62. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2007ko maiatzaren 2koa, Nafarroako Gobernuarena. Honen bidez "Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoa" erakundearen estatutuak jendaurrean egoteko aldia bukatu da eta estatutuok onetsi dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako Udalek "Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoa" eratzeko izapideei ekin zieten; Partzuergoaren helburuak Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremuaren eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremuaren (Donejakue Bideko Bizitegi-Parkea) Garapenerako Udalez gaindiko Plan Sektoriala kudeatzea eta haren hirigintza erabat garatzea ziren, eta horiez gainera baita Sustapen Ministerioarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (ADIF) ondare harremanak eta harreman ekonomikoak ezartzea ere, azken honek Iruñerriko trenbide azpiegitura berriak eraiki zitzan (Ezkirotz eta Zuasti arteko trenbide berria eta abiadura handiko trenaren Iruñeko geltoki berria), eta hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 22. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 95. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 212. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako Udalek Partzuergoaren estatutuak prestatu zituzten.

Aipatu udalek, osoko bilkuretan, Partzuergoaren estatutuak onetsi zituzten hasiera batean.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak estatutu horiei emandako hasierako onespena eta haiek jendaurrean egoteko aldiaren izapidetza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 213.2. artikuluan ezarritakoa, Nafarroako Gobernuaren 2007ko martxoaren 5eko Erabakiak bideratu zituen. Jendaurreko aldian (15 egun baliodun erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hots, 2007ko martxoaren 12tik) estatutuak Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako udaletxeetako iragarki-oholean egon dira, eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren egoitzan ere bai.

Ezarritako epean hiru alegazio jaso dira:

1. alegazioa: Benito Ríos Ochoak, Berriozarko Udalaren ordezkari gisa, hauxe eskatu du:

Partzuergoaren helburuetan, Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako udalerrietan ukitutako aldeak garatzeaz gainera, ondokoak berariaz aipatzea nahi du: trenbide zaharra erabiliko ez den aldeetan, hura desmuntatzea (eta berari datxezkion elementuak ere bai: etxatoak, gaineko pasabideak eta lurpekoak), eta lurrak lehengoratzea udalerri bakoitzeko hirigintzako planaren arabera.

Erantzuna:

Alegatutakoa ez da onartu. Partzuergoaren helburu behinenak Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremuaren eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremuaren (Donejakue Bideko Bizitegi-Parkea) Garapenerako Udalez gaindiko Plan Sektoriala kide dituen toki erakundeen mugarteetan kudeatzea eta haren hirigintza erabat garatzea dira. Ez da bidezkoa Partzuergoaren helburuetan Udalaz gaindiko Plan Sektorialaren eremutik kanpoko jarduketak sartzea.

Nolanahi ere, Berriozarko Udala Plan Sektorialaren tramitazioan eta jendaurreko aldian bertaratu ahal izango da eta hirigintzari buruzko oharrak edo alegazioak egin ahal izango ditu.

2. alegazioa: Eusko Alkartasunaren Iruñeko Udaleko Taldeak

hainbat zuzenketa aurkeztu dizkio hasiera baten onetsitako testuari:

1) 6. artikuluko i) idatz-zatiari hauxe gehitzeko eskatu du: "jarduketak egiten diren udalerriko udalak emango ditu".

2) 9. artikuluaren testua aldatzeko eta honela uzteko eskatu du: "Partzuergoaren burutza pertsona bakarreko organoa da: Iruñeko alkatea".

3) 12.1.a) artikuluan ondoko testua kentzeko eskatu du: ".... eta haietako bat Partzuergoko burua da".

4) 20. artikuluko 3. eta 4. paragrafoetan ondoko testua kentzeko eskatu du: "... edo berariazko eskuordetzaz ordezkatuak".

5) 21.a) artikuluan ondoko testua kentzeko eskatu du: "... edo berariazko eskuordetzaz ordezkatuak".

6) 21.3.c) artikuluaren testua aldatzeko eta honela uzteko eskatu du: "Partzuergoa desegiteko proposamena".

7) Bigarren xedapen gehigarriaren testua aldatzeko eta honela uzteko eskatu du: "Zuzendaritza Kontseilua eratzeko bilera 2007ko maiatzaren 27ko hauteskundeen ondoren Nafarroako Gobernu berria eratzen denetik bi hilabete pasatu baino lehen egin behar da".

