64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuko arkitekto izateko 5 lanpostu oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2007ko apirilaren 11n, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:

ARAUAK

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udalaren zerbitzuko arkitekto izateko 5 lanpostu oposizio bidez betetzea. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Hiru lanpostuak honela banatu dira, txandetan:

_2 lanpostu txanda irekian.

_2 lanpostu igoera txandan.

_Lanpostu 1 txanda murriztuan, %33ko edo hortik goitiko minusbaliotasun aitortua duten pertsonentzat.

1.2. Deialdiko lanpostuak hauek dira:

_4 Hirigintza eta Etxebizitzako Alorrean; plantilla organikoan zenbaki hauek dituzte: 100503-7, 100503-8, 100503-16 eta 100503-17.

_1 Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorrean; plantilla organikoan zenbaki hau du: 100503-15.

1.3. Hauta-probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsen bat, txanda irekikoei gehituko zaie.

Era berean, minusbaliotasuna duten pertsonendako txanda murriztuko lanpostuak bete gabe geldituz gero, izangaiek hauta-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, bertze txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako ordenaren arabera.

Bertzalde, igoera txandan edo/eta minusbaliatuendako txanda murriztuan eskaintzen diren lanpostuak baino izangai gehiagok probak gainditzen badituzte, gainditu bai baina txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Halaber, txanda irekiko lanpostua eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazi bezala, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bururatzen denean kasuan kasuko txandan parte hartzeko eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako edo minusbaliatuendako txandako izangaiek.

1.4. Lanpostua lortzen duten izangaiek funtzionario bilakatuko dira, Iruñeko Udaleko langileendako egungo xedapenetan zehazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek A mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.6. Izangaiak, hauta-probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Iruñeko Udalean sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea hautatzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Izendatuek beren destinoko lekuan beharko dute bizi, eta horretarako, Iruñeko udalerrian finkatuko dute beren bizilekua.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, deialdi honen 10, eta 11. arauetan xedaturikoarekin bat.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Arkitekto titulua izatea, edo hura eskuratzeko baldintza guztiak betetzea deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek bete beharreko baldintzak.

Igoera txandako izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Arkitekto titulua izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bururatzen den egunetan hura eskuratzeko maneran egotea eta administrazio publikoetan gutienez bortz urteko antzinatasuna frogatzea.

2.1.3. %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna duten lagunendako erreserba txandako izangaien betebeharrak.

Ezgaitasuna duten lagunendako txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna.

2.2. Hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik, betebehar horiek hauta-probak gainditu eta lanpostu horretarako izendatzeko proposamenean azaltzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, deialdi honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako epe eta moduan.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetako batean aurkeztu beharko dira (Merkatuko karrika, 7-9; Zapateria karrika, 40; San Saturnino karrika, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke, edo interneten, www.pamplona.es webgunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Minusbaliotasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi dute eskabidean adieraztea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari Iruñeko Udalaren kontuan 18,5 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatzeko tasaren eta azterketa eskubideen ordain. Zuzenean ordaindu ahalko da edo bertzela transferentzia eginda, betiere Iruñeko Udalak finantza entitate hauetan dituen kontuetan: Nafarroako Kutxan (2054 0152 31 1100003684), Euskadiko Kutxan (3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxan (3008 0001 14 1103447429) edo Udalaren diruzaintzan (Merkatuko karrika, 7-9, 2. solairua); kasu horretan ordainagirian agertuko dira, nahitaez, honako datu hauek:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_NANa/IFZ.

_Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

_Kontzeptua: oposizioak.

_Deialdiaren xede den lanpostua.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

3.4. Deialdian igoera txandaren bidez parte hartzen duten izangaiek, horretaz gain, 2.1.2. atalean adierazitako baldintzen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Epaimahaiburua: Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko zinegotzi delegatua.

_Ordezkoa: José Javier López Rodríguez, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorreko zinegotzi delegatua.

_Mahaikidea: Enrique Maya Miranda jauna, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko zuzendaria.

