73. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

869/2007 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana: Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Andosillako saihesbidea egiteko Azterlan informatiboari buruz Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du azterlana.

Proiektua, bere ezaugarriengatik, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) atalean sailkatuta dago. Beraz, lege horretan xedatutakoaren arabera, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako prozedura egin behar zaio.

Prozedurari hasiera ematearren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2005eko ekainaren 7an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurkeztu zion Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideak egiteko Azterlan informatiboa, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanarekin batera.

Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honen 1. eranskinean labur azaltzen dira proiektuari buruzko funtsezko datuak, eta Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren ildo nagusiak ere jaso dira.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak, 2005eko abenduaren 5ean, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren nahikotasunari buruzko txostena eman zuen. Nafarroako Gobernuak, 2006ko urtarrilaren 9ko Erabakiaren bidez, "Ebroko Ardatza NA-134 errepidean, Mendabiako, Lodosako, Andosillako, Azagrako, Milagroko, Valtierrako eta Arguedasko saihesbideei buruzko Azterlan informatiboa" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zuen eta jendaurrean jarri zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozedurarenak izan zitzan. Erabaki hori 2006ko 12. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 27an.

Jendaurreko aldian zazpi alegazio jaso ziren. Horien edukiaren laburpena 2. eranskinean dago. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak onartu egin ditu proposamenak eta gauzatu eginen dira, eraikuntza proiektuan hori bideragarria baldin bada.

4/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egin dadin, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, 2007ko urtarrilaren 19an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari bidali dio espedientea, hau da, azterlan informatiboaren agiri teknikoa, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana eta jendaurreko aldiaren emaitza.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi du aurreikus daitezkeen eragin guztiak ebaluatu direla espedientean, eta zuzenketa neurri batzuk proposatu ditu azken eragina murrizteko. Neurri horiek hartzeaz gain, Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenean ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedura bete dela eta alegazioak aztertu direla kontuan izanik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuko 3. artikuluko 1.b) idatz-zatiarekin bat, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egitea, Ebroko Ardatza NA-134 errepidean Andosillako saihesbidea egiteko azterlan informatiboa dela-eta. Azterlanaren sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

2. Ingurumenaren aldetik proiektua bideragarria da. Betiere, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean eta azterlan informatiboean jasotako zuzenketa neurriez gain, atal honetan azaltzen diren baldintzak bete behar dira.

_Onespen teknikoa eman aurretik, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari eraikuntza proiektua bidali behar zaio, Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenarekin bat datorrela egiazta dezan.

_Eraikuntza proiektuari honako zuzenketa neurri hauek erantsi behar zaizkio:

.Proposaturiko hondakindegi eta mailegu-eremu guztiak eraikuntza proiektuan jaso behar dira. Proposamen horiei, gainera, ordezko aukeren azterketa, ingurumen balorazioa eta lehengoratze proiektua erantsi behar zaizkie.

.Instalazio eta bide osagarriek ez dituzte inola ere ukitu behar Los Canales mendietako maldak, errepide berriaren eskuinaldean, 0+300 eta 1+000 k.p.en artean, "Lizarrerriko Igeltsuak" (ES2200034) izeneko BILa dagoen aldean.

.Saihesbidearen hasierako tarteak, NA-134 errepidearekiko lotunean, Ebroko Iraganbide Nagusia izeneko altxonbidea ukitzen du, toki horretan altxonbidea errepidearen ondotik baitoa. Saihesbide berria egiteko proiektuak, altxonbidea ukitzen badu, hura lehengoratzea aurreikusi behar du. Altxonbidetik San Adrianera doan adarra egitura baten bidez zeharkatuko da. Saihesbideak gainetik gurutzatuko du altxonbidea, haren funtzionaltasuna eragotzi gabe.

.Carcarren NA-6230 errepidea zabaldu eta hobetzea proposatzen da, obraren ezaugarriak zehaztu gabe. Errepide hori Ega ibaiaren uholde-zelaiaren perpendikularra da. Uholde-zelaian maiz izaten dira uholdeak (5 urtetik aurrerako birgertatze-aldia). Errepidea egungo mailan zabaltzen bada, kontuan hartu behar da aldian behin urpean geratzeko arrisku handia izanen duela. Errepidearen maila altxatzen bada, azterketa egin behar da urak gora egin ez dezan, horrek ingurumenari eta pertsona eta ondasunei kalte egiteko arriskua sortuko lukeelako.

