60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

URRAULBEITI

Ordenantza fiskal orokorra behin betikoz onetsirik

Urraulbeitiko Udalak, 2005eko abenduaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ordenantza fiskal orokorra.

Onesteko erabakia 2006ko 10. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 23an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Urraulbeitin, 2006ko apirilaren 5ean._Alkatea, L. Fernando Cabodevilla Eslava.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Funtsa

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak xedatzen duenari, berau aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak xedatzen duenari eta 6/1990 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

1. artikulua. Honako Ordenantza fiskal orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken horiek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. artikulua. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, betiere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz (2/1995 Foru Legearen 56.a. artikulua).

3. artikulua. Urraulbeitiko Udalak onetsitako ordenantza fiskalek udal mugape osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik (2/1995 Foru Legearen 56.b artikulua).

4. artikulua. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari, kasu bakoitzean dagokien tributu arloko araubide, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, eta ez dio loturarik ezarriko Administrazioari.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren, eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3 artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen badira.

Interesatuek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legeko 63.4 artikulua).

5. artikulua. Udal honek indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada, mugarik gabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).

II. KAPITULUA

Zerga harremanaren elementuak

Zergapeko egintza

6. artikulua. Zergagaia toki erakundearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia da, baita zerbitzu publikoak ematea edo beren eskumeneko jarduerak egitea 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluari jarraikiz, 4/1999 Foru Legeak emandakjo idazketaren ariora.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzean zehaztuko da zergapeko egintzaren izaera, zerga ordaindu beharra zein kasutan sortzen den adierazita.

7. artikulua. Ez da analogia onartuko zergapeko egintzaren edo salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik harata hedatzeko (2/1995 Foru Legearen 65. artikulua).

Subjektu pasiboa

8. artikulua. Tasen subjektu pasiboak dira, zergadun diren partez, pertsona fisiko edo juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, unitate ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateak:

a) Baldin tokiko jabari publikoa bereziki beren mesede erabili edo aprobetxatzen badute, 2/1995 Foru Legeko 100.4 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako baten arabera eta 4/1999 Foru Legearen idazketaren arabera.

b) Baldin toki entitateek eman edo egiten dituzten zerbitzu edo jarduera horien eskatzaile, onura hartzaile edo ondorio hartzaile badira, 2/1995 Foru Legeko 100.5 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako baten arabera.

9. artikulua. Zergadunaren ordekotzat hartuko dira:

a) Etxebizitza edo lokaletako bizilagunek hartzen dituzten edo eragiten dieten zerbitzuen aldera jarritako tasen kasuan, etxebizitza edo lokal horien jabeak; horiek zilegi izanen dute tasak, hala tokatzen bada, kasuko onura hartzaileei egoztea.

b) Lurzoru eta hiri antolamenduaren gaineko araudian aurreikusten diren hirigintza lizentziak emateko tasetan, obren eraikile eta kontratistak.

c) Suteak galarazi eta itzaltzeko zerbitzuengatik, erortzak galarazteko, eraikitzeko eta eraisteko zerbitzuengatik, salbamenduengatik eta, oro har, pertsona eta ondasunak babesteagatik jarritako tasetan, zerbitzuaren mantentzea ere barne, arriskua aseguratzen duten entitate edo sozietateak.

d) Ibilgailuak edo gurdiak espaloietan barrena sartzeko erabilera eta aprobetxamendu bereziengatik kobratzen diren tasetan, eta bai ere pasabide horiek egin, mantendu, aldatu edo kentzeagatikakoetan, ibilgailu pasabide horiek sarbide ematen dieten finka eta egoitzen jabeak; jabe horiek zilegi izanen dute, hala tokatzen bada, tasa horiek kasuko onura hartzaileei egoztea.

10. artikulua. Zerga erlazioaren aldaezintasuna.

Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute eraginik izanen udal administrazioan, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak ukatu gabe.

Sortzapena

11. artikulua. Oro har, eta aurreko lerroaldean aurreikusten denarekin bat, zerbitzu bat eman edo jarduera bat egiteagatik kobratzen diren tasak ez dira izanen, osotara, kasuko zerbitzu edo jardueraren kostu benetakoa edo ustezkoa baino gehiagokoak, edo, bertzenaz, hartutako prestazioaren balioa baino gehiagokoak.

