95. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

665/2007 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez argitara ematen da 2007/08 ikasturtean ondoko programak emateko baimena jaso duten ikastetxe itunduen zerrenda: alde batetik, Bigarren Hezkuntzan, Hizkuntzan murgiltzeko eta gizartean eta eskolan integratzeko Programa eta, bestetik, Lehen Hezkuntzan, Ikasle atzerritarren eta/edo egoera sozial eta kultural ahulean daudenen eskolatzeari loturiko premia bereziak dituzten ikastetxeei laguntzeko Programa.

Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 78. artikuluak hauxe xedatzen du: "Administrazio publikoei dagokie beste herrialde batzuetatik etortzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik Espainiako hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleei laguntzea. Sartze hori beti bermatuko da nahitaezko eskolaldiko adinean".

79. artikuluak hauxe dio: "Hezkuntza administrazioei dagokie hizkuntzaren, gaitasunen edo oinarrizko ezagutzen aldetik gabezia larriak dituzten ikasleendako berariazko programak burutzea, haiei kasuan kasuko ikasmailan integratzen laguntzearren".

Hezkuntza kontseilariak irailaren 16an emandako 253/2004 Foru Aginduaren bitartez Nafarroako Foru Komunitateko ikasle atzerritarren eta egoera sozial eta kultural ahulean dauden gutxiengoetako ikasleen hezkuntzarako arauak eman zituen.

Ikastetxe itunduetako ikasle horiendako berariazko programen artean badira, batetik, ikasle atzerritarren eta/edo egoera sozial eta kultural ahulean daudenen eskolatzeari loturiko premia bereziak dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe itunduei laguntzeko programa eta, bestetik, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe itunduetan, Hizkuntzan Murgiltzeko eta Gizartean eta Eskolan Integratzeko Programa.

Ikastetxeetako ikasle atzerritarren eta/edo egoera sozial edo kultural ahulean daudenen eskolatzeari loturiko premiak aztertu ondotik, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuak adostasun txostena aurkeztu du Foru Komunitateko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxe itunduri baimena emateko, 2007/2008 ikasturtean, aipatutako programa horiek gauzatzeko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2007/2008 ikasturtean soilik, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe itunduetan Hizkuntzan Murgiltzeko eta Gizartean eta Eskolan Integratzeko Programa ezartzeko baimena ematea Iruñeko "Hijas de Jesús" eta "Salesianos" ikastetxeei. Bigarren Hezkuntzako beste ikastetxe itundu batzuendako komuna izanen den eremuko ikasgela bana izanen dute eta bakoitzak gehienez ere 12 ikastoki izanen ditu.

2. 2007/2008 ikasturtean soilik, ikasle atzerritarren eta/edo egoera sozial eta kultural ahulean daudenen eskolatzeari loturiko premia bereziak dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe itunduei laguntzeko programa ezartzeko baimena ematea Burlatako "Regina Pacis" eta Iruñeko "Santo Tomás" ikastetxeei.

3. Programa horiek Nafarroako Foru Komunitatean horretarako dauden legeetan ezarritakoaren arabera emanen dira.

4. Iruñeko "Hijas de Jesús" eta "Salesianos" Bigarren Hezkuntzako ikastetxe itunduei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren bigarren zikloko irakasle-lanaldi bat ematea. Hezkuntza Departamentuak, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuak txostena egin ondotik, dotazio ekonomikoak ematen ahalko ditu programa horrek sortutako gastuak konpentsatzeko. Ikasturte bateko indarraldia izanen du, ikastetxe horiendako baimena ere ikasturte batekoa baita, eta luzapena nahi izanez gero, hala eskatu beharko da, bidezkoa baldin bada, hurrengo ikasturteetan.

5. Burlatako "Regina Pacis" eta Iruñeko "Santo Tomás" ikastetxe itunduei Lehen Hezkuntzako irakasle-lanaldi bana ematea. Ikasturte bateko indarraldia izanen du, ikastetxe horiendako baimena ere ikasturte batekoa baita, eta luzapena nahi izanez gero, hala eskatu beharko da, bidezkoa baldin bada, hurrengo ikasturteetan. Hori guztia, premia bereziko ikastetxe itunduetako egoera ahulean dauden ikasleei laguntzen dieten irakasleak ikastetxe itunduen barrenean egoteko.

6. Irakasleen soldatak Administrazioak ordainduko ditu zuzenean, ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan-harremana galarazi gabe, eta Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean inolako lan harremanik sortzen ez duela.

7. Dotazio horiek Hezkuntza Ituna gauzatzen delarik emanen dira, eginbide bat betez eta hari atxikiz. Eginbide hori, batetik, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak eginen du, hezkuntza administrazioaren izenean, eta bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak, zeinak dagokion ordezkaritza agiri bidez frogatu beharko baitu.

8. Hezkuntza Itunen Bulegoak interesdunei jakinaraziko die ebazpen honen edukia, eta, horretaz gainera, aurreko puntuan aipatu eginbidea sinatzera zein egun, toki eta ordutan agertu behar duten. Jakinarazpena egiten denetik eginbidea izenpetzen den arte gutxienez ere berrogeita zortzi orduko epea utzi beharko da.

9. Ebazpen honen aurka ikastetxe interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

11. Ebazpen hau igortzea ikastetxe interesatuei, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari, Eskolatze Batzordeko buruari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Nomina eta Gizarte Aseguruen Atalari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Ikastetxeak Baimendu eta Erregistratzeko Bulegoari, Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeen Nomina Bulegoari eta Hezkuntza Itunen Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 27an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

Iragarkiaren kodea: F0710977