137. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuarena, 2007ko urriaren 15ekoa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatuko "Corellako saihesbidearen informazio azterlana" udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratzen duena.

2007ko ekainaren 6an Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "Corellako saihesbidearen informazio azterlana" aurkeztu zuen, Ingurumen eraginaren azterlana barne, Ingurumen eraginaren adierazpena tramitatzeko eta aukeratzen den hautabidea Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa onesteko.

I.-Azpiegituraren udalez gaindiko eragina.

Proposaturiko azpiegiturak udalerri bakar bat ukitu arren, udalez gaindiko eragina adierazi da Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailearen testuinguruan -Plan horrek jarduera hau jasotzen du-, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen arabera, plan zuzentzaile hori lurraldea antolatzeko tresnatzat hartzen da. Memoriak adierazten duenez, "trazadura berriko errepidea eginen da, bi hauek lotzeko: Rincón de Sototik Corellarako NA-161 errepidea eta Iruñetik Madrilerako N-113 errepidea; Corellan sartu behar ez izateko eginen da".

II.-Planteatutako hautabideen deskribapena.

Planteatu diren hautabide guztiek Corellako hirigunea iparraldetik inguratzen dute, zeren horrela errepide berriaren edukiera handiagoa da hegoaldetik baino, aurkeztu den trafikoaren azterketaren arabera.

1. hautabidea: 4.200 bat metroko luzera du. N-161etik abiatzen da, 6,1 km-tik hurbil, (Corellatik iparraldera) biribilgune itxi baten bidez. Handik aurrera trazadura lurraldeari egokitzen zaio; beste biribilgune itxi baten bidez gurutzatzen du Alfarora doan NA-6920 errepidea, eta La Estancako urtegiaren ertzetik igarotzen da, hegoaldetik, urtegiaren eta industrialde txiki baten artetik. Trazadura hilerriaren eta araztegiaren ertzetik pasatzen da, eta Alhama ibaia gurutzatzen du meandro batetik. Azkenik, Soriatik Castejonerako burdinbidea gurutzatu eta NA-6810rekin lotzen da, biribilgune itxi baten bidez, gaur egun NA-6810 eta NA-113 lotzen diren lekutik hurbil.

2. hautabidea: Aurrekoaren antzeko luzera du. N-161etik abiatzen da, 5,7 km-tik hurbil (Corellatik iparraldera), biribilgune itxi baten bidez. Handik aurrera trazadura lurraldeari egokitzen zaio; beste biribilgune itxi baten bidez gurutzatzen du Alfarora doan NA-6920, eta La Estancako urtegiaren ertzetik igarotzen da, hegoaldetik, urtegiaren eta industrialde txiki baten artetik. Iparralderantz pixka bat desbideratzen da, Alhama ibaia eta Soriatik Castejonerako burdinbidea gurutzatzen ditu, eta N-113 errepidean bukatzen da biribilgune itxi baten bidez.

3. hautabidea: Corellako hirigunetik urrutien igarotzen dena da. 4.900 bat metroko luzera du. N-161etik abiatzen da, 6,2 km-tik hurbil, biribilgune itxi baten bidez. Handik aurrera trazadura lurraldeari egokitzen zaio; beste biribilgune itxi baten bidez gurutzatzen du Alfarora doan NA-6920, eta La Estancako urtegiaren ertzetik igarotzen da, iparraldetik, AP-68 autobidearekiko ia parez pare. Bukatzeko, eta aurrekoek bezala, Alhama ibaia gurutzatzen du, aurreko guneetatik beherago, baita Soriatik Castejonerako burdinbidea ere, eta N-113 errepidean bukatzen da biribilgune itxi baten bidez.

Hona hemen hautabide bakoitza eraikitzeko kostuak:

1. hautabidea: 5.291.343,70 euro.

2. hautabidea: 5.645.445,71 euro.

3. hautabidea: 5.991.763,66 euro.