.Landaredi naturalaren gaineko eragina gutxitzeko neurri egokiak hartuko dira: obrak egiten diren bitartean ahalik lur gutxien okupatuko da, batez ere errepide berria "Estellerriko Igeltsuak" (ES2200034) BILaren ondotik doan tartean. 0+400 eta 0+800 k.p.en artean 80 metro besterik ez daude errepidetik BILera. Horretarako, belar-sastrakak garbitzen hasi aurretik, desjabetutako zerrenda zuinkatu eginen da eta huraxe izanen da gehieneko okupazio eremua bai obretan bai behin-behineko bideetako makinen zirkulazioan. Nolanahi ere, bide berriaren zabalguneko mugak ez gainditzeko ahaleginak eginen dira.

.Errepide inguruko fauna babesteko eta haren iraupena eta mugikortasuna bermatzeko neurri orokor hauek hartuko dira, behar bezala diseinatu eta eraikuntza proiektuari erantsi ondoren:

_Arekak eta luzetarako drainatze bideak egokitzea. Anfibioek, narrastiek eta ugaztun txikiek areka, kutxeta eta drainatze bideetan harrapatuta geratzeko arriskua dutenez, obra horietan animaliak irten ahal izateko arrapalak edo antzeko gailuak diseinatuko dira.

_Zeharkako drainatze bideak animalientzako pasabide gisa egokitzea.

.Obrak hasi aurretik landare-lurra kenduko da, gutxienez ere 30 cm-ko geruza. Horrela lortutako lur emankorra pilatuta edukiko da eraikuntza fasean. Lur pilek gehienez 1,5 metroko altuera izanen dute, lurra aireztaturik eta trinkotu gabe egon dadin. Geroko kolonizazio prozesuak errazteko, lurraren ezaugarriak mantentzea bermatuko duen sistema ezarriko da: aldian-aldian erein, ureztatu eta ongarritu eginen da. Oro har, substratu hori erabiliko da landareztatu beharreko eremuetan.

.Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean landareztatze lanetarako aukeratu diren espezieei honako hauek gehitu behar zaizkie: Quercus coccifera, Pistacia lentiscus, Pinus halepensis, Phillyrea angustifolia, Rhamnus lycioides, Jasminum fruticans edo Juniperus phoenicia.

.Bidea egiteko jarduketak eta obrek ukitutako aldeetan ingurumena lehengoratzeko jarduketak aldi berean eginen dira. Horretarako, obra plan bat eginen da eta bertan ezarriko da bi jarduketen arteko koordinazioa espazioan eta denboran, euriak lurra higatu ez dezan eta lehengoratze neurriak eraginkorrak izan daitezen.

.Proiektuan kontusail bat sortu behar da, zurezko landaretzaren hazkundearen hasieran (landatu ondoko 2-3 urteko epean) mantentze-lanak eginen direla bermatzeko. Horrela ziurtatuko da zurezko landareak sustraitu eta hazi eginen direla. Euri gutxi egiten duen sasoian ureztapenak eginen dira, landare hilak ordeztuko dira, zurkaitzak eta landare oinetako babesak berrituko dira eta ongarritze, inausketa eta abarreko lanak eginen dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea betearazteko Erregelamenduaren 53. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Plangintza eta Laguntza Atalari, Andosillako Udalari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko apirilaren 27an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea da NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Andosillako saihesbidea egitea.

Aukerei buruzko azterlanean 2 konponbide proposatzen dira; bietan ere errepidea hego-mendebaldean eginen litzateke. Gainera, NA-122 errepidearekiko lotunea aurreikusten da, lehendik dagoen errepidearen baldintzak hobetzeko, diseinatutako saihesbidea errepide horretarako ere izanen baita.

Hautatu den aukera "2" aukera da. Lehenbizikoaren paraleloa da ia-ia, eta ardatza ia zuzena du. Gehiago hurbiltzen da herrigunera eta "Estellerriko Igeltsuak" (ES2200034) BILetik urruntzen da, mendebaldeko ertzean. Trazadurak erradio handiak ditu (750 m-tik gorakoak) eta ahal den neurrian egokitzen zaie lehendik dauden bideei. Andosillako eta San Adriango industrialdeen artean geratzen den toki guztia hartzen da egungo errepidearekiko lotunea egiteko. Elkarguneetan gaineko edo azpiko pasabideak diseinatu dira.

Aukeratu den trazadurak 4.380 metro ditu eta oso malda txikia du, egungo errepidearekiko elkargunean izan ezik; hor %5eko malda dago.

