77. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

872/2007 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Valtierra eta Arguedasko saihesbidea egiteko azterlan informatiboari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du azterlana.

Proiektua, bere ezaugarriengatik, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) atalean sailkatuta dago. Beraz, lege horretan xedatutakoaren arabera, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozesua egin behar zaio.

Prozedurari hasiera ematearren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2005eko ekainaren 7an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurkeztu zion Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko azterlan informatiboa, Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera.

Ingurumen eraginaren adierazpen honen 1. eranskinean labur azaltzen dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta Ingurumen eraginaren azterlanaren ildo nagusiak ere jaso dira.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak, 2005eko abenduaren 5ean, Ingurumen eraginaren azterlanaren nahikotasunari buruzko txostena eman zuen. Nafarroako Gobernuak, 2006ko urtarrilaren 9ko Erabakiaren bidez, "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideei buruzko azterlan informatiboa" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen eta jendaurrean jarri zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedurarenak izan zitzan. Erabaki hori 2006ko 12. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 27an.

Jendaurreko aldian hamabi alegazio jaso ziren. 2. eranskinean dago haien edukiaren eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erantzunaren laburpena, zeinek ez baitute ingurumen gorabeherekin zuzeneko loturarik.

4/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen eraginaren adierazpena egin dadin, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2007ko urtarrilaren 19an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari bidali dio espedientea, hau da, azterlan informatiboaren agiri teknikoa, Ingurumen eraginaren azterlana eta jendaurreko informazioaren emaitza.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi du aurreikus daitezkeen eragin guztiak ebaluatu direla espedientean, eta zuzenketa neurri batzuk proposatu ditu azken eragina murrizteko. Neurri horiek hartzeaz gain, Ingurumen eraginaren adierazpenean ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedura bete dela eta alegazioak aztertu direla kontuan izanik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuko 3. artikuluko 1.b) idatz-zatiarekin bat, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz, hauxe

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Valtierra eta Arguedasko saihesbidea egiteko azterlan informatiboa dela-eta. Azterlanaren sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

2. 2. alternatiba bideragarria da ingurumenaren aldetik, neurri zuzentzaileak aplikatuz gero:

.Ondokoak aztertu behar dira: uraren joera saihesbidearen lubetaren gainean eta uraren zirkulazioa Valtierra eta Arguedasarantz doazen abelbideetan eta bideetan; uretan behera, Murillo Las Limasetik, gertatzen diren urmaelak, ura sar baitaiteke Arguedas eta saihesbidearen artean. Kontuan eduki behar da El Yugotik behera sakanak daudela, funtsean igeltsu eta buztin iragazkaitzezkoak eta Ebrora ematen dutenak. Ibaiaren eta sakanen eredu hidraulikoa eginen da: saihesbidearen hegoaldea, Ebro ibaiaren eraginpekoa, eta iparraldea, sakanetako uraren eraginpekoa. Sakanetako urek lursail ureztatuetan hartzen dituzten bideak aurkitu behar dira: leku askotan bat etorriko dira dranaidura sistemekin edo erretenekin. Sakanetako uraren hustubideak izan litekeen gehieneko euri kopururako proiektatu behar lirateke eta dranaiduraren funtzionamendu egokia ziurtatu behar litzateke (sakanetako ur guztia pasaguneko obratik bideratzea).

.Onespen teknikoa eman aurretik, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari eraikuntza proiektua bidali behar zaio, Ingurumen eraginaren adierazpenarekin bat datorrela egiazta dezan.

.Eraikuntza proiektuari honako zuzenketa neurri hauek erantsi behar zaizkio:

_Saihesbidearen hasierako lotunea lekuz alda liteke Valtierrako 2. poligonoko 157. lursaileko pinudia ez ukitzeko, ingurumen balioko elementua da eta.

