76. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko maiatzaren 28koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala" onesten da. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

Nafarroako Gobernuak, 2006ko urtarrilaren 9an egindako bilkuran, "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideei buruzko azterlan informatiboa" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen, jendaurrean jarri zuen eta ukitutako eremuko udalei entzunaldia eman zien, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedurarenak izan zitzan.

Erabaki hori 2006ko 12. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 27an. Jendaurreko epean 35 alegazio-idazki aurkeztu dira; hona hemen haien edukia eta eman zaien erantzuna.

I._Aurkeztutako alegazioak:

I.1._Mendabiako saihesbideari buruzko alegazioak.

1., 2. eta 3. alegazioak: Samuel Caro Sádaba jauna, Mendabiako Udala ordezkatuz.

Edukia:

1. Egun lurzati berrantolamendua egiten ari dela alegatzen du (1. alegazioa).

2. Saihesbidea egiteko hautatu den aukeran (1b) bideetarako pasagune bakarra dago, Lizarrako bidean (4+080 k.p.), eta ez da aski. Horregatik beste pasagune bat egiteko eskatzen du La Helerako larrearen eta Lizarrako bidearen artean (2+900 k.p.), Corral de la Ermita alderdian (1. alegazioa).

3. Saihesbidea egiteko hautatu den aukerak ez du errespetatzen Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko altxonbidea (4+900 k.p.) eta horregatik pasagune bat eskatzen du, bide hori errespetatzeko (1. alegazioa).

4. Udala eta Lurzati Berrantolamendurako Batzorde Aholku-emailea ados daude saihesbidearen ondoan aurreikusita dagoen nekazaritzako bidea egitearekin, baina 6,00 metroko zabalera izan behar lukeela uste dute (aurreikusitako bideak 3,00 eta 5,00 metro bitarteko zabalera du) (2. alegazioa).

5. Bideetatik saihesbidera aurreikusita daudenak baino sarrera gehiago egiteko eskatzen du (2. alegazioa).

6. Saihesbideko 5,400 k.p.an dagoen lantegirako eta hainbat abeletxe, nekazaritzako pabiloi eta finkatarako sarbide erregulatuak eskatzen ditu, errepidearen erdian itxaroteko erreia dutenak (3. alegazioa).

7. NA-6310 errepideko bidegurutzean lehentasuna errepide horri emateko eskatzen du, eta ez NA-122ko zirkulazioari. Azken errepide horretako trafikoa nabarmen gutxituko da Donejakue Bideko autobia egiteko obren ondorioz (3. alegazioa).

Erantzuna:

1. Mendabiako saihesbidea egiteko hautatu den aukeraren eraikuntza proiektuan kontuan hartuko da lurzati berrantolamendua, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuarekin koordinaturik.

2 eta 3. Alegaturikoa onartu da. Beste pasabide bat eginen da Corral de la Ermita parean eta Iraganbide Nagusiaren gainean.

4. Saihesbidea egiteko eraikuntza proiektuan kontuan hartuko da eskatutakoa.

5. Eskaturikoa ez da onartu. Bideetatik saihesbidera aurreikusitakoak baino sarrera gehiago eginen balira, bide segurtasunerako arrisku nabarmena sortuko litzateke. Nolanahi ere, lehendik dauden bide guztiak behar bezala lotuko dira aurreikusitako sarbideekin.

6. Eskaturikoa onartu da. Saihesbidea egiteko proiektuan bidegurutze bat gehituko da eta bidegurutze hori erregulatze aldera, saihesbidearen erdian itxaroteko erreia eginen da. Enpresa interesatuak sustatu eta finantzatu beharko du.

7. NA-122 eta NA-6310 errepideen elkargunean pasatzeko lehentasuna aldatzeko eskaera Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Zainketa Zerbitzuari egin behar zaio.

4. alegazioa: "Barón de Ley, S.A."; Mendabiako Udalak aurkeztua.

Aurreko alegazioko 6. puntuaren berdina da eta erantzun berbera ematen zaio.

5. alegazioa: "Rubio Arriba" ureztatzaile elkartea.

Edukia:

1. Ez dago ados 1b aukera hautatzearekin eta 3 aukera hautatzeko eskatzen du, hirigintzako aurreikuspenekin bat datorrelako eta herrigunetik hurbilen dagoelako.

2. Alegatzen du 1b aukerak mahasti eta olibadiak eta duela gutxi lurzati berrantolamendua egin den ureztalurrak ukitzen dituela eta 3 aukerak, berriz, herrilurrak edo nekazaritzako kalitate txikiko lurrak ukitzen dituela.

3. Alegatzen du azterlan informatiboko planoek ez dutela lurzati berrantolamendua islatzen eta alderdi hori kontuan hartu behar litzatekeela trazadura bat edo bestea aukeratzeko orduan.

4. Alegatzen du 1b aukeran errepideak "Rubio Arriba" ureztalurrak zeharkatuko dituela eta kontuan har daitezela ureztapen sareei eginen zaion kaltea eta obrek sortuko dituzten eragozpenak.

5. Alegatzen du kalterik txikiena egin eta lurraren aprobetxamendurik onena bermatuko duen aukera hautatu behar dela.

Erantzuna:

1 eta 2. Alegatutakoa ez da onartu. Irizpide anitzeko analisian aipatutako alderdi guztiak aztertu dira, baina ez alegatzaileak proposatzen duen moduan bakarrik.

3. Erantzuna 3. alegazioko 1. puntuari emandakoaren antzekoa da.

4. Alegatutakoa onartu da. Mendabiako saihesbidea egiteko obrek lehendik dauden ureztapen sareetan izanen dituzten eragin guztiak kontuan hartuko dira saihesbidearen eraikuntza proiektuan, baita obrak egiten diren bitartean ere.

5. Irizpide anitzeko azterketa egin da, dauden baldintza guztiak (funtzionalak, ekonomikoak eta ingurumenekoak) kontuan hartuz, eta hautaturiko aukerari egin zaio baloraziorik onena.

6. alegazioa: Carmen Aramendía Catalán andrea, Mendabiako hamaika nekazari ordezkatuz.

