10. ALDIZKARIA - 2008ko urtarrilaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

SAN ADRIAN

Deialdia, kontu-hartzaile lanposturako

Alkate udalburuak urtarrilaren 9an eman 2/2008 ebazpenaren bitartez, San Adriango Udaleko kontu-hartzaile izateko lanpostua, bitarteko gisa eta araubide administratiboan, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onetsi dira. Hona zein diren

OINARRIAK

Lehen oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. San Adriango Udaleko Zerbitzuetan aritzeko kontu-hartzaile lanpostu bat, bitarteko gisa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea du xede deialdi honek. Lanpostu hori hutsik dago plantilla organikoan.

1.2. Kontratua araubide administratibokoa izanen da eta, hasieran, urtebeteko iraupena izanen du. Zerbitzuaren beharren arabera luzatzen ahal da. Betiere, lanpostu hutsa behin betiko betetzen denean bukatuko da kontratua.

Dena dela, kontratuak dirauen bitartean, aldeen arteko adostasunaz gain, kontratudunak berak nahita ematen ahal da bukatutzat kontratua, hamabost egun baliodun lehenagotik abisu emanda; baita Administrazio kontratu egilearen arrazoitutako erabakiaren bidez ere, baldin eta kontratudunari entzunaldia eman eta Udalak osoko bilkuran horren aldeko txostena eginda, gaitasun edo egokitasun gabeziaren ondoriozko arrazoiak frogatzen badira, hau da, behar baino gutxiagoko errendimendua, lanpostuaren eginkizunak modu eraginkorrean betetzea galarazten duena.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko B mailari dagokion lansaria eta lanpostuari dagozkion osagarriak izanen ditu lanpostuak, baldin eta deialdia egiten duen administrazioaren plantilla organikoan ezarrita badaude.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.5. Kontratatzen den pertsonak kontu-hartzailetzaz gain, diruzaintza eta ekonomia arloko lanak ere eginen ditu; horien artean, honako hauek:

-Kontrola eta barne fiskalizazioa.

-Ekonomia, finantza, aurrekontu eta kontabilitatearen alorretako kudeaketa eta aholkularitza, txostenak, aurrekontuen proiektuak, ordenatza eta zerbitzu berrien nondik norakoaren gaineko txostenak eta hauen ondorio ekonomiko eta finantziarioen ebaluazioa.

-Udal kontabilitatea eramatea eta garatzea; hor sartzen da aurrekontuko eta aurrekontuz kanpoko gastuen eta dirusarreren aginduak luzatzea.

-Kontabilitate lanak, kontu orokorrak prestatzea eta aurrekontuaren likidazioa.

-Diruzaintzako planak prestatzea, bulego horren eskuetan dauden kobraketa eta ordainketak eginez; orobat, toki entitatearen fondoak, baloreak eta efektuak erabili nahiz zaintzea.

-Kontratazioen ondoriozko betebehar fiskal eta sozialak betetzea eta horiek kudeatzea.

-Dirubilketa zerbitzuen buru izatea.

-6/1990 Foru Legeko 249. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoak, eta aplikatzekoa den araudiak lanpostu honi unean-unean eransten dizkionak.

-Gainera, ekonomia eta finantza arloetan, deialdia egiten duen Administrazioko organo eskudunek haren gain uzten dituztenak, baita goi mailako langileekin lan egitea eta laguntza ematea haien zereginetan.

1.6. Probak gainditu arren lanpostu hutsa eskuratzen ez duten izangaiekin zerrenda osatuko da, San Adriango Udalak aldi baterako langileak kontratatzeko erabiltzen ahalko duena; betiere, puntuazio ordenari hertsiki lotuz.

Bigarren oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Lanposturako lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

a) Adinez nagusia izatea eta Espainiako nazionalitatea edukitzea, edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa; bestela, ahaidetasun harremana izatea maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legean adierazi bezala. Halaber, Europar Erkidegoak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio eremuko pertsonak izatea, hau da langileen zirkulazio librearen barrenean.

b) Ekonomia edo Enpresa Zientzietako diplomatu titulua edukitzea, edo Zuzenbidekoa, 6/1990 Foru Legearen 251.2.b) artikuluaren arabera. Aipatutako tituluen parekoa izanen da Ekonomia edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko lizentziaturen lehen hiru ikasturteak gaindituak izatea.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.

