64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

269/2007 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Lan zuzendari nagusiak emana, Noaingo "Albernia, Centro Especial de Empleo" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 37/2007).

Departamentu honetan 2007ko martxoaren 12an sartu da aipatu "Albernia, Centro Especial de Empleo" enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 39 artikuluz, 3 azken xedapenez eta 3 eranskinez (2005, 2006 eta 2007rako lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (CC OO eta ELA-STV) 2007ko urtarrilaren 9an izenpetu eta onetsia.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan aipatzen diren lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, eta hori Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, eta kontuan izanik Hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan xedatutakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Noaingo "Albernia, Centro Especial de Empleo" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea (kodea: 3108082), Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.

2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 27an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

NOAINGO "ALBERNIA, CENTRO ESPECIAL DE EMPLEO" ENPRESAREN IV. HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lan hitzarmen kolektibo honek "Albernia, Centro Especial de Empleo" enpresaren eta bere pertsona eta lurralde eremuan sarturik dauden langileen arteko lan harremanak arautzen ditu.

2. artikulua. Lurralde eremua.

Lan hitzarmen kolektibo hau Noainen dagoen "Albernia, Centro Especial de Empleo" enpresako langileei aplikatuko zaie.

3. artikulua. Iraunaldia, amaieraren iragarpena eta indarraldia.

Hitzarmen kolektibo honek sinatzen den momentuan hartuko du indarra eta 2007ko abenduaren 31 arteko iraunaldia izanen du. Hala ere, soldatei dagokien indarraldiak atzera joko du 2005eko urtarrilaren 1a arte.

Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, beste hitzarmenik ezean, lehengoaren arauek segituko dute indarrean.

Langileen Estatutuen Testu Bateginaren 86.2 artikuluan ezarritako ondorioetarako, lan hitzarmen kolektibo honen eragina hasieran erabakitako indarraldia bukatzean galtzen dela ulertuko da.

4. artikulua. Langileak.

Lan Hitzarmen Kolektibo honek langile finkoak, aldi baterako langileak, bitartekoak eta behin-behinekoak hartzen ditu, honakoetan ezarritako edozein kontratazio mota dutenak: Langileen Estatutuan eta hura garatzeko gainerako legerian, batik bat 427/99 Errege Dekretuaren bidez aldatutako uztailaren 17ko 1368/99 Errege Dekretuan (Enplegurako Zentro Berezietan lanean ari diren minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen duena). Hitzarmenaren aplikaziotik kanpo gelditzen dira gizarte-boluntarioaren lana egiten dutenak edo prestakuntza praktiketan edo erlijio zereginetan ari direnak, eta "Albernia, Centro Especial de Empleo" entitatearekin zerbitzuen errentamendu kontratuak hitzartuak dituzten enpresen plantilletakoak.

Halaber, eta lanean gainerako langileekin ari baldin badira ere, hitzarmen honen aplikazio eremutik kanpo daude, espresuki, "Albernia, Centro Especial de Empleo" enpresaren alor edo departamentuetako zuzendariak.

II. TITULUA

Lanbide sailkapena

5. artikulua. Langileen sailkapena.

Langileak, betetzen duten lanaren arabera, lanbide talde, kategoria edo maila hauetako batean sailkatuko dira:

1. taldea._Teknikariak.

1.1. Goi mailako teknikariak.

1.2. Erdi mailako teknikariak.

1.3. Tailerreko arduraduna.

1.4. Sekzioko arduraduna.

1.5. Produktuaren kalitatearen arduraduna.

2. taldea._Administrazioko langileak.

2.1. Administrari-ofiziala.

2.2. Administrari laguntzailea.

3. taldea._Produkzioko/Zerbitzu Orokorretako langileak.

3.1. Auto-gidaria.

3.2. Egiaztatzailea.

3.3. Biltegizaina.

3.4. Garbitzaileak eta jantokiko langileak.

3.5. Prebentzioko mantentze-lanetako langileak.

3.6. Ekoizpeneko langilea.

Artikulu honek biltzen dituen talde, kategoria eta mailak zerrenda hutsa dira eta ez dira lanpostu guztiak zertan beterik egon. Orobat, eginkizunen atxikimendu zehatza egin eta talde, kategoria eta maila berriak sartzen ahal dira.

6. artikulua. Kategorien definizioa eta eginbeharrak.

1. taldea._Teknikariak.

1.1. Goi mailako teknikariak: unibertsitate bateko goi zikloko edo maila bereko eskola tekniko bateko titulua daukate. Beren esperientzia edo prestakuntza teknikoa frogatu dute. Enpresan titulazioari edo prestakuntzari dagozkien eginkizunak eta kontratuaren xede diren erantzukizuneko eginkizunak egiten dituzte. Zuzendariarekin batera bere arloaren erantzukizun osoa hartzen dute beren gain.

1.2. Erdi mailako teknikariak: unibertsitate bateko ziklo ertaineko edo maila bereko eskola tekniko bateko titulua daukate. Beren esperientzia edo prestakuntza teknikoa frogatu dute. Enpresan titulazioari edo prestakuntzari dagozkien eginkizunak eta kontratuaren xede diren erantzukizuneko eginkizunak egiten dituzte. Zuzendariarekin edo arduradunarekin batera bere arloaren erantzukizun osoa hartzen dute beren gain.

1.3. Tailerreko arduraduna: gaia behar bezala ezaguturik, fabrikazioko buruak, zuzendaritzak edo horien ordezkariek agindurik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

_Zuzentzen duen taldea dinamizatzea eta langileen gaitasunen arabera haien lanak banatzea.

_Ezarririko ekoizpena eta bere menpe dituen langileek egiten dituzten arloetarako kalitatearen betebeharrak bermatzea.

_Bere sekzioak eten gabe hobetzen jardutea eta prestakuntzarako ekintzak, ekoizpena hobetzekoak eta antolamendurakoak proposatzea.

_Etekinik hoberenak lortzeko langileei laguntzea eta bere menpe dituen langileen betebehar eta arazoak atzeman eta bideratzea.

_Bere ardura diren makina, instalazio, material, etab. ongi mantentzea.

_Bere lanak egiteko behar diren tresna, lanabes eta bestelako osagaiak kontrolatzea.

_Fabrikazioko buruarekin eta beste arlo batzuetako arduradunekin elkarlanean aritzea, bere erantzukizuneko sekzioen etekinen datu eta adierazleak kudeatzeko.

_Enpresako kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak beteko ditu.

1.4. Sekzioko arduraduna: gaia behar bezala ezaguturik, fabrikazioko buruak, zuzendaritzak edo horien ordezkariek agindurik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

_Zuzentzen duen taldea, gehienez ere 25 pertsonakoa, dinamizatzea eta langileen gaitasunen arabera haien lanak banatzea.

