76. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

868/2007 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Lodosako saihesbidea egiteko azterlan informatiboari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du azterlana.

Proiektua, bere ezaugarriengatik, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) atalean sailkatuta dago. Beraz, lege horretan xedatutakoaren arabera, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozesua egin behar zaio.

Prozedurari hasiera ematearren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2005eko ekainaren 7an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurkeztu zion Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko azterlan informatiboa, Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera.

Ingurumen eraginaren adierazpen honen 1. eranskinean labur azaltzen dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta Ingurumen eraginaren azterlanaren ildo nagusiak ere jaso dira.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak, 2005eko abenduaren 5ean, Ingurumen eraginaren azterlanaren nahikotasunari buruzko txostena eman zuen. Nafarroako Gobernuak, 2006ko urtarrilaren 9ko Erabakiaren bidez, "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideei buruzko azterlan informatiboa" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen eta jendaurrean jarri zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedurarenak izan zitzan. Erabaki hori 2006ko 12. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 27an.

Jendaurreko aldian hiru alegazio jaso ziren. Horien edukia labur azaltzen da 2. eranskinean.

Martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat, alegazioak aztertu ondoren Ingurumen eraginaren adierazpena eta trazadurari buruzko behin betiko proposamena egin daitezen, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2007ko urtarrilaren 19an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari bidali dio espedientea, hau da, azterlan informatiboaren agiri teknikoa, Ingurumen eraginaren azterlana eta jendaurreko informazioaren emaitza.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi du aukera bakoitzak ingurumenean izan ditzakeen eragin nagusiak ebaluatu direla, eta zuzenketa neurri batzuk proposatu ditu, hautatzen den aukeraren eraikuntza proiektua prestatzean kontuan hartu behar direnak. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalaren txostenean ezarritako baldintzak ere sartu dira.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedura bete dela eta alegazioak aztertu direla kontuan izanik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuko 3. artikuluko 1.b) idatz-zatiarekin bat, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Lodosako saihesbidea egiteko azterlan informatiboa dela-eta. Azterlanaren sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

2. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 2007ko urtarrilean aurkeztutako aukerari dagokion proiektua (1 eta 3 aukeren artekoa) ingurumenaren aldetik bideragarria da.

.Onespen teknikoa eman aurretik, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari eraikuntza proiektua bidali behar zaio, Ingurumen eraginaren adierazpenarekin bat datorrela egiazta dezan.

.Eraikuntza proiektuari honako zuzenketa neurri hauek erantsi behar zaizkio:

_Trazaduraren ingurumen egokitzapena.

La Tejería eta El Abad sakanen gaineko eragina gutxitzearren, ahal dela, zubibide luzeagoak eginen dira (1+100 eta 1+500 k.p.), animalia basatiek pasatzeko toki gehiago izan dezaten eta sakanen barnealdean zubien estribuetako betelurrak toki gutxiago har dezan, intereseko landarediak dauden aldeetan (larre xerofiloak, ziur aski Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan 6220* kodea duen lehentasunezko habitata). Zuzentarau hori bera gomendatzen da 2+960 k.p.an proiektatu den egiturarako.

Gaineko edo azpiko pasabidea eginen da 20. Iraganbidea saihesbide berriarekin gurutzatzen den tokian, 4+000 k.p.aren parean. Tarte horretan errepidea lubeta baten gainetik doanez, zentzuzkoa dirudi behar adinako neurriak dituen markoa egitea, abereak errepidearen azpitik igarotzeko edo abelbide batekin bateragarria den edozein erabileratarako (Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen 5. artikulua). Saihesbide berriaren eraikuntza proiektuan azpiko pasabide horren eraikuntza sartu behar da.

_Lurralde iragazkortasunari eustea.

Errepide berria egiten eta ustiatzen den bitartean neurri egokiak hartuko dira lurraldeak gaur egun duen iragazkortasun mailari eusteko, luzetara eta zeharka, kontuan izanik nekazaritzako makinak igaro behar direla. Behar bezala seinaleztatuko dira obra fasean egiten diren behin-behineko desbideraketa guztiak.