Edukia:

1. Alegatzen du 3 aukerak sortzen dizkiela arazo gutxien bai ekosistemari bai Mendabiako udalerriko bizilagunei.

2. Alegatzen du errepidea zenbat eta luzeagoa izan hainbat gehiago izanen direla ukituak eta kalte ekonomikoak, eta 3. aukerak ukitzen dituen nekazaritzako lurzati emankorrak askoz gutxiago direla.

3. Alegatzen du 1b aukera gauzatzen bada suntsitu eginen dela "La Fuentilla" iturburuaren inguruan sortu den "ekosistema" txikia.

4. Alegatzen du 3 aukera hobea dela industriaren hedapenerako, industria saihesbidearen beste aldean kokatuko litzatekeelako.

5. Alegatutakoaren ondorioz, 3 aukera dela egokiena adierazten du, eta aukera hori hautatzeko eskatzen du.

6. Uste du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 22., 26., 28. eta 32. artikuluak aplikatu beharrekoak direla aztertutako aukerak hautatzeko prozesuan.

Erantzuna:

1, 2 eta 4. Irizpide anitzeko azterketa egin da, dauden baldintza guztiak (funtzionalak, ekonomikoak eta ingurumenekoak) kontuan hartuz, eta hautaturiko aukerari egin zaio baloraziorik onena.

3. "La Fuentilla" iturburuaren inguruan sortu den "ekosistema" txikiaren gainean bidezubia eginen da. Beraz, bertako faunaren gaineko eragina oso txikia izanen da, eta saihesbidearen alternatiba honek ez du hura galtzeko arriskurik sortuko. Hortaz, alegaturikoa ezetsi da.

5. Alegatzaileak egindako alegazioei goian emandako erantzunak kontuan hartuz, alegaturikoa ezetsi da.

6. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 22. artikuluak dio "partzuergoak eratu ahal" izanen direla; beraz, aukerakoak dira, eta ez nahitaezkoak. 26. artikuluaren gaia "hitzarmenen publizitatea" da eta gai horrek ez du zerikusirik UPSaren xedearekin. 28. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea antolatzeko tresnak ezartzen ditu, besteak beste udalez gaindiko proiektu sektorialak. Begi bistan dagoenez, zehaztapen horrek ez du loturarik saihesbide jakin batzuk egiteko aukerak hautatzeko prozesuarekin. Eta, azkenik, 32. artikuluak "Nafarroako Lurralde Estrategiaren edukia" ezartzen du. Hortaz, ezesten da alegazioa.

I.2._Lodosako saihesbideari buruzko alegazioak.

7. alegazioa: Jesús María García Antón jauna, Lodosako alkate udalburua, Lodosako Udala ordezkatuz.

Edukia:

1. Lodosako Udalari A3 aukera iruditzen zaio egokiena. Hala ere, aldatu dadila eskatzen du, beste bi aukeretara gehiago hurbilduz, laburragoa izan dadin.

Erantzuna:

1. Alegatutakoa onartu da. A3 aukera Lodosara hurbilduta, trazadura A1 aukerarena bera izanen litzateke. Alderdi hori saihesbidearen eraikuntza proiektuan aztertuko da.

8. alegazioa: Jesús María García Antón jaunak, Lodosako alkate udalburuak, Pedro Linde Blanco jaunaren alegazioa igorri du.

Edukia:

1. Bere nekazaritza ustiategia ez dadila ukitu eskatzen du, proposaturiko Lodosako saihesbidearen inguruetan baitago.

Erantzuna:

1. Alegazio hori kontuan hartuko da Lodosako saihesbidearen eraikuntza proiektua egiten denean.

9. alegazioa: Jesús María García Antón jaunak, Lodosako alkate udalburuak, M. Luisa Baigorri de Luis andrearen eta Francisco Javier Aramendía Chocarro jaunaren alegazioak igorri ditu.

_9.1 alegazioa: María Luisa Baigorri de Luis andrea.

Edukia:

Beraren iritziz 1. aukera edo 2. aukera dira onenak, baina sekula ere ez 3. aukera, Lodosa zerbitzu herria delako eta hainbat negoziok irauten duelako herrian geldialdia egiten duen paseko trafikoari esker. Horregatik uste du trafikoa herritik zenbat eta urrunago eraman kalte handiagoa eginen zaiela negozio horiei.

Erantzuna:

Lodosako Udalak eskatu bezala A3 aukera Lodosara hurbilduz gero, trazadura A1 aukeraren antzekoa izanen litzateke.

_9.2 alegazioa: Francisco Javier Aramendía Chocarro jauna.

Edukia:

1. Alegazio hau eta 9.1 alegazioa berdintsuak dira.

2 eta 3. Alegatzen du 1 eta 2. aukerak 3. aukera baino nabarmen merkeagoak direla, eta erabiltzaileei zerbitzu bera ematen dietela, baina ibilbide laburragoarekin, eta 3. aukera gauzatzeko kostua ez dela errentagarria, erabiltzaileei ekarriko dien kostuagatik.

Erantzuna:

1, 2 eta 3. Lodosako Udalak eskatu bezala A3 aukera Lodosara hurbilduz gero, trazadura A1 aukeraren antzekoa izanen litzateke.

I.3._Andosillako saihesbideari buruzko alegazioak.

10. alegazioa: Manuel Osorio Martín jauna, Andosillako Udala ordezkatuz.

Edukia:

Andosillako Udalak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinarazten dio osoko bilkuran eta aho batez ontzat eman duela Andosillako saihesbidea egiteko 2. aukera, jendaurrean jarritako azterlan informatiboan hautatutakoa, hain zuzen ere.

Erantzuna:

Alegatutakoa ontzat ematen da.

11.alegazioa: Emilio Ignacio Ruiz Lorente jauna, San Adriango Udala ordezkatuz.