Irizpide askotan oinarrituriko azterketa egin ondoren, azterlanean 1. hautabidea garatzea proposatu da, kontuan harturik hobekien baloratu dela honako hauei dagokienez: ingurumen adierazleak (Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa eta lurrak mugitzea), trazadura eta kostu ekonomikoa.

III.-Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko zehaztapenak.

Irizpide askotan oinarrituriko azterketa egin ondoren, 1. hautabidea baloratu da hobekien, baita lurraldeari eta hirigintzari dagokienez ere, oro har. Horregatik, ondoren egiten diren zehaztapenak 1. hautabideari buruzkoak dira.

a) Lurraldeari buruzko zehaztapenak.

Corellako saihesbideak, udalerriaren iparraldean, etorkizunean, ez oso urruti, garrantzi estrategiko zerbait izan dezake Nafarroako hego-mendebaldean eta Errioxan, zeren N-232 errepidearen alternatiba da, Alfaro eta Rincón de Soto/Ebroko ardatzetik datorren trafikoa N-113 errepidearekin lotzeko (gaur egungo Madrilerako errepidearekin), baita Tuterarekin lotzeko ere.

Bestalde, Madril-Soria-Tutera autobideko informazio azterlaneko aurreikuspenen arabera, Rincón del Soto/Ebroko ardatza-Corella-Tutera ardatzak garrantzi handiagoa izan dezake baldin eta Azterlan horretan erdilotune bat aurreikusten bada NA-6810 (Corella-Tutera) errepidearekin, erantzuna emateko ardatz horren eta autobidearen artean dauden mugimenduei (aipatutako informazio azterlanean NA-160 Tutera-Fitero errepidearekin aurreikusi den lotunearen bidez gauzatuko litzateke Tuterarako lotura). Dena den, autobidea egin eta erdilotune hori eraikiko ez balitz, seguru aski, eskualde hartatik etorritako ibilgailu askok, autobidean bidesaririk ordaindu gabe sartzeko, Corellako saihesbidean barna joan, N-113 hartu Cintruenigoraino, eta N-160 errepidearekiko lotunean Madrilerako autobidera sartuko lirateke.

Arestiko hausnarketak egin ondoren, kontuan hartzekoa da ea komeni den etorkizunean NA-6810 (Corella-Tutera) errepidearen eta N-113 (Iruña-Madril) errepidearen arteko lotura hobetzea eta aldatzea, batez ere maila berean ezkerretara bira egitea saihesteko. Komenigarria da une honetan hartzea kontuan lotune hori aldatzeko beharra, zeren, horren arabera, besteak beste, toki desberdinean jarriko litzateke saihesbidea NA-6810 errepidearekin gurutzatzeko biribilgunea, eta, beraz, biribilgunearen hasierako trazadura desberdina izanen litzateke.

b) Hirigintzaren gaineko zehaztapenak.

Aintzat hartzekoa da Corellako udal planeamenduan jadanik pentsatu zela hirigunearen ipar-mendebaldean hurbileko bide edo saihesbidea egitea, 1. hautabidea baino askoz ere hurbilago, baina hark bidearekin lotutako garapenak zituen. Zehazki, 180.000 m²-ko lurzoru urbanizagarriko azalera aurreikusten da, 1. hautabideko trazaduratik franko hurbil kokatuko litzatekeena. Horren ondorioz oso egokia suertatuko litzateke saihesbidea erabiltzea Corellatik ateratzeko, iparraldetik hegoalderako norabidean. Nolanahi ere, aurreikusten ahal da saihesbidea eraikitzearekin batera planeamendua aldatuko dela, zeren muga bat baita hirigunea hazteko, eta era berean funtsezko osagaia baita hirigunera sartzeko. Horregatik, komenigarria da aukeratzen den saihesbidearen proiektuari heltzean kontuan har daitezela saihesbidetik hurbil dauden hirigintza garapenerako proposamen horiek, eragina izan baitezakete sarbideen diseinuan eta neurrian.

c) Bestelako xehetasunak.

