62. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko martxoaren 19koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Murillo el Fruton paratu beharreko "Hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentroa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duena. Proiektua Indugarbi, S.L. enpresak sustatu du.

2006ko maiatzaren 29an eginiko bilkuran, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Murillo el Fruton paratu beharreko "Hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentroa" izeneko proiektua, Indugarbi, S.L. enpresak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta jarduketak ukituko dituen alderdien udalei entzunaldia ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen ondorioetarako eta Ingurumen Ebaluazioa Estrategikoaren prozedura bete dadin. Erabakia 2006ko 72. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ekainaren 16an.

UPSaren helburua da hondakin mota batzuk tratatu eta birbaloratzeko industria multzoa sortzeko eraiki behar diren instalazioak definitzea eta eskualdean paratzea.

I._Aurkeztutako alegazioak

Espedientea jendaurrean egon den bitartean bi alegazio idazki aurkeztu ziren, bata Antonio Munilla García jaunak Gurelur ordezkatuz izenpetua eta bestea Nafarroako Alderdi Sozialistak izenpetua.

Gurelurrek egindako alegazio guztiak ingurumen arlokoak dira, bai eta sustatzaileak bete beharreko jardueraren ingurukoak ere; beraz, horiek ebazteko proposamena Ingurumen ondorioen adierazpenaren menpe geratuko da.

Nafarroako Alderdi Sozialistak egindako alegazioak ere ingurumen arlokoak dira, eta bereziki proposatutako instalazioei dagokioenez "Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, aldez aurretiko kontsulten tramitearekin" egin beharra dagoela aipatzen dute; beraz, aurreko kasuan bezala, horiek ebazteko proposamena Ingurumen ondorioen adierazpenaren menpe geratuko da. II._Aipatutako erabakian

II._Ezarritako zehaztapenak betetzea

Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 29an hartutako Erabakiaren bigarren puntuan hauxe ezartzen da:

"2. Enpresa sustatzaileari aditzera ematea espedientearen gaineko ebazpena eman baino lehen erabaki honen Lurraldeko eta hirigintzako zehaztapenak izeneko V. atalaren A), B) eta C) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dituela. Orobat:

_Eraikuntza proiektua eta gainerako obrak egitean, 2005eko ekainaren 24an Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak emandako txostenean biltzen diren aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatuko dira.

_Halaber, sarbideak proiektatu eta gauzatzean, haien kostua enpresa sustatzailearen kargura izanen baita, Zainketa Zerbitzuak eta Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak egin eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak sustatzaileari 2005eko abuztuaren 19an igorri zizkion txostenetan eman diren zehaztapenak bete beharko dira. Errepidearen eta eraikinen arteko tartea, finkaren itxiturak, hesiak eta landaketak, mota guztietako kanalizazioak eta kutxetak txosten horietan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

_Egin asmo diren instalazioak ukitu edo baldintzatu ditzaketen gainerako azpiegiturei eta zortasunei dagokienez (ubide publikoak enpresa sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu".

Transkribatutako puntuaren lehen gidoian jaso den zehaztapena Ingurumen ondorioen adierazpenean ezarritako baldintzen artean dago. Beste bi gidoien kasuan, berriz, haien izaera dela eta erabaki honetan jaso behar direla pentsatu da.

Sustatzaileak espedientea ebatzi aurretik aurkeztu beharreko agiriei dagokienez _Lurraldeko eta hirigintzako zehaztapenak izeneko V. atalaren A), B) eta C) puntuetan aipatzen dira_, berriz, esan beharra dago 2006ko uztailaren 21ean sustatzaileak eranskin bat aurkeztu zuela erabakiak eskatzen zirenei erantzuna emateko. Puntu horien eduki laburtua eta betetzeari buruzko balorazioa ondotik azaltzen dira.

a) Eraikinen gehieneko okupazioa beheko oinean.