Zenbateko hori finkatzeko, aintzat hartuko dira zuzen eta zeharbideko kostuak, kostu finantzarioak ere barne, ibilgetua amortizatzekoak eta, hala tokatzen bada, tasa sortzen duen zerbitzu edo jardueraren mantentzea eta garapen arrazoizkoa bermatzeko kostuak, zein ere den tasa pagatzen duen erakunde edo aurrekontua. Kasuko zerbitzu edo jardueraren mantentzea edo garapen arrazoizkoa kalkulatzeko, organo eskudunak onetsi dituen aurrekontu eta proiektua hartuko dira aintzat.

12. artikulua. Tasak, zergagaia nolakoa duten, kasuko ordenantza fiskalak finkatzen duenaren arabera eta 4/1999 Foru Legeko 107. artikuluaren idazketaren arabera sortuko dira.

13. artikulua. Udalak zilegi izanen du tasa autolikidazio erregimenean eskatzea.

Zerga-oinarria

14. artikulua. Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergapeko egintza ezarpen modulutzat kalifikatzea, tributu zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergagaiaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu zorra zehaztera iristeko.

c) Zergapeko egintzaren balorazioa diru unitatetan, Udaleko administrazioak kontuan hartutakoa. Horri buruz, eta kasu bada, indarra duen arautegiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, tasa egokia aplikatuko zaio tributu zorra zehaztera iristeko.

Ordainarazpenak erroldatu, matrikulatu edo erregistratu egin beharko dira, baldin eta, beren ezaugarriak direla medio, zergapeko egintzak jarraitutasunez gertatzen badira.

15. artikulua. Likidazio-oinarria.

Likidazio-oinarritzat hartuko da zerga-oinarrian eginiko murrizketen emaitza. Murrizketa horiek kasuan kasuko ordainarazpena arautzen duen legean edo ordenantzan ezarrita daudenak dira.

16. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasatzat hartuko dira izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeen eta likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak.

17. artikulua. Kuotaren zehaztapena.

Tributu kuota honakoa izanen da:

a) Tarifa bat aplikatu eta horren ondoriozko kopurua.

b) Horretarako zehazten den zenbatekoa, edo

c) Bi prozedura horiek batera aplikatu eta horien ondoriozko kopurua.

18. artikulua. Salbuespenak eta hobariak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsi edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu zorra

19. artikulua. Zerga-zorra zerga-kuotak osatuko du eta, kasuan kasu, errekarguek, berandutza korrituek eta diru zehapenek ere bai.

Subjektu pasiboak beharturik egonen dira zerga-zorra ordaintzera.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna

20. artikulua. 1. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, bertze pertsona batzuk, eta haien erantzukizuna solidarioa edo subsidiarioa izanen da beti.

2. Erantzukizuna tributu zor osoraino iristen da.

Premiamenduko errekargua bakarrik eskatzen ahalko zaio erantzuleari, dirusarrera egiteko borondatezko epea igarotzen bada ordainketa egin gabe.

21. artikulua. Betiere, tributu zorra ordaintzera behartzeko administrazio-ekintza erantzuleei iragateko, beharrezkoa da administrazio-egintza bat, zeinean, interesatuari entzunaldia eman ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren zenbaterainokoa zein den zehaztuko baita.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

22. artikulua. Administrazio-ekintza erantzule subsidiarioei iragateko, nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren zuhurtasunezko neurriak hartzea galarazi gabe.

23. artikulua. Zor baten erantzule solidario edo subsidiarioak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso-osorik haietako edozeini exijitzen ahal zaio.

Tributu zorraren iraungipena

24. artikulua. Tributu zorra honela iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskribatu delako.

c) Ordainezintasuna frogatuta dagoelako.

d) Konpentsatu delako.

25. artikulua. Tributu zorren ordainketa ordenantza fiskal orokor honetako 60. artikuluak arautzen duenaren arabera eginen da.

26. artikulua. Lau urteren buruan ondoko eskubide eta egintzak preskribituko dira:

a) Subjektu pasiboen alde:

_Tributu zorra likidazioaren bidez zehazteko eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik kontatzen hasita.

_Likidatutako tributu zorrak ordain daitezen exijitzeko ekintza, borondatezko pagamendurako epea akitzen den egunetik hasita.