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean ingurune fisikoaren elementuak deskribatzen dira. Bereizi egiten dira ingurune abiotikoa (klima, atmosfera, geologia, edafologia, hidrologia), ingurune biotikoa (landaredia, fauna eta natur intereseko eremuak), ingurune sozioekonomikoa, paisaia eta kultur sistema.

Eragin nagusiak identifikatzeko, eragina izan dezaketen proiektuko ekintzak eta aldaketa jasanen luketen inguruneko elementuak erkatzen dira.

Eraginak baloratzeko, haztapenaren metodologia erabiltzen da eta "pisuak" esleitzen zaizkie eraginaren kuantifikazioan esku hartzen duten aldagaiei. Hala pisu hauek esleitzen dira: natur ingurunea %25, ingurune sozioekonomikoa %70, eta kultur ingurunea %5. Inguruneko elementu bakoitza taula batean irudikatzen da. Aztertutako errepidearen tarteak egiteko proposatu diren aukerak taula horretako sarrerak dira. Elementuz elementuko balorazio partzialaren emaitzak ikusirik, ondorioztatzen da 2 aukerak eragin ertaina edo txikia duela aztertu diren ingurumen-faktore guztietarako. Errepide berria "Lizarrerriko Igeltsuak" (ES2200034) BILetik hurbil eginen denez, behar den balorazioa egiten da eragin arriskuaz.

Estepako hegaztiak babesteko eremuei dagokienez, hurbileneko babes eremua Santa Cruz da eta 1.100 metrora dago.

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean ez dira kontuan hartzen Ebroko Iraganbidea izeneko altxonbidea eta hortik irteten den adarra. Altxonbidea tarte batean NA-134 errepidearen ondotik doa, saihesbidearekiko lotunean, eta katalogaturik eta mugaturik dago.

Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak 2005eko abuztuaren 16an emandako txosten arkeologikoak dioenez, saihesbide honetarako proposatu diren aukeretatik batek ere ez du zuzeneko eraginik inguruko aztarnategi arkeologiko inbentariatuetan.

Azterlanak badu prebentzio eta zuzenketa neurriei buruzko kapitulua, eta bereizi egiten ditu proiektu aldian aplikatu behar diren neurriak eta eraikuntza aldian aplikatu beharrekoak. Proiektu aldirako neurri hauek ezarri dira: sarbideen planifikazioa, ezponden egonkortasuna bermatuko duten maldak (ez da gehieneko maldarik zehazten), harrobi eta hondakindegien planifikazioa (materialak biltzeko eta hondakinak botatzeko "ahal dela" ustiategi baimenduetara joko dela adierazten da), faunaren gaineko eragina gutxitzeko planifikazioa (animalientzako pasabide berariazkoak diseinatuko dira), drainatze obren egokitzapena, eta landarediaren eta ingurune soziokulturalaren gaineko eragina gutxitzeko planifikazioa.

Eraikuntza aldirako ezarri diren neurrien artean nabarmentzekoa da lehengo errepide tarteak kendu eginen direla eta jarduketa horretan ateratzen diren hondakinak indarra duen araudiari jarraituz kudeatuko direla.

Zuzenketa neurrien kapituluan bereziki azpimarratzen da animalientzako pasabideak egin beharra. Azpiko bi pasabide ezartzen dira errepidearen ezkerraldetik Canales mendietako hegaletara, bertan kartografiatu baita ES2200034 BILa. Zeharkako pasabideetarako drainatzea eta egiturei dagokienez, horien neurriak aldatzea proposatzen da.

Bestalde, landare-lurra egokiro kudeatuko behar dela azpimarratzen da, eta gainazal berriak landareztatu behar direla ereite hidraulikoak eginez eta bi espezietako zuhaixkak (otea eta erromeroa) landatuz. Oro har, jarduketa ingurumen balioen kontserbazioarekin bateragarria izateko behar adinako neurriak aurreikusten dira.

Azkenik, ingurumena zaintzeko plana nahikoa da. Hona hemen beraren helburu nagusiak: proposaturiko prebentzio eta zuzentze neurriak betetzen direla eta eraginkorrak direla egiaztatzea, proiektua gauzatzerakoan agertzen ahal diren ezusteko eraginak kontrolatzea, eta sortutako eraginen bilakaera aztertzea. Horretarako, ingurumen teknikari bat eduki behar da obran bertan, azterketa arkeologikoa egin behar da obrak hasi aurretik, eta errepidea amaitu ondoren, hiru urtean, landareztatzearen jarraipena egin behar da eta animalientzako pasabideak eraginkorrak ote diren begiratu behar da, baita horien "gune beltzak" detektatu ere, halakorik bada.

