74. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ESTERIBAR

Udal ordenantza, Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzkoa. Behin betiko onespena

Esteribarko Udalak, 2007ko martxoaren 9an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Gizalegezko jokaerak sustatzeko eta espazio publikoak babesteko udal ordenantza. Iragarkia 2007ko 45. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, apirilaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan;

Esteribarren, 2007ko martxoaren 18an._Alkatea, Francisco Javier Borda.

UDAL ORDENANTZA, GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENARI ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESARI BURUZKOA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

_Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak saihestuta.

_Ondasun eta espazio publikoak eta hiriko arkitektura eta hirigintza ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Apaindura publikoko egoera egokian egon behar diren hiriko ondare eta paisaiaren zati diren aldetik, ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta bertze hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere barne hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, betiere eremu publikoan kokatuta badaude edo horretatik ikus badaitezke.

_Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehatzeko ahalmenaren bidez.

_Bizikidetzako arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan aurreikusten diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeei dagozkien eskubide, ahalmen eta eginbeharrak ezta bertze administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioei buruzko jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten indarra duen antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Esteribarko udal mugape guztian aplikatuko da.

II. TITULUA

Gizalegearen sustapena

3. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Esteribarko Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia eskubide pertsonalak izatea da; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.

Era berean eta berariaz, Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabiltzeaz eta hiri ingurunea zaintzeaz den bezainbatean.

4. artikulua. Hezkuntza jarduerak.

Udalak gizalegezko balio eta jokaeren transmisioa eta sendotzea bultzatuko du, hezkuntza eta prestakuntza arloan bere eskumenekoak diren jarduerak eginez.

Era berean, eta bere eskumen guztiak erabiliz, Udala saiatuko da gizarte portaeraren oinarrian dauden balioak hedatzen eta sustatzen, herritar bakoitzak bere askatasun konstituzionala erabil dezan, muga izanik bertzeen eskubide eta balioen errespetua eta ondasun publikoak guztiek erabiltzeko maneran zaintzea.

5. artikulua. Hitzarmenak.

Udalak hitzarmenak eginen ditu bai beste administrazio edo erakunde publikoekin, bai entitate pribatuekin, gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduera pribatuak planaren xedeei egokitzea bultzatzen badituzte.

6. artikulua. Jakinarazpen publikoa.

Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu herritar guztiei edo biztanle talde zehatz batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez.

III. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

7. artikulua.

1. Bizikidetzako printzipioak:

1.1. Herritarrek herritarren bizikidetza errespetatu eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek horiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarten diren ildoetatik.

1.2. Herritarrek eskubidea dute udal mugapeko eremu eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta haien askatasuna errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

1.3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen asotsik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko lokaletatik zalapartaka atera ere.

1.4. Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

2. Elkartasuna eremu publikoan:

2.1. Udalak herritarrak adoretuko ditu elkartasunez joka dezaten, eremu publikoetan edo bertze leku batzuetan ibiltzeko edo orientatzeko laguntza behar duten pertsonei, istripuak izan dituztenei edo arrisku egoeran daudenei laguntza emateko. Ohitura bultzatuko da gehien behar dutenei bide emateko edo hiri altzariak uzteko, baita elkartasuneko eta jendetasuneko bertze jokabide batzuk bultzatuko ere.

2.2. Galdutako ume edo minusbaliatuak zein anomalia fisiko edo psikikoko egoera agerian dauden pertsonak aurkitzen dituzten pertsona guztiek agintaritzako agenteei jakinarazi behar diete, eta horiek galdutako pertsonak babestu eta haien tutoretzaren erantzuleei emateaz arduratuko dira.

II. KAPITULUA

Ondasunen andeatzea

8. artikulua. Andeatzea eta kalteak.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haien andeatzea badakar edo haien estetika hondatzen badu 1. artikuluan ezarri bezala.

9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetak edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

2. Aurreko atalean agertu debekutik kanpo geratuko dira Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

Udal baimena ematea nahi badakoa da, eta hori ematean, baimendutako jarduerak errespetatu beharreko baldintzak eta betekizunak erantsiko dira.

