77. ALDIZKARIA - 2006ko ekainaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ITZAGAONDOA

Indarra duten ordenantzak

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

PRINTZIPIO OROKORRAK

Xedea

1. artikulua. Honako Ordenantza fiskal orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikular bakoitzaren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten orotan.

Zergaren orokortasuna eta interpretazio murriztailea

2. artikulua. Gainerako ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta zerga-betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak hartzen ditu.

Ez da bertze salbuespen, beherapen edo hobaririk izanen ez bada indarra duten xedapenetan zehazki aurreikusi eta baimendu. Halaber, ez da onartuko analogiarik, ez zergapeko egintzaren, ez eta aipatu salbuespen, hobari edo beherapenen eremua bere muga hertsietatik haratago hedatzeko.

Aplikazio esparrua

3. artikulua. Ordenantza fiskalak udal mugape osoan ezarriko dira, indarra hartzen duten unetik beretik indargabetu edo aldatzen diren arte.

Zerga harremanaren elementuak

4. artikulua. Zergapeko egintza izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

Subjektu pasiboa, zergaduna eta zergadunaren ordezkoa

5. artikulua. Subjektu pasiboa pertsona fisiko edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularraren arabera, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadun nahiz zergadunaren ordezkari gisa.

Zergaduna pertsona fisiko edo juridikoa da, zeini ordainarazpen bakoitzeko ordenantza partikularrak zergapeko egintzari darion zerga ezartzen baitio, bakarka edo bertze batzuekin batera.

Zergadunaren ordezkaria subjektu pasiboa da, zeina, ordenantzak edo legeak hertsaturik eta haren ordez, behartua baitago zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera.

Zerga harremanaren aldaezintasuna

6. artikulua. Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak deusetan ukatu gabe.

Helbidea

7. artikulua. Hona tributu gaietarako helbidea: Pertsona fisikoendako, haien ohiko bizitegia izanen da; pertsona juridikoendako, aldiz, helbide soziala, betiere bertan baldin badago zentralizatua haren administrazioaren kudeaketa eta negozioen zuzendaritza. Horrela ez bada, aipatu kudeaketa edo zuzendaritza non kokatzen diren, huraxe dela ulertuko da.

Udal administrazioak beren helbide fiskala aitor dezaten galdatzen ahal die subjektu pasiboei. Hauek deklaratutako azken helbidea edo tributuekin ikusteko duen edozein agiritan jarri dutena hartuko da helbidetzat ondorio guztietarako, hura aldatu dela aditzera ematen ez den bitartean.

Administrazioak egiaztapen egokiaren bitartez zuzentzen ahal du subjektu pasiboen tributu helbidea.

Karga-oinarria. Zenbatespen objektibo eta zenbatespen zuzeneko sistemak

8. artikulua. Ordainarazpen bakoitzari dagokion ordenantzan ezarriko dira karga-oinarria zehazteko bide eta bitartekoak, zenbatespen zuzeneko sistemen barnean.

Zenbatespen zuzenaren sistema zerga-oinarriak bakarka zehazteko erabiliko da, aurkeztutako aitorpen edo agiriez edo administrazioak egiaztatutako liburu eta erregistroetan dauden datuez baliatuz.

Zenbatespen objektiboaren sistema, berriz, tributu-oinarriak bakarka edo osotara zehazteko erabiliko da, ordenantza fiskal bakoitzean aurreikusitako zeinu, indize eta moduluez baliatuz.

9. artikulua. Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zergapeko egintzak jarraitutasunez gertatzen badira.

Zerga-zorra

10. artikulua. Tributu zorra subjektu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru horretan tributu kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutze korritua.

c) Tributuei buruzko 13/2000 Lege Orokorraren 52. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusitako errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Diru bidezko zerga-zehapenak.

11. artikulua. Tributu zorra likidatzean Udalak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

Tributu zorraren zatikako ordainketa, gerorapen mota bat denez, aplikatzen ahal zaizkion xedapenenei jarraituz eginen da..

Halako diru kopuru baten ordainketa geroratzen bada, korritua sorraraziko du betiere, berandutzagatik

9. artikuluak aipatu ordainarazpenei dagozkien tributu-zorrak ezin izanen dira geroratu.

12. artikulua. Ezarritako epeetan tributu zorra ordaintzen ez duen zorduna berandutzan eroriko da. Berandutza hau berehalakoa izanen da, ordainketarako egunik edo datarik paratua badago, eta hori betetzen ez dutenei, jakinarazpenik igorri gabe, ezarritako errekargu edo zehapenak aplikatuko zaizkie, edo premiamendu bidez kobrantza eginen, bidezkoena zer den.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna

13. artikulua. Erantzukizuna tributu zor osoari dagokiona izanen da, zehapenak kenduta.

14. artikulua. Tributuei dagokien arau-hauste baten egile edo laguntzaile diren lagun guztiek elkarrekin eta batera erantzun beharko dute zerga-betebeharretan.

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatzen dituen entitate juridiko nahiz ekonomikoen partaidekideek edo titularkideek elkarrekin eta batera erantzun beharko dute entitate horien zerga-betebeharretan, bakoitzak duen partaidetzaren neurrian.

15. artikulua. Pertsona juridikoek egindako arau-hauste arin, omisiozko nahiz iruzurrezkoen erantzule izanen dira subsidiarioki horien administratzaileak, asmo txarrez edo axolagabekeria larriz, hautsitako zerga-betebeharrak betetzeko beren ardurapeko egintza beharrezkoak egiten ez badituzte, edo beren menpeko direnek egin behar dutena ez egitea onartzen badute, edota arau-hauste horiek sorrarazten dituzten akordioak egiten badituzte. Gainera, beren jarduerak utzi dituzten administratzaileak pertsona juridikoek bete gabe utzi dituzten zerga-betebeharren erantzuleak izanen dira subsidiarioki.

Porroten, lehiaketen, elkarteen, edo, oro har, edozein entitateren sindikoak, kontu hartzaileak edo likidatzaileak erantzule subsidiarioak izanen dira, baldin eta, asmo gaiztoz nahiz axolagabekeriaz, ez badituzte beharrezkoak diren kudeaketak egiten, egoera horien aurretik sortu eta subjektu pasiboari egotz dakizkiokeen zerga-betebeharrak arras bete daitezen.

Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago badira, zorra oso-osorik galdatzen ahalko zaie horietako edonori.

16. artikulua. Tributu zorra ordaintzeko jardute administratiboa erantzuleengana bideratzeak eskatuko du egintza administratibo bat egitea, non erantzukizuna adieraziko baita eta horrek noraino hartzen duen zehaztuko, interesatuari entzutea eman eta gero. Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

Jardute administratiboa erantzule subsidiarioengana bideratu ahal izateko, aurretik adierazi beharko da zordun nagusiari kobratu ezin izan zaiola, ezta gainerako erantzule solidarioei ere, hori guztia adierazi aitzin hartzen ahal diren kautelazko neurriak galarazi gabe.

17. artikulua. Pertsona fisikoen edo juridikoen ustiapen eta jarduera ekonomikoen ondorioz sortutako tributu zorrak eta erantzunkizuna, edo Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluan aipatzen diren entitateenak, galdatzen ahalko zaizkie haien titulartasunean edo jardunean (edozein kontzeptu dela bide) haien ondorengo direnei.

Eskuratzailearen erantzunbeharrak ez du eskualdatzailea ordaindu beharretik gabetzen. Biak dira horren erantzule solidarioak.

Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien zerga-betebehar bete gabeak bazkide edo kapital-partaideei pasatuko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

18. artikulua. Tributu zorra honela iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Ordainezintasuna frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

KUDEAKETA ARAUAK

19. artikulua. Ordainarazpenen kudeaketa ondokoen bidez hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren adierazpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz

c) Ikerketa bidez.

Zerga aitorpena

20. artikulua. Zerga aitorpentzat hartuko da zergapeko egintza baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa izanen du, zergapeko egintza bat biltzen edo bere baitan hartzen duen dokumentuaren aurkezte hutsak.

21. artikulua. Aitorpena nahitaez aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean zehaztutako epeetan, eta, oro har, zergapeko egintza gertatzen den egunaren ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barnean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste arintzat hartuko da eta halakoa den aldetik dagokion zehapena ezarriko.

Aitorpena administrazioan aurkezteak ez du erran nahi zerga bidezkoa dela ontzat eman edo aitortzen dela.

Udal administrazioak aitorpenak eska ditzake, eta datu gehiago ematea ere bai, eta orobat aurkitu diren okerrak zuzentzea ere, ordainarazpenaren likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

22. artikulua. Ordenantza partikularretan tramite bakoitza egiteko zein izanen diren bete beharreko epeak adieraziko da.

Ordenantza horietan eperik finkatzen ez bada, ulertuko da orokorrean sei hilabete baino gehiago ez daitekeela izan administrazio prozedura hasten denetik bukatzen den arte iragaten den denbora.

Administrazioak epeak ez betetzeak ez du administrazio jardunaren iraungipena ekarriko.

Ikerketa eta ikuskapena

23. artikulua. Udal administrazioak ikertuko ditu zergapeko egintza osatzen edo baldintzatzen duten gertaera, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak oro, eta egiaztatuko du karga-oinarriaren balorazioa.

24. artikulua. Subjektu pasiboaren dokumentuak, liburuak, fitxategiak, ordainagiriak, egiaztagiriak eta kontabilitate nagusiko zein lagungarriko idazpenak aztertuz ikertuko da. Orobat, ondasunak, elementuak, ustiategiak eta tributua zehazteko beharrezko den bertze edozein informazio aurrekari ikuskatuta.

25. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta zaintzera, bai eta ikuskapen lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zergapeko egintzarekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

26. artikulua. Ikuskaritza jarduketak subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, aldez aurreko nahiz behin_ betiko eginbide, jakinarazpen eta akten bidez dokumentatuko dira. Dokumentu horietan ondoko hauek zehaztuko dira:

_Eginbidea norena den (izen-deiturak) eta bertan zeren kariaz edo ordezkaritzaz agertzen den.

_Zergapeko egintzaren eta hori subjektu pasiboari egoztearen fun- tsezko elementuak.

_Bidezko jotzen diren tributu egoerak.

_Subjektu pasiboaren adostasuna edo desadostasuna, edo haren ordezkariarena.

Subjektu pasiboak akta izenpetu ez, edo izenpetu arren bertan bildutako inguruabarrekiko bere adostasuna adierazten ez badu, bai eta hartarako behar bezala baimendutako pertsonak izenpetzen ez badu, dagokion espediente administratiboa irekiko da izenburutzat aipatu akta izanen duela, eta bertan subjektu pasiboari hamabortz eguneko epea emanen zaio bere alegazioak aurkez ditzan.

Espedienteari buruzko ebazpena handik ateratzen den likidazioan jakinaraziko da.

Salaketa

27. artikulua. Toki entitateen ikerketa lanari salaketa batek ematen ahal dio hasiera. Salaketa paratzeak ez du deusetan ukatzen toki administrazioarekin lankidetzan aritzeko betebeharra, Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Ordainarazpenen likidazioa

28. artikulua. Tributu zorren likidazioak bi modutakoak izaten ahal dira: behin betikoak edo behin-behinekoak.

Behin betikoak honako hauek izanen dira:

_Zergapeko egintzaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

_Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

Behin-behinekoak honako hauek izanen dira:

_Aitzineko atalean jaso ez direnak, hala kontuaren gainekoak, nola osagarriak, berme izaerakoak, partzialak nahiz osotarakoak izan.

29. artikulua. Likidazioak egiterakoan administrazioak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada, subjektu pasiboari adierazi beharko zaio, handitze hori sorrarazten duten egitateak eta elementu gehigarriak zehatz azalduz, egiten den likidazioarekin batera.

30. artikulua. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraztean, haien funtsezko elementuak, tokia, epea eta ordaintzeko manera adieraziko dira, baita inpugnatzeko bideak ere.

Subjektu pasiboari behar bezala jakinarazitako likidazio orok behartuko du subjektu pasiboa tributu zorra ordaintzera.

Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu zorraren ordainketa egiten duenean.

Dena den, subjektu pasiboei pertsonalki egindako jakinarazpenek sei hilabetean izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza saihestu badute, salbu eta epe horretan akatsa zuzentzeko eskaririk formalizatu bada.

31. artikulua. Subjektu pasibo baten gaineko ordainarazpenen likidazioa eta dirubilketa egintza bakar batera batzen ahal dira. Kasu horretan, kontzeptu bakoitzeko oinarri, tasa edo kuotak ongi zehaztuta eta bereizita egonen dira.

Zergadunen erroldak

32. artikulua. Administrazioak ordenantza bakoitzeko bere zergadunen zentsua sortzea erabakitzen ahal du. Behin eratutakoan, erregistro iraunkor eta publikoa izanen da eta Udalak edozein prozedura erabiliz kudeatuko du.

33. artikulua. Zentsua eraturik, egintza administratibo baten bidez onetsiko dira hartan gertatzen diren alta, baja eta aldaketak. Delako egintza jakinarazi beharko da eta subjektu pasiboak erreklamazioa paratzen ahalko du haren gainean.

34. artikulua. Zergadunak behartuta daude zentsu horretan gertatzen diren aldaketa guztien berri ematera udal administrazioari, hogeita hamar eguneko epean.

35. artikulua. Ordainarazpena eskuratu beharrez kobratzeko erabiltzen diren zerrenda, ordainagiri eta bertzelako agirietan aipatu behar diren dokumentu fiskalak dira zergadunen erroldak.

DIRUBILKETA

36. artikulua. Dirubilketa egin daiteke:

a) Borondatezko aldian.

b) Derrigorrezko aldian.

Borondatezko aldian, ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeetan kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, berriz, bere zorra borondatezko aldian ordaindu ez duen zergaduna behartuz eginen da dirubilketa, haren ondarearen gainean premiamendu bidea erabilita.

37. artikulua. Udalak bere diruzaintzaren bidez bilduko ditu bere baliabideak, edo erabakitzen diren banketxeen bidez.

Zorren sailkapena dirubilketari dagokionez

38. artikulua. Dirubilketari begira, tributu zorrak jakinaraziak, jakinarazpen gabeak eta autolikidaziokoak izaten ahal dira.

_Jakinaraziak: jakinarazpena egin behar zaio subjektu pasiboari, zorra eskatu ahal izateko.

_Jakinarazpen gabeak: subjektu pasiboentzat ezagunak diren zergadunen zentsuen ondoriozkoak, ez baitute banan banako jakinarazpenik behar. Modu kolektiboan jakinarazten ahal dira, administrazioaren bando edo ediktuen bidez.

_Autolikidaziokoak: haietan, subjektu pasiboak aldi berean egiten du aitorpen-likidazioa eta tributu zorra ordaintzen.

Ordainketa tokia

39. artikulua. Udal administrazioaren aldeko zorrak Udalaren diruzaintzan ordainduko dira, edo erabakitzen d(ir)en banku entitate(eta)n.