_Ordezkoa: Javier Ayesa Usabiaga, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorreko arkitektoa

_Mahaikidea: José Valdenebro García, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorreko zuzendaria.

_Ordezkoa: Ignacio Arrieta Elías, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko arkitektoa.

_Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Epaimahaikide idazkaria: José Ignacio Alfonso Pezonaga, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorreko arkitektoa.

_Epaimahaikide idazkari ordezkoa: Santiago San Martín Díez de Ulzurrun, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko arkitektoa.

Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2007ko azaroan hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da probak hasteko lekua, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: teorikoa; II. eranskineko lehen zatitik zozketaz ateratzen diren bi gairen gainean idaztea, gehienez ere hiru orduz. Gai bat hautatuko da 1. multzotik eta bertze bat 2. multzotik.

Bigarren ariketa: teorikoa; II. eranskineko bigarren zatitik zozketaz ateratzen diren bi gairen gainean idaztea, gehienez ere hiru orduz. Gai bat hautatuko da 1. multzotik eta bertze bat 2. multzotik.

Hirugarren ariketa: bi kasu praktiko argitu beharko dira, epaimahaiak proposatuak eta lanpostuarekin ikusteko dutenak, II. eranskineko gaien gainekoak.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez 100 puntukoa izan daiteke, honela banatuak:

Lehen ariketa: gehienez ere 25 puntu. Gai bakoitzean gehienez 12,5 puntuko balorazioa ematen ahal da.

Bigarren ariketa: gehienez ere 25 puntu. Gai bakoitzean gehienez 12,5 puntuko balorazioa ematen ahal da.

Hirugarren ariketa: gehienez ere 50 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Kanporaturik geldituko dira ariketa horietako batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Nolanahi ere eta ariketa guztietan, bazterturik geldituko da lehen edo bigarren ariketetako edozein gaitan zero puntuko kalifikazioa duen izangaia.

6.5. Bigarren ariketa plika sistemaren bidez eginen da; hirugarrena, berriz, jendaurreko ekitaldian irakurri beharko zaie epaimahaikoei.

6.6. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bertzela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak. Baztertuko dira, orobat, epaimahaiak ariketak irakurtzeko ezartzen duen egunean agertzen ez diren izangaiak.

6.8. Hauta-probak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hauta-probak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta haiek egin diren tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin. Gero, zerrenda hori Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari igorriko dio, deialdiko lanpostuen kopuruaren barruan sartzen diren eta probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.

Hautaproben azken emaitzan berdinketarik bada, oposizioaldiko ariketetan _hurrenez hurren eta ondotik zehazten den ordenan_ puntuaziorik altuena lortu dutenen alde ebatziko da:

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Lehendakaritzako Alorrari:

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna frogatzen duen agiria, baldin eta minusbaliatuendako txanda murriztuan haren aldeko izendapen proposamena egin bada eta agiria lehenago aurkeztu ez badu.

d) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Ezgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua.

e) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

f) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena.

i) Familia liburua, 2.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako bertze administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Igoera txandako izangaiak, eskabidearekin batera titulu hori aurkeztu baldin badute, hura ekartzetik salbuetsirik egonen dira.

b) %33ko edo hortik goitiko ezgaitasuna frogatzen duen agiria, baldin eta minusbaliatuendako txanda murriztuan haren aldeko izendapen proposamena egin bada eta agiria lehenago aurkeztu ez badu.

c) Iruñeko Udalaren zerbitzuko arkitekto izateko lanposturako izendatua izateko Lehendakaritzako Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Tokiko Gobernu Batzarrak 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko du utzitako hutsunea eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Lehendakaritza Alorrak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostu hutsetatik zein hautatzen duten. Bertzela, zerbitzuaren beharrak eraginda haien ordezkoak direnak, jakinaren gainean jarri ondotik.

8.2. Hauta-probak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda horretakoak ez diren izangaien aurrean.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, %33ko ezgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik.