_Saihesbideak ukituko dituen abelbideak erabili ahal izango direla eta lehen bezala egonen direla bermatu behar da, Plangintza eta Laguntza Atalak 2007ko martxoaren 23an emandako txostenarekin bat etorriz. Arguedasko 8. iraganbiderako aurreikusi den azpiko pasagunearen neurriak Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoari lotu behar zaizkio. Horrez gainera, soluzio egokia hautatu behar da 4. pasadaren Valtierrako gurutzagunerako.

_Saihesbide berriaren eraikuntzan eta ustiapenean neurri egokiak ezarri behar dira lurraldearen gaur egungo iragazkortasuna ziurtatzeko (zeharretara zein luzetara). Oraingo ureztatze-azpiegiturak lehengoratzeko neurriak ezarri behar dira.

_Saihesbideak ukitzen dituen erretenetako eta ureztapeneko itzuleretan bibalbo autoktonoetan eta apoarmatu istilzaleei ahalik gutxien eragitea lortu behar da, eta horretarako eremu batean obrei ekin aurretik teknikari eskudunak ikuskatu egin behar du halako izakirik denez argitzeko. Hala izanez gero, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko zaio, neurri egokiak har ditzan.

_Lurreko basa animalien joan-etorriak ez eragozteko, batez ere ur-ipurtatsarenak, zeharreko drainadurak eta erretenak eta ureztapeneko itzulerak lehengoratzeko egin beharreko obra guztiak hartara egokitu behar dira.

_Luzetarako drainadurak, lubetak, kutxetak, etab. lurreko animaliak eta anfibioak ez harrapatzeko modukoak izan behar dira, hau da, animalia hauentzako ihesbideak eduki behar dituzte: arrapalak edo antzekoak. Ihes-arrapalak jarri behar dira saihesbidearekiko paraleloan lehengoratzen diren hormigoizko erretenetan eta saihesbidearen azpiko zeharretako pasagunetan.

_Errepide honetan trafiko-istripuak gertatu dira ibilgailuek bidera irtendako basurdeak jota; hori dela eta, azpiko pasaguneak haien ibileretarako egokitu behar dira. Arriskuak eta proposatutako neurri zuzentzaileak (hesiak jartzea....) aztertuko dira. NA-134 errepideko 12,5 KParen inguruan, saihesbidearen ekialdeko irteera, animalientzako pasagunea jarri behar da, saihesbideko Arguedasko sarbideko trafikoa eragotzi gabe.

_Obrak hasi aurretik landare-lurra kenduko da, gutxienez ere 30 cm-ko geruza. Horrela lortutako lur emankorra pilatuta edukiko da eraikuntza fasean. Lur pilek gehienez 1,5 metroko altuera izanen dute, lurra aireztaturik eta trinkotu gabe egon dadin. Geroko kolonizazio prozesuak errazteko, lurraren ezaugarriak mantentzea bermatuko duen sistema ezarriko da: aldian-aldian erein, ureztatu eta ongarritu eginen da. Oro har, substratu hori erabiliko da landareztatu beharreko eremuetan.

_Berariazko tratamenduak eginen dira saihesbideak zeharkatzen dituen isurbideen eta drainadura naturalen ertzak landareztatzeko; kontuan izanik Ebro ibaiaren ibarretan sail ureztatuak daudela, zumardi meditarraneoko espezie tipikoak sar daitezke (zurzuria: Populus alba, lizar hostotxikia: Fraxinus angustifolia, astigarra: Acer campestre, milazka: Tamarix canariensis, elorri beltza: Prunus spinosa, elorri zuria: Crataegus monogyna) edo baratze inguruetako espezieak (pikondoa, intxaurrondoa, masustondoa...).

