77. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

URROTZ HIRIA

Indarra duten ordenantzak

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA PRINTZIPIO OROKORRAK

Xedea

1. artikulua. Udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea du xede ordenantza fiskal orokor honek.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikular bakoitzaren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten orotan.

Zergaren orokortasuna eta interpretazio murriztailea

2. artikulua. Gainerako ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta zerga-betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak hartzen ditu.

Ez da beste zerga salbuespen, beherapen edo hobaririk izanen ez bada indarra duten xedapenetan zehazki aurreikusi eta baimendu. Halaber, ez da onartuko analogiarik, ez zergapeko egintzaren, ez eta aipatu salbuespen, hobari edo beherapenen eremua bere muga hertsietatik haratago hedatzeko.

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza fiskalak udal mugape osoan ezarriko dira, indarra hartzen duten unetik beretik indargabetu edo aldatzen diren arte.

Zerga harremanaren elementuak

4. artikulua. Zergapeko egintza izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

Subjektu pasiboa, zergaduna eta zergadunaren ordezkoa

5. artikulua. Subjektu pasiboa pertsona fisiko edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularraren arabera, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadun nahiz zergadunaren ordezko gisa.

Zergaduna pertsona fisiko edo juridikoa da, zeini ordainarazpen bakoitzeko ordenantza partikularrak zergapeko egintzari darion zerga ezartzen baitio, bakarka edo beste batzuekin batera.

Zergadunaren ordezkoa subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak edo legeak hertsaturik eta haren ordez, behartua baitago zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera.

Zerga harremanaren aldaezintasuna

6. artikulua. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak ukatu gabe.

Helbidea

7. artikulua. Hona tributu gaietarako helbidea: pertsona fisikoendako, haien ohiko bizitegia izanen da; pertsona juridikoendako, aldiz, helbide soziala, betiere bertan baldin badago zentralizatua haren administrazio kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatu kudeaketa edo zuzendaritza kokatzen den tokia dela ulertuko da.

Udal administrazioak beren helbide fiskala aitor dezaten eskatzen ahal die subjektu pasiboei. Tributuekin ikusteko duen edozein agiritan jarri duten azkena hartuko da helbidetzat ondorio guztietarako, aldaketa izan duela adierazten ez duten bitartean.

Administrazioak egiaztapen egokiaren bitartez zuzentzen ahal du subjektu pasiboen helbide fiskala.

Karga-oinarria. Zuzeneko zenbatespenaren araubidea eta zenbatespen objektiboarena

8. artikulua. Ordainarazpen bakoitzari dagokion ordenantzan ezarriko dira karga-oinarria zehazteko bide eta bitartekoak, zuzeneko zenbatespenaren araubideen barrenean.

Zuzeneko zenbatespenaren araubidea zerga-oinarriak bakarka zehazteko erabiliko da, aurkeztutako aitorpen edo agiriez edo administrazioak egiaztatutako liburu eta erregistroetan dauden datuez baliatuz.

Zenbatespen objektiboaren araubidea, berriz, tributu-oinarriak bakarka edo osotara zehazteko erabiliko da, ordenantza fiskal bakoitzean aurreikusitako zeinu, indize eta moduluez baliatuz.

9. artikulua. Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zergapeko egintzak jarraitutasunez gertatzen badira.

Tributu-zorra

10. artikulua. Tributu-zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu-kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutza-korritua.

c) Tributuei buruzko 13/2000 Lege Orokorreko 52. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusitako errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

11. artikulua. Udalak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek, aldez aurretik, hala eskatzen badute.

Tributu-zorraren zatikako ordainketa, gerorapen mota bat denez, aplikatzen ahal zaizkion xedapenenei jarraituz eginen da.

Halako diru-kopuru baten ordainketa geroratzen bada, korritua sorraraziko du betiere, berandutzagatik.

9. artikuluak aipatu ordainarazpenei dagozkien tributu-zorrak ezin izanen dira geroratu.

12. artikulua. Ezarritako epeetan tributu-zorra ordaintzen ez duen zorduna berandutzan sartuko da. Berandutza hau berehalakoa izanen da, ordainketarako egunik edo datarik paratua badago, eta hori betetzen ez dutenei, jakinarazpenik igorri gabe, ezarritako errekargu edo zehapenak aplikatuko zaizkie, edo premiamendu bidez kobrantza eginen, bidezkoena zer den.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna

13. artikulua. Erantzukizuna tributu zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta.

14. artikulua. Tributuei dagokien arau-hauste baten egile edo laguntzaile diren pertsonek orok elkarrekin eta batera erantzun beharko dute tributu-betebeharretan.

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluak aipatzen dituen entitate juridiko nahiz ekonomikoen partaidekideek edo titularkideek elkarrekin eta batera erantzun beharko dute entitate horien tributu-betebeharretan, bakoitzak duen partaidetzaren neurrian.

15. artikulua. Pertsona juridikoek egindako arau-hausteen nahiz tributu-zor osoaren erantzule izanen dira subsidiarioki horien administratzaileak, asmo gaiztoz edo axolagabekeria larriz, hautsitako tributu-betebeharrak betetzeko beren ardurapeko egintza beharrezkoak egiten ez badituzte, edo beren menpeko direnek egin behar dutena ez egitea onartzen badute, edota arau-hauste horiek sorrarazten dituzten erabakiak hartzen badituzte. Gainera, beren jarduerak utzi dituzten administratzaileak pertsona juridikoek bete gabe utzi dituzten tributu-betebeharren erantzuleak izanen dira subsidiarioki.

Porroten, lehiaketen, elkarteen, edo, oro har, edozein entitateren sindikoak, kontu-hartzaileak edo likidatzaileak erantzule subsidiarioak izanen dira, baldin eta, asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, ez badituzte beharrezkoak diren kudeaketak egiten, egoera horien aurretik sortu eta subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen tributu-betebeharrak arras bete daitezen.

Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso-osorik galdatzen ahalko zaie horietako edonori.

16. artikulua. Tributu-zorra ordaintzeko jardute administratiboa erantzuleengana bideratzeak eskatuko du egintza administratibo bat egitea, non erantzukizuna adieraziko baita eta horrek noraino hartzen duen zehaztuko, interesatuari entzun eta gero. Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

Jardute administratiboa erantzule subsidiarioengana bideratu ahal izateko, aurretik adierazi beharko da zordun nagusiari kobratu ezin izan zaiola, ezta gainerako erantzule solidarioei ere, hori guztia adierazi aitzin hartzen ahal diren kautelazko neurriak galarazi gabe.

17. artikulua. Pertsona fisikoen edo juridikoen ustiapen eta jarduera ekonomikoen ondorioz sortutako tributu-zorrak eta erantzunkizuna, edo Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluan aipatzen diren entitateenak, exijitzen ahalko zaizkie haien titulartasunean edo jardunean (edozein kontzeptu dela bide) haien ondorengo direnei.

Eskuratzailearen erantzunbeharrak ez dio ordaindu beharra kentzen eskualdatzaileari. Biak dira horren erantzule solidarioak.

Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu-betebehar bete gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

18. artikulua. Tributu-zorra honela iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Ordainezintasuna frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

KUDEAKETA ARAUAK

19. artikulua. Ordainarazpenen kudeaketa ondokoen bidez hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren adierazpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Ikerketa bidez.

Tributu aitorpena

20. artikulua. Tributu aitorpentzat hartuko da zergapeko egintza baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa izanen du, zergapeko egintza bat biltzen edo bere baitan hartzen duen dokumentuaren aurkezte hutsak.

21. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zergapeko egintza gertatu eta ondoko hogeita hamar egun balioduneko epean. Epe barrenean aurkezten ez bada, arau-hauste soiltzat hartuko da eta dagokion zehapena ezarriko zaio.

Aitorpena administrazioan aurkezteak ez du esan nahi kargaren bidezkotasuna onartzen denik.

Udal administrazioak aitorpenak eska ditzake, eta datu gehiago ematea ere bai, eta orobat aurkitu diren okerrak zuzentzea ere, ordainarazpenaren likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

22. artikulua. Ordenantza partikularretan tramite bakoitza egiteko zein izanen diren bete beharreko epeak adieraziko da.

Ordenantza horietan eperik finkatzen ez bada, ulertuko da orokorrean sei hilabete baino gehiago ez daitekeela izan administrazio prozedura hasten denetik bukatzen den arte iragaten den denbora.

Administrazioak epeak ez betetzeak ez du administrazio jardunaren iraungipena ekarriko.

Ikerketa eta ikuskapena

23. artikulua. Udal administrazioak ikertuko ditu zergapeko egintza osatzen edo baldintzatzen duten gertaera, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

24. artikulua. Subjektu pasiboaren dokumentuak, liburuak, fitxategiak, ordainagiriak, egiaztagiriak eta kontabilitate nagusiko zein lagungarriko idazpenak aztertuz ikertuko da. Orobat, ondasunak, elementuak, ustiategiak eta tributua zehazteko beharrezko den beste edozein informazio aurrekari ikuskatuta.

25. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta zaintzera, bai eta ikuskapen lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zergapeko egintzarekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

26. artikulua. Ikuskaritza jarduketak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, aldez aurreko nahiz behin_ betiko eginbide, jakinarazpen eta akten bidez dokumentatuko dira. Dokumentu horietan ondoko hauek zehaztuko dira:

_Eginbidea norena den (izen-deiturak) eta bertan zeren kariaz edo ordezkaritzaz agertzen den.

_Zergapeko egintzaren eta hori subjektu pasiboari atxikitzearen funtsezko elementuak.

_Bidezko jotzen diren tributu egoerak.

_Subjektu pasiboaren adostasuna edo desadostasuna, edo haren ordezkariarena.

Subjektu pasiboak akta izenpetu ez, edo izenpetu arren bertan bildutako inguruabarrekiko bere adostasuna adierazten ez badu, bai eta hartarako behar bezala baimendutako pertsonak izenpetzen ez badu, dagokion espediente administratiboa irekiko da izenburutzat aipatu akta izanen duela, eta bertan subjektu pasiboari hamabost eguneko epea emanen zaio bere alegazioak aurkez ditzan.

Espedienteari buruzko ebazpena handik ateratzen den likidazioan jakinaraziko da.

Salaketa

27. artikulua. Toki entitateen ikerketa lanari salaketa batek ematen ahal dio hasiera. Salaketa paratzeak ez du deusetan ukatzen toki administrazioarekin lankidetzan aritzeko betebeharra, Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legeko 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bestelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Ordainarazpenen likidazioa

28. artikulua. Tributu zorren likidazioak bi modutakoak izaten ahal dira: behin betikoak edo behin-behinekoak.

Behin betikoak honako hauek izanen dira:

_Zergapeko egintzaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

_Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

Behin-behinekoak honako hauek izanen dira:

_Aurreko atalean jasotzen ez direnak, konturakoak, osagarriak, bermekoak, partzialak edo erabatekoak izan.

29. artikulua. Likidazioak egiterakoan administrazioak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako datu, elementu eta balorazio guztiak.

Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, likidazioarekin batera jakinaraziko zaio subjektu pasiboari, handitze hori sorrarazten duten egitateak eta elementu gehigarriak zehatz azalduz.

30. artikulua. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraztean, haien funtsezko elementuak, tokia, epea eta ordaintzeko manera adieraziko dira, baita inpugnatzeko bideak ere.

Subjektu pasiboari behar bezala jakinarazitako likidazio orok behartuko du subjektu pasiboa tributu zorra ordaintzera.

Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu zorraren ordainketa egiten duenean.

Dena den, subjektu pasiboei pertsonalki egindako jakinarazpenek sei hilabetean izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, beste edozein baldintza saihestu badute, salbu eta epe horretan akatsa zuzentzeko eskaririk formalizatu bada.

31. artikulua. Subjektu pasibo baten gaineko ordainarazpenen likidazioa eta dirubilketa egintza bakar batera batzen ahal dira. Kasu horretan, kontzeptu bakoitzeko oinarri, tasa edo kuotak ongi zehaztuta eta bereizita egonen dira.

Zergadunen erroldak

32. artikulua. Administrazioak ordenantza bakoitzeko bere zergadunen zentsua sortzea erabakitzen ahal du. Behin eratutakoan, erregistro iraunkor eta publikoa izanen da eta Udalak edozein prozedura erabiliz kudeatuko du.

33. artikulua. Zentsua eraturik, egintza administratibo baten bidez onetsiko dira hartan gertatzen diren alta, baja eta aldaketak. Delako egintza jakinarazi beharko da eta subjektu pasiboak erreklamazioa paratzen ahalko du haren gainean.

34. artikulua. Zergadunak behartuta daude zentsu horretan gertatzen diren aldaketa guztien berri ematera udal administrazioari, hogeita hamar eguneko epean.

35. artikulua. Ordainarazpena eskuratu beharrez kobratzeko erabiltzen diren zerrenda, ordainagiri eta bestelako agirietan aipatu behar diren dokumentu fiskalak dira zergadunen erroldak.

DIRUBILKETA

36. artikulua. Dirubilketa egin daiteke:

a) Borondatezko aldian.

b) Derrigorrezko aldian.

Borondatezko aldian, ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeetan kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, berriz, bere zorra borondatezko aldian ordaindu ez duen zergaduna behartuz eginen da dirubilketa, haren ondarearen gainean premiamendu bidea erabilita.

37. artikulua. Udalak bere diruzaintzaren bidez bilduko ditu bere baliabideak, edo erabakitzen diren banketxeen bidez.

Zorren sailkapena dirubilketari dagokionez

38. artikulua. Dirubilketari begira, tributu zorrak jakinaraziak, jakinarazpen gabeak eta autolikidaziokoak izaten ahal dira.

_Jakinaraziak: jakinarazpena egin behar zaio subjektu pasiboari, zorra eskatu ahal izateko.

_Jakinarazpen gabeak: subjektu pasiboentzat ezagunak diren zergadunen zentsuen ondoriozkoak, ez baitute banan banako jakinarazpenik behar. Modu kolektiboan jakinarazten ahal dira, Administrazioaren bando edo ediktuen bidez.

_Autolikidaziokoak: haietan, subjektu pasiboak aldi berean egiten du aitorpen-likidazioa eta tributu zorra ordaintzen.

Ordainketa tokia

39. artikulua. Udal administrazioaren aldeko zorrak Udalaren diruzaintzan ordainduko dira, edo erabakitzen d(ir)en banku entitate(eta)n.

Ordainketa epeak

40. artikulua. Tributu-zorrak honela ordainduko dira:

_Jakinaraziak, hogeita hamar eguneko epean.

_Jakinarazpen gabeak, hogeita hamar eguneko epean ere, ediktuak edo bandoak Udalaren iragarki oholean argitaratzen direnetik aitzina.

_Autolikidaziokoak, dagozkien aitorpenak aurkeztean ordaindu beharko dira, tributu bakoitza arautzen duen ordenantzak ezartzen dituen egun eta epeetan, eta hori egin ezean, hogeita hamar eguneko epean, zergapeko egintza sortzen den egunetik aitzina.

Korrituak eta errekarguak

41. artikulua. Derrigorrezko aldia hasten denean sartu gabeko zorraren %20ko errekargua sorrarazten da, baita berandutzeagatik dagozkion korrituak ere.

Tartean, eten, geroratze edo zatiketarik egon gaberik ordaindu gabeko tributu-zorra ordaintzen baldin bada, premiamenduzko probidentzia jakinarazi baino lehen, errekargua %10ekoa izanen da, eta ez dira galdatuko derrigorrezko aldia hastean berandutzagatik sorrarazitako korrituak.

42. artikulua. Berandutzagatik korritua galdatuko da egintzaren betearazpena eteten den kasuetan, bai eta geroratzeetan, zatiketetan edo edozein motako luzapenetan ere.

Aitorpen-likidazioei edo autolikidazioei dagozkien dirusarrerei, haiek epetik kanpo baina aldez aurretik errekerimendurik izan gabe aurkeztu badira, bai eta epetik at eta aurreko errekerimendurik gabe aurkeztutako aitorpenek eragindako likidazioei ere, %20ko errekargua ezarriko zaie; horiei beste zenbait kasutan ezar zitezkeen zehapenak ez zaizkie paratuko, baina bai, ordea, berandutze korrituak. Hala ere, dirusarrera edo aitorpenaren aurkezpena egiteko borondatezko epea amaitu eta ondoko hiru, sei edo hamabi hilabeteetan egiten bada dirusarrera edo aurkezten bada aitorpena, errekargu bakarra aplikatuko da, hurrenez hurren %5, %10 edo %15ekoa, eta berandutzagatik ez da korriturik galdatuko, ezta beste zenbait kasutan galda zitezkeen zehapenak ere.

Errekargu horiek premiamenduko errekarguarekin batera galdatzen ahalko dira, baldin eta tributua ordaintzera beharturik daudenek ez badute dirua sartzen aitorpen-likidazioa edo epetik kanpoko autolikidazioa aurkeztearekin batera.

Ordaintzeko modua

43. artikulua. Tributu zorren ordainketa eskudirutan eginen da edo, bestela, efektu tinbratuak erabiliz, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantzan zer xedatzen den eta huraxe. Berariaz deus xedatzen ez bada, ordainketa eskudirutan eginen da.

44. artikulua. Tributu-zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

_Legezko dirua.

_Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

_Banku txekea.

_Transferentzia toki entitateak kreditu edo aurrezki entitateetan horretarako irekitako kontuetara.