Ezgaitasuna duten izangaiak badira, eta horrek lanpostu hutsetan aritzeko baldintzetan eragina badu, aukeratzen hasi aurretik, ezgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gaineko txostenaren arabera.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, arkitekto lanpostuan ari daitezen, lanpostu hutsak ebazpen bidez esleituta.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Iruñeko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan bertze Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira, Iruñeko Udaleko alor eta erakunde autonomo guztietarako balioko dutenak:

_Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

_Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

10.2. Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiekin Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honetako 10. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Halaber, zerrenda hori erakunde autonomoetako organo eskudunei igorriko die, aplikatzekoak diren arauei jarraikiz kudea dezaten.

10.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz, Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak, aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenda bat osatuko du deialdi honetako hirugarren ariketan gutxienez ere 6 puntu lortu dituzten izangaiekin.

11._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

11.1. Epaimahaiaren espedientea jasota, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdiko hirugarren ariketan gutxienez ere 6 puntu lortu dituzten izangaiei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

_Deialdiaren 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hori, ukitutako langileen zerrendekin batera, argitara emanen da Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

11.2. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

11.3. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, kasua bada, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren hirugarren ariketan gutxienez ere 6 puntu lortu bai baina lanposturik gabeko gaindituen artean ez daudenen zerrenda.

11.4. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

12._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2007ko apirilaren 11n._Zinegotzi eta Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Izena: ..................., adinez nagusia; NAN/nortasun agiria: ............., jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............, jaiolekua (udalerria/probintzia) .............., naziotasuna: ...................., egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............, posta kodea/herria: ..................., telefonoa: ............, sakelako telefonoa: ...............

Honako hau adierazten dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

Eskatzen dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Iruñeko Udalaren zerbitzuko arkitekto izateko 5 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian, ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ........................... egunean argitaratu zen hartan, txanda honetan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Minusbaliatuendako txanda murriztua*

(*) Deialdian hala adierazten denean bakarrik

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan azaltzen diren datu pertsonalak Udalak hautapen prozeduran dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko kalea, 7-9; 31001 Iruña).

Iruñean, 20....(e)ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

GAI ZERRENDA

I. zatia._1. multzoa.

1. gaia._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea. Egitura. Printzipio orokorrak. Nafarroako toki entitateak: Udalak, kontzejuak, mankomunitateak eta gainerako toki enteak. Haien eskumenak.

2. gaia._Toki administrazioa. Udal organoak. Alkatetza. Osoko bilkura. Gobernu Batzordea. Bertzelako organo erabakitzaile eta informatzaileak. Udal organoen eskumenak eta eskurantzak, oro har. Iruñeko Udalaren Erregelamendu Organikoa. 57/2003 Legea, abenduaren 16koa, udal gobernua modernizatzeko neurriei buruzkoa.

3. gaia._Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesatuak. Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena. Administrazio egintzak: kontzeptua, elementuak, motak eta beharkizunak. Administrazio ebazpen eta egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deusezgarritasuna. Isiltasun administratiboa. Bide administratiboko egintzen berrikuspena. Administrazio errekurtsoak. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

4. gaia._Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina: Horren egitura eta edukiaren analisia. Langile motak. Hautaketa. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Diziplina araubidea.

5. gaia._Kontratazio administratiboa Nafarroan (I). La Ley Foral 6/2006, de contratos públicos y la Ley Foral 6/90 de la Administración Local de Navarra, en materia de contratación local: bien aplikazio eremua eta araubide juridikoa. Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintzak. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak. Interesatuen proposamenak. Kontratazio mahaia. Lizitazioen publikotasuna. Kontratuen esleipena: esleipena, gauzatzea eta formalizazioa.

6. gaia._Kontratazio administratiboa Nafarroan (II). Obra kontratuak betetzea xedapen orokorrak; aldaketa eta kontratuaren etena, azpikontratazioa eta kontratuaren lagapena. Ordainsaria eta prezioak berrikustea. Kontratuen amaiera eta baliogabetasuna: betetzea eta harrera; desegiteko arrazoiak eta horren ondorioak.