3. Agintaritzaren agenteek erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izanen dituzte, jarduerak derrigorrezko udal baimenik izan gabe egiten direnean.

4. Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen bertze edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria paratu edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, bidezko zehapena ezarriko dio.

10. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko neurri gisa, ondokoak debeku dira:

a) Kaltetu edo txatu txarrak ematea.

b) Edozein elementu itsatsi edo horiei lotzea, udal baimenik gabe.

c) Inguruan zaborrak eta hondakinak botatzea.

11. artikulua. Parkeak eta lorategiak.

1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Parke, lorategi, landareontzi eta eremu publikoan edo lekuetan landatutako arboletako landare-espezie ezberdinak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ondoko ekintzak:

_Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo kaltetzea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belaiak edo laborantzak behar ez bezala erabiltzea.

_Soropila kaltetzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

_Arbolak moztu, kimatu edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

_Azalak grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, horiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

_Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak botatzea.

_Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo horiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen bertze edozein produktu botatzea.

_Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

_Parke eta lorategietan sua edo sutzarrak egitea.

3. Era berean, debeku da parkeen barrenean egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune jakin batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketak desobeditzea.

12. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

Debeku da eremu publiko edo espazioetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku dira mugitu, erauzi, erre, irauli edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo pegatinak itsastea.

1. Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, paperontzietara bota behar dira, eta birtziklagaiak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.

2. Debeku da paperontzietara material, tresna edo objektu arriskutsuak botatzea, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta sorgorkarien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak, mota guztietako droga toxikoak, sorgorkariak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta hondakin solido txikiak eta beste edozein gai, sutan badaude.

13. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da urmael eta iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki, debeku da barrenean sartzea edo edozein gauza garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta gaiak, gauzak edo animaliak haietara botatzea.

III. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

14. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da paratu. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik paratu, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.

2. Alde horretatik, debeku da eraikin publiko edo pribatuko fatxadan, karrerapeetan, markesinetan, hiriko altzarietan, arboletan, harresietan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta oro har, berariaz prestatutako lekuetatik kanpo edozein iragarki mota paratzea, udal baimenik izan ezean. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein motatako pegatina, kartel, paskin, pankarta edo banderatxo paratzea.

15. artikulua. Kartelak, pankartak eta gisakoak.

1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Hirirako interesgarriak diren kontzertuak, ekitaldiak edo erakusketak egitea nabarmentzen laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendu lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea baimentzen ahalko da, adierazitakoen artean ez dauden beste kasu batzuetan.

2. Artikulu honek aipatu baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

_Kartel edo banderaxken edukia eta neurriak.

_Horiek paratzeko lekuak.

_Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

_Horiek kentzeko eta sor litzaketen kalteak konpontzeko konpromisoa.

_Banderatxoak kale-argi edo argiei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriak bere pinturan edo galbanizatuan kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3. Farola edo argietan jarri baino 24 ordu lehenago jakinaraziko da, gutxienez, Udalaren zerbitzu teknikoek haien instalazioa aztertu eta kontrola dezaten.

4. Kartelek eta banderatxoak baimendu diren zehaztapenetara mugatuko dira.

5. Kartel eta banderatxoek baimenaren baldintzak beteko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu epea bukatu bezain laster. Bestelakoan, Udalak ordezko betearazpena eginen du, ordenantza honetako hogeita hemezortzigarren artikuluan ezarritakoari jarraituz.

16. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da eremu publikoan edo espazio publikoetan mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.

Bidezko udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak ukitutako hiri espazioa garbituko dute, emandako aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotzita, bidezko zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izanen dute propaganda paratu eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute, aldez aurretik.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduketak

1. ATALA

Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak

17. artikulua. Eremu edo espazio publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.

1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, horren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoak edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta halabereko baldintzetan izan ezik.

Debeku da eremu publiko edo espazioetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, edozein motatakoak direla ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aitzinetik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, derrigorrezko udal baimenik izan ezean.

18. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.

Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokira daraman edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak eta/edo Udaltzaingoa maltzurkeriaz mugiaraztea.

