzea.

50.3. Oro har, debeku da animaliak sartzea Udalaren kirol instalazioetan, ikusmen galera handi edo erabatekoa duten pertsonekin doazen itsu-zakurrak izan ezik. Hala sartzen ahalko dira, baina bakarrik kasu jakin edo berezietan eta Udalaren onespena izanda.

VII. KAPITULUA

Kirol ikastaroak

51. artikulua. Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak erabakiko du nola izena eman kirol eta igeriketa ikastaroetan.

Kirol ikastaroetan izena emateko, lehentasuna izanen dute abonatuek gainerako erabiltzaileen aitzinetik. Horregatik, lehenbiziko abonatuendako zerrendak irekiko dira, eta gero, tokirik baldin badago, abonatuak ez direnei ere izena emateko aukera eskainiko zaie.

52. artikulua. Udalak finkatuko ditu kirol ikastaroetan parte hartzeko ordaindu beharreko prezioak. Kategoria hauek daude:

-Haurrak: 15 urte bitarte.

-Helduak: 16tik 65 urte bitartekoak.

-65 urtetik goitikoak edo %65eko ezgaitasun baloratua edo handiagoa dutenak.

53. artikulua. Kirol ikastaro guztietan, jarduera bakoitzeko gehieneko izen emate kopurua finkatuko da; beraz, kupo hori betez gero, ezin izanen da pertsona gehiago hartu.

Bajak sortzen badira, itxaron zerrendan daudenei deituko zaie.

54. artikulua. Halaber, ikastaro guztietan izen emate kopuru gutienekoa ere finkatuko da (instalazioko zuzendaritzak baloratu beharko du), haren azpitik ikastaroak deuseztatuko baitira.

55. artikulua. Kirol ikastaro batean izena eman ondoan, ez da inola ere berreskuratzen ahalko ordaindutako diru kopurua (ikastaroak hasiz gero), baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada. Zenbatekoa itzuliko da jarduera hasi baino lehen izen emana duen pertsonak bere borondatez eskatzen badu baja ikastaroan.

56. artikulua. Jarduera guztietan begiratuko da erabiltzaileak joaten ote diren kirol ikastaroetara, eta bakarrik baja ematen ahalko zaio jarduera jakin batean hiruhileko osoan saio guztietara huts egiten duenari. Neurri hori hala dago jarria, jardueretan dagokeen itxaron zerrendari bide emateko aukera izateko.

57. artikulua. Ez da inola ere onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ezin izanen dira taldez aldatu. Instalazioko kudeatzailetzari dagokio arau hori aldatzea.

VIII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapen araubidea

58. artikulua. Udalari dagokio abonatu edo erabiltzaileendako behar diren diziplina neurriak hartzea, betiere erabilera erregelamendua betetzen dela eta instalazio bakoitzaren barreneko udal ondasunak zaintzen direla begiratzeko.

59. artikulua. Instalazioetako enplegatuek txartela kendu eta abonatu edo erabiltzaileak handik bidaltzeko ahalmena dute, baldin eta haien jarraibideei edo ahozko ohartarazpenei kasurik egiten ez badiete, eta erregelamendu honetako (edo aplikatzekoa den legezko araudiko) arauetakoren bat behin eta berriz hausten badute, edo erabiltzaileen segurtasuna edo lasaitasuna arriskuan jartzen badute, batere ukatu gabe arau-hausleari gerora ezartzen ahal zaion zehapena.

60. artikulua. Erregelamendu honetako edozein arau eta erregela ez betetzeak berarekin ekar dezake zehapena jartzea. Tokiko Gobernu Batzarra arduratuko da zehapena jartzeaz, aitzinetik txostena eginda, hutsegite larri edo oso larrien kasuan, eta Kirol Kudeaketako Zentroari dagokion Arloko zinegotzi delegatua, hutsegite arinen kasuan. Zehapenak gertakarien larritasuna eta berrerorketak kontuan hartuz jarriko dira, eta erabiltzaile izateari utzi beharra ere ekar dezakete ondorioz. Baldin eta zehatutako gertakariak galera ekonomikoa eragiten badu, instalazioko zerbitzu, altzari edo bertzelakoren bat hautsi edo hondatzeagatik, egileak, zehapenaz gain, eragindako gastua ordaindu beharko du.

61. artikulua. Zehapenera iritsi bitarteko prozedura:

61.1. Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake karneta kendu eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori instalazioetako edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

61.2. Karneta Kirol Kudeaketako Zentrora igorriko da, eta han atxikiko da dagokiokeen espedientea tramitatu eta arau-haustea egin duen erabiltzaileari, bidezkoa bada, zehapena jarri arte.

61.3. Karneta Kirol Kudeaketako Zentroan atxikiko da, ezarritako zehapena betetzeko egunek dirauten bitartean, baldin eta zehapenak instalazioa erabiltzeko eskubidea aldi baterako kentzen badu.

61.4. Behin egun horiek iraganez gero, abonatuak bulego horietatik karneta bildu eta berriz ere erabiltzen ahalko du instalazioa.