_Espezie horiek eurak erabil daitezke saihesbideko lubetetako behealdea landareztatzeko. Gainera, sustratuaren kalitatearen, lur naturalekiko kontaktuaren eta orientazioaren arabera ondoko espezieak ere balia daitezke: abaritza, Quercus coccifera; legeltxorra, Pistacia lentiscus; Aleppo pinua, Pinus halepensis; gartxu ostoestua, Phillyrea angustifolia; ena arrunta, Rhamnus lycioides; basa jasmina, Jasminum fruticans; ipurua eta hego-ipurua, Juniperus oxycedrus edo Juniperus phoenicea.

_Bidea egiteko jarduketak eta obrek ukitutako aldeetan ingurumena lehengoratzeko jarduketak aldi berean eginen dira. Landareztatze-lanak amaituta egon behar dira saihesbidea erabilera publikora irekitzen den lehenengo aldi egokirako. Horretarako, obra plan bat eginen da eta bertan ezarriko da bi jarduketen arteko koordinazioa espazioan eta denboran, euriak lurra higatu ez dezan eta lehengoratze neurriak eraginkorrak izan daitezen.

_Proiektuan kontusail bat sortu behar da, zurezko landaretzaren hazkundearen hasieran (landatu ondoko 2-3 urteko epean) mantentze-lanak eginen direla bermatzeko. Horrela ziurtatuko da zurezko landareak sustraitu eta hazi eginen direla. Euri gutxi egiten duen sasoian ureztapenak eginen dira, landare hilak ordeztuko dira, zurkaitzak eta landare oinetako babesak berrituko dira eta ongarritze, inausketa eta abarreko lanak eginen dira.

_Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2005eko abuztuaren 16an emandako txostenak dioen bezala, saihesbidea egiteko obrek ez dituzte inola ere ukitu behar "La Alberca" eta "Peralaza" aztarnategiak, edo ondare arkeologikoaren gaineko eraginari buruzko azterlana egin behar da.

_Obra proiektuan jarraipen arkeologikoa ezarri behar da lehen faseetarako, hain zuzen ere oinarrizko maila geologikoetara iristeko landa-lurretan belar-sastrakak kentzen direnerako. Beraz, fase honetan arkeologiako teknikariek lurrak harrotzea dakarten lan guztiak kontrolatu behar lituzkete, bai saihesbideko obretan, bai egiturak, zerbitzuak, bideak etab. lehengoratzeko egiten diren obretan. Horretarako partida ekonomikoa eduki behar da.

_Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Arkeologikoaren Zerbitzuari jakinarazi behar zaio non egongo diren harrobiak eta zabortegiak. Haietako belar-sastrakak kentzeko obra-eremu osoan aplikatu beharreko jarraipen arkeologiko bera egingo da.

_Ingurumena Zaintzeko Programan animalien pasaguneen erabileraren jarraipena zehaztu behar da, eta haien mugikortasuna ahalik gutxien eragozteko eta habitatak ez hausteko ezarritako neurrien eraginkortasuna kontrolatu behar da, eta, azkenik, animalien eta hegaztien harrapaketen jarraipena egin behar da.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea betearazteko Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Plangintza eta Laguntza Atalari, Valtierrako Udalari, Arguedasko Udalari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko apirilaren 27an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea NA-134, Ebroko ardatza, errepideko 12. k.p.tik 21. k.p.ra bitartean Valtierra eta Arguedasko saihesbidea eraikitzea da. Ia saihesbide osoa egingo da lubeta gainean, eta hainbat egitura egingo dira ukitutako bideak eta zerbitzuak lehengoratzeko. Ibilbidearen erdian pisu motako lotunea egingo da: bertatik abiatuko da bi herrietara joango den bide berria.

Alternatiben azterlanean trazadura bar bakarrik proposatu zen Valtierrako udalerrian eta bi alternatiba Arguedasko udalerrian. 1. alternatiba hurbilago da Arguedasko herrigunetik, hego-mendebaldean, 500 bat metrora. 2. alternatiba 250 m urrunago da, sail ureztatuetan barna. Azterlanean 1. alternatiba egokietsi zen.

