154. ALDIZKARIA - 2007ko abenduaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko azaroaren 19koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideen informazio azterlana" udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzen duena. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2007ko apirilaren 13an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideen informazio azterlana" aurkeztu zuen, Ingurumen eraginaren azterlana barne, Ingurumen eraginaren adierazpena tramitatzeko eta aukeratzen den hautabidea Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa onesteko.

I.-Aurrekariak.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura Ingurumen eraginaren azterlana prestatzeko kontsulten tramitearekin hasi zen. Hauek dira erantzun duten entitateak:

-Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua.

-Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.

-Ebroko Ur Konfederazioa.

-Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua. Plangintza eta Laguntza Atala.

-Iruñeko Udala.

-Zizur Nagusiko Udala.

Entitate horien erantzunak, prestatu beharreko Ingurumen eraginaren azterlanaren edukiari buruz Ingurumen zuzendari nagusiak sinaturiko txostenarekin batera, Herri Lan Zuzendaritza Nagusira igorri ziren, jakinaren gainean egon zedin eta behar ziren ondorioak izan zitzaten.

II.-Azpiegituraren udalez gaindiko eragina dela eta.

Proposaturiko azpiegituraren udalez gaindiko eragina, hurrengo dokumentuen testuinguruan kokatu eta justifikatzen da:

-Alde batetik Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailea, izan ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen arabera, lurraldea antolatzeko tresnatzat hartzen da eta, Iruñeko Udalarekiko Hitzarmenaren arabera, Iruñeko hegoaldeko sarbidea berritzea hartzen du bere baitan.

-Bestalde, Iruñerriko Hirigintza Arauetan, informazio azterlan honetako bideei dagokien R.V.R.3 bide-erreserba aurreikusten da. "Eremuen arteko bide sarea" motako komunikabide proposamena da hau, Iruñerriko zenbait auzo eta eremu elkar lotzeko xedearekin. Kasu honetan R.V.R.3.-Hegoaldeko Zeharkako bidea. N-121-Zaragozako etorbidea eta N-111-Aróstegui Etorbidea errepideen arteko lotura.

III.-Proposatutako hautabideen deskribapena.

Proiektatutako sarbide berriak "T" itxura dauka, zeharkako ardatza -ekialdea/mendebaldea- Donapeako Gainetik, Nafarroako Unibertsitateko campusetik hegoaldera, Zizur Txikiko errepidea eta Nafarroako etorbidea lotzen dituen bidea da, eta ardatz ortogonala -iparraldea/hegoaldea- iparraldeko ingurabidearen eta Ezkirozko errepidearen arteko lotunetik, eta honen trazadurari jarraiki, lotune hori arestian aipatutako zeharkako bidearekin lotzen duena, Cordovillako jatorrizko hiriguneko sarbidearen ondoan, azkenik "unibertsitateko errepidearekin" lotura eginez.

Informazio azterlanak hurrengo hiru bide hauek aurreikusten ditu aipatu "T" horretan:

-1. Bidea: mendebaldeko ingurabidearen eta Ezkirozko errepidearen arteko lotunetik Nafarroaren etorbidearaino doa.

-2. Bidea: 1. Bidea unibertsitateko errepidearekin lotzen du.

-3. Bidea: Zizur Txikiko errepidetik 1. Bidera doa. Bide honen eta Zizur Txikiko errepidearen arteko gurtzagunea biribilgune baten bidez moldatu da. Bertatik, Arostegiren etorbidearekin bat egin arte bide beraren jarraipena aurreikusten da. (Hondar zati honen proiektua eta exekuzioa abiadura handiko trenaren UPSren garapenaren baitan eginen da).

Egindako trafiko azterlanaren arabera, zeharkako bide berriak (3. Bidea eta 1. Bidearen bukaera) 9.000 Ibilgailu/eguneko trafikoa izanen du, hori dela eta beharrezkoa da 4 erreiko galtzada egitea. Trafikoaren erdia Barañainetik dator eta beste erdia Lizarrako errepidetik. Cordovillan etorkizunean izanen diren hirigintzako garapenak direla eta, 1. Bidean 4 errei aurreikusi dira, egungo trafikoaren aurreikuspenen arabera justifikatzen ez badira ere.

Bideen arteko gurutzaguneak glorieten bidez moldatuko dira. Halaber, mendebaldeko ingurabidearen eta Ezkirozko errepidearen arteko lotunea -bertatik abiatzen baita 1. Bidea- "pisuak" motako lotune batekin hobetuko da.

Informazio azterlanak bide hauen trazaduretarako hiru hautabide planteatzen ditu. Beraien arteko alde nagusia elkarren arteko bidegurutzeak moldatzeko birilguneak non jartzean datza.

-1. Hautabideak desberdintasun nagusi bat dauka gainontzeko hautabideen aldean, orokorrean lurraren malda naturalari gehien egokitzen zaiona, bertan bi biribilgulgune aurreikusten baitira: bata 3. Bidea eta 1a. lotzeko, eta bestea, aurrekotik iparraldera. Azken honetatik 2. Bidea abiatuko litzateke, iparraldea/hegoaldea ardatza (1. Bidea) eta "unibertsitateko errepidea" lotuz.

-2. Hautabidean, ekialdea/mendebaldea mugimendua zuzenagoa da, eta ekialderago dagoen biribilguneen arteko azken zatian (1. Bidea) eta "unibertsitateko errepidearekiko" (2. Bidea) lotura bidean maldak handiagoak dira. Hiru bideen arteko gurutzagunea glorieta bakar baten bidez eginen da.

