77. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

MILAGRO

Deialdia, Milagroko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Milagroko Udalerako administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea.

1.2. Izendapenak Milagroko Udaleko lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta, kasua bada, hartan izena emanen, jabetza hartzen duenetik, eta aipatu araubidearen babesean egonen da.

1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko D mailari dagozkion ordainsariak.

1.4. Lanorduen banaketa zerbitzuaren beharren araberakoa izanen da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

1.5. Zeregin eta eginkizun nagusiak bere kategoriarako ezarritakoak dira.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia eta nazionalitate espainiarra izatea, edo Europako Batasuneko kide diren estatuena.

b) Eskola-ziurtagiriaren titulua, lehen graduko Lanbide Heziketarena edo baliokidea izatea.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Lanpostua lortzen duten izangai onartuek deialdi honek xedatzen duen moduan eta epean egiaztatu beharko dituzte aitzineko baldintzak. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako, baita oposizio prozedura osoan eta izendapen eguna arte ere.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Milagroko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean eta azken eguneko arratsaldeko biak arte. Epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea.

Eskabidea I. eranskineko ereduari lotuko zaio, eta ondokoekin batera aurkeztuko da:

a) N.A.N.aren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdi honetako 2.1.b atalean eskatutako tituluen kopia kautotua edo fotokopia, konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera aurkeztuko dena.

c) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

e) Milagroko Udalaren alde 25 euroko banku transferentziaren gordekina, deialdian inskribatzeko tasengatik; haren dirusarrera Udalak Nafarroako Kutxan duen kontu honetan egin behar da: 2054 0038 ** 1100000676.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

Bazterturik ez baldin bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzenketak egiteko.

4.3. Erreklamazioen epea beterik, eta horiek ebatzita, MIlagroko Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Esteban Garijo Pérez, Milagroko Udaleko alkate udalburua.

Ordezko mahaiburua: Rafael Abad Callejas, Milagroko Udaleko lehen alkateordea.

Lehen mahaikidea: José Luis Sarabia Moreno, Milagroko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Asunción Mayor Puy, Milagroko Udaleko alkate udalburua.

Bigarren mahaikidea: Jesús María Barrado Pardo, Milagroko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: María Carmen Pérez Garde, Milagroko Udaleko alkate udalburua.

Hirugarren mahaikidea: Eduardo García Hernández, Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Rafael Días Barco, Udaleko langileen ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: Alfredo Hernández Oscoz, Milagroko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: José María González Sesma, Cintruenigoko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautapen probak baino lehen eratu beharko da, epamahaiak jarduteko beharrezkoa izanen da kideen gehiengo absolutua bertan egotea.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

6. oinarria._Oposizioaren nondik-norakoa.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean probak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

6.1. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehenengo ariketa._Bi proba hauek osatzen dute:

a.1) ortografia. Proba honetan ez da hiztegirik erabiltzen ahalko. Gehienez ere 15 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko dira gutienez ere 7,5 puntura iristen ez diren izangaiak.

0,20 puntu kenduko dira ortografi zein azentuazio akats bakoitzeko, eta 0,10 puntu gainontzeko puntuazio akats bakoitzeko.

a.2) Matematika._Oinarrizko lau erregeletan, zatikietan, hiruko erregela bakunean zein konposatuan eta korrituaren erregelan oinarrituriko buruketak egin beharko dira. Proba hau egiteko ez da kalkulagailurik erabiltzen ahalko. Gehienez ere 10 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko dira gutienez ere 5 puntura iristen ez diren izangaiak.

Bigarren ariketa_Hona hemen:

b.1) Ariketa teoriko bat: II. eranskineko programako gaiei buruz galdera laburrak edo test motakoak erantzunen dira idatziz. Gehienez ere 25 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko dira gutienez ere 12,5 puntura iristen ez diren izangaiak.

b.2) Praktikoa: bi dokumentu egin beharko dituzte (ofizioak, bandoak, iragarkiak, eskabideak, egiaztagiriak, ordainagiriak, etab.), toki administrazio bateko administrari laguntzailearen lanpostuan egin behar izaten direnak. Gehienez ere 15 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko dira gutienez ere 7,5 puntura iristen ez diren izangaiak.

Hirugarren ariketa._Informatika.

Epaimahaiak proposatzen dituen dokumentu batzuk egin beharko dira ordenagailuz, Word eta Excel aplikazioen gainean.

Puntuazioa emateko orduan, baloratuko da tresna informatikoak erabiltzeko trebetasuna, dokumentuak egiteko denbora eta haiek aurkezteko egokitasuna. Gehienez ere 15 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko dira gutienez ere 7,5 puntura iristen ez diren izangaiak.

Laugarren ariketa._N.A.P.I.ko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak prestatuko dituen proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiek lanpostuarekiko duten gaitasuna eta egokitzapena baloratzeko, Udalarentzat zerbitzu hoberena bermatzearren. Atal honetan gehienez ere 10 puntu emanen dira eta ez da baztergarria izanen.

Borzgarren ariketa._Elkarrizketa epaimahaiarekin.

Elkarrizketa bat izanen da epaimahaiarekin, gehienez ere 15 minutu iraunen duena; hartan gaurkotasuna duten kontuak eta lanpostuarekin ikusteko duten gaiak izanen dira solas. Atal honetan gehienez ere 10 puntu emanen dira eta ez da baztergarria izanen.

Proben balorazioa:

Oposizioaldiko ariketak baztergarriak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da, laugarren eta borzgarren ariketetan izan ezik, horiek ez baitira baztergarriak izanen.