Aurreko atalean aurreikusitakoa gorabehera, zilegi da tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea; horrela, administratzaile lana eginen dute subjektu pasiboarentzat, hark baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki entitateko diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea helbideratzea zein tributuri dagokion.

TRIBUTU GAIETAKO ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

45. artikulua. Tributu arloko arau-hausteak dira, bai ordenantza honetan bai toki entitateen ogasuna arautzen duten gainerako legezko xedapenetan azaldu eta zehatzen diren egintzak eta egin ezak. Arau-hausteak zabarkeria hutsezkoak badira ere zeha daitezke.

Tributu arloko arau-haustea dakarrena nahitara egina edo ez egina dela usteko da, non ez den kontrako frogarik.

Subjektu arau-hausleak dira legeetan arau-haustetzat hartutako egintzak edo egin ezak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak eta, zehazki, hauek:

_Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

_Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

_Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legeko 62. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza eman beharrean dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

46. artikulua. Legez arau-haustetzat hartzen diren ekintzek edo ez-egiteek, honako kasuetan ez dute erantzukizunik sortuko:

_Tributu gaietan obratzeko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

_Ezinbesteko kasua delarik.

_Erabakia anitzen artean hartua delarik, beren botoa gorde dutenendako edo erabakia hartu zeneko bileran egon gabeendako.

47. artikulua. Arau-hausteak izan daitezke:

a) Arinak.

b) Larriak.

48. artikulua. Arau-hauste arintzat hartzen da tributuen kudeatzean edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan ala ez, eskatzen zaizkion tributu eginbide edo beharkizunak ez betetzea, arau-hauste larriak ez direnean edo zehapena graduatzeko osagai gisa hartzen ez direnean.

49. artikulua. Arau-hauste larriak honako hauek dira:

_Legeek edo behar den ordenantzak ezarritako epeetan ez ordaintzea tributu-zor osoa, edo haren parte bat.

_Salbuespenak, zerga-onurak edo itzulkinak bidegabe baliatu edo erdiestea.

_Toki entitateak autolikidazio jardunbidearen bidez eskatzen ez diren tributuak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea.

Zehapenak

50. artikulua. Arau-hausteak zigortzeko, diruzko isunak ezarriko dira, finkoak edo proportzionalak. Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da tributu kuotaren, ordaindu gabeko kopuruen eta bidegabe lorturiko onura edo itzulkinen zenbatekoaren gainean.

51. artikulua. Arau-hauste arin bakoitzak 6 eurotik 900ra bitarteko zehapena izanen du.

Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300etik 6000 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

Arau-hauste larriei diru-isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren %50etik 150era bitartekoa, 54. artikuluan aipatutako murrizketa deusetan ukatu gabe.

Orobat, zilegi izanen da berandutze korrituak eskatzea borondatezko epea bukatzen denetik zerga-egoera erregularizatzen duen likidazio egunera bitarteko epeagatik.

Zehapenen graduazioa

52. artikulua. Zehapenak Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legeko 97. artikuluan ezarritakoari jarraikiz graduatuko dira.

53. artikulua. Zerga arloko zehapenak ezartzeko espediente berezi eta independente bat irekiko da, subjektu arau-hauslearen zerga egoera egiaztatu eta ikertzeko irekitakotik bereizia. Instrukzioaldian entzutea eman beharko zaio interesatuari.

Zehapenak tributuen behin-behineko edo behin betiko likidazioak burutzeko egintza administratiboak eman behar dituzten organo berek erabaki edo ezarriko dituzte.

Zehapenaren iraungipena eta murrizketa

54. artikulua. Arau-hausteek ekarritako erantzukizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

Subjektu arau-hausleak hiltzean, ordaindu gabeko tributu eginbeharrak oinordeko edo legatudunei pasatuko zaizkie, legeria zibilean herentzia eskuratzeari buruz finkatzen dena deusetan ukatu gabe. Inoiz ez zaio zehapenik beste bati transmitituko.

Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien tributu eginbehar bete gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

Errekurtsoak

55. artikulua. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legean, udal ebazpenen kontra egiteko oro har ezarri diren errekurtsoak aurkezten ahal dira.

AZKEN XEDAPENA

56. artikulua. Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean jasotako tramiteak bete ondoan.

AGIRIAK LUZATU ETA TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko 2/95 Legearen IV. kapituluko 7. sailean (100. artikulua eta hurrengoak) eta Lege beraren 12. artikuluan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Ordainarazpenaren xedea

2. artikulua. Ordenantza honen xedea tasen ordainarazpena da, alderdi batek eskaturik administrazioak egiten duen jardueragatik.

Zergapeko egintza

3. artikulua. Alderdi batek eskaturik Udalak gisa honetako zerbitzuak egitea da:

1._Ziurtagiriak.

2._Fotokopiak.

3._Arma txartelak

4._Agiriak konpultsatzea.

5._Deialdien tramitazioa.

6._Faxa eta gisakoak.

7._Txostenak eta kontsultei emaniko erantzunak.

8._Bestelakoak.

Sorrarazpena

4. artikulua. Administrazioak bideratu behar duen agiria aurkeztearekin sortuko da zerga ordaindu beharra edo ordainarazpen honen xedeko agiriren bat luzatzeko eskatzerakoan.

Administrazioak noiznahi erabakitzen ahalko du agirien eskabide edo eskaerak udal bulegoetan emandako inprimakietan egin daitezen.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Ordainarazpen honen xede diren agiriak tramitatzeko eskatzen duten pertsona natural eta juridikoak dira subjektu pasiboa.

Tarifak

6. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren agiriak tramitatzeagatik ordaindu beharreko tasak eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Orokorrean, ondoko hauek ezarri dira:

a) Tasak udal bulegoetan ordainduko dira, kasuan kasuko agiria tramitatzeko eskatzean.

b) Ordainarazpen honen tasak kobratzeko arduradunak hiruhileko guztietan aurkeztuko ditu aipatu likidazio aldian egindako dirubilketaren kontuak, eta udal diruzaintzan eginen da haien dirusarrera.

AZKEN XEDAPENAK

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako tramiteak bete ondoan hartuko du indarra.

Idazkaritzan agiriak luzatzeko ordenantzako tarifak

Indarra duen dokumentazioaren ziurtagiriak: 1,20 euro.

Artxiboko agirien ziurtagiriak: 3,00 euro.

Fotokopiak alde batetik: Din A4, 0,10 euro; Din A3, 0,15 euro.

Konpultsak, orrialde edo orri bakoitzeko: 0,30 euro.

Arma txartelen tramitazioa: 0,60 euro.

Txostenak eta kontsultei emaniko erantzunak: 3 euro.

Faxa eta zehaztu gabeak: 0,30 euro.

KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko 2/95 Legearen IV. kapituluko 8. sailean (109. artikulua eta hurrengoak) xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Kontribuzio berezien zergapeko egintza hau da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Udalak herri lanak egitearen ondorioz edo zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. artikulua. 1. Honakoak hartuko dira udal mailako obra eta zerbitzutzat:

a) Udalak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe titular gisa egiten dituenak.

b) Udalak beste entitate publikoren batek haren gain utzita edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartu dituen zerbitzuak.

d) Udalak dirulaguntza emanik beste entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

2. Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak udal mailako lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik Udalarena duten erakunde autonomo edo merkataritza elkarteak, edo Udalaren diru ekarpena duten kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

4. artikulua. Kontribuzio berezien aldera bildutako kopuruek eskatzeko arrazoia izan zuten obra edo zerbitzuko gastuak berdintzea izanen dute helburu zilegi bakarra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. 1. Pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridiko gabeko entitateak, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen badute, kontribuzio berezien subjektu pasiboak dira, baldin eta onura berezia hartzen badute zergak ordaintzera behartzen dituzten obrak egitetik edo udal zerbitzuak ezarri edo handitzetik.

2. Onura bereziaren hartzaileak hauek hartuko dira:

a) Kontribuzio berezia delarik ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, ondasun higiezin horien jabeak.

b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondoriozko obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ustiategiaren jabe diren pertsonak edo entitate titularrek.

c) Kontribuzio berezia delarik su itzaltze zerbitzuak zabaldu edo hobetzeagatik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo hartan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, udalerrian.

d) Kontribuzio berezia delarik lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

3. Jabetza horizontaleko kasuetan, jabeen komunitateko ordezkaritzak udal administrazioari emanen dizkio jabekideen izenak eta komunitate horretan bakoitzak duen parte hartzearen koefizientea, banako kuotak igor ditzan. Horrela egiten ez bada, kuota bakarra igortzea onartzen dela ulertuko da, eta komunitateak berak eginen duela banaketa.

Zerga-oinarria

6. artikulua. 1. Gehienez ere, lanak burutzeagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik Udalak pairatzen duen kostuaren %90ek osatuko du kontribuzio berezien zerga-oinarria. Udalak, ordenatzeko erabakia hartzerakoan, kasu bakoitzean aplikatu beharreko portzentaia finkatuko du.