II. ERANSKINA

Alegazioak

1. alegazioa: Manuel Osorio Martín jauna, Andosillako Udala ordezkatuz.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinarazten dio Andosillako Udalak, osoko bilkuran eta aho batez, ontzat eman duela Andosillako saihesbidea egiteko 2 aukera, jendaurrean jarritako azterlan informatiboan hautatutakoa, hain zuzen ere.

2. alegazioa: Emilio Ignacio Ruiz Lorente jauna, San Adriango Udala ordezkatuz.

Eskatzen du:

1. San Adriango Udalari entzuteko tramitea egin dadila, bidezko ondorioetarako.

2. San Adriango LOEErekin bat etorriz, Andosillako saihesbidea egiteko proiektuan kontuan har daitezela saihesbideak San Adriango planeamenduan izanen dituen ondorioak.

3. San Adriango saihesbideak Azkoiendik San Adrianera datorren NA-653 errepidean izanen duen eragina kontuan har dadila.

3. eta 4. alegazioak: Juan Pablo Salvatierra Cortabarría jauna, Miguel Angel Alcalde Ripa jauna eta beste bi ordezkatuz (3. alegazioa), eta Miguel Angel Alcalde Ripa jauna, bere izenean eta ordezkaritzan (4. alegazioa).

Alegatzen du ez direla ez azterlan informatiboan ez Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko iragarkian aipatu ondoren azaltzen diren alderdiak eta horrek babes gabezia eragin diezaiekeela udal mugapeko lur jabe batzuei; hain zuzen ere kalte ekonomiko oso larriak ekartzen ahal dizkie:

a. Andosillako saihesbideak San Adriango udal mugapeko lurrak ukitzen ditu.

b. Andosillako saihesbideak bete-betean ukitzen du San Adriango Hirigintzako Planeamenduari buruzko Arau Subsidiarioetako 2. sektorea, zerbitzuetarako lurzoru urbanizagarria.

c. Andosillako saihesbidea 2. sektoreko lurretan elkartuko da egungo NA-134 errepidearekin. Horrela hankaz gora jarriko dira sektore horretako hirigintzako garapenerako plan partzialean ezarritako arau guztiak.

d. Dagoeneko abian da 2. sektoreko hirigintzako garapena.

Aurrekoagatik guztiagatik, Andosillako saihesbidearen trazadura aldatzeko eskatzen du, 2. sektorean eraginik izan ez dezan.

5 alegazioa: Germán Agreda Suescun jauna, Carcarko Udala ordezkatuz.

1. Alegatzen du egungo NA-6230 errepidea, zabaldu eta hobetuko dena eta saihesbidea eginen zaiona, udal mugapeko laborantza finka askotarako sarbide nagusia dela. Horregatik eskatzen du bi norabideko nekazaritza bidea egin dadila, zabalduko den errepidetik aparte.

2. Conservas Cárcar, S.A. enpresaren parean egungo NA-6230 errepidearen trazadura aldatuko dela eta, ohartarazten du saihesbidearen eta aldatu gabe utziko den errepide zatiaren arteko elkargunean sakana dagoela eta arreta berezia jarri behar zaiola sakaneko urari.

6. alegazioa: Carcarko UPNko udal taldea.

Eskatzen du:

1. Oinezkoentzako zubia eraiki dadila, egungo zubiaren paraleloa.

2. Nekazaritzako bideak egin daitezela NA-6230 errepideko saihesbidearen ondotik.

3. Carcarko zeharbidearen (NA-6230) eta NA-6230 errepideko saihesbidearen arteko elkargunea egiten denean NA-134 errepidearekiko lotura egiteko, kontuan har daitezela baldintza geografiko eta trafikoaren baldintza guztiak.

4. NA-6230 errepideko (NA-134-Carcar tartea) saihesbidea egokia izan dadila.

5. NA-6230 errepideko saihesbidea egiteko obretan sakana drainatu dadila eta sakanaren gaineko pasabidea egin dadila.

7. alegazioa: Ignacio Amatriáin jauna, Conservas Cárcar, S.A. ordezkatuz.

1. Alegatzen du saihesbide berriak eragina izan dezakeela Conservas Cárcar, S.A. lantegira doazen ibilgailu astunen sarbidean. Horregatik eskatzen du errepide berriaren diseinuan sarbide egokia aurreikus dadila lantegi horretara doazen ibilgailu astunentzat.

Iragarkiaren kodea: F0707766