_Ezarririko ekoizpena eta bere menpe dituen langileek egiten dituzten eginkizunetarako kalitatearen betebeharrak bermatzea.

_Bere sekzioa eten gabe hobetzen jardutea eta prestakuntzarako ekintzak, ekoizpena hobetzekoak eta antolamendurakoak proposatzea.

_Etekinik hoberenak lortzeko langileei laguntzea eta bere menpe dituen langileen betebehar eta arazoak atzeman eta bideratzea.

_Bere ardura diren makina, instalazio eta materialak ongi mantentzea.

_Bere lanak egiteko behar diren tresna, lanabes eta bestelako osagaiak kontrolatzea.

_Fabrikazioko buruarekin eta beste arloetako nagusiekin elkarlanean aritzea, bere erantzukizuneko sekzioko etekinen datu eta adierazleak kudeatzeko.

_Enpresako kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak beteko ditu.

1.5. Produktuaren kalitatearen arduraduna: Kalitate departamentuko langilea da eta enpresaren kalitate sisteman ezarritako eginkizunak eta erantzukizunak beteko ditu, bai eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion beste eginkizunak ere.

2. taldea._Administrariak

2.1. Administrari-ofiziala: beste batzuek gainbegiraturik baina bere ekimenaz eta erantzukizunaz baliatuz, zentroko langile eta baliabide materialen tramitazio administratiboa antolatu eta burutzen du, zentroan berean eta hortik kanpo. Harrera kudeatu, kobrantza eta ordainketak eraman, posta lanak egin, kontabilitateko idatzoharrak, likidazioak, txostenak eta estatistikak egin eta kalitate sisteman ezarririko beste eginkizun eta erantzukizun batzuk eta bere karguagatik bere erantzunkizunagatik dagozkionak egiten ditu.

2.2. Administrari laguntzailea: beste batzuek gainbegiraturik baina ekimen eta erantzukizun mugatuez baliatuz, zentroko langile eta baliabide materialen tramitazio administratiboa burutzen du, zentroan berean eta hortik kanpo. Harrera kudeatu, kobrantza eta ordainketak eraman, posta lanak egin, kontabilitateko oharrak, likidazioak, txostenak eta estatistikak egin eta kalitate sisteman ezarririko beste eginkizun eta erantzukizun batzuk eta bere karguagatik bere erantzunkizunagatik dagozkionak egiten ditu.

3. taldea._Produkzioko/Zerbitzu Orokorretako langileak.

3.1. Auto-gidaria: erabili behar duen ibilgailuari dagokion gidabaimena du. Baimendurik dauzkan ibilgailuak gidatzen eta horien funtzionamendua eta garbiketa mantentzen arduratzen da. Zuzemenak agintzen ahalko zaizkio enpresaren edo besteren tokietan. Garraiatu beharreko mandatuak kontrolatu eta kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak eginen ditu.

3.2. Egiaztatzailea: enpresaren kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak egiten dituen pertsona da.

Kategoria honetan, eta lanean lortutako balioaniztasun, produktibitate, prestasun, kalitate eta akabera graduen arabera, bi maila profesional ezarri dira, A eta B letrekin bereizitakoak.

3.3. Biltegizaina:-materiala hartzeaz eta biltzeaz arduratzen da. Barruko eta kanpoko igorpenak prestatu, enpresaren eta besteren ibilgailuetan zama-lanak egin eta unean-unean hartzen dituen jarraibideen arabera salgaiak plantan banatzen ditu. Enpresako kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak beteko ditu.

3.4. Garbitzaileak eta jantokiko langileak. bulegoak, jantokia, aldagelak, tailerrak eta bere erantzukizun pean bereziki utzi diren gainerako espazioak garbirik egoteko ardura duen pertsona da. Jantokia prestatu behar dute eta euren lana egiteko eman zaizkien tresnen eta lanabesen zainketa beren ardura izanen da. Enpresako kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta bere karguagatik eta bere erantzukizunagatik dagozkion besteak beteko ditu.

3.5. Prebentzioko mantentze-lanetako langileak: fabrikazio buruaren edo haren ordezkarien menpe, makina eta instalazio nagusien funtzionamendu eta garbiketa egokia bermatzeko behar diren lanak egiten dituzte. Aurreneurrietarako plana garatzen dute. Zuzenketa txikiak egiten dituzte. Ekoizpen eta segurtasun ekipoak abian jartzen dituzte. Kalitate sisteman ezarririko eginkizun eta erantzukizunak eta beren karguagatik eta beren erantzukizunagatik dagozkien besteak egiten dituzte.

3.6. Produkzioko/Zerbitzu Orokorretako langilea: ekoizpen arloetan eta zerbitzu orokorretan, lan metodo zehatz baten arabera, zehazki gainbegiraturik, lanak egiten ditu, ahalegin fisikoa edo arreta behar dutenak. Aldian-aldian oinarrizko lanbide ezagutza ere beharko dute, baita egokitzeko epe bat ere. Produkzioko langilearen kategoriak sei maila ditu, langile bakoitzari emandako eginkizunak betetzeko gaitasunaren araberakoak.

Artikulu honetan lanbide sailkapen bakoitzarentzat adierazi diren eginkizun eta lanak adibide moduan jarri dira. Hortaz, langile guztiak gainean dituzten agintariek agintzen dizkieten bestelako lan eta eginkizunak egitera behartuta daude, hemen adierazi ez badira ere, betiere beren eskumen eta kategoriaren barrenekoak baldin badira.

7. artikulua. Lanbide sustapena.

Enpresan hutsik dauden lanpostuak, hark erabikirik, bete edo amortizatzen ahalko dira, hala baderitzo, lanaren, garapen teknologikoaren eta komenigarri egiten duten bestelako inguruabarren arabera.

Hiru modu izanen dira lanpostu hutsak betetzeko: enpresak egindako izendapen librea, merezimendu bidezko barne igoera eta kontratazio berriak.

Arlo teknikoetako eta administrazioko lanpostuak eta, eskuarki, agintaritza edo konfiantza eta erantzukizun berezia behar duten lanpostuak, enpresaren egituraren edozein mailatan, izendapen libreen edo kontratazio berrien bidez beteko dira.

Beste lanpostuak betetzea eta egiaztatzaileen eta produkzioko langileen kategorien mailen arteko igoerak merezimendu eta gaitasunaren araberako irizpide eta/edo proba objektiboei jarraituz beteko dira eta halaxe izanen da lanbide-mailen arteko igoera. Irizpide eta proba horiek zuzendaritzak ezarriko ditu, Lanbide Igoerarako Batzordeari galdeturik.

_Balioaniztasuna.