Erantzuna:

1) Alegatutako hein batean onartu da: "non" soilik adierazten den lekuan "udalerrian" esan behar du.

2) eta 3) Partzuergoaren burutzari buruzko alegazioa aztertuta, proposamena ezetsi behar da, hau da, Partzuergoaren burua Iruñeko alkatea izatea. Aipatu beharra dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin batera Partzuergoaren kide diren hiru toki erakundeek (Iruñeko Udala, Zizur Nagusiko Udala eta Zizur Zendeako Udala) orekan eratu dutela Partzuergoa. Beraz, ez da bidezkoa batek lehentasuna izatea besteen aldean, nahiz eta bakoitzak Zuzendaritza Kontseiluak dituen ordezkarien kopurua hizpide dugun hiri antolamenduko proiektuak udalerrian ukitzen duen azaleraren araberakoa izan (bi gutxienez), aurrerago azalduko den bezala.

Beste alde batetik, kontuan izanik Partzuergoaren helburu nagusietako bat Sustapen Ministerioarekin eta ADIFekin zuzeneko harremanak ezartzea dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariak eduki behar du Partzuergoaren ordezkaritza erakunde horiekiko harremanetan, Partzuergoaren burutza duela. Hala ere, bidezkoa da Iruñeko alkatea Partzuergoaren buruordea izatea.

4) eta 5) Alegatutakoa onartu da. Zuzendaritza Kontseiluko kideek elkar eskuordetzea ez dator bat Partzuergoaren izaerarekin eta aplikatu beharreko araubide juridikoarekin.

Proposamen honi eta aurreko 2) eta 3) zuzenketei dagokienez, eta udalen presentzia eta ordezkaritza hobeki bermatzeko (batez ere Zizur Zendeako Udalarena), Partzuergoaren Zuzendaritza Kontseiluaren osaera honela finkatu da, ordezkaritza-proportzionaltasunaren printzipioa mantenduta:

_Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariak:

4 (lehen 3), burutza barne.

_Iruñeko Udalaren ordezkariak:

4 (lehen 3), buruordetza barne.

_Zizur Nagusiko Udalaren ordezkariak:

3 (lehen 2).

_Zizur Zendeako Udalaren ordezkariak:

2 (lehen 1).

6) Alegaturikoa onartu da. Gure ustez egokiagoa da Partzuergoa desegitea sortu duten administrazioen eskumenekoa izatea eta Zuzendaritza Kontseiluak proposatu ahal izatea. Halaber, 13. artikuluan hori lantzen duen letra aldatu behar da.

7) Proposamena aztertu da eta uste dugu Zuzendaritza Kontseilua eratzeko bilera egiteko epea, estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatu beharrekoa, lau hilabetera luzatu behar dela. Jakina, kontuan eduki behar dira foru eta udal hauteskundeetarako epea eta Partzuergoko kide diren erakundeen gobernu organoak eratzeko epeak.

Orobat, teknikoki egokiagoa da bi xedapen gehigarriak honela antolatzea: xedapen gehigarri bat eta azken xedapen bat.

3. alegazioa: José Ricardo Pérez Torranok, Zizur Zendeako Udalaren ordezkari gisa, testu artikuludunean ondokoak sartzeko eskatu du:

1) Zizur Zendeako Udalak ez duela edukiko inolako erantzukizunik, ez ekonomikorik ez ondarekorik, trenbide azpiegituren eraikuntzaren ondorioz.

2) Partzuergoko udalek lurrak birzatitzeko eta urbanizatzeko proiektuak onesteko erabakiak berretsi beharko dituztela, bai eta tramitatzen ari den udalez gaindiko proiektu sektorialaren aldaketa garrantzitsuak ere.

Erantzuna:

1) Alegatutakoa onartu da. Horri buruzko berariazko artikulua txertatu da.

2) Bigarren alegazioari dagokionez, zehaztu behar da Partzuergoak bere estatutuetan ezarritakoarekin bat hartuko dituela erabakiak. Zizur Zendeako Udalak Partzuergoko organoetan dituen ordezkarien bidez azaldu ahal izango ditu bere iritziak.