Edukia:

1. Andosillako saihesbiderako hautatu den aukera, hegoaldekoa, San Adriango udal mugapean elkartzen da NA-134 errepidearekin, Arau Subsidiarioetan urbanizagarritzat sailkatuta dauden lurretan, eta Azagrako saihesbidea egiteko iparraldeko aukerak, berriz, urbanizaezintzat sailkatutako lurretan egiten du bat errepidearekin.

2. Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak, San Adriango LOEEari egindako txostenean, ondokoa dio:

a) egokitzat jotzen duela San Adriango Udal Planean lurzoru erreserba aurreikustea NA-134ko saihesbiderako.

b) egokitzat jotzen duela industrialderako sarbideak dibertsifikatzea Andosillako saihesbidearekiko lotunea izanen den korridore baten bidez, eta aintzat hartuko duela LOEEan lotune horretarako egiten den proposamena.

Eskatzen du:

1. San Adriango Udalari entzuteko tramitea egin dadila, bidezko ondorioetarako.

2. San Adriango LOEEarekin bat, Andosillako saihesbidea egiteko proiektuan kontuan har daitezela saihesbideak San Adriango planeamenduan izanen dituen ondorioak.

3. San Adriango saihesbideak Azkoiendik San Adrianera datorren NA-653 errepidean izanen duen eragina kontuan har dadila.

Erantzuna:

1 eta 2. Alegaturikoa onartu da.

3. Eskaturikoa ez da onartu: San Adriango saihesbideak Azkoiendik San Adrianera doan NA-653 errepidean izanen duen eragina ez da azterlan honen ebazpenean kontuan hartu beharrekoa.

12. eta 13. alegazioak: Juan Pablo Salvatierra Cortabarría jauna, Miguel Angel Alcalde Ripa jaunaren eta beste biren izenean (12. alegazioa), eta Miguel Angel Alcalde Ripa jauna, bere izenean eta ordezkaritzan (13. alegazioa).

Edukia:

Alegatzen dute ez direla ez azterlan informatiboan ez Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko iragarkian aipatu ondoren azaltzen diren alderdiak eta horrek babes gabezia eragin diezaiekeela udal mugapeko lur jabe batzuei; hain zuzen ere kalte ekonomiko oso larriak ekartzen ahal dizkie:

a) Andosillako saihesbideak San Adriango udal mugapeko lurrak ukitzen ditu.

b) Andosillako saihesbideak bete-betean ukitzen du San Adriango Hirigintzako Planeamenduari buruzko Arau Subsidiarioetako 2. sektorea, hirugarren sektoreko erabileretarako lurzoru urbanizagarria.

c) Andosillako saihesbidea 2. sektoreko lurretan elkartuko da egungo NA-134 errepidearekin. Horrela hankaz gora jarriko dira sektore horretako hiri garapenerako plan partzialean ezarritako arau guztiak.

d) Dagoeneko abian da 2. sektoreko hiri garapena.

Horiek horrela, eskatzen du:

Andosillako saihesbidearen trazadura aldatzeko, 2. sektorean eraginik izan ez dezan.

Erantzuna:

San Adriango LOEEarekin bat etorriz, Andosillako saihesbidea egiteko proiektuan kontuan hartuko dira saihesbideak San Adriango planeamenduan izanen dituen ondorioak.

14. alegazioa: Germán Agreda Suescun jauna, Carcarko Udalaren ordezkari gisa.

Edukia:

1. Alegatzen du egungo NA-6230 errepidea, zabaldu eta hobetuko dena eta saihesbidea eginen zaiona, udal mugapeko laborantza finka askotarako sarbide nagusia dela. Horregatik eskatzen du bi norabideko nekazaritza bidea egin dadila, zabalduko den errepidetik aparte.

2. Conservas Cárcar, S.A. enpresaren parean egungo NA-6230 errepidearen trazadura aldatuko dela eta, ohartarazten du saihesbidearen eta aldatu gabe utziko den errepide zatiaren arteko elkargunean sakana dagoela eta arreta berezia jarri behar zaiola sakaneko urari.

Erantzuna:

1 eta 2. Alegaturikoa onartu da. Andosillako saihesbidearen eraikuntza proiektua egiten denean kontuan hartuko da eskatutakoa.

15. alegazioa: Carcarko UPNko udal taldea.

Edukia:

Alegatzen du:

1 eta 2. Carcarren Ega ibaiko zubian dauden espaloiak kentzen badira, oinezkoei bertatik ibaiaren beste aldera pasatzea eragotziko zaiela eta ibaiaren beste aldean hainbat jarduera egiten direla.

3. NA-134 eta NA-6230 errepideak biribilgune batean elkartzen badira auto ilarak sortuko direla eta trafikoa arriskutsuagoa izanen dela.

4. Ez dela kontuan hartu lehendik dauden zenbait bideren eta saihesbidearen arteko lotura.

5. Ez dela kontuan hartu NA-6230 errepideko saihesbidearen eta Carcarren dagoen abelbidearen arteko bidegurutzea.

6. Ez dela kontuan hartu NA-6230 errepideko saihesbideak industrialdetik Ega ibairaino doan sakana gurutzatzen duela.

7. NA-134 eta NA-122 errepideak lotuz gero, Carcar zeharkatzen duen trafikoa ugaritu eginen dela eta ondorioz arriskua areagotuko dela.

Eskatzen du:

a) Oinezkoentzako zubia egin dadila, egungo zubiaren paraleloa.

b) Nekazaritzako bideak egin daitezela NA-6230 errepideko saihesbidearen ondotik.

c) Carcarko zeharbidearen (NA-6230) eta NA-6230 errepideko saihesbidearen arteko elkargunea egiten denean NA-134 errepidearekiko lotura egiteko, kontuan har daitezela baldintza geografiko eta trafikoaren baldintza guztiak.

d) NA-6230 errepideko (NA-134-Carcar tartea) saihesbidea egokia izan dadila.

e) NA-6230 errepideko saihesbidea egiteko obretan sakana drainatu dadila eta sakanaren gaineko pasabidea egin dadila.

