145. ALDIZKARIA - 2006ko abenduaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2006ko azaroaren 13koa, Nafarroako Gobernua "Producción Informática de Navarra, S.L." sozietate publikoaren sorrerari adostasuna ematen diona.

Informatikako zerbitzuak eraginkortasunez kudeatzeko politika egin nahian, 2005eko uztailaren 5ean "Navarra Gestión de la Administración, S.A." eta "Trabajos Catastrales, S.A." sozietate publikoek "Producción Informática de Navarra, S.L." merkataritza sozietatea sortu zuten ondoko xede hauek betetzeko: informatikako produkzioaren zerbitzuak ematea, behar diren hardwarea eta softwarea erostea, mantentze-lanak eramatea, kudeatzea eta eragiketak egitea, informatikako aplikazioak garatzea, erabiltzaileei laguntza eta sostengu zerbitzuak ematea, eta zerrendatutako jarduera horiekin loturarik duten enpresekin sustapen lanak egitea eta lankidetzan eta elkarlanean aritzea.

Sozietate horretan dagoen akzioen partaidetza zeharkako gehiengo partaidetza da eta, Nafarroako Kontsiluak emandako irizpenak dioenez, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 122. artikuluak eskatzen duen erabakia hartzea.

Era berean, bidezkoa da sozietate publikoaren estatutuak onestea, aipatutako foru legearen 123. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

Foru lege horren 122. artikuluak aipatutakoa betez, funtzio publikoaren, administrazio antolamenduaren eta ekonomiaren alorretan eskumenak dituzten departamentuen txostenak, derrigorrezkoak, espedientean daude.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Navarra Gestión de la Administración, S.A." eta "Trabajos Catastrales, S.A." sozietateek eratu duten "Producción Informática de Navarra, S.L." sozietate publikoaren sorrerari adostasuna ematea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sozietate publikoa den aldetik, Nafarroako Ondarea arautzen duen irailaren 27ko 17/1985 Foru Legeak, Nafarroako Ogasun Publikoaren arauei buruzko abendauren 26ko 8/1988 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta aplikatzen ahal zaizkion foru arauek eta Estatuko arauek ezartzen dituzten ondorioetarako.

2. Sozietate publiko honen estatutuei onespena ematea (erabaki honen eranskinean daude), Nafarroako Gobernuaren eskurantzei dagokienez, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 123. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Erabaki hau ere argitaratzea.

3. Erabaki hau eta estatutuak "Producción Informática de Navarra, S.L." sozietateari, "Navarra Gestión de la Administración, S.A." sozietateari eta "Trabajos Catastrales, S.A." sozietateari, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari jakinaraztea.

Iruñean, 2006ko azaroaren 13an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

"PRODUCCION INFORMATICA DE NAVARRA, S.L." MERKATARITZAKO KONPAINIAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izena, helbidea, xedea eta iraupena.

1. artikulua. Izena

Sozietatearen izena "Producción Informática de Navarra, S.L." da.

2. artikulua. Helbidea.

Sozietatearen helbidea Iruñean (Nafarroa) egonen da, Orkoien karrikan, zk.g.

Administrazio organoak sukurtsalak, agentziak edo ordezkaritzak sortu, kendu edo tokiz aldatzeko erabakia hartzen ahalko du. Halaber, sozietatearen helbidea ere aldatzen ahalko du udal mugapearen barnean.

3. artikulua. Xedea.

Sozietateak honako xedeak ditu:

1. Informatikako produkzioaren zerbitzuak ematea, behar diren hardwarea eta softwarea erostea, mantentze-lanak eramatea, kudeatzea eta eragiketak egitea, informatikako aplikazioak garatzea, erabiltzaileei laguntza eta sostengu zerbitzuak ematea.

2. Aurreko puntuan zerrendatutako jarduera horiekin loturarik duten enpresekin sustapen lanak egitea eta lankidetzan eta elkarlanean aritzea.

Aipatu diren jarduerak sozietateak osorik edo partzialki egiten ahalko ditu, zuzenean edo zeharka, bai eta xede bera edo berdina duten beste sozietate batzuetan parte hartuz.

Sozietateak legeek berariazko baldintzak edo mugak paratzen dizkioten jarduerarik ez du gauzatuko, non eta haiek zehatz-mehatz betetzen ez dituen.

4. artikulua. Iraupena.

Sozietateak mugarik gabeko iraupena izanen du, eta eraketaren eskritura egiten den egunean abiatuko da bere jardueran lanean.

II. TITULUA

Sozietatearen kapitala eta partaidetza sozialak

5. artikulua. Sozietatearen kapitala eta partaidetza sozialak.

Sozietatearen kapitala seiehun mila eurokoa da (600.000 euro), euro bateko (1 euro) balio nominaleko seiehun mila (600.000) partizipazio sozial zatiezin eta metagarrietan banatuak, batetik seiehun milara (1etik 600.000ra) hurrenez hurren zenbatuak, biak barne, eta sinatuak eta ordainduak.

III. TITULUA

Sozietatearen organoak: Batzar Orokorra eta Administrazio Kontseilua

6. artikulua. Sozietatearen organoak.

Sozietateak bere organo ditu Batzar Orokorra eta Administrazio Kontseilua.

I. KAPITULUA

Batzar Orokorra

7. artikulua. Erabakiak.

Kideek, batzar orokorrean bildurik, legez ezarritako gehiengoaz erabakiko dituzte batzarraren eskumeneko gaiak.

8. artikulua. Deialdia eta bazkideen ordezkaritza.