2. ATALA

Jarduera berariazkoak

19. artikulua. Sua eta bestak.

1. Debeku da erabilera publikoko espazioetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eraman edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere.

2. Besta edo gertaera zehatzak direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

20. artikulua. Asotsak.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bai indarra duen legerian ezarri bezala, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera, bizikidetza arrunta galarazten duten asotsak egitea saihestuko dute:

_Gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko.

Ozen dagoela ulertuko da, agintaritzaren agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

_Debeku da asotsak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, Udalaren baimenik gabe.

_Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean.

_Eremu publikoan nahiz hari begira, eraikinetan nahiz ibilgailuetan, ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri, baimenik lortu ezean.

_Oro har, ez dira baimenduko bizilagunak gogaitzen dituzten jarduerak, batez ere gauaz.

21. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek uko eginen diote lasaitasuna galarazten duten edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak diren keak, usainak edo hautsa sortzen dituen jarduerarik egiteari espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, haiei eragiten badiete, indarra duen legedian eta ordenantzetan ezarri mugak edozein direla ere.

Aitzineko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauza daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Hala ere, lan horiek eginen dira karrikara ahalik eta gehien aireztatuz eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez joateko, hala nola eskailerak, eskailera-buruak eta patio txikiak.

2. Ibilgailuek ezin izanen dute bost minutu baino gehiago aparkatuta egin motorrak piztuta, bizitegien edo dotazioen eraikinetatik 10 metrora baino gutxiagora badaude.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora paratu beharko dira, gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik goiti bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, udal baimenik izan ezean.

22. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko eremu eta espazioak _orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne_ zikin ditzaketen jarduera edo eragiketa baimen gabe guztiak. Aipagarri gisa, debeku da autoak garbitzea, aipatu eremu eta espazioetan konpondu edo koipeztatea _non ez den ezinbestekoren bat_, zigarrokin, bilgarri, txikle eta hondar solidoak nahiz likidoak botatzea, hautsontzi eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborra edukiontzien ondoan uztea haiek hutsik daudela, eta antzeko ekintzak.

Betiere, debeku da zaborra paperontzien ondoan edo horretarako prestatuta ez den beste edozein tokitan uztea.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietan botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietara bota behar dira, birtziklagaiak izan ezean: kasu horretan, eremu publikoan diren bilketa sailkaturako edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da paperontzi edo edukiontzietara tresna edo objektu arriskutsuak, eta zigarrokin piztuak edo bertze edozein objektu botatzea. Horretarako, tresna edo gauzaki arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta gai sorgorkariak hartzeko lanabesak, eritasunak kutsatu eta zabaltzen ahal dituzten osasun laguntzako materialak, baita edozein droga toxiko, sorgorkari eta produktu kimiko, pirotekniko edo antzekorik ere.

Paperontzietara ezin bota diren hiri hondakinak horretarako jarritako edukiontzietan sartu beharko dira, Iruñerriko Mankomunitateko ordenantzen arabera.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.

Ez da libre izanen espazio publikora inolako alfonbra, arropa edo oihalik baimenik gabe inarrostea.

6. Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin mota botatzea.

23. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da eremu publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo listu egitea.

24. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eramaten ahal dituzte beraiekin espazio publikoetan, betiere uhal edo kateaz edo legez ezarri bezala eramanez gero.

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko espaloi, karrika, pasealeku, lorategi eta oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan kaka egiten.

Animaliek kaka egin beharko dute horretarako prestatutako tokietan. Horretarako, Udalak leku egokiak emanen ditu, animaliek beren eginbehar fisilogikoak egoera higieniko egokian egin ditzaten.

Nolanahi ere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan eremu publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu. Nolanahi ere, animalien jabeek edo arduradunek horiek eremu publikoan uzten dituzten gorozki solidoak bildu beharko dituzte.

4. Animaliek ezin izanen dute eremu publikoan dauden eta gizakiek edateko diren iturrietatik edan.

5. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.