_Kalitatea eta akabera maila lanean.

_Produktibitatea.

_Prestasuna.

Plantillako langileen lanbide-igoera indartzeko, enpresatik kanpoko eta plantillako hautagaiak elkarrekin lehiatzen direnean lanpostu hutsak betetzeko, baldintza berdinetan, lehentasuna plantillakoek izanen dutela espresuki ezartzen da.

Aurrean errandako guztia osatuz, eta aurreko idatz-zatietan ezarritakoa hertsiki betetzen dela zaintzeko, Lanbide Igoerarako Batzorde Mistoa sortu da. Lau kide izanen ditu, bi zuzendaritzaren ordezkari eta beste biak Enpresa Batzordearen ordezkari, eta enpresako lanpostu hutsak betetzeko edo igotzeko merezimenduen balorazio prozesuetan parte hartuko du. Batzorde horren erabakiak kideen gehiengo soilaz hartuko dira, eta berdinketarik izanez gero, Zentroko zuzendariaren kalitateko bozak ebatziko du.

III. TITULUA

Kontratazioak

8. artikulua. Kontratuak.

Kontratu guztiak idatziz formalizatuko dira, eta Enplegurako Zentro Berezietan lanean ari diren minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen duen uztailaren 17ko 1368/19885 Errege Dekretuan, martxoaren 12ko 427/85 Errege Dekretuak aldadu zuen hartan, ezarritakoari men eginen zaio.

Kontratuen iraupenari eta motei dagokienez, 1368/85 Errege Dekretuko 7. eta 10. artikuluetan, 427/99 Errege Dekretuaren bidez eman zaion idazketan, agindu bezala eginen da.

9. artikulua. A.L.E.

Enpresak, oro har, Aldi baterako Lan Enpresez ez baliatzeko hitza ematen du. Horregatik, bakarrik aparteko kasuetan, Enpresa Batzordearen kide gehienak ados daudela, izenpetzen ahalko dira kontratuak aldi baterako lan enpresekin langileak atzemateko.

10. artikulua. Probaldia.

Langileak enpresan lanean hastean proba gisan arituko direla ulertuko da, idatziz horrela agertzen bada. Probaldiaren iraupena aldakorra izanen da, bete beharreko lanpostuen eta gainerako gorabeheren arabera. Hala ere, behin ere ez da izanen sei hilabete baino luzeagoa, halaxe xedatzen baita 1368/85 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan, 427/99 Erege Dekretuaren bidez eman zaion idazketan.

11. artikulua. Borondatezko lanpostu-uztea.

Bere borondatez enpresa utzi nahi duen langileak gutxienez 15 egun aurretik horren berri eman beharko du. Aurreabisu horren epea ez betetzeak azken likidazioan eta finikitoan kenketa bat ekarriko du, eta haren balioa aurreabisua egin behar zuenetik egin duenera bitarteko egunei dagokien soldata adinakoa izanen da.

Zentroak garaiz eta behar bezala jasotzen badu, beharturik dago lan-harremanari bukaera ematera, eta langileari dagokiokeen bukaerako likidazioa eta finikitoa eman beharko dizkio. Eginbehar hori bete ezik, langileak eskubidea izanen du kalte-ordain bat hartzeko. Honelaxe kalkulatuko da: atzeratu den egun bakoitzeko bi eguneko lansaria pagatuko zaio, gehienez ere 15 egunekoa.

IV. TITULUA

Lan osasuna

12. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Une bakoitzean indarra duen legeriak agintzen duenari jarraituko zaio, eta, bereziki, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak eta hura garatzen duten arauek ezarritakoari.

2005. urteko lehenbiziko hiruhilabetekoan Osasun eta Segurtasun Batzordean langileriari jakitera emanen zaio enpresak 2004an arlo honetan egin duen lana eta, halaber, enpresak prestatu dituen arriskuen ebaluazioari buruzko txostena eta aurre-neurrien plana aurkeztuko ditu.

13. artikulua. Laneko arropa eta babes-jantziak.

Langile guztiei laneko jantziak emanen zaizkie (bat neguan eta beste bat udan) eta baita segurtasuneko oinetakoak edo babeserako bestelako edozein ekipamendu ere, arriskuak neurtzean beharrezkoa dela legez erabaki bada.

Jantzi eta ekipo horiek guztiak zentzuz erabili eta hondatzen diren heinean berritu beharko dira. Horri dagokionez, espresuki ezartzen da enpresak janzki eta ekipo erabiliak itzultzea eska dezakeela berriak eman baino lehen.

Arlo honetaz sor daitezkeen gorabeherak, hala nola, jantziak aldatzeko datak eta maiztasuna, arropa mota eta haren ezaugarriak, eta abar, enpresa batzordeak eta zentroko zuzendaritzak elkarrekin eztabaidatu ondoren erabakiko dira.

V. TITULUA

Lanaldia, oporrak, lizentziak eta eszedentziak

14. artikulua. Lanaldia.

2005. eta 2006. urteetan, lanaldiak 1.634,50 benetako lanordu izanen ditu. 2007. urtean, berriz, 1.626,50 benetako lanordukoa izanen da. Lehen inaddar zuenaren aldean dagoen denbora murrizketa langileen afera pertsonaletarako bi egun libreez gain beste bat izanen da, langileak nahi duenean erabiltzeko sekzioko beste lankide batekin batera ez baldin bada eta enpresari abisua aldez aurretik, bi lanegun lehenago bederen, ematen bazaio.

15. artikulua. Atsedenaldiak.

Lanaldi etengabe eta lanaldi etenerako langileendako 30 minutuko atsedenaldia ezartzen da. Denbora hori ez da joko egiazko lanalditzat presentzia alditzat baizik.

Eguneko atsedenaldi hori 20 eta 10 minutuko bi zatitan eginen da, non eta antolaketa edo produkzio arrazoiak direla medio bestela egitea erabakitzen ez den.

Halaber, enpresak sekzioen eta langile taldeen berariazko ordutegietako atsedenaldiak zehaztuko ditu. Atsedenaldi horiek, hala komeni denean, aldatzen ahalko dira antolaketaren edo produkzioaren arabera.

Lanaldien arteko eta asteko atsedenaldiei dagokienez, enpresak prestaturiko ordutegi eta egutegietan xedatu bezala eginen da. Horiek, betiere, legeak unean-unean aurreikusiriko gutxieneko iraupenak errespetatu beharko dituzte.

16. artikulua. Lan egutegia.

Urtero, bezeroen beharren arabera, enpresak lan egutegi bat osatuko du, non bere egiturako sekzio eta bulegoetako txanda, ordutegi eta lanegunak zehaztuko baitira.