Hala ere, Zizur Zendeako Udalaren ordezkariak azaldutakoa aintzat hartuta, zehaztu behar da aldearen hirigintza-konfigurazio berriaren ondorioz egin beharreko udalerri mugaketa ez dela izango Partzuergoaren eskumenekoa: berariaz ezarrita dago estatutuen atal berri batean.

Adierazitakoarekin bat, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Partzuergoaren estatutuak jendaurrean egoteko aldia bukatzea eta estatutuok behin betiko onestea. Beste alde batetik, Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako Udalek, osoko bilkuretan, behin betiko onetsi dituzte Partzuergoaren estatutuak.

Horiek horrela, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

Erabaki du:

1. Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoaren estatutuak jendaurrean egoteko aldia bukatu da, azalpen-zatian adierazi den bezala, eta estatutuen testu bategina finkatu da bertan azaldutako aldaketak egin ondoren.

2. Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoaren estatutuak behin betiko onetsi dira. Estatutuak erabaki honen eranskinean daude.

3. Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoaren eraketa onetsi da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenei dagokienez.

4. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari ahalmena eman zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa Partzuergoko kide izatearen ondorioz egin beharreko jarduketa guztiak egiteko.

5. Erabaki hau Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektu, Teknologia eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Iruñeko Udalari, Zizur Nagusiko Udalari eta Zizur Zendeako Udalari, Sustapen Ministerioari (Trenbideen Zuzendaritza Nagusiari) eta ADIFi jakinaraziko zaie, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 2an._Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, Javier Caballero Martínez.

ERANSKINA

Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoaren estatutuak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Osaera.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 22. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 95. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 212. artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako Udalek Partzuergoa eratu dute Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren Eremuaren eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremuaren (Donejakue Bideko Egoitza Parkea) Garapenerako Udalez gaindiko Plan Sektoriala kudeatzeko eta haren hirigintza erabat garatzeko, eta Sustapen Ministerioarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (hemendik aurrera ADIF) ondare harremanak eta harreman ekonomikoak ezartzeko, azken honek Iruñerriko trenbide azpiegitura berriak eraiki ditzan (Ezkirotz eta Zuasti arteko trenbide berria eta abiadura handiko trenaren Iruñeko geltoki berria).

Aplikatuko zaion araubide juridikoa toki partzuergoena izango da.

2. artikulua. Lanpostuaren izena:

Eratutako erakunde publikoaren izena "Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoa" da.

3. artikulua. Helbidea.

Partzuergoaren egoitza Zuzendaritza Kontseiluak ezartzen duen lokalean egongo da (lokala egoitza izango da legezko ondorio guztietarako). Hala ere, bilkurak Partzuergoko kide diren administrazio publikoen lokaletan ere egin daitezke.

4. artikulua. Nortasun eta gaitasun juridikoa.

1. Partzuergoak berezko nortasun juridikoa du, eratu duten erakundeetatik lokabea, eta bere estatutuetan ezarritako helburuak lortzeko xedearekin jarduteko gaitasun juridiko osoa ere bai.

2. Hori dela eta, Partzuergoko kideek agindutako jarduerak egiteko beharrezko diren eskurantza eta eskumen guztiak eman dizkiote Partzuergoari, Nafarroako toki erakundeek eskualdatu ezin dituztenak izan ezik.

5. artikulua. Administrazio ahalmenak.

Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoak administrazio ahalmen hauek dauzka bere xedeak betetzeko:

a) Erregelamenduak ezartzeko eta bere zerbitzuak antolatzeko ahalmena.

b) Finantza-ahalmena.

c) Kontratazio ahalmena.

d) Hirigintzako plangintza kudeatzeko eta burutzeko ahalmena.

e) Bere egintzen legitimitatearen ustezkotasuna eta exekutibitatea.

f) Bere egintzak eta erabakiak ofizioz berrikusteko ahalmena.

g) Derrigorrezko dirubilketa eta zehapenak jartzea.

h) Bere ondasunak ikertzeko eta mugatzeko ahalmenak, haien jabetza berreskuratzeko ahalmena eta maizterrak administrazio bidean botatzeko ahalmena.

i) Bere ondasunen eta eskubideen enbargaezintasuna, eta toki ogasunei euren kredituetarako aitortutako lehentasunak, lehenespenak eta prerrogatibak, Nafarroako Foru Komunitateko Ogasunari dagozkionak eragotzi gabe.

j) Hirigintza garatzeko plangintza onesteko ahalmena.