6. Animaliek ezin izanen dute bazkatu lorategi eta parkeetan.

25. artikulua. Kanpaketa eta aisia.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik ezarri 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzaren agenteek amore emateko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duen edozein material motaren erabiltzaile eta jabeei, bidezko salaketa egitea ukatu gabe. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzaren agenteek horiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antolatu ahal izanen dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta horiekin batera jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ezin izanen da eremu publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

3. Ezin izanen da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Betiere, oro har, inork ezin du eremu edo espazio publikoetan duen portaerarekin gainerakoen eskubidea gutxietsi, ezta haien jarduteko askatasuna ere, ezta oro har onartuta dauden bizikidetzako sineste eta arauak laidoztatu ere; ez da zilegi genitalak erakustea, ezta ordenantza honetan edo beste araudi aplikagarri batean debekatuta dauden jokabide edo jarduketak ere.

4. ATALA

Betebehar bereziak

26. artikulua. Merkataritzako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendu lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan hartutako zatia garbi utzi beharko du, neurri zuzentzaileak eta izan beharreko lizentzien araubideak sortutako gainerako betebeharrak deusetan ukatu gabe.

2. Terrazak, mahaitxoak eta eremu publikoko bertze instalazio batzuk dituzten kiosko eta establezimenduetako titularrek garbi utzi behar dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak berak ere.

Gainera, kioskoetako titularrek paperontzia jarriko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu beharko dute.

Aipatu lekua eta haren inguruak etengabe garbituko dira, eta nolanahi ere, establezimendua hesten den unean egin beharko da.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak, terrazetako altzariak edo materialak terrazetan eta horien ondoan biltegiratu edo pilatzea. Ezin izanen da inola ere baimendu baino leku handiagoa okupatzea, ezta aldi baterako elementurik _ez finkorik, ez zoluan finkaturik_ erabiltzea ere bidezko udal baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari kendu ahal izanen du, eremu publikoan baimenik gabe paratu bada edo baimendu baino leku handiagoa okupatzen badu, kentzeko kostua instalazioaren erantzuleari eskatuta eta bidezko zehapena ukatu gabe.

27. artikulua. Eskean ibiltzea.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo bertze pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen dira larderiaz egiten diren edo herritarrak askatasunean ibiltzea oztopatzen duten eskeak, bertzeak bertze.

28. artikulua. Establezimendu publikoak.

Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek bertze xedapen batzuk errespetatzeaz gain, ahaleginduko dira bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten lokaletan sartzean zein horietatik ateratzean.

Jokaera horiek eragozten ahal ez direnean, polizia deitu beharko dute ordena eta herritarren bizikidetza mantentzeko, eta laguntza emanen diete uneoro esku hartzen duten agenteei.

29. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bertzelako kalte-galeretatik ondorioztatzen den erantzukizuna bermatzeko. Ukitutako espazio publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, horretatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Nolanahi ere, ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute, ekitaldiaren izaera zehatza kontuan hartuta.

30. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, eskean ibiltzea da eremu publikoan edo erabilera publikoko espazioetan limosna eskatzea, baita bestelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.

Debeku da dirua edo limosna larderiaz edo modu gogaikarrian _hitzez zein obraz_ eskatzea. Asimismo queda prohibido el ofrecimiento de objetos o servicios a cambio de dinero efectuado con maneras intimidatorias o molestas.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritzaren agenteek eskaletza debekatua eragotziko dute, eta nolanahi ere, eskaleari gizarte zerbitzu publikoen berri emanen diote derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan, larderiaz edo manera gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita.

31. artikulua. Arropa esekitzea.

Balkoi, terraza edo teilatu-lauetan ez da arroparik hedatzen ahal, kaletik ikusteko moduan bada. Halaber, balkoi edo galerietan ez da eraikinaren estetikari kalte egiten dion material, tresna edo altzaririk uzten ahal, kanpotik ikusten ahal badira.

Karrikatik nahitaez ikusten diren hedatokiak dituzten eraikinetarako, Udalak berariazko araubidea baimendu ahal izanen du.

IV. TITULUA

Zehapenen araubidea

32. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura _hasita badago_, harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.

Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

33. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egintzak nahiz omisioak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

34. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Oso larriak dira ondokoa eragiten duten arau-hausteak:

a) Bizikidetzaren nahasmendu larria, jendearen lasaitasuna edo legez dagozkien eskubideak modu larrian, berehala eta zuzenean kaltetzen dituena, edo araudi aplikagarriaren araberako edozein jardueraren ohiko bilakaera, nahiz osasungarritasun edo apaingarri publikoa; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten hornidura, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

f) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte. Betiere, arau-hausteak dira jokabide hauek:

_Seinale publikoak hautsi edo erauzi edo haietan pintadak egin edo kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

_Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

_Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatu, tratu txarrak eman edo eraso fisikoak egitea, baita horiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.

i) Larrialdi zerbitzuak edo Udaltzaingoa beharrik gabe eta maltzurki mugiaraztea.

j) Herriko argien edozein sistemaren itzaltzea nahita eragitea.

k) Urtebetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

35. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea duten bertze pertsona batzuek erabiltzea modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, arau-haustea izanen da bidean edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak paratzea udal baimenik gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungarritasunerako edo segurtasunerako arriskua sortzen dutenak.

_Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea dakarten jarduerak egitea udal baimenik gabe.

f) Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak eragoztea horretarako prestatutako lekuetan.

g) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

36. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak uhalez edo kateaz lotu gabe eramatea, horretarako baimenik izan ezean.

_Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

_Eremu publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea duten bertze pertsona batzuek erabiltzea modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Bide edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak paratzea, udal baimenik izan gabe.

_Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

_Eremu edo espazio publikoetan terrazak edo mahaitxoak paratzea, baimendu baino leku handiagoa okupatuta.

_Baimenik gabe kanpatzea.

_Espazio publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

_Espazio publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoa arau-haustea izanen da:

_Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea udal baimenik gabe.

_Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

_Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.

_Eremu publikoan pixa, kaka edo listu egitea.

_Eremu publikora zaborra edo bertze edozein elementu bota edo bertan uztea.

f) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako eginak eta ez eginak, aitzineko artikuluetan aurreikusi ez direnak.

37. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 400 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 36. artikuluaren a) eta b) ataletan aipatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 60,1 eurotik 150,25 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 401 eurotik 800 eurorainoko zehapena ezarriko zaie.

Arau-hauste oso larriei 801 eurotik 1.200 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 34. artikuluaren g) atalean sailkatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 601,02 eurotik 3.005,06 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

38. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, arau-hausleari eskatuko zaio bertzelakotu den egoera lehengoratzeko. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera bideratuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Udalak derrigortuaren kontura eginen ditu gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko beharrezko ekintzak, arau-hausleak egin ez baditu. Derrigortuari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

39. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan erantzule solidarioak antolatzailea edo sustatzailea izanen dira, baita baimena eskatzen duena ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak erantzuleak dira animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitatearen inguruko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriak barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak 21.1, 22.5, 26 eta 31. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak izanen dira.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta legezko betebeharra badute bertze batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aitzintzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

40. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren ezarri beharreko zehapena graduatzeko, hurrengo inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.

c) Nahita egina den.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

V. TITULUA

Errehabilitazioa

41. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide bezala eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko:

_Arau-hausteak oso zehapen larria ezartzea dakarrenean.

_Zehapen larria dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste larriak edo oso larriak egin direnean.

_Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen eskainiko dio Udalari. Ahal dela, komunitatearen onerako lan borondatezkoak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortu edo gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Udaltzaingoak kontrolatu eta bermatuko du betetzen direla.

Espedientatuak eskaera egin ondoan, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Udalak arau-hausleari.

Udalak prozedura bururatzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak badaezpadako neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondotik, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/92 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:

_Hasierako arau-haustearen larritasun bera izanen du arau-hausteak.

_Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik aitzina indarrik gabe geldituko dira haren aurka doazen udal xedapen guztiak, zehazki Udalaren 4. ordenantza, Esteribarko eremu publikoaren txukuntasunari buruzkoa, 1996ko urriaren 11n egin osoko bilkuran onetsi baitzen (138. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarri epea iragan ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0708391