Halaber, egutegi horretan oporraldiak ere paratuko dira eta, urtean-urtean, ondoko artikuluan ezartzen den prozedura hitzartuan zehaztuko baitira.

Zentroko sekzio eta bulegoetako urteko lan egutegia zehaztu ondoren, enpresak aldaketak egiten ahalko ditu. Horien arabera, zentro osoak edo sekzio batzuek hasiera batean egutegian laneguntzat jotzen ez ziren egunetan lan egin beharko dute. Lanaldien luzapen horiek esku dirutan ordainduko dira, 7 euro lan egindako ordu bakoitzeko. Diru zenbateko hori modu bateratuan ezarri da kategoria eta maila guztietan, Tailerreko arduradunarenean izan ezik, harena 10 eurokoa izanen baita ordu bakoitzeko. Aurreko diru zenbateko horiek ezin dira aldatu Hitzarmen honek indarrean iraun bitartean.

17. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek urtean 30 egun naturaleko oporrak izanen dituzte, pagatuak.

Urteko opor horiek, urte bakoitzean zehar hartu beharko direnak, ezin izanen dira eskudirutan ordaindu, salbu eta lan harremana hautsiz gero edo eszedentzia hartuz gero.

Urte naturalean zehar kontratatutako langileek lan egiten duten denborari proportzioan dagozkion opor egunak izanen dituzte.

Oporrak, hauek hartzean langileak kobratzen duen egiazko soldata indardunaren arabera pagatuko dira.

Oporretarako txandak urtero zehaztuko dira, ahalik eta lasterren, enpresako zuzendaritzaren eta langileen batzordearen arteko adostasunaren bidez. Bezeroen zerbitzu beharrak kontuan hartuko dira.

Hori horrela, bezeroen zerbitzu beharrak ezagutu ahala, zuzendaritza eta langileen batzordeak, hitzarmena interpretatu eta betearazteko bitariko batzordean, bulego, sekzio edo lanpostu bakoitzerako oporrak hartzeko egunak zehaztuz joanen dira. Data hauek ezartzean, posible bada aukera batzuen artean hautatzea, ahalik eta lasterren jakinaraziko zaie langileei, beren bulego, sekzio edo lanposturako txanden artean hautatu ahal izan dezaten. Kasu horietan, langileak hautatu ondoren, ezarririko egunak ezin aldatuko dira, salbu eta langilea eta enpresa espresuki ados badaude.

Azken kasu hauetan lortu nahi den helburua oporrak bulego, sekzio edo lanpostu bakoitzean gutxieneko lanari eta bezeroendako zerbitzuari eutsiz hartzea denez, espresuki esku ematen zaio hitzarmena interpretatzeko bitariko batzordeari gutxieneko lana bermatu, oporrak hartzeko lehentasunezko irizpideak eta metodoak ezartzeko, helburu hori ahalik eta hobekien erdiesteko. Lan maila eta lehentasunezko irizpide horiek ukituriko langileei jakinaraziko zaizkie, horiei lotuz norberak bere oporrak hartu ahal ditzan.

18. artikulua. Aldi baterako ezintasun egoera oporretan.

Larritzat edo oso larritzat jotzen den lan istripu baten ondorioz, langile batek opor guztietan edo batzuetan aldi baterako ezintasuna badu, lanera itzuli ondoren eskubidea izanen du oporraldian bajan egon den bezainbeste opor egun izateko.

Halaber, langile batek, eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondorioz, ospitaleratuz gero, lanera itzuli ondoren, ospitaleratze aldia frogaturik eta kasuan kasuko baja-agiria tramitaturik, eskubidea izanen du ospitalean emaniko opor egun berak izateko.

Bi kasuetan, oporrak hartzeko egun berriak ukitua eta enpresa ados daudela zehaztuko dira.

Halaber, bi kasuetan, urteko abenduaren 31n langileak, eri edo ospitalean badirau, ez du eskubiderik izanen oporrik berriro hartzeko.

19. artikulua. Baimen ordainduak.

Langileak, ahalik eta denbora gehienarekin aldez aurretik ohartemanik eta ondoren justifikatu beharrarekin, zilegi dute lanpostuan ez egotea, benetako soldata indarduna eskuratzeko eskubidea galdu gabe, honako arrazoi hauetakoren bat tartean denean, eta kasu bakoitzean adierazten den denboraz:

a) Ezkontza: 15 egun natural.

b) Haur baten jaiotza: 4 egun natural.

c) Ondokoen heriotza, eritasun larria, ospitaleratzea edo prozesu larri baten ondoriozko ebakuntza:

_Ezkontidea eta seme-alabak: 4 egun natural.

_Gurasoak: 3 egun natural.

_Anai-arrebak, aiton-amonak eta bilobak: 2 egun natural.

_Koinatu-koinatak (koinatu-koinaten senar-emazteak edo anai-arreben koinatu-koinatak izan ezik), aitaginarreba-amaginarreba eta suhi-errainak: egun natural bat.

c) eta c) bis ataletako kasuetan baimenak hartzeari begira, ebakuntza eta horretarako prestatzeko aurretik behar litezkeen ospitaleratzeak kasu bakartzat hartuko dira. Halaber, espresuki ezarri da baimena ezin dela ospitaleratzealdia baino luzeagoa izan.

Ospitalizazioaren kasuan, egoerak irauten duen denbora guztian izanen da baimena hartzeko aukera. Ezein kasutan ezingo dira hartu, gozamen gerokotuaren sistema berri honen bidez, gertaera eragilearen ondotik egokitu izango litzaizkiokeen baino lan egun gehiago.

c) bis. Ezkontidearen edo seme-alaben ospitaleratzea edo prozesu ez larri baten ondoriozko ebakuntza: egun natural bat.

c) eta c) bis ataletako kasuetan arrazoi horiek direla-eta langileak Foru Komunitatetik kanpora joan behar badu, lizentzia hori egun natural bat luzatuko da alboko probintzien kasuan eta 2 egun natural gainerakoetan.

d) Ohiko bizilekuz aldatzeko (ezkontzaren ondoriozkoarekin bat ez badator): egun bat.

e) Gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontza: egun natural bat.

f) Behar den denbora hartzen ahal da Gizarte Segurantzan familiaren medikuari eta sendagile espezialistei egin beharreko kontsulta medikoen kasuetan eta errehabilitaziorako tratamendu mediko-funtzionaletan eta lanbidearen arloko orientazio, prestakuntza eta berregokitzapen ekitaldietan parte hartzeko, lanaldiz kanpo joaterik ez dagoenean eta seihilabetekoan hamar egun baino gehiago ez direnean.

g) Publikoa edo pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.

h) Titulu akademiko bat lortzeko edo lanpostu bat eskuratzeko oposizio bat lortzeko asmoz HZMak edota Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, ofizial edo onartuetan, izena eman duten langileek, azterketetara eta gaitasun eta ebaluazio probetara joan ahal izateko behar-beharrezkoa den denbora.

i) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, legeetan ezarritakoari jarraikiz.

j) Erditu aurreko azterketa medikoak egiteko eta erditzeko prestatzeko tekniketan trebatzeko, behar-beharrezkoa den denbora, lanorduetan egin behar badira.

a) eta e) bitarteko epigrafeetako lizentziak, biak barne, egun naturaletan kontatuko dira eta, c) epigrafeko ospitalizazioetarako egindako oharraren kasuan salbu, gertaera eragilea sortu den unetik beretik hartuko dira.