2. Kostu hori honako kontzeptuok osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu idazte eta lan zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko lanen edo zerbitzu ezartze edo handitzearen zenbatekoa.

c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo Udalari dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Udalari emandako eraikinak.

d) Eraikinak lurreratu eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita lurreratu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

3. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

4. Obra edo zerbitzuak direlarik 3.1.c artikuluak aipatzen dituenetakoak, edo artikulu horrexetako 2 zenbakiak aipatzen dituenetakoak, Udalaren dirulaguntzari esker kontzesiodunek egindakoa alegia, kontribuzio berezien zerga-oinarria finkatzeko, dirulaguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan, beste administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexengatik ezar ditzaketenak deusetan ukatu gabe. Dena dela, artikulu honen lehen zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, %90 alegia.

5. Zerga-oinarria finkatzeko, hau ulertuko da udal administrazioak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zifrari udal administrazioak erdiesten dituen dirulaguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

6. Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Dirulaguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, beste subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuota

7. artikulua. Subjektu pasibo bakoitzari, hurrengo artikulura bildutako banaketa irizpideei jarraikiz, zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko magnitudea da kuota.

8. artikulua. 1. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Kasu guztietarako, batera nahiz bereiz, partitze modulutzat ezarriko dira eraikinen fatxadako metro linealak, haien azalera, haien bolumen eraikigarria eta lurraren gaineko kontribuziorako duten balio katastrala.

b) Su-itzaltze zerbitzua ezarri, zabaldu edo hobetu beharra delarik, udalerrian dauden ondasunengatik arriskua estaltzen duten entitate edo sozietateen artean eginen da banaketa, aurre-aurreko urtean bildutako primen zenbatekoaren proportzioan egin ere. Subjektu pasibo bakoitzari eskatuko zaion kuota baldin bada berak bildutako primen %5 baino gehiagokoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako, da erabat amortizatu arte.

c) Ordenantza honetako 5. artikuluko 2. zenbakiko d) atalean aipatzen dituen obren kasuan, kontribuzio bereziaren zenbateko osoa, haiek erabili behar dituzten konpainia edo enpresen artean partituko da, bakoitzari erreserbatzen zaion espazioaren arabera edo haien osotarako sailarekiko proportzioan, nahiz eta berehala erabiltzekoak ez izan.

9. artikulua. Lege edo hitzarmen nazioartekoek onura fiskalak ematen badituzte, onuradunei tokatuko zaizkien kuotak ez dira partituko beste zergadunen artean.

10. artikulua. Ordaindu beharreko kuota finkatu delarik, Udalbatzak zilegi izanen du, subjektu pasiboak hala eskatuta, kuota zatikatu edo gerokotu dadin agintzea; gehienez ere, laur urterako.

Tributuaren sorrarazpena

11. artikulua. 1. Kontribuzio berezien sorrarazpena lanak egiten diren momentuan berean gertatzen da, edo zerbitzua ematen hasten denean. Obrak zatikatzea zilegi baldin bada, tarte edo zatiki bakoitza burutu denetik izanen da sorrarazpena subjektu pasibo bakoitzarendako.

2. Aurreko zenbakian xedatu dena ukatu gabe, ezartzeko eta ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik, Udalak zilegi izanen du eskatzea aurrez ordain daitezela kontribuzio bereziak hurrengo urterako aurreikusten den kostuaren arabera. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, horiek burutu ez badira ez da zilegi izanen beste urtealdi bat aurreratzeko eskatzea.

3. Kontribuzio bereziak sortzeko momentua kontuan hartuko da ordaintzera nor beharturik dagoen finkatzeko 5. artikuluaren arabera, nahiz eta ordenatzeko erabaki zehatzean beste subjektu pasibo bat agertu, hura onetsi zen datan hala zena alegia, eta kuoten ordainketa berak aurreratu bazuen ere, artikulu honetako 2. zenbakiak xedatzen duenarekin bat. Ordenatzeko erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa ageri den pertsonak jakinaren gainean egon eta ezarpena sortzen duten ondasun edo ustiapenen gainean dituen eskubideak eskualdatzen baditu, erabaki hori onestetik hasi eta sorrarazpena gertatu arteko epean, egin den eskualdatzearen berri eman beharko dio Udalari eskualdatzearen datatik hasi eta hilabeteko epean, eta hala egiten ez badu, administrazio horrek zilegi izanen du kobratzeko ekintza espediente horretan subjektu pasibo gisa ageri zenaren kontra jotzea.

4. Obrak osorik nahiz partez burutu direlarik, edo zerbitzua ematen hasi, subjektu pasiboak, oinarria eta kuota indibidualizatu behin betikoak seinalatuko dira, tokatzen diren likidazioak igorri eta konturako entrega gisa konpentsatuz egin diratekeen ordainketa aurreratuak. Udalak eginen du behin betiko seinalamendu hori, zein obra edo zerbitzutarako antolatzen den tributua, hartarako erabakiaren arauei jarraituz.

5. Ordainketa aurreratuak tributua sortu zen egunean subjektu pasibo ez diren pertsonek egin badituzte, edo berez tokatzen zaien kuota indibidual behin betikoaz goiti egiten badute, udal administrazioak bere kabuz eginen du behar den itzulketa.

Ezarpena eta ordenazioa

12. artikulua. 1. Kontribuzio bereziak ordainarazteko, aurrez kasu bakoitzean ezarpen erabakiak hartuta beharko du.

2. Ez da zilegi izanen kontribuzio berezien bidez dirutu beharreko obra bat egiteari edo zerbitzu bat ezarri nahiz handitzeari buruzko erabakia betetzea, harik eta kontribuzio berezien ordenazio zehatza onetsi ez den arte.

3. Ordenatzeko erabakia nahitaez hartu beharrekoa izanen da eta obra eta zerbitzuen kostu zenbatetsia finkatu beharko du, eta bai onuradunen artean banatu beharreko zenbatekoa eta banaketa irizpideak ere. Ordenatzeko erabaki zehatzak ordenantza honi eginen dio aipua.

4. Behin kontribuzio bereziak ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak finkatu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek, baldin subjektua edo haren helbidea ezaguna bada, eta, bestela, ediktu bidez. Interesatuek zilegi izanen dute errekurtsoa paratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen Bederatzigarren Tituluko II. Kapituluak aurreikusten duen moduan.

13. artikulua. 1. Udalaren eskumenen menpeko obrak eta zerbitzuak Udalak beste toki entitate baten laguntzarekin egiten dituenean, eta baldin kontribuzio bereziak ezartzen badira foru arauetan xedatzen denaren arabera, obra egitea edo zerbitzuak ezartzea bere gain hartzen duen entitatea arduratuko da kontribuzio horiek kudeatu eta biltzeaz, nahiz horrek ez duen galarazten entitate bakoitzak dagokion eskumena atxikitzea, ezartzeko eta ordenatzeko erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek onesten ez badu ordenatzeko erabaki zehatza, jarduketa unitatea baliogabetuko da eta haietako bakoitzak bakarka hartuko ditu behar diren erabakiak.

Herritarren lankidetza

14. artikulua. 1. Lanek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboa sortzen ahal dute, Udalak lanak egin edo zerbitzuak paratu edo handitu ditzan sustatzeko, konpromisoa hartuz, lana edo zerbitzua zein izan, dagokien zatia ordaintzeaz gain, Udalaren finantza egoera larria denean, hari dagokion zatia ere ordaintzeko.

2. Orobat, Udalak sustatutako lanak egiteak edo zerbitzuak ezartzeak edo handitzeak ukituriko jabe edo titularrek ere zergadunen elkarte administratiboak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak ordenatzeko erabakia jendaurrean egon artean, Udalak aurretik erabakita eginen den lanean edo zerbitzuan parte hartzeko.

3. Zergadunen elkarteen funtzionamendua eta eskumenak haien estatutuetan xedatzen direnak izanen dira. Estatutuak Udalak onetsi beharko ditu. Nolanahi dela ere, zergadunen elkarteak erabateko gehiengoaz hartuko dituen erabakiak, ukitutako jabetzaren bi herenak biltzen baldin badituzte, lotesleak izanen dira gainerakoentzat. Elkarteak, behar den quoruma bildurik, zuzendaritza batzordea izendatzen baldin badu, horrek hartutako erabakiak lotesleak izanen dira interesatu guztientzat.

15. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen zergadunen elkarte administratiboak sortu ahal izateko, ukitutakoen erabateko gehiengoaz hartu beharko da erabakia, betiere, ordaindu beharreko kuoten bi herenak biltzen baldin badira edo, kuotak zehaztu gabe izanez gero, ukitutako jabetzaren bi herenak.

AZKEN XEDAPENA

16. artikulua. Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean jasotako tramiteak bete ondoan.