Erantzuna:

Alegazioei:

1 eta 2. NA-134 eta NA-122 errepideak lotzea Andosillako saihesbidearen osagarrizko neurria da, eta azterlan informatiboan ez da aurreikusten inolako jarduketarik egitea Ega ibaiko zubian. Beraz, jarduketa horrek ez luke aldatuko egungo egoera, oinezkoen mugikortasunari dagokionez. Dena dela, Andosillako saihesbidearen eraikuntza proiektua egiten denean, zubia handitzea bideragarria ote den eta nola egin litekeen aztertuko da, oinezkoen zirkulazioa inola ere murriztu gabe.

3, 4, 5 eta 6. NA-134 eta NA-122 errepideen arteko lotunea ez da zehaztasunez garatu azterlan informatiboan. Hori horrela:

_Azterlaneko planoetan zirkulu batez markaturik ageri dira NA-6230 errepideak eta bertako saihesbideak aipatu errepide horiekin izanen dituzten elkarguneak; zirkulu horrek kokapena adierazten du eta ez tipologia; alderdi hori zehaztasunez aztertu behar da eraikuntza proiektua egiten denean.

_Halaber, trazaduraren proiektuan zehatz-mehatz aztertuko da nola lotuko diren saihesbidearekin lehendik dauden bideak eta nola gurutzatuko dituen saihesbideak abelbidea eta sakana.

7. Andosillako saihesbidearen osagarri den jarduketak Carcarko zeharbidean ukitzen duen tartearen ezaugarriak aldatzen direnean, bermatu eginen dira tarte horretako bide segurtasuna eta oinezkoena.

Eskatutakoari:

a) Andosillako saihesbidearen eraikuntza proiektuan, lehendik dagoen zubiaren ondoan oinezkoentzako pasabidea egiteko aukera kontuan hartuko da zubia handitzeko aukeren artean, oinezkoen zirkulazioa ez ukitzeko.

b), c), d) eta e). Eskaturikoa onartu da.

16. alegazioa: Ignacio Amatriáin jauna, Conservas Cárcar, S.A. ordezkatuz.

Edukia:

Alegatzen du saihesbide berriak eragina izan dezakeela Conservas Cárcar, S.A. lantegira doazen ibilgailu astunen sarbidean. Horregatik eskatzen du errepide berriaren diseinuan sarbide egokia aurreikus dadila lantegi horretara doazen ibilgailu astunentzat.

Erantzuna:

Eskaturikoa onartu da.

I.4._Azagrako saihesbideari buruzko alegazioak.

17., 18. eta 19. alegazioak: Basilio Sánchez Lasheras jauna, Azagrako Udala ordezkatuz.

Edukia:

1. Alegatzen du azterlan informatiboan baloraziorik onena 1. aukerari eman zaiola, oro har, baina 2. aukera hautatzea gomendatzen dela, 1. aukerak aldaketa larria eraginen omen lukeelako Ebro ibaiaren ibarrean (17. alegazioa).

Udalaren osoko bilkura, ordea, saihesbidea ureztalurretan zehar egitearen alde (1. aukera) agertu da aho batez, honako inguruabar hauek kontuan harturik:

_Sozioekonomikoak. Azken urteetan, ureztalur tradizionalen errentagarritasunik eza eta tamaina txikia zirela eta, 2. aukerak zeharkatzen duen "El Monte" alderdia ureztalur bihurtu da eta "Errioxako ardoa" jatorri-deitura kalifikatua duen ardoa ematen du. Ekoizpen hori herriko jarduera ekonomiko nagusia da.

_Geografikoak. Saihesbidea egiteko 2. aukeraren eta egungo NA-134 errepidearen arteko lotuneen kokapena dela eta, Azagrako herria Ebroko Ardatzetik urrun samar eta bakarturik geratuko da. Beste alde batetik, 1. aukera gauzatuz gero, Ebroko Ardatza errazago lotuko litzateke N-232 Zaragoza-Bilbo errepide nazionalarekin eta AP-68 autobidearekin, Calahorrako udal mugapean.

Saihesbidea ureztalurretan zehar egitearen alde Azagran bildu diren sinadurak erantsi ditu.

2. Egin beharreko saihesbidean (1. aukeran alegia) trazaduraren ondotik zerbitzu bideak egin daitezela eskatzen du (18. alegazioa).

3. Eskatzen du Azagrako saihesbidearen proiektuan kontuan har dadila Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari 2001eko urriaren 22an herriarentzat eskatu zitzaion seinaleztapena. Edozein udalerriren garapen ekonomiko eta sozialaren ikuspuntutik seinaleztapen hori oinarrizkoa eta ezinbestekoa dela uste du (19. alegazioa).

Erantzuna:

Alegatzaileak hobesten duen 1. aukerari dagokionez, azterlan informatiboak dio aukera horrek jaso duela balorazio orokorrik onena, baina, hala eta guztiz ere, hidrologiaren aldetik akats kritiko bat duela, haren trazadurak Ebro ibaiaren ibarreko uholde-zelaian aldaketa handia eraginen lukeelako. Horregatik, ez da gomendatzen hura hautatzea eta egokiagotzat jotzen da 2. aukera hautatzea.

Ildo beretik, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, 2007ko maiatzaren 3an emandako txostenean, beste gauza batzuen artean hauxe dio: 1. aukera ingurumenaren aldetik bideragarria den zehaztu ahal izateko, haren balorazioa justifikatu behar dela, irizpide anitzeko azterketarako hasieran ezarri ziren irizpideak aplikatuz, eta bereziki kontuan hartu behar dela trazadura osoa uholde-eremuan dagoela.

Azagra _dio txostenak_ lubeta bikoitzeko sistema batek babesten du. Lehenbiziko lubeta Ebro ibaiaren ertzean dago eta urak maiz gainditzen du. Bigarren lubeta ibaitik atzerago dago, herria babestu egiten du (2003ko otsaila) baina ez da nahikoa aldi ertain edo luzean behin gertatzen diren uholdeetarako. (Iturria: Ebro ibaiko uholde-eremuen mugak Inglares ibaiaren eta Huecha ibaiaren artean. Ebroko Konfederazio Hidrografikoa. 2004ko abendua). Saihesbidearen lehenbiziko 1.900 metroak urpean geratuko lirateke 100 urtean behingo uholdeetan, La Barca bideko gurutzagunea 50 urtean behin, eta hegoaldeko lotunea 10 urtean behin.