7. gaia._Kontratazio administratiboa Nafarroan (III). Obra kontratuak, herri lanen kontzesioa, zerbitzuen kontzesioa, hornidura kontratuak, laguntza kontratuak: bakoitzaren ezaugarriak.

8. gaia._Arkitektura klasikoa. Eraikuntzaren tipologia. Eraikuntza sistemen bilakaera. Ordena arkitektonikoak.

9. gaia._Arkitektura erromanikoa. Arkitektura gotikoa. Eraikuntza mota adierazgarrienak eta haien bilakaera. Eraikuntza sistemak - bilakaera.

10. gaia._Berpizkundeko arkitektura. Arkitektura barrokoa. Eraikuntza moten bilakaera. Eraikuntza sistemak. Hiriaren eta hiri espazioaren bilakaera.

11. gaia._Arkitektura neoklasikoa. Arkitektura motak eta haien bilakaera. Adibideak.

12. gaia._XIX. mendeko arkitekturak. Arkitektura mota berriak eta arkitektura usadio berriak. Burdina, makinaren arkitektura. Nazioarteko estiloa. Hiriaren bilakaera.

13. gaia._Mugimendu modernoa, abangoardiak. Organizismoa, hiri sistema berriak. XIX. mendeko arkitekturak Arkitektura mota berriak eta arkitektura usadio berriak. Burdina, makinaren arkitektura.

14. gaia._Gaur egungo arkitekturaren egoerari buruzko iritzi kritikoa. Mugimendu modernoaren oinarrien berrikuspena.

I. zatia._2. multzoa.

15. gaia._Etxegintzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 3819/1999 legea. Printzipio orokorrak. Etxegintzan parte hartzen duten eragileak (sustatzaileak, etxegileak, arkitektoak eta arkitekto teknikoak). Esku-hartzea, ahalmenak eta erantzukizuna. Etxegintzaren Kode Teknikoa. Kontzeptua.

16. gaia._Arkitekturako obra proiektuak eta zuzendaritza: Proiektuaren baldintzak, proiektu oinarrizkoak eta betearazpen proiektuak, eraikuntza proiektuaren edukia; proiektuaren kontrola. Eraikuntza obrak betetzeko baldintzak, egin beharreko kontrolak. Eraikinaren baldintzak, eraikinaren liburua, eraikinaren erabilera eta zainketa.

17. gaia._Segurtasunaren inguruko oinarrizko eskakizunak, suterik izanez gero (SI): aplikatzeko irizpide orokorrak eta esparrua. Baldintza partikularrak honako hau betetzeko: Segurtasunaren oinarrizko agiria surik piztuz gero (DB-SI). Eraikuntzako produktu eta elementuek nola jokatzen duten, eta zer baldintzatan, suterik piztuz gero. Saio laborategia. Eduki nagusiak SI 1-etik SI 6-ra.

18. gaia._Osasungarritasunaren inguruko oinarrizko eskakizunak (HS) "Higienea, osasuna eta ingurumenaren babesa". Asotsetik babesteko eskakizun oinarrizkoak (HR). Energia aurrezteko eskakizun oinarrizkoak (HE).

19. gaia._Hirigintzaren antolamenduko determinazioak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean. Determinazio egituratzaileak eta xehekatuak. Udal Plan Orokorra hiru mila biztanletik goitiko herrietan: xedea, edukia agiriei dagokienez, tramitazioa.

20. gaia._Iruñeko Udal Plana. Xede nagusiak, eremuen eta sektoreen ariora. Edukia agiriei dagokienez. Kontuan hartzen diren lurralde esparruak eta arauen egiturarekin duen harremana.

21. gaia._Katalogoak. Helburua eta edukia. Iruñeko Udal Planeko katalogoa. Babespen mailak. Aplikatzekoak diren arauak.

22. gaia._Planeamendua eta lizentziak baldintzapetzen dituen legeria sektoriala. Ikuspegi orokorra, Iruñeari dagozkion lege garrantzitsuenen oinarrizko ezaugarriak (urak, ondare historikoa, asotsa, azpiegituren eta komunikazioen zortasuna, bertze batzuk), planeamendu prozesuetan eta lizentzietan duten eragina.