Behar adina pasabide proiektatuko dira lurzati guztietara pertsona eta ibilgailuentzako sarbidea izan dadin. Errepide berriaren eta altxonbidea izandako Leringo bidearen arteko elkargunean arreta berezia jarriko da, bidearen jarraitutasuna ziurtatzeko.

_Sistema hidrologikoaren babesa.

Erreken gaineko pasabideek neurri egokiak izan behar dituzte (ahal dela kontuan hartuko da solidoen garraioa), batez ere La Tejería sakanean.

Lurrazaleko eta lurpeko uren ezaugarriak aldatu ez daitezen eta urak La Tejería eta El Abad sakanetara eta 2+960 k.p.ko errekara lohirik eraman ez dezan, eraikuntza fasean honako neurri hauek ezarriko dira:

Obrak egin bitartean neurri egokiak hartuko dira landaredia ez ukitzeko, errepide berriko zelaigunean izan ezik. Horretarako behar bezala balizatuko da obra gunea, batez ere arestian aipatu erreken inguruetan.

Lur mugimenduak hasi bezain laster behin betiko drainatze sistema eginen da, edo, hori ezinezkoa bada, drainatze sistema lagungarria diseinatu eta eginen da, urak sedimenturik eraman ez dezan ukitutako erreketara.

Hesiak, landare bilbeak edo euspen putzuak erabiltzea gomendatzen da, errekaren inguruetan obrek higadura prozesurik eragin ez dezaten. Gainera, higadura eragotzi edo gutxitze aldera, lurra pilatzeko guneak leku egokietan kokatuko dira.

_Hondakindegien eta instalazio osagarrien kokapena.

Obrak hasi aurretik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurkeztuko zaizkio hondakindegi eta mailegu-eremu gisa proposaturiko tokiak ustiatu eta lehengoratzeko proiektuak, kokapena egokia den eta aurkeztutako proiektuak aski diren ebaluatzeko.

Instalazio osagarriak La Tejera eta El Abad sakanetatik kanpo kokatuko dira, ahal dela trazako zelaigunearen barnean.

_Faunaren eta landarediaren babesa.

Landaredi naturalaren gaineko eragina gutxitzeko neurri egokiak hartuko dira, obretan lur okupazioa murriztuko dutenak. Horretarako, belar-sastrakak garbitzen hasi aurretik, desjabetutako zerrenda zuinkatu eginen da eta huraxe izanen da gehieneko okupazio eremua bai obretan bai behin-behineko bideetako makinen zirkulazioan. Nolanahi ere, bide berriko zelaiguneko mugak ez gainditzeko ahaleginak eginen dira. Neurri hori hurrengo tarte hauetan aplikatuko da, batez ere:

.0 +850 k.p. - NA 129ko lotunea.

.La Tejera eta El Abad sakanak.

.2+000 - 3+400. Hemen errepidea alorren eta sastraken artetik doa. Ahal dela, desjabetu beharreko lur zerrenda alorrei kenduko zaie, igeltsuen gaineko sastrakadi eta larre xerofilo mediterraneoetatik geratzen diren puskak babeste aldera.

_Errepide inguruko fauna babesteko eta haren iraupena eta mugikortasuna bermatzeko neurri orokor hauek hartuko dira, behar bezala diseinatu eta eraikuntza proiektuari erantsi ondoren:

Arekak eta luzetarako drainatze bideak egokitzea. Anfibioek, narrastiek eta ugaztun txikiek areka, kutxeta eta drainatze bideetan harrapatuta geratzeko arriskua dutenez, obra horietan animaliak irten ahal izateko arrapalak edo antzeko gailuak diseinatuko dira.

Zeharkako drainatze bideak animalientzako pasabide gisa egokitzea.

Denbora mugak. Jarduketaren eremuan bizi diren animalia espezie nagusien ugaltze garaian (udaberria-uda) ez da landaretza mozteko edo sasiak garbitzeko lanik eginen (La Tejería eta El Abad sakanak). Toki horietan guztietan, oro har, mozketak eta sastraka garbiketak landareen hazkunde garaitik kanpo planifikatuko dira eta ez da gauez lanik eginen.