"Ezkontidea" aipatzen den guztietan, balio berekoa izanen da langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi den pertsona, gutxienez urtebete lehenagotik elkarrekin bizi badira, eta betiere bizilekua duen udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.

20. artikulua. Eszedentziak.

1._Borondatezko eszedentzia norberaren aferetarako.

Zentroan urtebeteko antzinatasuna, bederen, daukan langile orok aukera izanen du hiru hilabetetik urtebetera bitarteko borondatezko eszedentzia hartzeko, lanpostua gorderik. Lanpostua gordetzeko denbora bukaturik, langileak, enpresara itzuli ez bada, eskatzen ahalko du eszedentzia luzatu dakiola, lanpostua gorde gabe, baina lanpostu hutsak betetzeko lehentasunezko eskubideari eutsiz, zentroan dauden kategoria berean edo antzekoan.

Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta bi urte igaro eta gero.

2._Borondatezko eszedentzia lanpostu bat eskuratzeagatik.

Zentroko langile minusbaliatuei lan munduan sartzeko erraztasunak emateko, ohiko enpresa batean (enplegurako zentro berezia ez den batean) zerbitzu ordainduetan hasiko dela frogatzen duen langile minusbaliatu orok eskubidea izanen du, hori dela eta, borondatezko eszedentzia hartzeko, gehienez ere hiru urtez, lanpostua gorderik.

3._Gainerako kasuak.

Eszedentzia kasu guztietan, aurreko atalean aurreikusitakoa izan ezik, Langileen Estatutuko 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio, zehazki Familiako bizitza eta lana batera eramateari buruzko azaroaren 5eko 39/1.999 Legeak emandako idazketak dioenari.

21. artikulua. Lanaldi-laburtzeak, bular-ematea, amatasuna eta haurdunaldiko arriskua.

Gai horiei guztiei dagokienez, Langileen Estatutuko 37. artikuluko 4.etik 6.era bitarteko, 45.1 d) eta 48.eko 4. eta 5. ataletan ezarritakoari jarraituko zaio, Familiako bizitza eta lana batera eramateari buruzko 39/1.999 Legeak emandako idazketak dioenari zehazki.

22. artikulua. Egokitze pertsonal eta sozialerako Batzordea.

Egokitze pertsonal eta sozialerako programaren barrenean, Batzorde Mistoa eratzen da eta ahalmena ematen zaio langileen kasu zehatzak direla-eta, ondoko gaiei buruz Hitzarmenean ezarritakoa handitu eta aplikatzeko:

_Baimen ordainduak

_Eszedentziak

_Lanaldi murrizketak

_Amatasuna

_Haurrari esnea ematea

_Haurdunaldiko arrisku egoera

Gai horiei dagokienez, Batzordeari ahalmena ematen zaio, langile bakoitzak egiten dion eskaera zehatza azterturik, gai horietan hitzartutako baldintzak eta eskubideak handitu eta hobetzeko, kasu bakoitzean biltzen diren inguruabarrak baloratuz.

Batzorde horrek kide izanen ditu Zentroko zuzendaria, gizarte laguntzailea eta langileen ordezkari bat, enpresa batzordeak bere kideen artetik aukeratutakoa, eta erabakiak gehiengoz hartuko ditu.

VI. TITULUA

Baldintza ekonomikoak

23. artikulua. Soldataren egitura eta ordainsariak emendatzea.

a) Soldaten egiturak kategoria bakoitzeko oinarrizko soldata, denbora edo lan unitateko sari finkoa den aldetik, eta, hala bada, kasuan-kasuan bidezko diren soldata osagarriak, hurrengo artikuluetan zehazten direnak, bilduko ditu.

b) Kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren bidez egiazko lanaldia eta hitzarmen honetan edo lege orokorrean ezarririko atsedenaldiak pagatzen dira. Hilabete bakoitzeko balioak hitzarmen honetako lansarien tauletako eranskinean ageri dira.

c) 2005., 2006. eta 2007. urteetarako hitzartutako lansariak hitzarmenaren 1., 2. eta 3. eranskinetan ageri direnak dira.

d) Langileen Estatutuaren 26.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hitzarmen honetan ezarrita dauden ordainsari guztiak gordinak dira. Ohartarazi beharra dago, halaber, Lansarien Taulen eranskinean ageri diren zenbateko guztiak lanaldi osoari dagozkiola.

24. artikulua. Lanpostuaren osagarria.

Hitzarmen honetako lansarien tauletako eranskinean zehazten diren kategorietarako eta mailetarako, eta kasuan-kasuan zehazten diren hilabeteroko zenbatekoekin, kategoria eta maila horien zereginetan aritzeari lotutako lansari osagarri bat ezartzen da. Osagarri horri lanpostuaren osagarria deritzo eta urteko hamabi hilabeteetan eta udako eta Eguberrietako aparteko bi ordainketetan pagatuko da.

25. artikulua. Produkzio prima.

Produkzioko langilea izeneko kategorian biltzen diren langileek lansari osagarri bat jasoko dute lanaren kalitate eta kopuruagatik. Osagarriari produkzio prima deritzo eta, hitzarmen honen tauletan dauden sei mailetarako jarritako 2007ko diru zenbatekoak ordainduko dira, hitzarmenaren onespeneko azken aktan horietako bakoitzarendako ezarri den adskripzioaren arabera.

Ordainsari hori jasoko da, kasu bakoitzari dagokion diru zenbatekoan, urteko hamabi hilabeteko arruntetan, eta oporraldian langileak aurreko hiru hilabete naturaletan ateratako batez bestekoa ordainduko da.

26. artikulua. Aparteko eskersariak.

Enpresako langile guztiendako bi aparteko eskersari izanen dira, bata udan bestea eguberrietan. Haietariko bakoitzaren zenbatekoa, osorik kobratzeko eskubiderik izanez gero, hilabeteko oinarrizko soldata izanen da, lanpostuaren osagarria gehiturik, horrelakorik baldin bada.