Batzar orokorraren deialdia egiteko hartu izanaren adierazpena behar duen gutun ziurtatua igorriko zaie kide guzti-guztiei, kideen erregistro liburuan jasota dagoen helbidera. Kideren bat atzerrian bizi bada, lurralde nazionalean toki bat izendatu beharko du, jakinarazpenak hartara egin ahal izateko. Deialdiaren eta batzarra egiteko aurreikusitako dataren artean gutxienez ere hamabost eguneko epea izanen da, azken bazkideari iragarkia igorri zaion egunetik hasita. Deialdian honako hauek adieraziko dira: sozietatearen izena, bilkuraren tokia, eguna eta ordua, erabili beharreko gaien zerrenda eta adierazpena egiten dutenen izena.

Bazkideen ordezkari edozein pertsona izan daiteke eta ordezkaritza idatziz emanen zaio. Agiri publiko batean adierazten ez baldin bada, bilkura bakoitzerako propio egindako idazkia izan beharko da.

9. artikulua. Beste gai batzuk.

Legeak zer xedatzen duen, halaxe jokatuko da batzarraren garapenaz, gehiengoez, funtzionamenduaz, akten idazketa eta onespenaz, deialdiaren gainerako alderdiez eta batzar orokorrari dagokionez aurreikusi gabeko gainerakoez denaz bezainbatean. Eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko moduari dagokionez, lehendakariak mintzatzeko baimena emanen du eta jardunek zenbat iraunen eta noiz bukatu behar diren erabakiko du.

II. KAPITULUA

Administrazio Kontseilua

10. artikulua. Kideak eta sozietatearen ordezkaritza.

Sozietatea Administrazio Kontseilu batek zuzendu eta administratuko du. Kontseiluak, gutxienez, hiru kide izanen ditu eta, gehienez, sei.

Sozietatearen ordezkaritza, epaitegietan eta epaitegietatik kanpo, Administrazio Kontseiluari dagokio, modu kolegiatuan.

11. artikulua. Izendatzea, kentzea eta karguak.

Administratzaileak Batzar orokorrak izendatuko ditu, denbora mugagaberako, berak kargua uzten, batzar orokorrak noiznahi kentzen edo legezko edozein arrazoi dela-eta kargua utzarazten ahal badiete ere.

Administrazio Kontseiluak, Batzar Orokorrak egin ezean, lehendakaria eta idazkaria izendatuko ditu bere kideen artetik. Idazkaria administratzailea ez den pertsona bat izan daiteke. Bere kideen artetik lehendakariordea ere hautatzen ahalko du.

12. artikulua. Bilkurak, deialdiak, ordezkaritza eta erabakiak.

Administrazio Kontseiluak sozietatearen interesak eskatzen duen adina aldiz bilduko da eta lehendakariak eginen du bilkurarako deialdia. Lehendakaria kanpoan egon, ezin agertu edo bateraezintasunean sarturik badago, lehendakariordeak ordeztuko du eta honen ordezkoa kontseilari zaharrena izanen da. Horiek bezalako kasuetan idazkariaren ordezkoa kontseilari gazteena izanen da.

Kontseilarien ordezkariak Kontseiluko beste kide batzuk izanen dira eta ordezkaritza idatziz emanen da propio bilkura bakoitzareko.

Lehendakariak bilkurak zuzenduko ditu, hitza emanen du, mintzatzeko aldien iraupena eta eztabaidak noiz bukatuko diren zehaztuko du, bai eta ebazpen proposamenak egin ere.

Administrazio Kontseiluaren erabakiak bilkuran dauden kontseilariek, bertaratuek eta ordezkatuek, gehiengo absolutuz hartuko dituzte, eta berdinketa gertatuz gero, kontseiluburuaren bozak erabakiko du, legeak quorum berezia eskatzen duen kasuetan izan ezik, orduan legeak agindutakoa bete beharko baitute.

13. artikulua. Urteko lansaria.

Administratzaileek urteko lansaria jasoko dute, eskudirutan, eta Batzorde Orokorraren erabakiaren bitartez finkatuko da.

14. artikulua. Eskumena.

Administrazio Kontseiluak sozietatearen xedearekin bat heldu den guztia egin eta gauzatzen ahal du, eta legeak edo estatutu hauek Batzar Orokorraren eskuetan uzten dituztenak ez beste ahalmen guztiak ere erabiltzen ahalko ditu.

15. artikulua. Idazkaria.

Kontseiluko idazkariak honako eginkizun hauek izanen ditu

1. Legean eta estatutu hauetan ezarritakoak.

2. Espresuki eskatzen zaionean, sozietatearen organoen erabakiak betetzea.

3. Sozietatearen organoen erabakiak hala behar duten pertsonei igortzea.

4. Lehendakariaren edo haren ordezkariearen izenean, Konseiluko bilkuretarako deialdiak kideei igortzea.

IV. TITULUA

Sozietatearen ekitaldia

16. artikulua. Sozietatearen ekitaldia.

Sozietatearen ekitaldia ixteko eguna urte bakoitzeko abenduaren hogeita hamaika izanen da.

V. TITULUA

Legeetara igortzea

17. artikulua. Legeetara igortzea.

Estatutu hauetan arautzen ez den orotan, une bakoitzean indarra duen legeak xedatzen duenera jo beharko da.

Sozietatearen estatutu hauetan legeetara jo behar dela aipatzen den aldiro, momentu bakoitzean indarra duen legera jo behar dela ulertuko da.

Iragarkiaren kodea: F0618197