94. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ERRO

Erroibarren etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Erroibarko Udalak, 2006ko ekainaren 14ko osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Erroibarren etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2006ko 48. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 21ean. Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betikoz onetsi da eta testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

ERROIBARREN ETXEBIZITZAK ERAIKI ETA ZAHARBERRITZEKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Xedea

Ordenantza honen helburua da Erroibarren etxebizitzak eraiki eta zaharberritzeko diru-laguntzak arautzea, azkeneko urteetan ematen ari den biztanle-hustuketari aurre egiteko.

Etxebizitzak zaharberritu eta eraikitzeko diru-laguntzak

1. artikulua. Onartuko diren obrak.

Erroibarko Udalak diru-laguntzak emanen ditu, betiere horretarako gorde den aurrekontua kontuan hartuz, gutxienez bederatzi hilabetez erroldatuak dauden eta benetan udalerrian bizi direnei, etxebizitza zaharberritu, sendotu, eraiki edo erosi behar badute eta ondoko artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. artikulua. Kontzeptua.

Diruz lagunduko den etxebizitzak familiaren ohiko etxebizitza izan behar du eta bigarren etxebizitzak, zehazki, kanpoan gelditu dira.

Arautegi honen arabera, etxebizitza nagusiak eta haren eranskinek eraikuntza bakarra osatzen dute.

3. artikulua. Dokumentazioa.

Diru-laguntzak jasotzeko beharrezkoa izango da proiektu ikus-onetsia edo memoria baloratua eta Udalaren obra baimenak aurkeztea. Diru-laguntza jasotzeko aldez aurretik lehen okupazioko udal baimena lortu behar da.

4. artikulua. Diruz lagunduko diren jarduketak.

Diruz lagunduko diren jarduketak hauek izango dira:

a) Eginak dauden etxebizitzak erostea.

b) Etxebizitza berriak erostea. Etxebizitza berriak eraiki-sustatzea eta/edo eraikitzaile-sustatzaileei etxebizitzak erostea.

c) Barne edo/eta kanpoko berriketa lanak egitea.

d) Fatxadak zaharberritzea eta teilatuak sendotu edo berritzea.

5. artikulua. Diru-laguntzarik jasoko ez duten jarduketak.

Jarduketa hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

_Jabeak zuzenean erositako materialak, ez badaude behar bezala dokumentatu eta justifikatuak.

Ordenantza honetan aurreikusita dauden dirulaguntzaren bat jaso duenak ezingo du jaso eraikin berberarako dirulaguntza gehiagorik hamabost urteko epean. Jasotako diru-laguntza gehieneko kopurura iritsi ez bada, diru-laguntza berria jaso ahalko da, eta gehieneko kopurura iritsitakoan hasiko da kontatzen 15 urteko epe hori.

Eraikin berria egiteagatik diru-laguntza jaso dutenek ezingo dute hamabost urteko epean dirulaguntzarik eskatu eraikin horretan berrikuntzak egiteko edo eraikina zaharberritzeko.

Etxebizitza bat erosten duenak diru-laguntza jasotzen badu eta hamabost urte pasatu baino lehen saltzen badu, erosleak ezingo du diru-laguntzarik jaso etxebizitza hori erosteagatik.

6. artikulua. Diru-laguntzen zenbatekoa.

Justifikatutako inbertsioetarako emango diren diru-laguntzak hauek izanen dira:

a) Eginak dauden etxebizitzak erosteagatik emango den diru-laguntza etxebizitza horren balioaren ehuneko 5 izanen da, eta gehienez ere mila zortzirehun euro (1800 euro).

b) Oin berriko etxebizitza erosteagatik, horien barne etxebizitza propio berria eraiki-sustatzea, edo/eta etxebizitza eraikitzaile-sustatzaileei erostea: eskuratutako etxebizitzaren balioaren ehuneko 5 diru-laguntza emango da, eta gehienez ere bost mila euro (5.000 euro).

c) Etxebizitza barnetik edo/eta kanpotik konpontzea, fatxadak zaharberritzea eta teilatuak sendotu eta berritzea: inbertsioa sei mila euro (6.000 euro) baino gehiagokoa denean, egindako inbertsioaren ehuneko 5eko diru-laguntza emango da eta gehienez ere hiru mila berrehun euro (3.200 euro).