62. artikulua. Barne araubidearen erregelamenduan eta kirol eremuen araudi berariazkoen eranskinetan agertzen diren arauak betetzen ez badira, arau-haustea eginen da; horrek atal honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzea ekarriko du.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

63. artikulua. Hona hemen arau-hauste arinak:

63.1. Kirol eremu bakoitzaren araudi berariazkoa ez errespetatzea.

63.2. Abonaturik ez daudenek kirol instalazioak erabakitako ordu eta/edo erreserba egunetatik kanpora erabiltzea.

63.3. Kirol instalazioak erabiltzea ezarritako sarbideetarik bakarrik ere erabili gabe.

63.4. Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

63.5. Erretzaileendako eremutik kanpora erretzea (kanpokoak eta eremu baimenduak).

63.6. Takillak modu desegokian erabiltzea.

63.7. Instalazioen ardura duten langileen erranei kasurik ez egitea.

63.8. Bi zehapen-gaztigu izatea.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat jarriko da:

a) Kirol instalazioetatik aldi baterako bidaltzea, gehienez ere 15 egunerako. Bitarte horretan, abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.

b) Kargu hartzea eta ohartarazpena, jendaurrekoa edo pribatua.

c) Zehapen-gaztigua aplikatzea.

d) Denbora baterako zehapena, gehienez ere hilabetez kirolgune berariazkoak ez erabiltzeko.

e) Arau-hauste arin gisa sailkaturiko egintzen ondorioz kalte-galerarik bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, aukera izanen da zehapenean horien kostua gaineratzeko, eta derrigorrezko diru-bilketaren bidez erreklamatzen ahalko da.

Arau-hauste eta zehapen arinak 6 hilabetera preskribatuko dira.

64. artikulua. Hona hemen arau-hauste larriak:

64.1. Liskar edo eraso fisikoak piztea edo haietan parte hartzea.

64.2. Instalazioak hondatzen dituzten animalia edo gaiak sartzea.

64.3. Belardia eta/edo kanpo aldeak nahita zikintzea edo hondatzea.

Igerilekuetako eta/edo hidroterapiako igeri-ontziko uraren kalitatea hondatzea.

64.5. Kirol instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea, zikintzea edo kalte egitea.

64.6. Abonatu karneta behar ez bezala erabiltzea.

64.7. 3 arau-hauste arin egitea.

Arau-hauste larria egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:

a) Kirol instalazioetatik aldi baterako bidaltzea, gehienez ere 6 hilabeterako. Bitarte horretan, abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.

b) Arau-hauste larri gisa sailkaturiko egintzen ondorioz kalte-galerarik bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, aukera izanen da zehapenean horien kostua gaineratzeko, eta derrigorrezko diru-bilketaren bidez erreklamatzen ahalko da

Arau-hauste eta zehapen larriak 2 urtera preskribatuko dira.

65. artikulua. Hona hemen arau-hauste oso larriak:

65.1. Kirol instalazioak eta/edo materialak kaltetzea, ebastea edo lapurtzea.

65.2. Instalazioen arduradunei gorputzez edo hitzez eraso egitea.

65.3. Erabiltzaileen ondasunak ebastea, lapurtzea edo kaltetzea.

65.4. Urtebetean hiru arau-hauste larri egitea.

Arau-hauste oso larria egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo subjektu arau-hausleari:

a) Kirol instalazioetatik behin betikoz bidaltzea, eta abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galtzea.

b) Kirol instalazioetatik denbora baterako bidaltzea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.

c) Arau-hauste larri gisa sailkaturiko egintzen ondorioz kalte-galerarik bada instalazio, ekipamendu edo materialetan, aukera izanen da zehapenean horien kostua gaineratzeko, eta derrigorrezko diru-bilketaren bidez erreklamatzen ahalko da.

Arau-hauste eta zehapen oso larriak 4 urteren buruan preskribituko dira.

66. artikulua. Kasu bakoitzean zehatzeko eskumena duen administrazio organoa hau da:

66.1. Arau-hauste arinak direnean:

Zuzendaritza eta/edo Castejongo Udaleko alkatea, instalazioko Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak aitzinetik txostena eginda, zehapen espedientea bitarteko dela.

66.2. Arau-hauste larriak direnean:

Castejongo Udaleko alkatea, instalazioko Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak aitzinetik txostena eginda, zehapen espedientea bitarteko dela.

66.3. Arau-hauste oso larriak direnean:

Castejongo Udaleko alkatea, instalazioko Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak aitzinetik txostena eginda, zehapen espedientea bitarteko dela.

67. artikulua. Zehapen prozedura izanen da Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 32/1990 Legean ezarria dagoena.

Nolanahi ere, arau-hauste arinenek ekartzen dutenean hiru egun baino gutiagorako bidaltzea edo epe berean abonatu eskubideak galtzea, edo kargu hartzeak, gaztiguak edo errietak, orduan zehapena berehalakoa izanen da, batere prozedurarik gabe eta interesdunari ahoz jakinaraziz.

68. artikulua. Instalazioetako zuzendaritzak ezartzen dituen zehapen guztien berri emanen dio Kudeaketa Batzordeari.

69. artikulua. Errekurtsoak.

Zuzendaritzak edo Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak ezartzen dituen zehapenen kontra, errekurtsoa paratzen ahalko da, berariei zuzendua.

IX. KAPITULUA

Erregelamendu honetako xedapenak

70. artikulua. Castejongo Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak ahalmena haren esku utzita ariko da haren xedapenak interpretatu eta aplikatzen, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

71. artikulua. Erregelamendu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Castejonen, 2008ko urriaren 16an.-Alkatea, Francisco Javier Sanz Carramiñana.

Iragarkiaren kodea: L0815749