76. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

867/2007 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Mendabiako saihesbidea egiteko azterlan informatiboari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du azterlana.

Proiektua, bere ezaugarriengatik, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) atalean sailkatuta dago. Beraz, lege horretan xedatutakoaren arabera, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozesua egin behar zaio.

Prozedurari hasiera ematearren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2005eko ekainaren 7an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurkeztu zion Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko azterlan informatiboa, Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera.

Ingurumen eraginaren adierazpen honen 1. eranskinean labur azaltzen dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta Ingurumen eraginaren azterlanaren ildo nagusiak ere jaso dira.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak, 2005eko abenduaren 5ean, Ingurumen eraginaren azterlanaren nahikotasunari buruzko txostena eman zuen. Nafarroako Gobernuak, 2006ko urtarrilaren 9ko Erabakiaren bidez, "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideei buruzko Azterlan informatiboa" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen eta jendaurrean jarri zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedurarenak izan zitzan. Erabaki hori 2006ko 12. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 27an.

Jendaurreko aldian sei alegazio jaso ziren. Horien edukia labur azaltzen da 2. eranskinean.

4/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen eraginaren adierazpena egin dadin, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2007ko urtarrilaren 19an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari bidali dio espedientea, hau da, azterlan informatiboaren agiri teknikoa, Ingurumen eraginaren azterlana eta jendaurreko informazioaren emaitza.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi du aurreikus daitezkeen eragin guztiak ebaluatu direla espedientean, eta zuzenketa neurri batzuk proposatu ditu azken eragina murrizteko. Neurri horiek hartzeaz gain, Ingurumen eraginaren adierazpenean ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedura bete dela eta alegazioak aztertu direla kontuan izanik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuko 3. artikuluko 1.b) idatz-zatiarekin bat, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Mendabiako saihesbidea egiteko Inazterlan informatiboa dela-eta. Azterlanaren sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

2. 1b aukeraren proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria da baldin eta Mayor ibaia ukitzen duen tartean 1a aukera hautatzen bada, hots, Mayor ibaian 250 metroko zubibidea egiten bada, eta ez, hautaturiko aukeran (1b) azaltzen den bezala, bi zubibide txikiago 1+850-2+050 k.p.en artean, betelanez banatuta. Konponbide hori egokiena da ikuspuntu hidromorfologikotik, eta inguruan dauden 92/43/EEE Zuzentarauko habitaten gaineko eragina saihestuko du. Ez da inola ere aldatuko gatz-lurretako zeharkako profila.

.Onespen teknikoa eman aurretik, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari eraikuntza proiektua bidali behar zaio, Ingurumen eraginaren adierazpenarekin bat datorrela egiazta dezan.

.Eraikuntza proiektuari honako zuzenketa neurri hauek erantsi behar zaizkio:

_Mayor ibaiko zubiaren inguruan ibaiaren dinamika aztertu behar da eta behar diren babesak jarri behar dira pilare eta estribuetan. Ibaiari bere trazadura berez aldatzen utzi behar zaio, ubide zurruna egin gabe. Gomendio berberak ematen dira La Castora errekarako.

_Saihesbide berriak herria inguratuko du iparraldetik, baina 3+800 k.p.aren parean 150 m besterik ez daude azken etxebizitzatik saihesbidera. Gainera, puntu horretatik aurrera errepidea lubeta baten gainetik doa. Trafikoaren zaratak Mendabiako herrian eraginik izan ez dezan, eraikuntza proiektuan zuzenketa neurri egokiak garatuko dira.

_Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko altxonbidea eta saihesbidea ez dira maila berean gurutzatuko, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalak 2007ko martxoaren 23ko txostenean adierazitakoarekin bat. Puntu horretan (4+880 k.p.) errepidea lubaki batetik doanez, errepidearen gaineko pasabidea diseinatuko da. Pasabidearen erabilera publikoa bermatuko da: azienda igarotzeko edo abelbideekin bateragarria den beste edozein erabileratarako izanen da (Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen 5. artikulua).

.Lurrazaleko eta lurpeko uren ezaugarriak aldatu ez daitezen eta urak Mayor ibaira eta El Cascajo eta La Castora erreketara lohirik eraman ez dezan, eraikuntza fasean honako neurri hauek ezarriko dira:

_Obrak egin bitartean neurri egokiak hartuko dira landaredia ez ukitzeko, errepide berriko zabalgunean izan ezik. Horretarako behar bezala balizatuko da obra gunea, batez ere arestian aipatu ibai-erreken inguruetan.