Nafarroako industrialdeak eta industria jarduerak lurraldean ezartzea arautzen duen apirilaren 5eko 84/90 Foru Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoan oinarriturik, proiektuak dio, 9.7.1 puntuan, beheko plantan erabil daitekeen gehieneko azalera desafektatu diren lurren lurzatiaren azalera osoaren %40 dela. Nolanahi ere, aipatu den 9.7.1 puntu berak honela dio: "paratu nahi den industria jardueraren ezaugarriek berekin dakarte materialak kanpoan biltzeko azalera zabalak erabili beharra". Jarduera hau aurreko foru dekretuaren 6. artikuluaren c) atalean deskribatzen direnetako bat da, eta haientzako "eraikin itxiek ez dute erabilitako lurzatiaren azaleraren %20tik gora hartuko". Horrenbestez, behin betiko onespena eman aurretik, eraikinek beheko oinetan izanen duten gehieneko okupazioaren gaineko aurreikuspenak argitu eta justifikatu egin behar dira.

Gai honi dagokionez, sustatzaileak adierazi du jardueretarako lurzatietatik zeinek beharko lukeen kanpoan biltzeko azalera, eta guztiek 62.840 m²-ko azalera garbia egiten dute guztira, hau da, aurreikusitako lurzati guztien azalea garbiaren %58,2. Gainerako lurzatien azalera garbia, guztira, 45.119 m²-koa izanen litzateke, hau da, aurreikusitako lurzati guztien azalera garbiaren %41,8.

Puntu honetara iristean, sustatzailearen iritzia da industrialde bakarra denez, balorizatu eta kudeatu beharreko hondakin motaren arabera zenbait industria eremu eta jardueratan zatiturik badago ere, gehieneko okupazioa desafektaturiko lurrek osatzen duten 159.224 m²-ko lurzatiarena izan behar dela, eta beraz horren gaineko eraikinen okupazioaren portzentajeak aplikatu beharko lirateke kontuan harturik kanpoan biltzeko azalera behar duten jardueretako lurzatiek egiten duten portzentajea (159.224 m²-ren %58,2ren %20), eta biltzeko azalera hori behar ez duten lurzatiena (159.224 m²-ren %41,8ren %40). Halatan, desafektatutako lurzatian beheko plantan okupatu daitekeen gehieneko azalera 45.156 m²-koa izanen liktzateke orain, eta ez hasieran proposatutako 63.690 m²-ko azalera. Beste aldetik, solairu goratuen gehieneko okupazioa aurrekoaren %10 da, beraz, osotara eraikitzen ahal den gehieneko azalera 49.672 m²-koa litzateke.

b) Azpiegiturak.

Horregatik, espedientea behin betikoz onetsi baino lehen, ur kontsumoaren gaineko datuak ekarri behar dira, kontzeptu guztiengatik, eta udal sareak hornitzeko gaitasuna baduela justifikatu beharko da eta ez diela ur horniduran kalterik sortuko ez Murillo el Frutoko biztanleei ez eta herriko jarduerei ere.

Espedientea ebatzi aurretik, Nilsaren txostena aurkeztu beharko da, saneamenduari dagozkion aurreikuspenak _aldageletako eta komunetako hondakin urak eta hiri urekin parekatu ezin daitezkeen hondakin urak_ eta, halakorik behar bada, sarean isurtzeko eskatu beharreko baldintzak bertan bilduta.

Ur kontsumoari dagokionez, sustatzaileak erabilera sanitarioetarako ur kontsumoa kalkulatu du; industria erabileretarako; lorategiak eta zuhaitzak ureztatzeko; eta suteen kontrako sarerako, zeinarentzat 350 m³-ko biltontzi bat aurreikusten den, punpatze ekipo bat hodietako presioa handitzeko eta hidrante sare bat. Emaitza, guztira 38 m³-ko eguneko kontsumokoa da (0,9 l/s zentroan egindako 12 lan orduko), horietatik 30 m³ industria erabileretarako urarenak (plastikoak birziklatzeko plantarako - xehatze/estrusio prozesua - eta industriako ontziak birziklatu eta berrerabiltzeko plantarako, proiektaturiko gainerako jarduerek _sustatzaileak dioenez_ ez duelako urik kontsumitzen).

Aurreko datuen osagarri, sustatzaileak Murillo el Frutoko Alkatetzak maiatzaren 30ean emandako 66/2006 Ebazpenaren fotokopia aurkeztu du; haren bidez "adostasun txostena ematen zaio hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentroak jarduteko behar den ur hornidura egiteari, egunean 39 metro kubiko, Murillo el Fruto herriko ur edangarriaren saretik", eta "justifikatzen da ez duela inolako kalterik ekarriko Murillo el Frutoko udalerriaren egungo hornidura baldintzetan".