Hasierako tartea izan ezik, saihesbidea lubetan eginen da eta uraren bidean oztopo izanen da. Gainera, ez da iragazgaitza izanen, animalientzako edo bideak lotzeko pasaguneetan zehar Ebroko urak Azagra alderantz eginen baitu. Beste alde batetik, kontuz kalkulatu beharko da saihesbidearen egitura, apurtzen bada Azagran kalterik eragin ez dezan.

Horregatik, dio txostenak ondorio gisa, 1. aukera garatu nahi bada Ebro ibaiaren bi dimentsioko eredua egin beharko da, urak saihesbideko lubetan izanen duen portaera eta animalientzako eta bideak elkartzeko pasaguneetan zehar urak Azagrarantz nola zirkulatuko duen simulatzeko. Horrela behar bezala kalkulatu ahal izanen dira egituren neurriak eta materialak, herrian ahalik arrisku gutxien izan dadin.

Inguruabar horiek ikusirik, gomendagarria da saihesbide honen inguruan hartu beharreko erabakia geroratzea, 1. aukera hautatzeak ingurumenaren aldetik eta, bereziki, ikuspuntu hidraulikotik nolako ondorioak izanen lituzkeen jakin arte. Bestalde, azkenean 1. aukera hautatzen bada, haren diseinua berrikusi egin behar litzateke, herrira gehiago hurbilduz, eta horrek ez du eraginik izan behar berriki egindako araztegian.

3. Eskaturikoa ez da onartu. Beste errepide batzuetatik Azagrara joateko seinaleak jartzea ez da azterlan honi buruzko ebazpenean kontuan hartu beharreko gaia.

20. alegazioa: Emilio Ignacio Ruiz Lorente jauna, San Adriango Udala ordezkatuz.

Alegazio hau 11. alegazioaren antzekoa da, baita erantzuna ere.

21. alegazioa: Juana Murgui Iñigo andrea.

Edukia:

Azagrako saihesbidea egiteko hautatu den aukerak bere lurzatia ukitzen du eta bertan dagoen eraikina ez dadila ukitu eskatzen du.

Erantzuna:

Azagrako saihesbidearen eraikuntza proiektua egiten denean kontuan hartuko da eskatutakoa.

I.5._Milagroko saihesbideari buruzko alegazioak.

22. alegazioa: Esteban Garijo Pérez jauna, Milagroko Udalaren ordezkari gisa.

Edukia:

1. Adierazi du Milagroko Udalaren ustez egokia dela 4. alternatiban proposatutako trazadura, ikuspegi teknikotik baloraziorik altuena lortu duena.

2. Hegoaldeko gurutzaguneaz gainera ondoko hauek ere egiteko eskatu du:

_Gurutzagune bat hegoaldean egunen batean Milagro eta Alfaro lotuko dituen errepidearekin eta Alfaro - Corella errepidearekin lotzeko.

_Gurutzagune bat mendebaldean Rincón de Sotoko bidearekin bat egiteko; izan ere, auzabide horretatik herrigunetik kanpoko "Dehesa de San Juan" aldera joaten da, enpresa eta hirigintza garapen handia izango da bertan, eta industrialdera joaten da.

Erantzuna:

1. Alegatutakoa ontzat ematen da.

2. Alegatutakoa onartu egiten da, saihesbidea Rincón de Sotoko bidearekin lotzeko elkargune berriari dagokionez. Ez da onartzen Alfaro-Corella errepidearekiko elkargunea egitea.

23. alegazioa: Javier González Serrano jauna.

Edukia:

Adierazi du azterlan informatiboan bere finketako bi "laborantza sail" gisa ageri direla eta Udalaren Katastroan, berriz, "fruta-sail" gisa.

Erantzuna:

Partikularren ondasun eta eskubideen gaineko ukipena ez da jendaurreko azalpen honetan ebatzi beharreko gaia. Jendaurreko beste aldi bat izanen da saihesbidearen trazaduraren proiektua egindakoan, horrelako gaiak ebazteko.

I.6._Valtierra eta Arguedasko saihesbideari buruzko alegazioak.

24. alegazioa: Valtierrako alkate udalburu Alfonso Mateo Miranda jaunak eta Arguedasko alkate udalburu José Antonio Rapún León jaunak batera egindako alegazioa.

Edukia:

1. Valtierra eta Arguedasko saihesbidea Valtierratik 400 metrora lotuko da NA-134 errepidearekin, Los Abetosko bidegurutzean dagoen trafiko arazo larriari konponbiderik eman gabe.

2. Horren ordez konponbide hau proposatzen dute: saihesbidea NA-134 errepidearen ondotik joatea eta Los Abetosko bidegurutzetik 700 bat metro hegoaldera N-121arekin bat egitea. Horrela Valtierrak N-121arekin egun duen lotunea kenduko litzateke eta Los Abetosko bidegurutzea hobetu eta erraztu eginen litzateke.

Erantzuna:

1. Los Abetosko elkargunea ez da azterlan informatibo honetan aztertu beharreko gaia. Nafarroako Errepideen II. Plan Zuzentzaileak elkargune horretan jarduketa egitea aurreikusten du. Hala ere, Valtierra eta Arguedasko saihesbidea eraikitzeko proiektuan kontuan edukiko da bi jarduketak bateratzeko aukera.

2. Alegazio honetarako erantzuna 25. eta 26. alegazioen 2. puntuari emandakoa bera da.

25. eta 26. alegazioak: Alfonso Mateo Miranda, Valtierrako Udalaren ordezkari gisa.

Edukia:

1. Adierazi du Valtierrako Udalaren iritziz bertan behera utzi behar litzatekeela A1 alternatiba, uste baitute hurbilegi dagoela herrigunetik eta horrek herriaren etorkizuneko garapena muga lezakeela.

2. Alegatzen du:

2.1. Gomendagarria litzatekeela A2 alternatibako trazadura kanporago eramatea, saihesbidea herritik hurbilegi gera ez dadin.