_Lur mugimenduak hasi eta berehala lehentasuna emanen zaio behin betiko drainatze sistema egiteari. Hori ezinezkoa bada, drainatze sistema osagarria diseinatu eta eginen da, urak ez dezan lohirik eraman ukitutako ur lasterretara.

_Hesiak, landare bilbeak edo euspen putzuak erabiltzea gomendatzen da, errekaren inguruetan obrek higadura prozesurik eragin ez dezaten. Gainera, higadura eragotzi edo gutxitze aldera, lurra pilatzeko guneak leku egokietan kokatuko dira.

.Eraikuntza proiektuan adieraziko da mailegu eremuak eta hondakindegiak non kokatuko diren eta zer neurri izanen dituzten, halakoen beharra badago. Obrak hasi aurretik, proposaturiko eremu horiek ustiatu eta lehengoratzeko proiektuak aurkeztuko zaizkio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, ez badaude jada eraikuntza proiektuan sarturik.

Instalazio osagarriak Mayor ibaiko sakanetik kanpo kokatuko dira, ahal dela trazako zelaigunearen barnean.

.Landaredi naturalaren gaineko eragina gutxitzeko neurri egokiak hartuko dira, obretan lur okupazioa murriztuko dutenak. Horretarako, belar-sastrakak garbitzen hasi aurretik, desjabetutako zerrenda zuinkatu eginen da eta huraxe izanen da gehieneko okupazio eremua bai obretan bai behin-behineko bideetako makinen zirkulazioan. Nolanahi ere, bide berriaren zabalguneko mugak ez gainditzeko ahaleginak eginen dira. Halaber, zuinkatu eginen dira hondakindegiak, horien beharra badago, behin-behineko instalazioak eta sarbideak.

.Errepide inguruko fauna babesteko eta haren iraupena eta mugikortasuna bermatzeko neurri orokor hauek hartuko dira, behar bezala diseinatu eta eraikuntza proiektuari erantsi ondoren:

_Arekak eta luzetarako drainatze bideak egokitzea. Anfibioek, narrastiek eta ugaztun txikiek areka, kutxeta eta drainatze bideetan harrapatuta geratzeko arriskua dutenez, obra horietan animaliak irten ahal izateko arrapalak edo antzeko gailuak diseinatuko dira.

_Zeharkako drainatze bideak animalientzako pasabide gisa egokitzea. Proiektuaren zehaztasun ezagatik, ez dago identifikatzerik zein drainatze bidetan jardun behar litzatekeen. Proiektuak animalientzako pasabide gisa egitura handiak proposatzen ditu ubideak gainetik zeharkatzeko edo bideak berregiteko .

.Lur-erauzketetako ezpondak ahalik eta etzanenak izanen dira, salbu eta ezponda etzanen onurak lur okupazio handia konpentsatzen ez duen tokietan (4+700 eta 5+300 k.p.ak). Betiere ezpondaren ertza biribildu eginen da, lur naturalarekin bat egin dezan.

.Obrak hasi aurretik landare-lurra kenduko da, gutxienez ere 30 cm-ko geruza. Horrela lortutako lur emankorra pilatuta edukiko da eraikuntza fasean. Lur pilek gehienez 1,5 metroko altuera izanen dute, lurra aireztaturik eta trinkotu gabe egon dadin. Geroko kolonizazio prozesuak errazteko, lurraren ezaugarriak mantentzea bermatuko duen sistema ezarriko da: aldian-aldian erein, ureztatu eta ongarritu eginen da. Oro har, substratu hori erabiliko da landareztatu beharreko eremuetan.

.Mayor ibaiaren eta Castora errekaren ertzak landareztatzeko tratamendu berariazkoak eginen dira, kontuan izanik Mayor ibaiaren ondoan espartzudi halofiloa dagoela eta Castorako erreka zulo txikiaren maldetan Querceto rotundifoliae serieko landarediak daudela. Ingeniaritza biologikoko neurriak hartzea lehenetsiko da.

.Ingurumen eraginaren azterlanean landareztatze lanetarako aukeratu diren espezieei honako hauek gehitu behar zaizkie, tarteen arabera: Tamarix canariensis, Quercus coccifera, Pistacia lentiscus, Pinus halepensis, Phillyrea angustifolia, Rhamnus lycioides, Jasminum fruticans eta Juniperus phoenicia.