2.2. Aurreko betebeharrak betetzen dituela egiaztatu beharko du lanpostua erdiesten duen izangaiak, deialdiaren 8. oinarrian aurreikusitako epean eta moduan. Ulertuko da baldintzak betetzen direla eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

Hirugarren oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdi honetako IV. eranskineko ereduaren araberakoak, San Adriango Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, jendea hartzeko orduetan (lanegunetan, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduen agiriak aurkeztuko dira, eskabideekin batera. Zein administrazio publikotan eman diren zerbitzuak, haren organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Dokumentazio hori aurkezten ez bada ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Laugarren oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Izangai bazterturik bada, horiek hamar egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

4.3 -Aipatutako epe hori bukatu eta izan daitezkeen erreklamazioak ebatzi ondoren, Alkatetzak ebazpena emanen du eta onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Bosgarren oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

-Epaimahaiburua: Carlos Monasterio Muro, San Adriango Udaleko alkate udalburua, edo alkatearen karguan dagoena.

Ordezkoa: Carlos Arriezu Vera, San Adriango Udaleko lehen alkateordea, edo lehen alkateordearen karguan dagoena.

-Batzordekide-idazkaria: Andrea Lafuente Bozal andrea, San Adriango Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Miguel Chivite Sesma jauna, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

-Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatutako teknikaria.

-Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikaria.

-Mahaikidea: Julia Irisarri Moreno andrea, Azkoiengo Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Eduardo Luqui Jiménez jauna, Andosillako Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bere kideen gehiengoa biltzen ez bada. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du proba guztietarako nahiz batzuetarako.

Seigarren oinarria.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Oposizio-lehiaketa 2008ko apirilean hasiko da, gutxi gorabehera. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira oposizioko proba hasteko tokia, eguna eta ordua.

6.2. Lehiaketaldia: antzeko lanpostuetan izandako esperientzia baloratuko da, gehienez ere 20 puntu emanda, deialdi honetako I. eranskinean zehaztutakoarekin bat.

6.3. Oposizioaldia nola eginen den:

Oposizioa bi zatiko proba bat izanen da: bata teorikoa eta bestea praktikoa. Bi zatiak egun berean eginen dira, batera. Proba osoa egiteko 4 ordu izanen dira, gehienez ere. Hona proben edukia:

1. Zati idatzia, teorikoa: galdera labur edo test moduko batzuei erantzunen zaie; deialdi honetako II. eranskineko gaiei buruzkoak izanen dira. Proba honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira eta oposiziotik bazterturik geldituko dira 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

2. Proba praktiko idatzia: deialdi honen II. eta III. eranskinetako gaiei buruzko kasu praktikoak azaldu beharko dira idatziz. Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lortzen ahalko dira eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Oposizioaldiko probarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute, eta baztertu eginen dira, edozein arrazoi dela eta, iragarritako toki, ordu eta egunetan agertzen ez diren izangaiak.

Zazpigarren oinarria.-Azterketa gainditzen dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitaratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuen hurrenkerari jarraikiz, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lorturiko kalifikazioak batuta; halaber, puntuaziorik altuena duen izangaiaren aldeko kontratazio proposamena. Proposamen hori Udalaren iragarki oholean argitaratu beharko da.

7.2. Jakinarazpena egiten zaionetik aurrera, 15 egun naturaleko epean, izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

1.-Nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua edo, hori izan ezean, jaiotza-agiriaren ziurtagiria.

2.-2. oinarrian eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua, edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiriarena.

3.-Zinpeko aitorpena, funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela edo ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

4.-Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

7.3. Aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan galarazi gabe.

7.4. Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen Administrazioaren proposamena onartzen denetik aitzina. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz.

Zortzigarren oinarria.-Jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua bukatu eta izangaiak aurreko 7.2 oinarriko agiriak aurkeztu ondoan, deialdia egin duen administrazioak aldi baterako administrazio-kontratua eginen dio izangaiari, kontu hartzailearen lanpostuan ari dadin; kontratua formalizatuko da eta gizarte segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio izangaiari.

8.2. Kontrataturiko pertsonak astebete izanen du, kontratazio proposamena jakinarazten zaionetik aitzina, kontu-hartzailearen lanpostuaren jabetza hartzeko. Aipatu epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu. Horrelakorik gertatuz gero, 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

8.3. Halaber, lanpostu bat hutsik gertatzen bada, jabetza hartu ondoan, zerrenda osatzen dutenek bete ahalko dute, 1.6 oinarrian adierazi bezala.