Era berean, sustatzaileak Aragoi Ibarreko Mankomunitateko buruak 2006ko ekainaren 20ko Ebazpen baten fotokopia aurkeztu du, "hondakinak baloratzeko zentroari buruzko adostasun txostena" ematen duena, "eskatuta eta Mankomunitateran saretik gero batean egin litekeen ur hornidurari dagokionez, emariek Mankomunitatearen etorkizuneko hornidura baldintzei inolako kalterik ekarriko ez diotela iritzita".

Isuriei dagokienez, sustatzaileak Nolsaren zuzendari kudeatzailearen txosten bat aurkeztu du, "Murillo el Fruto-Zarrakazteluko hiri hondakin uren araztegian, Zarrakaztelun, ur beltzak eta industriakoak onartzeari buruzkoa". Hauxe dio txostenak:

_Ur beltzak, ez prozesukoak, isurtzeari dagokionez, _prozesukoen artean sartuta nabeen zoruak garbitzeko erabilitakoak-: Nilsak ez du arazorik araztegian jasotzeko.

_Ur industrialei dagokienez: Araztegian behar bezalako tratamendua jasotzen dutela egiaztatu eta halatan Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuaren baimena lortu ahal izateko, Nilsak egiazko hondakin uren analisia beharko luke, planta behin jardunean dagoela eginda, edo antzeko instalazio baten urena.

Sustatzaileak dioen bezala, urek betetzen badituzte 12/2006 Foru Dekretuaren muga guztiak, eta isurketa industriala txikia denez _kalkuluen arabera, 30 m³ eguneko_ Nilsaren ustez ez dago eragozpenik isurketa egiten denean hura onartzeko.

Txostena ikusirik, ulertu daiteke industriako hondakin urak araztegian izanen duten onarpen erreala kasuan kasuko jarduera berariazkoari buruzko espedientearen menpe egonen dela, bertan agertuko baita egiazko isurketa bere ezaugarri guztiekin, 12/2006 Foru Dekretuaren betetzeari dagokionez ez bezala.

c) Abalak aurkeztea.

Ulertzen da aurkeztutako abal horretan -11.639,75 eurokoa, hau da, sarbideen proiektuaren kostuak egiten dituen 193.995,91 euroen %6- bestelako lanak ere sartu behar direla, hala nola, saretik egin behar den hornidura, udal sareari lotu beharreko kolektorea, bai eta argindarrez hornitzeko hartunea ere.

Sustatzaileak beste abal bat aurkeztu du, 10.800 eurokoa, 180.000 euroen %6, azpiegitura horietarako ebaluatu den kostua alegia.

III._Ingurumen ondorioen adierazpena

Ingurumen zuzendari nagusiak otsailaren 15ean emaniko 53/2007 Ebazpenaren bidez, Murillo el Fruton paratu beharreko "Hondakinak Baloratu eta Kudeatzeko Zentroa" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialaren Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen, ondotik aipatzen diren baldintzekin. Proiektua Indugarbi, S.L. enpresak sustatu du.

_Herrigunetik ekialdera, iparretik hegoaldera doan bide berria egokitzeko proiektua bereizirik tramitatu beharko da. Polizia hidraulikoaren eremua ukitzen duenez, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena beharko du.

_Ondare Arkeologikoaren prebentzio eta babes neurri hauek beteko dira, Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2005eko ekainaren 24an emandako txostenean eskatuak baitira:

.Zelaitzea eta bideen trazadura egiteko eta eraikinen zimenduetarako eta zerbitzuetarako zangak zulatzeko lur garbiketak eta mugimenduak gauzatzeko lanen fasean, jarraipen arkeologikoa eginen da, sustatzailearen kargura, eta horretarako obran bertan izanen dira arkeologiako teknikariak, lanak behar bezala kontrolatzeko beharrezkoak direnak, aztarna arkeologikoak izan ditzaketen lurbeltzen edo lur-biltegien mugimenduak dauden bitartean.