_Higaduraren aurkako babesa, ingurumena lehengoratzea eta paisaiarekiko integrazioa.

Lur-erauzketetako ezpondak ahalik eta etzanenak izanen dira, salbu eta ezponda etzanen onurak lur okupazio handia konpentsatzen ez duen tokietan. Betiere ezpondaren ertza biribildu eginen da, lur naturalarekin bat egin dezan.

Obrak hasi aurretik landare-lurra kenduko da, gutxienez ere 30 cm-ko geruza. Horrela lortutako lur emankorra pilatuta edukiko da eraikuntza fasean. Lur pilek gehienez 1,5 metroko altuera izanen dute, lurra aireztaturik eta trinkotu gabe egon dadin. Geroko kolonizazio prozesuak errazteko, lurraren ezaugarriak mantentzea bermatuko duen sistema ezarriko da: aldian-aldian erein, ureztatu eta ongarritu eginen da. Oro har, substratu hori erabiliko da landareztatu beharreko eremuetan.

Berariazko tratamenduak eginen dira errepideak zeharkatzen dituen erreka ertzak eta landaredi naturaleko eremuak landareztatzeko (1+900 eta 3+000 k.p.en arteko zatia). Kontuan hartuko da igeltsu eta buztin lurrak direla. Ingurumen eraginaren azterlanean landareztatze lanetarako aukeratu diren espezieei honako hauek gehitu behar zaizkie: Tamarix canariensis, Quercus coccifera, Pistacia lentiscus, Pinus halepensis, Phillyrea angustifolia, Rhamnus lycioides, Jasminum fruticans eta Juniperus phoenicia.

Proposatu den konpentsazio neurriari dagokionez (koniferoak landatzea NA-129 errepidearen ondoan, 33 kilometroan, La Tejería sakanaren goialdean), espezie anitzeko landaketa eginen da eta arestian aipatutako espezieetako batzuk erabiliko dira.

Errepidea egiteko jarduketak eta obrek ukitutako aldeetan ingurumena lehengoratzeko jarduketak aldi berean eginen dira. Horretarako, obra plan bat eginen da eta bertan ezarriko da bi jarduketen arteko koordinazioa espazioan eta denboran, euriak lurra higatu ez dezan eta lehengoratze neurriak eraginkorrak izan daitezen.

Proiektuan kontusail bat sortu behar da, zurezko landaretzaren hazkundearen hasieran (landatu ondoko 2-3 urteko epean) mantentze lanak eginen direla bermatzeko. Horrela ziurtatuko da zurezko landareak sustraitu eta hazi eginen direla. Euri gutxi egiten duen sasoian ureztapenak eginen dira, landare hilak ordeztuko dira, zurkaitzak eta landare oinetako babesak berrituko dira eta ongarritze, inausketa eta abarreko lanak eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea betearazteko Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Plangintza eta Laguntza Atalari, Lodosako Udalari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko apirilaren 27an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

1. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea da NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Lodosako saihesbidea egitea.

Aukerei buruzko azterlanean hiru konponbide proposatzen dira. Guztietan aurreikusten da saihesbidea herriaren iparraldean egitea eta errepide berri hori Sesmara eta Los Arcosera doan NA-129 errepidearekin lotzea. Sartagudara doan NA-6221 errepidea ere saihesbidearekin lotuko da eta gainera hobetu eginen da NA-123 errepideko bidegurutzeraino.

1. aukera hautatu da. 2. aukera lehenbizikoaren antzekoa da, baina herriaren ipar-mendebaldeko muinoetara gainerako aukerak baino gehiago hurbiltzen da. Horregatik lur mugimendu handiagoak behar ditu, eta %6rainoko malda. 3. aukera da Lodosatik gehien urruntzen dena. Eremu malkartsua inguratu egiten du, baina %6ko maldak ditu. Horrenbestez, onargarria izan arren, aurrekoek baino prestazio gutxiago dituen errepidea da. 2+400 k.p.tik aurrera trazadura guztiek bat egiten dute.