Jendaurreko aldia amaitu ondoren alegazioak aztertu ziren eta, txosten sektorialak kontuan hartuta, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak trazadura aldatu eta hegomendebalderantz urrundu zuen Valtierrako tartea, eta 2. alternatiba hautatu zuen behin betiko, Arguedastik urrunago egonik, ez dituelako aztarnategi arkeologikoak ukitzen.

Aldaketa txikiak proposatu dira erdiko lotunetik herrietara heltzeko bidean, bi ureztapen-putzu eraiki baitira.

Ingurumen eraginaren azterlana

Ingurumen eraginaren azterlanean ingurune fisikoaren elementuak deskribatzen dira. Bereizi egiten dira ingurune abiotikoa (klima, atmosfera, geologia, edafologia, hidrologia _ubideak_), ingurune biotikoa (landaredia, fauna eta natur intereseko eremuak), ingurune sozioekonomikoa, paisaia eta kultur sistema. Ez da aztertu behar bezala saihesbideak ondare arkeologikoan edukiko duen eragina: honetaz Nafarroako Gobernuaren 2006ko urtarrilaren 9ko Erabakiko V. puntuan ezarritakoa bete behar da. Halaber, ez da behar bezala aztertu nolako eragina edukiko duen Ebro ibaiaren erregimen hidrologikoan eta Bardenerosko sakanetatik sail ureztatuetan zehar bi herrietara heltzen diren ur lasterretan.

Proposatutako bi trazadurak oso-osorik daude uholdeak izaten diren aldean. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenen arabera, alde honetan uholdeen birgertatze-aldia 10 urtekoa da: 2003ko otsailean uholde batek saihesbideak Arguedasko udalerrian izango duen trazadura osoa hartu zuen. Valtierra aldean, bai 2003an bai 2007ko apirilean Ebro urak Río Mayor-eraino iritsi ziren. Saihesbide osoa lubetan gainean egingo da; beraz, ondokoak aztertu behar dira: uraren joera saihesbidearen lubetaren gainean eta uraren zirkulazioa Valtierra eta Arguedasarantz doazen abelbideetan eta bideetan; uretan behera, Murillo Las Limasetik, gertatzen diren urmaelak, ura sar baitaiteke Arguedas eta saihesbidearen artean. Kontuan eduki behar da El Yugotik behera sakanak daudela, funtsean igeltsu eta buztin iragazkaitzezkoak eta Ebrora ematen dutenak. Sakan horiek arazoak eman dituzte iraganean, batez ere trumoi-ekaitz konbektiboak izan direnean (esaterako, 2003ko irailaren 6an: Nuestra Señora del Yugoko estazio automatikoak 129.1 mm erregistratu zituen 3 ordu eta 30 minututan; euri-jasa hark hustuketa-arazoak sortu zituen Ebron, zeren sakanetako ubideek gainez egin eta urak Ebro ibaiaren aurreko babeserako lubetak eragotzi baitzituen).

Saihesbidearen eragin nagusiak identifikatzeko proiektuko ekintzek inguruko elementu bakoitzean izango duten afektazioa deskribatu da, eragina zein ekintzari dagokion zehaztu gabe.

Eraginak baloratzeko, haztapenaren metodologia erabiltzen da eta "pisuak" esleitzen zaizkie eraginaren kuantifikazioan esku hartzen duten aldagaiei. Hala pisu hauek esleitzen dira: natur ingurunea %25, ingurune sozioekonomikoa %70, eta kultur ingurunea %5. Inguruneko elementu bakoitza taula batean irudikatzen da. Aztertutako errepidearen tarteak egiteko proposatu diren aukerak taula horretako sarrerak dira.