Diru-laguntza horientzako ezarritako zenbatekoa gehienekoa izango da, eta urtealdi bakoitzean Erroibarko Udalak aurreikusitako aurrekontuaren menpe egongo da.

Aurrekontuko kontusaileko dirua nahikoa izango ez balitz aurkeztutako eskaerek ordenantzaren arabera jaso beharko luketen diru-laguntzak ordaintzeko, dagoen dirua eskaeren artean banatuko da, hasieran bakoitzari emandako diru-laguntzen proportzioak mantenduz

Aurreko kasua gertatuko balitz, Udalak kontusail hori handitu ahalko luke, beharrezkoa baderitzo eta egoera ekonomikoak ahalbideratuko balu.

7. artikulua. Tramitazioa.

Diru-laguntzak bideratzeko, aurreko artikuluetan ezarritakoa bete eta Erroibarren bizitzeaz gain, eskabidea aurkeztu behar da udaletxean, inbertsioa egiten den urte berean, edo hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen. Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen eta familia unitatearen erroldaketa ziurtagiria, eta baita Udalarekin zorrarik ez duela ziurtatzen duen agiria ere.

b) Egina dagoen etxebizitza erosten den kasuetan: salerosketaren eskritura publikoa eta notariotzaren gastuen ziurtagiria.

c) Oin berriko etxebizitzak erosteagatik eta norbanakoaren etxebizitza berria eraiki-sustatzeagatik: salerosketaren eskritura publikoa, notariotzaren gastuen ziurtagiria eta lehen okupazioko Udal Baimena.

d) Etxebizitza kanpotik edo/eta barnetik berritzeagatik, fatxadak zaharberritzeagatik eta teilatuak sendotu eta berritzeagatik, inbertsioa sei mila euro (6.000 euro) baino gehiagokoa denean: egindako inbertsioa justifikatzen duten fakturak, obrak bukatu izanaren arkitektoaren ziurtagiria, edo egindako obrei buruz eta horiek bukatu izanari buruz udal arkitektoak egindako informea, eta obrei dagozkien tasak ordaindu izanaren agiria.

8. artikulua. Betebeharrak.

Udalak, edozein momentutan, espedientea argitzeko behar dituen bestelako datu edo dokumentuak eskatu ahalko dio diru-laguntza eskatu duenari. Horrek hogeita hamar eguneko epea izango du eskatu zaion guztia aurkezteko, eta, hori egin ezean, espedientea artxibatuko da.

Diru-laguntza eman ondoko hamabost urteko epean, diruz lagundua izan den etxebizitza onuradunen ohiko etxebizitza izan beharko du. Alokatu, prekarioan lagatu, saldu edo ohiko etxebizitza izateari utziko baliote, dirulaguntzaren onuradunak jasotako dirua itzuli beharko lioke Udalari.

Emandako diru-laguntzak deuseztatzeko edo jasotakoak itzuli behar izateko arrazoiak hauek izan daitezke: Arautegi honetan ezarritakoa ez betetzea, onuradunak emandako datu edo informazioa faltsua izatea, diru-laguntza eman eta ordaintzeko erabakiorrak diren gertakari edo inguruabarrak izkutatzea.

9. artikulua. Diru-laguntzaren kalkulua.

Inbertsioa eta diru-laguntza kalkulatzeko ez da kontuan hartuko:

_Diru-laguntza eskatu duenak ordaindu behar duen BEZa, hala nola Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga

10. artikulua. Diru-laguntzak ematea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, Udalak eskaera guztiak sailkatuko ditu eta eman behar dituen diru-laguntzak Ordenantza honen arabera zehaztuko ditu.

Diru-laguntzak ordaintzeko, espedientea osatua egon beharko du eta egindako inbertsioa behar bezala justifikatua.

11. artikulua. Udalaren konpromezua.

Interesatuek Ordenantza honetan aurreikusita dauden diru-laguntzak eskatu ahal izateko, Udalak aurrekontuetan behar den kontusaila gordeta eduki beharko du

12. artikulua. Diru-laguntzak emateko hasiera data.

Ordenantza hau 2005eko abenduaren 31n jarriko da indarrean, eta 2005. urtean udal erregistroan aurkeztutako eskaera guztiei aplikatuko zaie.

Lintzoainen, 2006ko ekainaren 15ean._Alkatea, Enrique Garralda Erro.

Iragarkiaren kodea: L0612071