_Zuzenbide publikoko eta zergez kanpoko baliabideak ordainaraztetik heldu den edozein bere aldeko kreditu pagatzea exigitzeko egintza, epe hori kasuan kasuko ordenantzak ezartzen duen pagamendu aldia bukatzen denetik kontatuta edo, halakorik ez bada, pagatzea exigitu den egunetik.

_Zergei buruzko arau-hausteengatik zehapenak jartzeko ekintzak, kasuko arau-hauste horiek egin ziren egunetik kontatuta.

b) Orobat, lau urteko epean preskribituko da beharrik gabe egindako ordainketa atzera jasotzeko zergadunek duten eskubidea, non epea hasiko baita ordainketa egiten den egunean. Bidegabeko dirusarrera itzultzeko helburuz subjektu pasiboak egiten duen edozein ekintza fedemailek etenen du preskripzio epea, edo Urraulbeitiko Udalak dirusarreraren existentzia aitortuz egiten duen edozein ekintzak.

27. artikulua. Aurreko artikuluaren atalak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

_Subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, kredituaren edo eskubidearen ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskapena, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta dirubilketa erdiesteko egindako edozein egintza administratiboren eraginez.

_Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada.

_Subjektu pasiboak tributu zorra ordaindu edo likidatzeko egiten duen edozein ekintzagatik.

28. artikulua. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuespen gisa alegatu behar izan gabe.

29. artikulua. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela bide ordaindu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungitzat deklaratuko dira, preskripzio epearen barrenean birgaitzen ez diren bitartean. Epe horretan zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungirik geldituko da.

IV. KAPITULUA

Tributuen arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak

30. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluari jarraikiz, tributuen arloko arau-hausteak dira lege horretan berean eta gainerako arau aplikagarrietan tipifikatzen eta zehatzen diren ekintzak.

Arau-hausteek zehapena izanen dute, baita axolagabekeria hutsa direnak ere.

31. artikulua. Subjektu arau-hausletzat joko dira legez arau-haustetzat hartutako ekintzak edo omisioak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta, bereziki, ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadunak nahiz ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Administrazioari informazioa edo laguntza ematera beharturik dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak.

32. artikulua. Legeak arau-haustetzat tipifikatzen dituen egintzek edo ez-egiteek, honako kasuetan ez dute erantzukizunik sortuko:

_Tributu gaietan obratzeko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

_Ezinbertzeko kasua delarik.

_Erabakia anitzen artean hartua delarik, beren botoa gorde dutenendako edo erabakia hartu zeneko bileran egon gabeendako.

33. artikulua. Arau-hausteak soilak edo larriak izan daitezke, kontuan harturik egintza edo omisioak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluak batzuez eta bertzeez ezartzen duen kontzeptuan sartzen diren.

Zehapenak

34. artikulua. Arau-hausteak zigortzeko, diru bidezko isunak jarriko dira, finkoak edo proportzionalak, 2/1995 Foru Legeko 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Isun finkoen zenbatekoa ekitaldi bakoitzean eguneratzen ahalko da Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen bitartez.

Proportziozko isuna, dirutan, tributu kuotari aplikatuko zaio, ordaindu ez diren zenbatekoei, edo bidegabe eskuratutako mozkin edo itzulketen zenbatekoari.

35. artikulua. Zehapenak interesatuari entzutea emanez erabaki eta ezarriko dira eta, betiere, espedientea ireki ondotik.

36. artikulua. 1. Arau-hauste arin bakoitzak 6,01 eurotik 901,52ra bitarteko zehapena izanen du.

2. Ikuskatzaileen jardunari, beren eskumenak erabiltzen ari direlarik, kontra, uko edo traba egiten bazaio, 300,51tik 6.010,12 eurora bitarteko isuna ezarriko da.

3. Tributu arloko arau-hauste larriak kuotaren zenbatekoaren % 50etik % 150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

4. Orobat, zilegi izanen da berandutza korrituak eskatzea borondatezko epea bukatzetik zerga-egoera bereoneratzen duen likidazioa egiten den egunera arte pasatako denboraren aldera.

37. artikulua. Tributu arloko arau-hausteen ondoriozko erantzukizunak.

1. Arau-hausteek ekarritako erantzukizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

2. Subjektu arau-hausleak hiltzean, ordaindu gabeko tributu eginbeharrak oinordeko edo legaziodunei pasatuko zaizkie, legeria zibilean heredentzia eskuratzeari buruz finkatzen dena galarazi gabe. Zehapenak ezin dira sekula transmititu.