Azterlanak badu prebentzio eta zuzenketa neurriei buruzko kapitulua, eta bereizi egiten ditu proiektu aldian aplikatu behar diren neurriak eta eraikuntza aldian aplikatu beharrekoak. Proiektu aldirako neurri hauek ezarri dira: sarbideen planifikazioa, ezponden egonkortasuna bermatuko duten maldak (ez da gehieneko maldarik zehazten), harrobi eta hondakindegien planifikazioa, faunaren gaineko eragina gutxitzeko planifikazioa (animalientzako pasabide berariazkoak diseinatuko dira), drainatze obren egokitzapena, eta landarediaren eta ingurune soziokulturalaren gaineko eragina gutxitzeko planifikazioa.

Kartografian eta testuan animalientzako pasagune bat ezarri da Valtierran, landa bideetako pasaguneak animalientzat egokitzea aurreikusi da eta proiektuaren eremutik kanpo beste pasagune bat egitea proposatu da, hain zuzen ere Arguedasko zuzenean, saihesbidearen 1. alternatibaren irteera baino lehenagoko KP batean, oraingo proposameneko irteeran. Bestalde, landare-lurra egokiro kudeatuko behar dela azpimarratzen da, eta gainazal berriak landareztatu behar direla ereite hidraulikoak eginez eta bi espezietako zuhaixkak (otea eta erromeroa) landatuz.

Eraikuntza aldirako ezarri diren neurrien artean nabarmentzekoa da bertan behera utzitako errepide tarteak kendu eginen direla eta jarduketa horretan ateratzen diren hondakinak indarra duen araudiari jarraituz kudeatuko direla.

Azkenik, ingurumena zaintzeko plana nahikoa da. Hona hemen beraren helburu nagusiak: proposaturiko prebentzio eta zuzentze neurriak betetzen direla eta eraginkorrak direla egiaztatzea, proiektua gauzatzerakoan agertzen ahal diren ezusteko eraginak kontrolatzea, eta sortutako eraginen bilakaera aztertzea. Horretarako, ingurumen teknikari bat eduki behar da obran bertan, azterketa arkeologikoa egin behar da obrak hasi aurretik, eta errepidea amaitu ondoren, hiru urtez, landareztatzearen jarraipena egin behar da eta animalientzako pasabideak eraginkorrak ote diren begiratu behar da, baita horien "gune beltzak" detektatu ere, halakorik bada.

II. ERANSKINA

Alegazioak

.1., 2. eta 3. alegazioak: Alfonso Mateo Miranda jauna, Valtierrako Udalaren ordezkari gisa.

1. Adierazi du Valtierrako Udalaren iritziz bertan behera utzi behar litzatekeela 1. alternatiba, uste baitute hurbilegi dagoela herrigunetik eta horrek herriaren etorkizuneko garapena muga lezakeela (24. alegazioa).

2.1. Gainera esan du 2. alternatibako trazadura kanporago eraman behar litzatekeela, saihesbidea herritik hurbilegi gera ez dadin.

2.2. Valtierra eta Arguedasko saihesbidea ez litzateke lotu behar NA-134 errepidearekin, baizik eta N-121 errepidearekin, Los Abetosko elkargunetik 700 bat metrora, hegoalderantz; hona arrazoiak:

_Los Abetosko bidegurutzea hobetzea eta erraztea; izan ere, ezbehar asko gertatzen dira bertan.

_Egitekoa den Valtierrako industrialdearen lehen fasearekin lotzea (400.000 m², gutxi gorab.). Poligonoaren bigarren fasearekin (800.000 m², gutxi gorab.) lotzeko nahikoa litzateke saihesbidetik "belarri" bat egitea.

3. Udalak uste du saihesbidetik lotune bat egin behar litzatekeela Valtierrako herrigunera heltzeko (24. alegazioa).

4. Valtierrako lurzati-berrantolamenduari ekin zaionez gero, Udalak uste du ezinbestekoa dela Nafarroako Gobernuko departamentuak eta Udala koordinatuta aritzea aribideko proiektuak (saihesbidea eta abiadura handiko trena, sail ureztatuak ukitzen dituztenak) herriaren igurikizun eta benetako beharrizanetara moldatzeko.