6. artikulua. Helburuak.

1. Hona Partzuergoaren berezko helburuak:

a) Udalez gaindiko Plan Sektoriala erabat garatzea eta haren ondoriozko hirigintza kudeatzea.

b) Sustapen Ministerioarekin eta ADIFekin Iruñerriko trenbide azpiegitura berriak (Ezkirotz eta Zuasti arteko trenbide berria eta abiadura handiko trenaren Iruñeko geltoki berria) eraikitzeko araubide ekonomikoa hitzartzea.

c) Sinatzen dituen hitzarmenak direla bide administrazioek, erakundeek eta norbanakoek ematen dizkioten ondareak, ondasunak eta hirigintzako eskubideak ekonomikoki kudeatzea.

d) Udalez gaindiko Plan Sektoriala burutzeko behar diren lurrak birzatitzeko eta urbanizatzeko proiektuak tramitatzea eta onestea.

e) Udalez gaindiko Plan Sektoriala burutzeko behar diren lurrak birzatitzeko eta urbanizatzeko proiektuak kudeatzea arlo juridikoa, ekonomikoa eta administratiboa kontuan hartuta.

f) Udalez gaindiko Plan Sektorialaren urbanizazioa burutzea.

g) Udalez gaindiko Plan Sektorialaren kudeaketa eta burutzapena haren eremuko trenbide azpiegituren burutzapenarekin eta garapenarekin koordinatzea.

h) Kideek, erakundearen funtsezko helburuari atxikita, estatutuetan ezarritakoaren arabera agintzen dizkioten gainerako helburu guztiak.

2. Ondokoak inondik inora ere ez dira Partzuergoaren helburuak:

a) Lizentzia ematea; jarduketa bakoitzaren lizentzia egitekoa den udalerriko udalak eman behar du.

b) Partzuergoaren kide diren toki erakundeen mugarteak aldatzea; honelako aldaketak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoaren arabera egin behar dira.

7. artikulua. Indarraldia.

Partzuergoak ez dauka mugaegunik; hala ere, estatutu hauetan ezarritako arrazoiengatik eta finkatutako prozedurari jarraituz desegin daiteke.

II. KAPITULUA

Erregimen organikoa

8. artikulua. Gobernu organoak.

Hauek dira Partzuergoaren gobernu organoak:

_Burutza

_Buruordetza

_Zuzendaritza Kontseilua

_Kudeatzailetza

9. artikulua. Burutza.

Partzuergoaren burutza pertsona bakarreko organoa da: Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria.

10. artikulua. Burutzaren eskumenak.

Partzuergoaren burutzak eskumen hauek dauzka:

a) Partzuergoaren ordezkari aritzea eta besteri agintzea ordezkaritza horretan aritzeko.

b) Zuzendaritza Kontseiluaren bilerak deitzea, haietan buru aritzea, bilerok bertan behera uztea eta aktak egitea, eta bozketetako berdinketak kalitateko botoaz ebaztea.

c) Zuzendaritza Kontseiluaren aktak eta erabakien ziurtagiriak ikus-onestea.

d) Langileen buru nagusia izatea, langileen izendapenak eta zehapenak erabakitzea, eta lan eskaintzak eta langileen aukeraketetarako deialdien oinarriak onestea.

e) Zuzendaritza Kontseiluak ezarritako mugara, edo aurrekontuan ezarritakora, heltzen ez diren kontratazioak.

f) Ondasunak eskuratzea eta besterentzea, Zuzendaritza Kontseiluak edo aurrekontuan ezarritako mugarekin.

g) Larrialdietan neurriak hartzea, eta Zuzendaritza Kontseiluari jakinaraztea egiten den lehen bilkuran.

11. artikulua. Buruordetza.

Partzuergoaren buruordetza pertsona bakarreko organoa da: Iruñeko Udaleko alkatea.

Buruordeak burutzaren eginkizunak hartuko ditu titularra ez dagoenean edo gaixorik denean, kargua bete gabe dagoenean, edo karguan aritu ezin duenean.

12. artikulua. Zuzendaritza Kontseilua.

