134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ESTERIBAR

Ordenantza, Esteribarren ibilgailuen trafikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Esteribarko Udalak, 2007ko maiatzaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Esteribarren ibilgailuen trafikoa arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2007ko 75. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, ekainaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Esteribarren, 2007ko irailaren 28an.-Alkatea, Francisco Javier Borda Garde.

ESTERIBARREN IBILGAILUEN TRAFIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Ondoko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz: Toki Araubidearen gaineko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2-b artikulua; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta 5/1997 Legearen 7-b artikulua (lege honek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatu baitzuen); eta kontuan hartuz horiek denek hiriko bideetako trafikoaren eta zirkulazioaren alorretako eskumenak Udalari ematen dizkiotela, ordenantza hau ematen da, Esteribarko Udalak onetsi baitu osoko bilkuran.

Portaera arau orokorrak

1. artikulua. Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, bai eta ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bertzelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

2. artikulua. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

3. artikulua. Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo isuriak bidera botatzea.

4. artikulua. Oinezkoek debeku dute galtzada baimenduta ez dauden tokietan barna zeharkatzea. Toki baimenduetan barna egin beharko dute, ahal den azkarrena, gelditu gabe edo bertze erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

5. artikulua. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo bertze zerbait direla eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

6. artikulua. Arrastiritik argi-hastera bitarte ibilgailuek hurbilerako argiak piztuta eraman beharko dituzte, udal mugapeko galtzada guztietan. Motozikletek eta ziklomotorrek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, hurbilerako argiak, eguraldiak hala eskatzen duenean, eraman beharko dira piztuta.

7. artikulua. Debeku da gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko antzeko bitartekoak erabiltzea, hauek "eskuak libre" izeneko gailua dutenetakoak ez badira, behintzat.

8. artikulua. Zehapena ezarriko zaio eremu publikoan ibilgailua garbitzen duenari.

9. artikulua. Ordenantza hau ez da aplikatuko probintziaren edo estatuaren eskumeneko bideetan.

Bizikletak eta ziklomotorrak

10. artikulua. Ziklomotorren, bizikleten, monopatinen eta gidarien kemenak mugitzen dituen gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dituzte gidariek.

11. artikulua. Bizikletak eta ziklomotorrak oinezkoendako alderdietan edo espaloi eta pasealekuetan aparkatzen ahalko dira, baina Udalak ezarritako gune erreserbatu eta behar bezala seinalatuetan soil-soilik.

12. artikulua. Ziklomotorrak semibaterian aparkatuko dira galtzadan, gehienez ere metro eta erdiko zabalera okupatuz.

13. artikulua. Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da horietan sartzea galaraziko, ez eta zirkulaziora itzulzeko maniobra ere.

14. artikulua. Debeku da bizikletak, patinak eta monopatinak espaloietan, parkeetako eta lorategietako karriketan ibiltzea, horretarako erreserbatutako alderik ez bada.

15. artikulua. Bizikletak galtzadan barna joanen dira, espaloitik ahal den hurbilen. Errei bat baino gehiagoko bideetan, albokoetan barna ibiliko dira. Errei bat baino gehiagoko bidegurutzeetara hurbiltzean, egin beharreko biraketari dagokion eskuineragoko erreiaren eskuinaldetik joanen dira.

16. artikulua. Debeku da bizikletak gauez ibiltzea, aitzineko argia eta gibeleko islatzailea, gutxienez, ez badaramate.

Argi keinukaririk ez duten bizikleten eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

17. artikulua. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

18. artikulua. Ziklomotor guztiek matrikulaturik egon behar dute eta dagokien matrikulazio plaka eraman beharko dute.

Merkataritzako gai arriskutsuak eta garraioetako ibilgailu handiak

19. artikulua. Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren 1 edo 2-A arrisku etiketak eraman behar dituztenek, debeku dute Esteribarko herrietako hiriguneen barnean zehar ibiltzea.

20. artikulua. 19. artikuluan aipatutako ibilgailuek debeku dute arras Esteribarko udal mugape osoan aparkatzea.

21. artikulua. Bere ezaugarriak, luze-zabalak edo kargaren kokaera direla-eta ibilgailu batek Zirkulazio Kodearen 222. artikuluan ezarritako baimenak behar baditu, Esteribarko Udalari eskatu beharko zaio, albienteek edo Foruzaingoak eman diezaion gidatze, zaintza eta laguntza zerbitzua ibarreko errepideetan barna, dagokion tasa sorraraziko da, halakorik badagokio.

Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

22. artikulua. Arau orokorra izanen da 5.000 kg-tik gorako B.G.P. duten ibilgailuek debeku izatea udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

23. artikulua. Halaber, 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

24. artikulua. 21 eta 22. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe, Udalak berariazko tokiak ezartzen ahalko ditu halako ibilgailuak aparkatzeko; kasu horretan, erregelamendu bidez zehaztuko den baimena jaso beharko da udal agintariengandik.

25. artikulua. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespeneko kasuetan, betiere aldez aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

26. artikulua. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratu eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.

27. artikulua. Debeku da arras karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal mugapearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

Trafikoaren kontrol eta antolamendurako neurriak

28. artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa berrantolatuz eta arautuz.

29. artikulua. Alkatetzak edo udaltzainek emandako arauak betetzeko, Foruzaingoak aldi baterako aldatu ahal izanen du zirkulazioaren antolamendua, ibarreko halako lekuren batean, bai eta sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguru eta errazagoa izan dadin.

30. artikulua. Foruzain edo udaltzainek trafikoari dagokionez egiten dituzten adierazpenek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko bertze edozein seinale edo arautegiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoentzat ulerterrazak izan beharko dute.

31. artikulua. Udalak aldi baterako debekatu ahal izanen du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinaleztatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik seinalatuz, neurriari noiz emanen zaion hasiera adierazten duten seinaleen bidez.

Los vehículos que no fueran retirados en ese plazo serán trasladados a otro lugar, sin que tal actuación genere ni obligación de pago de tasa ni denuncia de tráfico. Kasu horietan non dauden ibilgailuak jakinaraziko zaie titularrei.

32. artikulua. Bide publikoan edozein gauza paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesatuaren kargura, bai eta, baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez dituztenenak ere.

33. artikulua. Debeku da arras zirkulazio seinaleak aurretik Udalaren baimena izan gabe paratzea.

Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan jartzea.

34. artikulua. Udalak halako bideak lehentasunekoak edo zirkulazio dentsitate handikoak direla deklaratu ahal izanen du, bigarren ilaran gelditzea debekatu eta bertan egindako arau-hausteengatiko zehapenei isuna ezartzeko.

35. artikulua. Esteribarko udal mugapeko bide publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

Horrenbertzez, ibilgailu bat 7 egun gehienez egoten ahalko da toki berean mugitu gabe. Epe hori gaindituta, ibilgailua aurreko tokitik gutxienez 100 metrora aparkatu beharko da.

Baimendutako eremuan denbora gehiegi emanez gero, zehapena jarriko da.

36. artikulua. Udalak ahalmena du mendiko halako bide batzuetan ibilgiluen erabilera mugatzeko.

Ibilgailu abandonatuak

37. artikulua. Honelakoetan, ibilgailu bat abandonaturik dagoela arrazoiz uste ahal izanen da:

a) Agintari eskudunek eremu publikotik kendu eta altxatu dutenetik, bi hilabete baino gehiago iragaten direnean.

b) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

Halakoetan, hiri hondakin solidoaren araberako tratamendua emanen zaio, ingurune arloko araudiari jarraikiz.

a) atalean jasotzen den kasuan, abandonatze zantzuak izanik ere, ibilgailuak matrikula plakari kontu edo titularra identifikatzeko parada ematen duen edozein arrasto edo marka agerian badu, errekerimendu eginen zaio delako titularrari, behar diren epeak iragandakoan, hamabortz egunean ibilgailua altxatokitik ken dezan eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidoaren tratamendua emanen zaiola.

38. artikulua. Jabeak berreskuratu nahi badu abandonatze zantzuak izateagatik Udaleko zerbitzuek kendutako ibilgailua, honelako tasa ordaindu beharko du: 4 euro, altxaturik egon den egun bakoitzetik, eta 55 euro, kentzeagatik.

Gelditu eta aparkatzea

39. artikulua. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 68. zenbakiari jarraikiz, ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea.

Aparkatzea, berriz, aurreko lerroaldeko egoeran, hau da, geldituta, ez dagoen ibilgailua mugitu gabe edukitzea da.

