95. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

3404/2007 EBAZPENA, 2007ko ekainaren 27koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana. Haren bidez eratzen da Zangozako lotunean energia elektrikoa ateratzeko mahaia.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak abuztuaren 10ean emandako 258/2006 Foru Aginduak 9. artikuluan ezartzen du Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak energia elektrikoa ateratzeko mahaiak eratzea susta dezakeela "eremu saturatu" deklaratutako eremuetan, esku artean duen informazioaren arabera posible denean banaketa sarearen ateratze-ahalmena areagotzea. Eremu horretan instalazioak paratu nahi dituzten energia elektrikoa ekoizteko proiektuen sustatzaileak inplikaturik izanen dira.

Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak otsailaren 28an emandako 520/2007 Ebazpenaren bidez Zangoza ST 220/66 kV izeneko azpiestazioa eremu elektriko saturatu deklaratu zuen 66 kV-ko ekoizpen instalazio berrietatik energia ateratzeko. 2007ko 45. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 11n.

Zangoza ST 220/66 kV azpiestazioko lotunean atera beharreko energia sortzeko proiektu berriak aurkeztu direnez, energia elektrikoa ateratzeko mahaia eratu behar da lotune horretan energia ateratzeko ahalmena handitzeko aurkezten diren alternatibak aztertzeko xedez. Helburua ez da azpiegiturak egitea soilik azpiestazioan bertan baizik eta 66 kV-ko linearen tarteek osaturiko energia ateratzeko korridoreetan ere bai. Ekoizleen eta Iberdrola DESAU konpainia banatzailearen artean adostu beharko da azpiegiturak egiteko eta finantzatzeko lanen kostua.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zangoza ST 220/66 kV azpiestazioko lotunean energia elektrikoa ateratzeko mahaia eratzea. Honela geldituko da:

_Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko ordezkariak.

_Enpresa banatzaileko ordezkariak, hark izendatuak.

Era berean, mahaiko kide izaten ahalko dira araubide bereziari atxikitzeko eskatu duten titularrek zein proiektu sustatzaileek, Zangoza ST 220/66 kV azpiestazioko lotunean sarearekin lotzeko punturik lortu ez badute ere, _azpiestazioaren beraren ahalmen mugagatik-. Halaber, mahaiko kide izaten ahalko dira Departamentu honetako Industria Segurtasunerako Zerbitzuan ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean araubide bereziari atxikitzeko eskabidea behar diren agiriekin batera aurkezten duten interesdunak.

2. Zangozako gune elektrikoko banaketa sarearen kudeatzaileak, Iberdrola DESAU konpainiak, xedatuko ditu behar diren azpiegiturak, bai azpiestazioko elementuak bai energia ateratzeko ahalmena modu zentzuzkoan handitzeko behar diren gutxieneko energia ateratzeko korridoreak. Betiere, enpresaren arauak errespetatu eginen dira eta osatzen duten kontusailen balorazio xehatua eginen da.

3. Sartzeko gatazkak ebazteko ezartzen den prozeduran lehentasuna emanen zaie araubide bereziaren barnean I+G+b edukia duten proiektuei eta energia elektriko banatuaren sorkuntzaren printzipioarekin bat, energia kontsumitzeko puntuetan sortzen, lurraldearen egituraketan laguntzen, eraginkortasun energetiko handiagoa edo energia kopuru handiagoa sortzen dutenei, baita gizarte proiekzio handiena eta lanpostu gehien dakartzatenei ere.

4. Hornidura bermatzeko eta sistemari arrazionaltasuna eta eraginkortasuna emateko, lehentasuna emanen zaie energia elektrikoaren banaketarako ezinbestekoak diren azpiegiturei.

5. Ebazpen hau Industria Segurtasuneko Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpena jakinaraztea Iberdrola DESAUri (Landabengo industrialdea, C kalea, E ataria, 31012 Iruñea) eta REEri (P.º del Conde de los Gaitanes, 177 28109 Alcobendas, Madril), eta ohartaraztea ez duela bide administratiboa agortzen eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

7. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 27an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

Iragarkiaren kodea: F0710677