HIRI HONDAKIN SOLIDOAK BILDU, TRATATU ETA APROBETXATU EDO DEUSEZTATZEKO ZERBITZUAREN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko 2/95 Legearen IV. kapituluko 7. atalean (100. artikulua eta hurrengoak) eta Lege beraren 12. artikuluan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza fiskal hau.

Xedea

2. artikulua. Hiri hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatu edo deuseztatzeko eta horrekin ikusteko duten jarduera osagarriak egiteko zerbitzuaren tasak ezartzea da ordenantza honen xedea.

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da udal mugape osoan.

Zergapeko egintza

4. artikulua. Zergapeko egintza da eskura edukitzea hiri hondakin solidoak bildu, garraiatu eta aprobetxatu edo deuseztatzeko zerbitzuak. Udalek nahitaez eman behar dituzte zerbitzu horiek, Toki Araubideko Oinarriei buruzko Legean eta UFLan ezarritakoari jarraikiz, eta, besteak beste, ondoko jarduera eta egoeretan sortutako hiri hondakin solidoei dagozkienak, hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko Legeari jarraikiz:

a) Etxebizitzakoak.

b) Merkataritza eta zerbitzuetakoak.

c) Osasun arlokoak:

d) Bazter utzitako animalia hilak, altzariak, trasteak eta ibilgailuak.

e) Industriakoak.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Tasen subjektu pasibotzat hartuko dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak, heredentzia banatugabeak, ondasun komunitateak eta, lege nortasunik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten eta zerga ezar dakiekeen bestelako entitateak, baldin eta edozein titulu dela bide, etxebizitzak, lokalak, establezimenduak edo zentroak okupatzen edo erabiltzen badituzte edo bertan bizi badira, udal mugapean egoteagatik haien alde udal zerbitzua eman edo ezarriz gero.

Aipatu higiezinetako jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratzen ahalko dizkiete kuotak, hala bada.

Tarifak

6. artikulua. Zerga-oinarriari aplikatuko zaizkion tarifak eranskinean bildu dira.

Salbuespenak

7. artikulua. Kontribuzioa ordaintzeko obligazioa denendako da, eta tasen zenbatekoarekin zerikusia duten salbuespen edo hobariek foru lege batean ezarrita agertu beharko dute.

Sorrarazpena

8. artikulua. Tasak fakturazioa zatitzen deneko urte natural bakoitzaren lehenbiziko egunetik sortuko dira.

Ordainarazpena

9. artikulua. Tasak urtean behin ordainaraziko dira.

Dirubilketa

10. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legeko 86.3 artikuluari jarraikiz, ordenantza honetan aurreikusitako tasen aplikaziotik ateratzen diren tributu-zorrak, "jakinarazpen gabekoak" izanen dira, zergadunen zentsuetatik ateratzen baitira, eta horregatik ez baita beharrezkoa subjektu pasiboei banan-banan jakinaraztea.

11. artikulua. Udaletxeko iragarki oholean argitaratu eta ondoko hogeita hamar egun baliodunetan ordaindu beharko da tributu-zorra.

Ezarri epea akitu eta ez bada behar den ordainketa egin, premiamendu bidez ordainaraziko da, non eta Udalak ez duen zorraren erregelamenduzko luzamendua eman.

12. artikulua. Tributu-zorrak ondoko bi moduak erabiliz ordain daitezke:

a) Ordainketa helbideratua duten subjektu pasiboendako, horretarako ezarri duten banketxe edo aurrezki kutxako kontuan kargua eginez.

b) Helbideratu ez dutenek edota, helbideratu bai, baina zorra edozein arrazoirengatik ordaindu ez dutenek, Udalak horretarako irekitzen dituen kontuetan dirusarrera egin beharko dute.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean eta Ordenantza fiskal orokorrean arau-hauste eta zehapenei buruz ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

14. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea aplikatuko dira.

15. artikulua. Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean jasotako tramiteak bete ondoan.

Zaborrak biltzeko ordenantzaren tarifak

Etxebizitzetako tasa: 60 euro urtean.

Lokaletako tasa: 70 euro urtean.

Ostatuetako tasa: 95 euro urtean.

HERRILURREN ORDENANTZA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Udal mugape honetako herrilurretako ondasunen administrazioaz, erabileraz, defentsaz, berreskuratzeaz eta aprobetxamenduaz arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Herrilurrak, ondokoen ariora gobernatuko dira: uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea (uztailaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa). Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua, urriaren 18ko 280/90 Foru Dekretuaren bidez onetsia; eta ordenantza hau.

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen diren baldintzetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Udalak justifikatu beharko du.

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Udala herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.

8. artikulua. Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Udalak Diputazioari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, finken inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalbatzak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Udalak Diputazioaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

12. artikulua. Udalak ez baditu herrilurrak defendatzeko behar diren ekintzak egiten, bizilagunek egiten ahalko dute, ezarrita dagoen maneran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua Xedapen orokorrak

13. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

_Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

_Herrilarreen aprobetxamendua.

_Etxerako egurraren aprobetxamendua.

14. artikulua. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

_Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaitua dagoen adingabea izatea.

_Udaleko erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea eta sei urteko antzinatasuna izatea.

_Urtean bederen bederatzi hilabetez egiazki eta jarraian bizi izatea herrilurren titularra den entitatean.

_Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

15. artikulua. Urtean bederatzi hilabetez bertan bizi izatea frogatzeko, Udalak baldintza hauek kontuan hartuko ditu, besteak beste: etxebizitza modu iraunkorrean zabalik edukitzea eta udalerriarekin lotura zuzen eta taigabea izatea.

16. artikulua. Laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

_Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

_Esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

_Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Udalaren zuzeneko ustiaketa.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, errenta aitorpena, soldata bidezko dirusarrerak, lurren jabetza, kapital zergagarriak, baita Udalak zehazten duen beste edozein ere.

18. artikulua. Modu honetako ereduko lotearen azalera lehorreko lurreko 120 erregu izanen da. Aurreko 14. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

_Hiru kide edo gutxiagoko famili unitatea, 1 kohefizientea.

_4tik 6 kide bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea.

_7tik 9 kide bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea.

_9 kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea.

19. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da, eta lehen talde honetako onuradunek ordaindu beharreko lur-saria %10 izanen da. Zenbateko hori nekazaritzako produktuen K.P.I.ren heinean goitituko da urtez urte.

20. artikulua. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

21. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu herrilurretako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan izan edo aprobetxamenduaren epean izan, Udalei buruzko Foru Legeko 151. artikuluari eta bat datozenei jarraikiz esleituko da.

22. artikulua. Udalak noiznahi egiten ahalko ditu behar diren egiaztapenak, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko. Lurrak zuzen eta pertsonalki lantzen ez direla ulertuko da, Ondasunen gaineko Erregelamenduko 168. artikuluan ezarritako kasuetan.

Zuzeneko esleipena

23. artikulua. Lehentasuna duen taldearen premiak ase ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

24. artikulua. Herritarren artean zuzenean esleitzen diren loteen azalera Udalak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskabide kopuruaren ariora eginen da, famili unitate bakoitzaren dirusarrera garbien alderantzizko proportzionalitatean.

25. artikulua. Azalera ez da inoiz ereduko lotea baino handiagoa izanen.

26. artikulua. Adjudikazio epea zortzi urtekoa izanen da.

27. artikulua. Herrilurretako lurzatiak esleipen zuzenaren bidez hartu behar dituzten bigarren talde honetako onuradunek ordaindu beharreko lur-saria hau izanen da: katastroaren sailkapenean 1. mailakoak diren lurrengatik, 24 euro erregu bakoitzeko; 2. mailakoengatik, 20,40 euro; 3. mailakoengatik, 18 euro; 4. mailakoengatik, 13,20 euro, eta 5. mailakoengatik, 6 euro.

28. artikulua. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen-hartzaileak, eta beti ere aplikatuko da Ondasunen gaineko Erregelamenduko 164 eta 169. artikuluetan ezarritakoa.

29. artikulua. Udalak herri bakoitzeko herrilurren azalera osoaren %5 gordeko du, gehienez ere, onuradun gehiago agertzen ote den. Nolanahi ere azalera hori behin-behinekoz esleitzen ahalko da baldintza suntsiarazlea ematen bada, erreserbako %5i egokitzeagatik.

30. artikulua. Udalak baratzetarako lurzatiak ematen ahalko dizkie lurrik ez izanik eskaria egiten duten eskatzaileei, betiere horretarako lurrik bada. Gehienez ere erregu erdiko azalera izanen dute eta lur-saritako 12 euro ordainduko da.

31. artikulua. Modu batekoak nahiz bestekoak izan, herrilurretako aprobetxamendu guztiak urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen ordaindu behar dira.