Ordainketa epeak

40. artikulua. Tributu zorrak honela ordainduko dira:

_Hogeita hamar eguneko epean jakinaraziak.

_Jakinarazpen gabeak, hogeita hamar eguneko epean ere, ediktuak edo bandoak Udalaren iragarki oholean argitaratzen direnetik aitzina.

_Autolikidaziokoak, dagozkien aitorpenak aurkeztean ordaindu beharko dira, tributu bakoitza arautzen duen ordenantzak ezartzen dituen egun eta epeetan, eta hori egin ezean, hogeita hamar egun balioduneko epean, zergapeko egintza sortzen den egunetik aitzina.

Korrituak eta errekarguak

41. artikulua. Derrigorrezko aldia hasten denean sartu gabeko zorraren %20ko errekargua sorrarazten da, baita berandutzeagatik dagozkion korrituak ere.

Tartean, eten, geroratze edo zatiketarik egon gaberik ordaindu gabeko tributu zorra ordaintzen baldin bada, premiamenduzko probidentzia jakinarazi baino lehen, errekargua %10ekoa izanen da, eta ez dira galdatuko derrigorrezko aldia hastean berandutzagatik sorrarazitako korrituak.

42. artikulua. Berandutzagatik korritua galdatuko da egintzaren betearazpena eteten den kasuetan, bai eta geroratzeetan, zatiketetan edo edozein motako luzapenetan ere.

Aitorpen-likidazioei edo autolikidazioei dagozkien dirusarrerei, haiek epetik kanpo baina aldez aurretik errekerimendurik izan gabe aurkeztu badira, bai eta epetik kanpo eta aurreko errekerimendurik gabe aurkeztutako aitorpenek eragindako likidazioei ere, %20ko errekargua ezarriko zaie; horiei bertze zenbait kasutan ezar zitezkeen zehapenak ez zaizkie paratuko, baina bai, ordea, berandutze korrituak. Hala ere, dirusarrera edo aitorpenaren aurkezpena egiteko borondatezko epea amaitu eta ondoko hiru, sei edo hamabi hilabeteetan egiten bada dirusarrera edo aurkezten bada aitorpena, errekargu bakarra aplikatuko da, hurrenez hurren %5, %10 edo %15ekoa, eta berandutzagatik ez da korriturik galdatuko, ezta bertze zenbait kasutan galda zitezkeen zehapenak ere.

Errekargu horiek premiamenduko errekarguarekin batera galdatzen ahalko dira, baldin eta tributua ordaintzera beharturik daudenek ez badute dirusarrera egiten aitorpen-likidazioa edo epetik kanpoko autolikidazioa aurkeztearekin batera.

Ordaintzeko modua

43. artikulua. Tributu zorren ordainketa eskudirutan eginen da edo, bertzenaz, efektu tinbratuak erabiliz, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantzan zer xedatzen den eta huraxe. Berariaz deus xedatzen ez bada, ordainketa eskudirutan eginen da.

44. artikulua. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

_Indarra duen dirua.

_Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

_Banku txekea.

_Transferentzia toki entitateak kreditu edo aurrezki entitateetan horretarako irekitako kontuetara.

Aurreko atalean erranagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dutelarik honek baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki entitateko diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea helbideratzea zein tributuri dagokion.

TRIBUTU GAIETAKO ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

45. artikulua. Tributu arloko arau-hausteak dira bai ordenantza honetan bai toki entitateen ogasuna arautzen duten gainerako legezko xedapenetan azaldu eta zehatzen diren egintzak eta egin ezak. Arau-hausteak zabarkeria hutsezkoak badira ere zeha daitezke.

Tributu arloko arau-haustea dakarrena nahitara egina edo ez egina dela usteko da, non ez den kontrako frogarik.

Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat tipifikatutako egintzak edo egin ezak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak. Bereziki hauek:

_Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

_Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

_Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 62. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza eman beharrean dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

46. artikulua. Legez arau-haustetzat hartzen diren ekintzek edo ez-egiteek, honako kasuetan ez dute erantzukizunik sortuko:

_Tributu gaietan obratzeko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

_Ezinbertzeko kasua delarik.

_Erabakia anitzen artean hartua delarik, beren botoa gorde dutenendako edo erabakia hartu zeneko bileran egon gabeendako.

47. artikulua. Arau-hausteak bi motatakoak izan daitezke:

a) Arinak.

b) Larriak.

48. artikulua. Arau-hauste arintzat hartzen da tributuak kudeatzean edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan ala ez, eskatzen zaizkion zerga-betebeharrak ez betetzea, arau-hauste larriak ez direnean edo zehapena graduatzeko osagai gisa hartzen ez direnean.

49. artikulua. Arau-hauste larriak honako hauek dira:

_Legeek edo behar den ordenantzak ezarritako epeetan ez ordaintzea tributu zor osoa, edo haren parte bat.

_Salbuespenak, zerga-onurak edo itzulkinak bidegabe baliatu edo erdiestea.

_Toki entitateak autolikidazio prozeduraren bidez eskatzen ez diren tributuak likidatu ahal izateko behar dituen aitorpen edo agiriak ez aurkeztea, epez kanpo aurkeztea edo modu osatugabe edo okerrean aurkeztea.

Zehapenak

50. artikulua. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak ezarriko dira, finkoak edo proportzionalak. Diru bidezko isun proportzionala aplikatuko da zerga kuotaren, ordaindu gabeko kopuruen eta bidegabe lorturiko onura edo itzulkinen zenbatekoaren gainean.

51. artikulua. Arau-hauste arin bakoitzak 6 eurotik 900ra bitarteko zehapena izanen du.

Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300dik 6000 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

Arau-hauste larriei dirubidezko isun proportzionala jarriko zaie, kuotaren %50etik 150era bitartekoa, 54. artikuluan aipatutako murrizketa deusetan ukatu gabe.

Orobat, zilegi izanen da berandutze korrituak eskatzea borondatezko epea bukatu eta zerga-egoera erregularizatuko duen likidazioa egiten den egunera bitarteko eperako.

Zehapenen graduazioa

52. artikulua. Zehapenak Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 97. artikuluan ezarritakoari jarraikiz graduatuko dira.

53. artikulua. Zerga arloko zehapenak ezartzeko espediente berezi eta independiente bat irekiko da, subjektu arau-hauslearen zerga egoera egiaztatu eta ikertzeko irekitakotik bereizia. Hartan entzutea eman beharko zaio interesatuari.

Zehapenak tributuen behin-behinko edo behin betiko likidazioak egiteko egintza administratiboak eman behar dituzten organo berek erabaki edo ezarriko dituzte.

Zehapenaren iraungipena eta murrizketa

54. artikulua. Arau-hausteek ekarritako erantzukizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

Subjektu arau-hausleak hiltzean, bete gabeko zerga-betebeharrak oinordeko edo legaziodunei transmitituko zaizkie, legeria zibilean herentzia eskuratzeari buruz finkatzen dena deusetan ukatu gabe. Inoiz ez zaio zehapenik bertze bati transmitituko.

Sozietateak edo entitateak deuseztatu eta likidatzen direlarik, haien zerga-betebehar bete gabeak bazkide edo kapital-partaideei transmitituko zaizkie, eta haiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

Errekurtsoak

55. artikulua. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legean, udal ebazpenen kontra egiteko oro har ezarri diren errekurtsoak aurkezten ahal dira.

Azken xedapena

56. artikulua. Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean aurreikusitako tramiteak bete ondoan.

KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko 2/95 Legearen IV. kapituluko 8. sailean (109. artikulua eta hurrengoak) xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Kontribuzio berezien zergapeko egintza hau da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Udalak herri lanak egitearen ondorioz edo beren esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. artikulua. 1. Honakoak hartuko dira udal mailako obra eta zerbitzutzat:

a) Udalak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe titular gisa egiten dituenak.

b) Udalak bertze entitate publikoren batek haren gain utzita edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartu dituen zerbitzuak.

d) Udalak dirulaguntza emanik bertze entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

2. Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak udal mailako lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik Udalarena duten erakunde autonomo edo merkataritza elkarteak, edo Udalaren diru ekarpena duten kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

4. artikulua. Kontribuzio berezien aldera bildutako kopuruek eskatzeko arrazoia izan zuten obra edo zerbitzuko gastuak berdintzea izanen dute helburu zilegi bakarra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. 1. Hauek dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak: kontribuzio beharra sortzen duten obra egite edo toki mailako zerbitzuen ezartze edo handitzeak onura berezia ekartzen dien pertsona fisiko zein juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko edo ondare berezia osatzen badute.

2. Onura bereziaren hartzaileak hauek hartuko dira:

a) Kontribuzio berezia delarik ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, ondasun higiezin horien jabeak.

b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondoriozko obrak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ustiategiaren jabe diren pertsonak edo entitate titularrek.

c) Kontribuzio berezia delarik su itzaltze zerbitzuak handitu edo hobetzeagatik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo hartan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, udalerrian.

d) Kontribuzio berezia delarik lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

3. Jabetza horizontaleko kasuetan, jabeen komunitateko ordezkaritzak udal administrazioari emanen dizkio jabekideen izenak eta komunitate horretan bakoitzak duen parte hartzearen koefizientea, banako kuotak igor ditzan. Horrela egiten ez bada, kuota bakarra igortzea onartzen dela ulertuko da, eta komunitateak berak eginen duela banaketa.

Zerga-oinarria

6. artikulua. 1. Gehienez ere, obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik Udalak pairatzen duen kostuaren %90k osatuko du kontribuzio berezien zerga oinarria. Udalak, ordenatzeko erabakia hartzean, kasu bakoitzean aplikatu beharreko portzentajea finkatuko du.

2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu prestatze eta obra zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko lanen edo zerbitzu ezartze edo handitzearen zenbatekoa.

c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo Udalari dohainik eta nahitaez emandako lurrena edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Udalari emandako eraikinena.

d) Eraikinak lurreratu eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita lurreratu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

3. Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

4. Obra edo zerbitzuak direlarik 3. artikuluko 1 zenbakiko c) letrak aipatzen dituenetakoak, edo artikulu horrexetako 2 zenbakiak aipatzen dituenetakoak, Udalak dirulaguntza emanda kontzesiodunek egindakoa alegia, kontribuzio berezien zerga oinarria finkatzeko, dirulaguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan, bertze administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexengatik ezar ditzaketenak deusetan ukatu gabe. Nolanahi ere, artikulu honen lehen zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, %90 alegia.

5. Zerga-oinarria finkatzeko, hau ulertuko da udal administrazioak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zifrari udal administrazioak erdiesten dituen dirulaguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

6. Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Dirulaguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuota

7. artikulua. Subjektu pasibo bakoitzari, hurrengo artikulura bildutako banaketa irizpideei jarraikiz, zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko magnitudea da kontribuzio berezien kuota.

8. artikulua. 1. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Kasu guztietarako, batera nahiz bereiz, banaketa modulutzat ezarriko dira eraikinen fatxadako metro linealak, haien azalera, haien bolumen eraikigarria eta lurraren gaineko kontribuziorako duten katastroko balioa.

b) Su-itzaltze zerbitzua ezarri, zabaldu edo hobetu beharra delarik, udalerrian dauden ondasunengatik arriskua estaltzen duten entitate edo sozietateen artean eginen da banaketa, aurre-aurreko urtean bildutako primen zenbatekoaren proportzioan egin ere. Subjektu pasibo bakoitzari eskatzeko zaion kuota baldin bada berak bildutako primen %5 baino gehiagokoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da erabat amortizatu arte.

c) Ordenantza honetako 5. artikuluko 2. zenbakiko d) atalean aipatzen dituen obren kasuan, kontribuzio bereziaren zenbateko osoa, haiek erabili behar dituzten konpainia edo enpresen artean partituko da, bakoitzari erreserbatzen zaion espazioaren arabera edo haien osotarako sailarekiko proportzioan, nahiz eta berehala erabiltzekoak ez izan.

9. artikulua. Lege edo hitzarmen nazioartekoek onura fiskalak ematen badituzte, onuradunei tokatuko zaizkien kuotak ez dira partituko bertze zergadunen artean.

10. artikulua. Ordaindu beharreko kuota finkatu delarik, Udalbatzak zilegi izanen du, subjektu pasiboak hala eskatuta, kuota zatikatu edo gerokotu dadin agintzea gehienez lau urtez.

Tributuaren sorrarazpena

11. artikulua. 1. Kontribuzio berezien sorrarazpena lanak egiten diren momentuan berean gertatzen da, edo zerbitzua ematen hasten denean. Obrak zatikatzea zilegi baldin bada, tarte edo zatiki bakoitza burutu denetik izanen da sorrarazpena subjektu pasibo bakoitzarendako.

2. Aurreko zenbakian xedatu dena ukatu gabe, ezartzeko eta ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik, Udalak zilegi izanen du eskatzea aurrez ordain daitezela kontribuzio bereziak hurrengo urterako aurreikusten den kostuaren arabera. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, horiek burutu ez badira ez da zilegi izanen bertze urtealdi bat aurreratzeko eskatzea.

3. Kontribuzio bereziak sorrrarazteko momentua kontuan hartuko da ordaintzera nor beharturik dagoen finkatzeko 5. artikuluaren arabera, nahiz eta ordenatzeko erabaki zehatzean bertze subjektu pasibo bat agertu, hura onetsi zen datan hala zena alegia, eta kuoten ordainketa berak aurreratu bazuen ere, artikulu honetako 2 zenbakiak xedatzen duenarekin bat. Ordenatzeko erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa ageri den pertsonak jakinaren gainean egon eta ezarpena sortzen duten ondasun edo ustiapenen gainean dituen eskubideak eskualdatzen baditu, erabaki hori onestetik hasi eta sorrarazpena gertatu arteko epean, egin den eskualdatzearen berri eman beharko dio Udalari eskualdatzearen datatik hasi eta hilabeteko epean, eta hala egiten ez badu, administrazio horrek zilegi izanen du kobratzeko ekintza espediente horretan subjektu pasibo gisa ageri zenaren kontra jotzea.

4. Obrak osorik nahiz partez bururatu direlarik, edo zerbitzua ematen hasi delarik, subjektu pasiboak, oinarria eta kuota indibidualizatu behin betikoak seinalatuko dira, tokatzen diren likidazioak jiratuko eta konturako entrega gisa konpentsatuko egin diratekeen ordainketa aurreratuak. Udalak eginen du behin betiko seinalamendu hori, delako tributua kasuan kasuko obra edo zerbitzua egiteko tributua ordenatzeko erabaki zehatzeko arauetara egokituz.

5. Ordainketa aurreratuak tributua sortu zen egunean subjektu pasibo ez diren pertsonek egin badituzte, edo berez tokatzen zaien kuota indibidual behin betikoaz goiti egiten badute, udal administrazioak bere kabuz eginen du behar den itzulketa.

Ezarpena eta ordenazioa

12. artikulua. 1. Kontribuzio bereziak ordainarazteko, aurrez kasu bakoitzean ezarpen erabakiak hartuta beharko du.

