60. ALDIZKARIA - 2006ko maiatzaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

199/2006 FORU AGINDUA, maiatzaren 12koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoendako lansarien aurrerakinak eman eta itzultzeko prozedura ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lansariak kudeatzeko sistema berria arras hedaturik dago eta aukera ematen du lansarien aurrerakin arruntak modu arrazional eta eraginkorrean kudeatzeko.

Beste aldetik, 2004ko ekainaren 30ean sinatu zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruzko Akordio Orokorraren esparruan, akordioaren jarraipenerako eta garapenerako Batzorde Paritarioak 2005eko abenduaren 14an akordio batera iritsi zen Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoei lansarien aurrerakin arruntak emateko.

Aurrean aipatutakoa aplikatu ahal izateko, lehenago ezarri egin behar dira, batetik, aurrerakina emateko langileei eskatu behar zaizkien baldintzak eta, bestetik, hura itzultzeko prozedura, eta prozedura horrek, betiere, ahal den arinena eta errazena izan behar du.

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskurantzez baliatuz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei lansariaren aurrerakinak ezartzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioek, estatutupeko langileek eta lan-kontratudun finkoek, bai eta Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako zerbitzuei atxikitako Justizia Administrazioko langileek ere, lansariaren aurrerakina eskatzen ahalko dute, foru agindu honetan emateko eta itzultzeko ezartzen den prozedurari eutsiz.

2. Lansarien aurrerakinen kudeaketa, ematekoa zein itzultzekoa, hurrengo eremu hauetan banatuko da, bakoitza bere langileekin: Administrazio erroa, Hezkuntza Departamentua eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.

3. Foru agindu honetan arautzen den lansarien aurrerakinen sistemaren aplikazioa Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek eginen dute, edo zuzenean edo finantza entitate baten lankidetzaren bitartez.

2. artikulua. Lansarien aurrerakinak eskatu behar dituztenek bete beharreko baldintzak.

1. Lansariaren aurrerakina foru agindu honen 1. artikuluak aipatzen dituen langileek eskatzen ahalko dute baldin eta, betiere, aurrerakinaren eskaera egitean, hura jasotzean eta itzuli bitartean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan badago eta lansariak hartatik beretik kobratzen baditu.

2. Aurretik eman eta eskabideak egiteko epean aurrerakina itzultzen ari diren langileek ez dute lansariaren aurrerakinik eskatzen ahalko. Itzulketa osoa aurreratuagatik ere, berriz eskatzeko ezintasuna aplikatuko da hasiera batean paratu zen itzultzeko aldiak iraun bitartean.

3. artikulua. Lansarien aurrerakinen diru zenbatekoa.

Lansarien aurrerakinak 3.000 eurokoak izanen dira.

4. artikulua. Lansarien aurrerakinak eskatu eta emateko prozedura.

1. Lansarien aurrerakinetarako eskabideak urteroko urriaren 1etik 15era bitarteko epean aurkeztuko dira.

2. Eskaera egiteko agiria Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan jasotzen ahalko da. Halaber, Nafarroako Gobernuaren intranetean ere jaso eta betetzen ahalko da.

3. Eskabideak foru agindu honetan aipatu diren kudeaketa eremuetako batean aurkeztuko dituzte langileek, bakoitzak berean, administrazio prozedurari buruzko arauetan onetsitako moduetako edozeinetan.

4. Baldintza guztiak betetzen direla egiaztatutakoan, kudeaketa eremu bakoitzeko organo eskudunak lansarien aurrerakinak ematearen gaineko ebazpena emanen du. Aurrerakinen gaineko ebazpenak eremu bakoitzaren iragarki oholetan eta Nafarroako Gobernuaren intranetean argitaratuko dira.

5. Foru agindu honen 6.2 artikuluari jarraikiz eremu bakoitzari esleituko zaion diru zenbateko osoa eremu horretan eskatu diren aurrerakin guztiei erantzuna emateko nahikoa ez baldin bada, zozketan erabakiko da zein langilek jasoko duten aurrerakina.

6. Aurrerakinen gaineko ebazpenean zehaztuko dira, hala behar izanez gero, langile onuradunek finantza entitate batekin norbanakoaren maileguaren poliza sinatu beharra eta horretarako izanen duten epe luzaezina. Epe horretan agiriak aurkezten ez dituztenek aurrerakina jasotzeko eskubide guztiak galduko dituzte eta ez dute aurrerakinik berriz eskatzen ahalko hurrengo bi urte naturaletan.

7. Aurrerakina urte bakoitzeko lehenbiziko egun baliodunean emanen da.

5. artikulua. Lansarien aurrerakinak itzultzeko bete beharreko baldintzak.

1. Langileak hurrenez hurreneko hogeita lau hilabeteko kuotetan itzuliko du aurrerakina, diru zenbateko bera eta gainerako kosturik gabe itzuli ere, eta langileak dirua jaso duen urtarrileko lansaritik aitzina eginen zaio kuotaren deskontua.

2. Aurreko atalean finkatu diren itzulketa baldintzak ez dira aldatzen ahalko ez eta amortizazio partzialik egin ere.

3. Lansariaren aurrerakina itzultzen ari den bitartean langileak, edozein arrazoi dela medio, Administrazioa uzten baldin badu edo hilabete batean edo denbora gehiagotan lansaririk jaso behar ez baldin badu, momentu horretan kitatu beharko du itzultzeko falta duen zati osoa.

6. artikulua. Urtean lansarien aurrerakinak emateko gehieneko diru kopurua.

1. Urtean lansarien aurrerakinetan ematen ahal den gehieneko diru kopurua 4 milioi euro dira.

2. Aurreko atalean ezarritako diru kopurua foru agindu honen 1. artikuluan aipatu diren kudeaketako hiru eremuen artean partituko da eta honako hauek izanen dira diru zenbatekoak:

_Administrazio erroa: 1.100.000 euro.

_Hezkuntza Departamentua: 1.450.000 euro.

_Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua: 1.450.000 euro.

3. Eskabideak gutxi izan direlakoz, lansarien aurrerakinen kudeaketako hiru eremuetako batean diru gerakinik baldin badago, beste eremuetan aurkeztu baina aurrerakina ematerik izan ez duten eskabideei erantzuteko erabiliko da modu proportzionalean.

7. artikulua. Lansarien aurrerakinak eskatu eta emateko prozedura 2006. urterako.

2006. urtean lansarien aurrerakinetarako eskabideak hamabost egun naturaleko epean aurkeztuko dira, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontaturik, eta kudeaketa foru agindu honetan ezarritako aurreikuspenen arabera eginen da, 4.7 artikuluak xedatzen duenaren kasuan izan ezik. 2006. urteko aurrerakinen itzulketa, hura ordaindu eta hurrengo hogeita lau hilabeteetako lansariei eginen zaie deskontua.

8. artikulua. Zerga araubide aplikagarria.

Foru agindu honetan ezarritakoari jarraikiz emandako aurrerakinak loturik daude Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30ko 22/1998 Foru Legearen 15. eta 16. artikuluetan xedatutako araubideari eta hura garatzen duten arauei.

9. artikulua. Argitalpena.

Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, 2006ko maiatzaren 12an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0607464