64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

359/2007 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Familiaren zuzendari nagusiak emana, Toki Administrazioko Departamentuko Kalitate eta Modernizazio Zerbitzuaren esku uzten duena 012 Informazio Zerbitzuaren kudeaketa.

I._Aurrekariak.

Lehendabizikoa._Toki Administrazioko kontseilariak baimena eman du 012 Informazio Zerbitzuaren kudeaketa agindua onartzeko. Agindua Familiaren Zuzendaritza Nagusitik etorri da.

Bigarrena._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak ere horretarako baimena eman du.

Hirugarrena._Egin dira txosten teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa.

II._Zuzenbideko oinarriak.

Lehenbizikoa._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1 artikuluak dioenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuek egin ditzatela agintzeko, dela eragingarriagoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako. Foru Komunitateko Administrazioari atxikitako erakunde publikoek ere agindu bera ematen ahal dute.

Bigarrena._Bestetik, aipatu 39. artikuluko hirugarren idatz-zatiak dioenez, kudeatzeko agindua departamentu berekoa ez den administrazio-organo bati emateko, bi kontseilarien baimena beharko da.

Hirugarrena._Eta 39. artikuluko bosgarren idatz-zatian adierazten da kudeatzeko agindua ematen duen baimenean aginduaren araubide juridikoa adieraziko dela eta zehazki aipatuko direla xedeko jarduerak, iraupena, agindutako kudeaketaren izaera eta hedadura eta, azkenik, eginkizunak bere gain hartzen dituen entitatearen edo organoaren eginbeharrak eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarenak. Hori guztia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da eraginkorra izan dadin.

Laugarrena._Familiaren Zuzendaritza Nagusiak eskumena du familiaren eta adingabeen arloan, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 012 Informazio Zerbitzuaren kudeaketa Toki Administrazio Departamentuko Kalitate eta Modernizaziorako Zerbitzuaren esku uztea.

2. Hauek dira Kalitate eta Modernizazio Zerbitzuak bete beharreko eremu, prestazio eta baldintzak:

a) Intraneteko kontsulta moduluaren mantentze-lanez arduratzea eta baliabide hori jendaurreko bulego gisa eta teknikarientzako baliabide gisa erabiltzea.

b) BDI 012 Infolocal informazioko datu basearen mantentze-lana eta berariazko dokumentazioa sartzea Familiaren Zuzendaritza Nagusiarentzat.

c) Call center zerbitzua (deiak hartzea, eskaerak prozesatzea, abisuak, kexak, iradokizunak), 10.000 dei arte. Terminalaren edo telefono deiak banatzeko zerbitzua horren barrenean dago. 48 ordu lehenago, hasierako operatoriaren berri eman beharko zaie 012 zerbitzu zentraletakoei.

d) Adierazleen taula eskaintzea hiru hilean behin.

e) Kanpainetan laguntzea (inskripzioak, inkestak, etab.) (gehieneko kopurua aurreko puntuan adierazi da).

f) Irteerako deiak kudeatzea (ahotsez eginak eta sms-ak) (1.500 gehienez ere, erabilera estandarrean).

g) 2 iragarki berariazko, prentsan.

h) 2 prestakuntza ekintza.

3. Kudeatzeko agindu honek 2007ko abenduaren 31 arte izanen du indarra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina.

4. 6.300 euro jartzea Toki Administrazioko Departamentuaren kontabilitate zentroaren (002) esku, 2007ko gastuen aurrekontuko "012 Telefono Zerbitzua" izeneko 950000 92000 2279 231500 kontusailaren kargura.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Toki Administrazioko Departamentuko Kalitate eta Modernizazio Zerbitzuari, Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiko kontabilitate zentroari eta Familiaren Zuzendaritza Nagusiko Familiaren eta Adingabeen Politiken Plangintza, Segimendu eta Ebaluaziorako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 22an._Familiaren Zuzendari Nagusia, Loren Albéniz Ascorbe.

Iragarkiaren kodea: F0705428