5. Proposatu diren Valtierra eta Arguedasko saihesbidearen alternatibek ez dute konponduko Los Abetos elkarguneko trafiko arazo larriak.

6. Udalak proposatutako soluzioa azterlan informatibokoa baino zentzuzkoagoa da.

7. Abiadura handiko trenak Valtierrako sail ureztatuak ukituko ditu.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erantzuna:

1. Udalak hirigintzari buruz aurreikusitakoa aztertu ondoren onargarritzat jo da A2 alternatiba.

2. Zubirako planteatu den alternatibak NA-134 ardatzaren funtzionalitatea eragozten du, onetsi gabeko hirigintzako plangintza batean oinarritzen baita. Beste alde batetik, Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legeko 100. artikuluaren arabera, bide sistema orokorretarako sarbideak lur urbanizagarrien jabeek finantzatu behar dituzte, bai eta proposatutako hirigintzako jarduketaren zioz haietan egin beharreko aldaketa ere.

3. Valtierra eta Arguedas arteko lotuneak saihesbidearekin lotuko ditu bi herriok eta ez du eragozpenik sortuko Ebroko ardatzeko zirkulazioan.

4. Los Abetosko elkargunea Errepideen II. Plan Zuzentzailean ageri da. Hala ere, Valtierra eta Arguedasko saihesbidea eraikitzeko proiektuan kontuan edukiko da bi jarduketak bateratzeko aukera.

5. 2. puntuan azaldu denarekin bat, Udalak proposatutako alternatibak NA-134 ardatzaren funtzionalitatea murrizten du, eta onetsi gabeko hirigintzako plangintza batean dago oinarrituta.

6. Nafarroako Gobernuak Arguedasko udalerrian egin asmo dituen jarduketak azterlan informatiboan aztertu dira.

.4. alegazioa: José Antonio Rapún León jauna, Arguedasko Udalaren ordezkari gisa.

1. Arguedasko Udalaren ustez A2.alternatiba hobea da: besteak baino eragin gutxiago izango luke ureztalurretan eta etorkizunean ez luke eragotziko industriagunearen eta Arguedasko herrigunearen zabalkuntza.

2. Udalak eskatu du saihesbide berria oraingo NA-134 errepidea baino 1,0 - 1,5 metro gorago eraikitzeko Arguedasko zuzenean, lubetak eustormarena egin dezan Ebro ibaiaren uholdeetan, hau da, Arguedasko herria uholdeetatik babesteko.

3. Esan du saihesbideko bidegurutzeak gainekoak izan behar direla, ez azpikoak azterlanean ezarri bezala: horrela uholdeetan haietan zehar hustu ahal izango litzateke ura.

4. Horrez gainera adierazi du ez dela pasagunerik ezarri "muga de Valtierra" biderako; hori dela eta, bat egiteko eskatu du, edo landabide bat aurreikusita dauden pasaguneetako batekin lotzeko.

5. Saihesbidearekiko paraleloan bi landa bide egitea proposatu du, bat alde bakoitzean: horrela pasaguneetako bat (5+350 k.p.koa) kendu ahal izango litzateke eta ez litzateke egongo "muga de Valtierra" bidean pasagune berria egin beharrik.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak alegatutako guztia onartu du.

.5. alegazioa: Fermín Floristán Floristán jauna, Arguedasko ureztatzaileen elkartearen ordezkari gisa.

1. Esan du Arguedasko ureztatzaileen elkartearen ustez 2. alternatiba dela hoberena.

2. Lotunea ekialderago eramatea eta saihesbidearen azken tartea Arguedasko herriaren hegoalderantz mugitzea proposatu du.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erantzuna:

Alegazioa onartu du, eta adierazi du kontuan hartu dela onetsitako udal plangintza.

.6. alegazioa: Luis, María Luisa, Felisa eta Carmen Samanes García jaun-andreak, Arguedasko ureztatzaileen elkarteko kideak.