.Lan horretan zehar, azalean identifikatu ez diren egitura edo aztarna arkeologikoak agerian geratuz gero, mugatu eta balizatu eginen dira, kontrolik gabeko kalterik jasan ez dezaten. Berehala emanen zaio horien berri Ondare Arkeologikoaren Bulegoari, neurri zuzentzaile egokiak ezar ditzan. Ukitutako eremuetan lanak aldi baterako geldiaraztea eskatuko da, bai eta aztarna horien indusketa sistematikoa egitea ere; horiekin zer egin erabakitzeko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen espresua beharko da.

.Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek eginen ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen lanak Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalari atxikitako Ondare Arkeologikoaren Bulegoari dagozkio, eta horretarako obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, egin beharreko lanen hasiera.

_Ur hornidurak eta saneamenduko hustubideak NA-5311 errepidearen trazadurari jarraituko diote.

_Elektrizitatearen hornidura UPSaren ezarpen eremutik hegoaldera dagoen planta fotovoltaikotik eginen da, egun dagoen bidearen trazadura bera izanen duen lurpeko linea baten bidez, aurkeztutako dokumentazioan jasota dagoen bezala.

_Lurrak mugitzen hasi baino lehen, 40 cm-ko lurbeltz geruza bat kenduko da. Gorde eginen da eta osorik ezpondak eta lur zerrendak lehengoratzeko eta eremu horiek hobetzeko erabiliko da.

_Proiektuaren okupazio eremutik kanpoko aldeak ez du ukipenik izanen. Gaur egun dauden bideak eta pistak erabiliko dira, eta material eta lur metaketa guztiak baimendutako eremuaren barruan eginen dira.

_Zelaitze eta sarbideetako lanek azaleko ur-hustutzeen maldak eta erretenak errespetatuko dituzte, horien bitartez betetzen baita Laprimendiako idoia, egungo erregimen hidrikoari eusteko.

_Lorategietarako eta zuhaitzak sartzeko eremua ahal dela industriagunetik kanpo, inguruko zerrenda batean kokatuko da, industriagunerako pantaila hesia izan dadin, batez ere NA-5311 errepidetik. UPSaren ezarpen eremuan dauden olibondo helduak errespetatu eta urbanizazioaren diseinuan txertatuko dira.

_Indusketatik sobran gelditzen diren lurrak baimendutako hondakindegi batera eraman beharko dira.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Erabaki honetan adierazitakoari jarraikiz ebaztea alegazioak.

2. Murillo el Fruton paratuko den Hondakinak Birbaloratu eta Kudeatzeko Zentroa" udalez gaindiko proiektu sektoriala, Indugarbi S.L. enpresak sustatua, onestea, zehaztapen hauekin:

a) 2005eko abuztuaren 19an, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak sustatzaileari igorri zizkion Zainketa Zerbitzuak eta Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak egindako txostenak, eta bertan jasotako zehaztapenei jarraikiz egin beharko dira sarbideen proiektua eta exekuzioa. Errepidearen eta eraikinen arteko tartea, finkaren itxiturak, hesiak eta landaketak, mota guztietako kanalizazioak eta kutxetak txosten horietan adierazitakoak izanen dira. Lanen kostua enpresa sustatzailearen kargura joanen da.

b) Nilsak egiazta dezan industria urek araztegian behar bezalako tratamendua jasotzen dutela eta halatan Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena lortzeko, egiazko hondakin uren analisia aurkeztu beharko da Nilsan, planta behin jardunean dagoela eginda, edo antzeko instalazio baten urena.

c) Egin asmo diren instalazioak ukitu edo baldintzatu ditzaketen gainerako azpiegiturei eta zortasunei dagokienez (ubide publikoak ...), enpresa sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

3. Udalez gaindiko plan sektorialaren garapena eta, bereziki, lanen exekuzioa, Ingurumen ondorioen adierazpenak dioenari lotuko zaizkio. Ingurumen zuzendari nagusiak egin zuen adierazpen hori otsailaren 15eko 53/2007 Ebazpenaren bidez.

4. Ohartaraztea entitate sustatzaileri, behar diren baimen guztiak eskuratu beharko dituela egin asmo diren instalazioak ukitu edo baldintzatu ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Integrazioko Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari jakinaraztea.

6. Erabaki hau Murillo el Fruto, Pitillas, Santacara eta Zarrakazteluko Udalei, Aragoi Ibarreko Mankomunitateari, Nilsari, alegatzaileei eta "Indugarbi, S.L."ri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2007ko martxoaren 19an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0705083