.Bidea egiteko jarduketak eta obrek ukitutako aldeetan ingurumena lehengoratzeko jarduketak aldi berean eginen dira. Horretarako, obra plan bat eginen da eta bertan ezarriko da bi jarduketen arteko koordinazioa espazioan eta denboran, euriak lurra higatu ez dezan eta lehengoratze neurriak eraginkorrak izan daitezen.

.Proiektuan kontusail bat sortu behar da, zurezko landaretzaren hazkundearen hasieran (landatu ondoko 2-3 urteko epean) mantentze-lanak eginen direla bermatzeko. Horrela ziurtatuko da zurezko landareak sustraitu eta hazi eginen direla. Euri gutxi egiten duen sasoian ureztapenak eginen dira, landare hilak ordeztuko dira, zurkaitzak eta landare oinetako babesak berrituko dira eta ongarritze, inausketa eta abarreko lanak eginen dira.

.Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2005eko abuztuaren 16an emandako txostenak dioen bezala, saihesbidea egiteko obrek ez dituzte inola ere ukituko saihesbidetik hurbil dauden "Majaelpozo" eta "Beraza" aztarnategiak.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea betearazteko Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Plangintza eta Laguntza Atalari, Mendabiako Udalari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko apirilaren 27an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

1. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea da NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Mendabiako saihesbidea egitea.

Aukerei buruzko azterlanean 5 konponbide proposatzen dira. Guztietan aurreikusten da saihesbidea herriaren ipar-mendebaldean egitea eta errepide berri hori Elizagorriko errepidearekin eta Iruña-Logroño autobide berriarekin lotzea.

Herrigunetik hurbileneko aukerak, 2a, 2b eta 3, baztertu egin dira, Mendabiak etorkizunean izanen duen industria eremuaren garapena baldintzatu eta mugatuko luketelako.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 1b aukera proposatu du. Zubibideak 1a aukeran baino laburragoak dira kostuak gutxitzeko, eta gainerakoan bi aukerak berdinak dira. Aukera honetako saihesbideak 5.600 metro ditu eta ipar-mendebaldetik inguratzen ditu Mendabiako herria eta etorkizuneko industria eremua.

Egungo errepidetik abiatzen da eta 500 metroko erradioarekin urruntzen da bertatik. Mendabiako ubidea gainetik zeharkatzen du eta "pisu" erako lotunea dauka, hots, bi biribilgune NA-6310 errepidearen maila berean eta azpiko pasabidea saihesbide berrian, errepide horrekiko konexioan. Puntu horretatik (1+800 k.p.) aurrera, 1a) aukeran Mayor ibaia zeharkatzen zuen 250 metroko bidezubiaren ordez 1b) aukeran bi bidezubi egiten dira eta horien artean betelana egiten da Mayor ibaiaren uholde-zelaiaren erdialdea hartuz, 1+850 eta 2+050 k.p.en artean. Zubibide bakoitzak 50 metroko luzera du.

Saihesbideak Mayor ibaia zeharkatu ondoren, 1.765 metroko zuzena dator. Gero, 600 metroko erradioarekin, saihesbideak La Castora erreka zeharkatzen du 125 metroko zubian. Puntu horretatik aurrera errepideak lubakian sartuta bat egiten du NA-134 errepidearekin, maila berean. Elkargune honetan hirugarren erreia egitea aurreikusten da.

Malda handienak (%4,5-%5) saihesbidearen hasieran eta amaieran daude.

Ingurumen eraginaren azterlana

Ingurumen eraginaren azterlanean ingurune fisikoaren elementuak deskribatzen dira. Bereizi egiten dira ingurune abiotikoa (klima, atmosfera, geologia, edafologia, hidrologia), ingurune biotikoa (landaredia, fauna eta natur intereseko eremuak), ingurune sozioekonomikoa, paisaia eta kultur sistema.

Eragin nagusiak identifikatzeko, eragina izan dezaketen proiektuko ekintzak eta aldaketa jasanen luketen inguruneko elementuak gurutzatzen dira.