Aparteko ordainketa horiek urtean urteko ekainaren 30ean eta abenduaren 22an pagatuko dira, egun horretan indarra duten zenbatekoen arabera.

Udako eta eguberrietako eskersarien sorrarazpena seihileko naturalekoa izanen da bi kasuetan, eta ordainketa, kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa, hasiera edo bukaera ezartzeko, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko tartea hartuko da lehen kasuan eta uztailaren 1etik abenduaren 31 bitartekoa bigarrenean.

VII. TITULUA

Hobekuntza sozialak

27. artikulua. Banakako istripuetarako aseguru kolektiboa.

Enpresak bere kargura kontratatuko du langile bakoitzarendako banakako istripuetarako aseguru kolektiboaren poliza, 24.040,48 euroko kapital aseguratua estaliko duena, lan edo "in itinere" istripuaren ondoriozko heriotzaren kasuan.

28. artikulua. Aldi baterako ezintasuna

Enpresak osatu eginen ditu aldi baterako ezintasunagatik langile bakoitzari, gertakizun bakoitzerako legez ezarritakoaren arabera, eskuratzea egokitzen zaizkion prestazioak, oinarrizko soldataren eta lanpostuaren eta hitzarmenaren osagarrien, baldin baleude, ehuneko 100eraino iritsi arte.

Hobekuntza hori lehenbiziko egunetik ordainduko da, eta ordainketa delegatuaren A.E. egoerak irauten duen bitartean iraunen du, bai Lan Istripuen eta baita Lanbideko Eritasunen ondoriozko kasuetan, eta baita Eritasun Arrunten eta lanetik kanpoko Istripuen ondoriozkoetan ere.

29. artikulua. Prestakuntza.

Enplegurako Zentro Berezietan lanean ari diren minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen duen 427/99 Errege Dekretuaren 13.b artikuluari jarraikiz, langileak, abisua eman eta justifikatu ondotik, lanetik atera daiteke errehabilitaziorako tratamendu mediko-funtzionaletara joateko eta lanbidearen arloko orientazio, prestakuntza eta berregokitzapen ekitaldietan parte hartzeko, eta lansaria jasotzeko eskubidea izanen du seihilabetekoan hamar egun baino gehiago ez baldin badira.

30. artikulua. Erretiroa aldez aurretik hartzea.

Enpresak behar diren kontratuak gauzatuko ditu errelebo-kontratuaren bidezko erretiro partziala edo erretiro berezia borondatez hartu nahi duten langileek hala egitea izan dezaten, eta, unean uneko lege indardunei jarraikiz, aukera emanen die erretiroa aldez aurretik hartzen ahal duten langileei lan egiteari uzteko.

VIII. TITULUA

Hutsegiteen eta zehapenen diziplina araubidea

31. artikulua. Diziplina araubidea.

Zentroko zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, lanean hutsegiteak egiteagatik, ondoko artikuluetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz.

32. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

Langileek lanean edo lanaren ondorioz egiten dituzten diziplina hutsegiteak honelakoak izan daitezke: arinak, larriak eta oso larriak.

A) Hutsegite arinak:

A.1) Lankideenganako errespetu edo begiramendu falta.

A.2) Hilean behin lanera ez joatea, bidezko arrazoirik gabe. Langilea lanaldia hasi eta ordubete pasa iristen bada lanera, lanera ez joatea bezala joko da. Honek ez du esan nahi egun horretako lansari osoa galduko duenik, lanetik kanpo emaniko denborari dagokiona baizik.

A.3) Lanera berandu joatea, arrazoirik eman gabe, enpresak ezarririko ordutegiaren arabera, gehienez ere hiru egunetan hilean. Langilea berandu iritsi dela ulertuko da, lanaldia hasi eta ordubete pasa baino lehen iristen bada zentrora.

A.4) Lanean sartzean edo ateratzean ez fitxatzea, langilea agertzen ez den kasuetan izan ezik, puntualtasun falta bezala joko da.

A.5) Gorputz-higienerik eza.

A.6) Aldi baterako ezintasun kasuan, baja-agiriak edo baja berresteko agiriak horretarako ezarritako epean ez jakinaraztea, ez eta helbide aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen datuak ere.

B) Hutsegite larriak:

B0,1) Hilabete berean lau aldiz berandu ailegatzea lanera, arrazoirik eman gabe.

B0,2) Hilabetean bi egunetan lanera huts egitea, bidezko arrazoirik izan gabe.

B0,3) Lantokitik ateratzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

B0,4) Noizean behin mozkortzea edo bestelako drogak hartzea.

B0,5) Aldi baterako ezintasun kasuan, baja-agiriak edo baja berresteko agiriak horretarako ezarritako epean ez jakinaraztea, ez eta helbide aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen datuak ere, langileak lehenago ere arrazoi horrengatik zehapena jaso duenean.

B0,6) Gorputz-higienerik eza, behin eta berriro, langilea lehen ere horrexegatik zehatua izan denean.

B0,7) Lanean sartu eta/edo ateratzean behin eta berriz ez fitxatzea, langileak arrazoi berarengatik lehenago zehapena jaso baldin badu.

B0,8) Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez fitxatuz.

B0,9) Diziplinarik edo obedientziarik eza lanean.

B0,10) Hiru hutsegite arin egitea, desberdinak izanagatik, hiruhileko berean, tartean hutsegite haien idatzizko zehapena izan denean.

C) Hutsegite oso larriak:

C0,1) Lantokian diziplinarik edo obedientziarik eza, behin eta berriro, langilea lehen ere horrexegatik zehatua izan denean.

C0,2) Lanera behin eta berriz berandu iristea, bidezko arrazoirik izan gabe, hamar aldiz baino gehiago hilean edo hogei aldiz baino gehiago hiru hilabetean.

C0,3) Lanera hiru egun jarraian huts egitea edo bost egun tartekatutan hilabete batean, bidezko arrazoirik eman gabe.

C0,4) Bajan dagoen bitartean langileak norbere zein besteren kontura lan egitea, bai eta baja lortu edo luzatze aldera egindako edozer ere.

C0,5) Lankideak hitzez larriki iraintzea.

C0,6) Lankideei eraso egitea.

C0,7) Sexu jazarpena.

C0,8) Lantokian behin eta berriro mozkortzea edo bestelako drogak hartzea, langilea lehen ere horrexegatik zehatua izan denean.

C0,9) Agintekeria.

C0,10) Leialtasunik eza eta, eskuarki, kontratuko fede ona urratzen duen beste edozein portaera.

C0,11) Enpresaren edo lankideen ondasunak lapurtu edo ebastea.

C.12) Sei hilabetean hutsegite larri bat baino gehiago egitea, nahiz eta mota desberdinetakoak izan, baldin eta langileari, haien ondorioz, zehapenik jarri bazaio.