40. artikulua. Ibilgailua geldituta dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.

41. artikulua. Honelakoetan gelditzea debeku da arras:

a) Babeslekuetan, babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoendako alderdietan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Eraikinetako sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.

f) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoendako alderdietan eta lorategietan.

g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako errei edo bide-zatietan.

h) Ezinduendako edo bertze erabilera batzuetarako espaloi-oketsetan.

i) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

j) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.

k) Seinale bidez, biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.

l) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.

m) Zirkulazioa oztopatzen den bertze toki guztietan, denbora txikienerako bada ere.

42. artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo semibaterian, zeharka.

42.1. Seinaleak zoladuran dituzten aparkalekuetan ibilgailuak markatutako esparruaren barnean kokatuko dira.

42.2. Ibilgailuak zintarritik ahal den hurbilen aparkatuko dira, galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko adina tartea utziz.

42.3. Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motoretik bereizitako atoiak.

42.4. Bertze erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko maneran eginen da.

43. artikulua. Honelakoetan aparkatzea debeku da arras:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatuta dagoen tokietan.

c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

d) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

e) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz.

f) Ezinduek bertze inork ez erabiltzeko seinalatutako tokietan.

g) Galtzadaren erdian.

h) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan.

i) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoendako alderdietan eta lorategietan.

44. artikulua. Hiriguneetan, debeku da arras tailerrek konpontzeko ibilgailuak aparkatzea aparkatzeko toki publikoetan, horretarako dauden tailerren barnean egin behar baita jarduera hori.

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

45. artikulua. Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, Udaleko albienteek eremu publikotik kendu eta udal altxatokira eramaten ahalko dute honako honelakoetan:

a) Arriskua sortzen duenean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa narriatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste izatekoa denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako ibilgetzen denean.

d) Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 67.1 artikuluaren hirugarren lerroaldean xedatutakoari jarraikiz, ibilgailua ibilgetu ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.

e) Ibilgailua erreietan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako bide-zatietan aparkatuta dagoenean.

f) Zaborrontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

46. artikulua. Kasu bakar batzuk baizik ez aipatzearren, ibilgailua ordenantza honen aurreko artikuluaren a) idatz-zatian zehaztutako inguruabarretan dagoela eta, beraz, kentzea justifikatua dagoela ulertuko da:

46.1. Gelditzea debekaturik dadoen toki batean aparkatuta dagoenean.

46.2. Ibilgailua bigarren lerroan eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

46.3. Alaka baten erpinetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat ateratzen denean, bertze gidariei maniobra arriskutsuak egitera behartuz.

46.4. Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo ezinduendako espaloi-okets batean aparkatuta dagoenean.

46.5. Erabiltzeko baimendutako orduen barnean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

46.6. Seinalatutako orduen barnean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

46.7. Zamalanetarako tokietan aparkatuta dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

46.8. Garraio publikoko geltoki seinalatu eta mugatu batean aparkatuta dagoenean.

46.9. Elbarriendako toki erreserbatu batean aparkatuta dagoenean.

46.10. Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

46.11. Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

46.12. Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

46.13. Bide batetik datozen gidariei bertze bidea ikustea trabatzen dienean.

46.14. Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

46.15. Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

46.16. Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen handia sortzen baldin badie.

47. artikulua. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte kasu hauetan:

47.1. Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatuta dagoen toki batean aparkatuta baldin badaude.

47.2. Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

47.3. Larrialdietan.

Inguruabar hauen abisua lehenbailehen egin beharko da eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

48. artikulua. Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere Esteribarko Udalaren ordenantza fiskaletan kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaindu ondoren.

Zehapen prozedura

49. artikulua. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide-segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, aplikatuko da.

50. artikulua. Ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitako espedienteak alkate udalburuak izendatzen duenak instruituko ditu. Tramitazioa amaituta, Vianako Udaleko alkate udalburuak emanen du bidezkoa den ebazpena.

51. artikulua. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.

52. artikulua. Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesatuak bertze helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

53. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren aurka errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendurik, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita; edo, aldez aurretik eta aukeran, ondoko errekurtso hauetakoren bat:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuendua.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean biak, errekurritutako erabakia edo egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Esteribarren, 2007ko irailaren 28an.-Alkatea, Francisco Javier Borda Garde.

Iragarkiaren kodea: L0715586