1. Alegazio hau beste batzuetan azaldu da.

2. Adierazi dute euren ustez 1. alternatiba dela hoberena, Arguedas uholdeetatik babesten duelako eta besteak baino kalte gutxiago egiten dielako sail ureztatuei.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erantzuna:

2. Planteatutako alternatibak hainbat irizpide aplikatuta aztertu dira, hots, alderdi funtzionalak, ekonomikoak eta ingurumena kontuan hartuta, eta 2. alternatibak lortu du baloraziorik hoberena.

.7. alegazioa: Cristina Bordonaba andrea, EDER partzuergoaren ordezkari gisa.

1. Esan du Ebroko Ardatzeko saihesbideak onuragarriak direla eskualderako, eta batez ere Valtierra eta Arguedasko zeharbideak.

2. EDER partzuergoak Valtierrako eta Arguedasko udalek proposatutako alternatiba aldezten du, egokiena dela uste du eta.

3. Alegatu du Valtierra eta Arguedasko saihesbidea lehentasunekoa izan behar dela Ebroko Ardatzeko saihesbideetan.

.8. alegazioa: Enrique Suárez Pejenaute jauna, "La Recta de Arguedas" gasolina-zerbitzugunearen ordezkari gisa.

1. Alegatu du Valtierra eta Arguedasko saihesbideak kalte egingo diola ordezkatzen duen enpresari (7 enplegatu daude), eta horregatik eskatu du kalterik gutxien egingo dion alternatiba hobesteko, bestela gerta baitaiteke negozioak aurrera ezin egin izatea eta itxi behar izatea.

2. Adierazi du enpresaren iraupenerako mesedegarria litzatekeela NA-l34 errepidearen lotunea gasolina-zerbitzugunetik hurbil jartzea.

3. Alegatu du negoziorentzat 1. alternatiba dela kalte gutxien egingo lukeena, gasolina-zerbitzugunetik eta Arguedastik hurbilen dagoena baita.

4. Gasolina-zerbitzugunetik gertu atsedengunea jartzea proposatu du, haren kalitatea eta inguruaren garapena bultzatuko lituzkeelako.

.9. eta 10. alegazioak: Sergio Alberto Samanes Malón jauna.

2. 1. alternatibaren alde egin du, eta gero ñabardura hauek gaineratu ditu:

2.1. Piezak eta etxatoak ez zatitzeko ahaleginak egin behar lirateke.

2.2. Saihesbidearen trazadura ez litzateke igaro behar lursailen goialdetik behealdetik baino, oraingo bideez baliatuta, eta gero Arguedasko zuzenarekin lotu ('Puente Nuevo'ren parean).

3. Adierazi du 1. alternatiba dela altuena, eta bera dela herria Ebro ibaiaren uholdeetatik hobekien babesten duena, sail ureztatuei kalte gutxien egingo diena, eta erregulazio-putzutik eta ponpaketa-estaziotik urrunen dagoena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erantzuna:

2. eta 3. Planteatutako alternatibak hainbat irizpide aplikatuta aztertu dira, hots, alderdi funzionalak, ekonomikoak eta ingurumena kontuan hartuta, eta 2. alternatibak lortu du baloraziorik hoberena.

.11. eta 12. alegazioak: Juan Elizalde Pellise jauna eta Javier Elizalde Pellise jauna.

1. 1. alternatibaren aurka daude, Arguedastik hurbil dagoelako, eta proposatutako lotunearen aurka ere bai, beraien ustez industrialdeko bidea balia baitaiteke eta bi udalerrian batera hartu behar baitira kontuan.

2. Esan dute 2. alternatibak besteak baino kalte gehiago egingo diela sail ureztatuei.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erantzuna:

1. eta 2. Alegazio honi aurreko alegazioetan erantzun zaio.

Iragarkiaren kodea: F0708433