Eraginak baloratzeko, haztapenaren metodologia erabiltzen da eta "pisuak" esleitzen zaizkie eraginaren kuantifikazioan esku hartzen duten aldagaiei. Hala pisu hauek esleitzen dira: natur ingurunea %25, ingurune sozioekonomikoa %70, eta kultur ingurunea %5. Inguruneko elementu bakoitza taula batean irudikatzen da. Aztertutako errepidearen tarteak egiteko proposatu diren aukerak taula horretako sarrerak dira. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 1b aukera hautatu eta proposatu du. Ingurumen eraginaren azterlanean ez da kontuan hartu Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko altxonbidea, eta ez da erantsi Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalaren txosten arkeologikorik. Nolanahi ere, 2005eko abuztuaren 16an atal horrek ondokoa adierazi zuen:

.Mendabiako saihesbidea: proposatu diren alternatibetatik bakar batek ere ez du ukitzen herri horretan inbentariatu diren aztarnategi arkeologikoak, nahiz eta ezin daitekeen erabat baztertu 3 alternatibak "Bellavista" izeneko aztarnategia ukitzea, trazaduratik hurbil dagoelako. 1b alternatiba hautatu denez, ez da aztarnategi arkeologikoen gaineko eraginik izanen.

Azterlanak badu prebentzio eta zuzenketa neurriei buruzko kapitulua, eta bereizi egiten ditu proiektu aldian aplikatu behar diren neurriak eta eraikuntza aldian aplikatu beharrekoak. Proiektu aldirako neurri hauek ezarri dira: sarbideen planifikazioa, ezponden egonkortasuna bermatuko duten maldak (ez da gehieneko maldarik zehazten), harrobi eta hondakindegien planifikazioa (materialak ateratzeko eta hondakinak botatzeko "ahal dela" ustiategi baimenduetara joko dela adierazten da), faunaren gaineko eragina gutxitzeko planifikazioa (animalientzako pasabide berariazkoak diseinatuko dira), drainatze obren egokitzapena, eta landarediaren eta ingurune soziokulturalaren gaineko eragina gutxitzeko planifikazioa.

Eraikuntza aldirako ezarri diren neurrien artean nabarmentzekoa da bertan behera utzitako errepide tarteak kendu eginen direla eta jarduketa horretan ateratzen diren hondakinak indarra duen araudiari jarraituz kudeatuko direla.

Zuzenketa neurrien atalean bereziki azpimarratzen da animalientzako pasabideak egin beharra. Pasabide horiek, Mendabian, ubideak zeharkatzeko edo nekazaritzako bideak berregiteko egiturak baizik ez dira izanen. Bestalde, landare-lurra egokiro kudeatu behar dela azpimarratzen da, eta gainazal berriak landareztatu behar direla ereite hidraulikoak eginez eta bi espezietako zuhaixkak (otea eta erromeroa) landatuz. Oro har, jarduketa ingurumen balioen kontserbazioarekin bateragarria izateko behar adinako neurriak aurreikusten dira.

Azkenik, ingurumena zaintzeko plana nahikoa da. Hona hemen beraren helburu nagusiak: proposaturiko prebentzio eta zuzentze neurriak betetzen direla eta eraginkorrak direla egiaztatzea, proiektua gauzatzerakoan agertzen ahal diren ezusteko eraginak kontrolatzea, eta sortutako eraginen bilakaera aztertzea. Horretarako, ingurumen teknikari bat eduki behar da obran bertan, azterketa arkeologikoa egin behar da obrak hasi aurretik, eta errepidea amaitu ondoren, hiru urtez, landareztatzearen jarraipena egin behar da eta animalientzako pasabideak eraginkorrak ote diren begiratu behar da, baita horien "gune beltzak" detektatu ere, halakorik bada.

II. ERANSKINA

Alegazioak

.1., 2. eta 3. alegazioak: Samuel Caro Sádaba, Mendabiako Udala ordezkatuz.

1. Egun lurzati berrantolamendua egiten ari dela alegatzen du.

2. Saihesbidea egiteko hautatu den aukeran (1b) bideetarako pasagune bakarra dago, Lizarrako bidean (4+080 k.p.), eta ez da aski. Horregatik beste pasagune bat egiteko eskatzen du La Helerako larrearen eta Lizarrako bidearen artean (2+900 k.p.), Corral de la Ermita alderdian.

3. Saihesbidea egiteko hautatu den aukerak ez du errespetatzen Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko altxonbidea (4+900 k.p.) eta horregatik pasagune bat eskatzen du, bide hori errespetatzeko.

4. Udala eta Lurzati Berrantolamendurako Batzorde Aholku-emailea ados daude saihesbidearen ondoan aurreikusita dagoen nekazaritzako bidea egitearekin, baina 6,00 metroko zabalera izan behar lukeela uste dute (aurreikusitako bideak 3,00 eta 5,00 metro bitarteko zabalera du).