2.2. Valtierra eta Arguedasko saihesbidea ez litzateke lotu behar NA-134 errepidearekin, baizik eta N-121 errepidearekin, Los Abetosko elkargunetik 700 bat metrora, hegoalderantz; hona arrazoiak:

_Los Abetosko bidegurutzea hobetzea eta erraztea; izan ere, ezbehar asko gertatzen dira bertan.

_Egitekoa den Valtierrako industria poligonoaren lehen fasearekin lotzea (400.000 m², gutxi gorab.). Poligonoaren bigarren fasearekin (800.000 m², gutxi gorab.) lotzeko nahikoa litzateke saihesbidetik "belarri" bat egitea.

3. Valtierrako Udalak uste du saihesbidetik lotune bat egin behar litzatekeela Valtierrako herrigunera heltzeko.

4. Valtierrako lurzati-berrantolamenduari ekin zaionez gero, Udalak uste du ezinbestekoa dela Nafarroako Gobernuko departamentuak eta Udala koordinatuta aritzea aribideko proiektuak (saihesbidea eta abiadura handiko trena, sail ureztatuak ukitzen dituztenak) herriaren igurikizun eta benetako beharrizanetara moldatzeko.

5. Abiadura handiko trenak Valtierrako sail ureztatuak ukituko ditu.

Erantzuna:

1. Valtierrako saihesbideari buruzko azterlan informatiboan kontuan hartu da herri horretan onetsita dagoen planeamendua. Hala ere, Udalak bere hirigintza arloko aurreikuspenen gaineko informazioa eman eta gero, onargarritzat jotzen da A2 alternatiba hautatzea.

2. Planteatu den alternatibak NA-134 ardatzaren funtzionalitatea eragozten du, onetsi gabeko hirigintzako planeamendu batean oinarritzen baita. Beste alde batetik, Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legeko 100. artikuluaren arabera, bide sistema orokorretarako sarbideak lur urbanizagarrien jabeek finantzatu behar dituzte, bai eta proposatutako hirigintzako jarduketaren zioz haietan egin beharreko aldaketa ere. Horregatik, ez da onartu trazaduraren proposamena.

3. Alegaturikoa ez da onartu. Valtierra eta Arguedas arteko lotuneak saihesbidearekin lotuko ditu bi herriok eta ez du eragozpenik sortuko Ebroko ardatzeko zirkulazioan.

4. Azterlanaren zuzendaritzan kontuan hartu dira saihesbideak ukitzen dituen udalerri guztietan egin edo planifikatu diren jarduketak.

5. Nafarroako Gobernuak Valtierrako udalerrian egin asmo dituen jarduketak azterln informatiboan aztertu dira.

27. alegazioa: José Antonio Rapún León jauna, Arguedasko Udalaren ordezkari gisa.

Edukia:

1. Arguedasko Udalaren ustez A2 alternatiba hobea da: besteak baino eragin gutxiago izango luke sail ureztatuetan eta etorkizunean ez luke eragotziko industriagunearen eta Arguedasko herrigunearen zabalkuntza.

2. Udalak eskatu du saihesbide berria oraingo NA-134 errepidea baino 1,0 - 1,5 metro gorago eraikitzeko Arguedasko zuzenean, lubetak eustormarena egin dezan Ebro ibaiaren uholdeetan, hau da, Arguedasko herria uholdeetatik babesteko.

3. Esan du saihesbideko bidegurutzeak gainekoak izan behar direla, ez azpikoak azterlanean ezarri bezala: horrela uholdeetan haietan zehar hustu ahal izango litzateke.

4. Horrez gainera adierazi du ez dela pasagunerik ezarri "muga de Valtierra" biderako; hori dela eta, bat egiteko eskatu du, edo landa bide bat aurreikusita dauden pasaguneetako batekin lotzeko.

5. Saihesbidearekiko paraleloan bi landa bide egitea proposatu du, bat alde bakoitzean: horrela pasaguneetako bat (5+350 k.p.koa) kendu ahal izango litzateke eta ez litzateke egonen "muga de Valtierra" bidea pasagune berria egin beharrik.

Erantzuna:

1. Onartu da alegatutakoa.

2 eta 3. Onartu da eskatutakoa, saihesbideak eustormarena egin dezan gorago eraikitzeari dagokionez; baina bidegurutzeak azpikoak izanen dira, urak dikean zehar igarotzeko bidea izan behar duelako, kolapsatu ez dadin.

4. Onartu da eskatutakoa; "muga de Valtierra" bidea aurreikusitako bide-pasaguneetako batekin lotuko da.

5. Alegaturikoa onartu da.

28. alegazioa: Fermín Floristán Floristán jauna, Arguedasko ureztatzaileen elkartearen ordezkari gisa.

Edukia:

1. Esan du Arguedasko ureztatzaileen elkartearen ustez 2. alternatiba dela hoberena.

2. Proposatu du:

2.1. Lotunea ekialderago egitea (bi udalerrien arteko mugan edo "Triguillo" jatetxetik hurbil).

2.2. Saihesbidearen azken tartean, trazadura Arguedasko herriaren hegoalderantz lerratzea (herritik urrunago egon dadin).

Erantzuna:

1. Alegaturikoa onartu da.

2.1. Alegaturikoa onartu da.

2.2. Alegaturikoa ez da onartu. Arguedasko saihesbideari buruzko azterlan informatiboa egiterakoan kontuan hartu da herri horretan onetsita dagoen planeamendua. Beraz, saihesbideak ez du eraginik izanen haren garapenean.

29. alegazioa: Luis, María Luisa, Felisa eta Carmen Samanes García jaun-andreak, Arguedasko ureztatzaileen elkarteko kideak.

Edukia:

1. Edukia 28. alegazioko 2.1 puntuaren antzekoa da.

2. Adierazi dute euren ustez 1. alternatiba dela hoberena, Arguedas uholdeetatik babesten duelako eta besteak baino kalte gutxiago egiten dielako sail ureztatuei.