3. Sozietate edo entitate desegin eta likidatuen kasuan, ordaindu gabeko tributu horiek kapitalean kide edo partaide direnei transmitituko zaizkie, eta haiek solidarioki erantzunen dute, bakoitzak esleitu zaion likidazio-kuotaren balioaren mugaraino.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

38. artikulua. Tributuen kudeaketa honela hasiko da:

a) Subjektu pasiboaren adierazpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Udaleko organo administratiboen ikerketaren bidez.

Tributu aitorpena

39. artikulua. a) Tributu aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo elementuak gertatu edo sortu direla adierazi edo aitortzen duen dokumentu oro. Halaber, aitorpen balioa izanen du, zergagai bat biltzen edo bere baitan hartzen duen dokumentuaren aurkezte hutsak.

b) Inondik inora ere ez da exijituko zerga aitorpenak zinpean egin daitezen.

c) Aurkezteko garaian interesatuei emanen zaie aitorpenaren hartu-agiria, aitorpenaren kopiak horretarako ere balio duelarik.

d) Frogagiri bat aurkeztean interesatuek aurkezten ahalko dute, horrekin batera, kopia sinplea edo fotokopia, Udalak, erkatu ondotik, jatorrizkoa itzul dezan, prozedura behin betikoz ebatzi aurretik agiria itzuli behar ez dela erabakitzen ez bada, agiri pribatua izateagatik edo legezko bertze arrazoiren batengatik.

40. artikulua. Aitorpena aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean ezarritako epeen barnean, eta orokorrean, zergagaia ematen den unetik hasita ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barnean. Epe horietan aurkezten ez bada, arau-hauste arintzat hartuko da eta horren ondotik dagokion zehapena ezarriko.

41. artikulua. Aitorpena Udalari aurkezteak ez du kargaren jatorria onartu edo aitortzen denik erran nahi.

Udalak aitorpenak eska ditzake eta horien handitzea ere bai, eta orobat nabari diren okerrak zuzentzea, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den guztian.

Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

42. artikulua. Epeak.

1. Ordenantza partikularretan adieraziko da zein izanen diren tributuko kudeaketako izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna arteko denbora; betiere hori galarazten duten behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Ikuskapenen kasuan, epe hori bi urtekoa izanen da.

2. Toki entitate honek epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten denik, baina, hala ere, interesatuei erreklamazioa aurkezteko baimena emanen die.

3. Izapidaketaren akatsen kontrako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakarten kasuetan. Erreklamazioa ontzat hartzen bada, horretarako arrazoirik izanez gero, berarekin erantzukizuna duen langilearen kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Ikerketa eta ikuskapena

43. artikulua. Udalak ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen dituzten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko karga-oinarriaren balorazioa.

44. artikulua. Ikerketa egiteko, subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiko edo osagarriko dokumentuak, liburuak, fitxategiak, fakturak, frogagiriak eta idazpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den edozein argibide-aurrekinen ikuskapena ere eginen da.

45. artikulua. Subjektu pasiboak beharturik daude kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren gainerako dokumentuak eraman eta kontserbatzera, bai eta ikuskapen lanetarako laguntza ematera ere, administrazioaren esku jarriz zergapeko egintzarekin zerikusia duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak.

46. artikulua. Ikuskapenak subjektu pasiboentzako eragin ekonomikorik baldin badakar, eginbide, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.

47. artikulua. Salaketa.

1. Udalaren ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioari laguntza emateko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bestelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributu likidazioak

48. artikulua. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak izanen dira behin-behinekoak edo behin betikoak.

2. Behin betikoak honako hauek izanen dira:

_Zergapeko egintzaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan edo ez.

_Preskripzio epearen barrenean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, bermeak, partzialak edo osokoak badira ere.

49. artikulua. a) Likidazioak egiterakoan, Udalak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada subjektu pasiboari jakinarazi behar zaio.

50. artikulua. 1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, honako hauek adierazita:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, bai eta zer epetan eta zein erakundetan para daitezkeen ere.

c) Tributu zorra ordaindu behar den tokia, epea eta modua.

2. Jakinarazpen akastunak eragina izaten hasiko dira subjektu pasiboak jakinarazi zaiola espresuki onartzen duenean, dagokion errekurtsoa aurkezten duenean edo tributu zorraren ordainketa egiten duenean.

