95. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1354/2007 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Mendabiako udal mugapeko 150 ha. ureztaketa lur bihurtzeari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena, Viñedos Barón de Ley, S.L. enpresak sustatua.

Viñedos Barón de Ley, S.L.enpresak 2006ko abenduaren 13an, 11. poligonoko 602., 603., 610., 651. eta 652. lurzatiak, 8. poligonoko 73.-A eta 171. lurzatiak eta 9. poligonoko 886. lurzatia hartzen dituen "Mendaviako udal mugapeko ureztaketa lur bihurtzeari buruz Ingurumen eraginaren azterlana" aurkeztu zuen. Guzti hauetatik 11. poligonoko lurzati guztiak "Zabaleta-La Mesa" estepako hegaztiendako interesgarria den eremuaren barruan daude.

Proiektuak 150 ha-ko azalera ukitzen du eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.C eranskineko D) ataleko 1. puntuan sarturik dago. Beraz, espediente hau ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozeduraren arabera tramitatu behar da.

Espedientearen gainean informazio osagarria emateko errekerimendua egin zen eta sustatzaileak, 2007ko otsailean, Ingurumen eraginaren azterlanaren eranskin gisa erantzun zuen.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak, otsailaren 19an emandako 58/2007 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Ingurumen eraginaren azterlana hogeita hamar egun baliodunez. Ebazpena 2007ko martxoaren 19ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, 34 zenbakian. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak jakinarazi du espedientea osoa dagoela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Mendabiako udal mugapeko 150 ha ureztaketa lur bihurtzeari buruz Ingurumen eraginaren azterlana egin da, Viñedos Barón de Ley, S.L. enpresak sustatua, ikusirik egin den proposamena ingurumenaren aldetik bideragarria dela.

2. Proiektua hurrengo baldintzen arabera gauzatuko da:

_Hondar urteotan 11. poligonoko lurzatietan nekazaritza jarduera asko indartzeak estepako espezieentzat habitat egokia galtzea ekarri du. Hori dela eta, beharrezkoa da sustatzaileak estepako hegaztien ingurumenren babes ahalmena handitzearren neurriak hartzea. Adibide gisa: lurgorrien, zereal eta lekadunen, edo larreen, zuhaixka landaketen azalera handitu, berezko landaretzaren mugak edo zerrendak sortu... Jarduketa hauetarako azalera 3 ha-koa izanen da (proiektuaren eremuan hondar urteotan desagertu den berezko landaretza duen azalera) eta "Zabaleta-La Mesa" estepako hegaztiendako interesgarria den eremuaren barruan kokatu beharko da.

_Sustatzaileak aukeratutako ura hartzeko tokia Ebroko urbazterreko tarte horretako berezko landaretza duen eremu bakarra da, gainera Imastik Iratxera doan abelbidearen pausaleku gisa inbentariatua azaltzen da. Hau dela eta, ibaian behera metro gutxi batzuk mugitu beharko da (gutxi gora behera X=569.680 eta Y=4.696.789 koordenadetara), horrela pausalekuaren ertzean geratzeko.

_Proiektuak ukitutako abelbidea dela eta, aipatu beharrekoa da Imasetik Iratxera doan Errege Altxonbidea, 11. poligonoko lurzatien nahasti landaketak ukitua, egun egiten ari den lurzati berrantolamenduaren prozesuan lehengo egoerara itzuliko dela.

_8. poligonoko 171. lurzatian (zehazki Carcariego erreka-zuloaren goiko zati bat), malda handiko mazelekin eta mahastia duten terrazak baititu berezko landaretza gordeko da, sastraka mediterraneo sarri eta kalitatezkoak osatua, non abaritza, erromeroa, txorbeltza eta arte gazteak nabarmentzen diren. Bestalde, sakanaren hondoak (aldizkako ibai ibilgua) berezko landaredia gordeko du eta obrako materialen hondarrik eta lur soberakinik gabe geldituko da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Mendabiako Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko ekainaren 26an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

Iragarkiaren kodea: F0710575