144. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2007ko azaroaren 5ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez luzatu egiten da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari emandako baimena, irakasle bakoitzari merezimenduen ondorioz dagozkion lansari osagarriak esleitzeari buruzkoa.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak 69. artikuluko 2. idatz-zatian xedatzen duenez, autonomia erkidegoetako gobernuek unibertsitateetako irakasleen artean lansari osagarriak esleitzen ahalko dituzte, norberak irakaskuntzan, ikerketetan eta kudeaketan izaniko merezimenduen arabera. Lege hura apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatu zen.

Artikulu horretako 3. idatz-zatiak xedatzen du, bestetik, autonomia erkidegoek horretarako ezartzen dituzten mugen barruan, Gizarte Kontseiluak, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak proposaturik, erabakitzen ahalko duela lansari osagarri horiek irakasle bakoitzari esleitzea. Azkenik, hurrengo idatz-zatian esaten da osagarriak esleituko direla Kalitatearen Ebaluazioko eta Kreditazioko Agentzia Nazionalak edo kasuan kasuko autonomia erkidegoko Legeak kanpoko ebaluaziorako zehazten duen organoak merezimenduak baloratu ondoren.

Nafarroako Foru Komunitatean gaur egun aztertzen ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoa garatzeko alderdien kalitatea baloratu eta kreditatzeko egokiena den kanpoko ebaluazioko sistema ezartzeko modua. Horretarako ikuspegi orokor bat behar da. Hori dela-eta, irakasleen lansari osagarrien araubidea ordura arte uztea komeni da.

Hori hala izanik ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen ordainketei buruzko 19/1998 Foru Legean ezarritakoarekin bat, bidezkoa da Kontseilu horri baimena ematea osagarri hori esleitzen segitu ahal izateko 2006an erabili diren irizpide berei jarraituz.

Baimen honek Nafarroako Gobernuari ez dio ekarriko 2007rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 18/2005 Foru Legearen 24.b artikuluan ezarritako zenbatekoak baino betebehar ekonomiko handiagorik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari baimena luzatzea irakasleen banakako merezimenduen lansari osagarriak ordaintzen segitzeko, 2006an erabili diren irizpide berei jarraituz, 2007ko osagarria esleitu eta ordaintzearren.

2. Aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari emandako baimenak Nafarroako Gobernuari ez diola ekarriko 2007rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 18/2005 Foru Legearen 24.b artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa finantzatzeko Hitzarmenean ezarritako zenbatekoak baino betebehar ekonomiko handiagorik.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko azaroaren 5ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0717235