1. Zuzendaritza Kontseilua Partzuergoaren organo kolegiatu gorena da; hamahiru kide edukiko ditu, Partzuergora bildutako erakundeen ordezkariak, arau hauen arabera:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lau ordezkari edukiko ditu; haietako bat Partzuergoaren burua izango da.

b) Iruñeko Udalak lau ordezkari edukiko ditu; haietako bat Partzuergoaren buruordea izango da.

c) Zizur Nagusiko Udalak hiru ordezkari edukiko ditu.

d) Zizur Zendeako Udalak bi ordezkari edukiko ditu.

e) Batzordekideek boto bana edukiko dute.

f) Zuzendaritza Kontseiluko kideak Partzuergoko erakundeek izendatuko dituzte. Gainera, noiznahi kendu ahal izango dituzte kargutik; hori gertatuz gero, berehala jakinarazi beharko diete Partzuergoaren organoei.

g) Zuzendaritza Kontseiluko kideen izendapena lau urterako izango da, gehienez. Ordezkaritzaren indarraldia erakundeek proposatuta berritu ahal izango da.

h) Zuzendaritza Kontseiluko kideek dietak jaso ahal izango dituzte Kontseiluaren bileretara joateagatik, baldin eta honek onesten badu (onespenean nola jasoko diren ezarriko da, bai eta zenbatekoak ere).

2. Partzuergoko kideek ondoko kasuetan utziko diote kide izateari:

a) Heriotzagatik.

b) Lau urteko agintaldia amaitu.

c) Dimisioagatik.

d) Izendatu duen erakundeak kargutik kendu.

e) Zuzendaritza Kontseilu berria eratu; toki hauteskundeak egiten direnetik lau hilabete igaro aurretik eratu behar da.

f) Hautetsi izateari utzi; salbuespena: toki korporazio berriak eratzen direnean, kideek euren eginkizunetan jarraituko dute Kontseilua berritu arte.

13. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren eskumenak.

Zuzendaritza Kontseiluak eskumen hauek dauzka:

a) Eratzea.

b) Ordenantzak eta erregelamenduak onestea.

c) Estatutuak aldatzea.

d) Partzuergoari kideak atxikitzeko edo kideak hartatik bereizteko erabakiak hartzea.

e) Partzuergoaren idazkaria eta kontu hartzailea izendatzea.

f) Plantilla organikoa, haren aldaketak eta lanpostuen zerrenda onestea, eta langileen lansariak finkatzea.

g) Partzuergoaren buruak kontratazioari dagokionez dituen gutxieneko mugak zehaztea, eta gauza bera ondasunen eskuratzeari eta besterentzeari dagokionez.

h) Partzuergoak ematen dituen zerbitzuak kudeatzeko eta finantzatzeko moduak eta haien tarifak onestea.

i) Partzuergoko kide den entitate bakoitzak egin beharreko ekarpenaren zenbatekoa zehaztea.

j) Aurrekontuak onestea, aldatzea eta likidatzea.

k) Kontuak eta itundu beharreko kreditu-eragiketak onestea.

l) Partzuergoaren inbertsio planak eta programak onestea, aldatzea eta berrikustea.

m) Sustapen Ministerioarekin edo ADIFekin Partzuergoaren helburuak garatzeko sinatzen diren lankidetza hitzarmenak onestea.

n) Beste administrazio edo erakunde batzuek edo norbanakoek ematen dizkioten ondasunak eta hirigintzako aprobetxamenduak kudeatzea eta besterentzea.

o) Partzuergoaren xede eta helburuekin zuzenean lotutako ondasunak eskuratzea eta besterentzea.

p) Behar denean, Udalez gaindiko Plan Sektoriala kudeatzeko eta burutzeko birzatiketa eta urbanizazio agiriak eta behar diren gainerako guztiak kontratatzea.

q) Birzatiketa eta urbanizazio proiektuak hirigintzako legerian ezarritako prozeduraren bitartez onestea.

r) Hirugarrenekin hirigintzako hitzarmenak sinatzea Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko, eta hitzarmenok onestea.

s) Ekarpen ekonomikoen eskaerak onestea hirigintzako legeriaren eta toki ogasunei buruzko legerian lankidetza sistemarako ezarritakoarekin bat.

t) Partzuergoaren eginkizunak burutzeko behar diren obrak, laguntzak eta zerbitzuak kontratatzea, burutzaren edo kudeatzailetzaren eskumeneko kasuetan izan ezik.

u) Bere egintzen eta erabakien aurka aurkezten diren errekurtsoak ebaztea, eta bere helburu eta xedeekin zerikusia duten epai eta administrazio ekintzak egitea.

v) "Partzuergoa desegiteko proposamena".

w) Oro har, Partzuergoaren xedeak lortzeko eginkizunetatik estatutuetan beste organo batzuei berariaz agindu ez zaizkien guztiak.

x) Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko plangintza onestea.

