155. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2251/2007 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Andosillako udal mugapean 3. kategoriako abere-azpiproduktuak eraldatzeko. Jardueraren titularra Grasas Marín Navarra, S.L. da.

Egina dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.2 epigrafean dago jasota, "Animalien kanalak edo hondakinak aprobetxatu edo deuseztatzeko instalazioak, egunean 10 tonatik gora tratatzeko ahalmena dutenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuko araubidearen menpe dago.

Era berean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2A eranskineko 4 epigrafean dago jasota, "Animalien kanalak edo hondakinak aprobetxatu edo deuseztatzeko instalazioak, egunean 10 tonatik gora tratatzeko ahalmena dutenak" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuko araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena foru agindu honen V. eranskinean dago. Proiektuan jendaurrean egoteko aldian eta interesdunari entzunaldia emateko aldian alegazio batzuk aurkeztu dira. IV. eranskinean, aurkeztutako alegazioei emandako erantzunak ageri dira.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.-Ingurumen baimen integratua ematea Andosillako udal mugapean 3. kategoriako abere-azpiproduktuak eraldatzeko instalazio baterako. Jardueraren titularra Grasas Marín Navarra, S.L. da.

Bigarrena.-Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedaturikoaren arabera.

Hirugarrena.-Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 1129/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

Laugarrena.-Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Bosgarrena.-Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 11. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Seigarrena.-Instalazioa Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arrisku- tsuen Sortzaile Txikien Erregistroan inskribatzea, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. PP/825/NA/2005 zenbakia izanen du. Hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera A113 da, hots, landare edo abere olio eta gantzen fabrikazioa, oliba-olioa izan ezik, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal diren hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen sorreran gertatzen den edozein aldaketa jakinarazi beharko da, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

Zazpigarrena.-Hondakin arriskutsuak ahalik eta gehien gutxitzeko plana onetsi da (planeko neurriak titularrak aurkeztutako dokumentazioan sartu dira), ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

Zortzigarrena.-2008ko urtarrilaren 31 baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta foru agindu honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bederatzigarrena.-Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

Hamargarrena.-Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Hamaikagarrena.-Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hamabigarrena.-Ebazpen hau jakinaraztea Industrias Grasas Marín Navarra, S.A.ri, Andosillako Udalari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, NILSAri eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 8an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. solairua, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, ingurumen baimenak kontsultatzeko atalean.

Iragarkiaren kodea: F0717499