23. gaia._Etxegintzaren eta urbanizazioaren gaineko Iruñeko ordenantzak. Edukia. Aplikazioa.

24. gaia._Garapeneko Planeamendua. Plan Bateratuak. Plan Partziala. Plan Berezia. Xehetasun azterlana. Tramitazioa. Haien guztien edukiak.

25. gaia._Lurzoruaren araubide juridikoa, haren sailkapen eta kalifikazioen arabera. Jabeen eskubide eta betebeharrak. Hirigintza kudeaketarako elementuak. Banaketa eremua. Eredu-aprobetxamendua. Exekuzio unitateak. Mugapena eta kalkulua. Jarduketa sistemak: zerrenda eta ezaugarri nagusiak. Birzatiketa kontzeptua.

26. gaia._Hirigintzako balorazioak. Lurren balioa zehazteko irizpideak. Hasierako balioa eta hirigintzako balioa.

27. gaia._Etxebizitzaren babes publikoa Nafarroan (I). Etxebizitza babestuak: kontzeptua, eaikuntzaren ezaugarriak eta tipologia. Saltzeko eta alokatzeko gehieneko prezioak eta errentamenduen baldintzak. Etxebizitzak eskuratzeko bideak, zentsua eta esleipena. Behin behineko eta behin betiko kalifikazioa.

28. gaia._Etxebizitzaren babes publikoa Nafarroan (II). Zaharberritze arloko jarduketa babesgarriak. Aurrekontu babesgarria, eraikin eta etxebizitzen gutieneko baldintzak, behin-behineko eta behin betiko kalifikazioen zedulak. Lehentasunez zaharberritu beharreko eremuak. Esku-hartze orokorreko proiektuak.

29. gaia._142/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutieneko baldintzak arautzen dituena, eta haren aldaketak. Arau orokorrak. Oinarrizko baldintzak. Etxebizitza berriendako baldintzak. Salbuespenak. Zedula nahitaezkoa.

30. gaia._Oztopo fisiko nahiz zentzumenekoei buruzko 4/1988 Foru Legea eta hura garatzeko erregelamendua (154/89 Foru Dekretua). Aspectos generales y específicos. Ibilbide motak. Parametro normalizatuak. Sinbologia eta erreserbak. 22/2003 Foru Legea, aitzinekoa aldatzekoa.

II. zatia._1. multzoa.

1. gaia._Obren antolaketa. Denboraren eta kostuen kontrola. Gantt-en diagramak. Pert-denboren sistemak. Aurreikuspenak betetzeko probabilitateak. Pertt-kostuen eta C.P.M. sistemak. Obren aurrekontuak.

2. gaia._Lurrerauzketak eta indusketak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Eremuko eta laborategiko entseiuak lurzoruen mekanikan.

3. gaia._Zimenduak, piloteak eta eustormak paratzea. Motak, eraikuntza, kontrola eta ikuskatzailetza.

4. gaia._Hormigoi armatuko eta altzairu laminatuko egiturak. Motak. Indarra duen araudian ezarritako kontrola. Erresistentzia frogak.Forjaketak. Tipologia. Karga probak. Kalitate ezaugarriak eta erabiltzeko baimena.

5. gaia._Estalkiak. Tipologiak. Kontrola. Indarra duen araudia.

6. gaia._Kanpo itxiturak. Kanpo arotzia. Beirak. Tipologiak. Kontrola. Indarra duen araudia.

7. gaia._Iturgintza eta saneamenduko instalazioak, berokuntzakoak eta ur beroarenak. Tipologiak. Kontrola eta ikuskaritza. Araudia. Neurketa eta balorazioa.

8. gaia._Eraikinetako elektrizitate instalazioak. Arautegia. Zerbitzu probak. Materialen kalitate bereizgarriak. Instalazio elektrikoen segurtasuna. Kontrola eta ikuskatzailetza.