2. Ez da zilegi izanen kontribuzio berezien bidez dirutu beharreko obra bat egiteari edo zerbitzu bat ezarri nahiz handitzeari buruzko erabakia betetzea harik eta kontribuzio berezien ordenazio zehatza onetsi ez den arte.

3. Ordenatzeko erabakia nahitaez hartu beharrekoa izanen da eta obra eta zerbitzuen kostu zenbatetsia finkatu beharko du, eta bai onuradunen artean banatu beharreko zenbatekoa eta banaketa irizpideak ere. Ordenatzeko erabaki zehatzak ordenantza honi eginen dio aipua.

4. Behin kontribuzio bereziak ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak finkatu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek baldin subjektua edo haren helbidea ezaguna bada, eta, bertzenaz, ediktu bidez. Interesatuek zilegi izanen dute errekurtsoa paratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen Bederatzigarren Tituluko II. Kapituluak aurreikusten duen moduan.

13. artikulua. 1. Udal mailako eskumenen menpeko obrak eta zerbitzuak Udalak bertze toki entitate baten laguntzarekin egiten dituenean, eta baldin kontribuzio bereziak ezartzen badira foru arauetan xedatzen denaren arabera, obra egitea edo zerbitzuak ezartzea bere gain hartzen duen entitatea arduratuko da kontribuzio horiek kudeatu eta biltzeaz, nahiz horrek ez duen galarazten entitate bakoitzak dagokion eskumena atxikitzea, ezartzeko eta ordenatzeko erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek onesten ez badu ordenatzeko erabaki zehatza, jarduketa unitatea baliogabetuko da eta haietako bakoitzak bakarka hartuko ditu behar diren erabakiak.

Herritarren lankidetza

14. artikulua. 1. Lanek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboa sortzen ahal dute, Udalak lanak egin edo zerbitzuak paratu edo handitu ditzan sustatzeko, konpromisoa hartuz, lana edo zerbitzua zein izan, dagokien zatia ordaintzeaz gain, Udalaren finantza egoera larria denean, hari dagokion zatia ere ordaintzeko.

2. Orobat, Udalak sustatutako lanak egiteak edo zerbitzuak ezartzeak edo handitzeak ukituriko jabe edo titularrek ere zergadunen elkarte administratiboak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak ordenatzeko erabakia jendaurrean egon artean, Udalak aurretik erabakita eginen den lanean edo zerbitzuan parte hartzeko.

3. Zergadunen elkarteen funtzionamendu eta eskumenak haien estatutuetan xedatzen direnak izanen dira. Estatutuak Udalak onetsi beharko ditu. Nolanahi dela ere, zergadunen elkarteak erabateko gehiengoaz hartuko dituen erabakiak, ukitutako jabetzaren bi herenak biltzen baldin badituzte, lotesleak izanen dira gainerakoentzat. Elkarteak, behar den quoruma bildurik, zuzendaritza batzordea izendatzen baldin badu, horrek hartutako erabakiak lotesleak izanen dira interesatu guztientzat.

15. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen zergadunen elkarte administratiboak sortu ahal izateko, ukitutakoen erabateko gehiengoaz hartu beharko da erabakia, betiere, ordaindu beharreko kuoten bi herenak biltzen baldin badira edo, kuotak zehaztu gabe izanez gero, ukitutako jabetzaren bi herenak biltzen baldin badira.

Azken xedapena

16. artikulua. Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean jasotako tramiteak bete ondoan.

AGIRIAK ESKURATU ETA TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko 2/95 Legearen IV. kapituluko 7. sailean (100. artikulua eta hurrengoak) eta Lege beraren 12. artikuluan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Ordainarazpenaren xedea

2. artikulua. Ordenantza honen xedea tasen ordainarazpena da alderdi batek eskaturik administrazioak egiten duen jardueragatik.

Zergapeko egintza

3. artikulua. Alderdi batek eskaturik Udalak gisa honetako zerbitzuak egitea da:

1._Ziurtagiriak.

2._Fotokopiak.

3._Arma txartelak

4._Agiriak konpultsatzea.

5._Deialdien tramitazioa.

6._Faxa eta gisakoak.

7._Txostenak eta kontsultei emaniko erantzunak.

8._Bertzelakoak.

Sorrarazpena

4. artikulua. Administrazioak bideratu behar duen agiria aurkeztearekin sortuko da zerga ordaindu beharra edo ordainarazpen honen xedeko agiriren bat luzatzeko eskatzerakoan.

Administrazioak noiznahi erabakitzen ahalko du agirien eskabide edo eskaerak udal bulegoetan emandako inprimakietan egin daitezen.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Ordainarazpen honen xede diren agiriak tramitatzeko eskatzen duten pertsona natural eta juridikoak dira subjektu pasiboa.

Tarifak

6. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren agiriak tramitatzeagatik ordaindu beharreko tasak eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Orokorrean, ondoko hauek ezarri dira:

a) Tasak udal bulegoetan ordainduko dira, kasuan kasuko agiria tramitatzeko eskatzean.

b) Ordainarazpen honen tasak kobratzeko arduradunak hiruhileko guztietan aurkeztuko ditu aipatu likidazio aldian egindako dirubilketaren kontuak, eta udal diruzaintzan eginen da haien dirusarrera.

Azken xedapenak

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako tramiteak bete ondoan hartuko du indarra.

Idazkaritzan agiriak eskuratzeko ordenantzako tarifak

Indarra duen dokumentazioaren ziurtagiriak: 1,20 euro.

Artxiboko agirien ziurtagiriak: 3,00 euro.

Fotokopiak alde batetik: DIN A4: 0,10 euro. DIN A3: 0,15 euro.

Konpultsak orrialde edo orri bakoitzeko: 0,30 euro.

Arma txartelen tramitazioa: 0,60 euro.

Txostenak eta kontsultei emaniko erantzunak: 3 euro.

Faxa eta zehaztu gabeak: 0,30 euro.

LIZENTZIAK, BEREZIKI HIRIGINTZAKOAK, EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan xedatzen denarekin bat ezarri da ordainarazpen hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea, eraikuntzako egintzak, zoruaren erabilpena, eraikinen lehen okupazioa, etab. antolamendu juridiko orokorrari eta bereziki hirigintza arlokoari egokitzen ote diren zaintzeko.

3. artikulua. Hona hemen ordenantza honen ondorioz Udalak hirigintza arloan edo bertzela egiten dituen jarduketak:

_Antolamendurako plan partzialak edo bereziak eta haien aldaketa tramitatzea, eta berdin xehetasun azterlanak eta partikularrek aurkezten dituzten birzatiketak.

_Partikularrek aurkeztu urbanizazio proiektuak tramitatzea.

_Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan zehaztutakoak.

_Jarduera lizentziak, irekitzekoak, lehen aldiz okupatzekoak, etab.

Zerga ordaindu beharra

4. artikulua. Zergak ordaindu beharra lizentzia ematen den unean hasten da. Ez da tasarik sortuko interesatuak eskabideari uko egiten badio lizentzia emateko udal erabakia hartu baino lehen.

Hasierako eta behin betiko onespena behar duten hirigintzako espedienteetan, hala nola plan partzialak edo bereziak eta haien aldaketa, xehetasun azterlanak, birzatiketak eta urbanizazio proiektuak, haien behin betiko onespenarekin batera sortuko da zerga ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare bereizia diren entitateak, baldin eta hirigintza arloko lizentzia bat edo bertze edozein motatakoa eskatzen badute.

Eraikitzeko lizentzietan haien xede diren obren eraikitzaile eta kontratistak izanen dira zergadunen ordezkoak.