Enkante publikoa edo zuzeneko ustiapena

32. artikulua. Esleipen zuzena egindakoan eta oraino lurrik gelditzen bada, Udalak, 27. artikuluan zehaztutakoa hasierako preziotako hartuta, gelditzen diren lurren enkantea eginen du edo, bestela, zuzenean ustiatu.

Esleitzeko prozedura

33. artikulua. Esleipen prozedura behar den ediktua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuz hasiko da. Eskubidea izan uste duten jendeek hamabost egunean aurkeztuko dute behar den eskaera.

34. artikulua. Eskabideak Herriko Etxean aurkeztuko dira aitzineko artikuluan ezarritako epean, eta harekin batean zinpeko aitorpena aurkeztuko da alderdi hauek aipatuko dituena:

_Herriko bizilagun izatea, sei urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabete herrian bizitzea.

_Zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

_Famili unitatea osatzen duten kideak.

_Zenbat lur dituen jabetzan.

_Zenbat lur errentan edo bestelako laborantza motetan.

_Zenbat azienda buru eta zer espezietakoak.

_Eskatzailearen azken errenta aitorpenaren fotokopia.

35. artikulua. Udalak, eskabideak ikusirik, modu bakoitzera onartuen zerrenda eginen du eta beste hamar eguneko epea irekiko, erreklamazioetarako. Epe hori inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Aldiz, erreklamaziorik bada, Udalak hamar eguneko epea izanen du horiek ebazteko, behin betiko zerrenda onesteko eta Herriko Etxeko iragarki oholean jendaurrean paratzeko.

Behin betiko esleipenaren erabakia banan-banan jakinaraziko zaio onuradun bakoitzari.

Larreen aprobetxamendua

36. artikulua. Herrilarreen aprobetxamenduak, finka partikularrenekin batean, ustiapen unitate bakarra osatzen du eta bi bazkalekutan banaturik dago. Depósito eta Cerro Grande izena dute eta haien muga Erro ugaldea da.

37. artikulua. Larreen aprobetxamenduak modu hauetariko baten bidez esleituko dira:

_Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

_Antzinako usadioaz.

_Enkante bidezko esleipena.

Aprobetxamenduen epea zortzi urtekoa izanen da.

38. artikulua. Udal mugapeko herrilurren eta partikularren lurren ezaugarriak direla eta, belarren aprobetxamendua ardi aziendek baizik ez dute eginen.

Hala ere, lurrak eta gerta daitezkeen inguruabarrak aztertuta, Udalak bestelako aziendendako ere esleitzen ahalko du bazkalekuren baten atal bat.

39. artikulua. Ardi aziendak modulutako harturik, abelburu bakoitzeko ordaindu beharreko saria, ondorio guztietarako, 9 euro/urtea izanen da. Gainerako espezieei dagokienez, parekotasun hauek ezarriko dira:

_ahuntz 1: 1,2 ardi.

_behi 1: 10 ardi.

_behor 1: 12 ardi.

40. artikulua. Famili unitateek ez dute belarren zuzeneko esleipenerako eskubiderik izanen, beren lurrak eman ez badituzte herrilurrekin batean ustiatu ahal izateko.

41. artikulua. Prezioak eta azienda kargak hauek dira bazkaleku bakoitzeko:

Bazkalekua: Cerro Grande. Ardi kopurua: 500. Prezioa: 4.500 euro.

Bazkalekua: Depósito. Ardi kopurua: 500. Prezioa: 4.500 euro.

Ordainketa seihilekoetan eginen da, hain juxtu ere, urte bakoitzeko maiatzaren 30a eta irailaren 30a baino lehen.

42. artikulua. Aprobetxamendua modu zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteren aziendak sartzea. Hala ere, Udalak besteren aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduko 194. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

43. artikulua. Bazkalekuek beren ukuiluak badituzte, haien prezioa 41. artikuluan ezarritakoa izanen da, gutienez ere %100 kariotuta. Ukuiluek unitate banaezina osatuko dute bazkalekuarekin, eta esleipen-hartzaileak bi kostuak onartu beharko ditu.

44. artikulua. Ondasunen gaineko Erregelamenduari jarraikiz, bazkaleku bat abeltzain bati baino gehiagori esleitzen bazaio, bazkalekuaren errentamenduaren prezioa esleitutako azaleraren ariora banatuko da.

45. artikulua. Esleipen-hartzailearen kontura izanen dira higiezinetako mantenimendu eta zainketa gastu guztiak. Garbitu, gutxienez, urtean behin garbitu beharko dira, eta higiezinak dituen zerbitzuen kostua ere haien gain izanen da.

46. artikulua. Jabetza partikular nahiz herrilurretakoetan sartzeko, aziendek egungo sarbideak erabiliko dituzte beti.

47. artikulua. Finkaren titularraren baimenik gabe ez dira sartzen ahalko ereindako lurretan, baratzetan, luzerna soroetan eta gisakoetan. Uzta bildutako sailetan ere ez dira sartzen ahal, uzta ondoko 5 egun iragan arte, edo 10, titularrak ahotza biltzeko nahia espresuki agertzen badu.

Erauntsi handi baten ondotik ere ez dira laborantzetan sartzen ahal, harik eta 48 ordu iragan arte.

48. artikulua. Bazkalekuak esleitzeko segitu beharreko prozedura ordenantzako 33.etik 35.era bitarteko artikuluetan ezarritakoa da. Aldaketa bakarra izanen da eskabidean sartu beharra aziendaren osasunaren ziurtagiria, abelburu kopuruaz Nafarroako Gobernuko Abelzaintza Departamentuak egindako ziurtagiria eta eskatu den bazkalekua.

Etxerako egurraren aprobetxamendua

49. artikulua. Udal mugapeko hermendien ustiapena Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak ematen dituen jarraibideen ariora eginen da beti, eta aldez aurretik baimena emanda.

50. artikulua. Usadioari jarraikiz, udalerriko herritarrei oihan aprobetxamendu bakarra emanen zaie, alegia, etxerako egurra.

51. artikulua. Aprobetxamendu hori nahi duten herritarrek behar den eskabidea egin beharko diote Udalari, urte bakoitzeko irailaren 30 baino lehen.

52. artikulua. Udalak, aurkeztutako eskabideak ikusirik, Nafarroako Gobernura tramitatuko ditu, onets ditzan.

53. artikulua. Eskabideen prezioa 10 euro izanen da, eta horiek udal diruzaintzan ordaindu beharko dira, ustiapena egin baino lehenago.

Zehapenak

54. artikulua. Ordenantza hau betetzen ez denerako, zehapen hauek ezarri dira:

_Erabiltzen ari den aprobetxamenduaren galera.

_Legez kontra jasotakoaren bost halako isuna.

_60tik 1.200 euro bitarteko isuna, kaltearen balioa ezin bada zenbatetsi.

55. artikulua. Udalak, arau-hauste baten berri izanda, zehapen espedienteari emanen dio hasiera. Entzutea emanen dio ustezko arau-hausleari, 10 egunen barrenean bere defentsarako komenigarri juzgatzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Udalak, biltzen diren inguruabar guztiak ikusirik, zehapen espedientea ebatziko du eta behar diren zehapenak ezarriko, egitateen larritasuna kontuan hartuta.

AZKEN XEDAPENA

56. artikulua. Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean jasotako tramiteak bete ondoan.

HILERRIKO ZERBITZUAK EMATEAGATIK TASEN ORDAINARAZTEKO UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko 2/95 Legearen IV. kapituluko 7. atalean (100. artikulua eta hurrengoak) eta Lege beraren 12. artikuluan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Hilerriko berariazko zerbitzuak ematea edota lurra edo horma-hilobiak gehienez ere hogei urterako lagatzea, horra zergapeko egintza.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Zerbitzua eskatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa izanen da, ondorio guztietarako, subjektu pasiboa.

Zerga-oinarria

4. artikulua. Zerga-oinarria zergapeko egintzaren arabera finkatuko da, eta zergapeko egintzak Ordenantza honen ondorioetarako honako hauek izan daitezke:

_Hobiratzea.

_Hobitik ateratzea.

5. artikulua. Aplikatuko diren tarifak, zerbitzua eskatzen denetan ordaindu behar direnak, honako hauek dira:

_Hobiratzea.

.Horma-hilobiak: 200 euro.

.Lurra: 150 euro.

_Hobitik ateratzea:

.Hilotzak, lurretik: 200 euro.

.Horma-hilobitik: 150 euro.

6. artikulua. Ordenantza honek arautzen ez duen orotan Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

Xedapen gehigarriak

1) Lur eta panteoiekin betikoz egindako kontzesio guztiak bertan behera gelditzen dira, 99 urte baino gehiago badituzte.

2) Gaur egun diren itxitura guztiak bertan behera gelditzen dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean aurreikusitako tramiteak bete ondoan hartuko du indarra.