3. Subjektu pasiboei zuzenean emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza aipatu ez badute, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko epe horretan behar bezalako protesta egin bada salbu.

Zergadunen erroldak

51. artikulua. Ordenantza partikularrean berean zehaztutako kasuetan, Udalak zergadunen erroldak prestatuko ditu, interesatuen aitorpenak, ezagutzen dituen datuak eta orobat administrazio ikuskapenak emandakoa ikusirik. Zergadunen errolda, horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta erabiliko da Udalak paratzen duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela.

52. artikulua. 1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak onesteko, egin beharko da erreklama daitekeen administrazio egintza bat, eta aldaketak subjektu pasiboei jakinarazi beharko zaizkie legeak agindu bezala.

2. Erroldan zernahi alta, baja edo gorabeherarik sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar laneguneko epean.

53. artikulua. Zergadunen erroldek zerga gaietarako agiri balioa izanen dute, haiek erabiliko baitira zerrenda, ordainagiri eta kobrantzako bertzelako agirietan, kasuan kasuko ordainarazpena gauzatzeko.

VI. KAPITULUA

Dirubilketa

Printzipio orokorrak

54. artikulua. Dirubilketaren kudeaketa da udal ogasunaren ondasunak osatzen dituzten kreditu eta eskubideak gauzatzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea.

55. artikulua. 1. Dirubilketa egin daiteke:

_Borondatezko aldian.

_Derrigorrezko aldian.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, indarra duen legeriari atxikiz, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu, dirubilketa nahitaez eginen da ondarearen gaineko premiamendu bidez.

56. artikulua. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da, diruzaintzaren bidez, halako moduan non kontu-hartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen ahalko baitu.

57. artikulua. Tributu-zorren sailkapena, dirubilketari begira.

1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu zorrak, dirubilketari doakionean, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpen gabeko zorrak dira jakinarazpen indibidualik behar ez dutenak, subjektuek aurretik ezagunak dituzten zergadun erroldetatik datozelako.

Konparaziora, epez epe errezibo bidez kobratu beharreko tributuetan, behin errolda, padroi edo matrikula hartan alta hartuaren likidazioa jakinarazi denean, zilegi izanen da hurrengo likidazioak multzoka jakinaraztea, ediktu bidez edo aditzera emanez, baldin likidazio horiek lehengoen berdin-berdinak badira, edo izan diren aldaketak orokorrak badira.

4. Autolikidatuak dira subjektu pasiboak, aitorpen-likidazio baten bitartez, tributu zorra aldi berean ordaintzen duenean.

58. artikulua. Ordainketa egiteko tokia:

Udal honen aldeko zorrak diruzaintzako kutxan ordainduko dira, edo Udalaren titulartasuna duten banku edo aurrezki kontuetan, horretarako berariaz irekiak diren horietan.

59. artikulua. Ordainketa epeak.

Tributu zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, hogeita hamar egun balioduneko epearen barrenean, jakinarazpenetik hasita.

b) Ordainagiri bitartez aldian aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributu zorrak, aurreko letran ezarritako epe berdinean, ordaindu behar diren hiruhileko naturaleko lehen egunetik hasita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitza arautzen duen ordenantzan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergapeko egintza gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barnean.

60. artikulua. Ordaintzeko modua.

1. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Indarra duen dirua.

b) Posta edo telegrafia bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Abonu edo transferentzi gutuna, banku edo aurrezki kutxetan horretarako Udalaren alde irekitako kontuetan.

2. Aurreko atalean erranagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dutelarik honek baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da Udaleko diruzaintzari eta kreditu entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea.

61. artikulua. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

1. Tributu zorra likidatzean Udalak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90etik 92ra bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.

VII. KAPITULUA

Errekurtsoak

62. artikulua. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta gainerako xedapen aplikagarrietan izaera orokorrez ezarritako errekurtsoak aurkezten ahal dira, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

63. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea, errekurtsoa aurkezteko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

64. artikulua. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela-eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat aurkezteko, exijitutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesatuak ez badu udal diruzaintzan uzten likidazioaren zenbatekoa, gehi % hogeita bortz, sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena._Ordenantza fiskal orokor hau edo Udal honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren tramite berak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, 2/1995 Foru Legea eta 6/1990 Foru Legea aldatzen dituen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean eta gainerako xedapen aplikagarrietan xedatua.

Iragarkiaren kodea: L0605954