Tarifak eta karga-tasak

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Tramitazioa

7. artikulua. Hirigintzako lizentzia eskaerak oro Udalaren hirigintzaren ordenantzan aurreikusten den maneran bete beharko dira.

Gainerako jardueren lizentzia eskaerak bakoitza bere araudiaren arabera eginen dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Lizentzia baten eskaera tramitaturik, lizentzia onartzeko agirian ordaindu beharreko tasa agertu beharko da.

Tasa hori Udalak zehazten duen banku entitatean ordainduko da, lizentzia onartu ondoko hilabetearen barnean.

Arau-hausteak eta zehapenak.

9. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko afera guztietan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraikiko zaio.

TARIFAK

Lizentziaren gutxieneko tasa: 10 euro.

Kanpoko txostenak behar dituzten lizentzien espedienteak: 100 euro txosten bakoitzeko.

Egunkarietako argitalpena behar duten lizentzien espedienteak: 200 euro iragarki bakoitzeko.

Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko argitalpena behar duten lizentzien espedienteak: 10 euro iragarki bakoitzeko.

Jarduera sailkatuen eta irekitzeko lizentzien espedienteak (4/2005 Foru Legearen eranskineko 4D): 200 euro.

Jarduera sailkatuen espedientea (4/2005 Foru Legearen eranskineko 4.a. 4B, 4C): 500 euro.

Tarifa horiek elkarri metatuko zaizkio, lizentzia onartzeko tenorean ikusten bada kasu batean baino gehiagotan dagoela tarifetan zehaztutakoen artetik.

HERRILURREN ORDENANTZA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Udal mugape honetako herrilurretako ondasunen administrazioaz, erabileraz, defentsaz, berreskuratzeaz eta aprobetxamenduaz arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Herrilurrak honako hauei jarraikiz gobernatuko dira: uztailaren 2ko 6/90 Foru Legear (uztailaren 13ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia, 287/90 Foru Dekretuaren 2. artikulua eta ordenantza hau bera.

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen diren baldintzetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Udalak justifikatu beharko du.

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Udala herri ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzari.

8. artikulua. Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Udalak Diputazioari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, finken inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalbatzak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

12. artikulua. Udalak ez baditu herrilurrak defendatzeko behar diren ekintzak egiten, bizilagunek egiten ahalko dute, ezarrita dagoen maneran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak

Herri ondasunen aprobetxamendua. Xedapen orokorrak

13. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

_Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

_Herrilarreen aprobetxamendua.

_Etxerako egurraren aprobetxamendua.

14. artikulua. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

_Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

_Udaleko erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea eta hiru urteko antzinatasuna izatea.

_Urtean bederen bederatzi hilabetez egiazki eta jarraian bizi izatea herrilurren titularra den entitatean.

_Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

15. artikulua. Urtean bederatzi hilabetez bertan bizi izatea frogatzeko, Udalak baldintza hauek kontuan hartuko ditu, bertzeak bertze: etxebizitza modu iraunkorrean zabalik edukitzea eta udalerriarekin lotura zuzen eta taigabea izatea.

16. artikulua. Laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

_Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

_Esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

_Enkante irekian esleitzea edo Udalak zuzenean ustiatzea. Enkante publikoa murriztua edo denendakoa izan daiteke.

17. artikulua. Famili unitateen titularrek ez dute herrilurren esleipenerako eskubiderik izanen, beren lurrak eman ez badituzte herrilurrekin batean ustiatu ahal izateko, portaera horrek Udalari kalte ekonomikoa ekartzen badio.

18. artikulua. Herrilurretako aprobetxamenduak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Laborantzako aprobetxamenduetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen titularrak Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 168. artikuluan ezarritako kasuetan badaude.

19. artikulua. Edozein pentsio mota jasotzea bateraezina da aprobetxamenduen ustiapen zuzenarekin. Horregatik, pentsiodunei ez zaie laborantzako lurrik esleitzen ahalko, non ez dituen betetzen lehentasuna duten herritarrendako esleipenetarako ezarritako baldintzak.

Herrilurren aprobetxamendu baten bitartean onuradunen bat sartzen bada arestiko kasuan, Udalak ofizioz kenduko du errentari izatetik, berak uko egiten ez badio.

20. artikulua. Udalak noiznahi egiten ahalko ditu behar diren egiaztapenak, zuzeneko aprobetxamendua frogatu ahal izateko.

21. artikulua. Herrilurretako aprobetxamenduez baliatzeko epea zortzi urte izanen da. Errentamenduen zenbatekoa nekazaritza eta abeltzaintzako produktuen K.P.I.ren heinean goitituko da urtez urte. Laborantzako lurren errentamendua urtero ordainduko eta urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen eginen da ordainketa. Larreen errantamendurako, urte bakoitzeko maiatzaren 30a eta urriaren 30a baino lehen eginen dira ordainketak.

22. artikulua. Laborantzak nahiz larreak izan, herrilurren aprobetxamenduak orain nahiz etorkizunean sortzen dituen eskubideak oro Udalari doan itzuliko zaizkio esleipena bururatzean.

Lehentasuna dutenendako aprobetxamenduak

23. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, errenta aitorpena, soldata bidezko dirusarrerak, lurren jabetza, kapital zergagarriak, baita Udalak zehazten duen bertze edozein ere.

24. artikulua. Modu honetako ereduko lotearen azalera lehorreko lurreko 50 erregu izanen da. Aurreko 14. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

_Hiru kide edo gutxiagoko famili unitatea, 1 koefizientea.

_4tik 6 kide bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea.

_7tik 9 kide bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea.

_9 kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea.

25. artikulua. Modu honetako onuradunak ordaindu beharreko lur-saria izanen da esleitzen zaion lur motaren prezioaren %30. Zenbateko hori nekazaritzako produktuen K.P.I.ren heinean goitituko da urtez urte.

26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu herrilurretako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan izan edo aprobetxamenduaren epean izan, Udalei buruzko Foru Legearen 151. artikuluarekin bat esleituko da.

Herritarren arteko zuzeneko esleipena

27. artikulua. Lehentasuna duen taldearen premiak ase ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

28. artikulua. HerriHerritarren artean zuzenean esleitzen diren loteen azalera Udalak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskabide kopuruaren ariora eginen da, famili unitate bakoitzaren dirusarrera garbien alderantzizko proportzionalitatean. Herri bakoitzean herrilurren azalera ezberdina denez, kasu bakoitzari egokituko zaio.

29. artikulua. Onuradunek ordaindu beharreko lur-saria ondokoa izanen da: katastroaren sailkapenean 1. mailakoak diren lurrengatik, 21 euro erregu bakoitzeko; 2. mailakoengatik, 18,90 euro; 3. mailakoengatik, 16,80 euro; 4. mailakoengatik, 14,70 euro, eta 5. mailakoengatik, 12,70 euro.

30. artikulua. Udalak herri bakoitzeko herrilurren azalera osoaren %5aren pareko eremua gordeko du, onuradun gehiago agertzen ote den. Nolanahi ere azalera hori esleitzen ahalko da baldintza suntsiarazlea ematen bada, erreserbako %5i egokitzeagatik.

31. artikulua. Udalak baratzetako lurzatiak ematen ahalko dizkie lurrik ez izanik eskaria egiten duten eskatzaileei, betiere horretarako lurrik bada. Gehienez ere erregu erdiko azalera izanen dute eta lur-saritako 30 euro ordainduko da.