10. 33. Zehapenak.

Hutsegiteen kalifikazioaren arabera ezartzen ahal diren zehapenak hauek dira:

A) Hutsegite arinak izanez gero:

_Hitzezko kargu-hartzea.

_Kargu-hartze idatzia.

_Gehienez bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

Lanera arrazoirik izan gabe berandu iristeagatik egiten diren hutsegiteak gehiago zehaztuz, zehapen hauek ezarriko dira:

_Lehenbiziz eta bigarrengoz berandu iristea: hitzezko kargu-hartzea.

_Hilabete berean hirugarrenez berandu iristea: idatzizko kargu-hartzea.

Berandu iritsi aurreko hilabetean bitan edo gehiagotan berandu iritsiz gero, zehapen hauek ezarriko dira:

_Lehenbiziz eta bigarrengoz berandu iristea: egun bateko enplegu-soldaten etenaldia.

_Hilabete berean hirugarrenez berandu iristea: bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

B) Hutsegite larriak izanez gero:

_Hiru egunetik hogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

C) Hutsegite oso larriak izanez gero:

_21-60 eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

_Lanetik bidaltzea.

34. artikulua. Zehapenetarako prozedura.

Zehapen ororen berri, hitzezko kargu-hartzea salbu, idatziz emanen zaio langileari. Jakinarazpen horretan zehatz-mehatz esanen zaio zein hutsegite egin duen eta noiz, hutsegitearen kalifikazioa eta zer zehapen jarriko zaion.

Halaber, enpresak enpresak hutsegite larri edo oso larriengatik jartzen diren zehapen guztien berri emanen dio Enpresa Batzordeari. Zehapena ezarririk, haren datatik bi hilabete arte luzatzen ahal da bete gabe.

35. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.

Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, enpresak hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

IX. TITULUA

Eskubide sindikalak

36. artikulua. Ordu sindikalak eta haien metaketa.

Enpresa Batzordeko kideetako bakoitzak zenbait ordu izanen ditu bere eginkizunak betetzeko. Langileen Estatutuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuz dagokion ordu kopurua izanen du bakoitzak. Kreditu hau erabili ahal izateko, aski da ahalik eta lasterren zuzendaritzari noiz hartu nahi diren ordu horiek eta zenbat denbora jakinaraztea eta gero justifikatzea.

Lan sindikala lan orduetatik kanpo egiten denean, ordu haiek konpentsatuko dira, denbora hori behar bezala justifikatu eta gero. Ordu haien ordez atsedenaldi ordaindua hartzen ahalko du ordezkari sindikalak, ordu haien ondoko bi lanegunetan. Hala ere, ordu horiek ondorengo beste batzuei metatzen ahalko zaizkie, hilabeteko epean, lehenbiziko ziurtagiria aurkezten denetik hasita.

Langileen Estatutuari buruzko 68. artikuluko e) idatz-zatiko azken lerroaldean xedaturikoarekin bat, posible izanen da enpresa batzordeko kide bakoitzari dagozkion orduak metatzea, guztira gehienekoa gainditu gabe, osorik edo hein batean kide bakar batek edo batzuek hartuta.

Horretarako, orduak metatzea erabakiz gero, enpresa batzordeko buruak edo idazkariak zuzendaritzari jakinaraziko dio, hiru egun lehenagotik bederen, nork hartuko dituen orduak, zer baldintzatan eta zer epetan.

37. artikulua. Iragarki ohola eta artxiboa.

Enpresa Batzordeak bere ordezkaritza lana erraztearren, sindikatuendako iragarki ohola eta gutunontziak jarriko dira, proposamenak eta iradokizunak jasotzeko. Halaber, enpresak agiritegi bat giltzarekin erosiko du eta batzordeari emanen dio behar den bulego-material txikiarekin batera.

38. artikulua. Biltzeko eskubidea.

Langileen Estatutuko 4., 77. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, errespetatu eginen da langileek biltzeko duten eskubidea.

Batzarrak egitekotan, 48 ordu lehenago jakinarazi behar zaio Zentroko Zuzendaritzari, betiere adieraziz zein diren jorratu beharreko gaiak eta zentrotik kanpoko zer pertsona joanen diren bileretara, halakorik baldin badago. Lanorduetatik kanpo eginen dira, enpresa espresuki ados dagoenean izan ezik.

39. artikulua. Langileen Batzordearendako informazioa.

Enpresak Langileen Estatutuko 64. artikuluaren arabera, informazioa emanen dio enpresa batzordeari zentroaren bilakaera ekonomiko eta produktiboari buruz, baita kontratazioei buruz eta legez aurreikusten diren gainerako gaiei buruz ere.

X. TITULUA

Azken xedapenak

Azken xedapenetariko lehena._Arau subsidiarioak.

Hitzarmen honetan arauturik ez dagoen orotarako, Langileen Estatutuan eta hura garatzen duten xedapenetan, bereziki enplegurako zentro berezietan lanean ari diren minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen duen uztailaren 17ko 1368/1.985 Errege Dekretuan, martxoaren 12ko 427/1999 Errege Dekretuak aldatu zuen hartan, xedatu bezala eginen da.

Azken xedapenetariko bigarrena._Interpretatzeko Batzorde Mistoa.

Hitzarmen honen ondorioz interpretatu eta betetzerakoan sor litezkeen zalantzen gainean ebazteko, eta Egokitze pertsonal eta sozialerako Batzordeari eta Lanbide Igoerarako Batzordeari emandako eskumenak deusetan ukitu gabe, Interpretazio Batzorde Misto bat, bitarikoa, sortuko da, zeinetan bi aldeek hartuko baitute parte. Lehen mailan, hitzarmen ulertu eta betetzean sor litezkeen liskarrak hortxe konponduko dira.

Batzorde horrek lau kide izanen ditu: bi zuzendaritzak izendatuak eta beste bi enpresa batzordeak izendatuak, ahal izanez gero hitzarmen hau negoziatu zutenen artetik aukeratuak.

Aholkulariek laguntzen ahalko diete bi aldeen ordezkariei. Eztabaidetan parte hartuko dute. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

Azken xedapenetariko hirugarrena._Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari atxikitzea.

Bi aldeek erabaki dute lan hitzarmen hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren gatazkak konpontzeko, adiskidetze eta bitartekotza aldietan, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren iritziaren menpe jarriko direla.

Era berean, beren konpromisoa agertu dute ahaleginak egiteko ukituriko alderdiak aipatu auzitegiaren prozedura arbitralaren esanetara jar daitezen.

Artikulu hau, beraz, alderdien atxikimendu espresua da gatazken konponbiderako arbitraje organoarekiko, eraginkortasun orokor gisa eta, ondorioz, itunak behartzen ditu enpresa, ordezkari sindikalak eta langileak epaiketara jo aitzin beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hortaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada.