Aurreko lerroaldean esan bezala, 1. aukera hautatu da. 4.940 m-ko luzera du, egungo errepidetik abiatzen da eta 700 m-ko erradioarekin aldentzen da bertatik. Udalerriko industrialdea izanen den eremuaz harantzagotik doa eta zati txiki bat kentzen dio. 0+970 k.p.an NA-129 errepidearekin elkartzen da "pisu" erako lotunean. Hortik hasita, eremu malkartsuaren gainetik 130 m-ko bi pasabide eginen dira. Alde horretan errepideak %4,6ko maldak ditu. Hortik aurrera herriaren geometriaren paraleloa den tarte zuzena eginen da, lehendik dauden bideak baliatuz, ahal den neurrian. Azken tartean, pinudi bat ez ukitzeko, errepideak 485 m erradioko kurba eta kontrakurba egiten ditu.

Ingurumen eraginaren azterlana

Ingurumen eraginaren azterlanean ingurune fisikoaren elementuak deskribatzen dira. Bereizi egiten dira ingurune abiotikoa (klima, atmosfera, geologia, edafologia, hidrologia), ingurune biotikoa (landaredia, fauna eta natur intereseko eremuak), ingurune sozioekonomikoa, paisaia eta kultur sistema.

Eragin nagusiak identifikatzeko, eragina izan dezaketen proiektuko ekintzak eta aldaketa jasanen luketen inguruneko elementuak gurutzatzen dira.

Eraginak baloratzeko, haztapenaren metodologia erabiltzen da eta "pisuak" esleitzen zaizkie eraginaren kuantifikazioan esku hartzen duten aldagaiei. Hala pisu hauek esleitzen dira: natur ingurunea %25, ingurune sozioekonomikoa %70, eta kultur ingurunea %5. Inguruneko elementu bakoitza taula batean irudikatzen da. Aztertutako errepidearen tarteak egiteko proposatu diren aukerak taula horretako sarrerak dira.

Balorazioan ez da kontuan hartu "Estellerriko Igeltsuak" BILera dagoen distantzia, bertan ingurumen eraginik sortuko ez delakoan, errepide berria BILetik 600 m-ra eginen baita. Estepako hegaztien babesari dagokionez, errepide berriaren inguruan honako eremuak daude: Zabaleta-La Mesa (2.600 m), Salobre (2.600 m), Lampara (850 m) eta Santa Cruz (800 m). BILaren kasuan bezala, errepidetik eremu horietara dagoen distantzia nahikotzat jotzen da haietan inolako eraginik ez izateko.

Bestalde, ez da kontuan hartu Ebroko Errege Altxonbidetik Lodosara doan 20. Altxonbidea. Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalaren txosten arkeologikorik ere ez da erantsi. Nolanahi ere, 2005eko abuztuaren 16an atal horrek ondokoa adierazi zuen: saihesbide honetarako proposatu diren alternatibetatik bakar batek ere ez ditu herri horietan inbentariatutako aztarnategi arkeologikoak ukitzen. Hortaz, denek aldeko txostena dute.

Azterlanak badu prebentzio eta zuzenketa neurriei buruzko kapitulua, eta bereizi egiten ditu proiektu aldian aplikatu behar diren neurriak eta eraikuntza aldian aplikatu beharrekoak. Proiektu aldirako neurri hauek ezarri dira: sarbideen planifikazioa, ezponden egonkortasuna bermatuko duten maldak (ez da gehieneko maldarik zehazten), harrobi eta hondakindegien planifikazioa (materialak ateratzeko eta hondakinak botatzeko "ahal dela" ustiategi baimenduetara joko dela adierazten da), faunaren gaineko eragina gutxitzeko planifikazioa (animalientzako pasabide berariazkoak diseinatuko dira), drainatze obren egokitzapena, eta landarediaren eta ingurune soziokulturalaren gaineko eragina gutxitzeko planifikazioa.

