155. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

ERABAKIA, 2007ko azaroaren 26koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Departamentuarteko Batzordea sortzen duena Petilla de Aragongo araubide berezia eguneratzeko.

Petilla de Aragon udalerriak ezaugarri bereziak ditu, batez ere bere kokapen geografiko bitxiarengatik eta bere historiagatik, beraz beharrezkoa da tratamendu banakatua ematea, Nafarroako Foru Komunitateko beste udalerriekiko desberdina.

Ikuspegi historiko batetik, Petilla de Aragon 1209. urtean sartu zen Nafarroako Foru Komunitatean: Nafarroako Antso Azkarra erregeak Aragoiko Pedro II.a erregeari emandako mailegu baten bermea izan zen eta, deuseztatu ez zenez, lurralde hori Nafarroakoa izatera pasa zen.

Ikuspegi geografiko batetik, Petilla de Aragon Foru Komunitateko enklabe geografiko bakarra da: Aragoiko lurretan dagoen Nafarroako enklabea da.

Honi gehitu behar zaio Petilla de Aragon Nobel Saria irabazi zuen Santiago Ramón y Cajal ospetsuaren sorlekua dela, 1852. urtean bertan jaio baitzen.

Gertaera hauek, herriaren izaera berezi eta enblematikoa aintzat hartuta, eragin zuten Nafarroako Foru Diputazioak egungo babes araubide berezia ezartzeko oinarriak onestea, 1980ko otsailaren 7ko bileran hartutako Erabakiaren bitartez.

Orduz geroztik, Petilla de Aragonek bizi dituen baldintzak asko aldatu dira eta dituen arazoak erabat desberdinak dira. Hori dela eta, babes araubide bereziaren klausulek euren birtualtasuna galdu dute eta gaur egun garaiz kanpokoak dira.

Gaur egun, geroz eta handiagoa den despopulatzeak eta eguneroko bizitzarako beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzeko zailtasunak zailago bihurtzen dute enklabe honen iraupena bizigune gisa eta Nafarroako herri berezi eta enblematiko gisa. Petilla de Aragon bezalako landagune baten egungo beharrak hirugarren sektoreko jarduera eta zerbitzuak indartzera bideratuta daude, ezaugarri hauek dituen herria dinamizatu ahal izateko. Horrela adierazi da aurtengo irailetik Petilla de Aragongo Udalarekin izandako bileretan. Azkeneko bileran Udaleko ordezkariak, Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilaria bildu ziren.

Nafarroako Gobernuak, Petilla de Aragongo izaera berezi eta enblematikoaz jabetuta, ikusirik babes araubide berezia anakronikoa dela eta enklabe honen zailtasunak eta beharrak ikusita, Nafarroako Gobernuko departamentu guztiak koordinatuko dituen Departamentuarteko Batzordea eratzea erabaki du. Horrela, herri honen dinamizazioa ahalbidetuko duten jarduera eta zerbitzuak indartzeko proposatutako ekimen guztien izaera armoniko eta integratzailea segurtatuko da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Departamentuarteko Batzordea sortzea Petilla de Aragongo araubide berezia eguneratzeko, Toki Administrazioko Departamentura atxikita egonen dena.

2. Departamentuarteko Batzordearen helburua da Petilla de Aragongo beharren berrikuspenarekin lotutako gaur egungo eta etorkizuneko ekimenak lantzea, garatzea eta ebaluatzea, Nafarroako enklabe honen egoera bereziak kontuan hartuta.

3. Departamentuarteko Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentu desberdinen jarduerak landu eta proposatzea, Petilla de Aragongo beharrekin eta enklabe honen egoera bereziarekin zerikusia dutenak.

b) Lan programa bat diseinatzea eta antolatutako jardueren jarraipena eta departamentuen artean kontrola egitea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu desberdinek ekimen eta proiektuak bultzatu eta koordinatzea, Petilla de Aragon dinamizatzeko jarduera eta zerbitzuak indartzeko bideratuak.

4. Departamentuarteko Batzordeak beharrezkoak iruditzen zaizkion lan talde edo batzordeak sortzen ahalko ditu bere eginkizunak betetzeko.

5. Departamentuarteko Batzordea honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Lehendakariordea: Toki Administrazioko Departamentuko kontseilaria.

Batzordeko kideak: Toki Administrazioko zuzendari nagusia, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu bakoitzeko zuzendari nagusi bat ere, dagokion kontseilariak izendatuta.

Idazkaria: Toki Entitateentzako Aholkularitza eta Lankidetza Zerbitzuko zuzendaria.

6. Eztabaidatu beharreko gaien edukiaren arabera, lehendakariak gonbidatuta, Foru Komunitateko edo beste erakunde publikoetako Administrazioko beste unitate batzuetako titularrak Departamentuarteko Batzordera sartzen ahalko dira.

7. Erabaki honetan aurreikusitako berezitasunetan eragin gabe, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean organo kolegiatuei buruz ezarritako arauek zuzenduko dute Batzordea.

8. Eginen diren jardueren finantzaketa, oro har, departamentu bakoitzari esleitutako aurrekontuko baliabideen kargura eginen da. Hala ere, Toki Administrazioko Departamentuak egoki juzgatzen diren jarduera garrantzitsuenen finantzaketan lagundu dezake.

9. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko azaroaren 26an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0718352