Enkante publikoa edo zuzeneko ustiapena

32. artikulua. Zuzeneko esleipena egindakoan eta oraino lurrik gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko ditu edo lurrak enkante bidez esleitu, 29. artikuluan zehaztutakoa prezioak hasierako preziotako erabilita.

Esleitzeko prozedura

33. artikulua. Esleipen prozedura behar den ediktua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuz hasiko da. Eskubidea izan uste duten jendeek hamabortz egunean aurkeztuko dute behar den eskaera.

34. artikulua. Eskabideak Herriko Etxean aurkeztuko dira aitzineko artikuluan ezarritako epean, eta harekin batean zinpeko aitorpena aurkeztuko da alderdi hauek aipatuko dituena:

_Herriko bizilagun izatea, hiru urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabete herrian bizitzea.

_Zerga-betebeharrak ordainduta izatea.

_Famili unitatea osatzen duten kideak.

_Zenbat lur dituen jabetzan.

_Zenbat lur errentan edo bertzelako laborantza motetan.

_Zenbat azienda buru eta zer espezietakoak.

_Eskatzailearen azken errenta aitorpenaren fotokopia.

35. artikulua. Udalak, eskabideak ikusirik, modu bakoitzera onartuen zerrenda eginen du eta bertze hamar eguneko epea irekiko, erreklamazioetarako. Epe hori inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Aldiz, erreklamaziorik bada, Udalak hamar eguneko epea izanen du horiek ebazteko, behin betiko zerrenda onesteko eta Herriko Etxeko iragarki oholean jendaurrean paratzeko.

Behin betiko esleipenaren erabakia banan-banan jakinaraziko zaio onuradun bakoitzari.

Larreen aprobetxamendua

36. artikulua. Herrilurretako larreen aprobetxamenduak, finka partikularrenekin, heiekin, askekin eta horretarako egindako belaiekin batean, ustiapen unitate bakar eta banaezina osatzen du eta, eta esleipen hartzaileak bazkaleku horri jasanarazten ahal zaizkion kostu guztiak bere gain hartu beharko ditu.

Lehenago zenbat kontzeju izan ziren, horrenbertze bazkatokitan banaturik dago udal mugapea.

37. artikulua. Larreen aprobetxamendua modu hauetariko baten bidez esleituko dira: Herritarrendako zuzeneko esleipena eginez, usadioaren ariora eta enkante publikoaren bidez. Aprobetxamenduak esleitzeko epea zortzi urte da, 2008ko urtarrilaren 1etik hasita.

38. artikulua. Abeltzain bakoitzak bere herriko bazkalekuetako larreetarako eskubidea baizik ez du izanen. Hala ere, Udalak bertze bazkaleku batzuk esleitzen ahalko ditu, gehienekoa izanik eskatzaileak justifikatutako azienden eta bazkalekuaren azienda kargaren arteko diferentziaren %50.

39. artikulua. Ardi aziendak modulutako harturik, abelburu bakoitzeko ordaindu beharreko saria, ondorio guztietarako, 6,3 euro/urtea izanen da. Gainerako espeziei dagokienez, parekotasun hauek ezarriko dira:

Ahuntz 1: 1,2 ardi.

Behi 1: 10 ardi.

Behor 1: 12 ardi.

40. artikulua. Prezioak eta azienda kargak hauek dira bazkaleku bakoitzeko:

Idoate 200 1.260

Gergitiain 150 945

Indurain 330 2.079

Iriso 150 945

Erreta 230 1.500

Turrillas 420 2.646

Urbikain 170 1.071

Zuhatzu 245 1.544

Itzagako fazeroa 170 1.071

Lizarraga 235 1.481

Errentamenduen ordainketa ordenantzaren 21. artikuluari jarraikiz eginen da.

41. artikulua. Aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo bertze batzuei lagatzeko, ezta bertze inoren aziendarik sartzeko, Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

42. artikulua. Bazkatokiek beren heiak badituzte, haien prezioa 42. artikuluan ezarritakoa izanen da, gutienez ere %100 kariotuta. Heiek unitate banaezina osatuko dute bazkatokiarekin, eta esleipen hartzaileak bi kostuak onartu beharko ditu

Errentamenduaren denboran Udalaren kontura bazkalekuetan egiten diren hobekuntzek prezioa hein honetan goitituko dute:

_Heiak: %100.

_Belaiak: %50.

_Aska: %20.

43. artikulua. Esleipen hartzailearen kontura izanen dira higiezinetako mantenimendu eta zainketa gastu guztiak, zerrakurak, askak eta ur hartuneak barne direla. Garbitu, gutxienez, urtean behin garbitu beharko dira.

Orobat, eskortek dituzten zerbitzuen kostua bere gain hartuko du.

44. artikulua. Jabetza partikular nahiz herrilurretakoetan sartzeko, aziendek egungo sarbideak erabiliko dituzte beti.

45. artikulua. Finkaren titularraren baimenik gabe ez dira sartzen ahalko ereindako lurretan, baratzetan, luzerna soroetan eta gisakoetan. Uzta bildutako sailetan ere ez dira sartzen ahal harik ta ahotza biltzen ez den arte, non eta jabeak ez dion adierazten larratzen ari den aziendaren jabeari ez duela biltzeko asmorik.

Halaber, jabeak landu gabe utzi beharko ditu lurzatiak, ahotza bildu eta zazpi egun iragan arte. Abuztuaren 20tik aitzina ez da beharrekoa izanen muga hori errespetatzea.

Erauntsi handi baten ondotik ere ez dira laborantzetan sartzen ahal, harik eta 48 ordu iragan arte.

46. artikulua. Bazkalekuak esleitzeko segitu beharreko prozedura ordenantzaren 33.etik 35.era bitarteko artikuluetan ezarritakoa da. Aldaketa bakarra izanen da eskabidean sartu beharra aziendaren osasunaren ziurtagiria, abelburu kopuruaz Nafarroako Gobernuko Abelzaintza Departamentuak egindako ziurtagiria eta eskatu diren bazkalekuen zerrenda.

Etxerako egurraren aprobetxamendua

47. artikulua. Udal mugapeko hermendien ustiapena Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak ematen dituen jarraibideen ariora eginen da beti, eta aldez aurretik baimena emanda.

48. artikulua. Usadioari jarraikiz, udalerriko herritarrei oihan aprobetxamendu bakarra emanen zaie, alegia, etxerako egurra.

49. artikulua. Aprobetxamendu hori nahi duten herritarrek behar den eskabidea egin beharko diote Udalari, urte bakoitzeko irailaren 30 baino lehen.

50. artikulua. Udalak, aurkeztutako eskabideak ikusirik, Nafarroako Gobernura tramitatuko ditu, onets ditzan.

51. artikulua. Eskabideen prezioa 10 euro izanen da, eta horiek udal diruzaintzan ordaindu beharko dira, ustiapena egin baino lehenago.

Zehapenak

52. artikulua. Ordenantza hau betetzen ez denerako, zehapen hauek ezarri dira:

_Erabiltzen ari den aprobetxamenduaren galera.

_Legez kontra jasotakoaren bortz halako isuna.

_200dik 2.000 euro bitarteko isuna, kaltearen balioa ezin bada zenbatetsi.

53. artikulua. Udalak, arau-hauste baten berri izanda, zehapen espedienteari emanen dio hasiera. Entzutea emanen dio ustezko arau-hausleari, 10 egunen barrenean bere defentsarako komenigarri juzgatzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Udalak, biltzen diren inguruabar guztiak ikusirik, zehapen espedientea ebatziko du eta behar diren zehapenak ezarriko, egitateen larritasuna kontuan hartuta.

Azken xedapena

54. artikulua. Ordenantza honek Udalei buruzko Foru Legearekin bat hartuko du indarra.