9. gaia._Eguzkiaren energia eta haren aplikazioa eraikinetan. Eguzkiaren energiarako diseinu pasiboaren printzipioak. Eguzki instalazio fotovoltaikoaren printzipio eta ezaugarriak. Eguzki instalazio termikoak: elementuak, tipologia, luze-zabalak.

10. gaia._Obretako segurtasun eta osasunari buruzko urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretua. Segurtasun eta osasunaren gaineko gutieneko xedapenak kontratazioetan. Norbanakoa eta taldea babesteko segurtasun bitartekoak, zehazpenak eta erabilera. Segurtasun eta osasunaren gaineko xedapenak laneko bitartekoen erabileran. Segurtasunari eta osasunari buruzko proiektua. Laneko segurtasun eta osasun plangintza.

11. gaia._Mehelinen arteko obrak. Eraispenak eta indusketak. Azpiberritzeak zimenduetan. Batatxeak. Mikropilotajeak. Egituren tipologia.

12. gaia._Hezeguneak eraikinetan. Motak. Jatorria eta ondorioak. Antzemateko moduak. Jarduketa proposamenak.

13. gaia._Egituren indargarriak. Zimenduak jartzea. Eustormak. Hormigoizko, zurezko eta metalezko egiturak. Forjaketak. Zimenduak jartzea.

II. zatia._2. multzoa.

14. gaia._Zaharberritze proiektua. Analisia, diagnostikoa. Patologiak. Eraikinaren eta haren elementuaren azterketa. Faseak. Eraikinak zaharberritzean aplikatu beharreko araudia.

15. gaia._Jabearen betebeharrak eraikinen kontserbazioan. Betearazpen aginduak. Udalaren ordezko betearazpenak. Obrak antolamenduz kanpoko eraikinetan.

16. gaia._Aurriak. Aurri egoeraren deklarazioa. Motak. Eskumena eta prozedura.

17. gaia._Hirigintzako lizentziak: Kontzeptua. Lizentzia behar duten egintzak. Eskumenak eta prozedura. Eraginkortasuna. Iraungitzea. Jarduera sailkatuen lizentziekiko lotura.

18. gaia._Hirigintzako legezkotasunaren babesa. Hirigintzako arau-hausteak zehatzeko prozedura. Arau-hausteen definizioa. Erantzuleak. Eskumena eta prozedura.

19. gaia._Jarduera sailkatuak: Nafarroan aplikatzeko araudia: 4/2005 Foru Legea, ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa: Ingurumen arloko Baimen Osatua. Ingurumeneko eraginetarako baimena. Planak eta programak estrategikoki ebaluatzea, ingurumenari dagokionez. Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzea.

20. gaia._Jarduera sailkatuaren udal lizentzia. Jarduera motak eta tramitazioaren ezaugarriak egin beharreko jardueren ariora. Irekitzeko udal lizentzia. Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak. Nafarroan aplikatzeko araudia: Foru legea, katalogoa, ordutegien gaineko arauketa.

21. gaia._Mugikortasuna hirian. Oinezkoaren babesa, garraio publikoaren bultzada, bizikletaren sustapena eta aparkalekuen politika. Trafikoa eztitzeko estrategiak eta prozedurak.

22. gaia._Urbanizazioa eta hiri diseinua: Oinezkoaren eremua. Mugimenduaren eremua (ibilgailuak eta garraio publikoa). Aparkatzeko eremua. Txirrindularitzarako azpiegituren diseinua. Trafikoen koexistentzia.

23. gaia._Urbanizazioa eta zolatzea: Zolatze lanen baldintza teknikoak. Tipologia, materialak eta ereduko sekzioak.

24. gaia._Paisaiaren tratamenduak hiri tipologian: diseinu berdeak hirigune eta zabalgune historikoetan, egungo poligono eta zabalguneetan eta bertzetan (kirol parkeak, ibai aldeak...). Iruñearen aipamena.

25. gaia._Landaredia baldintzapetzen duten faktoreak hiri eremuetan. Egitura berdeen diseinua: Arbolen kudeaketaren plangintza, betearazpena eta mantentze lanak.

Oharra._Gai guztiak deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondotik onetsitako arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L0706148