14. artikulua. Kudeatzailetza.

1. Kudeatzailetza pertsona bakarreko organoa da; kudeatzailea prestakuntza ongi frogatua duen profesionala izan behar da, eta Zuzendaritza Kontseiluak izendatuko du Partzuergoaren burutzak proposatu ondoren. Kudeatzailearen lana Partzuergoaren langileak eta zerbitzuak zuzentzea izango da, Zuzendaritza Kontseiluaren eta Partzuergoaren burutzaren agintepean.

2. Oro har, kudeatzailetzaren titularraren karguaren izena zuzendari kudeatzailea izango da.

15. artikulua. Kudeatzailetzaren eskumenak.

Partzuergoaren kudeatzailetzak eginkizun hauek edukiko ditu:

a) Partzuergoaren langileen eta zerbitzuen ohiko zuzendaritza.

b) Partzuergoaren jardunerako eta haren helburuak betetzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurri guztiak proposatzea Zuzendaritza Kontseiluari eta Partzuergoaren burutzari.

c) Partzuergoaren organoen erabakiak eta ebazpenak betearaztea.

d) Urtero, urrian, hurrengo urterako aurrekontuen aurreproiektua eta jarduketen programa prestatzea eta Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztea.

e) Zuzendaritza Kontseiluak eskuordetutako eskumenez baliatuta, Partzuergoaren eginkizunak burutzeko behar diren obrak, laguntza teknikoak eta zerbitzuak kontratatzea.

f) Ordainketak agintzea eta aurrekontuen burutzapen graduaren kontu ematea.

g) Partzuergoaren organoek aztertu, ezagutu, erabaki eta onetsi beharreko gai eta agiri guztiak prestatzea.

h) Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hizpidearekin baina botorik gabe.

i) Ekitaldia amaitutakoan, Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztea Partzuergoaren kudeaketari buruzko memoria.

j) Berariaz agintzen zaizkion guztiak.

16. artikulua. Partzuergoaren idazkaritza eta kontu hartzailetza.

1) Partzuergoak idazkaritza edukiko du, eta titularra Zuzendaritza Kontseiluak izendatuko du, lanposturako prestakuntza egokia duela frogatzen duen Zuzenbideko lizentziatu bat hautatuta.

2) Partzuergoak kontu hartzailetza edukiko du, eta titularra Zuzendaritza Kontseiluak izendatuko du, lanposturako prestakuntza egokia duela frogatzen duen Zuzenbideko, Ekonomia Zientzietako, Enpresa Zientzietako edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziatu bat hautatuta.

17. artikulua. Idazkaritzaren eginkizunak.

Idazkaritzaren titularrak eginkizun hauek ditu:

a) Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hizpidearekin baina botorik gabe.

b) Kontseiluaren bilkuretarako deialdiak egitea, Partzuergoaren buruak aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

c) Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuren aktak idaztea eta baimentzea.

d) Kontseiluak onetsitako erabakien ziurtagiriak ematea.

e) Esku hartzailearen kargua bete gabe badago edo hura ez badago (arrazoiak azalduta), haren lana egitea.

f) Eskatzen zaion guztietan, lege eta administrazio gaiei buruzko aholkularitza eta txostenak ematea Partzuergoaren organoei.

g) Lanpostuaren jardunari dagozkion gainerako eginkizun guztiak.

h) Partzuergoaren antolamenduaren barruan, idazkari ari denak bateratu ahal izango ditu idazkaritzaren eginkizunak agintzen zaizkion beste ardura batzuekin.

18. artikulua. Kontu-hartzailetzaren eginkizunak.