HORNIDURAKO ZERBITZU PUBLIKOAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESENDAKO HERRIKO JABARI PUBLIKOKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEAREN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo beste edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak eta gisakoak, betiere herritar guztiei edo ugariri eragiten dieten horniduren zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek egiten badituzte.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Tasa urtero urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta aprobetxamendua hasten edo bukatzen bada, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta berdin kuota hainbanatuko.

Nork ordaindu behar

4. artikulua. Enpresak tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, baldin eta, toki entitatearen jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote, hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzeko.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. artikulua. Kuota emanen digun tasa aplikatzeko oinarria enpresek udal mugapearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako dirusarrera gordinen arabera kalkulatuko da.

6. artikulua. Aplikatuko den tasa izanen da hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lortutako dirusarrera gordinen %1,5.

Tasa hauek bateragarri izanen dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

9. artikulua. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldiorotasun batez egiten badituzte, herriko toki ezberdinetan bada ere, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, itunean ezarri aldietan ikuskatu eta aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera haien zenbatekoa atera ahal izateko.

Gordailua erabil daiteke indarra duen arautegia hausteagatik edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezartzen diren zehapenak ordaintzeko. Gordailua berreskuratu ahal izateko adostasun txostena beharko da, indarra duen arautegia eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.

10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek hiruhilero aurkeztu beharko dute udalerrian erdietsi dirusarrera gordinen aitorpena. Dirusarrera horiek aurreko hiruhilekoari dagozkionak izanen dira.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua. Aitorpena aurkeztearekin batera, enpresek dagokien tasaren zenbatekoa Udalean berean edo horretarako ezarri erakundean sartu beharko dute.

12. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko afera guztietan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraikiko zaio.

13. artikulua. Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean jasotako tramiteak bete ondoan.

HERRIKO JABARI PUBLIKOKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEAREN ERABILERA PRIBATIBO EDO APROBETXAMENDU BEREZIETAKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintzak dira toki entitateko jabari publikoko zoruaren, hegalkinaren eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola:

a) Erabilera publikoko zorupea okupatzea.

b) Erabilera publikoko lurrak salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi, puntel, euskarri, aldamio edo gisako instalazioen bidez okupatzea.

c) Pisuetako burdinsareak, soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo ibilgailuen sarrera eman ahal izateko herriko edozein eremu publikoko zoru edo zorupean kokatutako lukana, arnasbide, ate, karga-aho edo gisako elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako hartunea ere.

d) Toki entitateko edozein eremu publikoko hegalkina ukitzea, eraikinak ixteko elementu, terraza, behatoki, balkoi, markesina, olana edo gisako instalazioekin.

e) Irabazteko xedearekin mahaiak, kadirak, tribunak, oholtzak edo haien gisako bestelako elementuak jarriz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

f) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak jartzea, bai eta kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa ere.

g) Jabari publikoko lurrak okupatzen dituzten iragarkiak jartzea.

h) Lur, eraikin edo hesiei eusteko hormak, behin betikoak zein behin-behinekoak, toki entitateko eremu publikoetan.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.

Udalaren nahitaezko lizentziarik aurretik izan gabe erabilera edo aprobetxamendua hasten bada, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez ditu izandako erabilera edo aprobetxamenduak legeztatuko eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

Ordenantza honen xede diren erabilera edo aprobetxamenduak tasaren aldizkako sorrarazpena agintzen duten kasuetan, tasa urtero urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zerga aldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilera pribatiboa edo erabilera berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zerga aldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko, hiruhileko naturaletan, barne delarik hasiera edo bukaerakoa, zer behar duen.

Nork ordaindu behar

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta, toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin edo zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

Eremu publikoan jartzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titular edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, edukiontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute.

5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek zoruan, hegalkinean eta zorupean egindako erabilera edo aprobetxamenduen tasak horien gaineko ordenantza fiskalen edo aplikagarri diren udal erabakien menpe egonen dira.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako eremu publikoaren azaleraren arabera.

7. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Lizitazio publikoko prozedurak erabiltzen direnean, tasaren zenbatekoa zehazteko, kontzesioa, baimena edo esleipena zein proposamenentzat egiten den, haren balio ekonomikoaren arabera finkatuko da.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik ezartzen den fidantza uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.

Eremu publikoa edukiontziekin okupatzen bada, eremu publikoan edukiontziak paratzeari buruzko Ordenantzan ezarritako zenbatekoei jarraikiz finkatuko da gordailua.

Gordailua lotu daiteke indarra duen arautegia hautsi edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Gordailua berreskuratu ahal izateko adostasun txostena beharko da, indarra duen arautegia eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.

9. artikulua. Erabilera dela eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki konponezintzat hartuko dira interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan egindako kalteak eta 20 urte baino gehiagoko zuhaitzak suntsitzea.

Lehenik eta behin fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte.

10. artikulua. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa sei hilabetetik behin ordaindu beharko da, Ordenantza fiskal orokorrean ezarritako epe eta baldintzetan.

2. Erabilerak edo aprobetxamenduak lizentziarik behar ez badute, aurretik dagokien kuota ordaindu beharko da. Horrela izanez gero txartela jaso beharko da, behar bezala datatua, horretarako izendatzen diren langileen eskutik.

3. Gainerako kasuetan, likidazioa dagokion bulegoan eginen da. Tasa lizentzia edo baimena eman dela jakinarazi baino lehenago ordainduko da, erabilera edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenean. Hala ez bada, pagamendua erabilera edo aprobetxamendua amaitutakoan eginen da, hau da, partikularrak Udalari bukatu dela jakinarazten dionean.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordaintzen ahal da hiruhilabeteka eta horiek iragandakoan. Ez da eginen hiruhilekoaren likidazioa erabilera edo aprobetxamenduari uko egiten bazaio hiruhileko hori hasi baino gutxienez hilabete bat lehenago.

4. "Mahai, kadira eta mahaitxoak" izeneko 1. epigrafeari dagokionean, Udalak baimena bere osotasunean balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezko, obra, konponketa, eta abarrik badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.

Tarifen eranskina

I. epigrafea._Zoruaren aprobetxamendu bereziak.

a) Mahaiak, kadirak, mahaitxoak, metro karratu edo zatiki bakoitzeko, urtean: 30 euro. Lehenbiziko hamar metro karratuak, salbuetsirik.

b) Edukiontziak, aldamioak, hesiturak eta edozein okupazio; 10 metro karratu edo zatiki bakoitzeko: 1 euro/eguna. Lehenbiziko hamabost egunak, salbuetsirik.

II. epigrafea._Hegalkineko aprobetxamendu bereziak.

_10 metro karratu edo zatiki bakoitzeko, egunean: 0,50 euro.

III. epigrafea._Zorupeko aprobetxamendu bereziak.

_Ezarritako biltontzi bakoitzeko, urtean: 1.250,00 euro.

IV. epigrafea._Gutxieneko eskubideak.

Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko zenbatekoak 40 euro baino gutxiago badira, zenbateko hori ordainduko da, gutxieneko kuota gisa.

LIZENTZIAK, ORO HAR, ETA BEREZIKI HIRIGINTZAKOAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan xedatzen denarekin bat ezarri da ordainarazpen hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea, eraikuntzako egintzak, zoruaren erabilera, eraikinen lehen okupazioa etab. antolamendu juridiko orokorrari eta bereziki hirigintza arlokoari egokitzen ote zaizkien zaintzeko.

3. artikulua. Hona hemen ordenantza honen ondorioz Udalak hirigintza arloan edo bestela egiten dituen jarduketak:

_Antolamendurako plan partzialak edo bereziak eta haien aldaketa tramitatzea, eta berdin xehetasun azterlanak eta birzatiketak, partikularrek aurkeztuak.

_Partikularrek aurkeztu urbanizazio proiektuak tramitatzea.

_Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeko 189. artikuluan zehaztutako lizentzien eskaerak.

_Jarduera lizentziak, irekitzekoak, lehen aldiz okupatzekoak, etab.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Ordadindu beharra lizentzia ematen den unean hasten da. Ez da tasarik sortuko Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen interesatuak atzera egiten badu.

Hasierako eta behin betiko onespena behar duten hirigintzako espedienteetan, hala nola plan partzialak edo bereziak eta haien aldaketa, xehetasun azterlanak, birzatiketak eta urbanizazio proiektuak, haien behin betiko onespenarekin batera sortuko da ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare bereizia diren entitateak, baldin eta hirigintza arloko lizentzia bat edo beste edozein motatakoa eskatzen badute.

Eraikitzeko lizentzietan haien xede diren obren eraikitzaile eta kontratistak izanen dira zergadunen ordezkoak.

Tarifak eta karga-tasak

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, karga-tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Tramitazioa

7. artikulua. Hirigintzako lizentzia eskaerak oro Udalaren hirigintzako ordenantzan aurreikusten den moduan bete beharko dira.