-3. Hautabidean, zeharkako bideak, Nafarroako Unibertsitateko campusa ukituko luke eta, lur mugimendu handiagoa behar du, beraz, beste hautabideek baino eragin handiagoa ekarriko luke. Bestalde, ekialdea/mendebaldea mugimenduak hegoaldeko norabidea duen 3. Bidea/1. Bidea mugimenduak baino garrantzi handiagoa du. Hau dela eta, beharrezkoa litzateke Cordovillako errepidea 200 m-tan desbideratzea, hiru bideen glorietarekin lotzeko.

Hona hemen hautabide bakoitza eraikitzeko kostuak:

-1. hautabidea: 3.891.061 euro.

-2. hautabidea: 3.805.047 euro.

-3. hautabidea: 3.750.152 euro.

Irizpide askotan oinarrituriko informazio azterketa egin ondoren, ondorioak dira 1. nahiz 2. hautabidea aukeratzen ahal direla, orokorrean antzeko ezaugarriak dituztelako eta lortu nahi den helbururako egokienak ematen dutelako. Bestalde, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak dio 1. hautabidea dela egokiena Ingurumenaren aldetik.

Jarduerak ukitutako udalerriak Galar Zendea (Cordovilla) eta Iruña dira.

IV.-Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta.

Irizpide askotako azterketa egin ondoren, lortu nahi den helbururako 1. eta 2. hautabideak dira balorazio onena dutenak, dena den, 1. hautabidea egokiagoa da ingurumenaren aldetik. Honetaz gain, esan beharrekoa da 1. hautabidean proiektaturiko hiru bideen arteko lotura bi glorietaren bidez moldatzea aurreikusten dela, Cordovillako eta Nafarroako Unibertsitateko garapen berriekiko lotura hobetuz, baita bide segurtasuna.

Hau esanda, hurrengo gogoetak egiten dira:

-Komenigarria litzateke hirugarren errei baterako lurzoru-erreserba egitea zeharkako bide guztian zehar (3. Bidea eta 1. Bidearen bukaera), garraio publikoaren etorkizuneko garapena errazteko. Dena den, Iruñerriko Mankomunitateak gogoeta hau berretsi beharko luke espedientea tramitatzen den bitartean.

-Exekuzio proiektuan, Iruñerriko Hirigintza Arauetan azaltzen den azpiegitura elektrikoetarako erreserba (INF. E) kontuan hartu beharko da, egun bertan dagoen goi tentsioko linea etorkizunean desmuntatu eta lur azpian jartzeko neurriak hartuz.

V.-Ingurumen arloko txostena.

Joan den ekainaren 7an, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi zuen Ingurumenaren eraginaren azterlana nahikoa dela, eta, hurrengo gogoetak egin zituen:

-Plangintza eta Laguntza Atalari Probintzietako Errege Altxonbidea abelbidearen eta 3. Bidearen arteko gurutzagunean pasaguneak ezartzeari buruz erredakzio taldeak egindako kontsulta dela eta, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak berrezpen txostena eman beharko du, idatziz, aukeraturiko hautabideari buruz. Dena den, eta bide berrirako estimaturiko trafikoaren aurrean (12.500 ibilgailu/eguneko, 2018ko atalasean) maila desberdinetako pasabideak ezartzeko aukera kontuan izaten jarraitu beharko da, bai abelbidearekiko gurutzagunerako, bai Donejakue Bidearen pasabiderako. Azpiko pasabideen arazoak, Informazio azterlanean aipatzen direnak, aztertuta (lurraren gaineko ukipena, hezetasuna, bestelako zerbitzuen gaineko ukipena etab.)gaineko bi pasabide eraikitzea aurreikusiko da, instalatu behar diren hirigunean paisaiari ez eragiteko moduan diseinatuta.

-Donapea Institutuaren ondoan pantaila akustikoak jartzea zehaztuko da, baita Elortz ibaiaren erripari ezarri behar zaion babesa eta errepideen ingurua bide multzo berria paisaian txertatzeko proiektua, landaretzaz berritzeko jarduerekin bat, hiriaren hegoaldean oinezkoendako gerriko berde bat sortzeko aukera uztartu beharko dituena.

-Mailegu eta zabortegi eremuen kokapena eta ingurumen arloko balorazioa.

Txostenaren bukaeran zera ondorioztatzen da: aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, uste dugu espedientea jendaurrean jar daitekeela Ingurumen gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete daitezen eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa tramita dadin. Dena dela, azkenean aukeratzen den hautabidearen gaineko proiektua onetsi aitzin, aurreko lerroaldeetan adierazitako guztia bete beharko da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2007ko urriaren 4an emandako txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Iruñeko ekialdeko saihesbidearen hegoaldeko sarbideak" informazio azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak izan ditzan. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea, azkenean aukeratzen den hautabidea onetsi aurretik, edo, bere exekuzio proiektuan, espedientea erabaki honen IV. eta V. idatz-zatietan adierazitakoarekin osatu behar dela.

3. Ondare historikoaren babesari dagokionez, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostenean azaltzen diren jarduerak egin beharko dira eta han zehazten diren neurriak hartu.

4. Espedientea, hogeita hamar eguneko epean, jendaurrean jarri eta jarduera horiek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia egitea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakorekin bat.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta horren berri ematea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Iruñeko eta Galar Zendeako Udalei, eta Iruñerriko Mankomunitateari (Garraioaren Alorra,) behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko azaroaren 19an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0718005