Eraikuntza aldirako ezarri diren neurrien artean nabarmentzekoa da bertan behera utzitako errepide tarteak kendu eginen direla eta jarduketa horretan ateratzen diren hondakinak indarra duen araudiari jarraituz kudeatuko direla.

Zuzenketa neurrien atalean bereziki azpimarratzen da animalientzako pasabideak egin beharra. Pasabide horiek, Lodosan, ubideak zeharkatzeko edo nekazaritzako bideak berregiteko egiturak baizik ez dira izanen, eraikuntza proiektuan aurreikusitakoak. Bestalde, landare-lurra egokiro kudeatuko behar dela azpimarratzen da, eta gainazal berriak landareztatu behar direla ereite hidraulikoak eginez eta bi espezietako zuhaixkak (otea eta erromeroa) landatuz.

Konpentsazio neurriak ezartzen dira, saihesbideak sakanetako pinudi landatuak ukituko dituelako. Moztu beharreko pinu bakoitzeko hiru pinu landatuko dira La Tejerako sakanaren goialdean, NA-129 errepideko 33 km-an.

Azkenik, ingurumena zaintzeko plana nahikoa da. Hona hemen beraren helburu nagusiak: proposaturiko prebentzio eta zuzentze neurriak betetzen direla eta eraginkorrak direla egiaztatzea, proiektua gauzatzerakoan agertzen ahal diren ezusteko eraginak kontrolatzea, eta sortutako eraginen bilakaera aztertzea. Horretarako, ingurumen teknikari bat eduki behar da obran bertan, azterketa arkeologikoa egin behar da obrak hasi aurretik, eta errepidea amaitu ondoren, hiru urtez, landareztatzearen jarraipena egin behar da eta animalientzako pasabideak eraginkorrak ote diren begiratu behar da, baita horien "gune beltzak" detektatu ere, halakorik bada.

2. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko tramitearen emaitza

1. alegazioa: Jesús María García Antón jauna, Lodosako alkate udalburua, Lodosako Udala ordezkatuz.

Lodosako Udalari A3 aukera iruditzen zaio egokiena. Hala ere, aldatu dadila eskatzen du, beste bi aukeretara gehiago hurbilduz, laburragoa izan dadin.

2. alegazioa: Jesús María García Antón jaunak, Lodosako alkate udalburuak, M. Luisa Baigorri de Luis andrearen eta Francisco Javier Aramendía Chocarro jaunaren alegazioak igorri ditu.

2.1 alegazioa: M. Luisa Baigorri de Luis andrea.

Beraren iritziz 1. aukera edota 2. aukera dira onenak, baina sekula ere ez 3. aukera, Lodosa zerbitzu herria delako eta hainbat negoziok irauten duelako herrian geldialdia egiten duen paseko trafikoari esker. Horregatik uste du trafikoa herritik zenbat eta urrunago eraman kalte handiagoa eginen zaiela negozio horiei.

_2.2 alegazioa: Francisco Javier Aramendía Chocarro jauna.

1. puntuan aurkezten duen alegazioa 2.1 alegazioaren antzekoa da, eta 2. eta 3. puntuetan alegatzen du 1. eta 2. aukerak nabarmen merkeagoak direla 3. aukera baino, eta erabiltzaileei zerbitzu bera egiten dietela baina ibilbide laburragoarekin, eta haren exekuzioaren kostua ez dela errentagarria erabiltzailearentzat sortzen duen kostuaren aldean.

Erantzuna:

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak alegazioetan azaldutakoari erantzuten saiatzen den trazadura aurkeztu du.

3. alegazioa: Jesús María García Antón jaunak, Lodosako alkate udalburuak, Pedro Linde Blanco jaunaren alegazioa igorri du.

Bere nekazaritza ustiategia ukitu ez dadila eskatzen du, proposaturiko Lodosako saihesbidearen inguruetan baitago.

Erantzuna:

Alegazio hori kontuan hartuko da Lodosako saihesbidea egiteko proiektua egiten denean.

Iragarkiaren kodea: F0707459