Era berean, lan hitzarmen honen sinatzaileek hitzeman dute ahaleginak eginen dituztela langileen eta enpresaren artean sor daitezkeen banakako gatazkak Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren aurrean Adiskidetze, Bitartekotza eta Arbitraje prozeduren mendean borondatez eta era espresuan jar daitezen, Nafarroako lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbide arteko Akordioaren 2. xedapen gehigarrian adierazten diren gaietan.

I. ERANSKINA

2005eko lansarien taulak

2005 Alberniaren hitzarmen berria. LGSaren oinarrizko igoera. gehi KPIaren %3,30

KATEGORIAK SOLDATA LANP. OSAGAR. HITZAR. O. PRIMA HILEAN ORDAINSARIAK

Goi mailako teknikaria 1114,46 0 - - 1114,46 1114,46

Erdi mailako teknikaria 1074,19 0 - - 1074,19 1074,19

Tailerreko arduraduna 513,00 601,64 - - 1114,64 1114,64

Sekzioko arduraduna 513,00 309,97 - - 822,97 822,97

Kalitatearen arduraduna 513,00 309,97 - - 822,97 822,97

Jostuna 513,00 376,88 - - 889,88 889,88

Administrari-ofiziala 513,00 299,68 - - 812,68 812,68

Administrari laguntzailea 513,00 206,70 - - 719,70 719,70

Auto-gidaria 513,00 198,66 - - 711,66 711,66

Egiaztatzailea (B) 513,00 164,35 - - 677,35 677,35

Egiaztatzailea (A) 513,00 99,78 - - 612,78 612,78

Biltegizaina 513,00 99,78 - - 612,78 612,78

Prebentzioko mantentze-lanetako lang. 513,00 99,78 - - 612,78 612,78

Garbitzaileak eta jantokiko langileak 513,00 95,81 - - 608,81 608,81

0 mailako ekoizpeneko langilea 513,00 - - 150,68 663,68 513,00

1. mailako ekoizpeneko langilea 513,00 - - 125,19 638,19 513,00

2. mailako produkzioko langilea 513,00 - - 99,53 612,53 513,00

3. mailako produkzioko langilea 513,00 - - 73,88 586,88 513,00

4. mailako produkzioko langilea 513,00 - - 48,23 561,23 513,00

5. mailako produkzioko langilea 513,00 - - 22,96 535,96 513,00

6. mailako produkzioko langilea 513,00 - - 0 513,00 513,00

Prestakuntzako langilea 412,47 - - - 412,47 412,47

II. ERANSKINA

2006ko soldaten taulak

2006 Alberniaren hitzarmen berria. LGSaren oinarrizko igoera gehi KPIaren %3,70

KATEGORIAK SOLDATA LANP. OSAGAR. HITZAR. O. PRIMA HILEAN ORDAINSARIAK

Goi mailako teknikaria 1155,70 - - - 1155,70 1155,70

Erdi mailako teknikaria 1113,94 - - - 1113,94 1113,94

Tailerreko arduraduna 540,90 614,98 - - 1155,88 1155,88

Sekzioko arduraduna 540,90 312,52 - - 853,42 853,42

Kalitatearen arduraduna 540,90 312,52 - 853,42 853,42

Jostuna 540,90 381,91 - - 922,81 922,81

Administrari-ofiziala 540,90 301,85 - - 842,75 842,75

Administrari laguntzailea 540,90 205,43 - - 746,33 746,33

Auto-gidaria 540,90 197,09 - - 737,99 737,99

Egiaztatzailea (B) 540,90 161,51 - - 702,41 702,41

Egiaztatzailea (A) 540,90 94,55 - - 635,45 635,45

Biltegizaina 540,90 94,55 - - 635,45 635,45

Prebentzioko mantentze-lanetako lang. 540,90 94,55 - - 635,45 635,45

Jantokiko langileak eta garbitzaileak 540,90 90,44 - - 631,34 631,34

0 mailako produkzioko langilea 540,90 - - 147,34 688,24 540,90

1. mailako produkzioko langilea 540,90 - - 120,9 661,80 540,90

2. mailako produkzioko langilea 540,90 - - 94,28 635,18 540,90

3. mailako produkzioko langilea 540,90 - - 67,69 608,59 540,90

4. mailako produkzioko langilea 540,90 - - 41,1 582,00 540,90

5. mailako produkzioko langilea 540,90 - - 14,89 555,79 540,90

6. mailako produkzioko langilea 540,90 - - 0 540,90 540,90

Prestakuntzako langilea 427,73 - - - 427,73 427,73

III. ERANSKINA

2007ko soldaten taulak

2007 Alberniaren hitzarmen berria. LGSaren oinarrizko igoera. gehi KPIaren %2,10

KATEGORIAK SOLDATA LANP. OSAGAR. HITZAR. O. PRIMA HILEAN ORDAINSARIAK

Goi mailako teknikaria 1190,37 - - - 1190,37 1190,37

Erdi mailako teknikaria 1147,36 - - - 1147,36 1147,36

Tailerreko arduraduna 570,60 627,89 - - 1198,49 1198,49

Sekzioko arduraduna 570,60 319,08 - - 889,68 889,68

Kalitatearen arduraduna 570,60 319,08 - - 889,68 889,68

Jostuna 570,60 371,59 - - 942,19 942,19

Administrari-ofiziala 570,60 308,19 - - 878,79 878,79

Administrari laguntzailea 570,60 209,74 - - 780,34 780,34

Auto-gidaria 570,60 201,23 - - 771,83 771,83

Egiaztatzailea (B) 570,60 164,90 - - 735,50 735,50

Egiaztatzailea (A) 570,60 96,54 - - 667,14 667,14

Biltegizaina 570,60 96,54 - - 667,14 667,14

Prebentzioko mantentze-lanetako lang. 570,60 96,54 - - 667,14 667,14

Jantokiko langileak eta garbitzaileak 570,60 92,34 - - 662,94 662,94

0 mailako produkzioko langilea 570,60 - - 150,43 721,03 570,60

1. mailako produkzioko langilea 570,60 - - 123,44 694,04 570,60

2. mailako produkzioko langilea 570,60 - - 96,26 666,86 570,60

3. mailako produkzioko langilea 570,60 - - 69,11 639,71 570,60

4. mailako produkzioko langilea 570,60 - - 41,96 612,56 570,60

5. mailako produkzioko langilea 570,60 - - 15,20 585,80 570,60

6. mailako produkzioko langilea 570,60 - - 0,00 570,60 570,60

Prestakuntzako langilea 456,84 - - - 456,84 456,84

Iragarkiaren kodea: F0705826