121. ALDIZKARIA - 2008ko urriaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

99/2008 FORU DEKRETUA, irailaren 15ekoa, Aurizko multzo historikoa (Nafarroa) interes kulturaleko ondasun deklaratzen duena.

Kultura zuzendari nagusiak, uztailaren 3ko 460/2007 Ebazpenaren bidez, Aurizko multzo historikoa interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea ireki zuen.

Ebazpen horren bidez, interes kulturaleko ondasuna deklaratzeko espedientea jendaurrean jarri zen, 30 egunez. Epe horretan 2 alegazio aurkeztu ziren. Kultura zuzendari nagusiak, abenduaren 18ko 881/2007 Ebazpenaren bidez, ezetsi egin zituen alegazio horiek. Ebazpen horren kontrako errekerimendua aurkeztu zuen Aurizko Udalak 2008ko otsailaren 7an, baina Nafarroako Gobernuak 2008ko ekainaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez ezetsi zuen.

Interes kulturaleko ondasunen deklarazioa arautzen duen urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretua urriaren 30eko 572/1991 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen. Horren 12. artikuluan xedatzen denez, interes kulturaleko ondasunen deklarazioa Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenaren esparruan Nafarroako Gobernuaren foru dekretuaren bidez eginen da.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko irailaren 15ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Aurizko multzo historikoa interes kulturaleko ondasun deklaratzen da.

2. Ondasunaren mugen barruan gune historikoko eraikinak daude, bai eta gune horrekin, haren ikuspegiarekin eta garai batean izandako harresiekin lotutako inguruko lurrak ere; hortaz, ipar-ekialdeko muga ibaiak ezarriko du eta bestaldean, aldiz, antzinako eraikinak eta berriagoak bereizten dituen kaleak.

Deklarazioari buruzko espedienteko planoan eta gainerako dokumentazioan ageri dira foru dekretu honetan aipatzen den ondasunaren azalpen osagarria eta deklarazioak ukitzen duen eremua.

3. Foru dekretu honek onesten denetik aurrera ditu ondorio administratiboak.

4. Foru dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari jakinarazi beharko zaio.

5. Foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren kontra errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:

Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, foru dekretua argitaratu eta, biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko irailaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F0814095