Erantzuna:

1. Erantzuna 28. alegazioko 2.1 puntuari emandakoaren antzekoa da.

2. Alegaturikoa ez da onartu. A2 alternatiba proposatzea onartu da, Valtierrako Udalaren alegazioa oinarri.

30. alegazioa: Cristina Bordonaba andrea, EDER partzuergoaren ordezkari gisa.

Edukia:

1. Esan du Ebroko Ardatzeko saihesbideak onuragarriak direla eskualderako, eta batez ere Valtierra eta Arguedasko zeharbideak.

2. EDER partzuergoak Valtierrako eta Arguedasko udalek proposatutako alternatiba aldezten du, egokiena dela uste du eta.

3. Alegatu du Valtierra eta Arguedasko saihesbidea lehentasunekoa izan behar dela Ebroko Ardatzeko saihesbideetan.

Erantzuna:

1. Alegaturikoa onartu da.

2. Alegaturikoa ez da onartu; erantzuna 24. alegazioari emandakoa bera da.

3. Ebroko Ardatzeko saihesbideak egiteko obren lizitazioa 2007ko abendutik aurrera egitekoa da. Obra guztiak aldi berean lizitatuko dira.

31. alegazioa: Enrique Suárez Pejenaute jauna, "La Recta de Arguedas" gasolina-zerbitzugunearen ordezkari gisa.

1. Alegatu du Valtierra eta Arguedasko saihesbideak kalte egingo diola ordezkatzen duen enpresari (7 enplegatu daude), eta horregatik eskatu du kalterik gutxien eginen dion alternatiba hobesteko, bestela gerta baitaiteke negozioak aurrera ezin egin izatea eta itxi behar izatea.

2. Adierazi du enpresaren iraupenerako mesedegarria litzatekeela NA-l34 errepidearen lotunea gasolina-zerbitzugunetik hurbil jartzea.

3. Alegatu du negozioarentzat 1. alternatiba dela kalte gutxien eginen lukeena, gasolina-zerbitzugunetik eta Arguedastik hurbilen dagoena baita.

4. Gasolina-zerbitzugunetik gertu atsedengunea jartzea proposatu du, haren kalitatea eta inguruaren garapena bultzatuko lituzkeelako.

Erantzuna:

1, 2 eta 3. Alegatutakoa ez da onartu. A2 alternatiba proposatzea onartu da, Valtierrako Udalaren alegazioa oinarri.

4. Eskaturikoa ez da onartu. Ez dago aurreikusirik Valtierra eta Arguedasko saihesbidea egitean errepidearen osagarri izanen litzatekeen jarduketarik egitea.

32. eta 33. alegazioak: Sergio Alberto Samanes Malón jauna.

1. Edukia 28. alegazioko 2.1 puntuaren antzekoa da.

2. Saihesbidea egiteko bi alternatiben artean, A1 alternatibaren alde egin du, eta gero ñabardura hauek gaineratu ditu:

2.1. Piezak eta etxatoak ez zatitzeko ahaleginak egin behar lirateke.

2.2. Saihesbidearen trazadura ez litzateke igaro behar lursailen goialdetik behealdetik baino, oraingo bideez baliatuta, eta gero Arguedasko zuzenarekin lotu ('Puente Nuevo'ren parean).

3. Adierazi du A1 alternatiba dela altuena, eta bera dela herria Ebro ibaiaren uholdeetatik hobekien babesten duena, sail ureztatuei kalte gutxien eginen diena, eta erregulazio-putzutik eta ponpaketa-estaziotik urrunen dagoena.

Erantzuna:

1. 1. Erantzuna 28. alegazioko 2.1 puntuari emandakoaren antzekoa da.

2 eta 3. Alegatutakoa ez da onartu. A2 alternatiba proposatzea onartu da, Valtierrako Udalaren alegazioa oinarri.

34. eta 35. alegazioak: Juan Elizalde Pellise jauna eta Javier Elizalde Pellise jauna.

1. Adierazi dute A1 alternatibaren aurka daudela, Arguedastik hurbil dagoelako eta kalte egiten duelako, eta proposatutako lotunearen aurka ere bai, beraien ustez industria poligonoko bidea balia baitaiteke eta bi udalerrian batera hartu behar baitira kontuan.

2. Esan dute A2 alternatibak besteak baino kalte gehiago egingo diela sail ureztatuei.

Erantzuna:

1 eta 2. Alegatutakoa ez da onartu. A2 alternatiba proposatzea onartu da, Valtierrako Udalaren alegazioa oinarri.

II._Proposatzen diren saihesbideak.

Horregatik guztiagatik, ondoko saihesbide eta alternatiba hauek proposatzen dira onesteko:

_Mendabiako saihesbidea: 1b alternatiba.

_Lodosako saihesbidea: 3 alternatibaren eta 1 alternatibaren artekoa.

_Andosillako saihesbidea: 2 alternatiba.

_Milagroko saihesbidea: 4 alternatiba.

_Valtierra eta Arguedasko saihesbidea: 2 alternatiba, aldatuta.

III._Erreferentziako erabakian ezarritako zehaztapenak nola beteko diren.

Gobernuak 2006ko urtarrilaren 9an hartutako erabaki horretan zehaztapen hauek ezarri ziren, besteak beste:

_Sustatzaileari adieraztea, Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin aurretik, Kultura eta Turismo Departamentua-Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2005eko abuztuaren 16an egindako txostenean ezarritako jarduketa eta neurriak jaso beharko dituela espedientean.

_Azkenean hautatzen diren alternatiben eraikuntza proiektuan erabaki honen azalpen zatiko lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta izeneko atalean bildutako guztia kontuan hartu beharko da. Bestalde, abelbideen gaineko ukipenei dagokienez, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko19/1997 Foru Legean ezarritakoaren arabera jokatuko da.

Lehenbiziko zehaztapenari dagokionez, derrigorrez jo behar dugu espedienteko Ingurumen ondorioen adierazpenera.

Bestalde, lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta izeneko atalean, bigarren zehaztapenean aipatzen den horretan, orain interesatzen zaizkigun kontuei buruz, honako gogoeta hauek ageri dira:

a) Lotuneak.