Kontu-hartzailearen titularrak eginkizun hauek ditu:

a) Partzuergoaren organoek egiten dituzten jarduketa ekonomiko batzuk fiskalizatzea, hain zuzen ere eskubide edo betebehar ekonomikoak edo funts edo balio mugimenduak ekar ditzaketenak.

b) Partzuergoaren aurrekontuaren garapenaren jarraipena egitea.

c) Ordainketaren aginduaren kontu-hartze formala.

d) Ordainketaren kontu-hartze materiala.

e) Obra, zerbitzu, hornidura eta eskurapenetarako kopuruen aplikazioaren edo erabilpenaren kontu-hartzea, agiriak aztertzea barne.

f) Eskatzen zaion guztietan, ekonomiaren edo kudeaketaren arloetako gaiei buruzko aholkularitza eta txostenak ematea Partzuergoaren organoei.

g) Lanpostuaren jardunari dagozkion gainerako eginkizun guztiak.

h) Partzuergoaren antolamenduaren barruan, kontu-hartzaile ari denak bateratu ahal izango ditu kontu-hartzailetzaren eginkizunak agintzen zaizkion beste ardura batzuekin.

i) Idazkariaren kargua bete gabe badago edo hura ez badago (arrazoiak azalduta), haren lana egitea.

III. KAPITULUA

Funtzionamendu araubidea

19. artikulua. Bilkuren araubidea.

1) Zuzendaritza Kontseiluak gutxienez ohiko bilkura bat egingo du hiru hilean behin, eta aparteko bilkurak Partzuergoaren buruak nahi duen guztietan eta kideen heren batek, gutxienez, eskatzen duenean. Aparteko bilkurak eskatzen direnetik hamar egun pasatu baino lehen egin beharko dira eta buruak eskatu beharko ditu.

2) Hala ere, deialdirik gabeko aparteko bilkuretan, Kontseilua behar bezala eratutzat joko da kide guztiak bertaratzen badira eta aho batez gaiak eztabaidatzea eta erabakiak hartzea erabakitzen badute.

20. artikulua. Deialdiak.

1) Deialdiak bitarteko telematikoen bidez egingo dira, ahal dela, eta bilkura baino berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez. Deialdian bilkurako aztergaiak adierazi behar dira.

2) Aurreko epealdia laburtu egin daiteke burutzak presazkoa dela adieraziz gero (arrazoiak eman behar ditu).

3) Lehenengo deialdian, Kontseilua behar bezala eratutzat joko da, eta erabakiak hartu ahal izango ditu, Partzuergoaren burutzaren eta idazkaritzaren titularrak, edo haien ordezkoak, eta kideen erdiak bertaratuz gero.

4) Bigarren deialdia lehengorako ezarritako ordutik ordu erdi pasatutakoan egingo da, eta orduan erabakiak hartu ahal izateko beharrezkoa izango da Partzuergoaren burutzaren eta idazkaritzaren titularrak, edo haien ordezkoak, eta kideen heren bat bilkuran izatea.

5) Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretan hizpiderik eta botorik gabe parte ahal izango dute bilkura jakin bateko gairen bat aztertzeko Partzuergoko kideen ordezkariek proposatzen dituzten teknikari edo profesional guztiek, baldin eta Kontseiluko kideek botoen gehiengo soilaz parte hartzea ukatzen ez badiete.

21. artikulua. Erabakiak hartzea.

1) Oro har, erabakiak bertaratutako botoen gehiengo soilaz hartuko dira.

2) Berdinketa gertatuz gero, burutzak erabakiko du bere kalitateko botoaz.

3) Ondoren azalduko diren gaietan, Zuzendaritza Kontseiluko kideen bi herenen aldeko botoa beharko da erabakia hartzeko:

a) Aparteko ekarpen ekonomikoak.

b) Estatutuak aldatzea, toki erakundeak Partzuergoari atxikitzeko zein hartatik bereizteko.

c) "Partzuergoa desegiteko proposamena".

22. artikulua. Aktak.

1) Idazkariak akta bat egingo du Kontseiluaren bilkura bakoitzeko, eta bertan datu hauek agertuko ditu: bilkuran nortzuk izan diren, non eta noiz egin den, ohikoa edo apartekoa izan den, eztabaidatu diren gai nagusiak, hartu diren erabakiak, eta erabaki bakoitzean eman diren botoak.

2) Bilkura baten akta bilkuran bertan zein hurrengoan onetsiko da. Onespena hurrengo bilkurarako uzten bada, idazkariak hartutako erabakien ziurtagiria eman ahal izango du, onespena eman gabe dagoela adierazita.