Bederatzigarren oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Legeria orokorrean ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo horretako bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, organo egileari aldez aurretik errekurritzeko asmoa dagoela adierazita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

San Adrianen, 2008ko urtarrilaren 9an.-Alkatea, Carlos Monasterio Muro.

I. ERANSKINA

Alegatzen diren merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dira, zein udaletan eman den zerbitzua, hango idazkariak egindako ziurtagiria aurkeztuta, edo zein administraziotan izan den, hango arduradunak. Eskaerari erantsiko zaizkio, ondoko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatzeko:

-Nafarroako toki entitate bateko kontu-hartzaile lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko 2 puntu, eta gehienez ere 8 puntu.

-Araubide komuneko toki entitate bateko kontu-hartzaile lanetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko 2 puntu, eta gehienez ere 6 puntu.

-Nafarroako Administrazio Publikoetan, Ekonomia edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko diplomaduna izatea eskatu den lanpostuan, ekonomia eta finantzak eta aurrekontuak kudeatzen eta horiei buruzko aholkuak ematen egindako zerbitzu urte bakoitzeko 2 puntu, eta gehienez ere 6 puntu.

Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

-Deialdia argitaratzen den egunera bitarteko zerbitzuak baloratuko dira.

-Urteen kopurua osoa ez bada edo lanaldi osoa egin ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

-Ez dira bi aldiz kontatuko baremoko zerbitzuak, aldi berean eman badira.

II. ERANSKINA

1.-6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Toki Administrazioari buruzkoa.

2.-2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

3.-270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuei eta gastu publikoari buruzukoa.

4.-271/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, aurrekontuen egiturari buruzkoa.

5.-272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra onesten duena.

6.-6/2006 Foru Legea, ekainaren 9koa, kontratu publikoei buruzkoa, eta Nafarroako toki entitateen kontratazio publikoari aplikatzen zaion araudia.

7.-35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzkoa: IV. titulua: Planeamendua betearaztea, eta VI. titulua: lurzoruaren merkatuan esku hartzeko tresnak; batez ere, udalen lurzoru ondareak.

III. ERANSKINA

1.-Kapitalizazio eta eguneratze bakuna eta konposatua. Merkataritzako deskontua eta deskontu arrazionala, bakuna eta konposatua. Mugaeguna, arrunta eta batez bestekoa. Hitzarmen lineala eta esponentziala. Puntu baliokideak kapitalizazio bakunean eta konposatuan. Puntu efektiboa, puntu nominala, puntu zatikatua eta aurretik ordain daitekeen puntua.

2.-Errentak. Kontzeptuak eta sailkapena.

3.-Maileguak. Amortizazio sistemak: diru-itzultze bakarra, amortizazio bakarra aldian aldiko interesen ordainketarekin, sistema frantsesa, alemana eta amerikarra, amortizazio kuota iraunkorra, aritmetikoki eta geometrikoki handituz doazen urteko zenbatekoak. Amortizazio metodoa interes zatikatuen bidez. Kapitalen eraketa.

4.-Jesapen normal klasikoak eta alde bateko zein biko ezaugarri komertzialak dituztenak.

5.-Tasak sortzen dituzten zerbitzu publikoen kostuaren kalkulua.

IV. ERANSKINA:

Eskabide eredua

"Izena: ....................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ................. (edo identitate-agiri baliokidearen zenbakia). Jaioteguna: ............... Jaioterria: ....... (.........). Nazionalitatea: ......... Egungo bizitokia: ....... (..........). Karrika: ......... Posta kodea: ....... Telefonoa: ......... Lantokiko telefonoa: ..............

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut:

San Adriango Udaleko (Nafarroa) zerbitzuetarako kontu-hartzaile izateko lanpostu bat, bitarteko gisa eta administrazio-kontratuarekin, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Deialdian zehaztutako ezintasunik batere ez dudala.

Deialdiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Horrenbertzez,

Eskatzen dizut eskabide hau ontzat eman eta, horren ondorioz, arestian aipatutako lanpostua betetzeko deialdian onar nazazula.

..........(e)n, ........(e)ko ........aren .........(e)an

(Eskatzailearen sinadura)

SAN ADRIANGO UDALEKO ALKATE UDALBURUA."

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iragarkiaren kodea: L0800331