5. Bideetatik saihesbidera aurreikusita daudenak baino sarrera gehiago egiteko eskatzen du.

6. Saihesbideko 5,400 k.p.an dagoen lantegirako eta hainbat abeltegi, nekazaritzako pabiloi eta finkatarako sarbide erregulatuak eskatzen ditu, errepidearen erdian itxaroteko erreia dutenak.

7. NA-6310 errepideko bidegurutzean lehentasuna errepide horri emateko eskatzen du, eta ez NA-122ko zirkulazioari. Azken errepide horretako trafikoa nabarmen gutxituko da Donejakue Bideko autobia egiteko obren ondorioz.

Erantzuna:

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari dagozkion atalak direla eta, esan behar da Mendabiako saihesbidea egiteko hautatu den alternatibaren eraikuntza proiektuan kontuan hartuko dela lurzati berrantolamendua, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuarekin koordinaturik.

Eraikuntza proiektuan konponbide egokia prestatuko da abelbideak ez ukitzeko, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalak adierazitakoari jarraituz.

.4. alegazioa: Mendabiako Udalak, Barón de Ley, S.A. ordezkatuz, alegazio bat aurkeztu du. Horren edukia aurreko alegazioaren barnean dago.

.5. alegazioa: "Rubio Arriba" ureztatzaile elkartea

1. Ez dago ados 1b aukera hautatzearekin eta 3 aukera hautatzeko eskatzen du, hirigintzako aurreikuspenekin bat datorrelako eta herrigunetik hurbilen dagoelako.

2. Alegatzen du 1b aukerak nekazaritzako ekoizpen handiko ureztalurrak ukitzen dituela eta 3. aukerak herrilurrak edo nekazaritzako kalitate txikiko lurrak ukitzen dituela.

3. Alegatzen du azterlan informatiboko planoek ez dutela lurzati antolamendua islatzen eta alderdi hori kontuan hartu behar litzatekeela trazadura bat edo bestea aukeratzeko orduan.

4. Alegatzen du 1b aukeran errepideak "Rubio Arriba" ureztalurrak zeharkatuko dituela eta kontuan har daitezela ureztapen sareei eginen zaion kaltea eta obrek sortuko dituzten eragozpenak.

5. Alegatzen du kalterik txikiena egin eta lurraren aprobetxamendurik onena bermatuko duen aukera hautatu behar dela.

Erantzuna:

1., 2., 3. eta 5. puntuei dagokienez, esan behar da 1b aukera hautatzera eraman duen irizpide anitzeko azterketan alegatzaileak aipatutako alderdi guztiak jorratu direla, beste batzuen artean.

4. Mendabiako saihesbidea egiteko obrek lehendik dauden ureztapen sareetan izanen dituzten eragin guztiak kontuan hartuko dira saihesbidearen eraikuntza proiektuan, baita obrak egiten diren bitartean ere.

.6. alegazioa: Carmen Aramendía Catalán andrea, Mendabiako hamaika nekazari ordezkatuz.

1. Alegatzen du 3. aukerak sortzen dizkiela arazo gutxien bai ekosistemari bai Mendabiako udalerriko bizilagunei.

2. Alegatzen du errepidea zenbat eta luzeagoa izan hainbat gehiago izanen direla ukituak eta kalte ekonomikoak, eta 3. aukerak ukitzen dituen nekazaritzako lurzati emankorrak askoz gutxiago direla.

3. Alegatzen du 1b aukera gauzatzen bada suntsitu eginen dela "La Fuentilla" iturburuaren inguruan sortu den "ekosistema" txikia, eta inguru horretako balio naturalen gaineko informazioa eransten du.

4. Alegatzen du 3. aukera hobea dela industriaren hedapenerako, industria saihesbidearen beste aldean kokatuko litzatekeelako.

5. Alegatutakoaren ondorioz, 3. aukera dela egokiena adierazten du, eta aukera hori hautatzeko eskatzen du.

Erantzuna:

1., 2. eta 4. puntuei dagokienez, "Rubio de Arriba" ureztatzaile elkarteak aurkeztutako alegazioari bezala erantzun behar zaie.

3. "La Fuentilla" iturburuaren inguruan sortu den ingurune naturalaren gainean bidezubia eginen da. Beraz, bertako faunaren gaineko eragina oso txikia izanen da.

Iragarkiaren kodea: F0707458