IV. KAPITULUA

Araubide juridikoa

23. artikulua. Araubide juridikoa.

1) Erabakiei eta egintzei, jarduteko prozedurari eta, oro har, estatutu hauetan funtzionamenduaz aurreikusita ez dagoen guztiari dagokienean, Partzuergoaren gobernu organoek Nafarroako toki erakundeei buruzko legeria aplikatuko dute.

2) Partzuergoaren organoen egintzek eta erabakiek administrazio bidea agortuko dute, eta haien aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Nafarroako Administrazio Auzitegian, Administrazio prozedura erkideari buruzko eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko legerian ezarritakoarekin bat.

V. KAPITULUA

Langileen araubidea

24. artikulua. Langileak.

Partzuergoaren plantillako langileen araubide juridikoa lan edo administrazio araubidea izango da.

Nolanahi ere, Partzuergoaren idazkaritzaren eta kontu hartzailetzaren eginkizunetan Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren araupeko langileak aritu behar dira.

VI. KAPITULUA.

Araubide ekonomikoa

25. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Partzuergoak baliabide hauek edukiko ditu bere helburuak betetzeko:

a) Beste administrazio edo erakunde batzuek edo norbanakoek ematen dizkioten ondasunen eta hirigintzako aprobetxamenduen kudeaketa ekonomikoaren edo haien salmentaren ondoriozko sarrerak.

b) Ondarearen ondoriozko sarrerak eta zuzenbide pribatukoak.

c) Bere eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak eginez lortzen dituen sarrerak.

d) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 38.4.j) artikuluan ezarritakoaren arabera lortzen dituen sarrerak.

e) Entitate kideek egiten dizkioten ekarpenak.

f) Kreditu eragiketen ondoriozko sarrerak.

g) Legeen arabera jasotzen dituen gainerako baliabide guztiak.

26. artikulua. Aurrekontuen kudeaketa, kontabilitatea eta barneko kontrola.

Partzuergoaren aurrekontuen kudeaketan, kontabilitatean eta ekonomia eta finantzen kudeaketaren barneko kontrolean Nafarroako toki erakundeen arautegia aplikatuko da.

27. artikulua. Ondarearen kudeaketa.

1) Partzuergoak ondasunak eskuratu, eduki, administratu, kargatu eta besterendu ahal izango ditu Nafarroako toki erakundeen arautegia aplikatuta.

2) Partzuergoaren ondarean ondasun hauek izango dira: bere kudeaketa lanetan eskuratzen dituen era guztietako ondasunak eta kideek zein denetariko erakunde, enpresa edo pertsona fisiko eta juridikoek (publikoek zein pribatuek) ematen dizkiotenak.

28. artikulua. Partzuergoari atxikitako udalen erantzukizuna (ondarekoa eta ekonomikoa) trenbide azpiegituren eraikuntzarengatik.

Trenbide azpiegituren eraikuntza dela eta Partzuergoko udalek ez dute edukiko inolako erantzukizunik, ez ekonomikorik, ez ondarekorik.

VII. KAPITULUA

Estatutuak aldatzea

29. artikulua. Estatutuak aldatzea.

Zuzendaritza Kontseiluak erabakita, Partzuergoak indarreko estatutuak aldatu ahal izango ditu, baldintza hauek betez gero:

a) Zuzendaritza Kontseiluko kideen bi herenek aldeko botoa eman behar dute.

b) Partzuergoa eratzean estatutuak onesteko erabilitako administrazio tramitazio bera baliatu behar da.

VIII. KAPITULUA

Partzuergoa desegitea

30. artikulua. Partzuergoa desegitea.

Partzuergoa ondoko kasuetako bat gertatuz gero desegingo da:

a) Eraketaren oinarri izan diren helburuak ezin bete baditu, direnak direla arrazoiak.

b) Agindutako jarduketak burutzen baditu.

c) Legezko xedapen batek agintzen badu.

Xedapen gehigarri bakarra._Zuzendaritza Kontseiluaren eraketa.

Zuzendaritza Kontseilua eratzeko bilera Partzuergoaren estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunetik lau hilabete igaro baino lehen egin behar da.

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Estatutu hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko dute indarra, Partzuergoko erakunde guztiek onetsi ondoren.

Iragarkiaren kodea: F0707263