6.2. Ariketa bakoitza zuzendu ondotik, epaimahaiak, gainditu dutenen zerrenda jendaurrean paratuko du haien kalifikazioekin, Milagroko Udaleko iragarki oholean eta oposizioko hurrengo ariketa egiteko eguna, tokia eta ordua ere zehaztuko ditu, gutxienez 48 ordu arinago.

6.3. Izangaiei dei bakarra eginen zaie ariketa bakoitzerako, eta hartara Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute, eta baztertuak geldituko dira edozein arrazoia dela-eta iragarritako toki, ordu eta egunetan agertzen ez direnak.

7. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketa zuzendurik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina, paratuko du jendearen aitzinean Milagroko Udaleko iragarki oholean. Horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioko ariketetan lortutakoak batuko ditu eta zerrenda horrekin batera, puntuaziorik handiena lortu duten izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio Milagroko Udaleko osoko bilkurari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

7.2. Proposaturiko izangaiaren aldeko izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman ondoko hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu Milagroko Udaleko bulegoetan:

a) Jaiotagiriaren ziurtagiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia behar bezala konpultsatua, edo hura jasotzeko eskubide ematen duen agiria.

c) Osasun ziurtagiri edo txostena, interesatuak karguan aritzea galaraziko dion eritasun edo akats psiko-fisikorik ez duela egiaztatzen duena. Udalak erabakiko du zein mutua patronalek egin behar duen agiria.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearena, eta inongo administrazio publikoaren zerbitzutik berezia ez izanarena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu eta defendatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

7.3. Epearen barrenean izangaiak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezinbertzeko eta aski justifikatutako kasuetan salbu, ezin izanen da izendatua izan eta bere jarduketa guziak baliogabetuta geratuko dira, deusetan ukatu gabe, hala bada, hasierako eskabidean egindako faltsukeriagatik letorkeen erantzunkizuna.

Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, puntuazioen zerrendako hurrengo izangaiarekin beteko da lanpostua.

8. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozedura burututa eta izangaiak aurreko 7.2. oinarrian zehaztutako agiriak aurkezturik, organo eskudunak proposaturiko izangaia izendatu eta kontratatuko du, eskatutako baldintzak ezarritako moduan eta epean bete baditu. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetzarik hartzen ez badu epe horretan, izendapenak lekarzkiokeen eskubide guztiak galduko ditu, 7.3 atalean ezarritako moduan eta ondorioekin.

9. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondorengo errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo bereko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritutako aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina, aldez aurretik egintza egin duen organoari errekurritzeko asmoa jakinarazita; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako erabaki edo egintzak jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Milagron, 2006ko ekainaren 7an._Alkatea, Esteban Garijo Pérez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-abizenak: ..............., adinez nagusia, NAN zenbakia: ............, jaioteguna: .........., jaioterria: ................ (.............), helbidea: ...................., karrika: ..................., zenbakia: .............., posta kodea: ............., telefonoa: .........,

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Milagroko Udalean administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, .........(e)ko .... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan.

Orobat, karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisikorik edo psikikorik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez,

Eskabide hau onartu eta Milagroko Udalerako administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Milagron, 2006ko ...............aren ...... (e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

MILAGROKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia._Udal ordenantzak eta erregelamenduak: motak eta horiek onesteko baldintzak. Alkatetzaren bandoak.

2. gaia._Nafarroako Toki Administrazioa. Antolaketa eta administrazioa. Entitate motak. Eskumenak. Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Haien organoak eta eskumenak. Bilkuren araubidea. Herritarren partaidetza.

3. gaia._Administrazio egintza. Administrazio prozedura. Kontzeptua eta arautzea. Ideia orokorra haren hasieraz, antolamenduaz, instrukzioaz eta bukaeraz.

4. gaia._Administrazio errekurtsoak: Isiltasun administratiboa. Toki entitateen egintza eta erabakien aurkako administrazio errekurtsoak. Gora jotzeko errekurtsoaren aipamen berezia.

5. gaia._Nafarroako toki ogasunen baliabideen zerrenda eta haien sailkapena. Haien definizioa eta haien azterketa laburra. Tasak eta prezio publikoak. Udal zergak. Zerga kudeaketa eta dirubilketa.

6. gaia._Nafarroako toki entitateetako aurrekontu orokorrak. Egitura. Gastuen sailkapen ekonomikoa eta funtzionala. Aurrekontuetako kredituen araubide juridikoa. Onesteko eta aldatzeko bideak.

7. gaia._Udal erroldaren gaineko ideia orokorra, hautesle-errolda, katastroa, ibilgailuen errolda, jarduera ekonomikoen gaineko zerga.

8. gaia._Toki korporazioen zerbitzuko langileak. Motak. Plantilla organikoa. Funtzionarioen hautapena. Lan eskaintza publikoa. Funtzionarioen eskubide eta eginbeharrak. Lansariak. Eskubide sindikalak eta ordezkaritza kolektiboa.

9. gaia._Kontratazioa. Obra kontratuak. Esleipena baino lehenagoko jarduketak. Kontratatzeko espediente motak. Adjudikatzeko bideak. Kontratazio mahaia. Kontratua izenpetzea. Kontratua aldatu eta iraungitzea. Bermeak.

10. gaia._Nafarroako toki entitateen ondasunak. Kalifikazio juridikoa. Eskuratzea, defendatzea, begiratzea eta berreskuratzea. Inbentarioa, besterentzea eta kargatzea. Herrilurrak.

11. gaia._Toki erakundeen zergak. Tasak. Prezio publikoak.

Iragarkiaren kodea: L0609841