BIDE SAREA ERABILI ETA MANTENTZEA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Zioen azalpena

1. artikulua. Udalerriko bide sarearen erabilpena eta mantentze lanak arautzea da ordenantza honen helburua. Jabari eta xede publikoko ondasunak diren aldetik, Udalari dagokio haiek zaindu eta mantentzeko eskumena; hartara, ezinbertzekoa da haien erabilpena arautzea, baita behar ez bezala erabiltzeagatik heldu diren erantzukizun eta zehapenak ere.

II. KAPITULUA

Definizioak eta bide motak

2. artikulua. Bide publikoa da jendeen, ibilgailuen eta azienden joan-etorrietarako eremua, baita hari erantsitako eremuak ere, hala nola arekak eta ezpondak, haiek ere ordenantza honen babespean gelditzen baitira.

3. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan eginak dira eta berariazko planimetrian bildurik daude.

b) Gainerako bideak. Ibarreko gainerako bideak, lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan kanpo gelditu direnak.

c) Mendiko pistak: arboladietara iristeko sarbideak, haiek mantentzeko, kontserbatzeko eta ustiatzeko baizik ez direnak.

III. KAPITULUA

Erabilera baimenduak

4. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako, industriarako edo aisiarako jarduera guztietan, betiere ordenantza hauetako gainerako artikuluetan ezartzen diren mugekin.

IV. KAPITULUA

Mugak eta debekuak

5. artikulua. Bideetan barna joan-etorriak egiten dituzten ibilgailu motordun guztiek gehienez ere 15 tonako pisua izanen dute muga. Muga hori ur ibilguen gaineko pasabide goratuetara eta bideetan diren fabrikako obretara ere zabaltzen da.

Gehieneko abiadura 20 km/h izanen da, b motako bideetan izan ezik, halakoetan 15 km/h izanen baita.

Muga horiek horretarako paratutako seinale zutikakoetan adierazten dira.

6. artikulua. Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietakoak izan eta ustiategiko lanetan bideetan barna ibiltzen diren ibilgailuak, 5. artikuluan ezarritako muga gainditzen badute, VIII. kapituluan ezarritako baldintzak bete beharretik salbuetsiko dira. Nekazaritzako eta abeltzaintzako ibilgailuendako baimen berezia izan beharko dute. Baimen horrek 10 urte iraunen du eta eskatzaileei ez zaie fidantzarik eskatuko.

7. artikulua. Debeku da c) motako bideetan zirkulatzea, baita bideetatik kanpora ere, nekazaritzako, abeltzaintzako eta oihangintzako ibilgailuendako ez bada. Halaber, debeku dira motor bidezko lehiaketak edo jarduerak. Orobat, debeku da bideetan nahi bezala ibiltzeari traba egitea.

V. KAPITULUA

Mugen eta debekuen salbuespenak

8. artikulua. Ez dute baimenik behar erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek, beren eginkizunetan ari badira.

VI. KAPITULUA

Zirkulazio arauak

9. artikulua. Nekazaritzan, abeltzaintzan eta oihangintzan zerbitzu egiteko bideak diren aldetik, lan horietan ari diren ibilgailuek izanen dute beti erabiltzeko lehentasuna. Gainerako ibilgailuek bidea eman beharko diete. Biak lan horietan ari badira, bide emailea izanen da karga gutien eramaten duen ibilgailua edo maniobran arrisku gutien duena.

VII. KAPITULUA

Bideak mantentzea

10. artikulua. Une eta egoera guztietan, lurzatien antolamenduko edo katastroko planimetrian agertzen diren ezaugarriak izan beharko dituzte bide guztiek; a motakoetan lehenbizikoak lehentasuna izanen du bigarrenaren aitzinetik. Bideetako areka eta ezpondek tratamendu bera hartuko dute, eta garbi egon beharko dute lurzatietatik etortzen diren materialez. Gisa berean, fabrikako obrak garbi egonen dira eta ura bere gisa ibiliko da haien gainetik; haien zainketaz lurzatiaren jabea arduratuko da. Lurzatietatik heldu den ura ere ez da bide publikoetara bideratzen ahalko.

11. artikulua. Bideak edo bide tarteak egokitzeko, Udalak Kontribuzio berezien ordenantza erabiltzen ahalko du, edo bertzenaz Auzolanen ordenantza. Betiere lehenbizikoa aplikatuz gero, onuradun bakoitzari dagozkion kuotak banatzeko manera une hartantxe erabakiko da.

VIII. KAPITULUA

Baimenak

12. artikulua. IV. kapituluan ezarritako mugak dituzten ibilgailuen jabeek bideetan ibiltzeko baimena eskatuko diote Udalari, salbu eta nekazaritzako edo abeltzaintzako ibilgailuak badira, betiere jarduerari dagozkion lanetarako izanez gero.

Kasu bakoitzean eta kontuan harturik jarduera, bidea erabiltzeko sasoia edo erabili beharreko ibilgailua, etab. zein diren, Udalak komenigarri juzgatzen dituen mugak eta fidantzak ezarriko ditu, bere gain hartutako arriskuaren ariora.

13. artikulua. Baimenen eskarietan hauek emanen dira aditzera:

_Eginen den jardueraren titularra.

_Haren ezaugarriak.

_Gehienez ere zenbat tona erabiliko diren.

_Zer denboratarako eskatzen den.

_Zer bide erabiliko diren.

Hori guztia ikusirik, Udalak jarduera baimentzen ahalko du uste baldin badu kalte arriskua onargarria dela. Gisa berean, fidantza zenbatekoa izanen den zehaztuko du; baimena gehienez ere urbeterako izaten ahal da. Fidantza hamabortz eguneko epean ordaindu beharko da baimena eskuratzen denetik hasita, eta betiere bideak erabiltzen hasi aitzin. Ezarritako epean ordaintzen ez bada baimenak ez du eraginik izanen.

Hala ere, jardueran aritzean hartutako kalteek ordaindutako fidantza baino gehiago egiten badute, titularrak kostu osagarria ordaindu beharko du. Bideetan kalterik batere egiten ez bada, fidantza eratu eta urbetera itzuliko da.

IX. KAPITULUA

Arau-hausteak

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa edo haren aplikazioa nolanahai urratzea edo ez betetzea arau-haustetzat hartuko da.

X. KAPITULUA

Zehapenak

15. artikulua. Ordenantza urratu duen erabiltzaileari edo arau-haustearen etorkia den lurzatiaren jabeari ezarriko zaizkio zehapenak. Hauek bi ataletan banatzen dira:

1. Bidea eta/edo areka lehengoratzea: haren barrenean gastu hauek sartuko dira:

a) Eragindako gastuen peritazioa.

b) Horiek non egin diren eta norainokoak diren topografikoki mugatzea.

c) Bidea eta/edo areka lehengoratzea.

d) Aitzineko tramiteen ondoriozko administrazio eta epaitegi gastuak.

2. Isunak

Ezarriko den isunaren zenbatekoa artikulu honen 1. atalekoaren parekoa izanen da.

Arau-hauslea behin baino gehiagotan eroriz gero, isunak zenbateko hori halako hiru egin dezake gehienez ere.

Ordenantza hau nolanahi urratuz gero, gutxieneko zehapena 90 euro izanen da.

AZKEN XEDAPENAK

16. artikulua. Ordenantza honek arautzen ez duen orotan Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

17. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Legearekin bat hartuko du indarra.

Itzagaondoan, 2006ko ekainaren 1ean._Alkatea, Pedro José Goñi Juampérez.

Iragarkiaren kodea: L0609474