Corellatik La Estancara doazen bideekin gurutzatzea: 1. hautabidean Aracielgo bidean azpiko pasagunea egitea planteatzen da. Alde horretan industrialde bat dago, eta, gainera, udal planeamenduak hor aurreikusten du lurzoru urbanizagarriaren hazkundea. Proiekturako alderdi horiek denak kontuan hartu beharko lirateke. Bestalde, corellarrek paseoan ibiltzeko La Estancarako joan-etorriko ibilbide hori erabiltzen dute; horregatik, aztertuko da ea bidezkoa den maila desberdineko pasagunea egitea hilerriko bidean.

Ukitutako zerbitzuei dagokienez, bidezkoa da adieraztea NILSAk dioenez 1. hautabideak Corellako hondakin-uren araztegiaren kolektore-hustubideari eragiten diola. Hautabide hori aukeratzen bada ukipen hori modu egokian egin beharko da.

IV.-Emandako txostenak.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko txostena eskatu da baina oraindik ez da jaso, eta orain arte gainerako txosten hauek eman dira:

a) Osasun Publikoaren Institutuaren txostena.

2007ko abuztuaren 6an Osasun Publikoaren Institutuak txostena eman zuen 1. hautabideak Corellako hilerrian izanen lukeen eraginari buruz. Txosten horretan adierazten da hilerriko kanpoko perimetroko gune hurbilenaren eta 1. hautabideko ezpondaren artean 34 metro daudela, eta aipatzen da arau bat zeinak agintzen duen hilerriaren inguruan babes zerrenda bat ezarriko dela, 50 metrokoa, eta hartan ez dela inolako eraikuntzarik izanen. Bada, horri buruz honako hau dio: "proposatutako azpiegitura ez da "eraikuntzatzat" hartuko". Txostenak udal planeamenduko beste xehetasun batzuk ere eransten ditu.

b) Trenbide Azpiegituren Administratzailearen txostena.

2007ko irailaren 4an Trenbide Azpiegituren Administratzaileak txostena eman zuen saihesbideak Soria-Castejon trenbideari eginen zion ukipenari buruz, eta honako zehaztapenak egin zituen:

-1. hautabideko saihesbidean planteatutako trenbideko pasagunean, Soria-Castejongo trenbideko 92/876 k.p.an ezkerreko aldean (kilometrizazioan gora joaz) bada zuntz optikozko linea bat, lur azpian, 0,8ko sakoneran, errail hurbilenetik 5,80 metrora.

-Ez da beharrezkoa bidea bikoiztea.

-Lanak egiten direnean une oro babestu beharko dira Trenbide Azpiegituren Administratzaileak toki horretan dituen instalazioak, eta bukatutakoan lehengoratu eginen dituzte.

-Indarrean den legeriak ezartzen duenez (Burdinbideen sektoreari buruzko Legea eta bere Erregelamendua), trenbidearen eraginaren eremuan eraiki edo berreraiki nahi duenak, eta trenbidea gurutzatuko duten obrak eta bestelako jarduerak egin nahi dituenak, trenbidearen jabe den enpresaren adostasuna lortu beharko du lehenik, bestelako baimenak ukatu gabe.

-Nolanahi ere, txostenean eransten diren parametro teknikoak errespetatu behar dira.

c) Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena.

2007ko uztailaren 24an Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak ondoko hau adierazi zuen txostenean:

-1. hautabideko oinplanoaren diseinuak Torrecillako aztarnategi arkeologikoari eragiten ahal dio hein batean. Hortaz, txostenean deskribatzen diren jarduerak egin behar dira (hilobiak agertzen badira metodologia arkeologikoa erabilita egin beharko da erauzketa). 2. eta 3. hautabideek, ordea, ez diote eragiten katalogatutako kultur ondareari.

-Aukeratzen den hautabidea aukeratzen dela, Corellako saihesbidearen behin betiko proiektuak aurrea hartzeko neurriak jaso beharko ditu, baita, behar izanez gero, neurri zuzentzaile edo aringarriak ere, txostenean jasotzen den ondare arkeologikoa zaintzeko. Sustatzailearen kargura eginen dira horiek denak.

-Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek eginen ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Beraz, obraren aurrekontuak hartarako kontusaila jaso beharko du. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du. Ikuskapen lanak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari dagozkio, eta horretarako obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, egin beharreko lanen hasiera.

Bukatzeko, txostenak dioenez, aztertutako informazio azterlanak ez du kokapenik proposatzen agregakinak erauzteko, materialak metatzeko edo hondakinak botatzeko, ez Corellako udal mugapean ez mugakide dituenetan. Oso erraza da proiektuak eskatzen dituen jarduera horiek ondare arkeologikoari kalte egitea. Beraz, hori dena kontuan harturik, proiektuan jarduera horien kokapenak jaso edo gauzatu aurretik, txosten arkeologikoa eskatuko zaio Ondare Historikoaren Zerbitzuari horiek egokitasunari buruz. Nafarroako Arkeologiaren inbentarioan jasotako ondasunak adieraziko dira txosten horretan, eta egokiak diren aurreneurriak ezarriko (neurri orokor gisa, sasiak kentzeko hasierako fasean segimendu arkeologikoa eginen da). Horrekin loturik, 1995. urtean N-113 eta NA-6810 errepideen arteko gurutzagunea hobetzeko lanak zirela eta Torrecillako mausoleo ondoan legar-hobia egin zen (Corellako 5. poligonoko 249. eta 251. lurzatiak hartzen ditu), eta gaur egun oraindik ez da lehengoratu, ingurumenari dagokionez. Beraz, Corellako saihesbidea eraikitzeko lanek lurrak eta hondakin inerteak botatzeko gune bat behar baldin badute, antzinako harrobi hori erabiliko da nahitaez, mausoleoaren ingurua lehengoratzeko (ingurumenari dagokionez), hartarako sarbidea hobetzeko eta aztarnategi hartarako bisitak errazteko. Bestalde, eta Torrecillako (Corella) mausoleora iristeko bideari dagokionez, komeni da hura egiteko ahalik eta lur gutxien ken dadila. Hobe da, ahal den neurrian, hura egiteko behar diren gaiak (legarra, zagorra etab.) oraingo lurraren gainean ezartzea, eta ez besterik.

V.-Ingurumen arloko txostena.

Joan den ekainaren 18an, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi zuen Ingurumenaren eraginaren azterlana nahikoa dela, eta, ekarritako dokumentazioa ikusirik, uste du espedientea jendaurrean jar daitekeela Ingurumen gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete daitezen eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa tramita dadin. Dena dela, txostena honako hauekin osatuko da:

-Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko txostena Ingurumen Zuzendaritza Nagusira bidali aurretik, neurri zuzentzaileren bat proposatu behar da soinu maila murrizteko La Estancako urtegi inguruan, izan ere garrantzi eta potentzial handia du uretako hegaztientzat, bai negua pasatzeko bai habia egiteko.

-Halaber, proposatutako hondakindegia bideragarria dela bermatu behar da. Horretarako Vianako Printzearen Erakundearen txostena aurkeztu beharko da, baita egindako proposamena ere, inguru hartako baimendutako tokietan hartu daitezen mailegu-materialak.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2007ko urriaren 4an emandako txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Corellako saihesbidearen informazio azterlana" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak izan ditzan. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari honako hau adieraztea:

-Azkenik aukeratzen den hautabidea onetsi aurretik, har ditzala kontuan Erabaki honetako azalpen zatiko III. atala ("Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko zehaztapenak"), eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenean egindako zehaztapenak bete ditzala.

-Ondare historikoaren babesari dagokionez, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostenean azaltzen diren jarduerak egin beharko dira eta han zehazten diren neurriak hartu.

-Soria-Castejon trenbideari dagokionez, Trenbide Azpiegituren Administratzaileak emandako txostenak ezarritakoa beteko da.

3. Espedientea, hogeita hamar eguneko epean, jendaurrean jarri eta jarduera horiek ukituko dituzten eremuetako udalei entzunaldia egitea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakorekin bat.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta horren berri ematea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Osasun Publikoaren Institutuari, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari, NILSAri eta Corellako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0715895