Gainerako jardueren lizentzia eskaerak bakoitza bere araudiaren arabera eginen dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Lizentzia baten eskaera tramitaturik, ordaindu beharreko tasa agertuko da lizentzia ematen duen agirian.

Tasa hori Udalak zehazten duen banku entitatean ordainduko da, lizentzia onartu ondoko hilabetearen barrenean.

Arau-hausteak eta zehapenak

9. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko afera guztietan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraikiko zaio.

Tarifak

Lizentziaren gutxieneko tasa: 10 euro.

Kanpoko txostenak behar dituzten lizentzien espedienteak: 100 euro, txosten bakoitzeko.

Egunkarietako argitalpena behar duten lizentzien espedienteak: 200 euro, iragarki bakoitzeko.

Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko argitalpena behar dituzten espedienteak: 10 euro, iragarki bakoitzeko.

Jarduera sailkatuen eta irekitzeko lizentzien espedienteak (4/05 Foru Legeko eranskineko 4D): 200 euro.

Jarduera sailkatuen espedientea (4/05 Foru Legeko eranskineko 4.A, 4B, 4C): 200 euro.

Tarifa horiek elkarri metatuko zaizkio, tarifetako bat baino gehiago elkartzen badira lizentzia emateko.

BIDE PUBLIKOEN SAREAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Udalerriko bide sarearen erabilera arautzea du xede ordenantza honek, denbora eta tona aldetik era guztietako ibilgailuen erabilera desegokiak etengabe eragiten dituen eraso eta kalteen aurrean.

Jabari publikoaren ondasun direnez, erabilera publikoa izateko alegia, eta haien kontserbazioa eta mantentze lana Udalaren eskumena izanik, presakoa da haien erabilera arautzea, okerreko erabilerak Udalaren kontuan dakartzan edo ekar ditzakeen ondorio ekonomiko larriak ikusita.

Bide motak

2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, sailkapen hau egin da bide sarean:

a) Lurzati berrantolamenduko bideak.

b) Mendiko pistak.

c) Gainerako bideak.

3. artikulua. Honelako bideak daude:

a._Lurzati berrantolamendukoak, Nafarroako Gobernuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuak egindakoak, zagorrezko zorua dutenak; haien planimetrian jasota daude neurriak eta trazadura.

b._Mendiko pistak, arboladietako sarbideak, oihanak zaindu, kontserbatu eta ustiatzeko baizik ez direnak.

c._Gainerako bideak, lurrezko zorua duten erabilera publikokoak, aurreko ataletan sartzen ez direnak.

Bideen erabilera debekatu eta baimenduak

4. artikulua. Bide publikoetan, debekatuta daude hurrengo jarduerak:

_20 kilometro orduko abiaduratik gora ibiltzea a motako bideetan, edo 15ekotik gora c motakoetan.

_Mendiko pistetan ibiltzea baimenik gabeko edozein ibilgailutan.

_Edozein ibilgailu aparkatzea, zirkulazioa galarazi edo zailtzen badu.

_Edozein lehiaketa motordun egitea.

_5. artikuluan ezarritako mugak gaindituz ibiltzea.

_Kanalizazioak edo ur erretenak egitea edozein bide publikotara.

_Edozein material arrastaka eramatea, baita ibilgailu katedunak zirkulatzea ere.

Edozein pertsona fisiko edo juridiko ibiltzen ahal da bide publikoetan, aipatutakorik egiten ez badu.

Pisu mugak, bideak erabiltzeko

5. artikulua. Muga hauek ezarri dira pisu aldetik bide mota bakoitzeko:

Lurzati berrantolamenduko bideetan: 8 tona pisu, atoiko ardatz bakoitzeko.

Gainerako bideak: 6 tona pisu, atoiko ardatz bakoitzeko.

Eurialdietan tona muga horiek murriztu beharko dira, zorua zulatu edo zartatu ez dadin eta arrakalak eta ur putzuak sortu ez daitezen.

Baimenak

6. artikulua. Edozein pertsona fisiko edo juridikok, ibilgailuren baten titular izanik, baimena behar du udalerriko bideetan ibiltzeko, ordenantza honetako 4 edo 5. artikuluetan ezarritako kasuetako batean badago.

7. artikulua. Udal idazkaritzan aurkeztu beharko da lizentzia eskaera, honako datuok adierazita:

_Pertsona fisiko edo juridikoaren datu guztiak, I.F.Z eta helbideak barne.

_Zer bidetan ibili gogo den, haien grafikoa eta guzti.

_Eskaeraren arrazoia, denbora edo ibiltzeko epea adierazita.

_Ibilgailuen gehieneko eta batez besteko tonak, baita haien matrikulak ere.

Lizentzia ematea edo ukatzea

8. artikulua. Udalak, eskaera azterturik, lizentzia eman edo ukatuko du, zein den erabili gogo diren bideak kontserbatzeko arriskua.

Lizentzia emateko, fidantza bat jarri beharko da; kontserbazioak zer arrisku duen, horren araberako bat zehaztuko du Udalak.

Lizentziak, gehienez ere, urtebeterako dira, non ez den beste epe bat zehazten.

9. artikulua. Eskatutako bideak erabiltzeko lizentzia emanik, titularrak hamabost eguneko epea izanen du fidantza ordaintzeko.

Fidantza jartzeko epea ordaindu gabe iraganez gero, lizentzia eraginik gabe geldituko da.

Fidantza ordaindurik, bideetan eragindako kaltearen kostua hura baino handiagoa bada, lizentziaren titularrak bere gain hartu beharko du.

Zirkulazio arauak

10. artikulua. Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen diren ibilgailuek lehentasuna dute uneoro bide guztietan, zerbitzu horietarako zabaldutako bideak direnez gero.

Hortaz, bide horietan dabilen beste edozein ibilgailuk bidea eman beharko die aipatutakoei.

Orobat, nekazaritzako ibilgailuen artean, lehentasuna du pisu handienekoak edo arrisku gehien duenak edozein maniobra egiteko.

Arau-hausteak

11. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa edo haren aplikazioa urratzea arau-haustetzat hartuko da.

12. artikulua. Arau-hausteak arinak eta larriak izan daitezke.

Arau-hauste arina. Ordenantza honetako edozein agindu urratzeari esaten zaio arau-hauste arina.

Arau-hauste larria. Ordenantza hau urratu eta ondorio ekonomikoak baditu udal ondasunetan edo pertsonentzat, arau-hauste larrizat hartuko da.

Halaber, arau-hauste larria da hiru arau-hauste arin egitea lau urtean.

Zehapenak

13. artikulua. Arau-hauste arinei 30 eta 150 euro arteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 150 eta 600 euro arteko isuna ezarriko zaie.

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen ez duen orotan Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

15. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean jasotako tramiteak bete ondoan hartuko du indarra ordenantza honek.

UDALAREN LOKALAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da oinarrizko arauak ezartzea herritarrek edo elkarteek udal lokalen erabilera pribatiboa egin dezaten, bilkuretarako edo bestelako jardueretarako, funtsean izaera komunitarioa badute. Orobat, xedea du eskatzaileek ordaindu beharreko tasak finkatzea.

Kudeaketa arauak

2. artikulua. Pertsona fisiko edo juridikoek, eskabidea aurkeztu beharko dute udal bulegoetan, eta bertan argi azaldu lokala zertarako eskatzen den. Halaber, ondoko hauek adieraziko dituzte:

Eskatzen den lokala.

Zer denboratarako eskatzen den.

Parte hartuko dutenen kopurua, gutxi gorabehera, ukituen artean herritarrak eta kanpokoak zenbat diren azalduta, eta udalerriarekin dagoen harremana.

3. artikulua. Udalak edo Alkatetzak, eskabidea aztertuta, baimendu edo ukatu ahalko dute lokalaren lagapena, lokalen erabilerak hasierako baldintza, alegia, zerbitzu komunitarioa izatea, betetzen duen ala ez ikusita.

4. artikulua. Ondokoa hartzen da zerbitzu komunitariotzat: edozein jarduera, jende multzo jakin bati onura ematen diona, herritarrak, udalerriarekin lotuak edo harekin harremanak dituztenak izanik, Urrozko herriaren garapen integrala hobetu beharrez.

5. artikulua. Udal lokalak erabiltzeko tarifak ordaintzetik salbuetsita egonen dira ondoko baimenak:

_Taldeei emandakoak, onuradunen %75 herritarrak badira.

_Urrotz Hiriko kirol eta kultur elkarteen bilkuretarako baimenak.

Tarifak

Udaletxeko solairuarteko kultur aretoa: 20 euro/ordua.

Aldagelak: 30 euro/ordua.

Urrotz Hirian, 2006ko ekainaren 1ean._Alkate udalburua, Juana María Lecumberri Ibáñez.

Iragarkiaren kodea: L0609475