Mendabiako saihesbidean, herrira sartzea NA-6310 errepidearekiko lotunetik egitea aurreikusi da. Saihesbidea mendebaldean abiatzen den tokian, komenigarria litzateke mugimendu guztiak egiteko moduko bidegurutze bat egitea, ekialdean proiektatu denaren antzekoa.

b) Hirigintzako ukipenak.

Azagran, 1. alternatibak lurzoru urbanizagarria zertxobait uki lezake, mendebaldetik abiatzen den aldean.

c) Abelbideak. Azterlanean azaltzen da Milagroko eta Arguedasko abelbideak baino ez direla ukituko, baina beste datu batzuek diote Mendabiakoak, Andosillakoak eta Azagrakoak ere ukituko direla. Nolanahi ere, abelbide horiek ukituz gero _ingurumen eraginaren adierazpenetan kontuan hartu baitira_ Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko19/1997 Foru Legean ezarritakoaren arabera jokatuko da.

d) Ukituko diren zerbitzuen artean, gas sarea sartu beharko litzateke, Valtierra-Arguedasko saihesbidearen kasuan. Horrez gainera, saihesbide horri berari dagokionez, saihesbideak Nafarroako Ubidearen bigarren faseko trazadura nola gainditu aztertu beharko litzateke, bi herrien artean dagoen sarbidearekiko paralelo baitoa.

Era berean, badirudi Lodosako, Azagrako eta Milagroko saihesbideek Miranda de Ebro - Iruña - Zaragoza oliobidea ukituko dutela, Mendabiako saihesbidetik oso hurbil egonen delako.

Zehaztapen horretanan agintzen da azkenean hautatzen diren alternatiben eraikuntza proiektuetan bete dadila zehaztapen hori. Erabaki honetan, beraz, horretarako behar diren zehaztapenak ezarriko dira.

IV._Ingurumen ondorioen adierazpena.

Dagoeneko saihesbide guztiei egin zaie ingurumen eraginaren adierazpena, Azagrako saihesbideari izan ezik. Adierazpen guztietan esaten da saihesbidearen eraikuntza proiektuari onespen teknikoa eman baino lehen Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari proiektua igorri behar zaiola, dagokion ingurumen eraginaren adierazpenaren edukiarekin bat datorrela egiaztatzeko.

Mendabiako saihesbidea.

Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 27an emandako 0867/2007 Ebazpenaren bidez, saihesbide honen Ingurumen eraginaren adierazpena egin da. Bertan adierazi da 1b alternatibaren proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela, baina Mayor ibaia ukitzen duen tartean 1a alternatiba aukeratu behar dela eta bertan ezarritako zuzenketa neurriak jarri behar direla.

Lodosako saihesbidea.

Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 27an emandako 0868/2007 Ebazpenaren bidez, saihesbide honen Ingurumen eraginaren adierazpena egin da. Bertan adierazi da 1 alternatibaren eta 3 alternatibaren arteko alternatiba honen proiektua, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari 2007ko urtarrilean aurkeztua, ingurumenaren aldetik bideragarria dela.

Andosillako saihesbidea.

Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 27an emandako 0869/2007 Ebazpenaren bidez, Andosillako saihesbidearen Ingurumen eraginaren adierazpena egin da. Bertan adierazi da 2 alternatibaren proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela, baina ebazpenean bertan azaltzen diren zuzenketa neurriak hartu behar direla.

Milagroko saihesbidea.

Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 27an emandako 0870/2007 Ebazpenaren bidez, saihesbide honen Ingurumen eraginaren adierazpena egin da. Bertan adierazi da 4 alternatibaren proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela, baina Ingurumen eraginaren adierazpenean bertan azaltzen diren zuzenketa neurriak hartu behar direla.

Valtierra eta Arguedasko saihesbidea.

Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 27an emandako 0872/2007 Ebazpenaren bidez, Valtierra-Arguedasko saihesbidearen Ingurumen eraginaren adierazpena egin da. Bertan adierazi da 2 alternatibaren proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela, baina behar diren zuzenketa neurriak hartu behar direla.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2007ko maiatzaren 4an emandako txostenarekin bat etorririk, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraituz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU

1. Aurkeztu diren alegazioen gainean ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onestea, Azagrako saihesbideari dagokion zatian izan ezik; hori guztia, erabaki honen azalpen zatiko II. atalean aukeratzeko proposatzen diren alternatibekin bat.

3. Saihesbideen eraikuntza proiektuak eta obrak egiten direnean, kasuan kasuko ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako baldintzak beteko dira.

4. Saihesbide bakoitza egiteko eraikuntza proiektuan eta obretan kontuan hartuko dira erabaki honen azalpen zatiko III. atalean ("Erreferentziako erabakian ezarritako zehaztapenak nola beteko diren") jasotako oharrak, lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoetez den bezainbatean, baita obren exekuzioak ukitu lezakeen beste edozein azpiegitura eta zortasun ere, eta exekuzio hori baldintzatu lezaketen azpiegitura eta zortasunak ere bai; horiei dagokienez, departamentu sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskatu behar dizkie organo eskudunei.

5. Behin 1. aukeraren ingurumen ondorioei eta, bereziki, ondorio hidraulikoei buruzko azterlan egokiak aurkeztu eta behar diren konponbideak eta zuzenketa neurriak garatu eta gero, Azagrako saihesbideari buruzko erabakia hartuko da; aldez aurretik, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak txostena emanen du eta, halaber, Ingurumen ondorioen adierazpena eginen da. Kasu honetan, alternatiba horren diseinua berrikusi eginen da, herrira gehiago hurbilduz, eta horrek ez du eraginik izanen duela gutxi egin den araztegian.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari igortzea.

7. Erabaki hau Mendabia, Lodosa, Andosilla, San Adrian, Azagra, Funes, Milagro, Valtierra eta Arguedasko udalei eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta horiei guztiei ohartaraztea erabaki honek administrazio bidea agortzen duela eta beraren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 28an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0708927